Egilea: editorea

  • Hamaika Begirada Kongresua, kontsumo arduratsuaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren proposamen feministak

    Hamaika Begirada Kongresua, kontsumo arduratsuaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren proposamen feministak

    Urriaren 19 eta 20an SETEM Hego Haizeak antolaturiko Hamaika Begirada kongresua egin zen Gasteizen, bertan, kontsumo arduratsuaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren hainbat proposamen feminista bildu ziren.

    Krisi ekonomikoaren ondorioz, prekarietatea eta desparekotasun hitzak indarra hartu dute. Yolanda Jubeto EHU-ko irakaslearen iritziz, “sistema kapitalista eta heteropatriarkal bateko krisi sistematikoa” eta gaineratu zuen “neoliberalismoak boterea bereganatzeko joera duela”, “Sistema honen oinarria baliabideak bereganatzea da, pertsonen gorputzetik hasita”.

    Mahai inguruan Yolanda Jubeto,  Angelina Asouac , Afedes emakume mayen elkarteko koordinatzailea, Natalia Navarro aholkularia eta Daniela Osorio ikerlaria bildu ziren, azken honek, ekitatea eta  ekoizpen jasangarria bermatzen dituzten ekimen horizontalak aurkeztu zituen.

    Bestetik, Navarrok ekonomia feministaren printzipioak enpresa, elkarte eta fundazioetan barneratzeko zailtasunez hitz egin zuen. Honen iritziz, erakundeen egituraketa aldatu beharra dago “eskakizun feministei erantzuteko gai diren agenteak lortu ahal izateko”.

    Iturria: GARA, Ion Salgado

     

  • Europako Batzordeak Gizarte Ekonomia sendotzearen konpromisoa hartu du Europako Parlamentuan

    Europako Batzordeak Gizarte Ekonomia sendotzearen konpromisoa hartu du Europako Parlamentuan

    Gizarte Ekonomia funtsezko sektorea da Europar Batasun sozialago eta opatsuago bat lortzeko. Ideia honetan bat egin dute hilabete honetan egindako osoko bilkuran Europako Parlamentuak eta Europako Batzordeak.

    Bertan, Parlamentuko Gizarte Ekonomiako Taldeko lehendakariak egindako galderei erantzunez, Europako Batzordeko Jourivá komisarioak adierazi zuen “Gizarte Ekonomia lehentasun bat dela, negozioak egiteko eredu jasangarria baita” eta gaineratu zuen “gogor lan egin behar dutela Europa osoan entzun dadin Gizarte Ekonomiaren hotsa”.

    Orain arte hartutako neurriak gertutik jarraituko dituztela azpimarratu zuen, etorkizunerako beharrezkoak direnak identifikatu ahal izateko. Azkenik, Parlamentuak, Kontseiluak eta Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak egindako eskaerak gogoratu zituzten Batzordearen aurrean.

    Iturria: CIRIEC

     

     

  • Argitaratuta Europar Batasuneko Gizarte Ekonomiaren bilakaera aztertzen duen txostena

    Argitaratuta Europar Batasuneko Gizarte Ekonomiaren bilakaera aztertzen duen txostena

    Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak (EESC) urrian argitaratu du “Europar Batasuneko Gizarte Ekonomiaren bilakaera” aztertzen duen txostena, CIRIEC-eko Rafael Chavesek eta Jose Luis Monzonek zuzendu dutena. Lan honetan, 2007an eta 2012an egindako txostenen datuak eguneratzeaz gain, hainbat berritasun sartu dira, hala nola, gizarte ekintzailetza, ekonomia zirkularra edota parte-hartze ekonomia.

    Txosten honetan Europar Batasuneko Gizarte Ekonomiaren datuak aztertzen dira, eta hauek aurrean izanda, EAEko Gizarte Ekonomiarekin alderatzeko aukera eman digu.

    2015 urterako, guztira, aipaturiko txostenaren arabera 28en Europar Batasunean Gizarte Ekonomiaren barruan 13,6 milioi enplegu baino gehiago zeuden, kooperatiba, antzeko sozietate (lan sozietateak kasu), mutualitateetan, elkarte eta fundazioetan banaturik. Urte berean, Euskal Autonomia Erkidegoan 72.000 enplegutik gora “zenbatu” ditugu behatokian, elkarte eta fundazioak kontuan hartu gabe (ezinezkoa izan dugu datu hau lortzea).

    Datu esanguratsua benetan, izan ere, herrialde ezberdinen datuak ikusiz gero, gure lurraldean sektoreak duen garrantzia agerikoa da. 2,19 milioi inguruko biztanle eskas izanik (eta esan bezala enplegu guztia kontsideratu gabe), EAEko Gizarte Ekonomiak europako zenbait herrialdek baino enplegu gehiago metatzen baitu, nahiz eta herrialde batzuen biztanleria nabarmen handiagoa edo eta Barne Produktu Gordina handiagoa den.

    Gizarte Ekonomiaren garrantzi hau agerikoagoa dugu txostenak aurkezten duen beste datu bati so eginez gero, hots, sektorearen enpleguak enplegu totalean duen pisuari. Izan ere, bataz beste Europar Batasuneko 28 herrialdeetako Gizarte Ekonomiako enpleguak %6,3ko pisua du enplegu osoaren gain eta Euskal Autonomia Erkidegoan %8,56koa zen datua urte bererako (eta gogoratu elkarte eta fundazioen datuak falta direla, zeintzuk 10.000 enplegutik gora diren gutxienez). Portzentaia horrekin, esan dezakegu EAE Europar Batasuneko herrialdeen artean buruan dela, 5 herrialde soilik direlarik gure lurraldearen aurretik daudenak (Luxenburgo da balio altuena duena %9,9rekin, Herbehereak, Frantzia, Belgika eta Italiak jarraitzen diote).

    Azkenik, sektoreko enpleguak azkenaldian izandako bilakaeraren inguruko datuak aurkezten ditu txostenak, krisialdi ekonomikoaren eragina Europan zehar orokorra izan dela argi uzten duelarik. Bataz beste 2010 eta 2015 urteen bitartean, Europako Gizarte Ekonomiako enpleguak %3,6ko jaitsiera izan duela adierazten dute ikerketa lanean, baina herrialdeen arteko ezberdintasunak izugarriak dira. Honela, zenbait herrialdek bilakaera oso negatiboa bizi izan dute (%15 eta %60 bitarteko beherakadekin), Suedia, Belgika, Italia, Portugal bezalakoek kasu, non Gizarte Ekonomiaren pisua nahiko nabarmentsua den. Beste herrialde batzuek enplegu galera murritzagoak izan dituzte, bataz bestekotik gertu (Finlandia eta Irlanda) edo baita egonkor mantentzea lortu dutenak (Frantzia, Grezia). Euskal Autonomia Erkidegoa talde honetan kokatzen da, 2010 eta 2015 bitarte enpleguaren %0,90 baino gutxiago galdu baitu. Azkenik, sektorearen bilakaera oso positiboa izan duten herrialdeak aurkitzen ditugu, batez ere orain gutxi arte Gizarte Ekonomiaren presentzia txikia zeukatenetan (Hungaria, Txipre, Malta).

    Txostenak azaltzen dituen datuen eta EAEko datuen arteko alderaketak erakusten digu Gizarte Ekonomiak gure lurraldean duen presentzia aipagarria dela eta hainbat lurraldeetan sektoreak duen garrantziaren gainetik kokatzen dela gure kasuan. Ez dugu ahaztu behar bai Europan bai mundu mailan gure lurraldeko gizarte ekonomiako esperientziek ikerlari eta sektorearen arreta bereganatu izan dutela sarritan (kooperatibek eta enplegu zentro bereziek esaterako), hain zuzen ere denboran zehar bizirauteko erakutsi duten ahalmenagatik eta ekonomian osoan duten pisuarengatik. Hala ere, komeni da ez ahaztea oraindik ere sistema kapitalistan aktore hegemonikoak "enpresa tradizionalak" izaten jarraitzen dutela eta hauek darabilten logiketatik at aritzeak zailtasun eta arrisku anitz suposatzen duela.

     

    Ane Etxebarria Rubio

    Aratz Soto Gorrotxategi

  • Kooperatibagintza eta euskal alderdi politikoak protagonistak Forokoopen XI Jardunaldian

    Kooperatibagintza eta euskal alderdi politikoak protagonistak Forokoopen XI Jardunaldian

    Jardunaldia Bilbon egin zen urriaren 18an eta euskal kooperatiba mugimenduko zein administrazio publikoetako ordezkari ezberdinak bertaratu ziren. Bertan, Eusko Legebiltzarreko indar politiko guztiek Euskal Kooperatiben Mugimenduarentzako (EKM) paper kuantitatibo eta kualitatibo garrantzitsuago bat eskatu zuten.

    Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailburu María Jesús San José izan zen ekitaldiari irekiera emateko arduraduna, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko Presidente Javier Goienetxea eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko Presidente Rosa Lavinekin batera.

    Jarraian Sevillako Unibertsitateko Juan Torres ekonomia katedradunak hitzaldi interesgarri bat eskaini zuen, “Kooperatiben papera egungo gizartean” izenpean, non egungo egoera ekonomikoaren irakurketa bat egin zuen, kooperatibek gure gizartean duten papera isladatzearekin batera (aurkezpena beheko link-ean ikus daiteke).

    Ondoren Pilar Kaltzadak moderaturiko mahai inguruan bilduta euskal alderdi politikoen garaia izan zen. EAJ-PNV (Aitor Urresti), Euskal Herria Bildu (Leire Pinedo), Elkarrekin – Ahal Dugu (Jose Ramón Becerra), PSE (Sonia Pérez) eta Alderdi Popularra (Carmelo Barrio) bat etorri ziren, nabarmenduz oso garrantzitsua dela EKM presente egotea azterketak egin eta erabakiak hartzeko martxan dauden foro instituzional guztietan, kooperatiben ezagutza eta balioak mota guztietako erakunde instituzionaletan txertatuko direla ziurtatzeko, hala nola industria-politika publikoak kudeatzeko ardura daukaten guneetan, hezkuntzaz arduratzen direnetan, enpleguaren ingurukoetan, gizarte-politiken ardura daukatenetan, etab. Legealdi honetan irekiko den aukera ere nabarmendu dute indar politiko guztiek, izan ere, Lan eta Justizia Sailburuak aurreratu zuen bezala, euskal kooperatiben Lege berria onartzea aurreikusita bai dago.

    Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu izan zen jardunaldiari itxiera eman ziona, azpimarratuz euskal kooperatibismoak etorkizuneko garapen-eredua eraikitzeko eta zabaltzeko duen garrantzia.

    Jardunaldiko bideoak (aurkezpenak, hitzaldia eta mahai ingurua), egitaraua eta bestelako intereseko materiala Forokoopen web orrian eskuragarri daude (egin klik hemen).

    Iturria: Forokoop, GEEB

  • EHLABEren 30. urteurrenari amaiera emateko ekitaldia egin da

    EHLABEren 30. urteurrenari amaiera emateko ekitaldia egin da

    Ekitaldia pasa den urriaren 18an egin zen Bilboko Itsas Museoan eta EHLABE (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea) osatzen duten erakunde ezberdinak, sektoreko agenteak eta herri administrazioetako zein legebiltzarreko ordezkariak bertaratu ziren. Ibilbide luze eta oparoaren errepasoa egiteaz gain, kolektiboaren etorkizuneko erronken inguruan ere jardun zuten.

    Ekitaldia EHLABEko presidente Txema Francoren parte hartzearekin hasi zen, Euskal Autonomia Erkidegoko desgaitasunen bat duten pertsonen errealitatearen inguruko datuak plazaratu zituelarik, bai eta elkarteak duen garrantzia ere. Ondoren, Bilboko alkateak zorion eta esker hitzak izan zituen elkarteak eginiko ibilbidearentzat, zeina aitzindari izan zen desgaitasuna duten pertsonen egoera hobetzeko ahaleginetan eta euren beharrei erantzuten saiatzen, administrazio publikoek oraindik errealitate honen gain eskua hartu ez zuten garaietan.

    Iñaki Alkortak, Gureak eta EHLABEren presidente ohiak, bilakaera horren errepasoa egin zuen, hitzaldi atsegin batean, anekdotaren bat tartean. Ekitaldiaren lehen zatiarekin amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk hitz egin zuen, EHLABEk eginiko eta egiteko duen eginkizuna nabarmenduz eta hemendik aurrerako ibilbidean elkarren arteko lankidetza garrantzitsutzat joz. Zentzu honetan, IV. Euskal Inklusio Plana aipatu zuen, zeinaren prestakuntzan EHLABEk parte hartu duen.   

    Ekitaldiaren bigarren zatiak mahai inguru itxura hartu zuen, Eragintzako Begoña Erraztik moderatua eta Eva Urioste (Bidaideak), Imanol Liebenes (trabajador), Andoni Garai (Lantegi Batuak) eta Jon Ander Arzallus (Gureak) izan zirelarik partaideak. Bakoitzak bere esperientzia partekatu eta bere esparruan aurreikusten dituzten erronken inguruan jardun zuten, hala nola enplegu egonkor eta kalitatezkoagoaren beharra, programen finantzaketan egonkortasun gehiago izatearen garrantzia, lan prozesuetan teknologia berrien barneraketa, kolektiboko pertsonen gaitasunak ikustarazteko beharra eta administrazio publikoekin lankidetza hertsiagoa eta abar.

    EHLABEko koordinatzaile Pablo Moratalla izan zen, azkenik, ekitaldiaren amaieraren kargu hartu zuena, 30. urteurrenaren ospakizun (eta lan) urtearen inguruko balorazioa eginez eta, beste behin, etorkizunerako aurreikusten diren erronkak mahai gainean jarriz, zeintzuk urte osoan zehar agente ezberdinekin eginiko lan saioetan azaleratu diren. 6 erronka nagusitan laburbildu zituen:

    – Desgaitasunen bat duten pertsonen enplegua sustatzen jarraitu

    – Formazio/hezkuntza alorrean, derrigorrezko bigarren hezkuntza eta ondorengo hautazkoen artean dagoen jauzia murriztu

    – Enpresa arloan, desgaitasunen bat duten pertsonen laneratze arrunterako ibilbidea sustatzen jarraitu

    – Administrazio publikoari dagokionez, gizarte klausulen eta desgaitasunen bat duten pertsonen lan publikorako eskubidean eragin

    – Desgaitasunen bat duten pertsonen zaharkitzeak izango duen garrantzia ere azpimarratu zuen

    – Azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, desgaitasunen bat duten emakumezkoen ahalduntze, ikustarazte etab. ekintzak egiteko beharra azpimarratu zuen, berdintasuneranzko bidean emakume hauek jasaten duten diskriminazio bikoitza kontuan hartuz

    Iturria: GEEB

  • Ekonomia Solidarioaren V. azoka

    Ekonomia Solidarioaren V. azoka

    Datorren azaroaren 18an (larunbata) ospatuko da Errenterian, “Ekonomia bizitzaren zerbitzura – Cooperar para transformar-nos” lelopean, bizitzaren zerbitzura dagoen ekonomia eraldatzaile bat aldarrikatzeko asmoz.

    Zehazki Merkatuzar-ean (Errenteriako antzinako azoka) egingo da, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00etara.

    Azoka REAS Euskadik, Olatukoop-ek eta Saretuz-ek sustatu dute eta bere helburua lankidetza estutzea eta Ekonomia Solidarioa sendotu eta ikustaraztea da, baita Merkatu Soziala gizarteari hurbiltzea ere. Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko beste erakundeen parte hartze eta lankidetza ere izango du.

     Ekonomia Solidarioaren V. azoka hau, ekonomia solidarioa ikusgai egiteko ekitaldi klabea izango dela uste dugu. Antolatzaileen nahia, hiritarrei erreala den eta hazten dabilen alternatiba ekonomiko bat dela erakustea da.

    Informazio gehiago, hemen.

    Iturria: REAS, Olatukoop, Saretuz

  • Kooperatiben bilakaera positiboa eta lan sozietateek ez hain ona izaten jarraitzen dute 2017ko hirugarren hiruhilekoan

    Kooperatiben bilakaera positiboa eta lan sozietateek ez hain ona izaten jarraitzen dute 2017ko hirugarren hiruhilekoan

    Hori ondorioztatzen da espainiar estatuko Lan eta Gizarte Segurantzaren ministeritzak eguneraturiko datuetatik. 2016 urte amaiera eta 2017ko irailaren 30 bitarte, kooperatiba sozietate eta langile kopuruak gora egin du. Lan sozietateetan metatzen diren lanpostu kopuruak ere gora egin du, nahiz eta sozietate kopuruak behera egiten jarraitzen duen.

    2017 urteko lehen 9 hilabeteetan zehar kooperatiba kopuruak modu apalean egin badu ere gora (%0,5 baino gutxiago), aipagarria da epe berdinean langile kopurua nabarmen igo dela, 1.300 pertsonatik gora (hau da, %2,27ko igoera urte hasieratik), guztira 59.128 direlarik. Honek esan nahi du lanpostuei dagokienez krisia hasi aurretiko egoera gainditu dela, izan ere, orain arte erregistraturiko daturik garaiena 2007 urtekoa zen, 58.238 lanposturekin.

    Lan sozietateek, aldiz, ez dute horren bilakaera positiboa izan 2017 urte hasieratik, enpresa kopuruak beheranzkako joerarekin jarraitzen bai du. Hala ere, aipagarria da, azkenaldiko bilakaerari jarraituz, langile kopuruak gora egin duela beste behin, batez ere lan sozietate mugatuen bilakaera positiboari esker (2017 urtea hasi eta lehen bederatzi hilabetetan enplegu kopuruak %5,09an egin du gora mota honetako sozietateetan).

    Laister argitaratuko den Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiko urteko txostenean adierazten den bezala, aktibitatean jarraitzen duten lan sozietateak geroz eta indartsuagoak direla erakusten ari dira, enpresa gutxiagorekin lanpostu gehiago sortzeko gai izaten ari baitira urtez urte. Honek adierazten du, sortzen ari diren lan sozietate berrien datuak erakusten duenarekin batera, enpresa mota hauen tamainak geroz eta handiagoa izateko joera erakusten duela.

    Datuen serie historikoa ikusteko egin klik hemen (excel formatuan).

    Datuen serie historikoa ikusteko egin klik hemen (pdf formatuan).

    Iturria: GEEB

  • CIRIEC-en IX. Iberiar Solasaldia eta REJIES sarearen IV. Topaketa egin dira

    CIRIEC-en IX. Iberiar Solasaldia eta REJIES sarearen IV. Topaketa egin dira

    REJIES (Gizarte Ekonomian ikertzaile gazteen sarea) sareak bere IV. Topaketa egin zuen Santiago de Compostelan pasa diren urriaren 3 eta 4ean eta ondorengo bi egunetan CIRIEC eta Santiago de Compostelako Unibertsitateak antolaturiko IX. Iberiar Solasaldia antolatu zuten, Galiziako Xuntaren laguntzarekin.

    REJIES-en topaketan 12 unibertsitate ezberdinetako 20 ikertzaile inguruk parte hartu zuten, hala nola UPV/EHU, Deustu eta Mondragon Unibertsitatekoak. Gainera, programaren hasierari metodologia kualitatiboaren inguruko mintegi batekin hasi zen, zeina Mondragon Unibertsitateko Maite Legarrak eraman zuen aurrera.

    Bestalde, iberiar solasaldia aro digitalak Gizarte Ekonomiaren sektorearengan etorkizun hurbilean planteatzen dizkion erronken inguruan aritu zen batez ere. Zentzu honetan, “Gizarte Ekonomia eta aro digitaleko aktibitate ekonomiko modu berriak” izeneko mahai-inguruan aktibitate ekonomikoaren teknologizazio prozesuak lan merkatuan sor ditzazkeen tentsioak aipatu ziren eta, nahiz eta aro digitalak aukera berriak ekar ditzakeen gizarte ekonomia eta bere enpresentzat, momentuz informazio eta komunikazio teknologien ezarpenean enpresok atzerapena daramatela gogoratu zuten, batez ere nekazal kooperatibagintzari dagokionez.

    Aipatzekoa da, baita ere, solasaldia gizarte ekonomian inpaktu soziala neurtzeko modu ezberdinen inguruko saio interesgarri bat barneratu zuela, Deustuko Unibertsitateko José Luis Retolaza irakaslearen eskutik; baita Portugaleko gizarte ekonomiaren kontu sateliteen lanketaren esperientzia ere.

    Iturria: Gizarte ekonomiako espainiar behatokia

  • Eusko Jaurlaritzak Gureak gizarte intereseko izendatu du

    Eusko Jaurlaritzak Gureak gizarte intereseko izendatu du

    Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako Sailak gizarte intereseko izendatu du Gureak, desgaitasunen bat duten pertsonen laneratze-gizarteratze prozesua helburu duen Sozietate Anonimo formako erakundeari aitorpena eginez.

    Aitorpen honekin Gureak erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen garapenari egiten dion ekarpena balioesten da, bere zerbitzu eskaintza eta gizarte ekintzen garapena dela eta.

    Laneratze prozesuetan Europa mailan erreferente bilakatu da Gureak. Gaur egun 5.000tik gorako pertsonala du enpresak, zeintzuetatik %84ak desgaitasun motaren bat duen. Gogora dezagun erakundearen bazkide nagusiak Atzegi (Adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea), Gipuzkoako Foru Aldundia, Ilunion (ONCE), Kutxa Fundazioa eta Donostiako Udala direla.

    Gureak taldearen diru sarreren %16 soilik diru publikotik dator, europako bataz bestekoarekin alderatuz (%60) askoz ere baxuagoa. Fenomeno hau bere negozioek duten lehiakortasunak eta salmenta propioen auto-finantzaketa altuak azaltzen dute.

    Iturria: Estrategia empresarial

  • XI Rulescoop Kongresua

    XI Rulescoop Kongresua

    Pasa den irailaren 6, 7 eta 8an Costa Ricako Unibertsitatean Gizarte Ekonomia eta Solidarioko XI Rulescoop Kongresua egin zen, bertan Latinoamerikako eta Europako 23 unibertsitatetatik iritsitako ikertzaile eta adituak eta gobernuetako kideak parte hartu zuten.

    Kongresua CICAPak (UCRko Administrazio Publikoko Ikerketa eta Trebatze Zentroa) eta Rulescoop Sareak antolatu zuten,  eta helburu nagusia arloko akademikoak, ikertzaileak,  gobernuetako eta Gizarte Ekonomiako adituak elkartzea izan zen, ikerlanetako emaitzak eta aurrerapenak ezagutu eta eztabaidatu ahal izateko.

    Gai nagusia “Gizarte Ekonomiako harremanak gizarte jasangarri eta barneratzaile baterako, eta loturak bere jatorriarekin, Zuzenbidearekin eta garapenarekin” izan zen, eta honen inguruan eztabaidatu ahal izan zuten bertaratu ziren 100 parte hartzaile baino gehiagok.

    GEZKI Institututik, “Gizarte Ekonomiaren inklusioa Euskal Herriko Unibertsitateko graduko ikasketetan” azterlan kuantitatiboa aurkeztu zen, Gizarte Ekonomiak EHUko ikasketetako programa akademikoetan duen presentzia ikertzen duena eta honen errealitatea islatzeaz gain etorkizunean hobetzeko erronkak aurkezten dituena.

    Kongresuaren itxiera ekitaldian, CICAPeko Zuzendaria den Mayela Cubillo pozik azaldu zen lortutako emaitzekin; egun hauetan zehar, parte hartzaileek hainbat ideia eta proposamen partekatzeaz gain, Gizarte Ekonomiak mundu barneratzaileago eta demokratikoago bat lortzeko aktore garrantzitsua dela aztertu baitzuten. Zuzendariaren hitzetan “Ikerketa eta Trebatze zentroak bere eginkizuna bete du”.

    Azpimarratu behar da, Costa Ricako Gobernuak Gizarte Ekonomia eta Solidarioko enpresa, entitate eta taldeen garapena, sorrera, sustapena eta formalizazioa interes publikoko gai deklaratu dituela, beraz, momentu ezin hobea Kongresua lurralde honetan egiteko.

    Bestalde, ekitaldian omenaldia egin zitzaien 2005 urtean Rulescoop Sarea sortu zuten unibertsitateei, hauen artean, Euskal Herriko Unibertsitatea, Valentzikoa, Madrileko Konplutentsea, Erroma III, Bretañakoa, Costa Ricakoa, Chilekoa, Bogotako Javeriana, Unisinos eta Uruguayko Errepublikakoa.

    Funtsean, Kongresua aukera bikaina izan zen nazioarteko aktore eta taldeak elkartzeko eta hauen arteko elkarlana sustatzeko, Gizarte Ekonomiako gaietan aurrera pausuak eman daitezen helburuarekin.

    Azkenik, CICAP Zentroari eskertu momentu oro jasotako arreta, emandako harrera eta Kongresuaren antolaketa bikaina.

    Ane Etxebarria.