Egilea: editorea

  • Lantegi Batuak fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak urritasuna duten ikasleentzako beka berri batzuk sustatu dituzte

    Lantegi Batuak fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak urritasuna duten ikasleentzako beka berri batzuk sustatu dituzte

    Lantegi Batuak Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak urritasuna duten unibertsitate horretako ikasleei zuzendutako lehenengo beka deialdia sustatu dute. Tituludun berriei, graduondo edo masterren bat egiten ari direnei edo 2016-2017 ikasturtean bukatu dutenei zuzenduta daude.

     

    Beka horien helburua urritasuna duten ikasle eta tituludunen lan-aukerak areagotzea da. Horrela, urritasunaren ondorioz lan munduan murgiltzeko zailtasun handiagoak eduki ditzaketen pertsonek beren enplegagarritasuna hobetuko dute.

     

    Beka horrek 6 hilabeteko praktikaldia egiteko aukera emango du, ordainduta eta lanaldi osoz (2018ko otsailaren 1etik uztailaren 30era), Lantegi Batuak-en.

     

    Hainbat zerbitzu-motarekin (inklusioa, pertsonak, berrikuntza, dibertsifikazioa, kudeaketa edo marketina), edo jarduera-sektorerekin lotutakoak izan daitezke (industria, automozioa, elektronika, logistika, ekipamendu elektrikoa, zerbitzuak, dokumentuen kudeaketa, turismoa, ostalaritza, eta abar). Gainera, leku desberdinetan egingo dira; 22 zentroetakoren batean edo Bizkaiko zerbitzu-sare zabalean.

     

    Eskaerak jasotzeko epea urriaren 2tik azaroaren 17ra bitartekoa izango da, eta Mondragon Unibertsitateko Errektoretzan entregatu beharko dira.

     

    Iturria: Lantegi Batuak

  • Fiare Banka Etikoak handitzen jarraitzen du

    Fiare Banka Etikoak handitzen jarraitzen du

    Banku Etikoaren Administrazio Kontseiluak 2017ko lehenengo seihilabetekoaren datuak onartu ditu. Hauen arabera, Europako finantza etiko eta kooperatiboen erreferente den Banka Etikoak  handitzen jarraitzen du.

    Estatu mailan Fiare Banka Etikoaren garapenak aurrera jarraitzen du, banka guztiaren handitze tasaren gainetik dauden portzentaiekin: aurrezkien erakarpena %16 hazi da eta finantziazioak %30.

    Peru Sasiak azaldu duenez 2017ko helburu nagusietako bat gizarte ekonomia eta solidarioko finantziazioak handitzea da, pertsonak eta ingurumena erdigunean jartzen dituen ekonomiaren alde eginez. Gainera, azken hilabeteetan bazkideen kopurua %21ean hazi da, finantza etiko eta kooperatiboak konfiantza sortzen dutenaren seinale.

    Iturria: REAS EUSKADI

  • Gipuzkoako Enplegu Zentro Berezien inguruko artikulua Argia aldizkarian

    Gipuzkoako Enplegu Zentro Berezien inguruko artikulua Argia aldizkarian

    Argia aldizkariak Gipuzkoan aritzen diren Katea Legaia eta Gureak taldearen inguruko artikulua argitaratu du bere astekarian, Enplegu Zentro Berezien inguruko errealitatean murgilduz.

    Aipaturiko bi Enplegu Zentro Berezietako (EZB) zuzendariekin eginiko elkarrizketak baliatuz batetik, eta LAB zein ELA sindikatuetako ordezkarien ekarpenekin gizarte ekonomiako parte diren EZBen errealitatearen eta hauek egiten duten ekarpen ekonomiko eta sozialaren inguruko artikulu luzea zabaldu dute.

    Egin klik hemen artikulua osorik irakurtzeko.

    Iturria: Argia

  • Ipar Euskal Herriko gizarte ekonomiaz

    Ipar Euskal Herriko gizarte ekonomiaz

    Gizarte ekonomiak Frantzian arrakesta berri zerbeit hartu du azken urte hauetan. Aintzineko gobernuak 2014ko uztailean gizarte ekonomiari buruzko lege bat pasarazi zuen, Espainian, Portugalen eta bertze europar herrialdek ireki xendra segituz. Alternatiba ekonomikoak gero eta gehiago aipu dira, eta lurralde mailan, garapena-ren orde gero eta gehiago transizioa da aipatzen, zointan nahasten diren kezka ekonomiko, sozial, eta ekologikoak. Eztabaida hortan, Ipar Euskal Herriak badauka bere hitza, bai arrazoi historikoen gatik, bai gaur berritzen ari diren lurralde dinamikeri dagokionez.

    Alde batetik, gizarte ekonomiak historio luze eta emankor bat badauka iparraldean. XIX mende undarreko enpresa estatuto garaikideak (mutuelak, kooperatibak, elkarteak) agertu baino lehen hor ziren tokiko gizarteak aspaldian asmatuak zituen elkartasun erakundeak: laborari eta arrantzaleen kofradiak, ofizialen arteko batasunak, auzolana, aipatu gabe mendi eta bortuetako lur amankomunen gozatze xixtema berezia. Bainan Europa mailan bezala, XIX mende ondar eta XX mende hastapenean ziren agertu gaur gizarte ekonomia deitzen dugun erakunde sare hori. Xerbitxu ekonomikoaz gain, batasun horiek funtzio politikoak ere betetzen zituzten, ikusiz bai alderdi errepublikarrak, bai klerikalak bazituztela bakotxak beren mutuela, kooperatiba eta elkarte sareak. Gizarte ekonomia ere frango politizatu zen legeak 1905an Elizak eta Estadoa berexi zituelarik Frantzian. Jokoa oraindik konplexuago zen Iparraldean ikusiz orduko Elizak bertzalde euskera eta euskal nortasunak erabiltzen zituela Estadoarekin zaukan lehian. Tresna ekonomikoak tresna politikoak ziren : Elizak erakusten zuen gizarteak bere burua antolatzen ahal zuela Estadotik deusik ardietsi gabe. Estadoarekilako distantziaren kultura hortaz zerbeit geldituko da luzaz Iparraldeko mugimendu sozialetan.

    Jauzi historiko bat egiten badugu, 1970 urteetan abiatu zen, aldi huntan abertzale mugimenduak bultzaturik, tokiak-tokiko garapenaren aldeko mugimendu soziala. Gizarte ekonomiaren bideak hartu zituen: langile kooperatiben mugimendua 1974etik aintzina (Partzuer elkartearekin), Hemen-Herrikoa 1979-1980tik aintzina, laborantxa ttipi eta iraunkorraren mugimendua ELB sindikataren sortzearekin 1980an, Arrapitz federazioarekin, eta abar luze bat. Denbora harten, ekoizpen prozesuak eta lana ziren oroz gainetik politizatzen: kooperatiba bat sortzea “lana herrian” lemaren gauzatzeko moldea zen, eta politikoki langile mugimendua eta abertzalegoa elkarri lotzeko molde bat ere. Halere, izan ziren erresistentzia frango langile mugimenduaren partetik, eta batez ere mundu sindikaletik, zoinek gizarte ekonomiaren aurkako aspaldiko kritikak berriz akuilatu zituen.

    Mugimendu hori aintzina joan zen, eta 2000 urteetan gizarte ekonomiaren bigarren belaunaldi bat sortu zen, zoinek politizatzen zituen betan ekoizpena, lana, bainan baita ere kontsumoa eta elkartruke ekonomikoak orokorkiago. Ingurumenari lotutako kezkak gero eta gehiago plazaratzen ziren, bai eta zirkuito laburren ideia : bai elikadura mailan, bai ingurumen mailan, bai zirkuito finantzieroen partetik. Belaunaldi berri horren lekuko da euskal monetan, 2012an agertu zena, eta gaur egun Frantziako lehen tokiko moneta bilakatu dena.

    Azken belaunaldi horren ezaugarri bat da baita ere kanpoari buruz irekitzen ari dela. irekitze horrek hiru bide hartzen ditu. Alde batetik, gizarte ekonomi enpresak sarekatuak dira mundu mailan, nazioarteko hainbat mugimendu sozialer lotuak dira, izen diten kooperatibismoari ingurumenari, laborantxa iraunkorrari edo kontsumoari lotuak. Iparraldeko esperientzak berak batzutan eredu bilakatzen dira, beha euskal moneta edo Alternatiba sarea nola hedatzen ari diren. Bigarren irekidura Hegoaldeari buruzkoa da. Ez da gaurko. 1970-1980 urteetan jada hegoaldeko mugimendu kooperatibistak Iparraldeko lehen kooperatiben sortzea hurbiletik segitu eta sustengatu zuen. Berrikitan, gizarte ekonomiaren belaunaldi berriek ere mugaz-gaindiko dimentsio bat hartu zuten, araberako tresna instituzionalak ere erabiliz : laborantxa biologikoan, euskera eta kultura mailan, komunikazio eta hedabideetan, eta abar. Hirugarren idekidura Iparraldeko auzo lurraldeekilako lotura da: Biarnesekin alde batetik, eta Landestarrekin bertzalde. Azpimarratzekoa da bereziki Iparraldeko hainbat gizarte ekonomi eragile (batez ere Lan Berri, Andere nahia, Herrikoa, baita laborantxa iraunkorraren mugimenduak) Tarnos-en kokatua  dagoen Hego Akitaniako PTCE-ren (Pôle territorial de coopération économique, Kooperazio ekonomiko lurralde poloa dinamikan parte hartzen dutela, Seignanx eta Paueko hainbat egiturekin batera. Egitasmo horren sustatzailek daukate  gizarte ekonomia ez dela enpresa edo egitura batzuen gehiketa xoila, baizik eta lurralde garapen funtsezko eredu bat.

    Hiru idekidura horietarik dario gaur Iparraldeko gizarte ekonomiaren arrasustatzea. Ikusiko kar berri hori ze fruitu emanen duen den azkar aldatzen ari den ingurumen sozio-ekonomiko eta politiko-instituzional batean.

    Xabier Itçaina

    (CNRS, Centre Emile Durkheim, Sciences po Bordeaux)

  • Vía Campesina-ren VII Nazioarteko Konferentzia burutu da Derion

    Vía Campesina-ren VII Nazioarteko Konferentzia burutu da Derion

    “Gure herriak elikatzen ditugu eta mugimendua eraikitzen dugu mundua aldatzeko” lelopean, uztailaren 16 eta 24 bitartean mundu osoko 450tik gora nekazarien ordezkari bildu ziren. Konferentziok 4 urtean behin egiten dira, zehar leku ezberdinean bakoitzero eta mundu guztiko milioika nekazari, laborari txiki eta ertain, lurrik gabeak, gazteak, emakume nekazariak, indigenak eta migratzaileak biltzen dituen mugimendua da.

    16 eta 17an Gazteriaren IV Asanblada egin zen, kolektibo honek pairatzen duen egoera konkretuaren inguruan hausnartzeko eta “Gazteriaren IV Asanbladako Adierazpen Politikoa” aditzera eman zuen, zeinetan elikadura burujaberantz pausuak emateko giltzarriak aipatzen diren, hala nola “hiriko eta nekazal guneetako gazteriaren arteko lotura eta harremana” eta justizia, feminismo eta berdintasunak helburu horren lorpenean duten garrantzia, “dibertsitatea bere forma guztietan” kontuan izatea ahaztu gabe.

    Uztailaren 18an, Emakumeen V Asanblada egin zen, “Emakumeen V Asanbladako Adierazpen Politikoa” plazaratu zuelarik. Bertan, emakumeen gaineko biolentzia mota ezberdinak aipatzen dira (feminizidioa, lurren akaparamendua, behartutako migratzeak, etab.), baita kolektibo honen aburuz eman behar diren pausuak ere, beste azterketa batzuetaz gain.

    Hurrengo lau egunak Konferentziarenak izan ziren, eta 19 goizean eginiko irekiera ekitalditik aurrera besteak beste esperientzia eta borroka ezberdinen aurkezpen, mahai inguruak, hausnarketarako guneak, asanbladetan prestaturiko adierazpenen aurkezpenak eta erregio mailako bilerak egin ziren, larunbat arratsaldeko itxiera ekitaldira arte.

    Igandean, bestalde, Bilbora martxa egin zen, zeinari Moyua plazan bildu zitzaizkion milaka pertsona. Ondoren, Plaza Berrian ekitaldi publiko-politiko bat egin zen (“Euskal Herriko Adierazpena” hemen irakurgai duzue). Hurrengo egunean, konferentziako partaideek lurraldeko esperientzia ezberdinak bisitatzeko eta gertutik ezagutzeko aukera izan zuten.

    Iturria: Vía Campesina

  • Mondragonen 2017ko Kongresua

    Mondragonen 2017ko Kongresua

    Uztailaren 5ean MONDRAGON Korporazioaren 2017ko Kongresua egin zen Donostian. Bertan, Korporazioko lehendakari den Iñigo Ucinek kooperatibak zoriondu zituen izan duten bilkaera onagatik, eta esan zuen aurrera doazela “Etorkizuneko MONDRAGON” ponentzian ezarritako politiketan.

    Aurtengo edizioan, besteak beste, organo korporatiboek egindako gestioa aurkeztu zen, bai Batzorde Iraunkorraren, bai Kontseilu Orokorraren aldetik.  Kontseilu Orokorraren kudeaketaren deskargua Iñigo Ucin lehendakariak egin zuen, eta aurreko Kongresuan aho batez onartutako ponentzia aipatu zuen –“Etorkizuneko MONDRAGON”–, bere arretagune nagusiekin: “Balioen Bizipena”, “Antolamendu Egitura” eta “Elkarren arteko Lankidetzako Finantza Fondoak eta Tresnak”.

    Horrez gain, datorren laurtekoaren kudeaketaren inguruan, Korporazioak 2017-2020 Politika Sozioenpresarialean zehaztu du bere bide orria, negozioak kokapen lehiakor iraunkorretatik abiatuta garatzeko helburuarekin. Eta hori lortzeko bost estrategia definitu dira: konpromisoa eta nortasun kooperatiboa, finantzaketa, berrikuntza eta enpresa sustapena, lankidetza eta presentzia globala. Ucinek nabarmendu zuenez, “beharrezkoa da proiektu partekatu batekin konprometituta dauden pertsonak edukitzea, garai berrietara egokitzeko gaitasunarekin, atzetik datozenei proiektu lehiakor eta solidarioagoa izango duen kooperatiba bat uzteko”. 

    MONDRAGON 2016an

    Kongresuarekin bat eginda, MONDRAGONen 2016ko ekitaldiaren balorazioa egin da, zeinak, oro har, bilakaera positiboa izan du bere aldagai enpresarialen multzoan.

    Salmentei dagokienez, 11.399 milioi euro izan dira, hau da, aurreko urtean lortutakoak baino zertxobait hobeak, %0,3 igo baitira. Nazioarteko salmentak, industri arloari lotuta, salmenta guztien %70 izan dira.

    Enpleguaren esparruan, berriz, talde osoa kontuan hartuta, pixka bat uzkurtu da, %0,9, eta lanpostuak 73.635 izan dira. Horri dagokionez, banaketa arloko enpleguaren murrizketa nabarmendu daiteke, hipermerkatuen sarean egindako desinbertsioengatik. Albiste positiboa industri arloaren bilakaera positiboa izan da, joan den urtean 1.404 enplegu berri sortu baitziren, lantalde osoan 34.329 lagun aritu zirelarik.

    Beste atal aipagarri bat inbertsioena izan da, 457 milioi eurora iritsi baita, aurreko urtean egindakoak baino %44 gehiago.

    Berrikuntzaren arloan, MONDRAGONek I+Gko 15 zentro ditu, guztira 461 patente familia ditu indarrean, eta 1.921 ikertzaile enplegatzen ditu lanaldi osoan.

    Horrez gain, ebitda 1.031 milioi eurora irisi zen.

    Iturria: TUlankide

  • CESE-k Gizarte Ekonomiaren Kanpo Dimentsiari buruzko Irizpena onartu du

    CESE-k Gizarte Ekonomiaren Kanpo Dimentsiari buruzko Irizpena onartu du

    Pasa den uztailaren 5ean, “Gizarte Ekonomiaren Kanpo Dimentsioa” Txostena onartu zuen CESE-k osoko bilkuran. Txostengilea Miguel Ángel Cabra de Luna izan zen, CEPES-en ordezkaritzan, eta testuaren elaboraziorako José Luis Monzonzen, CIRIEC-eko zuzendaria, parte hartzea izan duena.

    Irizpena ekainaren 8an aurkeztu zuten Bruselan, eta bertan, CEPES-eko ordezkariak gogorarazi zuen gizarte ekonomia “kanpo dimentsioa duten politika europar guztiek ezarritako helburuak lortzeko aktore garrantzitsua dela”. Txostenak Europar Batasunean onartu diren dokumentuak kontutan hartzen ditu, gizarte ekonomiak arlo ezberdinetan jokatzen duen paper garrantzitsua azpimarratuz.

    Bestalde, dokumentuak ohartarazten du “finantza instrumentu tradizionalak” ez direla Gizarte Ekonomiarako egokiak, eta EB-ko sustapen programa ezberdinetan presentzia handiagoa eman diezaioten eskatzen da.

    Iturria: Ciriec

  • CIRIEC-ek  `economiasostenible.org´ Web orrialdea aurkeztu du

    CIRIEC-ek `economiasostenible.org´ Web orrialdea aurkeztu du

    CIRIEC-ek Web orri berria estreinatu du, Gizarte Erantzukina, Gizarte Ekintzailetza eta Guztien ongizatearen Ekonomiari buruzkoa. Atari berri honen helburua sistema ekonomikoaren aldaketari buruzko munduko eztabaidan parte hartzea da, pertsonen duintasuna, komunitateen errespetua eta inguruaren babesa kontutan hartzen duen ekonomia baten alde eginez.

    `economiasostenible.org´ atarian Gizarte Erantzukinarekin, Gizarte Ekintzailetzarekin eta Guztien Ongizatearen Ekonomiarekin harremana duten ekimenak aztertuko dira. Praktika onak aurkezteaz gain, unibertsitate ezberdinetako adituek bidalitako informazioak eta azterketak azalduko dira bertan. Gainera, arlo azberdinetako berritasunak emango dituzte.

    Bisitatu web orria

    Iturria: CIRIEC

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Gizarte Ekonomiari buruz ekainak 28an eginiko jardunaldiaren balorazioaren aurkezpena

    Gizarte Ekonomiari buruz ekainak 28an eginiko jardunaldiaren balorazioaren aurkezpena

    “GIZARTE EKONOMIAREN EGOERA EUROESKUALDEAN: mugaz gaindiko begirada” jardunaldiaren balorazioak biltzen dituen aldizkaria atera berri du GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak.

    Bertan, Konfekoop-eko Rosa Lavinek eginiko ETESS proiektuaren aurkezpenaren laburpena, Bruselako Nafarroako Gobernuaren ordezkari Mikel Irujok S3 inguruan eginiko hausnarketa eta GEZKI-ko zuzendari Aitor Bengoetxearen balorazioa aurki daitezke.

    Aldizkaria ikusteko, egin klik hemen.

    Iturria: GEEB