Egilea: editorea

  • Laboral Kutxa eta Fiare Banca Etica-ren arteko lankidetza akordioa

    Laboral Kutxa eta Fiare Banca Etica-ren arteko lankidetza akordioa

    Bi erakundeek partekatzen dituzten baloreetan oinarriturik akordio marko bat sinatu dute lankidetza ildoak zehazteko.

    Fiare Banca Etica-k, espainiar estatuko Banca Etica-ren sukurtsala, eta Laboral Kutxa-k akordio marko bat sinatu dute lankidetza ildoak zehazteko, balore batzuetan oinarriturik: kooperatibagintza eta kreditua pertsonen zerbitzuan dagoen ekonomia errealaren garapenerako funtsezko tresna bezala ulertzea.

    BpE-ren ordezkaritzak (Ugo Biggeri presidentearekin buruan) Laboral Kutxaren egoitza nagusia bisitatu du Arrasaten eta bide batez akordioa sinatu egin dute bi erakundeen ordezkariek, honela Fiare proiektuaren hastapenetatik datorren harremanari eusten diote erakundeok.

    Akordioak etorkizunean bi erakundeen arteko lankidetza aukerak aurreikusten ditu. Gaur egun, Fiare Banca Etica-ko bezeroek Laboral Kutxaren kutxazainetan dirua ateratzeko aukera dute (kostu batekin).

    Finantzaketa arloan, bi erakundeen interesak bat egitean operazioak modu bateratuan egiteko aukera jasotzen du akordioak. Zehatzago, finantzaketa bateratu hauek ekintzailetasun proiektuak sustatu eta babesteko balio lezakete.

    Peru Sasia, Banku Etiko eta Alternatiboen Europar Federazioko presidente berria

    Gainera, maiatzaren 31an Varsovian Banku Etiko eta Alternatiboen Europar Federazioaren asanblada egin zen, non administrazio-kontseilua berritu eta presidente berria aukeratu zen. Peru Sasia, Banca Etica-ko ordezkaria administrazio kontseilukide aukeratu zuten federazioko presidente berri bezala.

    Banku Etiko eta Alternatiboen Europar Federazioaa 2001 urtean sorturiko irabazi asmorik gabeko erakundea da, finantza etiko eta solidarioak bultzatzeko Europan. Banca Etica (Italia/espainiar estatua), Frantziako Crédit Coopératif eta Caisse Solidaire du Nord Pas-de-Calais, Belgikako Crédal eta Hefboom eta Poloniako TISE erakundeek sortu zuten.

    Iturria: TuLankide eta Fiare Banca Etica

  • CIRIEC-España zuzendaritza batzordearen berritzea. Adoración Mozas da presidente berria

    CIRIEC-España zuzendaritza batzordearen berritzea. Adoración Mozas da presidente berria

    Pasa den ekainaren 16an Valentzian egin zen urteroko asanblada, non zuzendaritza batzordea berritu zen eta Adoración Mozas Moral (Jaen-eko unibertsitatea) aukeratua izan zen presidente berri.

    Gainera, Carmen Marcuello (Zaragozako unibertsitatea) eta Sebastián Reyna (UPTA sindikatua) presidente orde berriak dira, José Luis Monzón (Valentziako unibertsitatea) zuzendari delarik.

    Zuzendaritza batzorde berria hemen ikus daiteke. Aipatzekoa da, baita ere, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, Mondragon eta Deustuko Unibertsitateak ere barneratu direla, lehen aldiz.

    Iturria: Observatorio Español de Economía Social – GEZKI

  • Ulma: garai bateko arima soziala berpiztu nahian

    Ulma: garai bateko arima soziala berpiztu nahian

    Beste kooperatibetako ordezkariak presente zeudelarik, Raul Garcia-k, Ulmako presidenteak, kooperatiben balioei buruz eta Ulmak arlo honetan dituen erronkei buruz hitz egin zuen pasa den hilabetean izaniko bilera batean.

    Antza, Ulmak aspektu hau gehiago jorratzeko asmoa du hemendik aurrera. Bileran landuriko alorrak hauek izan ziren: garapenerako lankidetza, ongizatea eta osasuna, kooperatibagintza, hezkuntza, euskara, gizarteratzea, ingurumena, kirola eta kultura.

    Gizarteratze arloan, esaterako, orain arte desgaitasunak zituzten langileei azpikontratazioen bidez eskaini izan diete lana, baina pauso bat harago eman nahi dute eta langile propioak izatera pasatu nahi dutela diote.

    Euskaran ere arreta handia jarri dute, Oñati herri euskalduna izanik, Ulma ere izan behar dela adieraziz.

    Honetarako Eraldaketa Sozialerako Batzordea sortu dute, Euskara Batzordearen pausoei segika. Azken honek lan txukun eta emankorra egin du eta.

    Laburbilduz, eta presidentearen hitzei jarraiki, “kooperatiba batean lan egiteari zentzua eman behar zaio”.

    Iturria: TuLankide

  • Oinarrizko errentaren inguruko workshop-a egin da Bartzelonan, euskal zein nazioarteko ordezkariekin

    Oinarrizko errentaren inguruko workshop-a egin da Bartzelonan, euskal zein nazioarteko ordezkariekin

    Maiatzaren 25 eta 26an Bartzelonan nazioarteko workshop bat burutu zen, oinarrizko errentaren inguruan, IBEI (Institut Barcelona d’estudis Internacionals) institutuak antolatua. Nazioarteko ordezkarien presentzia nabaria egon zen, baita Euskadiko oinarrizko errentaren elkartekoak ere.

    Aipatzekoa da herrialde ezberdinetako pertsonen parte hartzea, hala nola, Espainia, Portugal, Finlandia, Eskozia, Ingalaterra, Kanada, Mexiko eta Ameriketako Estatu Batuak. Euskaditik ondorengoek parte hartu zuten: Luis Sanzo (Enplegu eta Gizarte Politika Saileko estatistika arloko arduraduna), Julen Bollain (eusko legebiltzarreko parlamentaria) eta Angel Elías (lan harremanak eta gizarte langintza fakultateko dekanoa eta GEZKIko kidea).

    Bi egun horietan, Europako zenbait esperientzia piloto aurkeztu ziren (Finlandia, Eskozia eta Holandakoak zehazki), baita Bartzelonako Oinarrizko diru sarrera errentaren inguruko proiektu bat ere. Jardunaldiko edukiak hemen ikus daitezke.

    Iturria: Red renta básica Euskadi

  • BBK SESTAO ELEKTRONIKA, lanbide heziketa egokituaren arloko erreferentea, Lantegi Batuak-en proiektu berria

    BBK SESTAO ELEKTRONIKA, lanbide heziketa egokituaren arloko erreferentea, Lantegi Batuak-en proiektu berria

    Lantegi Batuak-en Sestaoko zentro berriak ehun lanpostutik gora sortuko ditu Ezkerraldean, urritasuna duten pertsonentzat. BBK-k, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 900.000 euroko ekarpena egingo dute proiektu berrirako, zeina 2018ko lehen hiruhilekoan martxan egongo dela aurreikusi den.

    BBK SESTAO ELEKTRONIKA erreferentea izango da lanbide heziketa egokituaren arloan, elektronikaren espezialitatean. Urritasuna duten pertsonentzako egokitutako prestakuntza proiektu berezi bat da. Helburua arlo horretarako erreferente bihurtzea eta espezialitate horretan ziurtagiri profesionala emateko gaitasuna lortzea da.

    Zentro berriaren industri jarduera nagusiak hauen ingurukoak izango dira: ekipamendu elektrikoko ondasunen mihiztatzea, kableatua eta zirkuitu elektrikoen fabrikazioa. Energia sektoreko balio-kate osoko produktu eta konponbideak landuko dira; sorkuntza, kontrola, banaketa elektrikoa, energia berriztagarrietarako ekipamendua -eolikoa eta fotovoltaikoa- eta sare adimendunak.

    Sestaoko zentroan egindako inbertsioa osoa, lurzoruaren erosketa, eraikuntza eta ekipamendua barne, 4 milioi eurokoa da.

    Sestaoko instalazio berriei esker, Lantegi Batuak-ek ekipamendu elektronikoetarako ondasun sektoreari eskaintzen dion neurrirako konponbide eskaintza handituko du. Sektore horri zerbitzua ematen dio dagoeneko; elektronika, kableatu, soldadura, mekanizatu, mihiztatze eta logistika arloetan.

    Enpleguaren sustapena Ezkerraldean

    Sestaoko zentroa Lantegi Batuak-en Bizkaiko hogeita bigarren zentroa izango da. Gainera, horri esker Ezkerraldean sendotu egingo da gizarte erakunde horren presentzia, Sestaoko antzinako zentroaz gain hau ere egongo baita. Gaur egun, Lantegi Batuak osatzen duten pertsonen artean, urritasuna duten 306 pertsona datoz eskualde horretako herrietatik.

    BBK SESTAO ELEKTRONIKA zentroak urritasuna duten pertsonen prestakuntza eta enplegagarritasuna hobetzen lagunduko du. Bizkaiko langabezia-tasa altuena duen inguru honetan enplegua aktibatzeko baliogarria izango da, etorkizuna daukan jarduera profesional baten inguruan. Gainera, Sestaon eta orokorrean, Ezkerraldean urritasuna duten pertsonentzako plaza okupazionalen eta lanpostuen eskaerari erantzuteko aukera emango du. Gaur egun, urritasuna duten Ezkerraldeko 208 pertsona dauden lan-poltsan, lan-aukera baten zain.

    Iturria: Lantegi Batuak

  • Sendotu Aldi Berean programa

    Sendotu Aldi Berean programa

    SENDOTU ALDI BEREAN programa, Peñascal eta 3. sektoreko hainbat erakundek (Sartu, Agiantza eta Caritas) bultzatuta, Gipuzkoako aldundiak aukeratua izan da bere gizarteratze aktibo eta laneratze politika aurkezteko. Honen bitartez laneratze eta inklusio soziala bultzatu nahi dute esklusio arriskuan dauden pertsonen artean, beraien laneratze baldintzak eta laneratzea hobetuz, beraien formazioa hobetuko duten akzio, teknika eta konpetentzia pertsonalak hobetuz.

    Proiektu honetan gauzarik interesgarrienetarikoa, erabiliko diren formuletan aurki genezake: besteak beste, gizarte ekonomiako enpresak sortzearena.

    Iturria: REAS EUSKADI

  • Uztailak 1, “Kooperatiben Nazioarteko Eguna”

    Uztailak 1, “Kooperatiben Nazioarteko Eguna”

    Alianza Cooperativa Internacional (ACI) eta Nazio Batuen Erakundeak antolatuta, jardunaldi honek kooperatiben garrantziaren inguruko kontzientzia bultzatu nahi du. Edizio honetan leloa hauxe da: “kooperatibei esker, inor ez da atzean geratzen”, fokua inklusio sozialean jarriz. Eusko Jaurlaritzak kooperatibismoaren garapenarekin daukankonpromisoa berretsi egin du María Jesús San Josék, Lan eta Justizia sailburuak.

    María Jesús San José Lan eta Justizia sailburuak kooperatiba sozietateek Euskadin sortarazten duten enplegua areagotzeko Eusko Jaurlaritzak daukan konpromisoa berretsi du. San Josék kooperatiben izaera “positiboa” eta euren bereizgarritasun “kualitatiboa” nabarmendu egin ditu eta arlo honetan Euskadi “nazioarteko eredua” dela gogoratu egin du. “Kooperatibismoa sektore estrategikoa da eta bultzada eman nahi diogu”, agindu du sailburuak.

    María Jesús San Josék gizarte-ekonomiari buruz hitz egin du Kooperatiben Nazioarteko Egunaren bezperan. Uztailaren 1an, larunbata, ospatzen da egun hau. Prentsaurrekoan Iñigo Ucínek (MONDRAGONeko Kontseilu Orokorreko lehendakaria) eta Rosa Lavínek (Konfekoop, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lehendakaria) parte hartu dute ere bai. Agerraldia Donostian burutu da Gipuzkoa delako, sailburuaren hitzetan, “kooperatibismoaren jaioterria eta gotorlekua” Espainian eta Europan.

    Datuek kooperatibek Euskadin daukaten garrantzia agerian uzten dute. 2.926 kooperatiba sozietateetan 56.380 pertsonek lan egin dute, euskal ehun ekonomikoaren %6,5a. Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiaren (GEEB-OVES) azken txostenaren arabera (2015), sektore honek “indarra” mantendu du Euskadin krisialdi testuinguruan ere. Horren harira, San José sailburuak gogoratu egin du kooperatiba sozietateetan krisi urteetan suntsitu egin den enplegu bolumena askoz txikiagoa izan dela, sei puntu gutxiagokoa beste enpresekin alderatuz, Gizarte Segurantzako afiliazio estatistikek adiera ematen dutenez. 

    Bere aldetik, MONDRAGON taldeko lehendakariak, Iñigo Ucínek, kooperatibek “dauden lurraldeen ekonomia garapenean daukaten protagonismoa” azpimarratu egin du. Azaldu duenez, agerikoa da kooperatiben inguruan gizarte homogeneoagoak eratzen direla errentaren banaketari dagokionez. “Berdintasuna” lortzeko garrantzitsuak dira honelako enpresak, XXI. mendeko gizartearen erronka nagusietako bat. Ucínek, era berean, kooperatiben izaera “demokratikoa” azpimarratu du, “pertsonen inguruan” eraikitako enpresak bait dira. Langileek modu “erreal” batean parte hartzen dute enpresaren jabegoan, kudeaketan eta emaitzetan, gaineratu du. “Apaltasunez baina ozen, kooperatibak gizarte garapenerako agente aktiboak direla aldarrikatu behar dugu”, gaineratu du.

    Ucinek nabarmendu du “bakarrik lehiakortasuna bermatuz” denboran zehar “iraunkorrak” izango diren negozioak lortu ahal direla. “Lehiakortasuna bermatzea gure etorkizuna ziurtatzeko modurik onena da”, adierazi du Ucínek.

    Kooperatiben Nazioarteko Eguna 1923tik ospatzen du Nazioarteko Kooperatiben Elkarteak (ICA) eta 1995az geroztik Nazio Batuen Erakundeak (NBE). Egun honen helburua kooperatiben garrantziaz ohartaraztea da, baita enpresa hauen eta Gobernuen arteko elkarlana sustatzea ere. Aurtengo ekitaldiaren leloak “kooperatibek ez dutela inor atzean uzten” azpimarratu nahi du eta gizarte integrazioan daukaten papera nabarmenduko da.

    Honen harira, Konfekoopeko lehendakaria den Rosa Lavínek kooperatiben “baloreek” krisialdiak eragin dituen “hainbat ondorio moteldu” egin dutela adierazi du, haien artean soldatetan geroz eta handiagoak diren desberdintasunak. “Kooperatibek daukaten erantzukizuna eta ardura enpresa arruntena gainditzen du eta gizartean zuzen-zuzenean eragiten du. Hori dela eta, gizarte integrazioa kooperatiben balore eta printzipioen erakusgarri da”, adierazi du Lavínek. Konfekoopeko lehendakariak gogoratu egin du gizarte ekimeneko kooperatibak geroz eta garrantzitsuak direla eta integrazioa bermatzen dutela. “Egun, aurrera doan errealitate bat dira”, esan du.

    Kooperatiben Nazioarteko Egunean, Konfekoopek sektoreak 2016an utzi zituen datuen irakurketa “oso positiboa” egin du. Konfekoop Euskadiko enpresa elkarteen artean garrantzitsuenetarikoa da eta 1.110 kooperatiba ordezkatzen ditu, 2015an baino %5 gehiago. Nazioartean egiten diren salmentak %65 dira eta kooperatibek euskal BPG-ren %6ª ordezkatzen dute. Berdintasunari dagokionez, enpresa hauetan lanpostuen %52ª emakumezkoentzat dira eta %48a gizonezkoentzat.

    Iturria: Tulankide

     

  • CIRIEC-ek Gizarte Ekonomiak Europar Batasunean izan duen eboluzioari buruzko txostena aurkeztu du

    CIRIEC-ek Gizarte Ekonomiak Europar Batasunean izan duen eboluzioari buruzko txostena aurkeztu du

    Aurreko ekainaren 8an CIRIEC-ek CESEren aginduz landutako “Gizarte Ekonomiaren eboluzioa Europar Batasunean” txostena aurkeztu zuen. Lan honetan EBko 28 estatutako 89 adituk parte hartu dute, José Luis Monzón eta Rafael Chaves irakasleek zuzendu dutena.

    Txosten berri honek, 2007an eta 2012an egindakoak eguneratzen ditu. Berritasunen artean, kontzeptu berrien azterketa azpimarratu behar da, hala nola, gizarte ekintzailetza, ekonomia zirkularra edota parte-hartze ekonomia, gizarte ekonomiarekin duten harremana aztertuz. Honetaz gain, gizarte ekonomiaren sustapenerako politika publiko berriak berrikusi dituzte.

    Emaitzen artean, azpimarratzekoa da EB-an 13,6 milioi pertsonek egiten dutela lan gizarte ekonomiaren alorrean. Datuak aurreko txostenekoen oso antzekoak dira, eta sektoreak krisi garaian izan duen erresistentzia gogorra erakutsi dute.

    Aurkezpenaren eta azken aldaketen ondoren, txostena irailean egongo da eskuragarri.

    Iturria: CIRIEC

  • Gobernu-organoak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren erakundeetan

    Gobernu-organoak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren erakundeetan

    Aurreko ekainaren 27an, Hirugarren Sektore Sozialaren Behatokiak, azken hilabeteetan egin duen “Gobernu-organoak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren erakundeetan”ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen.  

    Interesa pizten duen gaia da, gobernu-organoek sektore honetako erakundeetan paper garrantzitsua jokatzen baitute. Bestalde, ikerketa hiru zati ezberdinetan sailka daiteke:

    – Lehenengoa, gobernu-organoen ezaugarriak, funtzioak eta barne funtzionamendua.

    – Bigarrena, zailtasunen eta beharren identifikazioa.

    – Hirugarrena, gobernantza onerako eta organoak indartzeko funtsezko faktoreen identifikazioa.

    Ikerketaren txostena hemen

    Iturria: Hirugarren Sektore Sozialaren Behatokia

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.