Egilea: editorea

  • Kepa Olivares, Asleko lehendakari berria

    Kepa Olivares, Asleko lehendakari berria

    Kepa Olivares  Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteko lehendakari aukeratu dute, maiatzean ospatutako biltzar orokorraren ondoren Zuzendaritza Batzordeak egindako lehen bileran erabaki zena.

    Lehendakari berria, FMD Carbide SAL-eko ekonomia zuzendaria da, eta 2015 urtetik ASLEko Zuzendaritza Batzordeko kidea da.

    Iturria: Asle

  • Europar Parlamentuak giarte ekonomiako politika fiskalen eraginari buruzko Audientzia Publikoa egin du

    Europar Parlamentuak giarte ekonomiako politika fiskalen eraginari buruzko Audientzia Publikoa egin du

    Pasa den ekainaren 27an Europar Parlamentuko Gizarte Ekonomiako Taldeak gizarte ekonomiako politika fiskalen eraginari buruzko audientzia publikoa ospatu zuen Bruselan. Jardunaldi honen helburua Europar Batasunean egin diren proposamen fiskalei buruzko eztabaida sortzea izan zen, horien artean, BEZaren Akzio Plana edota Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarri komuna ezartzearen proposamena.

    Bertan parte hartu zuten europako instituzioetako kideak, gizarte ekonomiako ordezkariak eta unibertsiteetako hainbat adituk.

    Iturria: Ciriec

  • Kreditu kooperatiben erregimen juridiko berria onartu du Espainiako Gobernuak

    Kreditu kooperatiben erregimen juridiko berria onartu du Espainiako Gobernuak

    Ekainaren 23an Ministro-kontseiluak kreditu kooperatiben erregimen juridikoa erreformatzea helburu duten neurrien errege dekretua onartu zuen. Kreditu Kooperatiben sektoreak kreditu sistemaren %6a suposatzen du eta tamaina txikiko agente ekonomikoen finantziazioan garrantzi handia dauka, bereziki, nekazaritza, industria eta profesionalen sektoreetan.

    Arau honen helburu nagusia “entitate hauen erresistentzia handitu eta indartzen dituzten prozesuetan laguntzea da”, bereziki Babeseserako Mekanismo Instituzionalen (MIP) bitartez.

    Iturria: Ciriec

  • Bilboko udalak eta SSI kooperatibak hirugarren adinekoei zerbitzuak emateari lotutako 5 enpresa-proiektu sustatuko dituzte

    Bilboko udalak eta SSI kooperatibak hirugarren adinekoei zerbitzuak emateari lotutako 5 enpresa-proiektu sustatuko dituzte

    Guztira, adinekoei arreta eskaintzearekin zerikusia duten bost enpresa-proiektu berrik izango dute sortzeko eta kudeatzeko laguntza-programa bat. Hain zuzen ere, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bitartez, eta Servicios Sociales Integrados (SSI) kooperatibak sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker egin dezakete hori.

    Ekimen ekintzaileak hautatzeko BIG Bilbao (Bilbao Ideien Gunea) espazioan aurkeztutako hamaika proiektu erabili dira. Udal-espazio berriak pertsona ekintzaileei zuzendutako baliabideak eta ekintzak biltzen ditu. Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak eta Servicios Sociales Integrados (SSI) kooperatibako kudeatzaile den Karmele Acedok lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute

    Biztanleria zahartzen doanez, ekintzailetzarako eta enplegurako aukera garrantzitsuak sortzen dira eremu soziosanitarioan eta adinekoei premia zehatzetarako arreta eskaintzearen eremuan. Errealitate horren jakitun, Bilboko Udalak eta SIS kooperatibak hitzarmen bat sustatu dute gai horren inguruan sortzen diren enpresa-proiektu berriak sustatzeko. Xedea da lanpostuak sortzen laguntzea baina, aldi berean, herritar nagusiengan izango duen eraginagatik gizarte-balio erantsia dutenak.

    Hautatutako bost ekimenen arduradunek aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute irailaren 30era arte mentoring izeneko teknika ospetsuaren bitartez, non ibilbide aintzatetsia duten profesionalek erronka berri bat hasi berri duten pertsonei aholkularitza eskaintzen dieten. Proiektuan parte hartuko duten mentoreek eskarmentu handia dute zahartzearen sektorean, eta ekintzaileei negozio-ideiak abian jartzeko prozesuan lagunduko diete. Mentoringarekin batera, ekimen bakoitzak bere negozio-plana egingo du BIG Bilbaoko teknikarien laguntzarekin.

    Hautatutako proiektuak honako jarduera hauetara daude zuzenduta, besteak beste: hirugarren adinekoengan espezializatutako fisioterapia, jarduera berritzaileak eta eraikinetan zein bide publikoan mugikortasun irtenbideak dituzten egoitzak, besteak beste.

    Iturria: Bilboko Udala

  • LagunAro, EPSVk dotoreziaz ospatzen ditu urrezko ezteiak

    LagunAro, EPSVk dotoreziaz ospatzen ditu urrezko ezteiak

    Lagun Aro, EPSVk 28.000 mutualistari eta 13.000 pentsioduni ematen die estaldura, eta aurten urrezko ezteiak ospatzen ditu. Aukera hori aprobetxatuta dotoreziaz jantzi da erakundea eta horren adibide ederra erakutsi zuen pasa den ostiralean, uztailaren 7an Arrasaten egin zuen ekitaldian.

    Ekitaldian izan ziren, besteak beste: Iñigo Urkullu Jaurlaritzako Lehendakaria; MONDRAGON Korporazioko lehendakaria, Iñigo Ucín; Gipuzkoako ahaldun nagusia, Markel Olano; Lana eta Justizia sailburua, María Jesús San José; eta Arrasateko alkatea den María Ubarretxena.

    Carlos Maza, LagunAro, EPSVko idazkariak egin zuen aurkezpen lana. Hasiera emateko, Aukeran dantza taldeko dantzariek ohorezko aurreskua eskaini zuten eta ondoren Jose Antonio Alustizak hartu zuen hitza, entitateko lehendakariak. Jarraian, LagunAron lana egin duen eta jubilazioa hartu berri duen pertsona batek protagonizatu duen bideoa proiektatu zen.

    Omenaldi sentikorra

    50. urteurrena betetzen den une honetan, ibilbide luzean bidelagun izan diren pertsona guztiak aintzat hartuta, ostiraleko ekitaldian honako pertsona hauek jaso zuten omenaldi berezia: Román Balanzategui, Jesús Goienetxe eta José Antonio Ajuria lehendakari ohiak; zuzendari nagusiak izan ziren José Ayala (hilda), Eduardo Arana, Xabier Elizondo eta Julio Gallastegui (azken bi hauek ez ziren bertaratu); Kontseilu Orokorreko kide izan direnak eta hauen guztien izenean Juan Larrañaga eta Juan Domingo Gaztañaga, eta baita José María Ormaetxea eta Alfonso Gorroñogotia, esperientzia kooperatiboaren fundatzaileak izan zirenak eta  José María Arizmendiarrietaren kolaboratzaileak. 

    Ekitaldiari amaiera emateko Iñigo Urkullu Lehendakariak hartu zuen hitza eta aukera aprobetxatu zuen LagunAro, EPSV zoriontzeko eta urte hauetan guztietan egin duen lana goraipatzeko, batik bat momentu txarrenetan eman duen erantzuna.

    Ospakizuna ez zen ostiralean bukatu, eta asteburu osoan zehar jarraipena izan zuen.

    Iturria: TuLankide

  • Goiener eta Grupo SSI kooperatibak Europa mailako gizarte berrikuntzaren inguruko mapeoan barneratuak

    Goiener eta Grupo SSI kooperatibak Europa mailako gizarte berrikuntzaren inguruko mapeoan barneratuak

    “SI Drive” proiektuak, Europako Batzordeak finantzatutako ekimenaren baitan, ikerketa-lan zabala egin du, non parte hartu baitute Europako 11 estatutako eta kontinente guztietako beste 11 herrialdetako 14 bazkidek, 1.000 ekimen baino gehiago aztertu dituelarik.

    Proiektua aurtengo abenduan amaituko da, 4 urteren ondoren. Denbora horretan, munduko eskualde desberdinetan dauden berrikuntza sozialeko ekimenak aztertu dituzte, ekimen horietatik ezagutza erauzteko. “Ez genuen teoria bakarrik aztertu nahi, orobat ikusi nahi genuen nola aplikatzen den berrikuntza soziala eta nolako inplikazio sozialak dituen Europarentzat eta munduarentzat oso garrantzitsuak diren gaietan” azaldu du Zuzenbideko doktore eta Deustuko SI Drive proiektuko ikerlari arduradun Marta Encisok.

    Ekimena zazpi ardatz tematikotan bereizi da: enplegua, hezkuntza, ingurumena, klima aldaketa, energia, garraioa, osasuna, pobrezia eta garapen sostengarria. Deustuko Unibertsitateko lantaldea enplegu eta energia arloetako erronketan zentratu da. Arlo bakoitzetik 10 kasu aukeratu dira sakonago aztertzeko, eta Euskadiko bi ekimen sartu dira multzo horretan: Grupo Servicios Sociales Integrados kooperatiba, kalteberatasun edo menpekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza ematen diena; eta energia berriztagarria sortu eta kontsumitzeko Goiener kooperatiba.

    Proiektua azken fasean dago orain, abenduan aurkeztuko baititu ikerketaren ondorioak. Halere, dagoeneko eskuratu dituzte zenbait emaitza, erakusten dutenak berrikuntza soziala mundu osora zabaldu dela gainditu gabeko erronkei erantzuteko metodo gisa. Nahiz eta ereduak oso desberdinak izan, zenbait elementu berdinak dira ekimen guztietan: bottom-up formatua, erabiltzaileen jabekuntzari ematen zaion garrantzia, sektore eta agente desberdinen arteko lankidetza eta ikuspegi praktikoa, adibidez.

    IS Drive ekimenak helburu hirukoitza du: aurrera egitea berrikuntza sozialari buruzko ezagutzan, dagoeneko existitzen diren ekimenak mapeatzea eta gomendio eta proposamenak eskaintzea arduradun politikoei, Europako agenda politikoan txerta dezaten berrikuntza soziala. “Sekula ez dira hainbeste kasu praktiko aztertu ondorioak ateratzeko” esan du Marta Encisok, “argitalpen zientifikoetan ere zabalduko ditugu emaitzak, uste dugulako berrikuntzak eta ekintzailetza sozialak tokia izan behar dutela nazioarteko esparru zientifikoan”. Ikerketen emaitzak azaltzen dituzten txostenak modu irekian argitaratu dira proiektuaren atarian, beste pertsona batzuk ere erabil ditzaten, dela aztertzeko material gisa edota berrikuntza sozialeko proiektuak garatzeko erreferentzia gisa.

    Iturria: SPRI

  • Kooperatibetan parte hartzearen gakoak, Mondragon Unibertsitatean eztabaidagai

    Kooperatibetan parte hartzearen gakoak, Mondragon Unibertsitatean eztabaidagai

    LANKI-k (Mondragon Unibertsitateko Kooperatibagintzaren Ikertegia) antolaturiko jardunaldian, Johnston Birchall Eskoziako Stirling Unibertsitateko ikertzaileak eta Cliff Mills Manchesterreko Anthony Collins Solicitors-eko kideak parte hartu zuten.

    Eskoriatzako Kanpusean “V. Kooperatibagintza Topaketak” egin ziren. Aurtengo edizioko gaia gobernantza kooperatiboa eta parte hartze prozesuak dituen erronkak izan zen. Gaiaz eztabaidatzeko Johnston Birchall eta Cliff Mills ikerlari eta irakasleek euren ekarpenak egin zituzten, besteak beste.

    “Gobernantza Kooperatiboaren erronkak” lelopean, nazioarteko zenbait adituk demokratizazio prozesuak eta kooperatibetako parte hartzea aztertu zituzten, honela gobernantza kooperatiboaren inguruko esperientzia eta praktika onen berri izan eta elkartrukatzeko.

    Jardunaldiari itxiera emateko, Mondragon Taldeko Hezkuntza Kooperatiboko arduradunak, Iñigo Iñurrategik, gobernantza kooperatiboaren inguruko etorkizuneko erronken inguruan jardun zuen.

    Iturria: Diario Vasco

  • EHLABEren 30 urte

    EHLABEren 30 urte

    2017 hau ospakizun urtea dugu, EHLABE elkartearen ibilbidearen hasieratik 30 urte pasa baitira. Hiru hamarkada, zeintzuetan desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea bultzatzeko buru belarri lankidetza estuan lan egin dugun eragile ezberdinekin (hirugarren sektorekoak, desgaitasunekoak, gizarte ekonomiakoak, Administrazio Publikoak…).

    30 urte, gure erakundeak ordezkatuz eta lagunduz, gure alea jarriz, egun Euskadiko gizarte ekimeneko sektorea erreferente izan dadin desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunerako aukerak sortzen, laguntza behar gehien duten pertsonentzako.

    Honela, 2017 urte osoan zehar ekitaldi eta jardunaldi ezberdinak aurrera eramaten ari gara, hiru helburu erdiesteko: 30 urte hauetan egindako ibilbidearen berrikusketa bat egin, urteurrena behar bezala ospatu, noski, baina baita sektore moduan etorkizuneko erronken inguruan hausnartu ere.

    Eta eginkizun honetan EHLABE eta bere erakundeak ez gaude bakarrik, aurrez aipatu ditugun eragile guzti horien laguntza (oso aktiboa, gainera) izatearen zortea bai dugu. Izan ere, eztabaida prozesu ezberdinen bitartez, desgaitasuna duten pertsonen gizarteratze eta laneratzeko euskal eredua deritzonaren etorkizuneko erronka eta ekintza ildo berriak bideratu eta definitzen ari gara denon artean.

    EHLABE osatzen dugun pertsonok ziur gaude partekaturiko elkargune anitz horietatik zein errealitate eta ikuspuntu ezberdinetatik desgaitasuna duten pertsonen gizarteratze eta laneratzeko aukerak hobetzera bideraturiko erronkak sortuko direla, hauen eskubideak bete daitezela lagunduz eta, azken finean, gizarte berdintsuago, inklusiboago eta anitzagoa lortzera pausuak emango ditugula.

    Zehazki, EHLABE eta bere gizarte ekimeneko erakundeek, Euskadiko gizarte ekonomiaren funtsezko atal bezala, sektoreko gainontzeko familiekin partekatzen dugun funtzio sozial eta eraldatzailea indartzen jarraitu behar dugu. Gizarte ekonomiaren printzipio eta baloreetan oinarriturik krisi ekonomikotik “onik” ateratzeaz gain, desgaitasuna duten pertsonentzako enplegagarritasun aukera berriak sortzen jarraitzea lortu dugu, kolektibo honetan laguntza gehien behar duten kideentzako bereziki.

    Horregatik ziur gaude datozen urteetan gizarteratze eta laneratzeko euskal eredua hobetzeko zein erronka berriei aurre egiteko ezinbestekoa izaten jarraituko duela Euskadiko gainontzeko gizarte ekonomiako familiekin lankidetza harremanak estutzen segitzea, helburu bikoitza lortzeko: Administrazio Publikoen aurrean posizionamendua indartu eta balio ekonomikoaz gain gizarte balioa sortzen dituzten ekimen zein aktibitate produktiboak garatzen jarraitu.

    Ez nuke iritzi artikulu hau amaitu nahi, EHLABE eta bertan parte hartzen duten erakundeen izenean, gonbidapen bat luzatu gabe euskal gizarte ekonomiaren familia osatzen duzuen pertsona guztiei, hurrengo urriaren 18an Bilbon Elkarteak 30. urteurrena ospatzeko egingo duen itxiera ekitaldira, hain zuzen ere.

     

    Pablo Moratalla

    EHLABEko koordinatzailea

  • Euskal Autonomia Erkidego, Nafarroako Foru Erkidego eta Ipar Euskal Herriko gizarte ekonomiaren inguruko jardunaldiaren kronika

    Euskal Autonomia Erkidego, Nafarroako Foru Erkidego eta Ipar Euskal Herriko gizarte ekonomiaren inguruko jardunaldiaren kronika

    Pasa den ekainaren 28an, Donostiako Joxe Mari Korta Zentruan (UPV/EHUko Gipuzkoako Kanpusean) Gizarte Ekonomiaren inguruko jardunaldia egin zen, Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko GEZKI Institutuak antolaturik, Nafarroako Gobernu, Eusko Jaurlaritza eta Nevadako Unibertsitatearen laguntzarekin.

    Jardunaldiari hasiera ofiziala GEZKI-ko zuzendari Aitor Bengoetxeak eman zion, hitza eskainiz bertaraturiko partaideei: Mikel Irujo (Nafarroako Gobernua), Xabier Irujo (Renoko Euskal Ikasketa Zentroa), Jokin Diaz (Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaria) bai eta Agustin Erkiziari ere (UPV/EHU-ko Gipuzkoako Kanpuseko errektore ordea).

    Programari jarraituz, Aitor Bengoetxeak Gizarte Ekonomiaren definizio eta esparrua azaldu zituen, honen aurrekari historikoei errepaso txiki bat emanez, bai eta lege aldetiko ohar garrantzitsu batzuk eginez.

    Jarraian gizarte ekonomiaren egungo egoerara hurbiltzeko, Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiko teknikariek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait datu plazaratu zituzten, batez ere sektorearen lanpostuei buruzkoak. Berdina egin zuen Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen (ANEL) elkarteko presidente Ignacio Ugaldek, elkarteak dituen lan ildo ezberdinen errepaso eta aurkezpena egiteaz gain. Ipar Euskal Herriko egoeraz, ondoren, Burdeos Unibertsitateko irakasle eta Émile Durkheim zentroko zuzendari  Xabier Itçaina aritu zen, datuetan zentratu beharrean sektorearen bilakaera historiko orokorragoa eskainiz. Zentzu honetan, interesgarria izan zen sektoreari gizarte zientziek eginiko ekarpenen inguruan mintzaturikoa.

    Atsedenaldira joan aurretik, KonfeKoop-eko zuzendari Rosa Lavin aritu zen, TESS eta ETESS proiektuak azaltzen, mugaz gaindiko proiektu interesgarri hauen garrantzi eta arrakasta erakustaraziz.

    Jardunaldiaren azken zatian, mahai inguru baten bueltan aritu ziren Carlos Lozano (CEPES – Nazioarteko Erlazioko Arloko Koordinatzaile), Jokin Diaz, Mikel Irujo eta Jean Michel Larrasquet (Kudeaketa Zientzietan irakasle emeritua UPPA/Estia/M.U-tan), Jon Morandeira (GEZKI) moderatzaile bezala zegoelarik.

    Partaide bakoitza bere esparru geografikoari dagozkien politika publikoen inguruan aritu zen eta bertaratu zen publikoaren aldetik eginiko galdera-erantzunekin itxiera eman zitzaion jardunaldiari.

    Iturria: GEEB   

  • EHLABE-k antolaturiko “world café” jardunaldia

    EHLABE-k antolaturiko “world café” jardunaldia

    Desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzera bideraturiko erronka eta lan ildoen inguruan eztabaidatzeko, pasa den ekainaren 14an Donostiako Kursaal-ean Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteak world café jardunaldia antolatu zuen, EHLABEren 30 urteurrenaren baitan.

    Jardunaldira partaide ugari eta anitz gerturatu ziren, hala nola, enplegu zentru bereziak, desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten duten elkarte/eragileak, gizarte ekonomiako gainontzeko familien ordezkariak, administrazio publikoen zein alderdi politikoen ordezkariak eta Unibertsitateko eragileak.

    Ekitaldiari irekiera Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politiketako Diputatuak, Maite Peñak, eman zion eta jarraian EHLABEko presidente Txema Franco-k elkarteak bere 30 urteetan egindakoaren errepaso txiki bat egin zuen. Euskal gizarteratze ereduaren zein egungo errealitatearen inguruko datuei buruz ere hitz egin zuen.

    Jarraian jardunaldiaren muina zenaren txanda iritsi zen, hau da, gerturaturiko guztien artean desgaitasuna duten pertsonen laneratze eta gizarteratze prozesuari ekarpenak egiteko ordua iritsi zen. Horretarako mahai ezberdinetan banaturiko dinamikari esker sektorearen erronka nagusi eta funtsezkoak zeintzuk izan litezkeen eztabaidatu zen.

    Azkenik, jardunaldi emankorrari amaiera emateko ondorio nagusien errepasoa egin zen (hemen eskuragarri) eta berriz ere Txema Franco EHLABEko presidenteak hitza hartuz (eta partaideei bertaratzea eskertuz) itxi zen lansaioa.

    Iturria: GEEB