Egilea: editorea

  • Kooperatiben egonkortasun instituzionalaren inguruko jardunaldia, ekainaren 7an

    Kooperatiben egonkortasun instituzionalaren inguruko jardunaldia, ekainaren 7an

    Datorren ekainaren 7an Donostian GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak eta Ekai Center-en artean antolaturiko jardunaldian kooperatiben egonkortasun instituzionalaren inguruan arituko dira.

    Lan kooperatiben inguruko eztabaidak zeresan handia eman izan du, baita bere lurralde ezarpenak ere. Izan ere lan kooperatiba ezberdinen artean diferentzia handiak aurkitzen dira. Gehienak txikiak dira eta ekonomian duten pisua marjinala izan ohi da. Euskal Autonomia Erkidegoko kasu konkretua salbuespena da.

    Eztabaida honi erantzun bat emateko kooperatiben egonkortasun instituzionala giltzarria den aspektua da. Jardunaldian egonkortasun instituzionalean eragiten duten gai ezberdinak jorratuko dira, zeintzuk jadanik Ekai Center-en Working Papers-etan aztertuak izaten ari diren. Ikusi hemen (gazteleraz):

    1._ESTABILIDAD_INSTITUCIONAL_COOPERATIVA.pdf

    12._EL_COSTE_DE_LA_TOMA_DE_DECISIONES.pdf

    15._TOMA_DE_DECISIONES_Y_NUMERO_DE_SOCIOS.pdf

    16.IMPACTO_DE_LA_PARTICIPACION_EN_LA_ACTIVIDAD.pdf

    16._NUMERO_DE_SOCIOS_EN_LAS_SOCIEDADES_DE_CAPITALES.pdf

    16._NUMERO_DE_SOCIOS_Y_EMPRESAS_PERSONALISTAS.pdf

    17._REGULACION_INTERNA.pdf

    18._ASPECTOS_INSTITUCIONALES_DE_LA_ESTABILIZACION_EXTERNA.pdf

    18._ESTABILIZACION_EXTERNA_Y_DEMOCRACIA_COOPERATIVA.pdf

    18._LA_ESTABILIDAD_INST_COMO_RETO_ESTRATEGICO_DEL_COOP.pdf

    18._REGULACION_EXTERNA_DE_LA_ESTABILIZACION_INSTITUCIONAL.pdf

    19._COOP_DE_TRABAJO._UN_MODELO_DE_EXITOS_PUNTUALES.pdf

    20.__EL_SOCIO_PASIVO.pdf

    20.__EL_TRATAMIENTO_DEL_CAPITAL.pdf

    20._LOS_GRUPOS_COOP_COMO_INSTRUMENTO_DE_ESTABILIDAD_INST.pdf

    21.ESTABILIDAD_INSTITUCIONAL_Y_CLASES_DE_COOPERATIVAS.pdf

    22._INTERESES_EMPRESARIALES_Y_POLITICA_ECONOMICA.pdf

    22._CONTRADICCION_DE_INTERESES_Y_REGULACION.pdf

    22._EL_CASO_VASCO.pdf

    22._LAS_ASOCIACIONES_COOP_COMO_INSTRUMENTO_DE_ESTABILIZACION.pdf

    22._LINEAS_DE_ACTUACION._PLANTEAMIENTO.pdf

    22._METODOLOGIA_PARA_EL_TRATAMIENTO_DE_LOS_CONFLICTOS_DE_INTERES.pdf

    24._SALIDA_DE_LA_CRISIS_Y_MODELO_DE_DESARROLLO.pdf

    Iturria: GEEB

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Etxebizitzaren arazoari Gizarte Ekonomiatik erantzunez

    Etxebizitzaren arazoari Gizarte Ekonomiatik erantzunez

    Etxebizitza eta Gizarte Ekonomia ez dira hertsiki loturiko kontzeptuak eta esparruak izan gurean. Etxebizitza, merkatuaren arlo pribatuan edota politika publikoen eremuan kokatu izan dugu tradizionalki, baina gero eta gehiago dira etxebizitza beharrak bestelako era batean betetzeko helburuarekin sorturiko ekimen eta saiakera berritzaileak, gizarte ekonomiarekin erabat loturik.

    Gai honi buruzko hausnarketa sakona egin nahi dugu GEZKI-tik, eta haatik, Etxebizitza Kooperatibei eskainiko zaie ikasturte honetan GEZKI-tik antolatuko den Jardunaldia. Zehatzago, aurtengo Gizarte Ekonomiako GEZKI-ren Jardunaldiak honako izenburua izango du: Etxebizitzaren arazoari Gizarte Ekonomiatik erantzunez / Respuestas desde la economía social a la problemática de la vivienda. Jardunaldi hau ikasturte honetako ekainaren 22an egingo da, Gipuzkoako Kanpusean, Donostiako Joxe Mari Korta eraikinean, hain zuzen ere.

    Bertan zenbait ponentzia aurkeztuko dira, ondorengo gaiak sakonduz: etxebizitzarako eskubidea, nazioarteko etxebizitza kooperatibei buruzko esperientziak (Europako eta Amerikako eredu ohikoak aztertuz, Uruguay kasu), eta Euskal Autonomia Erkidegoan emandako etxebizitza kooperatiben errealitatea. Ondoren bi mahai borobil egingo dira, bata gure inguruan etxebizitza kooperatiba berriei buruzko esperientziak aztergai hartuz, eta bestea politika publikoen erronka eta aukerei buruz hausnarketa egiteko helburuz. Bi mahai inguru hauetan, aipaturiko esparruetan berebiziko ezagutza eta ardura duten aditu, ekintzaile eta politikariek parte hartuko dute, besteak beste, berriki sortzen ari diren esperientzien atzean bultzaka dabiltzan pertsonak, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzaren esparruan eginiko eta egingo diren politika publikoen arduradunak ere.

    Uste dugu biziki interesgarri eta probetxugarria izango den Jardunaldi baten aurrean gaudela, zeinak egun bizi dugun arazo larriaren inguruko gogoeta egiteko eta honen aurrean bai Gizarte Ekonomiari orokorrean bai Etxebizitza Kooperatibei konkretuki irekitzen zaizkien aukerak identifikatzea ahalbidetuko digun.

    Aitziber Etxezarreta Etxarri

    GEZKI kidea

    UPV/EHU-ko irakaslea  

     

  • GIZARTE EKONOMIAREN EUSKAL ALDIZKARIA aldizkarirako artikuluak bidaltzeko deialdia

    GIZARTE EKONOMIAREN EUSKAL ALDIZKARIA aldizkarirako artikuluak bidaltzeko deialdia

    REVES aldizkaria izaera zientifikoa duen argitalpena da, 2004. urtean Euskal Herriko Unibertsitateko GEZKI Gizarte Ekonomiaren eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuaren eskutik jaio zena. Artikuluak bidaltzeko epea maiatzaren 31 da.

    Deialdi honetan bereziki izango dira kontuan etxebizitza-kooperatiben inguruko artikuluak, Gizarte Ekonomia eta Euskal Herriari buruzkoak eta euskaraz idatzitakoak.

    Aldizkariak normalean Gizarte Ekonomia osatzen duten sektore ezberdinei arreta eskaini nahi die, hala nola sozietate kooperatiboak, lan-sozietateak, fundazioak edo mutualutateak, bestelako elkartze-mugimenduak eta bestelako elkartasun-talde moduak ahaztu gabe.

    Paperean eta formatu elektronikoan argitaratzen den aldizkaria da, ISSN eta ISSN digitala dituelarik, eta datu-base ezberdinetan indexatuta dagoelarik (Latindex, ISOC, CIDEC, Dialnet, Dulcinea, Sherpa/Romeo, Ulrich’s, MIAR, ERIH Plus, Worldcat).

    Aldizkariaren inguruko informazio gehiago, hemen.

    Publikazio arauak eta artikuluak bidaltzeko informazioa, hemen.

    Iturria: GEZKI

  • Euskadiko Kooperatiba Legearen erreformari buruzko konferentzia EHUn

    Euskadiko Kooperatiba Legearen erreformari buruzko konferentzia EHUn

    Pasa den apirilaren 12an, Enpresa Zuzenbidearen gai ezberdinen inguruko hitzaldi zikloen bigarren jardunaldia egin zen UPV/EHUko Donostiako Zuzenbide Fakultatean. Oraingoan, Euskadiko Kooperatiba Legearen erreforma izan zen gai nagusia.

    Jardunaldi honetan, Jokin Diazek, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendariak, eta Alfredo Ispizuak, Esko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendari-ohiak, parte hartu zuten. Hitzaldiaren lehenengo zatian, Gizarte Ekonomiaren inguruan aritu ziren, eta Jokin Diazek Europar Parlamentuko Gizarte Ekonomiako Taldean izan zuen partaidetzaren inguruan aritu zen, bertan, sektoreak gure lurraldean duen pisua azpimarratzeaz gain, Euskadiko Gizarte Ekonomiako Planaren aurkezpen orokor bat egin zuen. Bigarren zatian, Alfredo Ispizuak, Euskadiko Kooperatiben legearen aurre-proiektuaren aurkezpena egin zuen; oraingo legearekiko aldaketak eta araudi berriaren helburuak azaldu zituenak.

    Iturria: OVES/GEEB

  • ASLE-k parte-hartze enpresak integratuko ditu

    ASLE-k parte-hartze enpresak integratuko ditu

    Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak (ASLE) hurrengo maiatzaren 11ko Kontseilu Orokorrean, lan sozietateez gain, Euskadiko langileek parte-hartutako enpresak integratuko ditu.

    2015eko Lan Sozietateen legearen modifikazioaren ondoren, ASLEk bere estatutuak aldatu behar izan zituen, forma juridikoa kontutan hartu gabe, sozietatearen kapitalean edota emaitzetan langileek parte hartzea onartzen duten enpresak barne hartu ahal izateko.

    ASLEren aldarrikapenetako bat izan zen parte-hartze enpresen integrazioa Lan Sozietateen Legean, Elkarteko gerente den Josetxo Hernandezek gogorarazi duen moduan, eta nota batean azaldu duenez “lan sozietateak parte-hartze enpresen artean nagusiena dira”.

    ASLEtik adierazi dutenez, langileen parte-hartzea sustatzen duten Euskadiko 80 enpresa ingururekin kontaktuan jarri dira Elkartean barneratu daitezen.

    Iturria: EFE Agentzia

  • Gizarte Ekonomiako proiektu berriak sustatzeko Gizarte Ekintzailetza Kongresua egin dute Iruñean

    Gizarte Ekonomiako proiektu berriak sustatzeko Gizarte Ekintzailetza Kongresua egin dute Iruñean

    Kongresua Iruñako Udaletxeak eta CEIN (Centro Europeo de Empresas e Innovación de Navarra) arteko elkarlanari esker egin zen eta apirilaren 24 eta 26 bitartean eraman zen aurrera Nafarroako hiriburuan. Kongresu hau “Pamplona Emprende” proiektuaren barruan kokatzen da.

    Proiektuak kooperatibagintza eta gizarte ekonomiako arloan ekintzailetza sustatzeko helburua du, gizarte parte hartzaileago eta bateratuago bat lortzeko duen potentzialtasuna duen sektore dela kontuan hartuz.

    Proiektuaren lehen ekintzarekin, hau da, kongresuarekin, gizarte ekonomiak eskaintzen dituen aukera eta erronken inguruko ikuspegi orokor jaso zuten bertaraturikoek, gaian erreferenteak diren erakundeen eskutik.

    Erakunde eta parte hartzaile horien artean unibertsitateetako institutuak aritu ziren (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko GEZKI Institutua eta LANKI Kooperatibismoaren Ikertegia), Ekonomia Sozial eta Solidarioko Elkarteak (ANEL Nafarroako Gizarte Ekonomiako enpresen elkartea eta REAS Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea), baita gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioko esperientzia konkretuak ere (Ernaizu, KoopFabrika, Gure Sustraiak, Uztaldi, Denendako, Fiare, Energia Gara eta Mugitu Aventura).

    Proiektuaren bigarren ekintza abuztuaren 31 eta abenduaren 21 bitartean izango da, 14 saiotan banaturik. Doakoa izango da, baina plaza mugatuak direnez izen ematea beharrezkoa da, Iruñako Udaletxe edo CEINen web orrien bitartez, ekainaren 22 bitartean.

    Iturria: CEIN

  • KONFEKOOP SPRI-n sartu da

    KONFEKOOP SPRI-n sartu da

    KONFEKOOP, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Eusko Jaurlaritzaren enpresa garapenerako agentzia den SPRI-ren Administrazio Kontseiluan sartu da.

    Ordezkaritza hau KONFEKOOP erakunde eta estruktura ezberdinetan kooperatiben presentzia bermatzeko aurrera daraman lan ildoan barneratzen da. Barneratze honekin, gainera, kooperatibagintzak Euskal Autonomia Erkidegoko ehun ekonomiko eta sozialean duen ekarpen eta garrantzia aitortzen da.

    Iturria: TuLankide

  • Euskadiko Gizarte Ekonomia Europako Ekonomia eta Gizarte Lan Taldean

    Euskadiko Gizarte Ekonomia Europako Ekonomia eta Gizarte Lan Taldean

    Gizarte Ekonomiaren Zuzendari Jokin Diazek Bruselan parte hartu zuen apirilaren 11n Europako Gizarte Ekonomiarako eskualde-politikei buruzko mahai-inguru batean, “Politika publikoen belaunaldi berri bat Gizarte Ekonomiaren alde” izenburupean.

    Ekitaldia, Social Economy Europe erakundeak antolatua Gizarte Ekonomiaren aldeko Hirien eta Eskualdeen Europako Sarearekin lankidetzan, Europako Ekonomia eta Gizarte Lan-taldearen egoitzan garatu zen. Europako Parlamentuko Talde artekoaren ordezkariak ere izan ziren bertan, baita Gizarte Ekonomiari buruzko Europako Batzordeko Lan Taldekoak ere.

    Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiaren Zuzendari Jokin Diazek Euskadiko gizarte-ekonomiak duen garrantzia nabarmendu zuen “munduko erreferente gisa elkarlanaren kooperatibismoan, kontuan izanik eredu horri jarraitzen dioten enpresen kopurua sektorearen % 66 dela, Europako portzentajea % 19 den bitartean.Sorrarazten duen enpleguaren bolumena % 59koa da; Europan, berriz, % 26koa”.Bestalde, Jokin Diazek gizarte-ekonomiak eraldatzeko duen gaitasuna gogora ekarri zuen, eta baita egiten dion ekarpena ere Europa iraunkor, integratu eta kohesionatu baten eraikuntzari.

    Mahai-inguruan, Jokin Diazekin batera esku hartu zuten Europako Batzordeko Gizarte Ekonomia eta Ekintzailetza arloko arduradun Ulla Engelmann-ek, Murtziako lehendakari Fernando López Mirasek, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Manu Ayerdik, eta  Bengt Storbacka, Örebro-ko (Suedia) eskualdeko ordezkariak.

    Iturria: Irekia

  • UPV/EHUko XXXVII. Uda Ikastaroen matrikula epea irekita

    UPV/EHUko XXXVII. Uda Ikastaroen matrikula epea irekita

    UPV/EHUko Uda Ikastaroek 191 proposamen biltzen dituzte, maiatzaren 28tik urriaren 27ra bitarte garatuko direnak, eta proposamen horietako askok 2018ko gizartearen zeharkako eztabaida egiazkoei erantzuten diete. Hainbat gai jorratuko dira ikastaroetan: gizartearen zahartzea; emakumeek emakume izate hutsagatik gainditu behar dituzten oztopoak; gizarteko delinkuentzia modu berriak; gizarteko aurrerapenak gure bizitza modu osasuntsu eta duinean luzatzeko, edo, paradoxikoki, suizidioaren fenomenoa; giza arrastoaren eraginak gure planetan; hezkuntzaren eta sozializazioaren arloko modu berriak, edo asaldatzen gaituzten gatazka politikoak. Zeharkako sei ziklo izango dira: XXI. mendeko hezkuntza; jasangarritasunaren balioa; kultura demokratikoa; demografia eta zahartzea; genero ikuspegia, eta nazioarteko nahiz Europako hedadura.

    Edizio honetan, Gizarte Ekonomia eta Solidarioaren eremuko hainbat ikastaro eskainiko dira, horien artean, kooperatiben erregulazioaren erronkak landuko dituena, bertan parte hartuko duelarik GEZKIko kide den Itziar Villafañez irakasleak.

    Publikoari irekitako 13 jarduera izango dira, eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, Kirmen Uribek, Emilio Calatayud epaileak, Planeta saria jaso duen Javier Sierrak, Juan Velázquez idazleak edo Begoña Ibarrolak.

    Informazio gehiago

    Iturria: UPV/EHU