Egilea: editorea

  • CEPESek kontratazio publiko arduratsuaren lehenengo gida argitaratu du, Sektore Publikoko Kontratuen Lege berrira egokitzen dena

    CEPESek kontratazio publiko arduratsuaren lehenengo gida argitaratu du, Sektore Publikoko Kontratuen Lege berrira egokitzen dena

    CEPESek Gizarte Ekonomiako enpresa eta erakundeen kontratazio publikoa sustatzeko lehenengo gida argitaratu berri du, martxoan indarrean sartu zen Sektore Publikoko Lege berriaren ildo nagusiak jarraituz landu dutena. Gida ikuspuntu praktiko eta zuzen batekin egin dute. Marko juridiko berriak eskaintzen dituen aukeren analisi bat barneratzeaz gain, lizitazioen inguruko ohiko zalantzak argitzen ditu. Gainera,  kontratazio publikoko pliegoetan sartu daitezkeen klausula eredu ezberdinak proposatzen ditu.

    Gida kontsultatu hemen

    Iturria: CEPES

  • Ba al zenekien…

    Ba al zenekien…

    … azken urtean ia 4.000 pertsonatan igo dela Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatibetan lan egiten duen langile kopurua? Eta lan sozietateetako langile kopuruak ere gora egin duela? Eta guztira bi entitateotan 68.648 langile zeudela 2018 urte hasieran?

    Kooperatibak

    Kooperatibetan emandako langile kopuruaren gorakada, ezbairik gabe, historikoa da, datuei erreparatuz (ikus serie historikoa) inoiz erregistraturiko igoera ezagutu baitu. Zehatz mehatz 3.901 langile gehiagok dihardute 2018 urte hasieran, hau da, aurreko urtean baino %6,75 gehiago, espainiar estatuko Lan eta Gizarte Segurantzako ministeritzak argitaratzen dituen datuei jarraituz.

    Igoera nagusia Gipuzkoako Lurralde Historikoan eman da, bai zifra absolutu zein erlatiboari dagokionez. Bertan, %9,4ko igoera eman da (2.853 langile gehiago) aurreko urtearekin alderatuz. Bizkaian igoera erlatiboa %3,5ekoa izan da (856 langile gehiago) eta 25.000 langile izateko gutxi falta zaio ehun kooperatiboari lurralde honetan. Azkenik, Araban kopuru absolutuaren igoera txikiena izan bada ere (192 langilekoa), erlatiboki %5,7ko igoera aipagarria aurkezten du eta, lehen aldiz, kooperatibetako langileak 3.500 baino gehiago izatera iritsi dira.

    Lan sozietateak

    Lan sozietateek azken urteetako joerari eutsi diote eta azken urtean ere langile kopuruaren gorakada ezagutu dute entitateok, %0,8koa hain zuzen ere (56 langile gehiago). Igoera hau, beste behin, lan sozietate mugatuek izandako bilakaera positiboari esker eman da (140 langile gehiago daude aurreko urtearekin alderatuz), anonimoek izandako beherakada esanguratsuari (84 langile gutxiago) aurre egiteko gai izan delarik.

    Lurralde Historikoka, Gipuzkoa izan da enplegu igoera nabarmenena izan duena. Lan sozietate mugatu eta anonimoak, biak batera, kontuan hartuta, %2,4ko igoera ezagutu du enpleguak lurralde honetan, Bizkaian egonkor mantendu da (%0,1 baino gutxiagoko igoerarekin) zifra eta Arabako Lurralde Historikoan, aldiz, zertxobait behera egin du (-%0,8an).

    Datuak laburbiltzen dituen infografia.

    Kooperatiben datuen serie historikoa.

    Lan sozietateen datuen serie historikoa.

    Iturria: GEEB

  • Eusko Jaurlaritzak aurrera egin du egoerarik txarrenean daudenen gizarteratzea bultzatzeko kontratazio publikoan klausula sozialak txertatzeko prozesuan

    Eusko Jaurlaritzak aurrera egin du egoerarik txarrenean daudenen gizarteratzea bultzatzeko kontratazio publikoan klausula sozialak txertatzeko prozesuan

    Gobernu Kontseiluak gizarte-ekimeneko Enplegu Zentro Berezietara eta laneratze-enpresetara bideratutako kontratuen erreserba-ehuneko bat finkatzea onartu zuen pasa den martxoaren 13an. Erabaki horren bidez, Eusko Jaurlaritzak aurrera egin du egoerarik txarrenean daudenen gizarteratzea bultzatzeko kontratazio publikoan klausula sozialak txertatzeko prozesuan. 

    Horren arabera, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Lege berriaren VI. eranskinean jasotako kategoria ekonomikoen oinarrizko lizitazio-zenbatekoen % 5 –gutxienez– erreserbatutako kontratu gisa izapidetu beharko ditu sektore publikoko kontratazio-organo bakoitzak. 

    Zehazki, neurriari jarraikiz lizitazio bidez kontrata daitezkeen jarduera ekonomikoen kategoriek honako zerbitzu hauek hartzen dituzte eraginpean: garbiketa, garraioa, baso-zerbitzua, ostalaritza, inprimaketa, gizarte-zerbitzuak, biltegiratzea, administrazio-lanak, kudeaketa eta lan osagarriak, posta eta publizitatea, mantentzea eta konponketa eta abar. 

    Erreferentziazko zenbatekoa aribideko urtekoa izango da beti, 2018. urtean izan ezik; kasu horretan, Legea indarrean sartzen denetik abenduaren 31ra artekoa izango da soilik. 

    Aurretiaz izapidetutako kontratuen zenbatekoak ez dira zenbatuko kontratuak gauzatzen hasten diren urterako, izapidetzen hasten diren urterako baizik. 

    Arrazoiren batengatik erreserba-ehunekoa % 5era iristen ez bada, lizitatutako zenbatekoak, erreserbatutako zenbatekoak eta erreserba-ehunekora iritsi ez izanaren arrazoia jasoko dituen memoria batean justifikatu beharko da.

    Iturria: Irekia

  • Zarautzen inauguratu dute KL Katealegaiako tailer berria

    Zarautzen inauguratu dute KL Katealegaiako tailer berria

    Zarautzen lana ematen die desgaitasuna duten eta gizarte bazterkeriako arriskuan dauden 50 pertsonari

    Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua KL Katealegaiaren Zarauzko lantegi berrian izan ziren pasa den martxoaren 26an. 2.800 m2 ditu, eta lana ematen die desgaitasuna duten eta gizarte bazterkeria arriskuan dauden 50 pertsonari. Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, KL Katealegaiaren Zarauzko lantegi berria -2.800.000 euroko inbertsioa-, zeinetan 500.000 euroko ekarpena baititu Foru Aldundiak, «lan baldintzak hobetzen ditu» eta enpresa «are malguago eta lehiakorragoa» egiten du. Horrela, Araba kaleko instalazioetan espazio faltagatik martxan jarri ezin ziren proiektu industrial berriei ekiteko aukera dago orain».

    “Foru Aldundian ekarpen hori egin dugu KL Katealegaiaren lantegi berrirako, uste dugulako enplegua ezinbesteko elementua dela desgaitasuna duten pertsonak gizarteratu daitezen”, gaineratu zuen Olanok, bisitan ere ondoan izan zuen Pablo Núñez, KL Katealegaiako zuzendaria, Xabier Txurruka, Zarauzko alkatea, Javier Dominguez, ONCE Euskadiren Lurralde-presidentea, eta Marta Etxeberria, Lanbideko lan aktibazioa zuzendaria.

    KL Katealegaiak, Aukerability proiektuaren barruan -Europako Gizarte Funtsaren (% 50) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren (% 25, 4 urtetan) artean finantzatuta- jarraitu egiten dute tresnak garatzen, desgaitasunen bat eta "narriadura ebolutiboaren edo zahartze goiztiarraren" zantzuak dituzten pertsonak "identifikatzeko". Horren harira, Foru Aldundia, Aukerability-ren bitartez, Katealegaiarekin ere lankidetzan ari da beste bi eremu hauetan: merkatuen zabaltzea eta metodologiaren hobekuntza balio-aniztasunen garapenean.

    Iturria: gipuzkoa.eus

     

  • Jean-Michel Larrasquet zendu da, euskaltzale, gizarte ekonomian aditu eta ekintzailea

    Jean-Michel Larrasquet zendu da, euskaltzale, gizarte ekonomian aditu eta ekintzailea

    Hainbat eta hainbat mugimenduetan ariturikoa, Parisen jaiotako Lapurtarrak Gizarte Ekonomiako eta Zuzenbide Kooperatiboko GEZKI Institutuarekin ere egin zituen lankidetzak, hala nola 2016 ea 2017 urteetan Gizarte Ekonomiaren inguruan antolaturiko bi jardunaldietan. Ekonomiaren lurraldearekiko atxikitasunaren garrantzia eta beharra azpimarratzen zuen beti irakasle-ikertzaileak.

    2016an GEZKI-k Donostiako Zuzenbide Fakultateko paraninfoan “Kreditu kooperatiba eta aurrezki kutxen papera Europan” izenburupeko europar jardunaldia egin zen eta bertan Pau-ko Unibertsitateko Katedradunak parte hartu zuen, Iparraldeko aurrezki kutxen berezitasunak azaleratu zituelarik. Azken urteetako lanean murgildurik zegoen ekimen interesgarriez ere aritu zen, hala nola proiektuen finantzazioa lortzeko gizartetik sorturiko “Eticoop” (zeinaren sortzaileetako bat izan zen) edo “Herrikoa” proiektuak.

    2017 urtean antolaturiko “Gizarte Ekonomiaren errealitatea Euroeskualdean: mugaz gaindiko begirada” jardunaldian ere parte hartze esanguratsua izan zuen, Gizarte Ekonomiaren alorrean Ipar Euskal Herriko politika publikoen egoeraren argazkia eskainiz, baita sektorearen aldeko politiken inguruko mahai inguruan parte hartu ere. Zentzu honetan, Iparraldean berriki martxan den Euskal Elkargoaren (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa batu dituen instituzioa) pontentzialitateez ohartarazi zuen.

    Iturria: GEEB

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • 2018 urteko Master astea

    2018 urteko Master astea

    2018 urteko Master astea

    Pasa den martxoaren 15, 16 eta 17an Master Astea burutu zuen UPV/EHUko Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko campusetan, egitarau eta jarduera berdintsuekin.

    Hilaren 16an Donostiako Carlos Santamaría zentroan egin zen ekitaldia. Arratsaldeko 15:30ean hasi zen eta 17:15etan Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko GEZKI Institutuak antolatzen duen Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterraren aurkezpena egin zen, bertaraturikoentzat interesgarria izan zena.

    Gogoratu aurki 2018 – 2019 ikasturterako aurre matrikula egiteko epea irekiko dela.

    Iturria: GEEB

  • Banca Etica-k 19 urte betetzen ditu

    Banca Etica-k 19 urte betetzen ditu

    Banca Etica-k 19 urte betetzen ditu

    Badira jadanik 19 urte Italian Banca Etica-ko lehen bulegoa ireki zela. “2019ko hogeigarren urteurrenera eramango gaituen «trantsizioko» urteurrena izango dugularik”, Ugo Biggeri presidentearen hitzetan.

    Entitateko Administrazio Kontseiluak hausnarketa prozesu bat abiatu nahi du, eginiko ibilbidearen, gaur egungo finantza etikoen egoeraren eta aurre egin zaien zein ezin izan zaien erronkei buruzkoa.

    Honela, hurrengo urteurrena bitarte finantza etikoen etorkizunari buruz hausnartu nahi da, datozen belaunaldiek “proiektu kooperatiboa ikus eta sentitu dezaten”.

    Prozesu hau datorren maiatzaren 12an egingo den Bazkideen Asanbladan jarriko da abian.

    Iturria: Fiare Banca Etica

  • Geltoki proiektuak ekonomia solidarioa eta alternatiboa gerturatuko die Nafarroako herritar guztiei

    Geltoki proiektuak ekonomia solidarioa eta alternatiboa gerturatuko die Nafarroako herritar guztiei

    Martxoaren 6an, Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak autobus geltoki zaharreko beheko solairuko zati baten kudeaketa eta ustiapena adjudikatu ondoren, aurrera doa Geltoki proiektuaren bidaia; duela zazpi urte hasitako proiektua da, REASen parte hartzen duten erakunde batzuen ekimenez, ekonomia solidarioa Iruñeko eta Nafarroa osoko herritarrei ezagutzera emateko asmoarekin.

    Proiektuan parte hartzen dute hurrengo erakundeek: Nafarroako Ekonomia Alternatiboa eta Solidarioaren Sarea (REAS), Traperos de Emaus Fundazioa, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (CPAEN- NNPEK), Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna Nafarroa (EHNE Nafarroa) eta Nafarroako Elikagai Artisauen Elkarteak osatzen dute Geltoki Iruña elkartea.

    Bidaia honetan, autobus geltokiko txarteldegi zaharrak eta kafetegia eraldatu, eta bertan Ekonomia Solidarioa ezagutzera emateko gune bat sortzearen aldeko apustua egin dute, gaur egun Ekonomia Solidarioa osatzen duten errealitate sozial eta kulturalak ikustarazteko toki bat. Gutxi batzuen onurarako baizik ez den ekonomiaren alternatiba gisa, kontsumoan eta baliabide naturalen esplotazioan oinarriturik dagoen ekonomia ereduari aurre egiteko, Ekonomia Solidarioa bultzatu nahi dute pertsonak, haien hazkuntza, integrazioa eta garapena lehenesten dituen ekonomia eredu jasangarria, mundu hobeago bat garatzeko tresna izanen dena.

    Hiriko gune kuttun bat berreskuratu nahi dute, herritar guztiek gogoan dutena, eta noizbait erabili izan dutena. Esanahi berezia du geltokiak, munduarekin lotzen eta herriekin batzen zituelako. Agurtzeko eta harrera egiteko gunea. Nafarroa osoko pertsona askoren helmuga, geltoki eta irteera. Eta gune honek esanahi horri eustea nahi dute.

    Geltoki proiektuak bizirik dagoen geltoki bat izan nahi du, gertuko bidaiez gozatuko duten espazio bat, errealitate bihurtutako ametsak eta amets izan gabe bizitzaren parte diren errealitateak bilduko dituen toki bat.

    Duela zazpi urte, Iruñeko udal talde sozialistak egindako proposamenarekin, autobus geltoki zaharrean mota honetako proiektu bat martxan jartzeko mozioa onartu zen. Urte hauetan ez dute etsi eta lanean jarraitu dute mozio hura egia izan zedin. Eta legealdi honetan Udal Gobernua osatzen duten taldeek proiektu honen aldeko apostu sendoa egin dute.

    Lehenik eta behin Ekonomia Solidarioaren Forotik bultzatu zen ekimena, ondoren berritze lanak etorri ziren eta azkenik lizitazioaren deialdia. Prozesu honi esker, aurreko astean Iruñeko Udaleko Gobernuko Batzordea autobus geltoki zaharraren ustiapena eta kudeaketa Geltoki Iruña elkarteari emateak onartu zuen. Hauen txanda da orain, gunea ireki eta mota guztietako ekimen alternatiboetarako elkargune bihurtuz.

    Iturria: REAS

  • Gizarte Ekonomia eta Solidarioa aldarrikatzailea ere Emakumearen Nazioarteko Egunean

    Gizarte Ekonomia eta Solidarioa aldarrikatzailea ere Emakumearen Nazioarteko Egunean

    Gizarte Ekonomia eta Solidarioko familia guztietako erakunde ordezkatzaileek parte hartu zuten, martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean. Hainbat ekimen sortu zituzten eremu ezberdinetan ematen diren ezberdintasunak salatzeko.

    Berdintasuna eskubide bat da eta eraginkorra izan dadin beharrezkoa izango da guztiok elkarrekin lan egitea. Gaur egungo erronka garrantzitsuenei aurre egiteko aukera paregabea da, horien artean, krisi ekonomikoa, pobreziaren feminizazioa, aldaketa klimatikoa, emakumeen aurkako indarkeria eta soldaten arteko ezberdintasunak.

    Hirugarren Sektoreko Plataformaren ustetan “emakumeen eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak emakume askoren bizitza hipotekatzen duten oztopoa izateaz gain, barneratzaileak, osoak, berdinzaleak eta duinak diren gizarteen garapena eragozten dute”.

    Emakumeek diskriminazio ugari sufritzen dituzte lan-bizitzan zehar: soldatak, lan-baldintzak, erantzunkidetasuna, igoera oztopoak, kristalezko sabaia, eta behin lan bizitza bukatuta, ezberdintasunak bizitzako beste eremutan jarraitzen dute.

    Oso garrantzitsua da Nazioarteko Egun hau nabarmentzea, “bultzada akzio bihurtzeko eta emakumeak eremu guztietan ahalduntzeko aukera ematen baitigu, gainera, emakumeen eskubideak atsedenik gabe defendatzen dituzten aktibistak omentzeko abagune ezin hobea bihurtu da.

    Iturria: CIRIEC