Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.
Egilea: editorea
-

Fiare Banca Etica eta REAS Sareen Sareak lankidetza akordioa sinatu dute
Pasa den abenduaren 15ean sinatu zuten eta dokumentuan jasotzen diren artikulazioei esker bien arteko lankidetza hobetzea espero dute, baterako proiektuak areagotzearekin batera. Italiako ikerketa baten arabera, finantza etikoek Europako BPGaren %5a suposatzen dute.
Bi entitateon arduradunek nabarmendu zutenez sinatzerakoan, FIARE eta REASek ekonomia eraldaketarako gune bezala ulertzen dutela baieztatu zuten, balore jakin batzuk partekatzen dituztelarik: transparentzia, iraunkortasuna eta gizarte konpromezua pertsonak ardatz hartuta.
Carlos Askunzeren hitzetan (REAS Sareen Sareko presidentea), akordioak errealitate bat dena islatzen du, izan ere “ekonomia solidarioko sareak eta berau integratzen duten pertsonek bere dute FIARE sareko kide izan dela betidanik”.
Firma honi esker, REASeko proiektu eta erakundeek finantza zerbitzu egonkorrerako bidea erraztua ikusiko dute, baina batez ere proiektuok integratzen dituzten pertsonentzat izango direla hobekuntzak.
Juan Garibik (Espainia Areako arduraduna) FIAREk azken urteotan izan duen hazkundea nabarmendu zuen, zeina “ezin den ulertu ekonomia solidarioak gure lurraldeetan izan duen hedatzea kontuan hartu gabe”.
Finantza etikoek Europako BPGaren %5 suposatzen dute
Europa mailako finantza etiko eta iraunkorren inguruko lehenengo ikerketa burutu du “Fondazione Finanza Etica” erakundeak (hemen eskuragarri italieraz).
Europa mailako finantza etiko eta iraunkorren inguruko lehenengo ikerketan jasotako aktibitate guztiek 715.000 milioi euro suposatzen dute, Europar Batasuneko BPGaren ia %5, hain zuzen ere.
Iturria: REAS Euskadi, Fiare Banca Etica
-

Alternaktiba azoka, ekonomia sozial eta eraldatzailea bultzatuz
Pasa den azaroaren 26an Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen azoka izan zen Hernanin, bertan, ekonomia beste era batera ulertzen duten ekintzaile, kooperatiba eta erakundeak egon ziren, hauen artean, Alai-Ondo diseinatzaileak, Banaiz Bagara, Batura, Bizi-on, FIARE, GEZKI (EHU), Goiener, Kalaka komunikazio parekidea, Koop57, Labore kontsumo kooperatiba, Lanki (MU), Latxe baratza-elkartea, Olatukoop, REAS, TaPuntu, Uztarri eta Ximaur pila, besteak beste.
Hauetako batzuek ekintzaileentzat bideratutako Kooperatzen programan garatu zuten beren ideia. Datorren urtera begira, eskualde mailako ekintzailetza programa burutuko dela-eta, azokan bertan programaren inguruan informatzeko aukera egon zen.
Horretaz gain, proiektu hauek gertuagotik ezagutzeko mikrofono aurrean aurkeztu zituzten eta gero, beren postuetan azalpen edo zalantzak argitzeko tartea izan zuten bertaratutakoek.
Giro politean, ekonomia alternatibak aurkeztuz, elkarren sinergiak bultzatzeko eta ezagutzeko aukera izan zen. Hau dela eta, buruan euren enpresa sortzeko ideia duten herritarrak gerturatu ziren.
Iturria: Txintxarri
-

Elikadura burujabetzaren bueltako banaketa arloko esperientzien ugaritzea
Leku ezberdinetan azkenaldian sortzen ari diren esperientziek elikadura burujabetza eta tokian tokiko produktu ekologikoen aldeko mugimendua geroz eta gehiago zabaltzen ari dira.
Urteak eta urteak daramaten esperientzia ezberdinak ahaztu gabe, azkenaldian hainbat tokitan elikadura burujabetza eta tokian tokiko produktu ekologikoen garrantzia azpimarratzen, jorratzen eta bultzatzen dituzten ekimenak hedatzen ari dira.
Batetik, abenduaren hasieran ireki zituen ateak Labore Bilbo proiektua aipa genezake, zeina saltoki itxura duen kontsumo elkartea bezala laburtu daitekeen, hainbat ezaugarri interesgarrirekin. Helburua, bertako elikagai osasungarriak prezio herrikoietan saldu eta erosi ahal izatea da, hurbileko produktuen alde eginez eta ekoizle zein kontsumitzaileentzat onuragarriak eta justuak izango diren harremanak sustatuz. Zentzu horretan, hiru zutaberen baitan mugitzen da proiektua: bertokoa, agroekologikoa eta soziala eta bazkideen artean egina eta eraikia izanik, modu demokratikoan antolatzen den proiektua da. Kolektibo bakoitzarentzat onura zehatzak bermatzea du helburu, hala nola: Kontsumitzaileei kalitatezko produktuak prezio herrikoietan eskuragarri izatea, nekazariei tratu duina eta prezio justua bere lanaren truke eta langileentzat lan baldintza duinak.
Bestetik, Otsokop proiektua dago, aurrekoaren oso antzekoa eta Angelun kokaturiko supermerkatua ireki berri duena. Kasu honetan ere, hiru dira esperientzia honen oinarrian dauden elementu giltzarriak: bertako produktuak bilduko dituen espazio fisikoa; kooperatiboa, kontsumitzaileak izango direlarik bazkideak eta proiektuaren erabaki estrategikoak hartuko dituztelarik asanbladan; eta parte hartzailea, izan ere kooperatibako bazkide bakoitzak bere denbora eskainiko dute kooperatibaren funtzionamendua ahalbidetzeko, soldatapeko langile ahalik eta gutxien izateko eta proiektuaren izaera parte-hartzailea bermatzeko. Erosketetan sinergiak lortzea, bitartekariak ahalik eta gehien murriztea eta bolondresen parte hartze altuarekin soldatapeko langile gutxi izatea da proiektuaren muina.
Azkenik, Azpeitian kokatzen den Elikagunea proiektu kooperatiboa dugu, zeinak elikagaiak sustatuz eta kontsumo eredua eraldatuz, lehen sektorea indartu nahi duen. Urtarrilean irekitzekoa den “supermerkatu” honetan, Azpeitia zentro bezala hartuta 150 km-ren bueltan ekoizten diren elikagaiak soilik bilduko dituen gune bat da, baina gainera heziketa gunea, dastaketa gunea, sukaldea, Basque Label harategia eta janari dendak osatua.
Proiektu bakoitzaren informazio gehigarria eskuratzeko egin klik:
Iturria: Labore, Otsokop, Elikagunea
-

Artolazabal: “Peñascalek enplegurako prestakuntza- eta inklusio-lan berritzailea egin du”
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “Peñascal kooperatibak lan-prestakuntzaren eta -inklusioaren arloan egiten duen lana eredu berritzailea da gazteen enplegua sustatzeko”. Artolazabalek, Peñascal kooperatibaren egoitza bisitatu zuen (antzinako Fundazioa), Bilbon; bertan, zortzi prestakuntza-zentro batzen dira, 14 urtetik aurrerako gazteen lan- eta gizarte-inklusioaren inguruan.
Peñascalen arduradunek Artolazabal sailburuari azaldu ziotenaren arabera, “hemen hezkuntza-, enplegu- eta gizarte-sistemak nahasten dira, pertsona baten ibilbidean. Laneratzeko eta gizarteratzeko eredua hemen tailerretan eta beste ekimen batzuetan, dagozkien zentroekin elkarlanean, metodologia dinamikoen bidez DBH gainditzen duten 14 eta 16 urte bitarteko pertsonekin hasten da”.
“16 eta 21 urte bitartekoentzat, Enplegurako Prestakuntza egiten da, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programekin. Horietan, 700 ikaslek parte hartzen dute, eta profesionaltasun-egiaztagiriak ematen dira. 21 urtetik gorakoek enpleguko eta bizitzan zeharreko ikaskuntzako ikasketak egiten dituzte prestakuntza dualean, laneratzean eta laneratzeko enpresan. Lanbidean prestatzeaz ez ezik, zenbait balio eta gaitasunetan ere prestatzen dira, besteak beste, taldeko lanean, elkartasunean, ekimenean eta abar”, esan zioten Peñascaleko arduradunek Artolazabal sailburuari.
Sailburuak Peñascalek Bilbon izen bereko auzoan dituen sukaldaritzako, elikagaigintzako, ostalaritzako, zurgintzako, iturgintzako, elektrizitateko, modako eta metaleko prestakuntza-atalak bisitatu zituen. Peñascalek kudeatzen dituen zortzi prestakuntza-zentroak Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan daude.
Beatriz Artolazabalekin batera, topaketan Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak, Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak eta Juan Ibarreche Lanbideko prestakuntza-zuzendariak parte hartu zuten, bai eta Juan Manuel Cano Peñascaleko presidenteak, David Tellería koordinatzaile nagusiak eta Santiago Membibre laneratzeko enpresen koordinatzaileak ere.
Iturria: Irekia
-

Iritzia: Ekonomia eredu jasangarri berriak Europan
Lerro labur batzuk Europako Gizarte eta Ekonomia Batzordeak (CESE), urriaren 18ko ohiko bilkuran, botoen gehiengoarekin onartutako ekonomia eredu jasangarri berriei buruzko SC/048 Irizpenaren edukia azaltzeko. Irizpenean onartzen da “erauzi, ekoiztu, eduki eta baztertu” sekuentzian oinarritzen den ekonomia eredu europarra, ohiko merkatuarekin batera, kolokan dagoela. Ondorioz, eredu berriak garatzen ari dira, pertsona ekoizle, banatzaile eta kontsumitzaileen arteko harremanak aldatzeaz gain, garapen iraunkorrerako erabakigarriak diren erronkei aurre egiten saiatzen dira, hala nola, justizia soziala, parte-hartze gobernantza eta baliabide eta natura kapitalaren kontserbazioa; beraz, gizarte ekonomia eta solidarioarentzat oso ezagunak diren erronkak.
Irizpenaren arabera, ekonomia eredu berri hauek indartzea Europar Batasunarentzat “ekonomia eredu berritzaileen lidergoa eskuratzeko aukera suposatzen du, oparotasun ekonomikoa, kalitatezko gizarte babesa eta ingurumen jasangarritasuna bezalako kontzeptuak banaezinak bihurtzen dituzten ereduak, hain zuzen”. Gai honetan Europar Batasunak anbizio handiko erabakiak hartu beharko ditu, europar ekonomia eredu berrietan aurrera egin ahal izateko.
Ekonomia jasangarriaren gaietan koordinazioa bermatzeko helburuarekin, Europar Batasuneko botere publikoei zuzendutako hamar proposamen azaltzen dira onartutako dokumentuan. Ikerketa, berrikuntza arduratsua, hezkuntza, formazioa eta informazioa babestu eta sendotzea, interesa duten aldeek ekonomia eredu berriak eta finantziazio jasangarriak jokatzen duten papera ezagutu dezaten. Modu orokor batean, Europar Batasunak esparru politiko, fiscal eta arauegile egoki bat ezarri beharko du, eredu jasangarri berriak babesteko eta finantza sektorearen funtzionamendua birplanteatzeko helburuarekin. Modu honetan, maila mikro eta makroekonomiko batean txertatu daitezen ingurumenarekin, gizartearekin eta gobernantzarekin harremana duten erronkak.
Egungo eredu ekonomikoaren eta bestelako ekonomia antolaketa berritzaileen arteko lehiaren aurrean aurkitzen gara – ekonomia zirkularra, ekonomia funtzionala, partekaturiko ekonomia, ondasun komunaren ekonomia, finantza arduratsuak – gizarte ekonomia gobernantza eta gizarte zein ekologiaren erronkei erantzuna emateko lehentasuna beregan hartzen duen enpresa eredu bezala sendotzen ari dela ikusten dugun bitartean. Jasangarritasunaren kontzeptua ekonomiaren modernizatzearen (eta bere ardura politikoen artean) funtsezko osagai bezala bilakatzea lortzen bada, “Europar Batasunak Estatuak proiektu bateratzaile baten baitan mobilizatuko ditu, proiektu europarrak berriro ere pertsonei lehentasuna ematen ahaleginduz”.
Hala ere, ekonomia antolaketa berri hauek ez dira jaio berriak eta jadanik izan dituzte laguntzak europar mailan (Estatu kideetako agintari politikoen aldetik jasotako edo jaso gabeko arretaz kanpo), 288 eta 356 amaierako Komunikazioak (2016) eta 2016 eta 2017ko CESE-ren hainbat Irizpen, esaterako. Ekimen hauek bidea irekitzen ari dira eta ekintzen lehenengo balantze bat egitea ahalbidetuko dute, antolaketa ekonomiko berri hauek bultzatzen dituzten enpresen praktika onak eta esperientziak garatzen doazen bitartean sareen bitartez (pribatu zein publikoak).
Ohar labur honi amaiera emateko, eta Irizpenari jarraituz bere ondorioetan, “ekonomia antolaketa jasangarri berri hauek soilik garatuko dira enpresa eta enpresariak ziur badaude planteamendu honek Europar Batasun mailan 2030 edo 2050etik aurrera zentzua izango duela”.
Hortaz Irizpenak honakoa gomendatzen du:
– Jasangarritasuna irizpide transbertsal bezala kontsideratzea eta hortaz maila politikoan afera hau deskonpartizatzea, Europako ekonomia modernizatze aldera.
– Ingurugiro zein gizarte esternalizazioak logika ekonomikoan integratzea, Estatu kideei ekologia fiskalitatea barneratzea bultzaraziz eta diru laguntza anti-ekologikoei amaiera jarriz.
– Kontsumo eta ekoizpen jasangarriarentzat onuragarri izango den marko normatiboa garatzea.
– Finantza sektorearen funtzionamenduaren inguruan hausnarketa egitea beharrezkoa da, jasangarritasuna lortze aldera eta ingurugiro eta gizartearen inguruko auziak inbertsio erabaki eta arriskuaren kontzeptuan barneratzeko.
Sylvia Gay – GEZKI Institutuko kidea
-

Ba al zenekien…
… 2016 urtean zehar Euskal Autonomia Erkidegoko eskualde guztietan sortu zela kooperatibaren bat gutxienez? Guztira 214 Kooperatibek eman zuten alta eta horietako gehienak kooperatiba txikiak izan ziren, totalaren ia %77 hain zuzen ere.
Ikus laburpena/infografia hemen.
Kooperatiba motari dagokionez, lan elkartukoak dira gehiengoak (%81), etxebizitzakoez jarraiturik urrutitik (%14). Gainontzekoak askoz murritzagoak dira, bigarren mailako (edo gehiagoko) 3 kooperatiba, bina kooperatiba mixto eta enpresa zerbitzukoak, eta azkenik kooperatiba bakarra nekazaritzakoa.
Jarduera sektoreari begiratuz, sortzen diren kooperatiba berrien datuak interesgarriak dira. Nahiz eta historikoki industria alorrarekin loturiko kooperatibek izan duten pisu esanguratsuena Euskal Autonomia Erkidegoan (mediatikoki batez ere), azkenaldian sortzen diren entitateak beste jardueratan aritzen dira gehienbat. Kontuan hartuz gero sortzen diren gehienak kooperatiba txikiak direla, batetik, eta industria alorrean (normalean) inbertsio handiak egin behar izan ohi direla, bestetik, ez da harritzekoa datua.
Sorturikoak gehiengoak “eraikuntza” sektoreari loturiko kooperatibak izan dira 2016 urtean zehar, %34 inguru (igeltseritza, gremio antolaketak, etab. gehiengoak). Jarraian “merkataritza eta automobilgintza konponketen” eta “jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen” alorreko kooperatibak aurkitzen dira (%15 eta %13 hurrenez hurren) eta maila baxuagoan “osasun eta gizarte zerbitzuak”, “manufaktura industria” eta “zinema, bideo eta telebista programen ingurukoak”, sorturiko guztien %6 inguru izan delarik bakoitza. Lehen sektorean jarduten duten kooperatibak, euren aldetik, %2 baino zerbait gehixeago izan dira.
Lurralde Historikoak kontuan harturiko banaketari dagokionez Bizkaia izan da kooperatiba gehien sortu den lurraldea (erdia baino gehiago, %57), Gipuzkoan (%32) eta Araban (%11) gutxiago sortu direlarik. Eskualdekako banaketari erreparatuz gero, Lurralde Historikoetako hiriburuetako eskualdeek kooperatiba sorrera totalaren %67 metatzen dute, Bilbo Handia delarik nabarmenki zentzu honetan oparoena, Donostialdea eta Arabako Lautadaren aurretik (%44, %14 eta %9 hurrenez hurren). Hiriburuak alde batera utziz, hurrengo taldean egongo lirateke Bidasoa beherea eta Durangaldea (bakoitzak %6) eta Goierri (%4,5).
Iturria: GEEB
-

Gizarte Ekonomia graduondoko unibertsitate ikasketetan 2017-2018
CEPESek “Gizarte Ekonomia graduondoko unibertsitate ikasketetan: 2017-2018 ikasturtea” txostena argitaratu du. Urtero aurkezten duen ikerlan honek, sektorearekin harremana duten 104 graduondoko ikasketen inguruko informazioa ematen du.
Azterlanak CRUE-n bilduta dauden 76 unibertsitatetako formazio eskaintza aztertzen du, eta aurtengo emaitzen arabera, %30ean igo da Gizarte Ekonomiako graduondoko ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitate kopurua, hiru mailatan sailkatzen direnak: unibertsitate masterrak edo master ofizialak, doktoretzak eta berezko ikasketak. Guztira, gaur egungo eskaintza hurrengoek osatzen dute: 21 master ofizial, 23 berezko master, 15 espezialista titulu eta 18 unibertsitate aditu; 5 graduondoko diploma, MBA 1 eta 21 prestakuntza ikastaro.
Txostena eskuragarri dago CEPESeko web orrian: https://docs.google.com/viewerng/viewer?url=http://www.cepes.es/files/publicaciones/103.pdf
Iturria: CEPES
-

MONDRAGONek funts berria abiatu du proiektu berriak laguntzeko
MONDRAGON Korporazioak, 2017-2020 estrategia korporatiboaren esparruan, “MONDRAGON Fondo de Promocion FCR” abiarazi berri du, dagoeneko CNMVn inskribatuta dagoen inbertsiorako bitarteko bat.
Funtsa 15 milioi euroren konpromisoekin itxita dago, eta MONDRAGONez gain Clave Mayor, FondIco Global FCR eta Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernu eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Arrisku Kapitaleko Sozietateak ere partaide dira. Funtsaren helburua da batez ere Korporazioaren ingurutik datozen proiektuen transferentzia teknologikoa babestea, abiapuntuan izanik lidergorako gaitasuna duen eta merkatua eta teknologia ezagutzen dituen talde bat, proiektuarekin konprometituta, dagoeneko existitzen diren ideiarik edo kontzepturik onenak enpresa proiektu bideragarri bihurtzeko.
“MONDRAGON Fondo de Promocion FCR”-ren inbertsio estrategiari dagokionez, datorren 6 urtean 30 konpainiatan inbertituko du, zeinek gutxienez 2 urteko bizitza izan beharko duten, eta bakoitzean egongo den behin-behineko partaidetza 4-5 urte izatea aurreikusten da.
Inbertsioa hainbat kapital edo zor ordainduz egingo da, partaidetutako enpresa bakoitzean gehienez ere 500 mila euroko zenbatekoarekin, betiere partaidetza eskuratzeko Negozio Planean aurrez ezarritako balioko mugarriak betetzen badira.
Funtsaren inbertsioak, batez ere, industria, osasun eta energiaren sektoreetako oinarri
teknologiko eta berritzaileko konpainietan egingo dira, eta gehienbat MONDRAGONen ingurunekoak izango dira, edo, ingurunekoak izan gabe ere, Funtsarentzat eta partaideentzat interesgarriak izango dira.Funtsak aurreikusita dauka helburuko inbertsioak hirugarrenekin egitea, ko-inbertsio moduan, hirugarren horiek industrialak zein finantzarioak izan (Venture Capitals eta Family Offices).
Iturria: TuLankide
-

Europar parlamentuak Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren II. Foruma antolatu zuen
Europako Ezker Unitarioko Parlamentu Taldeak antolatu zuen azaroaren 9an Bruselan eta Hego Euskal Herriko eragile kopuru esanguratsua bertaratu eta parte hartu zuen, sektoreak gure lurraldean duen indarraren erakusle.
Egun osoko jardunaldia izan zen baina aurreko egunean EH Bildu eta Podemos alderdi politikoek gonbidaturiko eragileen arteko bilera eman zen, elkar ezagutu eta sare harremanak egiten jarraitzeko.
Jardunaldia goizeko 9etan hasi zen, egunean zehar egingo zenaren aurkezpenarekin hasierako hitzaldiekin. Jarraian "workshop" edo "atelierrren" denbora iritsi zen, gai ezberdinak ardatz hartuta. Saio bakoitzak 1terdiko iraupena izan zuen, eta modu paraleloan (binaka) eraman ziren aurrera. 3 ordu eskasean esperientzia anitz eta oso ezberdinak partekatzeko aukera egon zen, nahiz eta askotan denbora murritzak nabarmen mugatu zituen eztabaidarako aukerak.
1. lan saioa langile eta lanari buruzkoa izan zen eta bertan parte hartu zuten Portugal, Frantzia, Belgika, Txekiar Errepublika eta Italiako zenbait ordezkarik. Bertan batez ere kooperatibek Europako herrialde ezberdinetan lanaren erronkei nola erantzun dieten eztabaidatu zen, besteak beste.
2. lan saioaren izenburua desberdintasunak eta gizarte kohesioa izan zen eta Suediako aholkularitza enpresa semi-publiko baten aurkezpenarekin hasi zen, zeinak herrialde hartako gizarte ekonomiako enpresa ekimenak bultzatzen dituen. Jarraian Belgikako esperientzia interesgarri bat azaldu zuten, “Le Monde des Possibles”, zeina kanpotarrez osaturiko talde batek sorturiko itzultzaile enpresa bat den, batez ere osasun zerbitzuetan edo administrazioen eta etorkinen arteko itzulpengintza zerbitzua ematen duen. Austriako gizarteratze enpresen sarea aurkeztu zen ondoren, zeina Europako Gizarte Funtsaren diru laguntza jaso duen. Hala ere, diru laguntza hauek lortzeko gobernuz kanpoko erakunde txikiek dituzten zailtasunak gogora ekarri zituen austriarrak. Kasu praktikoen azken aurkezpen luzea portugaldarren aldetik etorri zen eta “Cooperativa 3 Serras” eman zuen aditzera, zeinak Portugal barnealdeko landa lurren berrerabiltzea sustatzen aritzen diren, despoblazioari aurre eginez. Zentzu honetan, azkenaldian bertan pairatu dituzten suteak gogorarazi zituen, esanez ez dela kasualitatea eta barnealdeko landa lurrak jasaten ari diren utzikeriaren ondorio zuzenak direla, suteek izugarrizko erraztasunak aurkitzen baitituzte aurrera egiten jarraitzeko eta zabaltzeko.
3. an saioaren izenburua Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidariorako Politika Publikoen ko-eraikuntza zen. Saio honetan aipagarriena batetik, REAS Euskadiko Carlos Askunzek egindako aurkezpena izan zen, erakundeak martxan dituen ekimenen berri eman zuelarik, besteak beste. Bestetik, Greziako Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Idazkaritza Berezia aurkeztu zen eta bertan daramaten lana azaldu, sektorearen inguruko informazio, legegintza eta laguntzei buruzkoa batez ere.
4. lan saioak etorkinak eta errefuxiatuak izenburua izan zuen eta bertan Euskal Herritiko joandako Koop SF 34 Bilboko San Frantzisko auzoan kokatzen den kooperatibako kideak parte hartu zuen, euren esperientzia azalduz.
Bazkaltzeko ordua ondoren, konferentzien ordua iritsi zen. Lehenengoan LANKI Ikertegiko (Mondragon Unibertsitatea) Igor Ortegak hartu zuen parte hizlari bezala, “Gazteak, gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioa, esperientzia konkretuak eta hezkuntza” lelopean. LANKI-ko kideak euskal kooperatibagintzaren inguruan sorturiko hezkuntza sistema berritzailea aurkeztu zuen, Mondragon Unibertsitatearen barruan. Ondoren Italiako, Danimarkako, Frantziako eta Espainiako zenbait esperientzia ezagutu ahal izan ziren, Basherriko kide Mikel Lasarteren parte hartzearekin batera, zeinek baserritar eta nekazaritza eredu lokal, ekologiko eta gertukoa defendatzearen garrantzia azpimarratu zuen, bestelako eredu masibo eta globalizatuen aurrean.
Azkeneko konferentzia Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa eta gizarte zein lurralde kohesioa titulupean eraman zen aurrera. Bertan, beste behin euskal ordezkariek parte hartu zuten. Lehenik, hizlari nagusi bezala, Marian Diez REAS Euskadiko buruak, zeinak ekonomia feministaren beharra ekonomia solidarioaren barne defendatu zuen, bestelako eredu sozio-ekonomiko ez patriarkala eraikitzeko bidean. Zentzu horretan REAS-en barne sorturiko EkoSolFem taldea nabarmendu zuen, egiten dituen lanak aipatuz. Euskal ordezkarietan azkena Talaios Kooperatiba eta Olatukoop Sareko kide Beñat Irasuegi izan zen, nork Koopfabrika azaldu zuen, bai eta gogorarazi "Kataluniako ekonomia sozial mugimenduak lan handia egiten ari da lurralde kohesioaren alde. Ezin dira hemen egon, baina elkartasunerako deialdia egin digute Europako sareoi elkartasuna adierazteko, eta hala egin behar dugu”.
Azkenik, egun osoan zehar bilduriko ondorio ezberdinen irakurketa egin zen. Ondoko puntu nagusiak aipatu ziren:
– Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko erakundeek dituzten erronkei aurre egiteko (enpleguaren aldetik, batez ere), beharrezkoa da marko normatibo egoki bat.
– Europar Batasunak ematen dituen laguntzak (diru-laguntzak) deszentralizatuagoak izan behar dira eta ez dira soilik sorrerarako izan behar.
– Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa funtsezko eragilea da aurrean ditugun erronkei (bizitza, planeta, ekonomia, …) erantzuna emateko.
– Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioak kontraesan asko ditu.
Iturria: GEEB
Euskal eragileak:
Hego Euskal Herriko Kontsumo Taldeak
Labore
Errenteriako Udala
LAB sindikatua
REAS Euskadi
GIZATEA
Olatukoop Sarea
GEZKI (UPV/EHU)
LANKI Ikertegia (MU)
Economistas Sin Fronteras
Coop57 EH
Talaios Kooperatiba
Koop SF 34
Lakari Kooperatiba
Peñascal Kooperatiba
Colaborabora
Espainiar estatuko eragileak:
Mercado Social Madrid
REAS Valencia
Autonomía Sur
Frontera al corazón
La Marea
Quatroventos Cooperativa
