Egilea: editorea

  • Errenterian izan da Ekonomia Solidarioaren V. azoka

    Errenterian izan da Ekonomia Solidarioaren V. azoka

    Azaroaren 18an egin zen Errenterian eta antolatzaileak (REAS Euskadi, OlatuKoop eta Saretuz) pozik agertu dira, lehen urtea izanik euskal hiribururen batean egiten ez zela eta 1.000 pertsona baino gehiago hurbildu bai ziren aurtengo azokara.

    Egun bat lehenago, gainera, “Ekonomia Sozial eta Solidario batentzako tokiko Politika Publikoak” izeneko mintegia egin zen Errenteriako Xenpelar Etxean, non gaiaren inguruko aurkezpen eta eztabaida egon zen.       

    Aurtengoan 55 izan dira euren produktu eta zerbitzuak erakutsi dituzten enpresa eta entitateak, zazpi jarduera sektore ezberdinetan sailkaturik: finantza etikoak, kontsumoa, teknologia, komunikazioa, ikerketa, gizarte esku-hartzea eta lankidetza.

    Egun osoko ekitaldiari hiru antolatzaileen ongi etorriarekin eman zitzaion hasiera, Thierry Biscaryren (kalakan kide ohia) kantuzko agurrarekin batera. "Merkatu sozialaren bihotza erakustea dugu helburu, edozein empresaren ardatzean bizitza jartzen duena", esan zuen REAS Euskadiko Marian Diez-ek.

    Aipatzekoa da, Azokaren jarduera propioaz gain (produktu-zerbitzuen salmenta eta erakusketa) bestelako aktibitateak ere egin zirela: ekonomia solidarioko gai ezberdinen inguruko mintegiak (ekonomia feminista, banaketa agroekologikoa, korporatibismo mutualista, etab.), txikigune bat (non txikienentzat hezkuntz-aktibitateak egon ziren) baita "videocall" reibindikatzaile bat ere.

    Merkatuzar kanpoaldean jarririko karpan, bestalde, produktu ekologikoekin eginiko pintxo, edari eta herri bazkari bat ere egon zen gerturatutakoentzat. Azkenik, jardunaldiari amaiera emateko kontzertu bat ere egin zuten.

    Hurrengo urtean Gazteiz izango da Ekonomia Solidarioaren VI. Azoka jasoko duen hiria.

    Iturria: Goazen Azokara

  • Aurtengo ASLEren Txemi Cantera Saria, Voestalpine enpresarentzat

    Aurtengo ASLEren Txemi Cantera Saria, Voestalpine enpresarentzat

    Pasa den azaroaren 23an, Bilbon Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak (ASLE) ematen duen Txemi Cantera Saria emateko jardunaldia egin zen, zeina aurten Voestalpine austriar industria taldearentzat izan zen, siderurgia sektorekoa eta langileek kapitalaren %14,6 dutela, bigarren akziodun direlarik.

    Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Justizia Sailburu María Jesús San Josék banatu zuen saria eta Voestalpine enpresaren ibilbide konkretua goraipatzeaz gain (bostehun konpainia ditu munduan, 50.000 langileei esker), “bere sailak aurten gizarte-ekonomiaren ehuna Euskadiko jarduera ekonomikoaren sektore guztietan finkatzera eta garatzera bideratu duen laguntza-pakete garrantzitsua” gogoratu du, Administrazioak sektoreari ematen dion garrantziaren isla.

    “Txemi Cantera” sariak José Miguel Cantera Sojo, Txemi, du gogoan, nor ekonomista, ASLE-ko aholkulari, Planifikazio Estrategikoan aditua izan zen.

    Epaimahaia ASLE-ko, UPV/EHU-ko GEZKI Institutuko, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzako, Deustuko Unibertsitateko Ikasketa Kooperatiboen Institutuko, Bizkaiko Aldundiko Ekonomiaren Sustapen Saileko eta Laboral Kutxako ordezkariek osatzen dute.

    Aitorpen berria ASLEri, Euskalit-en Kudeaketa Aurreratuan Euskal Sariaren bidez

    ASLE Estrategia alorreko Euskalit-en Kudeaketa Aurreratuan Euskal Sariarekin saritua izan da, Euskalit-ek dinamizaturiko kanpo auditatze prozesu baten bidez.

    ASLE-k aurkezturiko kudeaketaren inguruko bi praktikak aintzatetsi dira: "Baloreen araberako zuzendaritza Estrategiaren gako bezala" eta "ASLE Cloud".

    Saria abenduaren erdialdean banatuko da Donostian, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria buru izango den jardunaldian.

    Iturria: Eusko Jaurlaritza, ASLE, GEEB

  • Euskadiko kooperatiba eredua Göteborgeko Goi Bileran

    Euskadiko kooperatiba eredua Göteborgeko Goi Bileran

    María Jesús San Josék, Lan eta Justizia arloko Sailburuak, eta Jokin Díaz Arsuagak, Gizarte Ekonomiako Zuzendariak, esku hartu zuten hilaren 17an Göteborgen egin zen eta Europar Batasuneko estatuburuak bildu zituen Bidezko Enplegurako eta Hazkunderako Nazioarteko Konferentzian.

    Sailburuak parte hartu zuen, gizarte-ekonomiaren moduen enpresa-ehunaren garapena ahalbidetzen duten baldintzak, finantzaketa eskuratzeko aukerak eta hura arautzen duten esparru arauemaileen hobekuntza aztertzeaz arduratu ziren gonbidatuen taldearen barruan. Eginkizun horretan, Europako eskualdeetan gizarte-ekonomia garatzen laguntzen duten jardunbide egokien adibideak aurkeztu zituzten. Hain zuzen ere, María Jesús San Josék, Kooperatiben Lege berriaren aurreproiektua lantzean erdietsi den adostasuna azpimarratu zuen. Izan ere, gainditu du kontsulta publikoaren fasea eta, aurreikuspenen arabera, datorren urtean jar daiteke indarrean.

    Göteborgeko Nazioarteko Konferentzian, María Jesús San Josék hainbat topaketa izan zituen, horien artean, Europako komisario diren Marianne Thyssen eta Cecilia Malmströmekin, Europako Batzordeko zuzendari nagusi Lowri Evansekin, Suediako LO Sindikatuen Konfederazioko (The Swedish Trade Union Confederation) kideekin eta Socialstyrelsen (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Aholku Komitea) eta Suediako Osasun eta Ongizate Batzar Nazionaleko arduradunekin.

    Göteborgeko Nazioarteko Konferentzia Europako Batzordearen eta Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen ekimena da. Gobernantza publikoaren maila guztietako arduradunak (estatukoak, eskualdekoak eta tokikoak) biltzen ditu, Europako esparruko gizarte-ekonomiaren ordezkari eta solaskideekin batera, gizarte-ekonomiaren enpresa eta erakundeek Europar Batasuneko hazkunde ekonomikoari eta gizarte-kohesioari egiten dioten benetako ekarpena aurkezteko eta ikusarazteko.

    Iturria: Euskadi.eus

     

  • HEGOA Institutuaren 30. urteurrena

    HEGOA Institutuaren 30. urteurrena

    Pasa den azaroaren 24an UPV/EHU-ko Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuak, bere 30. urteurrena ospatu zuen. Ekitaldi nagusia solasaldi bat izan zen, non hainbat adituk garapenaren, bakearen eta giza eskubideen alorretan mundu mailan puri-purian dauden erronken inguruan gogoeta egin zuten.

    Jardunaldia Bilboko Bizkaia Aretoan egin  zen, eta Karlos Pérez de Armiñok, Hegoako Zuzendariak, eta José Luis Martinek, EHUko ikerketa arloko Errektoreordeak, aurkeztu zuten. Ondoren, hitza hartu zuten London School of Economics-eko Jenny Pearcek, Madrileko Unibertsitate Autonomoko Itziar Ruiz-Gimenezek, eta Mariano Aguirrek, Colombiako Nazio Batuen bulegoko bakearen eraiketarako aholkulariak. Hauek mahai inguru batean eztabaidatu zuten garapena, bakea eta giza eskubideen erronken inguruan, Paco Etxeberria Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasleak moderatu zuena. Azkenik, “Klownklusioak” Oihulari Klownek egin zituzten, eta ekitaldira bertaratu zirenek Harresian Zulo taldearen kontzertuaz disfrutatu ahal izan zuten itxiera ekitaldian.

    Iturria: Hegoa

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Eusko Jaurlaritzak gazteak bueltatzeko programa zabaltzeko protokoloa sinatu du hiru unibertsitateekin, Confebask, ASLE eta Konfekoopekin

    Eusko Jaurlaritzak gazteak bueltatzeko programa zabaltzeko protokoloa sinatu du hiru unibertsitateekin, Confebask, ASLE eta Konfekoopekin

    Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek, Confebaskek (Euskal Enpresarien Konfederakuntza), ASLEk (Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea) eta Konfekoopek (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa), euskal gazteak Euskal Autonomia Erkidegoan finkatuta dauden lan-zentroetara bueltatzeko programari zabalkundea emateko lankidetza-protokoloa sinatu dute.

    Aldeek adostu dute gazteak bueltatzeko programari buruzko informazioari zabalkundea ematea, enplegu-aukerak antzematen lankidetzan jardutea eta programak eskaintzen dituen aukeren inguruan interesa izan dezaketen pertsonen aurrean sustapen zuzena eta pertsonalizatua egitea. Horretarako, alde sinatzaileek beren giza baliabideak, informatikoak eta materialak izango dituzte.

    Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Lanbidek, aurten, programa aitzindaria jarri dute martxan; kalitateko enplegua sustatzen du, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean lanean ari diren 35 urtetik beherako gazteak Euskadira itzuli ahal izateko. Laguntza-ildoa bikoitza izango da: alde batetik, 35 urtetik beherakoak diren eta kanpoan gutxienez 12 hilabete lanean daramatzaten euskaldunak kontratatzen dituzten euskal enpresek diru-laguntza jasoko dute, soldataren zati bat ordaintzeko; bestetik, kontratatutako gazteek laguntza bat jaso ahalko dute, joan-etorrien gastuak ordaintzeko.

    Enpresentzako laguntzak gutxienez urtebeteko iraupena duten kontratuetara bideratuko dira, eta plusak emango zaizkie kontratu mugagabeak sinatzen dituzten enpresei. 2017an, 1.766.667 euro bideratu dira programa horretara, eta programarekin jarraitzea aurreikusten da.

    Iturria: Eusko Jaurlaritza

  • Europako Gizarte eta Ekonomia Batzordearen “Ekonomia eredu iraunkor berriak” Irizpena

    Europako Gizarte eta Ekonomia Batzordearen “Ekonomia eredu iraunkor berriak” Irizpena

    Irizpena Europako Gizarte eta Ekonomia Batzordearen (EESC) Osoko Bilkuran onartu zen urriaren 18an. Dokumentu honetan 10 gomendio aurkezten dira, Europar Batasunak ekonomia eredu jasangarri berritzaileen lidergoa bere gain hartu dezan, hala nola, ekonomia funtzionala, kolaboratzailea edo finantziazio arduratsuarena.

    Eredu berritzaile hauek, errentagarritasun ekonomikoa bermatzeaz gain, pertsonentzat eta planetarentzat erabakigarriak diren beste erronka batzuei aurre egin nahi die, hauen artean, justizia soziala, gobernantza parte-hartzailea edota natura baliabideak. Honegatik, Europar Batasunaren erronka nagusiena oparotasun ekonomikoaren, kalitatezko gizarte babesaren eta jasangarritasunaren kontzeptuen banaezintasuna lortzea izango litzateke.

    Iturria: CESE

  • Gizarte Ekonomia eta Solidarioa Masterreko irekiera ekitaldia

    Gizarte Ekonomia eta Solidarioa Masterreko irekiera ekitaldia

    Pasa den urriaren 9an Gizarte Ekonomia eta Solidarioa Masterreko 5. edizioaren inaugurazio ekitaldia egin zen Donostiako EHUko Enpresa eta Ekonomia Fakultatean. Jardunaldiaren baitan, GEZKIk antolatutako  “Gizarte Berrikuntza eta Gizarte Ekonomia”ren iguruko Solasaldi Zikloei hasiera eman zitzaien, kasu honetan gai nagusia gizarte ekintzailetza izan zelarik. Masterreko ikasle eta irakasleetaz gain, jardunaldira bertaratu ziren unibertsitateko, Gizarte Ekonomiako erakundeetako eta Administrazio Publikoko hainbat ordezkari.

    Harrera eta masterraren aurkezpenaren arduradunak Aitor Bengoetxea (GEZKIko zuzendaria) eta Mikel Zurbano (Masterreko zuzendaria) izan ziren. Jarraian, Solasaldi Zikloari hasiera eman zitzaion Jokin Diaz Arsuagaren hitzaldiarekin, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Plana aurkeztu eta helburu eta erronkei buruz aritu zena.

    Ondoren, Enekoitz Etxezarretak hizlariak aurkeztu zituen, gizarte ekintzailetzan izan dituzten esperientzien inguruan hitz egin zutenak. Lehenengo ponentziaren arduraduna Oscar García Jurado izan zen, Autonomía Sur Cooperativa Andaluzako ekonomilaria. Bigarren ponentzian, KoopFabrika ekintzailetza programaren inguruan aritu zen Beñat Irasuegi.

    Bukatzeko, eztabaida eta galderentzako tartea zabaldu zen, jardunaldira bertaratu ziren guztiek parte hartu eta gaiaren inguruko iritzia eman ahal izan zutelarik.

    Iturria: OVES-GEEB

  • Sektore Publikoko Kontratuen Lege berria

    Sektore Publikoko Kontratuen Lege berria

    Pasa den urriaren 19an, Diputatuen Kongresuan Sektore Publikoko Kontratuen Lege berria onartu zen, Gizarte Ekonomiaren aldeko aldaketak barneratzen dituena “enplegu egonkorra eta gizarte eta lurraldeko kohesioa lortzen lagunduko duena”.

    Gizarte Ekonomiako erakundeak kontratazio publikoko prozesuetan kontutan har daitezen abaguneak legearen hainbat ataletan azaltzen dira.

    Batetik, Legearen helburu eta xedean Gizarte Ekonomiako erakundeen sarbidea kontratazio pubilkora erraztu behar dela jasotzen da. Kontratazio guztietan ingurumen eta gizarte irizpideak sartu behar baitira, gutxienez, zeharkako modu batean.

    Bestalde, kontratu publikoetako prozesuetan, eskaintzaren kalitate-prezio harremana izango da kontutan hartuko den irizpidea. Gainera, berritasun bezala, gizarte, cultura eta osasun zerbitzuetako kontratuak Gizarte Ekonomiako erakundeentzako erreserbatzeko aukera dago.

    Gizarteratze Enpresa eta Enplegu Zentru Berezientzako derrigorrez erreserbatutako kontratuen kasuan, definizioa eta eskakizunak hobetu dituzte, erreserba Gizarte Ekimeneko Enplegu Zentru Berezientzako mugatu dutelarik.

    Iturria: CIRIEC

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.