Egilea: editorea

  • Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko esperientzia ezberdinetara bisita

    Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko esperientzia ezberdinetara bisita

    UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Master Ofiziala egiten ari diren ikasleek “tour” txiki bat egin zuten Gipuzkoako gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioko errealitate ezberdinak ezagutzeko, REAS Euskadik antolaturik.

    Goiz osoan zehar egindako bisitak Donostiako Amara Zaharreko auzoan hasi ziren. Bertan Goiener kooperatibak (energia berriztagarrien ekoizpena eta salmentarako sorturiko kooperatiba, zeinak 7.800 bazkide baino gehiago dituen) eta Fiare proiektua bultzatzeko Elkarteak (finantza etikoak) dituzten ofizinetara bertaratu ziren.

    Jarraian Lakari proiektua ezagutu zuten, Zarautzen duten dendan. 4 pertsonek osaturiko kooperatiba da, Kontsumo-eredu jasangarria eta arduratsua, tokiko laborantza iraunkorraren biziberritzea eta elikadura osasuntsua sustatzea duelarik helburu.

    Azkenik, ikasleek Emaus-en zentro berria ezagutu zuten Egia auzoan (Donostia), non bideo eta bestelako materialen laguntzaz entitate honek gauzatzen dituen proiektu ezberdinak ikusi zituzten.

    Iturria: GEEB

  • Gizarte Ekonomia garapenerako lankidetzaren politikan funtsezko aktore

    Gizarte Ekonomia garapenerako lankidetzaren politikan funtsezko aktore

    CEPES-ek Gizarte Ekonomiaren esperientzia garapenerako lankidetzan ikertzen duen III. Txostena aurkeztu du. Bertan, ekonomia eredu hau Nazio Batuen 2030 Agendan erreklamatzen den aldaketarako eragile garrantzitsua dela aipatzen da, garapen eta lankidetza jasangarriko politiketan aktore garrantzitsua baita.

    Gizarte Ekonomiako enpresa eta erakundeek 2015 urtea geroztik Garapenerako Lankidetzako 44 proiektu burutu dituzte 23 estatutan zehar. Lan hauek, gutxienez, 44.000 pertsonen bizitza hobetzea ahalbidetu dute, ingurune mesedegarriago bat eraikiz.

    Txostena hemen

    Iturria: CEPES

  • Bruno Roelants Nazioarteko Aliantza Kooperatiboko zuzendari orokor izendatu dute

    Bruno Roelants Nazioarteko Aliantza Kooperatiboko zuzendari orokor izendatu dute

    Pasa den urtarrilaren 19an ICA-ko (International Co-operative Alliance) Administrazio Kontseiluak zuzendari orokor berria izendatu zuen. Bruno Roelants, egun CICOPA-ko idazkari orokorra, datozen asteetan hasiko da kargu berriko funtzioak betetzen. Azken urteotan karguan izan den Charles Gouldek bere erretiroa iragarri ondoren hartu zen erabakia.

    Bruno Roelants 2002an CICOPA-ko Idazkari orokor izendatu zuten, eta bere kargupean,  erakundean 18 estatu izatetik 32 izatera pasa ziren. Gainera, kooperatiba mugimenduan 30 urte baino gehiagoko esperientzia dauka.

    Iturria: TUlankide

  • Kepa Olivares, ASLEko lehendakaria: “Lan sozietateak, jada, ez dira lehenengo aukera krisi garaian”

    Kepa Olivares, ASLEko lehendakaria: “Lan sozietateak, jada, ez dira lehenengo aukera krisi garaian”

    ASLEko lehendakaria eta FMD CARBIDEko zuzendaria den Kepa Olivaresek, Deia aldizkarian emandako elkarrizketan: “Langileek enpresetan duten parte-hartzeak ibilbide luzea dauka Euskadin, lan sozietateak bezalako ereduen bitartez”.

    ASLEko enpresen hobekuntzari buruz hitz egin zuen, enplegu maila mantentzeaz gain, arinki igotzea lortu baitute. Bestalde, azpimarratu zuen krisian dauden enpresek ez dutela, jada, lan sozietatearen eredua erabiltzen birmoldaketarako; gaur egun, langile askok ez baitute jabe izan nahi, hau da, ez dute arriskatu nahi.

    Elkarrizketa osoa

    Iturria: Deia

  • Gizarte Ekonomiako 2017-2020 Estrategia onartu dute

    Gizarte Ekonomiako 2017-2020 Estrategia onartu dute

    Pasa den abenduaren 29an Gizarte Ekonomiako 2017-2020 Estrategia onartu zen Ministro Kontseiluan. Dokumentua 11 ardatzen inguruan egituratzen da, eta helburu nagusia gizarte ekonomiaren eredua finkatzea eta sustatzea da, datozen aldaketen aurrean berrikuntza sektorean lehena izan dadin.

    Estrategiak honako akzioak biltzen ditu:

    – Kalitatezko enplegu iraunkor eta barneratzailea lehenesten da, ekintzailetza kolektiboren aldeko neurrien bitartez.

    – Kooperatiben eta Lan Sozietateen sorrerarako eragozpenak ezabatzen dira, erregistro telematikoa bideratuz eta generazio erreleboa erraztuz.

    – Gizarte Ekonomiako erakundeen katalogoa eta zigilua sortzea.

    – Berrikuntzara bideratutako laguntzak, batez ere, merkatu berrietan zabaltzeko aholkularitza emanez.

    Iturri: CIRIEC

  • Euskal Gizarte Ekonomiaren urteko egoera txostena

    Euskal Gizarte Ekonomiaren urteko egoera txostena

    Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak argitaratu berri du, non sektoreak orokorrean eta sektoreko familia ezberdinek banan bana izandako bilakaera hurbila aztertzen den, datu sozio-ekonomikoez lagunduta. Txostenean ikusten denez, Gizarte Ekonomiak Euskal Autonomia Erkidegoan geroz eta garrantzi handiagoa hartzen jarraitzen du.

    Txostena hiru atal nagusietan banatzen da. Lehenengoan txostenaren aurkezpena egiten da, bigarrenean Gizarte Ekonomiak orokorrean izandako bilakaeraren inguruko datu eta ondorio esanguratsuenak aurkezten dira eta, hirugarrenean, sektoreko familia bakoitzaren inguruko azterketa sakonagoa eskaintzen da, taula eta grafikoen laguntzarekin.

    Aurten, gainera, lehen aldiz euskaraz ere egin da Gizarte Ekonomiaren errealitatea jasotzen duen txostena. Kontuan hartu den beste aspektu bat sexuaren araberako azterketa egin izana da, ahal izan den heinean, enpleguaren datuak aurkezterakoan.

    Txostenak jasotzen dituen ondorioetako batzuk honakoak dira:

    -          2016an Gizarte Ekonomiako entitate kopuruak bilakaera positiboa izaten jarraitzen du, aurreko urtearekin alderatuz %2 baino gehiagoko igoera izan duelarik. Honi Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa kopuruak izan duen bilakaera negatiboari gehituz, Gizarte Ekonomiako entitateek duten errepresentazioa %17ra hurbiltzen jarraitzea eragiten du (elkarte eta fundazioak barneratuz eta BGAE eta ENE alde batera utziz, ). Kooperatibak eta elkarteak izan dira, batik bat, bilakaera honen erantzule.

    -          Kooperatiba, lan sozietate, enplegu zentro berezi eta gizarteratze enpresen artean EAEko enpleguaren %9 metatzen da, datu esanguratsua benetan, kontuan harturiko erakunde hauek EAEko entitate kopuru osoaren %1,50 besterik ez dutela suposatzen.

    Txostena osorik eskuratzeko, egin klik hemen.

    Iturria: GEEB

  • Nazioarteko mintegia, Tokiko Giza Garapena eta emakumeen eskubide ekonomikoak sustatzeko Ekonomia Soziala eta Solidarioko gizarte inkubagailuak: Unibertsitatearen erronkak

    Nazioarteko mintegia, Tokiko Giza Garapena eta emakumeen eskubide ekonomikoak sustatzeko Ekonomia Soziala eta Solidarioko gizarte inkubagailuak: Unibertsitatearen erronkak

    Pasa den hilaren 12an, Ekonomia Soziala eta Solidarioaren inguruan diharduten Euskal Herriko, Argentinako eta Ekuadorreko Unibertsitateetako hainbat irakasle eta ikertzaileak, ekimenen promozioan eta sustapenean esperientzia duten eragile sozialak, eta lurralde eta tokiko garapenerako erakundeetako arduradun eta teknikariak bildu zituen Nazioarteko mintegia egin zen Donostian.

    Ekonomia sozial eta solidarioaren arloan, Andeetako eskualdean, Hegoa Institutuak burutzen ari den kooperazio programaren baitan egindako mintegia da, Andeetako eskualdean eta Euskal Herrian Ekonomia Soziala eta Solidarioaren alorrean lan egiten duten erakunde eta instituzioen arteko esperientziak trukatzeko eta ikasketa kolektiboak indartzeko helburu duena.

    Mintegi honetan parte hartu zuten, Rodolfo Pastore, Argentinako Unibertsitateko Ekonomia Fakultateko Zuzendaria eta PUISeko (Programa Universitario de Incubación Social) sortzailea eta bultzatzailea, eta Silvia Vega, Quitoko Universidad Central de Ecuador-eko Ekonomia Soziala eta Solidarioa eta emakumeen eskubide ekonomikoen arloan irakasle eta ikerlaria dena. Honetaz gain, bertan izan ziren GEZKI, LANKI, REAS eta OlatuKoop, hainbat tokiko garapen agentziarekin eta udalekin batera.

    Iturria: Hegoa

  • Ba al zenekien…?

    Ba al zenekien…?

    Unibertsitate irakaskuntzaren erronka nagusienetako bat Gizarte Ekonomiari eta bere printzipio eta balioen ezagutzari zuzendutako formakuntza hobetzea eta zabaltzea da.

    Behatokian “Gizarte Ekonomiaren integrazioa EHUko gradu ikasketetan: ikerketa kuantitatiboa” ikerlana burutu zen, helburu nagusia Gizarte Ekonomiak gure unibertsitateko gradu ikasketetan duen integrazio maila neurtzeaz gain, beste unibertsitatetan aplikatu daitekeen esperientzia pilotua diseinatzea zena. Horretarako, gradu ezberdinetako bost irakasgai hautatu ziren, eta ondoren, irakasgaiotako programak aztertu eta  irakasleei bidalitako galdetegia egin zen.

    Lan honen abiapuntua gogoeta teorikoa izan zen, bereziki, gizarte ekonomia akademia fase guztietan sartzearen ideia azpimarratzen duten estatu eta Europa mailako ekimen politikoak, sektoreko eragile eta botere publikoei kezkatzen dien gaia baita.

    Emaitzak, infografian islatzen den moduan, EHUko gradu ikasketetan gizarte ekonomiaren formakuntza oso eskasa dela adierazten dute. Gainera, gai hauek lantzen diren kasuetan ere, ezberdintasun nabarmenak daude enpresa kapitalistei ematen zaien tratamenduarekiko. Bestalde, gai hauen formakuntzan hobetzeko neurriak hartzea beharrezkoa dela azpimarratzen da, sektorea indartzeko estrategia egokia bihurtu daitekeelarik.

    Errealitatea hau izanda, Unibertsitateak erronka garrantzitsu bat dauka esparru honetan. Batetik, Gizarte Ekonomiaren ezagutza sustatzearen beharra, pisu eta protagonismo handiagoa hartu dezan, erakunde hauetan adituak trebatze aldera. Bestetik, irakasleriaren eta Administrazioen konpromiso handiagoa lortzea, irakaskuntza programetan gai hau bultza dezaten.

    Infografia PDF-an hemen

    Iturria: OVES

  • CIRIEC-eko Gizarte Ekonomiako Ikertzaileen Munduko VI Kongresua Manaosen

    CIRIEC-eko Gizarte Ekonomiako Ikertzaileen Munduko VI Kongresua Manaosen

    Pasa den azaroaren 29tik abenduaren 2ra, Manoseko (Brasil) Amazonas Unibertsitate Federalean egin zen Gizarte Ekonomiako Ikertzaileen Munduko Kongresua. Antolatzailea Brasileko CIRIEC izan zen, Nazioarteko CIRIEC-aren eta Espainia eta Portugaleko sekzioen laguntza izan zuena. Kongresua “Gizarte Ekonomia eta Solidarioa, Jasangarritasuna eta Berrikuntza: gizarte arazo zahar eta berriak alderatzen” lemapean ospatu zen.

    Bertan parte hartu zuten 24 estatu ezberdinetatik iritsitako 330 ikertzailek, profesionalek eta Administrazio Publikoetako ordezkarik. Deialdia oso arrakastatsua izan zen. Bertan izan zen baita ere GEZKIko kide eta EHUko irakaslea den Anjel Errasti.

    Seigarren edizio honetan, ponentziak eta komunikazioak aurkezteaz gain, hainbat mahai inguru eta lan talde antolatu ziren. Gizarte Ekonomiaren sektorearen dibertsitatea kontutan izanda, jorratutako gaiak askotarikoak izan ziren.

    Iturria: CIRIEC

  • Kooperatiba eta Gizarte Ekonomian aditua den Jordi Garcia Janérekin jardunaldi bikoitza

    Kooperatiba eta Gizarte Ekonomian aditua den Jordi Garcia Janérekin jardunaldi bikoitza

    Donostiako UPV/EHU-ko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egin zen, GEZKI Institutuak (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutua) antolatua. Goizeko hitzaldia “Nazio auzia eta kooperatibagintza, Kataluniako kasua” titulupean eraman zen aurrera eta arratsaldeko solasaldi zikloan “Gizarte ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Politika Publikoaren” inguruan aritu ziren.

    Goizeko saioan, Jordi Garcia katalan eta kooperatibistak, mugimendu kooperatiboak erabakitze eskubidea (orokorrean zein Kataluniako auzian zehazki) zergatik babestu beharko lukeen argudiatu zuen, kooperatibagintzaren 5 printzipioetan oinarriturik: borondatezko atxikimendua, erakundeen kudeaketa demokratikoa, kooperatiben autonomia eta independentzia eta tokiarekiko atxikitasuna.

    Ondoren bere ikuspuntuaren arabera nazio askakuntzarako mugimenduen eta kooperatibagintzaren arteko elkarpuntuen inguruan jardun zuen, hala nola gertutasuna eta burujabetza kolektiboa (politikoa eta ekonomikoa hurrenez hurren). Jarraian Kataluniako mugimendu kooperatiboaren errepaso txiki bat egin zuen XIX mende amaieratik izandako zenbait kooperatibista famaturen bidez, gerturaturikoekin eztabaida interesgarri batekin amaitzeko.

    Arratsaldean, Garcia Janék Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa, batetik, eta berarentzako politika publikoak, bestetik, definitu zituen lehenik eta behin. Zentzu honetan, politika publikoak Sektorean eragina duten eta estatuak aurrera eramaten dituen eta ez dituen ekintzen multzo bezala definitu zituen. Segidan autonomia erkidego, estatu espainiar zein Europako ohiko politika publikoak gehienetan kooperatiba zein lan sozietateetako enplegu sorkuntza eta mantentzera bideraturikoak izan direla gogoratu zuen, langabezi tasari aurre egiteko metodo anti-zikliko moduan, bai eta enpresen lehiakortasuna hobetze alderakoak ere.

    Aipaturiko politika hauetaz gain, bestelako politika publiko batzuk beharrezkoak direla eta horiek lortze aldera aurrera egin beharra defendatu zuen, zeintzuk sektorearen ikuspegi orokor bat izan beharko luketen (ez soilik erakunde batzuk kontuan hartuz), ko-eraikuntza bidez agenteekin diseinatuak eta lurraldeari loturikoak.

    Katalanaren iritziz, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioarentzat politika publikoek marko egoki bat izan beharko lukete Sektore osoaren inguruko lege orokor batekin lehenik eta beste lege espezifikoekin osaturik, zeinak ondorengo politiken mesedegarri izango litzatekeen:

    – Emankortasun politikak, ahalduntze indibiduala, elkartegintza, etab. bultzatuz Gizarte Ekonomia jendartean zabaltzeko ongarri gisa jokatuko luketenak.

    – Bultzada politikak, zeintzuk lau motatakoak liratekeen: sentsibilizazio politikak (jendeak sektorea ezagutu dezan, bere baloreak, etab.), sorkuntzarako politikak (sorrerarako erraztasunak, fiskal motatakoak, etab.), kontsolidazio politikak (jarraipena, aholkularitza, etab.) eta proiektu deigarriak aurrera eramateko politikak (trakzio efektua izango luketenak martxan jartzea…).

    – Politika sektorialak arlo ezberdinetan Gizarte Ekonomia barneratuz, hala nola, etxebizitza, ekipamendu publikoen hornikuntzan, etab.

    – Aurreko ildoei laguntzeko politikak, zeintzuen artean errealitatearen antzemate eta ezagutza, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko erakundeen inpaktu soziala (balantze sozialen bidez, esaterako) eta sektoreari zuzenduriko politika publikoen ebaluazioak nabarmenduko liratekeen.

    Iturria: GEEB