Egilea: editorea

  • ONCEk lanpostu finkoa eskaintzen du krisi garaian

    ONCEk lanpostu finkoa eskaintzen du krisi garaian

    Euskadiko ONCEko arduradun berriak, Basilio San Gabriel eta Javier Domínguez, Bilbon izan dira urtarrilean, erakundeko bigarren lehendakariorde Patricia Sanzekin, Bizkaiko diputatu nagusi José Luis Bilbaorekin eta bizkaitar hiriburuko alkate Ibon Aresorekin.

    Ekitaldian, 2008 eta 2014 urte bitarteko inbertsio sozialeko zifrak eman dituzte ezagutzera: urte bakoitzeko 254,2 milioi, hain zuzen. Lanpostu berrien eraketaz ere aritu dira: 41.073 kontratu izan dira, eta horietatik 4.901, behin-behinekoak; 126 Euskadin. 2014an, ONCEk Euskadin 2 milioi euro eman zituen gizarte zerbitzu eta prestazioetarako. Horri esker, 3.527 pertsona itsuk laguntza jaso dute; horien artean 408 ikaslek.

    Iturria: El Correo

     

  • Rafael Chaves irakasleari elkarrizketa

    Rafael Chaves irakasleari elkarrizketa

    Valentziako unibertsitatean Ekonomiako titularra den Rafael Chaves Ávila irakaslea, denboraldi batez Zuzenbide Kooperatibo eta Gizarte Ekonomiako Institutuan, GEZKIn, izango da. Gizarte Ekonomiaren inguruko doktoretza programaren zuzendaria izateaz gain, Chaves CIRIEK-Espainiako Ekonomia Publiko, Sozial eta Kooperatiboari buruzko aldizkariko editorea eta argitalpen zein lan zientifiko askoren egilea da. Hori guztia dela eta, galdera batzuk erantzun dizkigu.

    Zer dela eta aukeratu duzu Euskadi egonaldi akademikoa egiteko?

    Unibertsitateko ikertzaile batentzat ona da zenbait astez edo hilabetez unibertsitateko ohiko eginkizunetatik deskonektatzea, norberaren ikerketetan buru belarri sartzeko: kasu batzuetan, aurreratzeko edo ixteko; eta beste kasu batzuetan, ildo berriak edo proiektuak jorratzeko. Egonaldi hauek, gainera, harreman-kapitala hobetzen dute. Oso gomendagarriak dira. Garai batean sei hilabeteko edo urtebeteko denboraldi sabatikoa egiteko aukera zegoen, baina dagoeneko ez da posible unibertsitateko aurrekontuen austeritatea dela eta.

    Oraingo honetan, egonaldia hilabete bakarrekoa eta UPV/EHUko Zuzenbide Kooperatiboko eta Gizarte Ekonomiako Institutuan da, GEZKIn. Aukera ez da zaila izan, lehenenik eta behin, gonbidatu nauen gizataldeagatik: harreman estua eta luzea mantentzen dut institutuko ikertzaileekin eta, bereziki, gizatasun eta kalitate profesional handia duen Baleren Bakaikoarekin. Une honetan, haiekin nabil lanean hainbat proiektutan. Gizatasunaren ezaugarria, beraz, ez da bigarren mailakoa; ongi dakite hori espainiar ikertzaile gazteek ustez aurreratuagoak diren herrialdeetara joaten direnean. Bigarren arrazoiak ikerkuntzarekin du zerikusia. Badira urteak, landa-lana egin nahi dudala, elkarrizketak eginez, bai munduan sona handia duen Mondragon esperientzia kooperatiboari lotuta dauden pertsonei eta bai antolatutako euskal gizarte zibilean parte hartzen dutenei; eta iritsi da aukera. Azken arrazoia, baina ez garrantzi gutxiagokoa, beti gustatu izan zait lurralde hau; etxean bezala sentitzen naiz.

    Zein izan da zure iritziz gizarte-ekonomiaren zeregina, oro har, gizarteak bizi izan dituen eta bizitzen ari den krisi egoeretan?

    Gizarte-ekonomia, sektore publiko eta pribatu tradizionalarekin batera, sistema ekonomikoa osatzen duten hiru alorretako bat da. Sistema horrek hiritarren zerbitzura egon beharko luke.

    Azken bi alor horietako batek okerrera egiten badu edota eraldatzen bada, eragina du beste bietan; hau da, gizarte-ekonomian ere bai. Egoera horietan gizarte-ekonomiaren funtzio aringarria azaleratzen da, historian zehar eta, batez ere, krisi garaietan gertatu den bezala: gizarte-ekonomiak krisian zeuden enpresa tradizionalak ‘suspertu’ ditu, eta lanpostuak nahiz enpresa-sarea mantentzeko gauza dela erakutsi du. Sektore publikoak ez duenean ongizate sozialerako eskaintza edo laguntza nahikoa eman ere, hirugarren sektore soziala izan da babes gutxien duen kolektiboa babestu duena.

    Gizarte-ekonomiak, bestalde, sisteman funtzio eraberritzailea eta eraldatzailea izan du. Historikoki hainbat eskaera sozialei eta arazo esanguratsuei erantzun berritzaileak ematen jakin du; beste bi sektoreek, publikoak eta pribatu tradizionalak, egiten jakin ez dutena. Are gehiago, gizarte-ekonomia gizarteak emandako erantzun berritzaileetatik jaio izan da beti, eta krisialdietan gaitasun sortzaile hori berriro ikusteko aukera izaten da. Azken urteotan, esaterako, ekintza berri mordoa ezagutzeko aukera izaten ari gara: moneta sozialak edota elkarlaneko ekonomia, besteak beste.

    Uste duzu gizarte-ekonomiak duen ahalmen guztia erakutsi duela krisiaren ondorioei aurre egiteko, bereziki, lanpostu eta enpresen suntsiketei dagokienez?

    Gizarte-ekonomia krisiaren ondorioak arintzeko garrantzi handiko tresna da, eta baita sistemaren eskaerei erantzun eraginkor eta berritzaileak emateko ere. Halere, duen indar guztia erabili ahal izateko eta ekonomiak, bere osotasunean, ahalmen hori beregana dezan, esku-hartze zabal eta eraginkorra egin beharko lukete administrazioek.

    Duela sei urte, krisia hasi zenean, aditu askok garapen eredua eta politika publikoak eraldatzearen aldeko apustua egin zuten, gizarte-ekonomiari posizio nabarmenagoa eman asmoz. Espainiako eta Europako gizarte-ekonomian, egoera hori aukera oso ontzat eman zen. Gainera, une hartan, gure herrialdean bi lege onartu ziren ildo berean: Ekonomia Iraunkorraren Legea eta Gizarte Ekonomiaren Legea. Zoritxarrez, ustezko aldaketa ez zen gauzatu. Krisia hasi eta gutxira, joera keynesiarreko (gogora dezagun ‘E Plana’) politika hedakorrak garatu zituzten epe laburrez, baina jarraian austeritate handiko urteak iritsi ziren eta gizarte-ekonomiak arreta gutxiago jaso zuen. Garaiotan, eskuragarri dauden datuek erakutsi dute gizarte-ekonomiak enplegu arloan duen sentsibilizazio maila altuagoa dela: bataz beste, eredu honek enpresa pribatu tradizionalek baino lanpostu gutxiago galdu ditu. Sektore honi lagungarri izateko neurri eraginkorrak hartu izan balira, krisiak sorturiko kostu sozial eta ekonomikoa askoz ere txikiagoa izango zen Espainiako ekonomiarentzat.

    Aipa ditzakezu hartu beharreko zenbait neurri?

    Espainiako botere publikoek, bai Estatukoak bai autonomikoak, maiz legeak onartu bai baina ez dituzte behar bezala gizarteratzen; hau da, lege horien sustatzaileek proposatutakoaren eta gero aplikatzen dutenaren artean alde handia dago.

    Horri dagokionez, bi kasu dira paradigmatikoak gizarte-ekonomian: Valentziako Erkidegoko kooperatiben legea, 2003 urtekoa, eta gizarte-ekonomiaren legea, 2011koa. Arau horietan kooperatiba-sektorea eta gizarte-ekonomia garatzeko politika publikoko neurri ugari aurki daitezke. Bigarren legean, gainera, ‘Gizarte-ekonomiako entitateen sustapen plana’ izenburuko atala ere topa daiteke, plana diseinatzeko eta aplikatzeko epe batekin. Aipatutako arauak belgikar eta frantziar gobernuentzat eredu izan zitezkeen, gizarte-ekonomiaren inguruko legeak ere onartu baitituzte. Tamalez, legeen aplikazioa eskasa izan da urteotan, nahiz eta joera-aldaketa antzematen hasi den.

     

    Iturria: OVES-GEEB

     

  • ‘Economía Social: identidad, desafíos y estrategias’ liburua argitaratu dute

    ‘Economía Social: identidad, desafíos y estrategias’ liburua argitaratu dute

    'Economía Social: identidad, desafíos y estrategias' liburua argitaratu berri da Gemma Fajardo García eta Mª José Senent Vidal irakasleen koordinaziopean. Bertan, 2012an Valentzian egin zen RULESCOOP kongresuan landutako azterlanen zati adierazgarri bat azaltzen da. Euro-latinoamerikar eremuan gizarte-ekonomiaren eta kooperatiben inguruko ikerkuntza lantzeko unibertsitate sarea da RULESCOOP.

    Kongresu horretan aurkeztu zituzten, eta http://www.congresorulescoop2012.es/comunicaciones/ web orrian ikusgai dauden, komunikazioez gain, jardunaldi horietako txostenak ere jaso dituzte liburuan, baita gizarte-ekonomian, ekonomia solidarioan eta Europako eta Latinoamerikako gizarte-enpresetan adituak direnen lan onenak ere.

    Azterlanek, besteak beste, zuzenbide kooperatiboak mundu globalizatuan duen lekua ikertzen dute: enpresa kooperatibo eta sozialaren rola sistema ekonomikoen aldaketan; herri-ekonomia Latinoamerikako ekonomia solidarioaren jatorrian; banku kooperatiboen kontzentrazioa; hiritarren parte hartzea beren etxebizitzen sustapenean; gizarte-ekonomiaren sustapenerako programak; sektorearen etorkizuna edota unibertsitatearekin harremanak, eta abar.

    Iturria: Espainiako CIRIEC.

     

  • Lan Elkartuko Mikro Kooperatiben Foru Legea onetsi du Nafarroak

    Lan Elkartuko Mikro Kooperatiben Foru Legea onetsi du Nafarroak

    Nafarroako Lan Enpresen Elkarteak (NLEE) proposatu duen Lan Elkartuko Mikro Kooperatiben Foru Lege berriak, Nafarroako parlamentuan talde guztiek aho batez onartua izan denak, jarrera ekintzailea eta gizarte-ekonomiak eskaintzen duen enpresa-eredua sustatu nahi ditu.

    Arau berria onetsi baino lehen, kooperatibek hiru bazkide izan behar zituzten gutxienez, eta kooperatiba handien pareko baldintzak bete behar zituzten tramite kontuetan, bazkideen ekarpenetan eta kontratazioetan. Hemendik aurrera, legearen babesean, nahikoa izango da bi bazkidek elkarrekin proiektu bat aurrera atera nahi izatea kooperatiba berri bat osatu ahal izateko, gutxienez bi eta gehienez hamar bazkide-langile izatearekin kooperatiba sortzeko aukera izango da eta.

    Lege berriak kooperatiba ez den sozietatea mikro kooperatiba batean bihurtzea ahalbidetzen du. Gainera, lehendik kooperatiba-sozietatea zenak bere estatutuak egokitu ahalko ditu arau berriaren arabera. Bestalde, enpresa eratzeko fasean egin beharreko eskakizunak zein tramiteak sinplifikatu ditu lege-testuak.

    Iturria: OVES-GEEB

     

  • Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Masterraren itxiera ekitaldia

    Gaur arratsaldeko 16:30etan izango da UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Masterraren itxiera ekitaldia Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan. Ekiltakdian, Joan Ramón Sanchis Palacio eskutik, Universitat de Valènciako IUDESCOOP Gizarte Ekonomiako Uniberstitatea Institutuko Zuzendaria, “De la crisis bancaria a la banca ética. Una alternativa socialmente responsable” izenburua duen konferentzia izango da.

    Informazio gehiago

  • OVES/GEEB web orrian argitaratu da 2013ko txosten soziolaborala

    Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiaren web orrian eskuragarri dago Julio Astudillok egindako 2013ko txosten soziolaborala.

    Informazio gehiago

  • GEZKIko zuzendari Baleren Bakaikoak hizlari gisa parte hartu du gizarte-ekonomia ikertzen ikasteko nazioarteko mintegi batean, IUDESCOOPek antolatutakoa

    Mintegian 30 ikertzaile inguru elkartu ziren, eta gizarte-ekonomiaren inguruko ikerkuntzaren ikuspegiari buruzko jardunaldi batekin hasi zen. Bertan, hizlari ospetsuak izan ziren, Doktoretza programan daudenak; besteak beste, Baleren Bakaikoa, Euskal Herriko Unibertsitateko GEZKI institutuko zuzendariak.

     

    Informazio gehaigo

  • Gizarte ekonomiako eta ekonomia solidarioko lehen masterra egiten ari diren bi ikasle, geeb-en praktiketan

    Gizarte ekonomiako eta ekonomia solidarioko lehen masterra egiten ari diren bi ikasle, geeb-en praktiketan

    Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen duen Gizarte Ekonomiako eta Ekonomia Solidarioko lehenengo masterreko bi ikasle praktiketan daude Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokian (OVES/GEEB).

    Profil profesional ezberdinak dituzte, baina ekonomia sozial eta solidarioan espezializatu dira biak. Enpresen Administrazio ikasketak egindako Ignacio Bretos Fernández eta kazetaritzan graduatutako María Esther Guzmán aukeratuak izan dira Behatokian hainbat zeregin aurrera eramateko.

    Beren prestakuntza programaren baitan, hirugarren zikloko ikasle hauek euskal gizarte-ekonomiaren eremuan kuantifikazio eta identifikazio jarduerak garatuko dituzte, eta hileroko aldizkari elektronikoa lantzen parte hartuko dute.

    Iturria: OVES/GEEB

  • ATLAS-KOOP eskuragarri dago

    Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiaren webgunean eskuragarri dago ATLAS-KOOP erreminta, euskal kooperatibismoaren informazio geografikoa eskaintzen duen aplikazioa. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak finantzatu du.

     

    ATLAS-KOOP

  • Gizarte Ekonomiako eta Ekonomia Solidarioko Unibertsitate Master Ofiziala bigarren urtez eskainiko du GEZKIk

    Gizarte Ekonomiako eta Ekonomia Solidarioko Unibertsitate Master Ofiziala bigarren urtez eskainiko du GEZKIk

    Apirilean Euskal Herriko Unibertsitateko master ofizialetarako izen-emate epea irekiko dute. EHUko Masterren eta Doktoretza Ikastaroen Eskolak antolatutako Masterraren Astean aurkeztu zituzten prestakuntza-programa horiek (http://www.ehu.es/eu/web/mde/master-astea).

    Aste horren barruan antolatutako ekintzen barne, martxoaren 18an, Gizarte Ekonomiako eta Ekonomia Solidarioko Unibertsitate Master Ofiziala aurkeztu zuen GEZKIk, EHUko Gizarte Ekonomiako eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutuak. 2014-2015 ikasturtean bigarren urtez eskainiko du EHUk prestakuntza-programa hori.

    Era berean, 2013-2014 ikasturteko hitzaldi programaren barne, mintegi bat egin zen martxoaren 14an, Donostiako Unibertsitate Ikasketen Eskolan. ‘Nola lortu herri-ekonomia sustatzeko baliabideak? Finantza-kooperatibak eta fondo bilketa enpresa sozial eta solidarioetan’ izenburua zuen masterreko ikasleek bultzatutako topaketa horrek.

    KOOP 57 – EHko kidea den Liher Gonzálezek (http://www.coop57.coop/) hitzaldia eskaini zuen eta eztabaida egin zen ondoren.

     

    Iturria: GEZKI