Egilea: editorea

  • GUREAKek Tolosako N-1eko 15 langileak lanpostu berrietan kokatu ditu

    GUREAKek Tolosako N-1eko 15 langileak lanpostu berrietan kokatu ditu

    Tolosako N-1eko gasolindegiko 15 langileak GUREAKen enpresa eta lantokietan kokatuko dituzte, beren hornitegia apurtuta geratu baita denboralearen eraginez mendi-magala eraisterakoan. Bertan, GUREAKek hitzarmena zuen REPSOLekin, desgaitasuna duten 15 pertsona horiei lana emateko.

    Modu horretan, GUREAKek gizarte-ekonomiaren helburuetako bat leialtasunez betetzen jarraitzen du; pertsona eta xede sozialak interes ekonomikoen gainetik ezartzea. Horretarako, langileen kaleratzea ekidin du, euren enplegagarritasuna aztertuz eta beraientzat egokiak diren lanpostuak bilatuz.

    Iturria: GUREAK

     

  • Kudeaketa hobetzeko diru-laguntzak eskainiko dituen Kudeabide Programa martxan jarri dute

    Kudeaketa hobetzeko diru-laguntzak eskainiko dituen Kudeabide Programa martxan jarri dute

    Kudeabide Progama berriro jarri dute martxan Eusko Jaurlaritzak eta hiru lurralde historikoetako foru aldundiek. Ekimen hori enpresako hainbat arloko kudeaketa hobetzera bideratuta dago.

    Kudeabideren helburu nagusia euskal enpresen lehiakortasuna sustatzea da; metodologiak, tresnak eta berariazko kudeaketa aurreratuaren printzipioak erabiliz, eta hasierako kontrasteen eta proiektu pilotuen edota finkatze proiektuen bidez. Horrela, aukerako bideak edota osagarriak planteatzen zaizkie enpresei, kudeaketa aurreratuan duten mailaren arabera eta, zentzu horretan, pertsonek hobekuntzak egiteko duten gaitasunaren arabera.

    Soprecs, ASLE taldeko aholkularitzako enpresa, profesionalak trebatzeaz arduratuko da, Kudeabide Programaren Kudeaketa Aurreratuaren Eredu gisako arloetan, esaterako. Programa horretan parte hartu ahalko duten enpresek bost langile edo gehiago izan beharko dituzte, eta industria sektorean, nahiz industriarekin lotuta dauden zerbitzuetan, edota komunikazio eta informazio gizarteko eremuan lan egin beharko dute. Era berean, egoitza sozialak edo lantokiak EAEn egon beharko du.

    Iturria: ASLE eta OVES/GEEB

     

  • Master Astea 2015 ospakizuna

    Master Astea 2015 ospakizuna

    Pasa den martxoaren 9an, 11n eta 13an Master Astea burutu zuen UPV/EHUko Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko campusetan, egitarau eta jarduera berdintsuekin.

    Hilaren 9an Donostiako Carlos Santamaría zentroan egin zen ekitaldia. Arratsaldeko 15:30ean hasi zen UPV/EHUko errektorearen, Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearen eta UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako zuzendariaren agurrarekin. Ondoren Eva Ferreiraren, EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko katedradunaren, 'Sexua, jokoa eta politika: Begirada matematikoak' hitzaldia aurkeztu zuten. Geroago, Gipuzkoako campusean 2013-14. ikasturteko masterretako ikasle onenei diplomak banatu zizkieten. Standen irekiera eta masterren aurkezpena arratsaldeko 16:00etatik 19:30era bitartean luzatu zen.

    Era berean, Araba eta Bizkaiko errektoreordeen eta Master eta Doktorego Eskolako zuzendariaren agurrekin hasi ziren martxoaren 11n Vitoria-Gasteizeko Lascaray Ikergunean izandako ekitaldia eta hilaren 13an Bilboko Bizkaia Aretoan egindakoa. Kasu horietan ere, bi campusetan 2013-14 ikasturteko masterren ikasle onenei diplomak banatu zizkieten, eta arratsaldean zehar standak ireki eta masterren aurkezpenak egin zituzten.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • Iritzia: Alejandro Martínez Charterina, Deustuko Unibertsitateko katedraduna eta Zuzenbide Fakultateko Ikasketa Kooperatiboen Institutuko zuzendaria

    Iritzia: Alejandro Martínez Charterina, Deustuko Unibertsitateko katedraduna eta Zuzenbide Fakultateko Ikasketa Kooperatiboen Institutuko zuzendaria

    Gazteak eta kooperatibak

     

    Nazio Batuen Erakundeak 2011 Gazteen Nazioarteko Urtea izendatu zuen, eta 2012a, Kooperatiben Nazioarteko Urtea.

    2013-14 ikasturtean zenbait jarduera burutu zituen Estatuko sektoreak kooperatiben eta gazteen arteko harremanean sakontzeko eta, bide batez, Nazio Batuek bi urtez jarraian jorratutako gaiekin bat egiteko. Ekimen horietan Deustuko Ikasketa Kooperatiboen Institutuak parte hartu zuen, besteak beste. Azken bi urteotan egindako lanaren emaitza izan da 'Difusión de los valores y principios cooperativos entre la juventud' (Dykinson, Madril, 2015) argitalpena.

    Hausnarketa horren abiapuntua da gazteak, zalantzarik gabe, edozein gizarterentzat aberasgarriak direla, etorkizunari aurre egiteko protagonismoa hartu beharko baitute. Beraz, kooperatibek beraiengan pentsatzen dute, orainean parte har dezaten sustatzeko eta enpresaren jarraipena beregain uzteko. Jada 1995ean, Manchesterren, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak izaera kooperatiboaren deklarazioa onartzerakoan azpimarratu zuenez, kooperazioaren balioei eta onurei buruzko informazioa eman behar diete kooperatibek gazteei. Hori da hezkuntzari, heziketari eta informazioari buruzko bosgarren printzipioak dioena, "urrezko arautzat" hartua izan denak, hain zuzen.

    Gaur egun, berriz, ezinegona sortzen duten bi errealitateren aurrean gaude: batetik, aurrerapen teknologikoak direla eta, bereziki komunikazioen arloan, belaunaldi txandaketa nabarmen handitu da; eta, gainera, biztanleriaren piramidea herrialde garatuetan alderantzikatzen hasi da. Bestetik, gazteriaren erdiak ezin du lanposturik lortu aurrekaririk ez duen krisian murgilduta gaudenetik. Egoera honetan hainbat galdera egiteko aukera dago: Nola erantzungo diete gazteek aldaketa indartsu eta azkarrei? Zein bilakaera izango dute haien bizitzek, balioek eta konprometitzeko gaitasunak? Zein leku izango du hain ondo prestatua dagoen belaunaldi gazteak, adinari dagozkion idealak eta indarra, munduan zehar mugitzeko erraztasuna eta teknologia berriak ondo maneiatzeko gaitasuna dituenak?

    Egoera honetan, kooperatibak aukera ona izan daitezke gazteentzat, errealizazio pertsonala eta profesionala eskaini diezaieketelako: lana, prestakuntza, kudeaketa demokratikoan eskarmentua izateko eta ardurak bereganatzeko aukera, baita haien beharrak hein handi batean asetzeko bidea eman ere.

    Baina, aldi berean, gazteek asko dute kooperatibei eskaintzeko: etorkizunari aurre egiteko ideia eta ikuspuntu berriak, prestakuntza egokia, jarraipena lidergoan, eta enpresa demokratikoa, iraunkorra eta sozialki arduratsua gauzatzeko nahia.

    2014ko espainiar gazteen tipologiaren ikerketa sakona egin eta gero, haien balioen arabera, Javier Elzo soziologo katedradunak uste du gazteriaren erdia baino gehiagok, 15 eta 24 urte bitartean, ez lukeela arazorik izango kooperatibismoaren filosofiarekin bat etortzeko eta etorkizunean aurrera egiteko oinarri sendo bat eraikitzeko.

    Horren aurrean, eta kooperatibismoak dakartzan onurak kontuan izanda, ezinbestekoa da kooperatibek eta haien erakundeek gazteekin duten harremana estutzea; hau da, komunikazioa, prestakuntza eta parte hartzeko aukerak sortzea.

    Komunikazioa etengabeko erronka da kooperatibentzat, bereziki nekez ikusiak diren eremuetan. Prestakuntza kooperatibismoaren funtsean dago; izan ere, enpresa-izaera jakin bat ezagutu eta onartzea eskatzen die langileei. Nortasun horrek, gainera, euren jarduera inspiratu behar du, eta ardurak hartzeko gaitasuna eman. Kooperatiba batean sartu edo berria eratzeko erraztasunak dituzte interesatuek, horrelako enpresetan langileek parte hartzea eskuragarri baitute.

     

  • Lan-sozietateen mundutik datorren Ángel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu izendatu dute

    Lan-sozietateen mundutik datorren Ángel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu izendatu dute

    ASLErekin lotura estua eta lan-sozietateen munduan eskarmentu handia izan duen Ángel Toña Guenaga Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu izendatu dute.

    Sailburu berria, Ondarroan jaioa (Bizkaia), Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea da Deustuko Unibertsitatean. Bertan irakasle gisa dihardu 1978tik, eta egun gizarte, profesionaltasun eta enpresa etikako eskolak ematen ditu Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (Deusto Business School), baita Enpresako Etika eta Gizarte Erantzukizuneko ikasgaia ere Giza Baliabideen Masterrean. 2002 eta 2004 urteen artean Politika Zientziak eta Soziologia Fakultateko dekanoa izan zen unibertsitate horretan, eta Deusto Fundazioko Ikerketa Sozialen zuzendari kargua izan zuen 2004 eta 2006 artean.

    Bestalde, lan-harremanen kudeaketari oso lotua egon da bere lan-ibilbidea. Zamudioko Eléxpuru argitaletxearen zuzendari nagusia izan zen 80. hamarkada hasieran. Horrela, garai hartako industriaren birmoldaketa-prozesuen oinarriak ezagutu zituen, eta krisi larri baten ondoren enpresak iraunarazteko esfortzuak gertutik ikusi zituen.

    Lan-sozietateen munduan egon ondoren, enpresaren eta hezkuntzaren arloan jardun zuen lanean, betiere gizarte-ekonomiaren balioak zabalduz; parte-hartzea, demokrazia eta elkartasuna, besteak beste.

    Iturria: ASLE eta GEEB

     

  • Felix Baltistan Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak neskato pakistandarren eskolaratzea sustatuko dute

    Felix Baltistan Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak neskato pakistandarren eskolaratzea sustatuko dute

    Felix Baltistan Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak hezkuntza proiektu bat bultzatuko dute Pakistango Hushé bailaran. Ekialde urruneko herrialdeko haran hori mendiz inguratutako lekua da, eta eskolaratzea zaila eta, maiz, arriskutsua izan daiteke; are gehiago neskatoen kasuan. Bi euskal entitateek bultzatutako kanpainaren helburua haur horiei eskolara joateko aukera ematea da.

    Lankidetza horren bidez, Mondragon Unibertsitateak 6.300 euro emango dizkio euskal fundazioari 100 neskatila pakistandar eskolaratzeko asmoz. Kanpaina martxan egongo da 2015eko ekainera arte, eta xedea Instagram sarearen bidez 8.035 argazki biltzea da, Pakistango Gasherbrum mendiak duen metro adina.

    Erronka pausoz pauso beteko dute; hau da, bidalitako 1.000 argazki-sorta bakoitzeko unibertsitateak 12 beka emango dizkio dohaintzan Felix Baltistan fundazioari. Gainera, mapan markatutako kanpamendu baseak lortzean, Hushé bailarako eskolak beka bat eskuratuko du. Erronka betetzeko behar diren 8.035 irudiak biltzean, Mondragon Unibertsitateak 16 diru-laguntza emango ditu neska ikasleentzat, eta bi beka irakasleen prestakuntzarako.

    Proiektuaren garapen osoa urratsez urrats segi daiteke www.mondragon.edu/erronkarakoprest/ web orrian.

    Egitasmoan parte hartzeko eta erronka betetzen laguntzeko, pauso hauek jarraitu behar dira:

    1. Instagram sarea erabiliz, telefonoarekin argazkia atera. Edozein irudik balio du: parajeak, pertsonak, gauzak…

    2. Mondragon Unibertsitateko logoa ager dadila. Logoa nolakoa den ez dio axola: marrazkiak, zirriborroa, paperean egina, moztua… Sortzaile izan! (orain arte bidalitako argazkiak).

    3. Argazkiak hashtag honekin etiketatu: #erronkarakoprest. Hashtag horrekin etiketatzea ezinbestekoa da irudiak aurkitzeko eta erronkaren web orrian ipintzeko.

    Parte-hartzea bultzatzen duen proiektu horrekin, Felix Baltistan Fundazioak Pakistanen egiten ari den hezkuntza-lana sustatu nahi dute, eta euskal gizartean ezagutzera eman.

    Iturria: Mondragon Unibertsitatea

     

     

  • Alberto Gorroñogoitia eta Juan María Palencia, Mondragon taldeko izendatze berriak

    Alberto Gorroñogoitia eta Juan María Palencia, Mondragon taldeko izendatze berriak

    Alberto Gorroñogoitiak bere agintaldia hasi du MONDRAGON Ingeniaritza eta Zerbitzuak (MISE) taldeko lehendakariorde gisa. Javier Sotil ordezkatu du karguan, azken hori korporazioko kontseilu orokorreko zuzendari izendatu baitute. Alberto, azken hamar urteotan, LKS Ingeniaritzako zuzendari nagusia izan da.

    Alberto Gorroñogoitia Arrasaten (Gipuzkoan) jaio zen 1959. urtean. Bide, Ubide eta Portuetako ingeniaria da, Kantabriako eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoetan ikasketak burutu zituenetik. Bere lan-ibilbidea LKS kooperatibara loturik egon da, nahiz eta bere lehen pausoak Ulmatik-en (Fagor) eman zituen, 1987. urtean Euskadiko Kutxako enpresa-barrutira pasa arte. 1991an LKS proiektura elkartu zen, kooperatiba independente bihurtu zenean, eta 1996. urtetik aurrera, LKS Ingeniaritzan lanpostu desberdinak izan zituen. Azken kargua zuzendaritza orokorra izan da, 2005. urtera arte.

    Beste aldetik, Juan María Palencia korporazioko Berrikuntza, Sustapen eta Ezagutza departamenduaren lehendakariorde bilakatu da. Otsailaren 13an izendatu zuten Batzorde Iraunkorrean, eta CHP Automobilgintza Dibisioaren lehendakariorde eginkizunekin uztartuko du lana.

    Juan María Palencia ere Arrasaten (Gipuzkoan) jaio zen 1961. urtean. Industria ingeniaria da, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan. Bere lanbide-ibilbidea Fagor Ederlanen hasi zuen 1987. urtean, mantentze-lanen departamentuarekin loturiko berrikuntza gaiekin. Gero, industria-prozesuetan hobekuntzak lortzeko proiektu-burua izan zen. 1992. urtean Fagor Ederlaneko aluminioko lantegiko produkzio-zuzendaria izan zen, eta urte horretan bertan, fabrika horretako zuzendari izendatu zuten. 2001. urteko urtarrilean, Fagor Ederlaneko zuzendaritza orokorrera egin zuen salto, eta 2008. urtean, CHP Automobilgintza Dibisioaren lehendakariorde izendatu zuten.

     

    Iturria: TU LANKIDE

     

  • ‘Difusión de los valores y principios cooperativos entre la juventud’ liburua argitaratu dute

    ‘Difusión de los valores y principios cooperativos entre la juventud’ liburua argitaratu dute

    Deustuko Ikasketa Kooperatiboen Institutuak 'Difusión de los valores y principios cooperativos entre la juventud' liburua kaleratu du, Madrilgo Dykinson argitaletxearen eskutik eta Vega María Arnáez Arcek koordinatuta.

    Vega María Arnáez Zuzenbidean doktorea da, eta Administrazio Zuzenbideaz arduratzen da Deustuko Unibertsitatean. Gainera, zenbait irakasgai ematen ditu, bai Zuzenbide Graduan eta bai Administrazio eta Enpresa Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu bikoitzean. Duela gutxi, hainbat gai lantzen aritu da, zerbitzu publikoen kudeaketan hiritarrek parte hartzeari buruz eta botere publikoek jarduera ekonomikoan eta sektore arautuetan esku hartzearen inguruan. 'Botere publikoa eta enpresa, nazioz gaindiko eta maila anitzeko testuinguruan' izeneko ikerketa-taldearen barne dago.

    Gazteriaren eta kooperatiben arteko harremanean sakontzen duen liburu honetan parte hartu dute, besteak beste, GEZKIko zuzendari ohi Baleren Bakaikoa Azurmendik, 'XXI. mendean gazteek elkar-lankidetzan eta kooperatibismoan parte hartzeari buruzko gogoeta batzuk' kapituluarekin; eta Alejandro Martínez Charterinak, GEEBen 77. barne-buletin honetan iritzi artikulua idatzi duenak, 'Kooperatibak eta gazteak gaur egun' kapituluarekin. Era berean, kooperatiben arloan adituak diren beste zenbaitek ere hartu dute parte: Alberto Atxabal Radak, Gabriela Buffak, José Eduardo de Mirandak, Javier Elzok, Antonio Ficik, Enrique Gadeak, Orisel Hernández Aguilarrek, Gonzalo Martínez Etxebarriak eta Orestes Rodríguez Musak.

    Liburua 'Difusion de los valores y principios cooperativos entre los jóvenes' ikerkuntza-proiektutik sortu da, eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken saileko Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak finantzatu du.

    Kooperatiben mugimenduari bultzada eman eta zabaltzeko apustua egiten du lan horrek, gazteei balio eta printzipio kooperatiboak transmititzearen bidez. Izan ere, haiek dira edozein gizarteren aberastasun iturri nagusietako bat.

     

    Iturria: Ikasketa Kooperatiboan Institutua eta OVES/GEEB.

     

  • Gizarte-ekonomiako enpresen presentzia atzerrian

    Gizarte-ekonomiako enpresen presentzia atzerrian

    Otsailean bi euskal enpresek gizarte-ekonomiako nazioarteko bi erakusketatan parte hartu dute.

     

    Alde batetik, Soraluce eta Danobat kooperatibek osatutako eta Mondragon taldeko kide den Danobat Groupek gasaren eta petrolioaren sektorearekin lotura duten azken makina-erreminta modeloak aurkeztu zituen HOUSTEX ferian, otsailaren 26tik 28ra bitartean Texasen (USA).

     

    Bestetik, IK4-Ikerlan EMBEDDED WORLD 2015 erakusketan egon zen, otsailaren 24tik 26ra, Nürembergen (Alemania). Han garraioaren, ekipo-ondasun industrialaren, energia eolikoaren eta goratze-sistemen sektoreekin lotutako hainbat produkturen garapena erakusteko aukera izan zuen. IK4-Ikerlan ahalegin handia egiten ari da txertatutako sistemen inguruan I+G bultzatzeko. Gailu elektroniko horiek jarrita dituzten objektuen bat edo zenbait funtzio era egonkor eta fidagarrian kontrola daitezke; besteak beste, ibilgailuetan, industria-makinetan edota aerosorgailuetan. Sistema horiek industrian lehiakortasuna bultzatzen dute, baita ezarrita dituzten objektuen ezaugarriak, seguritatea eta eraginkortasuna areagotu ere. Horrek, gainera, balioa eransten die merkatuan. IK4-Ikerlan nazioarteko erreferentzia bat da dispositibo mota horien garapenean, beste enpresa askorekin lankidetzan aritzeak eman dion eskarmentuari esker.

     

    Iturria: TU Lankide

     

  • Argitaratua dago jada GEEBk 2014. urtean landutako ‘Euskal Gizarte Ekonomiaren Egoerari buruzko Txostena’

    Argitaratua dago jada GEEBk 2014. urtean landutako ‘Euskal Gizarte Ekonomiaren Egoerari buruzko Txostena’

    Urtero bezala, Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak, 'Euskal Gizarte Ekonomiaren Egoerari buruzko Txostena' landu du 2014an.

    Dokumentuan, 2010 eta 2013 urteen artean gizarte-ekonomiako elkarteek bizi izan duten garapen ekonomiko eta soziolaborala aztertzen da; zehazki, sektoreko erakunde eta lanpostu kopurua nahiz datu ekonomikoak. Azpimarratzekoa da erabilitako informazio iturriak anitzak izan direla, eta honako hauek dira aipagarrienak: Eusko Jaurlaritzak bi urtez behin kooperatibei eta lan-elkarteei buruz egiten dituen txostenak, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren estatistikak, Foru Ogasunak emandako informazioa, eta euskal gizarte-ekonomia osatzen duten erakundeetatik nahiz beste organo publiko eta pribatuetatik lortutako datuak.

    Ikerlanean eskuratutako datuak adierazgarriak dira. Balorazio orokorra egin ondoren, nabarmendu daiteke 2013. urtean leundu egin zela euskal gizarte-ekonomiak aurreko urtean bereziki jasan zuen uzkurdura prozesua. Enplegu mailan eta erakunde kopuruan ikusten diren hobekuntza-sintomek 2012. urteko panorama zaila gainditzeko aukera eman zuten. Annus horribilis gisa izenda daiteke urte hura, ez soilik euskal gizarte-ekonomiarentzat, baizik eta baita EAEko beste sektoreentzat ere. Susperraldiari arin hari esker, 2013an gizarte-ekonomiaren sektoreak ekonomia orokorrak baino hobeto egin ahal izan zion aurre krisiari EAEn.

    Gizarte-ekonomiako entitate mota desberdinen garapena kontuan izanik, azpimarragarria da lanpostuak sortzeko aparteko gaitasuna dutela gizarteratze eta laneratze enpresek eta enplegu zentro bereziek. Bi erakunde mota horiek 2012an enplegua galdu zuten, eta 2013. urtean buelta eman zioten egoerari. Modu horretan, egiazta daiteke laneratzeko arazoak dituzten pertsonentzat funtsezko baliabideak direla enpresa eta zentro horiek.

    Kooperatibek 2012 eta 2013 urteetan enplegua galdu zuten arren, gainerako enpresek baino hobeto mantendu ahal izan zuten lanpostu tasa; eta 2010 eta 2013 urteen artean, gainera, apur bat gora egin zuten. Enpleguaren murrizketa gehiago nabarmendu da lan-sozietateetan, baina, 2010. urteaz geroztik, goranzko joera agerikoa izan da, nahiz eta 2013an pixka bat gelditu.

    Euskal gizarte-ekonomiako finantza-entitateei dagokienez, nabarmentzekoak dira kreditu kooperatibak. 2012. urte zailaren ondoren, bi euskal entitateen fusioa gertatu zen urtea hain zuzen, 2013an irabazien bidea berreskuratu eta enplegu maila egonkortu zuten. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen kasuan, berriz, 2013an 21.000 milioiko ondarea lortu zuten, 2010 eta 2013 urteen artean garapen positiboa izan ondoren. Bere aldetik, Oinarri elkarren bermerako sozietatea areagotzen ari da 2013an eginiko abalen kopurua. Horrela, euskal gizarte-ekonomiaren eta enpresa txiki eta ertainen finantzaketarako funtsezko baliabide bihurtzen ari da.

    Euskal Gizarte Ekonomiaren Egoerari buruzko Txostena irakurgai dago lotura honetan:

    http://www.oves-geeb.com/uploads/files/es/cientifico-academica/Informe_Economia_Social_vasca_noviembre_2014.pdf

    Iturria: GEEB