Egilea: editorea

  • EGES aurkeztu dute, Euskal Gizarte Ekonomiaren Sarea

    EGES aurkeztu dute, Euskal Gizarte Ekonomiaren Sarea

    Euskal Gizarte Ekonomiaren Sarea aurkeztu zuten martxoaren 25ean ASLEk, Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak; EHLABEk, Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteak; GIZATEAk, Euskadiko Gizarteratze eta Laneratze Enpresen erakundeak; KONFEKOOPek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak; eta REAS Euskadik, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioko sareak.

    Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, 11etan, egindako ekitaldian parte hartu zuten Josetxo Hernándezek, Pablo Moratallak, Jon Igartuak, Javier Goienetxeak, Josetxu Gonzálezek eta María Ubarrechenak. Gizarte-ekonomiak Euskal Autonomia Erkidegoak duen garrantzia azpimarratu zuten, 70.000 langile biltzen dituela eta enpleguaren %8,26 barne hartzen duela nabarmenduz. Era berean, GEZKIk eta OVES/GEEBek burutzen duten lana eskertu zuten, euskal gizarte-ekonomiako entitate anitzen elkargunea baitira, eta erakunde horiek EGES sarea osatzeko aurretiko pausoa ematen lagundu baitute.

    Sektoreak egindako gogoeta-prozesuaren ondorioz sortu da EGES sarea. Lankidetzaren eta elkarrizketaren bidez, gizarte-ekonomiaren aldeko apustu sendoa egiten du entitate berriak, sektore hori egungo arazo ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak gainditzeko eredua dela uste baitute. Horrez gain, ekonomiak gizartean duen papera birpentsatzearen alde daude; izan ere, uste dute pertsonen, komunitatearen eta bizitzaren jasangarritasunaren zerbitzura jarri beharko litzatekeela.

    Sarearen helburu nagusiak honakoak dira:

    – Gizarte-ekonomia eta sektore konkretu bakoitzaren helburuak ikusaraztea.

    – Gizarte-ekonomiaren onurak ezagutaraztea euskal gizartean, eta eragile instituzionalak, politikoak eta sozialak ere sentsibilizatzea.

    – Gizarte-ekonomiaren hazkuntza sustatzea, eta sektorean elkarlana areagotzea.

     

    Bestalde, erronka aipagarrienetarikoak dira gizarte-ekonomiako ekimenak haz daitezen bultzatzea, pertsonaren partaidetzan oinarritutako enpresa-kudeaketarako erremintak garatzea, euskal gizarte-ekonomiako eragileen elkarlanerako espazioak suspertzea, eta erakundeen aurrean aintzatespen sendoagoa lortzea.

     

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • CESEk sistema finantzarioaren aniztasunaren aldeko irizpena onartu du

    CESEk sistema finantzarioaren aniztasunaren aldeko irizpena onartu du

    Joan den otsailaren 18an, Europako Ekonomia eta Gizarteko Lantaldeak ECO/371 irizpena onartu zuen, sistema finantzarioaren “biodibertsitatearen” alde. Lurralde kohesioari begira, kreditu-kooperatiben eta aurrezki-kutxen zeregina indartzea du helburu. Horretarako, banku-mota horietan arauak aplikatzeko garaian bidegabekeria saihestea oso garrantzitsua dela nabarmendu du.

    Irizpenean irakur daitekeen helburuetako bat shareholders-value bankuak stakeholders-value bankuen osagarri izatea da. Modu honetan, Europako komunitatearen erabakia babesten dute, hau da, arautze finantzario berrian banku txikizkaria kontuan izateko aukera. Horrela, etorkizuneko erronkei dagokienez, Europa aldaketaren eragile bihurtu da esparru finantzarioan, Europako sistema finantzarioan kreditu-kooperatibak eta aurrezki-kutxak indartzeko hartutako neurriak direla eta.

    Banku sozialak gizartean beharrezkoak diren ezaugarriak ditu, eta kontuan hartu beharko litzateke, esaterako: bertako sare produktiboarekin lotura, lurraldean bertan finkatuta egotea, merkataritza-sare sendoa, bezeroarekiko gertutasuna, eta solidaritatea. Inbertsioak, gainera, lurraldearen barne-garapenerako politiketara bideratuta daude.

    Krisiaren azken urteotan datu positiboak lortu dituzte kreditu-kooperatibek, aurrezki-kutxek erreskate, saneamendu, bateratze eta eskuratze, nazionalizazio eta bankarizazio prozesuak izan badituzte ere. Horregatik guztiagatik, CESEk aurrezki-kutxetan aplikatzen diren arautze neurrietan nolabaiteko malgutasuna eskatu du bankarizazio prozesua saihesteko; bestela, gizarteak mendeetan sortu den pisuzko aktibo soziala galduko luke.

     

    Iturria: Gizarte Ekonomiako Espainiako Behatokia

     

  • Ner Taldeak Kutxa Ner sortu du, bere 21 konpainiei zuzendutako enpresa zerbitzuen kooperatiba

    Ner Taldeak Kutxa Ner sortu du, bere 21 konpainiei zuzendutako enpresa zerbitzuen kooperatiba

    Ner Taldea elkartearen barruan, eredu berriko harremanak ardatz dituzten hainbat erakunde daude. Era honetan, eskarmentuak, sinergiak eta ezagutzak konpartitzen dituzte, baita ahaleginak batu ere, hobetzeko, aurrera egiteko, eraginkorragoak izateko eta emaitza hobeak lortzeko. Elkarte bezala gizartearekiko kezka adierazten dute, bidezko giza garapena eta iraunkorra bilatzen baitute.

    Duela gutxi, Taldeak Kutxa Ner sortu du, bankuekiko menpekotasunik ez duen enpresa-finantzazio eredu berria, Taldeko konpainien finantza-zerbitzuen mutualizazio gisa. Horrela, haien jarduera mantentzeko diru-funtsa behar duten proiektuak finantzatu ahalko dituzte, hedapen planak gauzatu eta errotazio-fondoa errazten duten epe laburreko proiektuak aurrera eraman.

    Hasiera batean, 1.000 euroko ekarpena egingo dute. Horietatik, 500 euro kapital sozialera bideratuko dituzte, eta beste 500 hasierako gastuak ordaintzeko izango dira. Gainera, bankuekiko menpekotasuna murrizteko urtero salmentarekin lortutako diruaren %1 emango dute; Iaz, 3 milioi euro izan ziren.

    Bestalde, fondoen ordainketa %1koa izango da, merkatuak eskaintzen duen %0,3aren aldean. Maileguetan, berriz, tasak %2,5 eta %2,8koak dira, merkatuak eskaintzen duen %4aren eta %6aren aldean. Hala ere, kasu honetan ez dago bankuek kobratzen duten ohiko komisiorik.

    Kutxa Ner elkartea duela lau urte sortu zen hausnarketa prozesu baten ondorioz, eta bankuek enpresa batzuekin izan duten jarrera ezkorrari eta babes faltari erantzuten dio. Zentzu honetan, ikerketa baten bidez, ondorioztatu dute Ner Taldeko etxeen jarduerek bankuei 3 milioi euroko onura ekartzen dietela; bere entitateekin dituzten nominak, erreziboak eta kredituak gehituz gero, 4 milioi eurotara irits daitekeen emaitza. Hala ere, bankuen babes faltak, finantzazio faltak, oso interesgarriak ziren proiektuak baztertzea eragin zuen. Nahiz eta kasu batzuetan eskatzen zena oso kopuru txikia izan.

    Hasieran Kutxa Ner elkarteko kideak soilik Taldeko enpresak izan arren, badira sozietate mugatuak, kooperatibak eta irabazi-asmorik gabeko elkarteak ere. Helburua epe luzera entitate partikularrak ere kontuan hartzea da, ez bakarrik taldean lan egiten duten 1.600 langileak, baizik eta gizartea, oro har.

    Iturria: Noticias de Gipuzkoa

     

  • Fiare Banku Etikoa entitatearen inaugurazio ofiziala Bilbon

    Fiare Banku Etikoa entitatearen inaugurazio ofiziala Bilbon

    Martxoak 27, 18.30ean, Bilboko Erreprodukzio Museoan, Fiare Banku Etikoaren inaugurazio ofiziala egingo da; bertan, Banku Etikoaren zuzendaria den Ugo Biggeri, administrazio-kontseiluko kideak eta bankuko bazkide zein langileen ordezkariak egongo dira. Azken horiek, protagonista nagusi izan dira proiektua Estatu osoan garatzeko garaian.

    Ekitaldian parte hartuko dute Ugo Biggerik, Banku Etikoaren presidenteak; Peru Sasiak, entitateko kontseilariak; Juan Garibik, Fiare Banku Etikoaren zuzendariak; Cristina de la Cruzek, etika-batzordeko kideak, eta Beatriz Oliverrek, Fiare eremuko bazkideen erreferenteak. Beste pertsona batzuekin batera, partaideek proiektuaren historia, zentzua eta helburua aurkeztuko dute.

    Fiare Banku Etikoa finantza etikoan oinarritutako bi proiektu batuz sortu zen: Popolare Banku Etikoa, 1999tik Italian martxan dagoen banku kooperatiboa, eta Fiare, 2005etik Espainian ari dena. Biak gizartearen eraldaketaren zerbitzura egoteko tresna gisa sortu dira, gizarte-ekonomiako eta ekonomia solidarioko proiektuen finantziazioaren bidez. Gainera, finantza-bitartekotzaren kultura sustatu eta gardentasuna, partaidetza, demokrazia edota kreditua bezalako eskubideen alde egiteko xedea dute.

    Pertsonen eta erakundeen aurrezki-gordailuak erabiltzen dira garapen kooperatiboa, balio eraldatzailea, agroekologia, garapenerako lankidetza, bidezko merkataritza eta gizarte-bazterketaren aurkako borroka finantzatzeko. Finantzatutako proiektuei, alderdi ekonomikoa, soziala eta ingurumena kontuan hartuz, azterketa zehatza egiten zaie, eta gardentasuna dela-eta konfiantzazko kapitala bilakatzen dira. Dirua non inbertitzen den ezagutzea oinarrizko ezaugarria da, emandako finantzaketa argitaratzearekin batera. Horrela, kudeaketa demokratikoa eta konpromiso etikoa bermatzen dira, bazkide direnen parte-hartzearekin “pertsona bat, bozka bat” goiburupean.

    Europako erreferentziazko banku kooperatiboa da, eta dagoeneko 37.000 bazkide baino gehiago ditu Italian eta Espainian. Bost eremu geografikotan antolatuta dago, hainbat partaidetza-organorekin eta egitura dinamiko eta konplexuekin. Egitura hori guztia bertako pertsonen antolakuntzari esker mantentzen da: kultura-ekintza, egitura operatiboarekin elkarreragina, finantzaketa eskakizunen azterketa etiko-soziala eta, banku zerbitzuei begira, lurraldean dauden beharren identifikazioa lantzea.

    Iturria: Fiare

     

  • Laboral Kutxaren eredu kooperatiboak krisiari aurre egitea lortu du

    Laboral Kutxaren eredu kooperatiboak krisiari aurre egitea lortu du

    Laboral Kutxa, Mondragon Korporazioaren adar finantzarioa, gai izan da krisi ekonomikotik onik ateratzeko, kaudimenaren eta errentagarritasunaren arteko konbinazioari esker, inguruan sistema finantzarioa okertzen zen bitartean.

    2014. urtean, Laboral Kutxak 109 milioi euroko onurak izan zituen, familia eta enpresen artean mugimendu eta kreditu jariakortasun handiagoa sortu baitzuen. Gainera, 2015erako aurreikuspenak onak dira presidentea den Txomin Garciaren ustez. Hazkunderako itxaropena izan daitekeela baieztatzen du, baldintza egokiak direla eta: likidezia handia eta interes-tasa murriztuak, esaterako. Azken horrek beharrezkoa egiten du bolumen handiak mugitzea errentagarritasunean marjinak lortzeko.

    Era berean, emaitzen kontuetan interes-tasa murriztuek sortzen duten tentsioak bi dimentsiotan jorratu dutela aipatzen du: bezeroari balio erantsia eskaintzeko espezializaziora jotzea eta eraginkortasuna sustatzea. Eredu berrira egokitzea lortu dute Ipar Kutxarekin bateratuz eta seguruen negozioa integratuz, eta kostuen arrazionalizazioa eginez. Orain, bulegoak handiagoak dira, langile gehiagorekin eta produktibitate handiagoarekin. Zehazki, kudeatzen duten negozioaren gain %20ko gorakada izan dute. Zentzu honetan, aseguratzaileen jarduerak gero eta pisu handiagoa du Labora Kutxaren negozioan; “core business" deritzonaren bigarren ardatz bihurtu da bankuarekin batera.

    Bestalde, Garciak banku kooperatiboaren eredupean funtzionatzearen abantailak nabarmentzen ditu, ez baitute akziodunen eskakizunik izaten interes-tasa murriztuak direla eta, nahiz eta horiek onura handiak lortzea zaildu. Bazkide langileek, berriz, ez dute zentzu horretan presiorik egiten, haientzat entitatearen sendotasunak eta legatuak epe laburrera errentagarri izatea baino garrantzi handiagoa baitu. Horretaz gain, sektore lehiakor eta dinamiko batean bizirauteko eta eraginkorra izateko, Laboral Kutxa mundu globalizatuan tamaina handiko bankua izatea ez dela beharrezkoa erakusten ari da; langileen motibazioari eta bezeroen inplikazioari esker, hein han batean.

    Bestalde, eredu kooperatiboa agerian uzten ari da inguruko ohiko beste enpresa batzuekin alderatuz dituen ezberdintasunak. Zentzu horretan, Laboral Kutxako zuzendaritzako kideen eta presidentearen soldaten austeritatea nabarmendu du. Beste banketxe batzuetan, aldiz, soldaten ez-ohiko igoerak izan dira egungoa bezalako krisi egoeretan.

    Azkenik, Fagorren eta Eroskiren ekarpen finantzarioen komertzializazioari dagokionez, Txomin Garciak kezkatua dagoela aipatu du, zenbait bezero pozik ez daudelako eta irtenbideak topatu behar direlako. Hori lehen urratsa izan daiteke betiko zorra epekako bonuengatik ordezkatzeko.

    Iturria: El Correo

     

    Laboral Kutxa, Mondragon Korporazioaren adar finantzarioa, gai izan da krisi ekonomikotik onik ateratzeko, kaudimenaren eta errentagarritasunaren arteko konbinazioari esker, inguruan sistema finantzarioa okertzen zen bitartean.

    2014. urtean, Laboral Kutxak 109 milioi euroko onurak izan zituen, familia eta enpresen artean mugimendu eta kreditu jariakortasun handiagoa sortu baitzuen. Gainera, 2015erako aurreikuspenak onak dira presidentea den Txomin Garciaren ustez. Hazkunderako itxaropena izan daitekeela baieztatzen du, baldintza egokiak direla eta: likidezia handia eta interes-tasa murriztuak, esaterako. Azken horrek beharrezkoa egiten du bolumen handiak mugitzea errentagarritasunean marjinak lortzeko.

    Era berean, emaitzen kontuetan interes-tasa murriztuek sortzen duten tentsioak bi dimentsiotan jorratu dutela aipatzen du: bezeroari balio erantsia eskaintzeko espezializaziora jotzea eta eraginkortasuna sustatzea. Eredu berrira egokitzea lortu dute Ipar Kutxarekin bateratuz eta seguruen negozioa integratuz, eta kostuen arrazionalizazioa eginez. Orain, bulegoak handiagoak dira, langile gehiagorekin eta produktibitate handiagoarekin. Zehazki, kudeatzen duten negozioaren gain %20ko gorakada izan dute. Zentzu honetan, aseguratzaileen jarduerak gero eta pisu handiagoa du Labora Kutxaren negozioan; “core business" deritzonaren bigarren ardatz bihurtu da bankuarekin batera.

    Bestalde, Garciak banku kooperatiboaren eredupean funtzionatzearen abantailak nabarmentzen ditu, ez baitute akziodunen eskakizunik izaten interes-tasa murriztuak direla eta, nahiz eta horiek onura handiak lortzea zaildu. Bazkide langileek, berriz, ez dute zentzu horretan presiorik egiten, haientzat entitatearen sendotasunak eta legatuak epe laburrera errentagarri izatea baino garrantzi handiagoa baitu. Horretaz gain, sektore lehiakor eta dinamiko batean bizirauteko eta eraginkorra izateko, Laboral Kutxa mundu globalizatuan tamaina handiko bankua izatea ez dela beharrezkoa erakusten ari da; langileen motibazioari eta bezeroen inplikazioari esker, hein han batean.

    Bestalde, eredu kooperatiboa agerian uzten ari da inguruko ohiko beste enpresa batzuekin alderatuz dituen ezberdintasunak. Zentzu horretan, Laboral Kutxako zuzendaritzako kideen eta presidentearen soldaten austeritatea nabarmendu du. Beste banketxe batzuetan, aldiz, soldaten ez-ohiko igoerak izan dira egungoa bezalako krisi egoeretan.

    Azkenik, Fagorren eta Eroskiren ekarpen finantzarioen komertzializazioari dagokionez, Txomin Garciak kezkatua dagoela aipatu du, zenbait bezero pozik ez daudelako eta irtenbideak topatu behar direlako. Hori lehen urratsa izan daiteke betiko zorra epekako bonuengatik ordezkatzeko.

    Iturria: El Correo

     

  • Langabezi egoerak %71 igoarazi du kooperatiben kopurua Euskadin

    Langabezi egoerak %71 igoarazi du kooperatiben kopurua Euskadin

    Krisi hasieran, 2008an, 76 kooperatiba sortu ziren; 2014an, berriz, 213 izan dira.

    Urteetan enplegu suntsiketa, lan-irteera falta edota lan-eskaintza gabezia konstanteak izan dira. Horregatik, kooperatiben eredua, berriz ere, langabezi egoera gainditzeko aukera ontzat hartzen ari da. Adituek hala diote, azken urteotan epe luzeko langabetuak eta 45 urtetik gorakoak baztertzen dituen lan-merkatuaren etena areagotu besterik ez denean egin.

    Kooperatibak sustatzeko Elkar-Lan elkartean darabiltzaten estatistiken arabera, 2008tik Euskadin sortu den kooperatiba kopurua ia hirukoiztu egin da, 2008an 76 baitziren eta, 2014an, 213. Zehazki, Elkar-Lan elkarteak sustatutako kooperatiben artean, zifra %70era igo da; 2008an 40 sortu zituzten eta iaz 138. 2003an elkartea jaio zenetik, urtebetean eratutako kooperatiba kopuruari erreparatuz, lortu dituzten emaitza onenak izan dira.

    Elkar-Laneko zuzendariak, Javier Sanzek, uste du hainbat alderdik izan dutela eragina kooperatiben sorkuntzan. Batetik, 2008ko ekainaren 25ean, indarrean sartu zen Euskadiko kooperatiba-sozietate txikien 6/2008 Legea. Horren bidez, bi bazkide edo gehiagorekin kooperatibak sortzeko aukera dago.

    Bestetik, krisia amaitzen ari dela dioten arren, epe luzeko langabetuei dagokienez, lan-merkatuaren jokabidea bestelakoa izaten jarraituko du. Kooperatiben irtenbidea aukera ona izan daiteke langabezian daudenei bidea errazteko, bereziki aipatutako kolektiboarentzat.

    Aukera hori, kooperatiben ereduaren alde apustu egitea lan-irtenbide gisa, sendotzen duen beste daturik badago. Ekintzaileen artean bi motibazio nabarmendu daitezke bereziki: %53k beharragatik egin zuten eta %35k negozio aukera bat aprobetxatzearren. Eredu kooperatiboaren filosofiaz seguru egoteak %27 mugiarazi zuen, eta %20k dio langabezian egoteari utzi nahi diotelako egin dutela.

    Iturria: El Diario Vasco

     

  • REAS Euskadiren urteroko batzarra egin dute eta Incyde, Lankidetza eta Garapenerako Ekimenak, sarean sartu da

    REAS Euskadiren urteroko batzarra egin dute eta Incyde, Lankidetza eta Garapenerako Ekimenak, sarean sartu da

    Pasa den martxoaren 5ean REAS Euskadiren urteroko ohiko batzarra egin zuten Bilbon, eta sarea osatzen duten 62 erakundeetatik 50ek hartu zuten parte. Gehiengoaren botoekin, kudeaketa-txostena eta 2014. urteko kontuak onartu zituzten, eta baita 2015. urterako aurkeztutako kudeaketa-plana eta aurrekontua ere. Hortaz gehiengoaren babesa dute erakundearen jarduerak eta 2014. urterako aurkeztu dituzten erronkek.

    Gainera, plan estrategiko berria aurkeztu dute, 2015 eta 2018 urteen artean erakundearen ibilbidea ezarriko duena, botoen %100rekin. Denbora gutxi barru osatuko den Euskal Gizarte Ekonomia Sarea aurkezteko aprobetxatu zuten batzarra, eta egitura berri horretan REASek parte hartzea bozkatu zuten.

    Beste aldetik, azpimarratzekoa da batzarrean elkarteko kide berriek hartu zutela parte; besteak beste, Incyde (Lankidetza eta Garapenerako Ekimenak) kooperatibak, orain dela denbora gutxi REAS Euskadi ekonomia solidarioaren sarearekin bat egin duenak. Gizarte-aholkularitzarako enpresa bat da, eta bere fundatzaileak, Esther Canarias Fernández-Cavadak eta Fernando Altamira Basterretxeak, 15 urte daramatzate entitate publiko eta pribatuei hainbat zerbitzu eskaintzen. Besteak beste, erakundeak indartzeko prestakuntza eta aholkularitza, ebaluaketa, sistematizazioa, plangintza estrategikoa, diagnostikoa, ikaskuntza estrategikoen sorkuntza, metodologia-aholkularitza eta antolakuntzaren ongi bizitzea. Modu horretan, eta parte-hartzearen eta jabekuntzaren bitartez, garapen gizatiar, jasangarria, bidezkoa eta integrala lortzen dute.

    Horrela, Incydek REAS Euskadi sarearekin bat egin du, 50 enpresa eta gizarte- erakundez osaturik dagoen eta pertsona helburu duen entitatearekin. Giza garapen jasangarriaren bitartez, enpresa eta erakunde sare horrek gizartearen eta ekonomiaren eraldatzea bilatzen du alderdi guztietan: finantzaketa, ekoizpena, merkaturatzea eta kontsumoa. REASek kontu-ikuskaritza sozialeko erremintak eta kalitatea hobetzeko tresnak erabiltzen ditu. Gainera, kontsumo arduratsua eta bidezko merkataritza zein merkataritza ekologikoa sustatzen ditu. Finantza-baliabide etiko eta solidarioak babesten ditu, eta gizarte-sentsibilizazioa bultzatzen du, gizartearen aldaketarako eta parte-hartzerako heziketa landuz.

     

    Iturria: REAS Euskadi

     

  • Lan-sozietateek berriro ere lana sortu dute

    Lan-sozietateek berriro ere lana sortu dute

    ASLEko kide diren enpresak langile kopurua %2,7 gehitu dute 2014an, eta fakturazioak gora egitea lortu zuten %3,2, 578 milioi eurora iritsi arte.

    Euskal Autonomia Erkidegoan 659 lan-sozietate daude. Iaz baino 143 langile gehiago dituzte aurten, 6.648 guztira. ASLEko kide diren sozietateetan, gainera, sortutako lanaren %83 biltzen da.

    ASLEko presidenteak, Carlos Pujanak, eta gerenteak, Josetxo Hernández Duñabeitiak, 2014ko enpresa-bazkideen jarduera ekonomikoaren balantzea aurkeztu dute. Emaitzak, zuhurki, baikorrak direla esan daiteke; azken zenbakiak ikusita berri onik badagoela eta “era progresiboan, pixkanaka, krisia gainditzen ari garela” ondorioztatu daiteke.

    Gainera, errekuperazio hori barne-merkatuaren hobekuntzan oinarritu dela aipatu zuten, nazioarteko hainbat merkaturen ezegonkortasunak esportazioei kalte egin baitzien. Dena den, ASLEko enpresek salmenten %28 atzerrian egin zituzten.

    Egun, ASLEko datuen arabera, kide diren lan-sozietateen %21k onurak ditu, %61k kontu orekatuak ditu, %15ak arrazoizko galerak ditu eta %3 egoera txarrean dago.

    ASLEko zuzendariek krisian dauden enpresen langileei euren lan-sozietate propioa sortzea aholkatu diete, konpainiek aurrera egin dezaten. Haien ustez, lan-sozietateek eskaintzen duten “eredua oso balekoa da langileen partaidetzan oinarritutako kudeaketa duen enpresa gisa”.

    Zentzu horretan, ASLEko zuzendariek nabarmendu dute taldeak 28 lan-sozietate berri sortzen lagundu duela 2014an, horietatik 16 krisian zeuden enpresetatik sortuak. Zehazki, iazko bi kasu aipatu zituzten, antzinako Grumal Fagor eta Azkue Altzariak; izan ere, figura juridiko horretan eraldatu izanak ateak zabalik mantentzeko aukera eman die.

    Testuinguru horretan, ASLEko nagusiek enpresen birmoldaketa prozesuan Gizarte Segurantzak egindakoa kritikatu zuten. Josetxo Hernándezek esan zuenez, Gizarte Segurantzak zailtasunak dituzten enpresen birmoldaketa erraztu baino oztopatu egiten du, enplegua sustatu beharrean dirua biltzea baita haien kezka nagusia. Horrez gain, Gizarte Segurantzaren jarrera Ogasun sailak egindako planteamenduarekin alderatu zuten. Ogasunak birmoldaketa prozesuak ulertzen dituena azaldu dute, eta “enplegua mantentzeko erraztasunak eta aukerak” emango dituela.

    Iturria: Noticias de Gipuzkoa

     

     

  • Eusko Jaurlaritzak Kooperatibismoaren eta Unibertsitatearen arteko harreman ona azpimarratu du

    Eusko Jaurlaritzak Kooperatibismoaren eta Unibertsitatearen arteko harreman ona azpimarratu du

    Joan den otsailaren 24an, Carmelo Barrio euskal parlamentariak Cristina Uriarteri, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari, eta Ángel Toñari, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, bi galdera igorri zizkien Kooperatibismoaren eta Unibertsitateen arteko harremanaren garrantziari buruz.

    Horren harian, Uriartek azpimarratu zuen kooperatibismoak heziketa-tratamendu gogoangarria duela mundu akademikoan, eta bereziki Euskal Sistema Unibertsitarioa osatzen duten unibertsitateetan. Sailburuak, gertakari sozioekonomiko bezala, nabarmendu zuen kooperatibismoa ikasgaia dela unibertsitate sistema osatzen duten hiru institutu kooperatibo espezifikoetan: EHUko GEZKI Institutua (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua), Deustuko Unibertsitateko Kooperatiba Ikaskuntzen Institutua eta Mondragon Unibertsitateko LANKI.

    Halaber, balioan jarri zuen, heziketa-ikuspuntutik, sektore kooperatiboan liderrak eta zuzendariak trebatzeko bi master espezifiko daudela: Mondragon Unibertsitateko Gizarte Ekonomia eta Enpresa Kooperatiboa Unibertsitate Masterra, eta EHUko Ekonomia Sozial eta Solidarioa Unibertsitate Masterra, GEZKIk bultzatutakoa. Azkenik, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua badagoela jakinarazi zuen, Kooperatibismoaren eta Unibertsitatearen arteko loturaren adierazgarri. Kontseilu horrek unibertsitateen, kooperatiben federazioen eta administrazio publikoen hiru zatiko organoa da. Azkenik, Junior Kooperatibak Euskadiko Kooperatiben erregistroaren barruan daudela aditzera eman zuen, eta horiek ikasle ekintzaileei balio kooperatiboak irakasteko asmo argia zutela.

    Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua ere iritzi berekoa da. Unibertsitatea eta kooperatibagintza elkarlanean daudela komentatu zuen, eta, berriro ere, Kooperatiben Goren Kontseilua eta hiru institutuak, eta baita MIK (Mondragon Innovation & Knowledge) ere, azpimarratu zituen. Azken hori Mondragon Unibertsitateari loturik dago eta aurreko erakundeekin antzekotasunak ditu. Hala ere, aipatu du horrek ez duela esan nahi Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza kontziente denik kooperatibismoaren eta unibertsitatearen artean lotura indartu behar dela. Zentzu horretan, Gizarte Ekonomian espezializatuak dauden master unibertsitarioak badirela gogorarazi zuen.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • Teknologia eta nazioartean hedatzea, DANOBATGROUPen arrakastarako bide

    Teknologia eta nazioartean hedatzea, DANOBATGROUPen arrakastarako bide

    MONDRAGON korporazioko makina-erremintako dibisioa da DANOBATGROUP, eta Europako liderra makina-erremintak eta produkzio sistemak egiten. Taldeko 1.200 langileen artean, %90 bazkideak dira. DANOBATGROUPeko zuzendari nagusia den Iñigo Ucinek dioenez, enpresaren balioa pertsonen ezagutzan dago. Gaztetasuna eta esperientzia konbinatzeko gaitasuna da taldeak duen puntu indartsuetako bat; hau da, langile kualifikatuak eta negozioan oso inplikatuak daudenak kontratatzen ditu kooperatibak.

    Konpainiaren lehiakortasun handia nazioartean duen presentziaren ondorio da. Enpresak filialak, lantegiak eta delegazioak ditu 11 herrialdetan. 250 langile inguru atzerrian daude, eta, aurreikusi dutenez, 2014ko fakturazioaren %92 nazioarteko negoziotik aterako da. Nazioartekotze horrek enpresa biziraunarazi du, Estatuko merkatua ez baita nahikoa, eta merkatu batzuen jaitsiera egoerak hobeto orekatzeko baliagarria izan zaio.

    DANOBATGROUPek bere produktuak bi marka nagusiren bidez merkaturatzen ditu: SORALUCE, mandrinatzeko eta fresatzeko makinetan, fresaketan eta torneaketa bertikalen zentroetan espezializatua; eta DANOBAT, enpresa aditua zulaketan eta ebaketan, torneaketan, azterketan, material konposatuko piezen produkzioen automatizazioan eta tren-industrian giltza eskura irtenbideak ematen.

    Kooperatibak ikerketa eta garapen zentroa ere badu, eta, bertan, 120 ikertzailek eta 30 doktore baino gehiagok lan egiten dute. Zentro horri esker, enpresak berrikuntza espezializatuak lortu eta goi-teknologiako produktuak sortzen ditu. Horrela, taldeak, espezializazioaz gain, dibertsifikazioa ere bilatzen du, bezero, sektore edota merkatu gutxi batzuekiko menpekotasuna saihesteko.

    Iturria: ERKIDE