Bloga

  • ASLE-k Vitoria-Gasteizko Artium Museoan bere Batzar Orokorra ospatu du

    ASLE-k Vitoria-Gasteizko Artium Museoan bere Batzar Orokorra ospatu du

    ASLE-k bere Batzar Orokorra Vitoria-Gasteizko Artium Museoan ospatu zuen apirilaren 24an. Bertan, aurreko ariketako egindako kudeaketa aurkeztu zen.

    Enplegu Kontseilari berriak, Ángel Toña-k, ekitaldia inauguratu zuen, eta Garapen Ekonomikoko Kontseilariak, Arantza Tapia-k, amaiera eman zion. Halaber, Joan Elías-ek, aditu motibatzaileak, parte hartu zuen.

    Bestalde, ASLE-k Lanzituz eta Lehen Aukera programetan parte hartu du

     

    Batetik, ASLE-k “Lanzituz-en” parte hartzen du, Europako Gizarte-Funtsaren plan bat Euskadin 218 enpresa berri eta 1.090 lanpostu sortzeko. Bost urteko eta 2,6 milioi euroko programa hau Eusko Jaurlaritzak koordinatuko du, UPV/EHUren, CCOOren, Gipuzkoako Bazkundearen eta Iraurgi Berritzen Urolako Garapen Agentziaren laguntzaz. Planak 10.000 pertsonarekin harremanetan jartzea aurreikusi du, iraupen luzeko langabetuen, gazte tituludun berrien, enpresa-birmoldaketen eta enpresaondoregotzen esparruetan enplegua sortzeko. Euskadiko lan-sozietateen kopurua % 33 gehituko litzateke, eta horien lanpostuak % 16,3.

    Halaber, ASLE, LANBIDE zentroarekin elkarlanean ari da Lehen Aukera Programan diru-laguntzak eskaintzeko gazteei zuzenduriko praktika edota behin betiko kontratuak egiten dituzten enpresei; gazte horiek, 30 urte baino gutxiago izan behar dute, langabezian egon eta esperientzia gutxi edo gabekoak izan euren tituluarekin zerikusia duten enplegutan.

    Iturria: OVES/GEEB eta ASLE

     

  • José Luis Coraggio-ri elkarrizketa

    José Luis Coraggio-ri elkarrizketa

    José Luis Coraggio (Argentina, 1938) ekonomialaria eta ikertzailea da, bai ekonomia eta eskualdeen eta hirien planifikazioaren eremuan, bai ikerkuntzaren metodologian eta planifikazioan, bai gizarte-politiken azterketan eta ekonomia sozial eta solidarioan.

    Irakasle emeritua da Sarmiento Jenerala Unibertsitate Nazionalean, irakasle ikertzaile tituluduna hiriko ekonomia-sistemetan unibertsitate bereko Conurbano institutuan, eta gizarte-ekonomiako maisutzako akademian zuzendaria 2003. urtez geroztik.

    Gainera, Ekonomia Sozial eta Solidarioko Latinoamerikako Ikertzaileen Sareko (RILESS) koordinatzaileetako bat eta fundatzailea da. Sare horren laguntzaileak dira Gizarte Ekonomiako Maisutza, UNISINOSeko (Brasil) UNESCO Katedra, FLACSO (Ekuador) eta Mexiquense eskola (Mexiko). Bestalde, aipatutako sareari lotutako Otra Economía aldizkariko zuzendaritzako kidea ere bada da.

    Aholkulari aditua izan zen URB-AL programaren sare tematikoan, 'Hiriko gizarte-politikak' arloan. Programa hori Europar Batasunak babestu eta Montevideoko Udalak koordinatzen zuen. Kontsultari bezala ibili da ekuadortar gobernuko hainbat ministeriorentzat, ekonomia sozial eta solidarioko politiken inguruan.

    Galdera batzuk erantzun ditu, laburki, Donostian izan baita “Latinoamerikako eskarmentuaren ondorioz Ekonomia Sozial eta Feministari buruzko eztabaidak: 'Andeetako eskualdearen eta Euskadiren arteko loturak' hitzaldia dela eta.

     

    Zein da Latinoamerikako ekonomia sozial eta solidarioaren egoera?

    Ekonomia sozial eta solidarioa pil-pilean dago gaur egun, nahiz eta aspalditik ezaguna zaigun kontzeptua; hein handi batean, joan den mende hasieratik europar etorkinek ekarri izan duten kooperatibismoa eta mutualismoa dela eta. Hala ere, egun, mende bukaerako krisia jazo zenetik, baztertze masiboaren arazoa sortu da, eta gobernuek janari banaketa bezalako gizarte-laguntzan oinarritutako politikak egitetik beste printzipio batera igaro dira: “arraina eman beharrean, eman diezaiegun arrantzatzeko kanabera”. Horrela, mikro-ekintzailetza sortu nahi dute, eurak ekoiztu dezaten eta diru-sartzeak sor ditzaten. Politika hori Latinoamerikan orokortzen ari da, eta horri ekonomia soziala eta solidarioa deritzo. Hala ere, badaude Ekuador, Bolivia edota Venezuela bezalako esperientziak, non beste gauza batzuen inguruan hitz egiten dugun; ekonomia-sistema osoari buru, hain zuzen. Hori da berritasun handiena.

    Gobernu latinoamerikarrek ekonomia sozial eta solidarioaren alde benetan apustua egiten ari direla antzematen al da, ekonomia eta gizarte politiketan joera aldaketa bultzatze aldera?

    Aldaketa antzematen da bai. Ekuadorreko konstituzioan herri-ekonomia solidarioa terminoa sartu zuten, eta ekonomia-sistema soziala eta solidarioa izan behar duela azpimarratu zuten. Bolivian, ordea, komunitatea oinarri duen ekonomia pluralaz hitz egin dute. Venezuelan enpresa komunitario-publikoak sortzeaz ari dira, eta beste herrietan ez dago horrelako indarrik. Hala ere, joera hori eragina izaten ari da, eta jarraitzaileak ditu. Itxura juridikoa hartzen ari da legeen bidez, baina bereziki praktika berriak sortzen ari dira, garai bateko historia horretatik abiatuta baina are gehiago indartuz.

    Euskadin dagoen ekonomia sozial eta solidarioa ezagutzen duzu? Zein iritzi duzu horren inguruan?

    Oso gutxi ezagutzen dut. Arrasate ezagutzen dut, noski; denok aztertzen dugu han gertatzen dena eta bizi duen garapena, baina ezohiko kasua da mundu osoan. Bidaia honetan egoera normalagoak bilatzen saiatu naiz. Atentzioa eman dit ikusi dudan ardura maila, sare-antolaketa, jarduerak, banku etikoa garatzeko apustua, ekonomia sozial eta solidarioa ardatz duten programa kooperatiboak, sortzen ari diren prestakuntza-programak, eta aspalditik dagoen kooperaziorako kultura; hori guztia oso garrantzitsua dela uste dut. Ezin dut azterketa zehatzik egin, baina harridura eta poza transmititu nahiko nuke hainbeste mintzaide ikusita.

    Elkarrizketa osoa: URL

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • BBK Bilbao Good Hostel Ostatuaren Hirugarren Urteurrena

    BBK Bilbao Good Hostel Ostatuaren Hirugarren Urteurrena

    BBK Bilbao Good Hostel ostatuak, ezgaitutako pertsonek oso-osorik kudeatuta, hirugarren urteurrena ospatzen du. Turismo egokituan erreferentea da, baita ezgaituak gizartean eta lan-munduan sartzeko eremuan ere.

    Proiektu hau BBK-rena da, eta Lantegi Batuak-ek kudeatzen du (hau ezgaituak gizartean eta lan-munduan sartzea bilatzen duen eta horretarako lan egiten duen erakundea da, irabazi asmorik gabea); orain arte, 36 hilabeteko bizialdian, 19.000 bezero baino gehiago izan ditu, eta sari garrantzitsuak eman dizkiote zerbitzuaren kalitate eta gizarte-ekarpenagatik.

    Iturria: Lantegi Batuak

     

  • Gustavo Zaragozak “Crónica del bienestar en tiempos de malestar” liburua aurkeztu du

    Gustavo Zaragozak “Crónica del bienestar en tiempos de malestar” liburua aurkeztu du

    Joan de apirilaren 21ean, Gustavo Zaragozak “Crónica del bienestar en tiempos de malestar” liburua aurkeztu zuen Vitora-Gasteizko UPV/EHUko Gizarte Langintzako fakultatean; ekitaldira 70 ikasle baino gehiago bertaratu ziren.

    Gustavo Zaragoza gizarte langintza eta gizarte-segurantza saileko irakaslea da Valentziako unibertsitatean. Psikologian lizentziatu zen eta doktoretza Valentziako unibertsitatean egin zuen. IUDESCOOP-eko ikerlari kidea da, nazioarteko gizarte-ekonomian espezializatua Bolonia unibertsitatean eta Valentziako unibertsitate politeknikoan.

    Giza eskubideak ukatu dizkieten orori eskaini zion bere liburuaren aurkezpena. Era horretan, egungo egoerara eraman gaituzten arrazoi nagusiak aipatu zituen eta, azaldu eta gero, irtenbideak zeintzuk ziren argitu zuen: iraunkortasun ekonomikoa, iraunkortasun soziala, kudeaketa eta gobernantza.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • Latinoamerikako eskarmentuaren ondorioz Gizarte Ekonomia eta Feministari buruzko eztabaidak. Andeetako eskualdearen eta Euskadiren arteko loturak.

    Latinoamerikako eskarmentuaren ondorioz Gizarte Ekonomia eta Feministari buruzko eztabaidak. Andeetako eskualdearen eta Euskadiren arteko loturak.

    Apirilaren 20, 22 eta 23an, “Latinoamerikako eskarmentuaren ondorioz Gizarte Ekonomia eta Feministari buruzko eztabaidak: Andeetako eskualdearen eta Euskadiren arteko loturak” topaketa egin zen.

    Topaketan jarduera ugari egin zen, apirilaren 20an (Bilbon), apirilaren 22an (Donostia) eta apirilaren 23an (Arrasate); nabarmentzekoak izan ziren Jose Luis Coraggio-ren eta Ivonne Farah-aren hitzaldiak.

    Topaketa HEGOAk, REAS Euskadik, eta GEZKI- Euskal Herriko Unibertsitateko Institutuak, LANKI-Mondragon Unibertsitateak eta Mundukide Fundazioak antolatu dute, eta Eusko Jaurlaritzak eta Kooperazioaren Euskal Agentziak finantzatu dute. Ekimenak hiru helburu funtsezko ditu:

    • Latinoamerikan ekonomia soziala eta solidarioari buruzko garapen teorikoa, azalpen kontzeptuala eta ikuspuntu eta ikusmolde anitzak ezagutzea.

    • Formazioa, heziketa eta ikerkuntza gizarte-zerbitzuetako entitateen arloan, Latinoamerikan. Erakundeek, sareek, instituzioek eta euskal unibertsitateek duten esperientzia.

    • Emakumeen eskubide ekonomikoen garapena, gizarte-zerbitzuetako entitateen arloan eta Boliviako ekonomia feministaren ikuspuntutik.

    Iturria: HEGOA eta GEZKI

     

  • José María Pérez De Uralde, CIRIEC-Espainiako presidente berria

    José María Pérez De Uralde, CIRIEC-Espainiako presidente berria

    José María Pérez de Uralde, Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiko (OVES/GEEB) zuzendaria, CIRIEC-Espainiako presidente aukeratu dute. Joan den apirilaren 17an, Madrilen, CIRIEC-eko zuzendaritza kontseiluak eginiko bileran erabaki zuten. Horrela, De Uraldek José Luis Monzón irakaslea ordezkatu du, eta Monzón, bileran bertan, CIRIEC-Espainiako komisio zientifikoko presidente hautatu zuten.

    José Mª Pérez De Uraldek, gizarte ekonomian legelaria eta aditua, CIRIEC-en funtzionamendua ondo ezagutzen du, bai estatuan bai nazioartean, duela zenbait urte CIRIEC-Espainiako lehendakariorde baita.

    Aldi berean, Gizarte Ekonomiako Fundazio Iberoamerikarreko (FUNDIBES) zuzendaria izan zen 2003 eta 2012 urte bitartean, baita Enplegu eta Ekonomia Sozial eta Kooperatiboko Behatoki Iberoamerikarreko (OIBESCOOP) zuzendari exekutiboa ere; eta gizarte-ekonomiako urtekari iberoamerikarra koordinatu zuen. Gaur egun, CIRIEC-eko nazioarteko kontseiluko batzordekidea da eta Gizarte Ekonomia, Enplegu Ministerioa eta Gizarte Segurantzako sustapen kontseiluko kide.

    Hainbat artikuluren eta argitalpenen egile da, bereziki gizarte-ekonomiako zuzenbide arloan eta Iberoamerikako ekonomia sozial eta solidarioan. Ildo beretik, 2012an, aditu gisa parte hartu zuen Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialak (CESE) landutako irizpenean, Latindar Amerikako ekonomia sozial eta solidarioari buruzkoa.

    Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) harreman estua du, ekonomia sozial eta solidarioko master ofizialeko irakasle da eta UPV/EHUri lotua dagoen GEZKI institutuko kidea da; gainera, 2008an, sortu zenean, idazkari nagusia izan zen.

    Iturria: CIRIEC eta OVES/GEEB

     

  • Gizarte Ekonomiari eta Solidarioari buruzko Zinearen lehenengo astea

    Gizarte Ekonomiari eta Solidarioari buruzko Zinearen lehenengo astea

    Apirilaren 20tik 23ra, Gizarte Ekonomiari eta Solidarioari buruzko Zinearen lehenengo astea izan da. Antolatzaileak ALEA elkartea, ekonomia alternatiboa eta solidarioa sustatzeko elkartea, eta UPV/EHUko GEZKI institutua izan dira.

    Egunero tailer ezberdinak eta lan-ardatzak landu dira, hainbat pelikulen proiekzioarekin. Lehenengo egunean, apirilak 20 astelehena, “Gizarte Ekonomia eta Solidarioa eta lan egokia” ardatza garatu zen, Michael Glawogger zuzendariaren “La muerte del trabajador” (Austria, 2005) proiekzioaren bidez.

    Ekimena jardueraren dinamizazioan parte hartu zuen Gustavo Zaragozak inauguratu zuen. Psikologian doktorea Valentziako Unibertsitatean, zine ekoizle baten jabekide eta gainera gizarte-ekonomia eta solidarioarekin loturiko hainbat arlo jorratzen ditu irakasle bezala. Zentzu horretan, Valentziako Unibertsitateko gizarte-ekonomiaren inguruko masterrean parte hartzen du, Kooperatibismoa eta Gizarte Ekonomiako Institutu Unibertsitarioan ikertzailea da (IUDESCOOP) eta CIRIEC-ko kide.

    Horretaz gain, apirilaren 21ean, asteartean, “Gizarte Ekonomia eta Solidarioa eta lan egokia” ardatzari eutsiz, Radu Mihaileanuren “La fuente de las mujeres” (Belgika, Frantzia eta Italia, 2011) pelikula proiektatu zen.

    Asteazkenean, apirilaren 22an, “Gizarte Ekonomia eta artea” ardatza landu zen Lucy Walker-ren “Waste Land” filmarekin (Brasil, 2009), eta ostegunean, apirilaren 23an, astea amaitutzat eman zen “Gizarte Ekonomia eta Solidarioa eta iraunkorra” tailerrarekin. Horretan, Radu Mihaileanu zuzendariaren “La pesadilla de Darwin” (Belgika, Frantzia eta Italia, 2004) pelikula proiektatu zen.

    Iturria: OVES/GEEB eta ALEA-Elkartea

     

     

  • Ekonomia Solidarioaren 3. Feria

    Ekonomia Solidarioaren 3. Feria

    2015eko joan den apirilaren 17, 18 eta 19an, Ekonomia Solidarioaren 3. Feria egin zen Iruñeko autobus geltoki zaharrean, Ekonomia Solidarioari buruzko Nazioarteko VIII. Jardunaldiekin batera. Feriaren lema “Bizimodua hobetzeko beste ekonomia bat” izan zen eta, antolatutako merkatu horretan, ikus zitezkeen saltzeko produktuak eta informatzeko standak, gizarte-ekonomiako eta solidarioko zenbait enpresa eta erakundeen zerbitzuak (finantza etikoak, garraio iraunkorra, bidezko merkataritza, energia berriztagarria, eraikuntza, ehungintza, mezularitza, turismo arduratsua, laneratze eta gizarteratzea, etab.) hainbat hitzaldi, haurrentzako jarduerak eta saioak.

    Ekimen horren bitartez, helburua gizarte-ekonomia eta kontsumo arduratsuaren alde apustua egiten duten enpresak eta entitateak ikusaraztea zen, merkatu soziala hiritarrei gerturatzeko eta barruko kooperazioa nahiz kontsumo arduratsua kontsumitzaile eta erakunde ekoizleen artean sustatzeko.

    Merkatuan euren produktuak eta zerbitzuak erakutsi ahal izan zituzten 70 entitate eta pertsona baino gehiago egon ziren: OXFAM INTERMON, Greenpeace, PAH, ATTAC eta TTIPari EZ, Energia Gara, Fiare eta Traperos de Emaús Navarra. Bakoitzak bere informazioa eta produktuak eskaintzen zituen Txanponen truke, jardunaldi osoan zehar erabili zen diru-trukea.

    Ekonomia Solidarioari buruzko Nazioarteko VIII. Jardunaldiak direla eta, beste ekimen batzuetara joan ahal izan ginen, esaterako: Fiare Banka Etikoaren presidentea Peru Sasiaren “Entender la economía hoy” hitzaldia edota “Las reglas del comercio internacional” mahai-ingurua; bertan, Vía Campesina mugimenduaren koordinatzaile europarra Paul Nicholson eta ATTAC kontseiluko kide den Josu Osta parte hartu zuten.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • REAS Euskadik egindako “Papeles de Economía Solidaria” argitalpenaren 4. zenbakia eskuragai

    REAS Euskadik egindako “Papeles de Economía Solidaria” argitalpenaren 4. zenbakia eskuragai

    REAS Euskadik egindako “Papeles de Economía Solidaria” argitalpenaren azken zenbakia argitaratu dute, hasieran zuen helburu berarekin: ikerkuntzarako, hedapenerako eta ekonomiaren hiritar sentsibilizaziorako tresnak eskaintzea ikuspuntu kritiko eta alternatibo batetik.

    Ale horretan, “Economía Solidaria y Economía Feminista: elementos para una agenda” izenekoa, Miriam Nobrek parte hartu du; Brasilen izandako lan eskarmentua eta aktibismoaren ondorioz, agenda berri baterako elementu berriak proposatzen ditu ekoizpena eta erreprodukzioaren arteko harreman berriak sortzeko.

    Iturria: REAS Euskadi

     

  • Iritzia: Aitor Lizartza LEINNeko team-coach

    Iritzia: Aitor Lizartza LEINNeko team-coach

    IRITZI ARTIKULUA: EKINTZAILETZAN HEZIKETA. UNIBERTSITATE GARAITIK EKINTZAILE TALDEAK SORTZEN.

    Aitor Lizartza – Mondragon Team Academy – Enpresagintza Fakultatea – Mondragon Unibertsitatea

    Ekintzailea sortu edo egin egiten da? Hortxe dago koska negozio propioa martxan jarri edota existitzen den enpresa batean negozio berria abiarazi nahi dutenentzat. Adituek baietz diote prestakuntza ezinbestekoa dela, ekintzaile jaiotzen direnak oso gutxi baitira eta gainontzekoek izaten ikas dezakete, zalantzarik gabe. Egia da ez duela ezer bermatzen, baina hobe da prestakuntza izatea, seguru gure garapen profesionalean eta pertsonalean laguntzen digula.

    Ekintzaile izatearen kontzeptua modan dago gaur egun, gehiegi agian, burbuila bat sortzeko arriskua ere badago, errealitatea zaila baita eta ez da erraza ikastea ekintzaile izaten.

    Atzera begiratzen badugu, historikoki negozio eskolak izan ziren lehenak programak eskaintzen, edo horien parte batzuk behintzat, behar hori asetzeko, negozio propioa abiarazteko planaren ikuspuntutik. Gerora beste erakunde batzuetara hedatu da, esaterako: unibertsitateak, entitate publikoak, etab. Argi dago programen eskaintzek gorakada izan dutela eta gizarteak, oro har, eskatzen duela.

    Mondragon Unibertsitatean urte asko daramatzagu ekintzailetzaren alde lan egiten, batik bat, Mondragon kooperatibak ibilbide ekintzailean duen eskarmentua dela eta. Lan horren ondorioz sortu zen Mondragon Team Academy ekintzailetza unitatea 2008ko apirilean, eskarmentu kooperatiboaren hastapenetan izaera ekintzailea sustatzeko eta errazteko. Beraz, 2009ko irailean, Gradua Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan abiarazi genuen Enpresagintza Fakultatean, eta gaur egun ia 500 gazte ekintzaile ditugu taldetan (horietatik 60 baino gehiagok lehen promoziotan graduatuak) benetako enpresa eta proiektuak garatzen. Gogorazi nahiko genuke estatuan ekintzailetzan dagoen gradu ofizial bakarra dela. Hortaz, management arloaren barruan kokatzen den diziplina berri bati buruz ari gara eta horrela lantzea komeni da, ekintzailetzaren eremuan espezialistak behar ditugu ezin baita soilik zeharka landu.

    Ekiten ikasten da ekintzaile izaten, ez dago beste modurik, hori argi dugu; eta taldean bada, eragina handiagoa izango da. Egiten ikastea eta taldea bera Team Academyren (Tiimiakatemia Finland) ezaugarri nagusienak izan dira 1993an Jyväskylä University of Applied Sciencesen sortu zenetik, ekintzailetzaren heziketan erabateko izaera apurtzailea izanik. Berrikuntza disruptiboaz ari gara, bai heziketa arloan bai unibertsitatean, normalean elkarrengandik hain urrun izan diren unibertsitatea eta negozioen mundua elkar gerturatzeko asmoz.

    Beraz, gure apustua ekintzailetzarako eta berrikuntzarako ekosistemak sortzea da; eta bertan unibertsitateak ekintzaile rola izatea, enpresekin, enpresa-sehaskekin eta entitate publikoekin elkarkidetzan. Horrela, ekintzaile berriak izango ditugu unibertsitatean bertan euren ametsak eta proiektuak aurrera atera ahalko dituztenak, historia horren protagonista bihurtuz. Hortxe dago koska.

    Don Jose Maria Arismendiarrieta (1915-1976) jaiotzaren 100 urteurrenean, gaur inoiz baino gehiago, eskarmentuaren balore kooperatiboak jarraituz, taldeko ekintzailetza heziketa gure gizarte eta ekonomia eraldatzeko bidea izan daiteke.

    Berak zioen bezala, “Berritu edo hil. Bizitasunaren ezaugarria ez da irautea aldatzea baizik, eta etorkizuna kontuan izatea”.

    Aurrera, beti aurrera.