Bloga

  • U-Multirank ranking unibertsitarioak Mondragon Unibertsitatea bikaintzat jo du

    U-Multirank ranking unibertsitarioak Mondragon Unibertsitatea bikaintzat jo du

    U-Multirank ranking unibertsitarioak, munduko bigarren erakusleiho gisa ezagutua, Mondragon Unibertsitatea bikaintzat jo du rankingaren bost arlotako hainbat parametrotan.

    U-Multirankek, munduko ranking unibertsitario berriak, bere bigarren online edizioa argitaratu du; tresna paregabe hori, nazioartean errendimendu unibertsitarioa konparatzeko bide bihurtu da.

    Edizio horretan goi-hezkuntzako 1.200 instituzioren informazioa ageri da, lehenengo argitalpenarekin alderatuta emaitza adierazgarri gehiago du. Ikerketan ikus daitezkeen unibertsitateak 83 herrialdekoak dira, 1.800 fakultate baino gehiagorekin eta 7.500 ikasketa programekin.

    Horregatik, U- Multirank munduko ranking unibertsitario handiena izatera iritsi da, eta sistema osoena munduko unibertsitateei buruzko informazioa izateko; horrela, unibertsitateen zenbait emaitzen inguruan ikuspuntu osoa eskaintzen dute, bost arlotan: hezkuntza eta ikaskuntza, ikerkuntza, ezagutzen transferentzia, nazioarteko orientazioa eta eskualdeko inguruarekiko harremana.

    Mondragon Unibertsitateak aipatutako ranking horretan bikaintasun kalifikazioa lortu du. Hezkuntza eta ikaskuntza arlotan nabarmendu dira bai masterretan duten graduazio tasagatik bai ikasketei dagozkien denbora tartean graduatzeagatik. Ikerkuntzan, ordea, inpaktu indizean gailendu dira, inpaktu handiko ikerkuntzarako eta publikazioetarako kanpo-finantzaketa dela eta.

    Ezagutzen transferentzian ere bikaintasun kalifikazioa eman diete; industria-bazkideekin egilekidetza, jatorri pribatuko diru-sartzeak ikerkuntzan, sortutako spin-offak eta profesionalei zuzendutako formazio jarraituarentzat diru-sartzeak azpimarratzen dituzte.

    Internazionalizazio arloan, berriz, bikain egindako lantzat hartu dute ikasleen mugikortasuna eta atzerriko unibertsitateekin batera argitaratutako nazioarteko argitalpen kopurua.

    Azkenik, eskualdeko inguruarekiko harremanari dagokionez, eskualdeko unibertsitateekin batera argitaratutako publikazio kopurua nabarmendu dute, baita eskualdeko finantzaketa iturri ezberdinetatik izan diren diru-sartzeak ere, eta ikasleek martxan jartzen dituzten praktikak inguru horretan.

    Iturria: TuLankide

     

  • Euskadiko Nekazari-elikagaien Kooperatiben Federazioak antolatutako ohiko batzar orokorra

    Euskadiko Nekazari-elikagaien Kooperatiben Federazioak antolatutako ohiko batzar orokorra

    Joan den maiatzak 26, Euskadiko Nekazaritzako elikagaien Kooperatiben Federazioak (FCAE) ohiko batzar orokorra antolatu zuen.

    FCAE 1989an sortu zen, eta nekazaritza kooperatibismoa bildu, ordezkatu, defendatu eta sustatzen du. 68 kooperatiba federatuen ordezkari da; guztira, 590 langile eta 10.000 bazkide biltzen ditu. Bere zerbitzuetan nekazaritza kooperatiboaren sektoreko ordezkaritza instituzionala topa dezakegu, mugimendu kooperatiboaren lehentasunen hedapenaren promozioa, barne kooperazioaren estimulazioa, eta nekazaritza kooperatiben eta bere bazkideen interesak hobeto babesteko ekintzen sustapena.

    Horrela, Arkauteko Nekazaritza Eskolan FCAEren urteko batzarra egin zen urteko kontuak eta 2015eko Kudeaketa Plana onartzeko, eta kontseilu errektorea partzialki berritzeko asmoz.

    Batzarrari Maria Ubarretxenak, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendariak, eman zion hasiera. Hitzaldian, kooperatiben gizarte-erantzunkizunaren babesaz, hazteko beharraz eta barne kooperazioaz aritu zen.

    Ekimenean 36 kooperatiba egon ziren, afiliatuen %57aren ordezkariak dira. Urteko kontuak, emaitzen norakoa eta 2015erako Kudeaketa Plana aho batez onartu ziren. Batzarra Eusko Jaurlaritzako Nekazari-elikagaien Industriako zuzendariak amaitu zuen, Peli Manterolak. Bere diskurtsoan atomizatutako sektore bat egituratzeko kooperatibek izan duten gaitasuna goretsi zuen, baita eskaintza kontzentratzeko gaitasuna ere. Gainera, kooperatibek egoera ekonomikoari egokitzeko eta landa-guneetan formazio eta informazio bide izateko duten abilezia ere nabarmendu zuen

    Iturria: KONFEKOOP eta OVES/GEEB

     

  • Fiare Banku Etikoak bulegoa ireki du Bilbon

    Fiare Banku Etikoak bulegoa ireki du Bilbon

    Fiare Baku Etikoak bulegoa ireki berri du Bilboko Alde Zaharrean, zerbitzu-eskaintza handitu asmoz. Espazio hori ardura handiz apaindua dago, material ekologikoak erabiliz; eta hortaz, ohiko sukurtsalen oso ezberdina da, baina berezko zerbitzu gehientsuenak eskaintzen ditu. Esku-dirutako eragiketak ezin izango dira bertan egin, baina bi hilabete barru kreditu txartelak jasoko dituzte bezeroek, Servired sareko kutxazainak erabili ahal izateko. Txartel horiek ere material biodegradagarriekin eginak dira.

    Bulegoan hamabi langile daude, eta zabalik egongo da goizez, 9:30etik 13:00etara, eta arratsaldez. Beharrezkoa da aurretik hitzordua eskatzea. Langile horietako batzuk Bartzelonan eta Madrilen dihardute, proiektuak Estatuko beste zona batzuetan dituen bazkideei arreta emateko. Katalunian eta Euskal Herrian daude bezero gehienak.

    Bilboko bulegoa proiektuaren irudi eta erreferentziazko gune izatea nahi dute. Horrez gain, ohiko bankuetatik desberdindu nahi dute, baina berezko zerbitzuak internet bidez egin daitezke pasa den urritik: ordainketak, nominak kobratzea, gordailuak egitea, karguak desbideratzea… Euren helburua bezeroei gero eta aukera zabalagoa eskaintzea da; izan ere, familiek eragiketa guztiak entitate bakar batekin egiteko joera dute, eta oraindik Fiarek ezin die hori eskaini. Zentzu horretan, bai banakoek nahiz enpresek eta entitateek Fiare "bigarren banku" bezala erabiltzen has daitezen nahi dute, zerbitzu guztiak bertan jasotzeko aukera izan bitartean. Hortaz, momentura arte, aurreztaileak dira bezero gehienak.

    Erronka gisa dute, halaber, pertsonek bankuekiko duten mesfidantza gainditzea, banku-produktu jakin batzuekin gertatutakoaren ostean. Horregatik, Fiare Banku Etikoak gainerako entitateen segurtasun-berme guztiak bete behar dituela jakinarazi nahi dute. Gainera, euren jarduera zuzentzen duten printzipioek desberdindu egiten diete, finantza etikoak gauzatzen baitituzte, eta aurrezki-gordailuak gizarte-ekimenera zuzendu: gizarte-bazterketari aurre egiteko proiektuak, garapenerako kooperazioa edo agroekologia, besteak beste.

    Eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzu nagusiak honakoak dira: banakoei eta erakundeei zuzendutako kontu korronteak, kobrantzen eta gastuen kudeaketa, ordainketak; eta epe ezberdinetan aurrezteko produktuak, "proposatutako mugimendu sozialei interesen ekarpena egin edo ez hautatzeko aukera eskainiz bezeroari", aipatu dutenez. Bestalde, erakundeen eta produktu sozialen finantzaketa ere egiten dute, eta gardentasuna dute kooperazio proiektu honen ardatz. Hori bermatzeko, Balantze Integratua lantzen dute, gizarte eta ingurumen arloko emaitzak kontuan hartuz.

    Iturria: REAS

     

  • Euskal enpresek goi teknologiako esportazioen errekorra gainditu dute

    Euskal enpresek goi teknologiako esportazioen errekorra gainditu dute

    Euskal enpresek I+Gan balio handia duten salmenten marka hautsi dute, iaz lortutako 10.320 milioi euroko fakturazioarekin. Krisialdiak eragindako beheraldia gainditu dute horrela, arlo teknologikoko salmenten guztizkoaren %46era iritsiz puntako produktuen esportazioarekin.

    Automobilgintzako produktuak, autoak, makina-erreminta, makinaria orokorra, trenak, hegazkinetarako piezak, etxetresna elektrikoak, osagarri elektroniko eta informatikoak, produktu kimikoak eta botikak bezalako produktuek osatzen dute multzoa. Ondasun horien salmenta %14 handitu zen iaz, eta aurretik ezarritako errekorra nabarmen gainditu zen, ia mila milioi euroko aldearekin.

    Esportazio teknologiko gehienak Gipuzkoatik egiten dira. 4.236,7 milioi euroko fakturazioa lortzen da lurralde horretan, EAEn izaera berritzailea duten salmenten %41, hain zuzen. Goi teknologiako operazioen %77 makina-erremintekin, trenekin eta etxetresna elektrikoekin osatzen da Gipuzkoan.

    Araban, berriz, antzeko zifra lortzen dute automobilgintzaren sektorearekin; %72 hain justu. Arabako industriaren eragile nagusi diren Mercedes eta Michelin konpainien salmenta-kopuruak automobilen eta horientzako osagarrien merkatu-jarduera bultzatzen du. Guztira, 2.200 milioi euro baino gehiago eskuratzen dute esportazioari esker.

    Bizkaia teknologia gutxien esportatzen duen lurraldea da; denera, 2.910,9 euroko fakturazioa izan zuen iaz. Hala ere, bi abantaila nagusi ditu. Batetik, hazkunde jasangarriagoa dauka; 2013an, esaterako, salmenta-emaitzak hobetu zituen lurralde bakarra izan zen. Bestetik, egitura dibertsifikatuagoa du, eta hiru industria segmentu pisutsuk, automobilgintzak (30%), ekipamendu-ondasunak (%27) eta fabrikazio kimikoak (%22), %20tik gora hartzen dute barne. Horrela, horietakoren batean geldiune orokortua gertatuko balitz, salmenten bolumena ez litzateke gehiegi ahulduko.

    Esportazioen gehiengoa, %61 baino gehiago, Europar Batasunaren baitan egiten ditu Euskadik, 6.334 milioi euro. Goi teknologiako ondasunen beste 1.500 milioi euro Ameriketara bideratzen ditu, erdia baino gehiago hego hemisferiora. Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko (LPEE) kideak euskal teknologiaren erosleak dira, 717 milioi euroko fakturazioarekin. Zifra horrek erakusten duenez, Ekialde Ertainean merkatua zabaltzeko bide garrantzitsua sortu da. Asian, berriz, egiteke asko dago, bertara 324 milioi esportatzen baitira soilik. Hala eta guztiz ere, balio handiko produktuak erosten hasi dira jada.

    Iturria: Noticias de Gipuzkoa

     

  • EROSKIren frankizia sareko salmentak %6 handitu ziren 2014an, eta 316 lanpostu berri sortu zituen enpresak

    EROSKIren frankizia sareko salmentak %6 handitu ziren 2014an, eta 316 lanpostu berri sortu zituen enpresak

    EROSKIren supermerkatu frankiziatuen sareko salmentak %6 handitu dira 2014an; hazkundea ireki berri diren lokal berriek eta kooperatibak ‘zurekin’ merkataritza-eredu berria sare frankiziatura egokitzeak eragin dute.

    EROSKIk 58 supermerkatu ireki ditu 2014an, iaz baino 12 gehiago. Irekiera horiei esker 316 lanpostu sortu dituzte, eta 18 milioi eurotik gorako inbertsioa izan dute. Horrela egin du EROSKIk aurrera sare frankiziatuen hedapenean, eta guztira 148 establezimendu berri ditu 2013.urtetik plan estrategikoa martxan jarri zuenetik; Espainiako bigarren supermerkatu frankiziatuen sarea du orain.

    2014an ireki zituen 58 establezimendu frankiziatuak martxan daude Andaluzian (10), Aragoin (3), Balearretan (12), Kantabrian (2), Katalunian (11), Galizian (2), Madrilen (1), Nafarroan (3) eta Euskadin (14). Kooperatibak frankizien aldeko apustua egin du, horrela azpimarratu zuten 2013-2016ko Plan Estrategikoan. Datozen urtetan, aipatutako sare frankiziatuaren hedapena Andaluzian, Madrilen, Gaztela-Mantxan, Katalunian, Extremaduran eta Levanten ardaztuko da.

    EROSKIk frankizia eredu osoa eskaintzen du, EROSKI/City eta Caprabo (Katalunian) entseinarekin, 250 eta 500 m2 bitarteko establezimenduei zuzendua; beste aukera batzuk ere eskaintzen ditu, Aliprox, Onda eta Aprop (Balearretan), adostutako frankizia eredu malguago batekin 250 m2 inguruko lokalentzat.

    2014 bukaeran EROSKIk bere komunitate frankiziatuari “Zurekin frankizian” programa aurkeztu zion; egitasmo hori aitzindaria da frankizien sektorean eta merkataritzan prestakuntza, zerbitzuak eta abantaila pertsonalizatuak, produktuari buruzko informazioa eta denden kudeaketa optimizatzeko tresnak…eskaintzen die frankiziatuei.

    Iturria: EROSKI

     

  • ULMA Taldeak irudi korporatibo berria aurkeztu du bere negozioak era eraginkorragoan babesteko

    ULMA Taldeak irudi korporatibo berria aurkeztu du bere negozioak era eraginkorragoan babesteko

    ULMA Taldeak “rebranding” prozesu sakona garatu du eta, horren bidez, komunikazio eredu iraunkorra lortu du eduki berritan, euskarritan eta tresnetan; hauek guztiak garai berritara egokitu dituzte, mundu osoan, negoziotan duten jarduera era eraginkorragoan indartu eta babesteko.

    Duela 54 urte sortu zen enpresa, garai hartan indartsu zegoen Oñatiko txokolate-industrian mekaniko ofizial talde bat mantentze-lanak eta lan-lagungarriak egiten hasi zirenean. ULMA Taldea izugarri hazi da eta, egun, 4.500 langile ditu eta 80 herri baino gehiagotan aurki dezakegu.

    Taldearen irudi korporatiboaren aurkezpenarekin batera prozesu luze bat amaitzen da. Prozesua ULMA Taldeko komunikazio batzordeak eraman du eta komunikazioa eta marka sailean gauzatu da; negozio guztiak hartu dira kontuan eta, gainera, bazkideen eta langileen parte-hartze aktiboa egon da. Helburua Talde ezberdin baten baloreak egoki islatzea zen, gizartearekiko konpromisoa erakutsiz eta pertsonen aldeko apustu argia eginez.

    Prozesu horren elementu nabarmenena web korporatibo berria sortzea izan da (www.ulma.com). Horrela, ULMA enpresaren balore eta xedea erakutsi nahi izan dute, baita talde sozial gisa duen nortasuna ere, hedapenerako tresna garrantzitsua izateraino. Horretaz gain, taldeak ikus-entzunezko korporatiboak ere egin ditu, dituen sendotasun puntuak eta katalogo korporatibo berria ezagutzera emateko.

    Iturria: TULANKIDE

     

  • Lanbideko administrazio-kontseiluak enplegu-zentro bereziei diru-laguntzak emateko sinatu duen akordioa argitaratu dute EHAAn

    Lanbideko administrazio-kontseiluak enplegu-zentro bereziei diru-laguntzak emateko sinatu duen akordioa argitaratu dute EHAAn

    Lanbideko zuzendari nagusiak, 2015eko maiatzaren 25ean, hartutako erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dute. Horrela, enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko aurreikusi diren 2015 urterako laguntzak emango dira.

    Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak 1998ko urriaren 16ko arauan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko administrazio-kontseiluak, 2015eko maiatzaren 18ko bileran adostutako akordioaren bidez, urte honetarako dauden baliabide ekonomikoak bideratu ditu. Horren bitartez, desgaitasuna duten pertsonak laneratzera bideratutako diru-laguntza publikoak eskaintzeko oinarri arautzaileak ezarri dituzte.

     

    Iturria: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

     

  • Lantegi Batuak, datozen hiru urteetan 130 lanpostu berri sortuko ditu Bizkaian

    Lantegi Batuak, datozen hiru urteetan 130 lanpostu berri sortuko ditu Bizkaian

    Lantegi Batuak, Bizkaian urritasuna duten pertsonen laneratzea sustatzen duen irabazi asmorik gabeko erakundeak, 2015-2017 aldirako Plan Estrategiko berria aurkeztu du. Helburu nagusien artean honakoak ditu: lan-aukera berriak sortzea, lehiakortasuna hobetzea eta urritasuna duten pertsonen gizarte eta lan arloko garapena bultzatzea.

    Lantegi Batuak-en aurreikuspena datozen hiru urteetan 130 lanpostu berri sortzea eta. Horretaz gain, orain arte bezala Bizkaiko zentroetan zerbitzu okupazionala garatzeko itxarote-zerrendarik ez egotea ere badauka helburutzat. Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartutako postu okupazionalen eskaerari erantzuteko gaitasuna badauka, beraz, eta hori erakundearen lorpen handi bat da, Bizkaikoa baita kasu bakarra estatu mailan.

    Horrela izanik, eta 2017ra arteko aurreikuspenei gehituta 2012-2014 aldian sortutako enplegua (191 lanpostu), 6 urtetan –egoera ekonomikoa zaila izango dela jakinik- Lantegi Batuak-ek 321 lanpostu berri lortuko ditu Bizkaian urritasuna daukaten pertsonentzat.

    Era berean, Lantegi Batuak-ek aurreikusi du hiru urtetan, 2017ra arte, 10 milioiko balioko inbertsioak egitea eta Bezeroentzako balio erantsiaren bolumena 85 milioi eurokoa izatea.

    Emaitza horiek adierazgarriak dira baina Lantegi Batuak-en moduko erakundeek egiten duten balio-ekarpena ere aipatzekoa da. Izan ere, gizarte ekonomiako erakundeek sortutako onura gehigarriak zenbatezinak dira, zentzu hauetan: gizarte-kohesioa, komunitatearen lotura, gastu publikoaren eraginkortasuna, osasun sistema eta gizarte zerbitzuetan aurreztea, eta abar.

    Horrela izanik, EHUk berriki egindako ikerketa batean Lantegi Batuak-ek Bizkaian sortutako ekarpen sozial eta ekonomikoak aztertu dira. Hainbat ondorio atera ziren eta horien artean, datu hauxe aipatuko dugu: erakundearen enplegu zentro berezietan inbertitutako euro publiko bakoitzeko, 6,35 euroko itzulkina jasotzen du gizarte osoak.

    Iturria: Lantegi Batuak

     

  • Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Unibertsitatea Masterra

    Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Unibertsitatea Masterra

    Martxoak 30ean irekiko da UPV/EHUko Master Ofizialetan izen emate epea.

    GIZARTE EKONOMIA ETA EKONOMIA SOLIDARIA UNIBERTSITATE MASTERRA, GEZKIk antolatzen du. Masterrak hogeita hamarretik gora irakasle ditu, gaian adituak, gehienbat UPV/EHUkoak, eta baita ere Mondragon Unibertsitatea eta Deustoko Unibertsitatekoak. Horietaz gain, hainbat irakasle sektorean eskarmentu handia duten profesionalak izango dira.

     

    Masterrak, teoria eta praktika uztartu nahian, arlo akademikoa eta enpresa mundua, bere eskaintza ikasleen egoera pertsonal eta profesional anitzetara egokitzeko asmoa du. Horregatik, eskaintza erdipresentziala izango da, 60 ECTS kreditu ikasturte akademiko. Modalitate erdipresentziala irakasgai guztietan aplikatzen da, derrigorrezkoetan eta hautazkoetan, %50 eskola presentzialak eta %50 eskola ez-presentzialak derrigorrezko kanpo-praktiketan eta derrigorrezko Master amaierako lanean izan ezik.

     

    Egitarauan, hautazko irakasgaien bitartez, bi heziketa ibilbide desberdin osatzen dira: EREDUAK ETA ESKU-HARTZE TEKNIKAK GIZARTE EKONOMIA ETA EKONOMIA SOLIDARIOAN ikerkuntza-ekintza lotuta eta GIZARTE EKONOMIA ETA EKONOMIA SOLIDARIOKO ENTITATEEN KUDEAKETA, izaera profesionalagoa duena eta entitateen kudeaketara bideratua. Ikasleen formakuntza osatzeko kanpo-praktikak eskainiko dira eta Master amaierako lana zuzendua. Honez gain, Masterrak UPV/EHUko Hegoa Instututuak antolatzen duen ”Garapenari buruzko ikasketak” Doktoretza Programan sartzeko aukera ematen du.

     

    Klaseak UPV/EHUko Donostiako Enpresa Ikasteten Unibertsitate Eskolan emango dira.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • Javier Domínguez, ONCE-ko Lurralde Batzordeko Lehendakari berria Euskadin

    Javier Domínguez, ONCE-ko Lurralde Batzordeko Lehendakari berria Euskadin

    Javier Domínguez, 1968an jaiota eta Donostiarra, ONCE-ko Lurralde Batzordeko Lehendakaria Euskadin izendatuta izan da oraintsu. Erakunde honek 3.500 afiliatu baino gehiago ditu lurraldean. Honela, kargura itzultzen da 2000 eta 2011 urte bitartean izan ondoren.

    Iturria: El Correo