Bloga

  • REASen, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarearen XX. Urteurrena

    REASen, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarearen XX. Urteurrena

    XII. Ekonomia Alternatiboko eta Solidarioko topaketaren esparruan, Kordoban apirilaren 30etik maiatzaren 3ra izan zena, REASen, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarearen XX. urteurrena ospatu zen.

    Bestalde, topaketa horren barne REASko (Ekonomia Alternatiboko eta Solidarioko Sareen Sarea) XX. urteurrena egin zen; egun 18 sare biltzen ditu (14 lurraldekoak eta 4 sektorialak), 300 enpresa eta entitaterekin, eta 20.000 pertsona baino gehiagok egiten dute lan bertan: finantza etikoan, ekonekazaritzan, kontsumo arduratsuan, merkatu sozialean, eta abar.

    Iturria: REAS

     

  • Ongi etorri garai interesgarri batera

    Ongi etorri garai interesgarri batera

    Nahiz eta egia izan ekonomia soziala eta solidarioa (ESS) definitzerakoan desadostasunak sortzen direla, horietatik batzuk oso sakonak, ekonomia sozialeko eta solidarioko alorrean gabiltzanok badakigu gaur egun dagoen eredu ekonomikoaren alternatiba bat dela. Artikulu honen helburua ez da ekonomia soziala edota solidarioa zer den zehaztea; beraz, bi kontzeptuei buruz hitz egiterakoan, modu alternatibo eta arduratsuan, bai naturarekiko bai pertsonekiko, gizakien beharrak asetzen dituzten esperientzia eta jarduerak biltzen dituen talde gisa ulertuko dugu.

    ESSaren alde eginbeharreko ekintzen inguruan zeharka aritu baino lehen, begiratu bat bota beharko genioke (azaletik bada ere) gaur egungo egoerari; hau da, ekonomia eta gizarte kapitalistari.

    Aldaketaren beharra nabarmena da, merkatu libreak ekarriko dizkigun ondorioak argiak baitira: munduaren suntsipena; gizakiaren suntsipena bai fisikoa –pobrezia, gerrak- bai psikiko-morala –pasibotasuna, indibidualismoa, berekoitasuna, etab.-; krisi etengabeek egoera okertuko dute eta desberdintasunak areagotuko dituzte gizartean bertan nahiz gizarteen artean ere. Gainera, ekoizpen-indarren garapenari esker, badakigu biziraute duin eta soila bermatzeko aukera badagoela mundu honetan bizi garen guztiontzat, diskriminaziorik gabe; eta denboren poderioz, gizakiak sortzen duen jarduera ekonomikoak naturarengan duen inpaktua murrizteko aukera dago, energiaren eta teknologiaren erabilpenean egon diren etengabeko hobekuntzei esker.

    Egoera horren aurrean, esaera-zahar txinatar bat aipa dezakegu: “ongi etorri garai interesgarri batera”; hau da, garai ezegonkor eta “nahasietan” aldaketa handiak egiteko unea da. Horregatik, momentu egokia da ekonomia soziala eta solidarioa gizartean indarrez sartzeko, sistema kapitalistan benetako alternatiba eskaintzeko.

    Egungo sistemak ez du, duela urteak bezala, hain era hegemonikoan konbentzitzen, eta gizartearen gero eta eremu zabalagoa bat dator ekonomia sozialak eta solidarioak sustatzen dituen balio eta lehentasunekin. Kalera irtengo bagina eta hainbati ustekabean galdetuko bagenio, gehiengoa esplotaziori eta soldataren ezegonkortasunari uko egitearekin bat etorriko litzateke. Zalantzan jarriko zuten masako kontsumismoa, pertsonen baliabideekin jolasean dabilen espekulazioa (etxebizitza, elikagaiak, etab.). Azken finean, ondorioztatuko genuke jendeak, oro har, ez duela nahi gizarteko jarduera ekonomikoen motor bakarra etekinen bilaketa izatea.

    Gauzak horrela, ekonomia sozialaren eta solidarioaren eginbeharrik premiazkoena, une honetan, bere burua ikusaraztearena da. Gizartearen aurrean ezagutzera eman itzulingururik gabe, gauzak egiteko beste modu bat badagoela, pertsonak eta ingurua errespetatuz. Hau da, herritarrei transmititu eredu kapitalista tradizionala zalantzan jartzen duten esperientziak badirela, eta alternatiba horiek kapitalismoaren ondorengo gizarte justuago baten jatorri izan daitezkeela. Esperientzien hedapen lan hori egitea beharrezkoa da, gero eta babes handiagoa izateko eta sare zabalagoa egiten joateko, gizartearen oinarri-oinarritik, pertsonekin.

    Ildo horretan, jaio eta lan egiten du ALEAk, alternatiba ekonomikoen sustapenerako elkarteak, UPV/EHUko ekonomia soziala eta solidarioari buruzko masterraren haritik sortua. Eraldatzeko gogoz eta umiltasunez, ALEA elkartetik, kapitalismo basati, suntsikor eta krudelari aurre egiteko, alor ekonomikoko esperientzia ezberdinen hedapena egiten saiatzen ari gara; ESSk ikusarazteko saiakera horretan, eta jendea sentsibilizatu eta kontzientziatzeko.

    Hala ere, ESSak ekonomia tradizionalari partida irabazi ahal izateko jende askok egin beharko du sistema alternatiboaren alde. Ezagutzera ematea, beraz, ez da nahikoa; ahalegin handiagoa egin beharko da; ESSaren praktiken eta balioen berrikuspena eta eguneraketa egiteaz gain, alor ezberdinetako eragileen artean, esperientzien eta barne-kooperazioaren sustapena ere egin behar da.

     

    Aratz Soto.

     

  • Oskar Goitia Mondragon Internazionaleko presidente berria izendatu dute

    Oskar Goitia Mondragon Internazionaleko presidente berria izendatu dute

    Mondragoneko kongresu kooperatiboko batzorde iraunkorrak Oskar Goitia izendatu du Mondragon Internazionaleko presidente berri, Josu Ugarteren ordez.

    Saileko arduradun berriak aldi berean izango ditu kargu hori eta Mondragoneko automobilgintza alorreko presidenteordetza. Oskar Goitia Vitoria-Gasteizen jaio zen 1969an eta Mondragon Unibertsitatean ingeniari tekniko mekaniko izateko ikasi zuen. Bere ibilbide profesionala 1990ean hasi zuen Wolhfarth GmbH enpresako tekniko gisa, Stuttgart inguruan motorrentzat ekipamenduak eta tresneria egiten zituen; eta Euskadira bueltatu zenean, Mondragon taldean hasi zen Fagor Ederlan kooperatiban tekniko bezala. 2009An, Mondragon automobilgintzako zuzendari nagusi izan zen; han bezeroekin sortutako harreman estrategikoak hobetu zituen, baita nazioartekotasuna eta Automobilgintza taldea osatzen duten hainbat kooperatiben barne-kooperazioa ere. Maiatzaren 2013an Mondragoneko automobilgintza alorreko presidenteordetza lortu zuen (Cikautxo y Maier).

    Iturria: TU lankide

     

  • ERKIDEko batzar nagusia

    ERKIDEko batzar nagusia

    Joan den maiatzaren 27an, Euskadiko Lan Elkarteen, Irakaskuntza eta Kreditu Kooperatiben Federazioko (ERKIDE) batzar nagusia egin zuten Vitoria-Gasteizen. Batzarra zela eta, “la comunidad cooperativa-¿lecciones de la crisis?” izeneko hitzaldia eskaini zuten.

    Ekimena Miñanoko Parke Teknologikoko areto nagusian izan zen, ERKIDEk eta Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseiluak antolatua (CSCE/EKGK). Hitzaldia Juan Mari Otaegui Muruak eskaini zuen, Mondragoneko Kongresuko eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko (CES) presidente ohiak.

    Hizlariak krisiak euskal kooperatibetan izan duen eragina jorratu zuen, eta azpimarratu zuen kalteak jasan dituztela, nahiz eta orain krisiari aurre egiteko prestatuago egon. Horrela, epe horretan gertatu denaren azterketa egin zuen, eta Euskadiko etorkizuneko gizarte-ekonomian baliogarri izango diren hainbat ondorio atera zuen.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • Euskal Kofradien Federazio Nazional berria eratu dute

    Euskal Kofradien Federazio Nazional berria eratu dute

    Maiatzean, arrantzaren euskal sektorean, gizarte-ekonomiako egitura berri bat martxan jarri da: Euskal Kofradien Federazio Nazionala.

    Federazio horretan, Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek bat egin dute, komunean dituzten interesak defendatzeko; esaterako, kuoten banaketa. Zentzu horretan, euskal arrantzaren sektoreak duen garrantzia nabarmendu beharra dago, 9.000 lanpostu sortzeaz gain, itsasertzeko ingurutan eta Euskal Autonomia Erkidegoan aberastasun handia sortzen baitu.

    Oraindik ez da erabaki federazioa nork gobernatuko duen, baina Eugenio Elduayenek, Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak, aipatu duenez, txandakako sistema erabiltzea aukera bat izan daiteke. Aldi berean, esan du ez dela egoitzarik egongo, Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiak mantentzearekin nahikoak izango dela; horiek ere, euren funtzionamendu independentea izaten jarraituko dute.

    Iturria: El País

     

  • REASko hitzaldia: Zer da Ekonomia Sozial eta Solidarioa?

    REASko hitzaldia: Zer da Ekonomia Sozial eta Solidarioa?

    Joan den maiatzaren 14ean, Ekonomia Alternatiboari eta Solidarioari (REAS) buruzko hitzaldia egon zen, jorratutako gaia hauxe izan zen: Zer da Ekonomia Soziala eta Solidarioa? Gipuzkoako EHUko Filosofia fakultateko kanpusean egin zen.

    Hitzaldia Euskadiko REASko koordinatzailea den Carlos Askunzek eskaini zuen, eta Ekonomia Sozial eta Solidarioaren lehentasunei buruz aritu zen; eredu horrek kapitalismoren alternatiba gisa egindako ekarpenak eta REASek izandako esperientzia aipatu zituen.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • Gizarte-ekonomiari buruzko euskal aldizkariaren ale berezia argitaratu dute X. urteurrenagatik

    Gizarte-ekonomiari buruzko euskal aldizkariaren ale berezia argitaratu dute X. urteurrenagatik

    GEZKI institutuak Gizarte-ekonomiari buruzko euskal aldizkariaren ale berezia argitaratu du X. urteurrenagatik.

    Ale hori ,“Krisiari Erantzuten Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidariotik” izenburupean, euskaraz idatzita dago eta Aitor Bengoetxeak eta Mertxe Larrañagak koordinatu dute.

    Aldizkarian artikulu hauek irakur daitezke: “Ekonomia sozial ezta solidarioa: zer da eta nola ulertzen da?”, Juan Carlos Perez de Mendigurenek eta Enekoitz Etxezarretak idatzia; Mertxe Larrañagak eta Yolanda Jubetok sortutako “Ekonomia solidarioa eraikitzen feminismotik eta gaitasunen ikuspegitik”; “Ekonomia sozial eta solidarioa; landakoa eta feminista?”, Leticia Urretabizkaiak egina; “Finantza etikoak, ekonomia solidarioaren aldeko tresna politikoak”, Cristina de la Cruzek idatzia; Aitor Bengoetxeak sortutako “Krisia eta enpleguaren lehentasuna kooperatibetan”; Itziar Villafañezen“Kooperatiben konkurtsoaren inguruan zenbait datu eta hausnarketa”; Jon Morandeirak idatzitako “Euskal gizarte ekonomiaren bilakaera krisi garaian”; “Interkooperazioa enpleguaren euskarri”, Baleren Bakaikoak egina; Anjel Errastiren eta Aitziber Nuñezen“Enpresa ereduen transferentzia: Mondragon taldeko multinazional koopitalisten kasua”; “Autoeraketa exijentea kooperatiben potentziala”, Ainhoa Larrañagak idatzia; “Gizarte-ekonomia eta gizarte-enpresak: krisi garaitarako irtenbide bat eta aukera juridiko desberdinak”, Igone Altzelairena; eta “Ekonomia sozial eta solidarioko erakundeen kudeaketa krisi garaian: oreka ekonomiko-finantzario eta soziala ahalbideratzeko lanabesak” Unai del Burgok, Baleren Bakaikoak, Maria Jesus Luengok eta Eduardo Mallesek sortua.

    260 orriko ezohiko ale horretan aldizkariaren hamargarren urteurrena azpimarratu nahi izan da eta, bide batez, lehen urteetan REVES-eko arduradunak izan ziren Baleren Bakaikoari eta Santiago Merinori omenaldia egiteko aukera izan da, Euskadiko gizarte-ekonomiaren bilakaera zientifikoari egindako ekarpenengatik, hain zuzen.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • Arantxa Arocenak Juan Luis Arrieta ordezkatu du CSCE/EKGKko  idazkaritza nagusi teknikoan

    Arantxa Arocenak Juan Luis Arrieta ordezkatu du CSCE/EKGKko idazkaritza nagusi teknikoan

    Arantxa Arocena Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko idazkari nagusi teknikoa izendatu berri dute; Juan Luis Arrieta ordezkatu du , 27 urtez lanpostu horretan egon eta gero.

    Arantxa Arocena Gómez, Lizartzakoa izatez (Gipuzkoa), zuzenbidean lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gipuzkoako Garraioen Lurralde Agintaritza Partzuergoko zuzendari izan da eta 2012tik Innoledge S.L. enpresaren bazkide sortzailea, negozio garapenerako aholkularitza arloan. Bestalde, 2006-2008 urte bitartean, unibertsitate eta enpresen arteko harremanen arduraduna izan zen Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien fakultatean. Horretaz gain, EHUko hainbat masterretan irakasle izan da; esaterako, Garraio Sistemen master ofizialean eta Enpresa Abokatua izateko masterrean. Mondragon Unibertsitateko Enpresa graduko irakasle ere izan da. Bere publikazioen artean, Conocimiento aldizkarian argitaratutako “Un código de buenas prácticas profesionales para el transporte” eta “La normativa reguladora del transporte” topa ditzakegu. Gipuzkoako Garraio enpresen elkarteko Bidean aldizkariko zuzendaria ere izan zen.

    Jubilatzeko garaia iristean, Juan Luis Arrieta Pagalday Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko idazkari nagusi teknikoa izateari utzi dio. Lanpostua 1988an lortu zuen, eta orduz geroztik fase guztiak bizi ditu. Laboral Kutxako enpresa arloan 1974.urtetik aurrera ibili zen; CSCE/EKGEn sartu zen gero, eta bertan Mondragon Taldeko kide izango ziren kooperatibekin harremanetan jartzen hasi zen. CSCE/EKGEn hasi zenean, berriz, entitate publikoekin hasi zen lanean, gobernuarekin eta parlamentuarekin, besteak beste. Idazkari izan zen urteetan, kooperatibismoa hedatzeko eta sustatzeko jarduerak jarri zituen martxan.

     

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • Arizmendiarrieta jaiotzaren mendeurrena

    Arizmendiarrieta jaiotzaren mendeurrena

    Aurten 100 urte bete dira Jose Maria Arizmendiarrieta jaio zenetik, Mondragon kooperatibaren esperientziaren sustatzaile eta Mondragon Unibertsitatea osatzen duen oinarrien sortzaile.

    1943.urtean, Mondragoneko eskola prdefesionala sortu zuen 20 ikaslerekin; era demokratikoan kudeatutako hezkuntza zentroa zen, eta eskualdeko gazte guztientzat irekia. Ikasle horiek, eskola profesionalean ikasi eta gero, Zaragozako industri-perituen eskolan egin zuten azterketa 1952an; horrela eratu zen industri-perituen lehen promozioa. Eskola berehala handitu zen, bere hiriko bizilagunen laguntza ekonomikoari esker, eta bertan ikasle askori irakatsi zion kooperatibismoaren mugimenduaren garapena zertan datza.

    1947-1955 urte bitartean enpresari buruzko teoriak sortu zituen eta baita eraberritzeari buruzkoak ere; langilea kudeaketaren eta inbertsioaren barne egoteak duen garrantziaz kontzientziatu nahi zituen enpresariak hainbat formulen bidez: kogestioaren ideia eta soldata duala; kontsumoa eta inbertsioa; langileen barneratze-mekanismoak sustatzea; enpresaren kudeaketan eta boterean parte-hartzea erreala egin. Hasiera batean, Arizmendiarrietak ez zuen kooperatibarik sortzeko asmorik izan, jendea parte-hartzearen balio eraberritzaileaz eta erakundeen kudeaketan pertsonengan zuen konfiantzaz kontzientziatu nahi zuen; halere, ez zuen eredu zehatzik defendatu.

    Lehen promozio hartatik atera zirenek, 1956an, U.L.G.O.R (Usatorre, Larrañaga, Gorroñogoitia, Ormaetxea eta Otaduy) enpresa sortu zuten, eta FAGOR marka. 1959. urtetik aurrera, berak eginiko lanari jarraipena emateko hainbat kooperatiba sortu ziren, eta horiek ere sustatu zituen. Horrela, Laboral Kutxa sortu zuen kreditu-sozietate kooperatibo gisa; aurrezki kutxa horren bidez, kooperatibako bazkideek finantza-zerbitzuak eskuratu zitzaketen eta, aldi berean, Mondragon Korporazio Kooperatiborako (MCC) fondoak sustatzeko aukera ematen zuen enpresa talde bezala hedatzeko.

    Beste zenbait eratzen prozesu ere bultzatu zituen, esatera: Lagun Aro gizarte-segurantza, gerora MCCn bihurtuko zen Eskualdeko Talde Kooperatiboa eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea; gaur egun, Mondragon Unibertsitatea ren parte bat da.

    Arizmendiarrieta apaiz sustatzailea izan zen; giza-baloreak bultzatzeaz gain, eraberritzailea izan zen, eta pentsatzen zuena inguratzen zion errealitateari egokitzeko gai izan zen, eta xede argia zuen: enpresa eraldatu gizartea eraldatu ahal izateko. Horrela, iritsi da MCC munduko erreferentzia izatera.

    Iturria: Mondragon Unibertsitatea eta OVES/GEEB

     

  • Gurearen negozioa %22 hazi da eta 2014ean baino 231 langile gehiago ditu

    Gurearen negozioa %22 hazi da eta 2014ean baino 231 langile gehiago ditu

    Desgaitasuna duten pertsonei lana ematen dien Gureak enpresa talde gipuzkoarraren negozioa %22 hazi da; bere ia jarduera guztiak berreskuratu eta gero, 2014ean baino 231 langile gehiago ditu.

    Joan den apirilaren 9an, taldearen emaitza ekonomikoak aurkeztu zituzten Donostian egin zuten prentsaurreko batean. 2015eko lehen hiruhilabetekoan, esaterako, beste 300 langile kontratatu ditu bere proiekturako. Guztira, 4.800 langile dira dagoeneko, horietatik %90 inguruk nolabaiteko desgaitasuna dute.

    2014ean, berriz, Gureak taldeak 151 milioi euroko diru-sartzea lortu zuen: %84 salmenta komertzialen bidez, eta %16 laguntzen eta beste diru-sartzeen bidez. Gehienak Lanbide eta Gipuzkoako Diputazioak emandako laguntzak izan ziren. Gureak, aldiz, gizarteari, zergen bitartez, jasotzen duena baino gehiago itzultzen dio. 2014an, 35,2 milioiko diru-sartzea izan zuen laguntzei eta gizarte-segurantzako hobiei esker, baina 35,3 miloi ordaindu behar izan zituen, BEZA, PFEZa, gizarte-segurantzan eta sozietate-zergak direla eta.

    Gorantz doazen sektoreak ardatz hartuz lortu du Gureak taldeak bizitako hazkundea; bereziki, balio erantsia duen logistikan, automobilgintzaren eskaeran eta energia berriztagarrietan, aparatu eta osagarri elektrikoetan, igogailuen sektorean eta etxeko konfortean.

    Negozioaren dibertsifikazioa taldearen apustu nagusienetakoa da, 2014ean 7,3 miloi euroko inbertsioa egin zuen.

    Iturria: Noticias de Gipuzkoa