Bloga

  • REJIESek Ekonomia sozial eta solidarioko ikertzaile gazteen II. Topagunea antolatu du

    REJIESek Ekonomia sozial eta solidarioko ikertzaile gazteen II. Topagunea antolatu du

    Gizarte Ekonomiako Ikertzaile Gazteen Sareak (REJIES) II. Topagunea ospatu zen, uztailaren 10 eta 11n, Madrileko Comillaseko Unibertsitate Pontifikalean (ICADE).

    Iaz, Ekonomia Sozial eta Solidarioko lehenengo kongresuaren harira, Zaragozan, azaroaren 27 eta 28an, egin zen I. Topagunearen arrakasta ikusita, uztailaren 15ean hasi zen CIRIEC erakundeko V. Nazioarteko kongresua aprobetxatu zen bigarren topagunea antolatzeko; hilabete bereko aurreko asteburuan, hain justu.

    Oraingo honetan, bi tailer egin ziren; bata, “Metodologías cualitativas: estudios de caso y Action Research” izenekoa eta bestea, “Metodología Cuantitativa: enfoque Partial Least Squares” deiturikoa. Gainera, hitzaldiak ere eskaini zuten ANECA akreditazio prozesua ezagutzeko eta ikerketa proiektu baten baremoaren alderdi nagusiak aztertzeko. Azkenik, ikerkuntza ildo eta proposamen saioak eskaini ziren; poster formatuarekin aurkeztu zuten, feedback-a eta harremana errazteko.

     

    Iturria: REJIES eta Gizarte Ekonomiako Espainiako Behatokia

     

  • Iritzia: Javier Pradini, Emaus Gizarte Fundazioa Taldeko zuzendari nagusia

    Iritzia: Javier Pradini, Emaus Gizarte Fundazioa Taldeko zuzendari nagusia

    Javier Pradini, Emaus Gizarte Fundazioa Taldeko zuzendari nagusia

    Emausek badu zentzua.

    Erronka berriak aldaketa egoera batean

     

    Duela 35 urte hasi zuen Emausek ibilbidea Gipuzkoan, eta, urteotan guztietan, gure inguruan gertatu diren aldaketa sozial askoren lekuko zuzenak izan gara. Era berean, guk ere aldaketa asko egin ditugu, bereziki, barne antolamenduaren aldetik.

    Egongo da pentsatzen duenik gaur egun egiten dugun lanak ez duela zerikusirik hasieran egiten genuenarekin. Egoera aldakor batera eta ingurura egokitzeko lanak etengabeak izan dira; hori guztia, gainera, Emaús Mugimendua osatzen dituzten 340 taldeekin partekatzen ditugun helburu eta asmoak kontuan izanda.

    Bizi dugun egoerak, bai munduan bai bertan, egungo eredu sozio-ekonomikoari irtenbidea bilatzea oztopatzen du, baita inguruan inpaktu egokia lortzeko posibilitatea ere.

    Hainbat arrazoik baieztatzen dute aurretik aipatutakoa.

    Batetik, baliabide natural mugatuak dituen gizarte batean bizi gara. Horiek, gehiegi ustiatu, pribatizatu edota merkantilizatzen dira, eta produktuak suntsitzen direnean, erabilgarriak izateko programatua duten epe labur hori amaitzen zaielako, desparekotasuna eta pobrezia sortzen da.

    Bestalde, gaur egungo gizarte-politikan atzera jotzea eta ongizate-estatuaren ahultzea egiazta dezakegu. Egoera horren arrazoia, antza denez, krisi ekonomikoa da. Ustelkeri kasuak nonahi, hirigune berriak hutsik, iruzurgile fiskalen zerrenda bukaezina eta gutxi batzuen aberaste espekulatiboa ikusita, ulertezina da elikagai bankuak eta herri jantokiak martxan jarri behar izatea. Pobrezia energetikoa nabarmentzen dugu, baita hezkuntzan, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan egin diren murrizketa ekonomikoak nahiz bankuen erruz kaleratuak izan diren familien ugaritzea ere.

    Testuinguru horretan, badira mantentzen jakin ditugun hiru gauza: gizartean baztertuen dauden pertsonekin konpromisoa, ahalduntze eta gizarteratze alorretan edozein pertsonak hiritar bezala dituen eskubideez gozatzeko aukera bermatuz; probokazioa bera, beste batzuek hondakinak edota zakarra ikusten dute lekuetan baliabideak sortuz; eta gure ustez zalantzazkoa den eta zaharkituta dagoen politika eta gizarte eredua eraldatzearen aldeko lana.

    Gaur egun, hiru alor horiek lantzen ditugu, bizi dugun garai berri honetan hain garrantzitsua den gizarte-berrikuntza kontuan izanda. Une honetan, fundazio baten eta ekonomia sozial eta solidarioko hainbat enpresek osatzen dute gure erakundea; oro har, 200 pertsona inguruk lan egiten dute.

     

    Beste erronketako bat Emaúsen egiten duguna ezagutzera ematea eta gizarteko segmentu ezberdinak partaide egitea da. Unibertsitatea lehentasunezko ardatz estrategikoa da egiten ditugun sentsibilizazio eta hedapen egitasmoetan, eta Gipuzkoako kanpus unibertsitario guztietan lan egiten dugu. Etorkizuneko gizartea euren eskuetan dago; eta beraz, helburu nagusia da guretzat. Kulturaz lagunduta gerturatzen ari gara unibertsitatera, kultura balio eta lehentasun solidarioetan oinarritzen den bizi estilo gisa ulertzen dugulako.

    Horregatik, datozen hilabeteetan erronka nagusienetakoa Tabakalera kultur zentroan Emaúsek sortuko duen espazioaren garapena da. Bertan, lantzen ditugun ekimen guztiak islatu, eta, aldi berean, erakusleihoa eta harremanetan jartzeko gunea izatea nahi dugu. Horrela, gerturatzen den orok gure lanaren zentzua zein den ulertzeko aukera izango du, eta parte hartzeko edota bere kezkak, desirak eta ezagutza partekatzeko aukera ere edukiko du.

    Badakigu kultura bizirik dagoen zerbait dela, dinamikoa, konpromisoa erakusten duena, parte-hartzailea, jendartean zabaltzeko gai dena, gertukoa, eskuragarria, gizatasuna erakusten duena, eta, batez ere, guztien onerako dena.

    Gune horretan belaunaldien arteko hartu-emana sustatzea nahiko genuke, eskarmentuak, ezagutzak, bizipenak eta errealitatea ikuskatzen dugun lekua izatea, eta gure programetan parte hartzen duten baztertze egoeran daudenen ahalmena erakutsi ahal izatea. Horrela, anonimotasunetik ateratzeko asmoa dugu. Hondakinei ere garrantzia eman nahi diegu, eta batzuentzat hondar solidoa dena beste batzuentzat baliabide solidarioa dela erakutsi.

    Gune hori Emaús Eko Lab Center izendatu dugu: Emaús 3.0 izeneko aldi berri baten hasiera da.

     

  • Juan Luis Arrieta Pagalday, Euskal Kooperatiben Goren Kontseiluko idazkari nagusi teknikoa 27 urtez

    Juan Luis Arrieta Pagalday, Euskal Kooperatiben Goren Kontseiluko idazkari nagusi teknikoa 27 urtez

    Juan Luis Arrieta Pagalday, berriki, erretiratu egin da; 27 urtez Euskal Kooperatiben Goren Kontseiluko idazkari nagusi tekniko bezala ibili eta gero. Adeitasunez, hainbat galdera erantzun digu.

    – CSCE/EKGKn martxan jartzeko sartu zinen. Nola izan ziren lehen egunak?

    Bai pertsonalki bai profesionalki garai berriak eta interesgarriak izan zirela gogoratzen dut. Nire eginkizunak gustuko izateaz gain, lana gauzatzeko nuen autonomia ere atsegin nuen.

    Laburbilduz, ilusioz beteriko erronka izan zen, nentorren Laboral Kutxako enpresa arloko ezagutza osatzeko aukera eman baitzidan.

    – 27 urte, zalantzarik gabe, denbora asko da, baina hasierako helburu guztiak betetzeko nahikoa izan al da?

    Hasierako helburua zen, funtsean, lehen kontaktuak sortzea eta erakunde publikoekiko zein unibertsitateekiko jokabidearen irizpide estrategikoak eta operatiboak zehaztea. Enpresa kooperatiboen inguruko nire ezagutzak sakonak ziren orduan, nahiz eta oraindik ez egon elkarte bidezko egituraketarik mugimendu kooperatiboko institutu adierazgarrien artean.

    Aipatutako hasierako xedeak lehen urteak pasa ahala bete ziren. Gero, asmo horiek egokitu behar izan genituen, hainbat erakundek finkatzen zuten helburuen arabera; horrek guztiak ekar zitzakeen zailtasunak kontuan izanda. Horretarako, kontseiluko gainerako kideekin hitz egiteaz gain, partaidetzako erakundeen funtsa diseinatzen hasi zen (Oinarri S.G.R. eta Elkar-LanS.Coop.). Gaur egun, jarduketen balantzeen emaitzak oso onak dira.

    – Lekuko pribilegiatua izanik, nola laburtuko zenuke euskal kooperatibismoaren garapena urte hauetan?

    Laburbilduz, bi hamarkada nabarmenduko nituzke (80 eta 90); enplegu kooperatiboa finkatu eta bultzatu ziren urteak, hain zuzen. Gero, krisi globalak jarduera-sektore guztietan eragina izaten hasi zuen eta egoera horrek barne-kooperazioko eta solidaritate mekanismoak martxan jartzera behartu zuen. Mekanismo horiek krisiaren eragina arintzea lortzen ari dira baina, nire iritziz, etorkizuneko erronka izaten jarraitzen dute, batez ere, Mondragon korporaziotik kanpo dauden kooperatibei begira.

    Gaur egun, sortutako kooperatiba kopuruek bultzada nabarmena eman dute. Horien artean, nire ustez, kooperatiba txikiak azpimarra daitezke, erakunde publikoek eta mugimendu kooperatiboko elkarteei egin beharreko egokitzapenak eskatuko dizkietelako; bereziki, kooperatiba txikien sektoreei zuzendutako sustapen jardueretan.

    – Zergatik da Kooperatibismoa garrantzitsua?

    Ekonomia errealaren arauak barneratuz, eta balore horiekin koherenteak izanez, formula honek azken hamarkadan hedatu eta kontrastatu den errealitatea sortu du. Hori guztia gaurkotasun handiko xedea mantenduz, hau da, enpresen interes publiko eta pribatuen arteko helburu komunak indartzen laguntzeko ilusioz beteriko helburuarekin jarraituz; eta langileen eta enpresarioen arteko interesak ere bermatuz.

     

  • Ekonomia Solidarioko kontzeptu eta praktikak sustatzeko jardunaldia

    Ekonomia Solidarioko kontzeptu eta praktikak sustatzeko jardunaldia

    Ekonomia Solidarioko kontzeptu eta praktikak sustatzeko jardunaldia UEU eta Emaús Gizarte Fundazioarekin elkarlanean antolatu da. Emaús Gizarte Fundazioak Unibertsitate-Komunitatean Ekonomia Solidarioko kontzeptu eta praktikak sustatu nahi ditu, honekin batera unibertsitate-eredu berri baten eraikuntzari ekarpena eginez.

    Unibertsitate-eredu berri hauek ekonomia alternatibo eta solidarioa sustatu behar eta ahal dezaketela uste dute, campus mailan egiten diren hezkuntza prozesu formal eta ez formalak bateratuz. Intzidentzia prozesu honetan 5 urte daramatzate EHU, MU, Deustuko Unibertsitatean eta UEUn.

    Jardunaldiaren helburuak honako hauek dira: Ekonomia Solidarioa sustatzeko campus mailan hezkuntza-prozesu formal eta ez formalak martxan jartzen dituzten unibertsitate-eredu eraldatzaileak ezagutzea (bertakoak eta Latinoamerikan) eta hauen praktikak gure inguruan martxan jartzeko aukeraren inguruan eztabaida; nola bateratu gizarte-mugimenduen/gobernuz kanpoko elkarteen gizarte-eraldaketa helburuak eta unibertsitateak gizartea eraldatzeko izan dezakeen ahalmena; eta nola indartu campus mailan eraldaketa eta ekonomia solidarioa sustatu nahi duten ikasle eta gizarte elkarteak.

    Iturria: UEU

     

  • BGAEen araudiaren zati bat berrikustea eskatu du Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak, erakunde horiei segurtasun juridiko gehiago emateko

    BGAEen araudiaren zati bat berrikustea eskatu du Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak, erakunde horiei segurtasun juridiko gehiago emateko

    Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (EGAB) eskatu du Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen (BGAE) legearen araudia berrikustea, entitate horien segurtasun juridikoa indartzeko.

    Batzordeak dio araudi hori "konplexutasun handiko araua" dela; ez duela "sinpletasun juridikorik". Gainera, artikuluetako asko berrikustea eskatu du, testuaren segurtasun juridikoa bermatzeko eta hainbat betebeharrentzat ezarritako epeak zabaltzeko, horiek gauzatzeko zailtasunak sortzen baitira.

    Enplegu arloko pentsio-fondoei eta jarduerei buruzko europar direktiba Europako Legebiltzarrean berrikuspen prozesuen dagoela gogorazi du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, eta horren ondorioz eduki aldetik izango dituen aldaketak aurreikusi ezin direla dio. Horregatik, bertako araudia arretaz birformulatzea eskatu du, horren ezinbesteko segurtasun juridikoa bermatzeko.

    Batzordearen aburuz, araudiak gogorarazi beharko luke, batetik, boluntariotasunaren printzipioa dela nagusi; eta, bestetik, pentsio-planak eskuratzeko derrigorrezko atxikimenduko proposamenik ez dagoela.

    Azkenik, Gizarte Aurreikuspeneko Euskal Kontseiluaren papera hobeto argitzeko eskatu du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak argitaratutako ebazpenak, beste kontsulta-organo batzuekin talka egin ez dezan ziurtatzeko. Organismo hori osatzen duten kideen espezializazioaren alde apustu egin beharko litzatekeela uste du EGABk; hau da, gaian adituak diren eta ospea duten pertsonak bildu beharko lituzkeela.

    Iturria: CES-EGAB

     

  • Mondragon Unibertsitateak lanbide heziketa eta unibertsitatearen arteko kooperazio proiektuak garatu ditu

    Mondragon Unibertsitateak lanbide heziketa eta unibertsitatearen arteko kooperazio proiektuak garatu ditu

    Mondragon Unibertsitateak, azken asteotan, lanbide heziketa eta unibertsitatearen arteko kooperazioari zuzendutako bi pisuzko ekintza garatu ditu.

    Mondragon Unibertsitateak eta Heziketa Profesionalerako Tknika berrikuntza-zentroak, Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoenak, akordioa sinatu dute entitate bien arteko lankidetza proiektu, programa eta ekintzak sustatzeko.

    Hitzarmenaren bidez, Heziketa Profesionalen prestakuntza eta gaikuntza, ikerketa aplikatua eta berrikuntza pedagogikoa nahiz teknologikoa sustatu eta hobetu nahi dituzte, baita kudeaketa eta antolakuntza arloetako berrikuntza bultzatu ere.

    Kooperaziorako akordio honen bidez, Heziketa Profesionala indartu nahi dute, eta euskal erakundeek zientzia eta teknologia sortu eta aplikatzeko duten gaitasuna areagotu. Bestalde, Mondragon Unibertsitatearen eta Tknika-ren garapena bultzatu nahi dute, ezagutzak eta teknologiak elkar trukatzeko aliantza estrategiko baten bidez.

    Bestalde, lan ildo horretan, Mondragon Unibertsitatea, Arrasate-Mondragon Udalarekin, LANBIDE-Euskal Enplegu zerbitzuarekin eta Mondragon taldearekin batera, III. Enplegu eta formazio azoka antolatu zuten, joan den ekainaren 11n, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan, Garaia Berrikuntza Gunean. Ekimena une honetan lan bila dauden edo goi mailako formazioaren inguruko informazioa jaso nahi duten pertsona guztiei zuzenduta egon zen.

    Iturria: Tulankide

     

  • UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko master ofizialaren amaiera ekitaldia

    UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko master ofizialaren amaiera ekitaldia

    Joan den ekainaren 23an, UPV/EHUko Gizarte eta Ekonomia Solidarioko unibertsitate master ofizialaren amaiera ekitaldia egin zen, Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan. Horrekin batera, programaren eskola-orduak bukatzen dira; ikasleek master amaierako lana epaimahai baten aurrean aurkeztea faltako litzake, irailean.

    Amaiera ekitaldia UPV/EHUko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako graduen aretoan izan zen eta Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak, masterraren antolatzaileak, antolatu zuten. Mikel Zurbanok, masterraren zuzendariak, hasiera eman zion masterrari. Han Koldo Saratxaga ere izan zen, eta “Siempre somos sociedad” hitzaldia eskaini zuen.

    Koldo Saratxaga (Sopuerta, 1947) euskal kooperatibismoarekin harreman handia du, Irizarren arrakastaren eragile, Ner Group taldearen sustatzaile, eta K2K Emocionado enpresaren oraingo aholkularia da. Hitzaldian gaur egungo gizartean harreman pertsonalak bultzatzeko garrantziaz eta enpresen arteko erlazio estilo berri batez aritu zen. Gainera, Ner Group taldearen arrakastaren hainbat arrazoi azaldu zuen, esaterako: pertsonen ikuspuntua kontuan hartzea, daramatzaten proiektuen filosofia eta aipatutako ideia horiek indartzen dituen beste zenbait emaitza.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • CIRIEC-Espainiako ikertzaileak gizarte-ekonomiako etorkizuneko ikerketa ildoei buruz eztabaidatzeko bildu dira

    CIRIEC-Espainiako ikertzaileak gizarte-ekonomiako etorkizuneko ikerketa ildoei buruz eztabaidatzeko bildu dira

    Joan de ekainaren 11n, CIRIEC-Espainiak bilera bat egin zuen ekonomia sozial eta kooperatiboaren etorkizuneko ikerketa ildoei buruz eztabaidatzeko, Valentziako unibertsitateko Ekonomia Fakultateko egoitzan.

    Bileran CIRIEC-Espainiako presidenteak, José Mª Perez De Ugaldek, parte hartu zuen, batzorde zientifikoko presidente José Luis Monzónekin batera. CIRIEC-Espainiako presidenteordea, Adoración Mozas; CIRIEC-Espainiako Ekonomia aldizkariko editorea, Rafael Chaves; eta CIRIEC erakundearekin harremana duten ikertzaile talde bat ere bertan izan ziren.

    Batzorde zientifikoko presidente berriak, José Luis Monzónek, besteak beste, gizarte-ekonomiako nazioarteko ikerkuntza proiektu bat lantzea planteatu zuen, sektoreak ongizatezko gizartean duen lekua sendotze aldera.

    Rafael Chavesek, berriz, CIRIEC-Espainiako ikertzaileen lana nabarmendu zuen. 300 aditu inguru daude Espainiako 40 unibertsitate baino gehiagotan sakabanatuta, eta horietatik 20 inguruk gizarte-ekonomiako arloan ikerketa burutzeko egiturak dituzte. Gainera, gogorarazi zuen Estatuan egitura horiek guztiak Enuies Sarean daudela, eta horrek elkarlan zientifikoa ahalbidetzen duela gizarte-ekonomian hobekuntzak lortu ahal izateko. Sektore horretan, Espainia erreferentea da Europan.

    Azkenik, Zaragozako unibertsitateko ikertzaile Millán Díaz Fonceak, REJIES (Gizarte Ekonomiako Ikertzaile Gazteen Sarea) aurkeztu zuen bileran. Sare hori ikertzaile gazteei zuzendutako topagune gisa sortu da, tesia lantzen ari direnentzat edo berriki aurkeztu dutenentzat, baita gizarte-ekonomian ikertzaile bezala euren ibilbide profesionala garatzen hasi direnentzat ere.

    Iturria: Gizarte Ekonomiako Espainiako Behatokia

     

  • Ekonomia Solidarioaren III. Azoka

    Ekonomia Solidarioaren III. Azoka

    REAS Euskadi (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea) eta Zentzuz Kontsumituk (Mugarik Gabe, Medicus Mundi Araba eta Setem Hegoa Haizea osatutako partzuergoa) Ekonomia Solidarioaren III. Azoka antolatu zuten ekainaren 20an Gasteizen.

    Hirugarren Azoka honen helburua bere hirian, probintzian eta Euskal Herrian kontsumo kontziente, arduratsu eta eraldatzaile baterako dauden aukera praktikoak Gasteizeko hiritarrei zabaltzea zen.

    Euskal Herriko Merkatu Soziala eratzen duten ekonomia sozial eta solidarioaren 45 enpresa eta erakunde ingururen produktu eta zerbitzuen informazio eta salmentarako standak egon ziren: finantza etikoak, tokiko nekazaritza ekologikoa, bidezko merkataritza, energia berriztagarriak, eraikuntza, ehungintza, ostalaritza, birziklapena, aseguruak, komunikazio alternatiboa, gizarte esku-hartzea, etab.

    Honez gain, jarduera-egitaraua zabala izan zen: produktu eta zerbitzuen aurkezpenak, hitzaldiak, antzerkia, gazteentzako ekintzak, etab.

    Iturria: REAS

     

  • Langileek enpresaren kudeaketan parte hartuko balute, talentuek alde egitea ekidingo litzateke

    Langileek enpresaren kudeaketan parte hartuko balute, talentuek alde egitea ekidingo litzateke

    Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak, ASLEk, euskal enpresei deia egin die, langileek kudeaketan parte hartzearen onurez ohartarazteko. Horrela, talentua duten pertsonek kanpora alde egin ez dezaten lortu nahi dute, egungo euskal ekonomiaren gaitz handienetakoa baita hori.

    ASLEko gerente Josetxo Hernándezen hitzetan, talentuaren ihesak eragin garbia du enpresen garapenean, berrikuntzarako beharrean eta, azken finean, lehiakortasunean. Langileek enpresaren kudeaketan nahiz kapitalean parte hartzeak "konpromisoa, malgutasuna, gizarte-kohesioa, lan-egonkortasuna, enpresarekiko identifikazioa eta dinamismoa" bezalako balioak bultzatzen ditu, adierazi du Hernándezek.

    "Lan-sozietateetan, adibidez, langileak enpresako bazkide dira, eta enpresotan, besteekin alderatuz, krisiarekiko jokabide hobea dugula erakutsi dugu". Euskal lan-elkarteek hazkunde nabarmena izan zuten 2014an, bai enpleguan (%2,7) eta bai fakturazioan (%3,2).

    Zentzu horretan, ASLEko arduradunen arabera, langileen parte-hartzea bultzatzeko erreminta ezberdinak daude. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak "Innobideak Pertsonak Programa" abiarazi du, langileek gestioan nahiz akzioetan parte har dezaten suspertzeko.

    Iturria: ASLE