Bloga

  • UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioari buruzko Masterra hastera doa

    UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioari buruzko Masterra hastera doa

    Irailaren 28an, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Unibertsitate Masterra hasi zen, Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren GEZKI institutuak antolatua. Master ofizial horrek 60 kreditu ditu derrigorrezko eta aukerako hainbat ikasgaitan banatuak, baita master bukaerako proiektuan eta eginbeharreko praktiketan ere. Ikastaroan irakasle egongo dira gizarte-ekonomiarekin eta ekonomia solidarioarekin lotura duten irakasleak eta sektoreko entitate nagusien zenbait kide. Gainera, entitate horietan ikasleek lan-praktikak egiteko aukera izango dute.

    Derrigorrezko ikasgaiak hauek dira:

    – Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa: Teoria eta Garapenak

    – Esku-hartze publikoa eta Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa

    – Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren erakundeak

    – Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko erakundeen antolakuntza eta administrazioa I eta II

    Bestalde, aukerako ikasgaiak hauek dira:

    – Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren erakunde etika

    – Gizarte erantzukizun korporatiboa Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren erakundeetan

    – Finantza Etikoak

    – Gizartean Esku-hartzeko Tresnak eta Estrategiak

    – Garapenerako lankidetza eta Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa

    Lan-praktikak hurrenez hurren aipatzen diren entitatetan egiteko aukera egongo da:

    – Agintzari S.Coop.

    – Euskadiko Lan Sozietateak (ASLE)

    – Emaús Bilbao SCIS

    – Emaús Fundación Social

    – Esnetik Koop. Elk.

    – GEZKI Institutua

    – Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea (GIZATEA)

    – GUREAK

    – HIREKIN – Euskadiko Gizarte Ekimeneko eta Esku Hartzeko Entitateen Elkartea

    – Keima Animazioa SLU

    – Komunikazio Biziagoa S.A.L

    – KONFEKOOP – Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa Peñascal S. Coop

    – Ner Group

    – Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokia (OVES/GEEB)

    – Ekonomia Alternatiboa eta Solidarioaren Sarea – REAS Euskadi

    – Red Social Koopera Gizarte Sarea S. Coop.

    – Xarxa d'Economia Solidària de Catalunya (XES)

    Iturria: GEZKI

     

  • Nazioartean hedatzea, Ulma taldearen emaitzen gakoa

    Nazioartean hedatzea, Ulma taldearen emaitzen gakoa

    Azken urteroko txostenaren arabera, Ulma Taldeak, Mondragon korporazioko enpresa talde handienetakoak, azken urteotako salmenten beherakadari aurre egitea lortu du, nazioarteko posizionamendua hobetzeari eta arriskua dibertsifikatzeari esker.

    Ulma Taldeak 61 enpresa filial ditu mundu osoan zabalduta, eta salmentak gune geografiko ezberdinetan dibertsifikatuak ditu: %53 Europan, %19 Latinoamerikan, %15 Ipar Ameriketan, %11 Asian, eta gainontzekoa, Afrikan eta Ozeanian.

    2014ko ekitaldiaren itxieran 4.350 langile zituen taldeak; horien artean, %80tik gora bazkidea da eta ia %49 nazioarteko filialetan dago. Bestalde, salmentak 666 milioi eurotara iritsi ziren, eta kopuru horren %77 atzerriko merkatuetan lortu zuten.

    Aurten, Ulma Taldeko zortzi negozioak (Agrícola, Architectural Solutions, Carretillas Elevadoras, Construction, Conveyor Components, Handling Systems, Packaging eta Piping) euren garapen planak mantentzen ari dira, nazioarteko hedapenean, berrikuntzan eta jarduera berrietan oinarrituz. Helburua 719 milioi euroko salmentak gainditzea da, eta %80 nazioarteko merkatuetan lortzea aurreikusten dute.

    Iturria: TULANKIDE

     

  • Lantegi Batuak-ek bigarren gardentasun txostena aurkeztu du

    Lantegi Batuak-ek bigarren gardentasun txostena aurkeztu du

    Bizkaian desgaitasuna duten pertsonentzat lan-aukerak sortzen dituen Lantegi Batuak erakundeak bigarren gardentasun txostena argitaratu berri du.

    Lehenengoa iragan martxoan aurkeztu zuen eta, horrela, txostena plazaratu duen lehen enplegu bereziko zentro bilakatu da. Dokumentuak irabazi-asmorik gabeko Lantegi Batuak fundazioaren informazio zehatza eskaintzen du; barne antolakuntza eta egitura, emaitzak eta aurrekontuak.

    Aurkeztutako datuen artean, administrazio publikoekin sinatutako hitzarmenak ere badaude, baita jasotako diru-laguntzak eta ordainketen kapitulua ere.

    Txostena entitatearen webgunean deskarga daiteke. Horrela, Lantegi Batuak-etik dioten bezala, abenduaren 9ko 19/2013 Legea betetzen dute, gardentasuna, informazio publikoaren eskuragarritasuna eta gobernu ona jorratzen dituen araua, hain zuzen (BOE 10/12/2013).

    Bestalde, Lantegi Batuak-eko ordezkariei harrera egin die lehendakariak, baita Denon Irekia proiektuan parte hartu duten Euskadiko beste elkarte batzuetako kideei ere, kanpainaren balantzea egiteko.

    Eusko Jaurlaritzaren ekimena da proiektu hori, eta helburutzat du adimen urritasuna, buru nahasmendua, garuneko kaltea edo autismoa bezalako gaixotasunak dituztenen eten digitala murriztea, baita euren prestakuntza, esperientzia eta gaitasunak azpimarratzen laguntzea ere. Egitasmoaren bitartez, 40 profil ireki dituzte Linkedin-en, prestakuntza saio pilotuetan, eta 20.000 pertsona baino gehiagoren babesa jaso dute euren webgunearen bidez.

    Iturria: Lantegi Batuak

     

  • Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Internacionalek Erakundeen Nazioartekotzeari buruzko Unibertsitate Masterra jarri dute abian

    Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Internacionalek Erakundeen Nazioartekotzeari buruzko Unibertsitate Masterra jarri dute abian

    Mondragon Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu du Mondragon Internacional-ekin Erakundeak Nazioartekotzeari buruzko Unibertsitate Masterra abian jartzeko. Ikasleek aurrez aurreko heziketa jasoko dute 12 hilabetez, Bilbao Berrikuntza Faktorian (Bilbo), eta atzerrian enpresa batean egoteko aukera izango dute sei hilabetez.

    Helburua partaideek lanean dauden profesionalek behar dituzten eskumenak eskuratzea da, nazioartean bizitako esperientzien bidez, enpresen nazioartekotzeko esperientziak garatzeko, kudeatzeko eta gidatzeko. Masterra lagungarri izango da munduko hainbat lurralderekin lotutako edukiak lantzeko: Europa, Asia, Pazifikoa, Hegoamerika, ABE, Kanada eta Mexiko, Magreb eta Arabiar Herrialdeak eta Afrika

    Zentzu horretan, eskola-egutegia betetzen den bitartean, ikasle guztiak txandaka arituko dira ikasten eta inguruneko nazioarteko enpresa batean praktikak egiten; aurrez aurreko prestakuntza amaitzen denean, enpresa horren bitartez sei hileko egonaldia egingo dute atzerriko merkataritza-filial edo produkzio-filial batean.

    Masterraren prestakuntzak bi zati ditu. Lehen moduluan, globalizazioaren testuingurua landu, enpresa baten nazioartekotze-ahalmenaren diagnostikoa egin, kokagunea aukeratu eta, azkenik, nazioarteko enpresa baten kudeaketa globalaren gakoak emango dira. Bigarren moduluan, prestakuntza egokitzapen geografikoan sakondu eta zentratuko da; bertan, munduko hainbat lurralderekin lotutako edukiak landuko dira era sakonean.

    Iturria: TULANKIDE

     

  • UPV/EHUko Gizarte Ekonomiaren eta Zuzenbide Kooperatiboaren GEZKI Institutuak Twitterreko kontua sortu du: @GEZKI_

    UPV/EHUko Gizarte Ekonomiaren eta Zuzenbide Kooperatiboaren GEZKI Institutuak Twitterreko kontua sortu du: @GEZKI_

    UPV/EHUko Gizarte Ekonomiaren eta Zuzenbide Kooperatiboaren GEZKI institutua Twitter sare sozial ezagunean sartu berri da.

    GEZKIk ekonomia sozial eta solidarioa bultzatzeko hezkuntza eta unibertsitate esparruetan gauzatzen dituen ekintzak ikusaraztea da helburua. Jarduera hori hedabide digitaletan zabaltzeaz gain, euskal sektoreko entitateen albisteak, ekitaldiak eta ikerkuntzak ezagutarazteko aukera ematen du tresna horrek.

     

    Esteka: www.twitter.com/GEZKI_

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • GUREAKek 40. urteurrena ospatu du

    GUREAKek 40. urteurrena ospatu du

    Desgaitasuna duten pertsonentzat, batik bat adimen urritasuna dutenentzat, lan-aukerak eskaintzen dituen GUREAK entitateak 40 urte bete ditu. 1975eko abuztuan sortu zen Talleres Protegidos GUREAK S.A. izenarekin.

    Egun, 5.000 pertsonak osatzen dute GUREAK, lanpostu normalizatu eta okupazionalak nahiz prestakuntza jasotzen ari diren pertsonak kontuan hartuz. GUREAK taldeko lehendakari Iñaki Alkortak jakinarazi duenez, hurrengo hamarraldirako erronka nagusietakoa izango da politika publikoak zein norabidetan garatuko diren igartzea, bai gizarte-politikak eta bai pertsonen lan-aktibaziorako politikak. Horren helburua litzateke desgaitasuna duten pertsonen eta horien familien behar aldakorrak hautematea eta horiei erantzuna ematea.

    Iturria: Iñaki Alkortaren bloga

     

  • Iñaki Aranburu, IK4ko lehendakari berria

    Iñaki Aranburu, IK4ko lehendakari berria

    IK4ko zuzendaritza organoak berritzearekin batera, Iñaki Otaño izendatu dute presidenteorde berri. Zuzendaritza Nagusiaren buru izaten jarraituko du José Miguel Erdozainek.

    IK4 erreferentziazko aliantza teknologikoa da Berrikuntzaren Euskal Sisteman. 2005ean sortu zen, federazio-ereduarekin bederatzi zentro bateratuz. Guztiek estrategiak partekatu eta gaitasunak uztartzen dituzte enpresa handien berrikuntza-beharrei soluzio globalak emateko. IK4 eredugarria da Europan; izan ere, zientzia eta teknologia arloetako korporazio pribatu nagusien artean dago; administrazio publikoek bultzatutako ikerketa proiektuetan partaidetza gehien duten erakundeen artean, hain zuzen.

    IK4ko presidente berriak IK4-Ikerlanen ekin zion bere ibilbide profesionalari. Hamabost urtez egin zuen lan bertan, eta garai batez kontseilu errektoreko kide ere izan zen. Ostera, Goizper kooperatibako Produktu Garapen arloko zuzendari bilakatu zen. Lau urte geroago, Oronara lekualdatu zen, eta egun enpresa horretako Korporazio, Sustapen eta Marketin Zuzendaritzaren ardura du, IK4-Ikerlaneko presidente izateaz gain.

    Iturria: TULANKIDE

     

  • Ekonomia sozialaren eta solidarioaren alorrak Euskadiko alderdi nagusien hauteskunde programetan ageri dira azken udal eta foru hauteskundeez geroztik

    Ekonomia sozialaren eta solidarioaren alorrak Euskadiko alderdi nagusien hauteskunde programetan ageri dira azken udal eta foru hauteskundeez geroztik

    Pasa den maiatzaren 24an, udal eta foru hauteskundeak izan ziren. Euskadin %63,85eko parte-hartzea egon zen, eta, emaitzen arabera, mapa politikoa bost alderdik eta hauteskunde-taldeek osatu dute. Itunen, akordioen eta jarrera-hartzeen ondoren, hiru Lurralde Historikoak, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia, Eusko Alderdi Jeltzaleak (PNV-EAJ) gobernatuko ditu. Horrez gain, Eusko Alderdi Jeltzalea (PNV-EAJ) Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalen agintari da, baita lurraldeko beste hainbat udalerritakoa ere. Hala ere, kasu batzuetan zerrenda bozkatuenek ez dute lortu instituzioen titularitatea; horregatik, gehiengoa edo babes nabarmenenak izan dituzten aukerak aipatzen dira lan honetan, ezinezkoa izan baita bozka eta aulkia lortu duten hautagai guztien inguruko xehetasunak argitzea.

    Interesgarria iruditzen zaigu jakitea aukera politiko nagusiek, euren hauteskunde programetan, gizarte-ekonomiaren inguruan duten jarrera-hartzea. Azken finean, instituzioen agintari izango dira, zuzenean, oposiziotik edota nahiko egonkorra izan daitekeen babesari esker.

    Hurrenez hurren, Euskadiko gizarte-ekonomiari buruzko aurreikusitako aldeko politiken inguruan, aipatutako hauteskunde programetan proposatzen diren aipu zehatzenak laburbilduko ditugu.

    Euskadiko udal eta foru hauteskundeetan, 2015ean, lorturiko emaitzak hauexek dira:

     

    Euzko Alderdi Jeltzalea (PNV-EAJ)

    “Enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa: lana denontzat: zailtasun gehien duten kolektiboak babestuz ➪Gure lehentasuna gizarte-bazterketa bizi dutenei edota bizitzeko arriskua dutenei lan-merkatuan sartzeko bidea erraztea da, baita krisia dela eta lan-merkatutik kanpo gelditu direnei ere. Horrela, egoera kronikoa edota atzeraezina bilakatzea saihestu nahi dugu. Zentzu honetan, programa bereziak sustatuko ditugu 45 urtetik gorako pertsonen laneratzea erraztu ahal izateko eta beraien ezagutza profesionala kontuan hartzeko. Aldi berean, gizarte-ekonomiako enpresen garrantzia nabarmendu nahi dugu, baita enplegu inklusiboa sortzeko duten gaitasuna ere”.

    “Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana: administrazioak, enpresak eta hirugarren sektorea elkarrekin lan egiten garapenaren alde ➪ sare-lana sustatuko dugu. Publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana bultzatu eta erraztuko dugu, gure lurraldeen eta udalerrien garapenerako aukerak aprobetxatzeko, eta zerbitzu publikoen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko. Gizarte berrikuntzarekin harremana duten enpresa-egitasmoen garapena babestu eta bultzatuko dugu; hirugarren sektorearen eta administrazioaren arteko elkarlana sustatuz eta, lurraldea bera proba-leku gisa erabiliz, gizarteko erronkei heltzen dieten diseinu, garapen eta produktu edota zerbitzu berrien probak bultzatuz.

    “Elkarlanak eta kooperazioak duen balio estrategikoan sinesten dugu: bereziki, publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana indartu beharra dago, bai enpresetan bai hirugarren sektorean. Gizarte arduran aurrera egiten lagunduko diguten azpikontrataziotik haratago doazen formulak bilatuko ditugu; osagarriak diren lanak gure gain hartu eta helburuak partekatuko ditugu.

     

    EH BILDU

    “Gizarte-ekonomia, eta ekonomia alternatiboa eta solidarioa sustatuko ditugu. Emakumeek kooperatibak eratzeko aukerak egon daitezen, aholkularitza eta laguntza zerbitzuak martxan jarriko dira”.

    “Bereziki garrantzitsuak izango dira ekonomia soziala eta kooperatiboa (langileen jabetzan, onuren birbanaketa solidarioan eta bidezkoan, eta lurraldearekiko loturan oinarritzen badira), herria eraikitzeko martxan jarritako jarduera ekonomikoak, salmentan eta ekoizpenean abian jarritako bide zuzenak eta gertukoak, edota langileek parte hartu eta ahalduntzea lortzeko bideak”.

    “Tokiko garapen sozialak gizarte-ekonomia eraldatzailea sustatzeko aukera emango digu, ekonomiaz arduratu eta gure gain hartzeko, eta etorkizuna eraikitzeko itxaropena mantentzeko”.

     

    “Kostuen murrizketan soilik oinarritzen den egungo eredu ekonomikoa kontuan izanda, eta Koadrilak oinarri bezala hartuz, ekonomiaren berrantolaketa prozesuari ekingo diogu lurralde osoan zehar; besteak beste: gertuko sareak eratu, langileen kooperatiba berriak sustatu, gizartearentzat onuragarriak diren negozioak bultzatu, elikadura-subiranotasunaren alde apustua egin…”

    “Autonomoak diren pertsonei, kooperatibei, enpresa txiki eta ertainei nahiz mikro enpresei zuzenduriko diru-laguntzak bultzatzea, gizarte ardura partekatuaren aldeko programa berritzaileak diseinatu eta martxan jartzeko. Horrela, zaintza-lanen ardura emakumeei egokitzeko ohitura ekidin ahalko dugu.

    “Hainbat aholkularitza zerbitzu eta laguntza abian jartzea emakumeek kooperatibak eratzeko aukera izan dezaten; eta, ezarritako genero rolak errepikatu ez daitezen, arreta berezia ipiniko diegu femenizatutako eta maskulinizatutako sektoreei. Kooperatibak sortzeko prestakuntza: enpresen/kooperatiben kudeaketa, bideragarritasuna, garatu beharreko ezagutza zehatzak. Formakuntzarako eremu berriak antzeman: gazteen heziketa berdintasunezko harremanetan, genero-indarkeria, etab…. (lokalak, kaleak, eskolak). Berdintasuna indartuko duten lan sektoreak bilatu: emakumeak eta kulturartekotasuna. Kontratazio publikoan emakumeek sustatutako kooperatibak lehenetsi. Kooperatibak eratzean laguntza eskaini diru-laguntza zuzenak bideratuz, zerga-pizgarriak eskainiz edo lokal publikoak utziz, eta diputazioaren beraren baliabideak erraztuz, martxan jarritako jarduerak jarraipena izan dezan”.

    “Ekonomia soziala. Pertsona eta kolektibo ezberdinen beharrei erantzungo dien ekonomia sozialean sakonduko dugu; ekonomia giza parametroetan kokatuz. Enpresa txikiak zein kooperatibismoa ditugu ardatz, pertsona diru-irabazien gainetik jartzen duen ekoizpen eredura aldatzeko ezinbestekoak direlako. Gipuzkoan, Gizarte-ekonomia bultzatzeko arauetan aldaketak sustatuko ditugu”.

    “Tokian tokiko eta eskualdeko ekonomiaren garapena sustatzeko neurriak: krisian dauden enpresak, enpresa txikiak eta ertainak laguntzeko zerbitzu publikoa. Kooperatiba, enpresa txiki eta ertainei zuzenduriko zerbitzu publikoa izango da, batik bat. Bi ardatz izango ditu:

    – Jarduera berriak: emankorrak diren jarduera berriak sortzeko berrikuntza beharrezkoa dela jakinda, enpresa eta kooperatiba mistoen sortzea bultzatuko dugu Gipuzkoako eskualdeetan.

     

    – Nazioartekotze prozesua: gure enpresa eta kooperatibei nazioartean hedatzeko babesa emango diegu, euren produktuak saltzeko merkatu berrien bilaketan lagunduz”.

    “EH Bildu lanean ari da sektore publikoak eta tokian tokiko kooperatibek energia horniketa eta kudeaketa bere gain har dezaten, multinazional handiek egin beharrean”.

    “Baliabideen eskuratzea bermatu: sexu-langile, zaintza eta etxeko-lan arloetako kooperatiben sustapena, etab.”

     

    Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE)

    “Euskadiko alderdi sozialistak-Euskadiko Ezkerrak Gipuzkoako politika ekonomikoa partekatutako lana izatea nahi du, gizarte zein ekonomia eragileekin, ekonomian adituak direnekin, profesionalekin eta gizarte-ekonomiaren munduarekin. Horregatik, Gipuzkoako Lana eta Ekonomia Berpizteko Aholkularitza Kontseilua osatzea proposatzen dugu. Kontsultarako organo honen eraketa sindikatuekin, enpresa elkarteekin, adituekin, unibertsitateko irakasleekin, gizarte-ekonomiako ordezkariekin, eskualdeen garapenerako agentziekin, gazte elkarteekin eta ekintzaileekin, etab. adostuko dugu.

    Gizarte-ekonomiaren sustapena:

    “Gizarte-ekonomia alorrean sozialista gipuzkoarrek eskaintzen dugun Liburu Zuri honek gizarte-ekonomia sustatzeko konpromisoa bermatzen du; enplegu-sorkuntzarekin lotura du, eta foruaren eskumenean hala zehaztuko genuke:

    – Gizarte-ekonomiako entitateen jarduera ekonomikoen hastapena eta garapena oztopatzen duena baztertu. Horretarako, gizarte-ekonomiako entitateak sortzeko, arreta berezia ipiniko dugu tramite administratiboen sinplifikazioan.

    – Gizarte-ekonomiako hainbat egitasmo babestu, berezko dituen printzipio eta balioak bultzatuz eta inguru lagungarria sortuz, paradigma honekin bat datozen jarduera ekonomiko zein sozialak eman daitezen.

    – Formakuntza eta berregokitze profesionala sustatu gizarte-ekonomiako entitateen alorrean, eta, gainera, berrikuntza teknologikoen eta antolatzaileen prozesuetan sartzeko bidea erraztu, bereziki, aipatutako eredu alternatibo honekin konprometituta dagoen ekintzaileari.

    – Gizarte-ekonomiako entitateek enplegu politiketan parte-hartzeko aukera eman, bereziki langabeziak eragin gehien izan duen gizarteko sektoreen alde; esaterako: emakumeak, gazteak eta iraupen luzeko langabetuak.

    – Gizarte-ekonomiako garapena bultzatu landa guneetan, menpekotasuna eta gizarteratzea bezalako alorretan”.

    “Helburu hauek betetzeko kooperazioa eta elkarlana sustatzeko mekanismoak martxan jarriko ditugu, gainerako administrazio publikoekin (Estatua, Euskal Autonomia Erkidegoa eta tokian tokiko erakundeak)”.

    “Gipuzkoa hirugarren sektorean sendo dabil; batik bat, menpekotasunaren, gizarte- bazterketaren, eta zahartzearen alorretan. Profesionaltasun eta arrakasta handiz lan egiten da eta gipuzkoarren artean dezente errotua dago. Hirugarren sektoreko kolektiboekin eta elkarteekin hitzartutako eredua berezko paradigma gisa babestu beharra dago. Sozialista gipuzkoarrok sistema hau defendatzeko konpromisoa bermatzen dugu, ekonomikoki eta sozialki eraginkorrena eta errentagarriena delako. Antolatutako gizarteak ardura berriak bere gain hartu nahi dituen heinean, hedatu egingo dugu; batez ere, haurtzaroko babesgabetasuna, orain arte administrazioak zuzenean kudeatu duena.

    “Diputazioa eta gizarte zerbitzuetako sare asoziatiboa osatzen duen hirugarren sektoreko beste entitate batzuen arteko elkarlana hobetu, irizpide zehatz eta argiak ezarriz, gizarte zerbitzuetako zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketari dagokionez. Horrekin, gizarte ekimenaren aldeko apustua egin nahi dugu, hirugarren sektoreko enpresa eta gizarte zerbitzuetako elkarlanerako sare asoziatiboa indartuz, sektore publikoaren eta pribatuaren artean. Azken finean, gizarte zerbitzuen ardura publikoa nabarmendu nahi dugu, nahiz eta ondorioa ez izan prestazio zuzena; horiekiko ardura saihestezina baita.

     

    PODEMOS

    “Ekonomia sozialari eta solidarioari zuzendutako laguntza. Diru-laguntzen plan baten barne egongo dira berdintasuna, jasangarritasuna eta berrikuntza bezalako baldintzak betetzen dituzten proiektu kooperatiboak, ekintza hauen bidez: a) Ekintzailetza kooperatiboko proiektuetan erabilpenik ez duen lurzoru publikoa lagatzea; b) kooperatiba eta ekonomia sozial eta solidarioko entitateen hastapenetan gastuetan laguntzea; c) krisian dauden enpresetako langileei laguntza ematea, euren jabetza eskuratzeko aukera izan dezaten, eta bideragarritasunaren aurretiko azterketa eta ebaluazioa, eredu kooperatiboen eta lan-sozietateen bidez; eta d) enpresa kooperatiboei zuzenduriko aholkularitzarako zerbitzu publikoa sustatzea.

    “Landa-mundua berreskuratzen lagunduko duen antolakuntza ekonomiko eta soziala sortzeko sistema eratzea, biztanle gutxien duten guneen garapena bermatzeko. Ekonomia sozial, solidario eta jasangarrien inguruan osatuko da sistema hori; kooperatibismoa kasu.

    a. Landa guneetan dauden enpresentzat zerga pizgarriak, baita kooperatiben eraketa sustatzeko ere.

    b. Kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko banaketa-sare zuzenak sortzeko laguntzak”.

    “Etxebizitzaren Birgaitze Plana martxan jarriko dugu:

    a. Gizarte-ekonomia sustatzeko sarbide-programen eta etxebizitzen mantentze-lanen bitartez.

    b. Duin bihurtu etxebizitzan bizitzeko baldintzak.”

    “Eraginkortasun Energetikorako Plan Autonomikoen Sustapena etxebizitza eta higiezinetan, bero-isolamendua ardatz izanik. Eraikinen inguratzailearen gaineko jarduketak premiazkoak dira; izan ere, etxegintza sektoreko langabetuen kontratazioa erraztuko du. Jarduera horiek laguntza publikoak izango dituzte, eta kontratazioarekin lotura estua izango dute, formakuntza zehatza jasoko duten gazte langabetuek bultzaturiko proiektu kooperatiboei babesa eskainiko baitzaie.

    “Eragile sozialekin batera, programa baten garapena egingo da, nekazaritza, abeltzaintza, arrantza, basogintza eta turismoa bezalako sektoreei bideratua. Horrek produktuen eta zerbitzuen merkataritza babestuko du, landa-jatorria, ekoizpen jasangarria, artisaua eta ekologikoa balio erantsia izan daitezen:

     

    – Tramite burokratikoak murriztu eta epeak laburtu minimora, bideragarriak diren tokian tokiko ekimenak kooperatiba edota enpresa bilakatzeko aukera izan dezaten eta bertako sare produktiboa dinamizatu dezaten.

     

    – Tasak jaitsi, guztien ongizatearen ekonomia kontuan edukiz.

     

    – Formakuntzaren eta ikerkuntzaren aldeko apustua.

    “Udalerriek eta autonomia-erkidegoek kudeatuko duten programa baten bidez, landa-eremuko lana sustatu enpresa eta kooperatiben laguntzaz:

    a. Landa-munduko giza kolektiboei zuzendutako prestakuntza eta lanerako egitarau zehatzak. Emakumeei arreta berezia ipiniko zaie.

    b. Nekazari-ustiapenen titulartasun-kidetzaren sustapena (35/2011 Legea) eta emakumeak laneratzera bideratutako Europako programen garapena. Emakumeen enpresa-egitasmoak babesteko laguntza planak hobetzea.

    c.Hiritarren profesionaltasuna ahalbidetzen duen lan duinaren babesa”.

     

    Euskadiko Alderdi Popularra (Euskadiko PP)

    “Gizarte-ekonomiako enpresa eta entitateen garapena sustatuko dugu politika publiko zehatzen eta lege egokien bidez, maiatzaren 29ko 5/2011 Legeak dioenaren arabera. Horrela, oztopo administratiboak baztertzeaz gain, arreta berezia izango dugu gizarte-ekonomiako hainbat alorretan: gizarte-ekonomiaren sustapen eta berregokitzapen profesionala edo emakumeen autoenplegua eta langabeziak eragin gehien izan duen beste hainbat sektoreen sustapena. Hori guztia, eredu horren garapenaren eta gauzatzearen bidez. Modu horretan, euskal gizarte-ekonomiako entitate nabarmenen parte-hartzea ahalbidetuko dugu interes ekonomiko eta sozialetan eragina duten erakundeetan eta instituzioetan; baita langabeziaren aurkako politika publikoak planifikatzen dituztenetan eta desgaitasuna eta baztertze egoeran dauden sektoreen gizarteratzea babesten dunenetan ere.

    “Oinarri asoziatiboa duten entitateek eta boluntarioek abian jarritako egitasmoekiko elkarlana eta koordinazioa hobetu eta indartuko dugu. Hirugarren sektorearekin elkarlana eta elkarrizketa babestuko dugu”.

    “Nekazaritza eta abeltzaintza elkarteak eta kooperatibak babesteko laguntza egitarauak martxan jarriko ditugu. Lehen sektoreko mikroenpresen eraketa erraztuko dugu”.

    “Landa-guneetan adingabekoen eta adinduen zainketa-zerbitzuen sorkuntza bultzatuko dugu, lan-elkartuko kooperatiben eta lan-sozietateen sustapenaren bidez. Horrela, lana sortzearekin batera, inguruan ez dauden zerbitzuak eskainiko dituzte”.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • Alfredo Ispizua, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendari berria

    Alfredo Ispizua, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendari berria

    Joan de uztailaren 14an, Alfredo Ispizua Zuazua Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Enplegu eta Politika Sozialen saileko zuzendaria izendatu zuten. Horrela, Maria Ubarrechena ordezkatuko du, Gizarte Ekonomiako zuzendaritzari uko egin baitzion Arrasateko alkate izendatu zutenean.

    Alfredo Ispizua aurreko legealdietan kargu horretan ibili izan da eta gizarte-ekonomia alorra ondo ezagutzen du. Euskadiko Kooperatiben erregistroaren arduradun eta zuzenbide kooperatiboan espezializatutako Deustuko Unibertsitateko irakaslea izandakoa, eskarmentu profesional handi du euskal kooperatismoan eta gizarte-ekonomiako beste entitate batzuetan.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • Emaús Fundazioak UEUren Udako Ikastaroen barruan antolatutako jardunaldian UPV/EHUko Unibertsitate Master Ofiziala Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa aurkeztu zen.

    Emaús Fundazioak UEUren Udako Ikastaroen barruan antolatutako jardunaldian UPV/EHUko Unibertsitate Master Ofiziala Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa aurkeztu zen.

    Jardunaldiaren helburuetako bat, Olaia Larruskainen (Emaus Fundazioa) hitzetan, "Ekonomia Solidarioari eta bere ekarpenei unibertsitate mailan lekua egitearen garrantzia azpimarratzea eta baita gaur egun ildo honetan egiten diren ekimen eta ekarpenak ikustera eman eta hauei errekonozimendua ematea dira”.

    Unibertsitate heziketa-sistemaren eraldaketa sakonagoa abian jartzeko lagungarri diren ekimenak ere aipatu zituzten. Izan ere, jardunaldian horietako zenbait ezagutzeko aukera izan dute, hala nola GEZKI-EHUk sustatutako Ekonomia Solidarioko Masterra.

    Iturria: El Correo eta OVES/GEEB