Bloga

  • Eroski Klubak urte bat bete du eta 2,5 milioi bezero-bazkide ditu

    Eroski Klubak urte bat bete du eta 2,5 milioi bezero-bazkide ditu

    Eroskik saltzen duenaren %73 fidelizazio programaren bitartez da. Aurten, 110 milioi euroko aurrezpena transferitu die Eroskik bezeroei, eskaintzen eta promozioen bidez; horren erdia ekintza pertsonalizatuen eta esklusiboen bidez.

    Eroski Klubak, Eroski kooperatibaren harreman eta fidelizazio programak, lehen urtea bete du, eta 2,5 milioi bezero-bazkide egin ditu. Txartela darabiltenek, prezio hobeak lortzen dituzte zenbait produktutan; eskaintza esklusiboak eta beherapen pertsonalizatuak izaten dituzte txartelean bertan, saldo modura, eta, gainera, Travel Club programaren abantaila guztiak dituzte. Era berean, sarbidea dute bezero-bazkideentzako kooperatiban dauden parte hartze kanaletara.

    Iturria: TULANKIDE

     

  • Monique F. Leroux Naziaorteko Kooperatiba Aliantzako presidente berria hautatu dute

    Monique F. Leroux Naziaorteko Kooperatiba Aliantzako presidente berria hautatu dute

    Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak (NKA) Monique F.Leroux presidente izendatu du. Gobernuz kanpoko erakunde independente horrek, mundu osoko kooperatiba asko ordezkatzen eta biltzen ditu, baita laguntza eskaini ere.

    Monique F. Leroux Aliantzako administrazio kontseiluko kide da, finantza sektorean eskarmentua du eta Aliantzako presidentea izango da 2015-2017 agintaldian. Monique F.Leroux Grupo Desjardins-eko presidentea, administrazio kontseiluko zuzendaria eta zuzendari exekutiboa ere bada. Grupo Desjardins Kanadako talde finantzario kooperatibo handiena izateaz gain, munduko bosgarren entitate finantzario nabarmenena da. Gainera, Quebeceko kooperatiben elkarteko (CQCM) presidente gisa, Monique Lerouxek anbizio handiko proiektua jarri du martxan, asmoa 2020.urterako mugimendu kooperatiboaren barruan 20.000 lanpostu sortzea.

    Iturria: Nazioarteko Kooperatiba Aliantza

     

  • Europako Inbertsio Fondoak mikrokredituen bermerako laguntza-ildo handiena sinatu du Europan Laboral Kutxarekin

    Europako Inbertsio Fondoak mikrokredituen bermerako laguntza-ildo handiena sinatu du Europan Laboral Kutxarekin

    Laboral Kutxa eta Europako Inbertsio Fondoak hitzarmena sinatu dute Europako Enplegu eta Gizarte Berrikuntzarako Programaren (EaSI) barne. Horren arabera, 75 milioi euro emango dizkiete 5.000 ekintzaile eta mikroenpresa baino gehiagori. Horrela, 5.200 lanpostutik gora sortu eta finkatuko dituzte, bai autonomoen, bai kooperatiben, bai negozio txikien eta bai 2 milioi eurotik beherako urteroko fakturazioa duten enpresen arloetan.

    Europako Inbertsio Fondoak ez dizkie laguntza zuzenak eskaintzen enpresei; finantza-entitate egokiak aukeratzen ditu bitartekari moduan, eta maileguei aurre egiteko bermeak ematen dizkiete.

    Beraz, Laboral Kutxak emango ditu maileguak, laguntza-lerro horretatik bideratutako 75 milioi eurorekin. Sinadura ekitaldian, espainiar Estatuko finantza-erakunde bakarra izan zen Laboral Kutxa, eta kolaborazio akordioan parte hartu duten sei erakundeen artean diru gehien jaso duena da. Guztira, 237 milioi euro banatu dituzte, eta euskal entitateari ia herena eman diote.

    Honez gain, Laboral Kutxak Enpresa Txiki eta Ertainei (ETE) zuzendutako 2.000 milioi euroko kreditu-linea berria martxan jarriko duela iragarri du. Kreditu hori Bizkaian (600 milioi), Gipuzkoan (500 milioi), Araban (300 milioi), Nafarroan (300 milioi) eta ETEak presentzia duten beste lurraldeetan (250 milioi) banatuko dira.

    Kredituaren aurkezpenean, Laboral Kutxako arduradunek egungo egoera aztertu dute. 2014an enpresei zuzenduriko kreditua berriro ere ematen hasi zela nabarmendu zuten, bereziki, Estatuko enpresa handiei; 2015an, ETEei ere ematen hasi zen; batez ere, bi faktoreetan oinarrituz: inbertsioen gorakada eta kreditua eskuratzeko finantza-baldintzen hobekuntza.

    Iturria: Tulankide

     

  • Iritzia: Ignacio Bretos, “Gizarte Ekonomia eta Krisi Ekonomikoa: Datu estatistikoak izatearen garrantzia sektoreko emaitzak hobeto ikustarazteko”

    Iritzia: Ignacio Bretos, “Gizarte Ekonomia eta Krisi Ekonomikoa: Datu estatistikoak izatearen garrantzia sektoreko emaitzak hobeto ikustarazteko”

    Ignacio Bretos.

    GEZKI – Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua.

    Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokia (OVES/GEEB).

     

     

    2008.urtetik jasaten ari garen krisi ekonomikoaren baitan, Euskadiko gizarte-ekonomia sektoreko erakundeek, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiarekin alderatuz, egoera zail horri egoera hobean erantzuteko gai izan dira. Zentzu horretan, suntsipen eta ezegonkortasun egoera larrian egon arren, lanpostuak mantentzen eta sortzen ari dira, lan-baldintza duinekin.

     

    Kooperatibak eta lan-sozietateak balio solidario eta demokratikoekin lotura duten enpresa-proiektuak aurrera ateratzen ari dira; pertsonak kontuan hartzen dituztenak. Enplegu zentro bereziak eta gizarteratzean lan egiten duten enpresek lan paregabea egiten ari dira laneratzean eta gizarteratzean, enplegua lortzeko zailtasun gehienak dituzten kolektiboei bideratua; bereziki pertsona hauentzat lana aurkitzeko zaila izaten ari den garai honetan.

     

    Gizarte-ekonomiaren baitan dauden beste entitate batzuek, elkarteak eta fundazioak zehazki, profesionalizazio handiagoa bizi dute; hau da, boluntario gisa lan egitetik lan ordaindua egitera pasa dira. Beraz, krisi garaian enplegua sortzeko gai izan dira. Oinarri S.G.R-k, gizarte-ekonomian espezializatua dagoen Estatuko elkarren bermerako sozietate bakarrak, euskal gizarte-ekonomiako entitate askori abalak eman dizkie krisi urtetan. Horrela, erakunde askoren ekonomia jarduera garatzeko ezinbesteko tresna bilakatu da. Nekazaritzako eraldaketarako sozietateek eta arrantzale-kofradiek nahiko ondo ari dira krisiari eusten, bakoitza bere sektorean.

     

    Gizarte-ekonomiaren egoeraren inguruan Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak (OVES/GEEB) eginiko zenbait ikerketa hala diote: euskal gizarte-ekonomia ohiko ekonomia baino hobeto ari da krisia jasaten, bai enpresa eta enplegu kopurua eusteko lanetan bai ekonomian alorrean.

     

    Hala ere, ikerketa horiek mugak ere badituzte; bereziki, krisi garaian, gizarte-ekonomiaren baitan dauden entitate guztien gaineko datu estatistiko osoak, homogeneoak eta jarraituak falta direlako.

     

    Gizarte-ekonomiako sektorean pisu gehien duten entitateei dagokienez, kooperatibak, lan-sozietateak, enplegu zentro bereziak eta gizarteratzean lan egiten duten enpresak esaterako, informazio eta datu gehiago dago eskuragarri eta, askotan, publikoak dira. Datuak biltzeko zailtasun handiagoak topa daitezke, aldiz, errealitate horren parte diren beste entitate batzuetan.

     

    Laster argitaratuko den OVES/GEEB-k eginiko “Economía Social Vasca y Crisis Económica: análisis de su evolución socioeconómica entre 2009 y 2013” lanak dioen bezala: gizarte-ekonomiak, bai termino absolutuetan bai termino erlatiboetan, krisiari hobeto egiten dio aurre sektoreko entitate guztien datuak kontuan hartzen dituenean, eta ez bakarrik tradizionalki gizarte-ekonomiaren parte kontsideratu diren kooperatibak eta lan-sozietateak.

     

    Funtsezkoa dirudi, beraz, Euskadiko gizarte-ekonomia sektorearen baitan dauden entitate guztien datu estatistiko zehatzak, osoak, homogeneoak eta jarraituak izatea. Pentsatzekoa denez, horrek gizarte-ekonomia hobeto ikustarazteko bidea erraztuko luke, krisia gainditzeko irtenbide soziala eta justua lortzeko. Gainera, gizarte-ekonomiako entitateen negoziatzeko gaitasuna eta posizioa indartuko luke, eztabaida sozialaren alorrean eta administrazio publikoen aurrean; horrela, gizarteak hobeto ezagutuko luke errealitate hori.

     

  • Euskal adituen presentzia nabarmena langileek kudeatutako enpresei buruzko Ikertzaileen Nazioarteko Topaketan

    Euskal adituen presentzia nabarmena langileek kudeatutako enpresei buruzko Ikertzaileen Nazioarteko Topaketan

    Urriaren 5ean eta 6ean, Valentziako Unibertsitatean, langileek kudeatutako enpresei buruzko Ikertzaileen Nazioarteko Topaketa egin zen. Ekimena IUDESCOOP Institutuak (Institut Universitari d'Investigació en Economia Social, Cooperativisme i Emprendiment) antolatu zuen, eta bertan CIRIEC-Espainiak eta Rulescoop-ek ere parte hartu zuten.

    Ekimenak ekintzailetza berriak sortzeko lan-sozietateen eta lan elkartuko kooperatiben bideragarritasuna eztabaidatzeko balio izan zuen; enpresa langileen eskuetan uzteak dakartzan aukerak eta oztopoak; bazkide-langileei aplikagarri zaien esparru juridikoak sor ditzakeen arazoak eta lan elkartuak dituen erronka berriak, ekintzaileen, egitasmo sozialen edota partaidetzako sozietateen kooperatibak bezala.

    Topaketan euskal adituen presentzia nabarmena egon zen. Itziar Villafañezek (Euskal Herriko Unibertsitatea) “El traspaso de empresas a los trabajadores: oportunidades y principales obstáculos” lanaren baitan parte hartu zuen. Aitor Bengoetxeak (Euskal Herriko Unibertsitatea), Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren GEZKI Institutuko zuzendariak, “El marco jurídico aplicable a los socios trabajadores. Problemática y propuestas para su mejora” lanaren inguruan jardun zuen. Javier Muñecas, ASLE-ko abokatua, lan elkartuak dituen erronka berrien (ekintzaileen, egitasmo sozialen edota partaidetzako sozietateen kooperatibak) inguruko eztabaidan aritu zen. Izaskun Alzola (Mondragon Unibertsitatea) ere, lan horren inguruan hitz egin zuen ekintzaileen kooperatibei buruzko kasuak azalduz. Azkenik, José María Pérez de Uraldek (Gizarte Ekonomiako Gizarte Behatokia) CIRIEC-Espainiako zuzendari gisa parte hartu zuen ekimenaren amaieran.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • ‘Lan-sozietateen eta Sozietate Parte-hartuen Legea’ BOEn argitaratu dute

    ‘Lan-sozietateen eta Sozietate Parte-hartuen Legea’ BOEn argitaratu dute

    Lan-sozietateen araudi berria, urriaren 14ko 44/2015 'Lan-sozietateen eta Sozietate Parte-hartuen Legea', hilaren 15ean argitaratu zuten Estatuko Aldizkari Ofizialean. Data horretatik 30 egunera jarriko da indarrean.

    Martxoaren 24ko 4/1997 Legea indargabetzen duen arau berria oso-osorik aplika daiteke lan-sozietateetan. Horiek bi urteko epea izango dute euren Estatutuak lege-testuaren aurreikuspen berrietara egokitzeko. Hala ere, egokitzapen hori egin arte, egungo Estatutuak ezin izango dira lege berriaren kontra aplikatu.

    Lege-testu berriak bi zati desberdin ditu. Lehenengo atala da zabalena, eta bertan jasotzen da lan-baltzuen araudiko aldaketa. Bigarren zatia, berriz, erabat berria da, eta langileen parte-hartzea duten sozietateei egiten die erreferentzia. Legeak lehenengo aldiz jaso du kontzeptu horren definizioa.

    Iturria: ASLE

     

  • FOROKOOP jardunaldia XXI. mendeko desberdintasunen ingurukoa izan da

    FOROKOOP jardunaldia XXI. mendeko desberdintasunen ingurukoa izan da

    Joan de urriaren 7an, Eztabaida Kooperatiborako Foroak (FOROKOOP) XXI. mendeko desberdintasunen inguruko jardunaldia antolatu zuen, Bilboko Carlton Hotelean. Bertan, Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseiluak (EKGK) eta Euskadiko Kooperatiben Kofederazioak (KONFEKOOP) ere parte hartu zuten.

    Ekimena Alfredo Ispizua EKGK-ko presidenteak; Rosa Lavín KOONFEKOOP-eko presidenteak; eta Karmele Acedo Servicios Sociales Integrados Kooperatiba Elkarteko (SSI) kideak aurkeztu zuten.

    Lehen lan ildoan, genero desberdintasunak jorratu zituzten Sylvya Gay-k, eskubide kooperatiboa eta gizarte-ekonomia alorreko GEZKI institutuko ordezkariak, eta Gabriel Fernández de Barrenak, Mondragón Unibertsitateko ikasleak. Bigarren lan ildoan, Mondragón Unibertsitateko LAKI Institutuko Ion Lezeta eta Paulo Ponce, Deusto Unibertsitateko ikaslea, egon ziren; haiek kultura kooperatiboan topa daitezkeen ezberdintasunen inguruan hitz egin zuten. Hirugarren lan ildoan, Deustu Unibertsitateko Massimo Cemelli-k eta Liseth Díazek, UPV/EHUko ikasleak, gizarte desberdintasunei buruz aritu ziren.

    Jarraian, Errioxako Unibertsitateko Mariola Urreak “El liderazgo femenino como palanca de transformación: un modelo frente a la desigualdad” hitzaldia aurkeztu zuen. José Mari Larrañagak, euskal kooperatibismoaren mugimenduaren barruan egondakoak, jardunaldiaren ondorio batzuk azalduz ekimenari amaiera eman zion.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Masterra hasi da  “Gizarte Ekonomia Soziala eta Emakumeen Eskubide Ekonomikoak. Bolivia, Ekuador, Peru eta Euskadi” hitzaldiarekin

    UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Masterra hasi da “Gizarte Ekonomia Soziala eta Emakumeen Eskubide Ekonomikoak. Bolivia, Ekuador, Peru eta Euskadi” hitzaldiarekin

    Joan den irailaren 28an, UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Masterra hasi zen “Gizarte Ekonomia Soziala eta Emakumeen Eskubide Ekonomikoak. Bolivia, Ekuador, Peru eta Euskadi” hitzaldiarekin batera. Solasaldia Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan izan zen.

    Hitzaldia Mikel Zurbanok, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Masterreko Zuzendariak, eta José María Berazak, Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako zuzendariak, aurkeztu zuten.

    Ondoren, lau hizlarik parte hartu zuten nagusiki: Carlos Askunze, REAS-Euskadiko koordinatzailea eta masterreko irakaslea; Ela Pérez Alva (Peru), Gizarte Zientzien Fakultateko Gizarte Laneko irakaslea San Marcoseko Unibertsitate Nazional Nagusian (UNMSM); Jhonny Jiménez (Ekuador), Ekonomia Solidarioko eta Giza Garapeneko irakasle Quitoko Unibertsitate Nagusian; eta Darío Alanoca (Bolivia), ekonomista eta Ekonomia Solidarioan eta Gizarte Garapenean diplomatua. Norbera bere herrialdeko Ekonomia Soziala eta Solidarioaz aritu zen, baita dagoeneko gauzatu diren hainbat ideia herrialde horietan garatzeko aukeraz ere.

    Bestalde, GUREAKeko enplegu zentro berezian ikasleei bisita egitea masterreko lehen ekintzen artean lehena izan da. Zentzu horretan, derrigorrezko ikasgaia den ‘Ekonomia Sozialeko eta Solidarioko entitateak’ gaiaren barruan, Ekonomia Soziala eta Solidarioa osatzen duten entitateak ezagutzera emango dituzte. Aurreko urteetan bezala, EHLABE-ek enplegu zentro bereziren batera bisita egitea proposatu zuen; zehazki GUREAK Tailerrera, lantokia UPV/EHUko Enpresa Unibertsitateko Eskolatik gertu baitago.

    Bisita horretan Jon Ander Arzallus, GUREAK Taldeko berrikuntza zuzendaria, egon zen. Bideo bat proiektatu eta diapositiba batzuk ikusi zituzten, gero ikasleek ikusitakoaren inguruan hainbat galdera planteatu zituzten. Gero, GUREAK Industriala eremuko tailerrak bisitatu zituzten eta GUPOST bulegoak dauden ‘call-center’-ra.

    Iturria: OVES/GEEB

     

  • Desgaitasuna duten pertsonek bere osotasunean kudeatutako Estatuko lehen supermerkatua irekiko dute Eroskik eta Gureakek

    Desgaitasuna duten pertsonek bere osotasunean kudeatutako Estatuko lehen supermerkatua irekiko dute Eroskik eta Gureakek

    Eroski kooperatiba eta enplegurako zentro berezia den Gureak gizarte-ekonomiatik abiatutako proiektu batean ari dira elkarlanean. Egitasmoa urrian gauzatuko da, desgaitasuna duten pertsonek bere osotasunean kudeatutako Espainiako lehen supermerkatua irekiko baitute.

    Ekimen horren bidez, aukera berriak eman nahi dituzte desgaitasuna duten pertsonen laneratzean eta, publikoarekin harreman zuzena lantzearekin betara, agerian utzi nahi dituzte gizartean dauden trebetasun eta gaitasun anitzak.

    Supermerkatu berria Azpeitian (Gipuzkoa) egongo da, eta urriaren 15ean irekiko dute. Egun, Eroskiko beste supermerkatu batzuetan prestakuntza berezia jasotzen ari diren desgaitasuna duten hamar pertsonek kudeatuko dute.

    Gureakek y Eroskik, Azpeitiako EROSKI/city supermerkatuan lan egingo dutenen gaitasun eta profil anitzak kontuan hartuz, ezagutza sortzeko eta funtzioak eta lan-prozesuak egokitzeko elkarlanean ari dira. Proiektu hori pausu berria da enplegu sozialeko lanaren dibertsifikazioan; desgaitasuna dutenen garapen pertsonalean eta profesionalean aukera berriak sortzeko ezinbestekoa da.

    Iturria: Tulankide

     

  • Carlos Pujanak azpimarratu du, ‘Euskadiren berrindustrializazioa’ jardunaldian, lan-sozietateek lehiakortasun-abantaila dutela nazioartean

    Carlos Pujanak azpimarratu du, ‘Euskadiren berrindustrializazioa’ jardunaldian, lan-sozietateek lehiakortasun-abantaila dutela nazioartean

    ASLEko presidente Carlos Pujanak enpresa parte-hartuek eta lan-sozietateek nazioartean duten “lehiakortasun-abantaila” eta “aukera handiak” azpimarratu ditu. Bide horretan funtsezkoa da langileen parte hartzea kudeaketan, jabetzan eta enpresak sortutako aberastasunean.

    Irailaren 30ean Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ‘Euskadiren berrindustrializazioa’ jardunaldian parte hartu zuen Pujanak, eta euskal industria-sektorearen oraina eta etorkizuna aztertu zituen. ASLEko presidentea kudeaketa-ereduen berrikuntzaz eta langileen paperaz mintzatu zen, eta lan-sozietateen eredua nabarmendu zuen, non kapitalaren zati handiena langileen esku dagoen.

    Horrez gain, langileek kudeaketan, jabetzan eta aberastasunean parte hartzearen garrantzia azpimarratu zuen; izan ere, hori da pertsonen "izateko arrazoia", eta enpresa "sozialki arduratsua" bilakatzen dute. Zentzu horretan, baieztatu zuen Euskadik bereziki aintzat hartzen dituela parte-hartzean oinarritutako kudeaketa aurreratuko ereduak, eta bide horretan liderra dela.

    Bestalde, ASLEren jarduera-eremuari dagokionez, Josetxo Hernández gerenteak Lan Sozietateen eta Enpresa Parte-hartuen Legearen ezaugarriak aurkeztu zituen, ASALMA batzarrean.

    Iturria: ASLE