Egilea: oves-geeb

  • Mondragonen 2019ko Kongresua

    Mondragonen 2019ko Kongresua

    Pasa den uztailaren 3an MONDRAGON Korporazioaren 2019ko Kongresua egin zen Donostian. Hitzordura guztira 650 konpromisario zeuden deituta, talde kooperatiboan integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko.

    Aurtengo edizioan, besteak beste, organo korporatiboek egindako gestioa aurkeztu zen, bai Batzorde Iraunkorraren aldetik –aurretiaz kide guztiei bidalitako agiri batean ere aurkeztuta–, bai Kontseilu Orokorraren aldetik.

    Foro horretan, Kontseilu Orokorreko lehendakari den Iñigo Ucinek, bere mezuan aipatu zuen kooperatibek munduko eraldaketa testuingurura etengabe egokitu beharra dutela.  “Azkar egokitu beharra daukagu datozen eta etortzen jarraituko duten aldaketetara, gero eta abiadura biziagoan. Negozioak, produktuak-zerbitzuak eta antolamendua egokitu behar ditugu, eta pertsonak ere, gu geu, egokitu behar dugu. Kooperatiboagoak eta lehiakorragoak izan, argi edukita, kooperatiboak bagara, lehiakorragoak izango garela”. Halaber, elkarren arteko lankidetza aipatu zuen, Mondragonen ibilbidea markatzen duten balioetako bat izanik, eta adierazi zuen: “beharrezkoa da Mondragon barruan zein kanpoan jardutea, enpresa helburuekin, baina baita helburu sozialekin ere”. Etorkizunari buruz, Ucinek adierazi zuzenez, “zorrotza izango da, ziurgabea eta erronkaz betea, asmatzea ez da beti gauza segurua izango, ezta azkar lortzekoa ere, eta horregatik, behar denerako, hobe prest egotea, eta hobe bakarrik ez egotea”.

    Urtearen bilakaerari buruz, Ucinek esan zuenez, “hazten jarraitzen dugu, eta optimismo moderatu bat mantentzen dugu ekitaldiari dagokionez, baina oso adi begiratzen diogu garapenari, indarrean dagoen ziurgabetasun makroekonomikoagatik eta geopolitikoagatik”.

    Bestalde, Kongresuko lehendakaria den Javier Goienetxeak hainbat aipamen egin zituen kooperatibek gizarteari egiten dioten ekarpenari buruz.  Eta Mondragoneko kooperatiben zazpi elementu bereizgarri aipatu zituen, hau da: “lurraldearekin konpromiso zalantzagabea izatea, aberastasuna sortu eta berdintasunez banatzea, pertsonak erdigunean jartzea, enplegua eta enplegagarritasuna, elkarren arteko lankidetza sistema, egokitzapen eta berrikuntza etengabea, eta garapen sozialarekiko konpromisoa”.

    Iturria: TuLankide

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko uztaileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko uztaileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Nazioarteko proiektu batek Goiener erreferentzien artean kokatzen du

    Nazioarteko proiektu batek Goiener erreferentzien artean kokatzen du

    “Trasnformative Cities” ekimenak Goiener eremu energetikoan jarraitu beharreko erreferentzien artean kokatu du. Susperraldian dauden eta mundu osoan maila lokalean garatzen ari diren jardunbide eta erantzun eraldatzaileen olatuan inspiratzen da ekimena. Bere funtzioa da aipatutako jardunbideei zabalpena ematea eta zerk bultzatzen dituen azaltzea.

    Informazio gehiago, hemen.

    Iturria: Goiener

  • “Anoetan bizi nahi nuke” prozesuan etxebizitza kooperatiben abantailaz hausnartu da

    “Anoetan bizi nahi nuke” prozesuan etxebizitza kooperatiben abantailaz hausnartu da

    Prozesua 2019ko martxoan hasi zuen Anoetako Udalak, Dunak arkitekto taldearekin batera. Prozesu honen helburu nagusia Anoetan bizi nahi duten gazteei herrian bertan geratzeko aukerak eskaintzea da. Aukeren artean etxebizitzen erabilera-lagapeneko kooperatibak ere aztertu dituzte.

    Martxoan etxebizitza beharren eta nahien inguruko diagnostiko bat egiteari ekin zitzaion. Horretarako, eskuorri batzuk banatu ziren eta herriko gune desberdinetan buzoiak jarri ziren, herritarrek dituzten nahi eta beharren jabe egiteko. Bertan etxe bila dabiltzan eta etxe jabeak direnei galdera zehatzak egin zitzaizkien, erosteko, saltzeko edo alokairurako asmoen berri galdetuz. Hala, informazio honekin, herritarrekin bilera desberdinak gauzatu zituzten Dunak taldekoek. Alde batetik etxea alokairuan edo erosiz lortu nahi dutenekin lanketa egin zen, egoera, beharrak eta ahalbideak aztertzeko. Eta bestetik, etxe jabeekin ere bilerak egin dituzte, ez alokatzearen arrazoia argitzeko.

    Martxoan egin zen aurkezpenaren ondoren herriko gazteek Dunak taldeari eskatu zioten etxebizitza eredu berrien inguruko tailer bat antolatzeko, salmentarako etxebizitza babestu eta libreetatik edota ohiko alokairutik aparte beste aukera batzuk aztertzeko.

    Hori dela eta, etxebizitza kooperatiben alternatiba ere aztertu dute. (ikus hemen GEZKIk antolaturiko jardunaldia)

    Europa iparraldean edota Herrialde Katalanetan etxebizitzen erabilera-lagapeneko kooperatibak sortu dira. «Udalak politika batzuk bideratu ditzake, behe solairuetan edo baserrietan etxebizitzak egiteko edo etxebizitza handiak bitan banatzeko. Horretarako araudiak moldatzea ondo dago, baina gizarteari jarrera aldaketa bat eskatu nahi diogu, aktiboki parte hartu dezan etxebizitza ereduak zehazten eta adosten. Orain arte, zain egotea beste erremediorik ez dugu izan: merkatu bat dago eta alokatu edo erostea da guri esku hartzeko uzten diguten zirrikitu bakarra».

    Anoetan, badago bestelako eredu bat garatzeko aukera. Beste herri askotan ez bezala udalak etxebizitza babestuak eraiki ahal izateko lurrak ditu. «Administrazioak lur horiek herritarren esku utzi nahi ditu eta etxebizitzara sarbidea ziurtatu nahi die anoetarrei, baina horretarako gizarteak antolatu egin behar du», azpimarratu du Telleriak.

    Erabilera-lagapeneko kooperatiba osatzea da ereduetako bat. Donostian, adibidez, ari dira lanketa hori egiten Abaraska taldean. «Prozesua hasieratik bukaerara kooperatibako kideen esku geratzen da. Funtsean, etxebizitza nola eraiki behar den, bizigune bakoitzak zenbateko azalera behar duen, nolako espazio komunak eraiki behar diren… adosten dute denen artean. Urtebete edo bi urteko prozesua izan daiteke eta bidean komunitatea osatzen dute. Ikasketa prozesu garrantzitsua izaten da, elkar ezagutzeko eta bizi eredu burujabeak eraikitzeko».

    Lan dezente dakarren prozesua da, baina Telleriak ikusten du horrelako dinamika bat abiatzeko aukera badagoela Anoetan: «Guk orain udalari ikerketaren ondorioak aurkeztuko dizkiogu eta kooperatibaren bat sortzeko aukera planteatuko balitz, prest geundeke laguntzeko, formazioa eskaintzeko eta beste lekuetako esperientziak hona ekartzeko». Beste etxebizitza eredu baten alde lanean hasteko prest dagoen masa kritikoa osatzeko, Tolosaldera zabaltzeko aukera aipatu dute Dunak taldekoek, «promozio hauek etxebizitza kopuru dezentea behar baitute errentagarriak izateko».

    Euskal Herrian ere badaude esperientzia interesgarriak. «Komunean bizi nahi duten komunitateak osatzen ari dira Gasteizen edota Usurbilen, esate baterako. Jende askok galdetzen dio bere buruari nola zahartu nahi duen. Erresidentzia batean? Etxean bakarrik? Zahartze aktibo baterako komunitateak osatzeko lanketak egiten ari dira, biziguneak jende gazteagoarekin partekatuz. Anoetan sumatzen ditugu sinergia interesgarriak horretarako», nabarmendu du Telleriak.

    Iturria: Anoetako Udala

  • Gizarte Ekonomia eta Kooperatibismoaren X. Iberiar Solasaldia

    Gizarte Ekonomia eta Kooperatibismoaren X. Iberiar Solasaldia

    CIRIEC Portugal eta Espainiako atalak, INATEL Fundazioarekin batera, Gizarte Ekonomia eta Kooperatibismoaren X. Iberiar Solasaldia antolatu dute azaroaren 18 eta 19an Lisboan. Aldi berean, INATEL Fundaziaoren Gizarte Ekonomiako 1. Nazioarteko Solasaldia izango da. Komunikazioen aurkezpenerako deialdia egin dute jada.

    Jardunaldiaren gai nagusia: “Lurraldearen jasangarritasuna, ondarea eta turismo soziala” izango da. Ideiak, proposamenak eta ikerketa emaitzak eztabaidatu eta aztertzeko aukera ezin hobea izango da. Gainera, 2030 Agendaren aplikazioa gizarte ekonomiaren bitartez testuinguru geografiko , ekonomiko eta kultural ezberdinetan nolakoa izan daitekeen ikertzeko aukera izango da baita ere.

    Komunikazio proposamenak bidaltzeko epea irailaren 15era arte zabalik egongo da.

    Iturria: CIRIEC

  • “Ikastolak eta Kooperatibismoa” I. Topaketaren programa eskuragarri

    “Ikastolak eta Kooperatibismoa” I. Topaketaren programa eskuragarri

    Uztailaren 8an Eibarren egingo den jardunaldi honetan, Ikastolen mugimenduaren esperientzia aztertuko da Kooperatibismoaren eta Gizarte Ekonomiaren ikuspuntutik.

    124. Buletinean esan bezala, UEUko Ekonomia Sailak eta UPV/EHUko GEZKI Institutuak, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatutako topaketa hauen bitartez, Ikastolen mugimenduaren esperientzia aztertu nahi da Kooperatibismoaren eta Ekonomia Sozialaren ikuspegitik.I. topaketa gisa irudikatu nahi izan dute ikastolekiko lehen “hurbilpen kooperatibo” hau, datozen urteetan lan ildo horretan sakontzeko asmoarekin.

    Jardunaldiaren helburu nagusien artean, ikastolen inguruan sortu den publiko/pribatu/komunitario eztabaidari heltzea eta kideei komunitarismoaren eta demokrazia parte-hartzailean sakontzeko irizpideak eskaintzea daude.

    Edukiei dagokienez, eskuragarri dago jada, programa. Hitzaldi laburrak izango dira, eztabaidarako eta galdera-erantzunetarako tarteak irekiz. Asmoa, topaketa dinamikoa izatea da, parte-hartzaileei zalantzak plazaratu eta ekarpenak jasotzeko aukera emanez. Lehen zatian, hitzaldi orokorrak izango dira, gaiaren inguruko ikuspegi orokor eta kritikoa izateko aproposak. Bigarren zatian, ordea, esperientzia eta ikuspegi zehatzetan zentratuko da.

    Matrikula epea zabalik hemen.

    Iturria: UEU

  • Olatukoopek Hendaian Ekonomia Eraldatzailearen hitzaldia antolatu du

    Olatukoopek Hendaian Ekonomia Eraldatzailearen hitzaldia antolatu du

    Ekainaren 21ean Hendaian ospatu zen lehen aldiz Ipar Euskal Herrialdean Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Eraldatzailearen inguruko lehenengo topaketa. Honen helburua lurraldearen ekonomian lan egiten duten eragileak biltzea izan zen, gizartearen eraldaketaren ikuspegitik.

    Olatukoop Euskal Herriko kooperatiba sare bat federatzen du eta urtero antolatzen du jardunaldi bat Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren eragileek ama-komuneko ekimenak garatu ahal izateko. Urte honetan, adibidez, Iparraldeko hiru erakundeekin prestatu zuen ekimena, Gizarte Ekonomia eta lurralde garapena lantzen dituzten erakunde eta elkarteekin: Hendaiako  garapen eta enplegu zentroa, Andere Nahia elkartea eta Atelier Lan Berri kooperatiba. Eragile hauek Translanekin proiektuan, apirilean martxan jarritakoa, bi kooperazio ardatz garatu dituzte: enplegagarritasuna baimentzea eta langileen mugaz gaindiko mugikortasuna bultzatzea. Hendaiako udalerriko ordezkariak zehaztu zituen lan honen helburuak mugikortasuna mantsotu egiten dituzten elementuak aztertzea eta enplegu egituren arteko erlazioak indartzea direla.

    Halaber, lurraldearen enplegu beharrak aztertu ziren eta kalitatezko enplegu iraunkorra sortzeko iniziatibak, lehengo puntuarekin erlazionatuak daudenak. Bukatzeko, sektore ezberdineko arduradunek azaldu zituzten euren arloen ezaugarriak, bai giza zerbitzuetan, edo teknologia kooperatibetan eta elikagaien zirkuitu laburretan.

    Iturria: Conecta Bidasoa

  • Mondragon Korporazioak Eusko Jaurlaritzaren inbertsio funtsean parte hartuko du

    Mondragon Korporazioak Eusko Jaurlaritzaren inbertsio funtsean parte hartuko du

    Eusko Jaurlaritza kapitalizazio ertaineko enpresen garapen eta nazioarteratzea bultzatzeko arrisku kapitaleko funts publiko-pribatu bat prestatzen dihardu. Helburua erakunde pribatu, instituzional eta finantza erakundeek eginiko ekarpenei esker 250 milioi euro kudeatzea izango da.

    Mondragon Korporazioko Presidente Iñigo Ucínek baieztatu zuen Kooperatiba Taldea Eusko Jaurlaritzaren inbertsio funtsean egongo dela “herrialdearentzako estrategikoa delako” eta, bere hitzetan, “herrialdeari eta aberastasunaren sorrerari laguntza ematea delako, hain zuzen ere Mondragonen funtsa dena”. Arrasateko Taldearen ekarpena 3 edo 4 milioi eurotan finkatu du.

    Eusko Jaurlaritzarekin batera, funts berri honen hasierako bazkideak izango dira hiru Foru Aldundiak, Kutxabank, Bankoa, Lagun Aro eta Itzarri, Mondragon Taldeaz gain. Bazkideok 2 eta 10 milioi euro arteko ekarpenak egingo dituzte eta funtsak 50 eta 250 milioi euro bitarteko fakturazioko enpresak laguntzeko balio izango du.

    Iturria: Diario Vasco

  • Ekonomia solidarioaren entitateek bihotza erakutsi dute

    Ekonomia solidarioaren entitateek bihotza erakutsi dute

    Urtero bezala, ekonomia solidarioaren entitateek REAS Euskadiko Auditoria Soziala bete dute.

    Auditoria Soziala, kontu emate eta gizarte-, ingurugiro- eta gobernu oneko inpaktu tresna bat da. Hura betetzen duten entitateek, emaitzak barne-hobekuntzarako erabili ditzakete, eta ekonomia solidarioaren estandar etikoen datu bateratuak edukitzea ahalbidetzen dute. AS-k modu sistematikoan, objektiboan eta eraginkorrean ESSaren 6 printzipioak ebaluatzen ditu: irabazi-politika, demokrazia eta ekitatea, ingurugiro iraunkortasuna, lankidetza, inguruarekiko konpromisoa eta lanaren kalitatea. Laburbilduz: Auditoria Soziala, ekonomia sozial eta solidarioentzat pentsatutako tresna bat da, hurrengo helburuekin sortua:

    • Administrazioek eta hiritarrek, entitateak ESSko erakunde legez ezagutzeko.
    • Entitateek REAS Euskadiko Merkatu Sozialean parte hartu dezaten ESSa ikusaraziz.
    • Entitateek autoebaluazio bat egin dezaten eta euren barne funtzionamendua hobetzeko lan egin dezaten.
    • Komunitateari euren baloreak hobeto komunikatzeko.

    Aurten, 2019an, Euskadiko ekonomia solidarioaren entitateak, maiatzaren 16tik ekainaren 16ra buru-belarri aritu dira ASren datuak betetzen eta datuak irailean, udaren bueltan, argitaratzeko prest izatea espero dute.

    Iturria: REAS Euskadi