Egilea: oves-geeb

  • KoopFabrika 2019-2020 ikasturtea hastear

    KoopFabrika 2019-2020 ikasturtea hastear

    Ekonomia soziala eta Ekintzailetza kooperatiboa sustatzen duen programaren 4. Edizioan izena emateko epea zabalik da jadanik. Ikasturte honetan bi ikastaldi izango dira, azaroa-abendu bitarte lehena eta otsaila-apirila bitarte bigarrena.

    Ekimen ekonomiko kooperatiboa martxan jarri nahi baduzu izena eman dezakezu aurkezten diren bi aukeretako batean. Ikasturte honetan bi ikastaldi izango dira, ondoen egokitzen zaizuna aukeratu ahal izateko. Bi saioetan eskaintzen da:

    • Formazio saio teoriko-praktikoak
    • Bidelaguntza saioak
    • Esperientzia arrakastatsuetara bisitak
    • Testigantzak
    • Elkarrekintza saioak

    Lehen aukeraren egutegia (Eskoriatzako HUEZI-n, 09:00-13:00):

    Azaroak 4-8:  Formazio saioak + bateratze saioa

    Azaroak 14: Saretze saioa

    Azaroak 18-22: Formazio saioak + bateratze saioa

    Azaroak 26-29: Bisitak

    Abenduak 12: Saretze saioa

    Abenduak 19-20: Proiektu aurkezpenak

    Bigarren aukeraren egutegia (Hernaniko ITUROLA-n, 15:00-19:00):

    Otsailak 3 eta 6:  Formazio saioak

    Otsailak 10 eta 13: Formazio saioak

    Otsailak 17 eta 21: Saretze saioa eta bateratze saioa

    Martxoak 2 eta 5: Formazio saioak

    Martxoak 9 eta 12: Formazio saioak

    Martxoak 16: Saretze saioa eta bateratze saioa

    Apirilak 2 eta 3: Proiektu aurkezpenak

     

    Izen eman edota informazio gehiago eskuratzeko, egin klik hemen.

    Iturria: Koopfabrika

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko iraileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko iraileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Nafarroako Kooperatibismoari buruzko I. Topaketa

    Nafarroako Kooperatibismoari buruzko I. Topaketa

    Urriaren 15ean Iruñan egingo da Kooperatibismoari buruzko lehen topaketa. Sektoreko eragileak, adituak eta administrazio publikoko hainbat ordezkari bertaratuko dira jardunaldira.

    Bertan, hainbat adituk parte hartuko dute eta Nafarroako kooperatibismoak estatu eta nazioarte mailan duen pisua aztertuko dute. Gainera Nafarroako garapenarentzako kooperatibismoak duen garrantzia azpimarratuko dute.

    Dudarik gabe, aukera ezin hobea izango da Kooperatibismoa osotasunean aztertzeko eta etorkizunerako erronkak finkatzeko.

    Informazio gehiago

    Iturria: ANEL

  • Ekonomia Solidarioa eta Merkatu Sozialak azoken ibilbidea hasi dute

    Ekonomia Solidarioa eta Merkatu Sozialak azoken ibilbidea hasi dute

    Aurreko urteetan bezala, Ekonomia Solidarioaren eta Merkatu Sozialen azoken denboraldi berria martxan dago, Estatuko hainbat hirietatik pasako dena.

    Brenda Chavez adituaren hitzetan, azoka hauen helburua “herritarren inplikazioa aktiboaren eta kontsumo arduratsuaren bitartez, justuagoa den ekonomia bat bultzatzea da”. Honetarako, ekonomia solidarioko zerbitzuak eta produktuak eskuratzeko espazio bezala sortu dira.

    Honetaz gain, Ekonomia Solidarioaren garrantzia erakusteko momentu ezin hobea da, hau da, azken hamarkadetan sortu diren aukera ekonomikoak balioan jarri eta ezagutarazteko momentua, sistema kapitalistatik at dagoena eta beste balio eta helburuetan oinarritzen dena.

    Azoka hauetan, gainera, ekoizteko eta kontsumitzeko beste eredu batzuen inguruan sentsibilizatzeko eta modelo bezala hazten jarraitzeko hainbat jarduera antolatzen dira.

    Gurean, Bilbon azaroaren 8 eta 9an egingo da, Ensantxeko Azokan.

    Iturria: REAS

  • Gizarte Ekonomia, Autogestioa eta Enpleguaren inguruko Nazioarteko Ikerlarien III. Biltzarra eraman da aurrera

    Gizarte Ekonomia, Autogestioa eta Enpleguaren inguruko Nazioarteko Ikerlarien III. Biltzarra eraman da aurrera

    Irailaren 26 eta 27an egin zen Valentzian Universitat de València-ko ECOSOCIAL 2020 Ikerketa Taldeak antolaturik eta nazioarteko ikerlari eta aditu hainbatek parte hartu zuten, zaurgarritasun handieneko kolektiboen gizarteratzearen inguruan eztabaidatu eta hausnartzeko.

    Jardunaldian hainbat gai jorratu ziren, hala nola zaurgarritasun handieneko kolektiboen definizio eta ezaugarriak, gizarteratzerakoan gizarte ekonomiak jokatzen duen papera (gizarteratze enpresetan arreta jarriz batez ere), zein politika publiko aurrera eramaten diren herrialde ezberdinetan, eta abar.

    Iturria: Observatorio Español de Economía Social

  • Urkullu lehendakariak gizarteratze enpresa bat bisitatu du

    Urkullu lehendakariak gizarteratze enpresa bat bisitatu du

    Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera, Gaztaroa Sartu kooperatiba bisitatu zuen pasa den irailaren 9an Miribillan non « prestakuntza gehiago, kalitateko enplegu gehiago formula eraginkorra » dela azpimarratu duen.

    Gaztaroak jarduerak garatzen ditu enpleguaren eremuan, lan-inklusiorako helburuarekin, eta gizarte-eremuan, gizarte-inklusiorako eta honako jarduera hauek egiten ditu: gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea, banakoa eta taldekoa; enplegurako orientazioa; enplegurako prestakuntza; proiektu bereziak; Europako proiektuak; gizarteratzeko eta laneratzeko enpresen sustapena. Halaber, gizartean esku hartzeko sektoreari dagozkion hainbat saretan parte hartzen du, besteak beste: EAPN (pobreziaren aurka borrokatzeko sarea); GIZATEA (gizarteratzeko eta laneratzeko enpresen elkartea) bertan, presidentetza duelarik; ZERBIKAS (ikasketa eta zerbitzu solidarioa) eta, bertan, zuzendaritza-batzordeko kide delarik; REAS (ekonomia alternatiboaren eta solidarioaren sarea); FIARE banka etikoko proiektuari laguntza emateko elkartea eta, bertan, zuzendaritza-batzordean parte hartzen du; Aldauri fundazioa (Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak sustatzeko) eta, bertan, patronatuko kide da.

    Gaztaroa Sartuk honako arlo hauetan eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutu ahal izan zituen Urkulluk: enplegurako orientazioa eta prestakuntza; gizarte- eta osasun-tailerrak eta gizarte- eta hezkuntza-tailerrak; informatikako gela, eta garbiketako edo sukaldaritzako tailerrak. Urkulluk, bestalde, eskerrak eman zizkien ikastaro horietako hezitzaileei eta parte-hartzaileei, beren inplikazioagatik. Ekitaldian, Lide Amilibia eta Marcos Muro Gizarte Politiketako eta Enpleguko eta Gazteriako sailburuordeek ere parte hartu zuten, bai eta Juan Ibarretxe zinegotziak eta Teresa Laespada foru-diputatuak ere.

    “Neu ere harro nago proiektu honetan parte hartzearekin. Gure herrialdeak zailtasunak ditu, zalantzarik gabe, baina “ahalik eta gehien eta ahal den guztia” egiten saiatzen da, inor atzean gera ez dadin. Euskal gizarteak eta erakundeek, jasan ditugun krisi ekonomiko gogorraren eta langabezia-tasa handien uneetan ere, egoerari aurre egin eta erantzuteko gaitasuna erakutsi dute”, azpimarratu zuen Lehendakariak.

    Iturria: Irekia

  • Fagor Electrodomésticos merkatura bueltatuko da

    Fagor Electrodomésticos merkatura bueltatuko da

    Amica Taldeak lizentzia akordioa sinatu du Fagor Sozietate Kooperatiboarekin, etxetresna elektrikoen salmenta martxan jartzeko.

    60 herrialdeetan baino gehiago presentzia duen etxetresna elektrikoen Amica Taldeak, Fagor Sozietate Kooperatiboarekin lizentzia akordioa sinatu du, helburu nagusia etxetresna elektrikoen salmenta Fagor markapean egitea delarik. Modu honetan, Arrasateko marka merkatura bueltatuko da “kalitate altuagoko produktuak eskainiz”. Amica Talde poloniarrak Europako merkatuan duen presentzia handituko du. Betiere, marka Fagor S. Coop-ena izaten jarraituko du.

    Talde poloniarrak nazioarteko merkatuan duen esperientzia aprobetxatuz, Fagor merkatura bueltatuko da, diseinu “berritzaileago” batekin.

    Iturria: EDV

  • Kooperatiben Nazioarteko Eguna 2019

    Kooperatiben Nazioarteko Eguna 2019

    Pasa den uztailaren 6an Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatu zen. Mundu osoko kooperatibek duten bereizgarritasuna erakutsi ahal izan zuten, KOOPERATIBAK LAN DUINAREN ALDE lemapean.

    Kooperatibak pertsonetan zentratzen diren enpresak direnaren mezua zabaldu zuten mundu osora, pertsonen garapena eta justizia soziala lehenesten dituen kontrol demokratikoa izateagatik bereizten direnak.

    “Kooperatibek enplegua mantentzen laguntzen dute eta ekonomiaren adar guztietan lan duina sustatzen dute. Parte-hartzearen bitartez, kooperatibetako bazkideek beraien bizitza, komunitatea eta mundua aldatzeko motibazioa dute”, adierazi zuen ACIko lehendakari den Ariel Guarcok.

    #CoopsDay-aren bitartez, maila guztietako ordezkari politikoek, gizarte zibileko erakundeek eta interesa duten guztiek ezagutu ahal izan zuten nola sortzen duten kooperatibek lan duineko ingurunea.

    Iturria: ACI

     

     

     

  • Ikastolak eta Kooperatibismoa: jardunaldi aberatsa eta arrakastatsua

    Ikastolak eta Kooperatibismoa: jardunaldi aberatsa eta arrakastatsua

    Pasa den uztailaren 8an Eibarren egin zen jardunaldi arrakastatsu honetan, Ikastolen mugimenduaren esperientzia aztertu zen Kooperatibismoaren eta Gizarte Ekonomiaren ikuspuntutik.

    UEUko Ekonomia Sailak eta GEZKI Institutuak, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatutako topaketa hauen bitartez, Ikastolen mugimenduaren esperientzia aztertu zuten hainbat adituk Kooperatibismoaren eta Ekonomia Sozialaren ikuspegitik. Aitor Bengoetxeak (GEZKIko Zuzendaria) eta Unai del Burgok (UEUko kidea) Berria aldizkarian adierazi zuten bezala, Ikastolen garrantzia hezkuntzarekin zein euskara eta euskal kulturaren sustapenarekin lotuta dago: euskal hezkuntza sistema propio eta euskaldun baten aldeko esperientzia da ikastolena. Aitzitik, «publikoa, hots, estatuarena» paradigma horretan oinarriturik, «entitate pribatu» gisa definitzen dituzte zenbait sektorek, erakunde publikoen finantzaketatik «elikatzen» diren ikastetxe «elitista» gisa, alegia.

    «Hainbatek bi esparru baino ez dituzte onartzen jende arteko harremanetan: publikoa bide dena, estatua, eta pribatuen artekoa, merkatua». Baina ikastolek badute berezko zerbait. Izaera kooperatiboa. Bitasun horretan pribatuak, bai, baina merkatuaren logikatik aldenduak, irabazi asmoak ez ditu mugiarazten; komunitatearen ekimenak sortu eta komunitatearentzat eraikitako hezkuntza proiektua dinamikoa dira. Eta dimentsio horrekin estuki lotuta, badute beste bereizgarri nagusia izaera komunitarioa da. Ikastolen eredua «publikotasun berri baten bila» doan eredua da: «komunitatean eta demokrazia parte-hartzailean» oinarritutako «anomalia» bat. Kooperatibismoan eta ekonomia sozialean txertatzen ditugu ikastolak: hezkuntzaren «Hirugarren Bidea» deiturikoa, administrazioaz eta merkatuaz bestelakoa, hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsonen parte-hartzean eta Euskal Herri osoko ikastolen arteko elkartasunean errotutakoa. Hau da, hezkuntza eta kulturaren alorrean loratu den esperientzia kooperatibo eredugarria da Ikastolena.

    Hala ere, hausnartu beharra dago. Ikastolek bere izaera kooperatiboaz jabetu behar dute eta hausnarketa sakona egin beraien indargune, ahulgune, arrisku eta potentzialitateez. Eta horretarako, topagune berriak sortu behar ditugu. Horixe da, hain zuzen ere, UEUko Ekonomia Sailak eta GEZKI Institutuak, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatutako Ikastolak eta Kooperatibismoa topaketan egin zutena bertaratu ziren aditu guztiek.

    Jardunaldiko hitzaldi eta mahai-inguruen bideoak ikusgarri daude hemen.

    Iturria: Berria

  • Kooperatiben konpromisoa garapen iraunkorraren alde

    Kooperatiben konpromisoa garapen iraunkorraren alde

    Pasa den uztailaren 11an Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak (CSCE-EKGE) jardunaldi bat antolatu zuen, Kooperatiben Nazioarteko Egunaren harira, non 50 urtetiko gorako kooperatibei omenalida ere egin zitzaien, gizarte ekonomia eta instituzio ezberdinetako pertsona anitz gerturatu zirelarik.

    Ekitaldiari Lan eta Justiziako sailburu Mª Jesús San Josék eman zion hasiera, zeinak “kooperatibismoa balio demokratikoak dituen, gizakia lehenengo mailan jartzen duen eta garapen jasangarria eta gizartearen, ingurumenaren eta teknologiaren arloan berrikuntza sustatzen dituen ekonomia-modu bat dela” azpimarratu zuen.

    Ondoren, CSCE-EKGK-ko Presidente Patxi Olabarriak hartu zuen hitza, 2030 Agendaren Goi-komiario Cristina Gallach-ek bere hitzaldia eman aurretik. Azken honek “2030 Agendaren Europako egungo Argazkia” nola dagoen azaldu zuen eta berretsi agendako konpromezuak lortzeko gizartearen bultzada garrantzitsua izan behar dela eta, era berean, “kooperatibak jasangarritasunaren eskola aurreratuak direla”.

    Jarraian kooperatiba ezberdinek (RPK, Elorrioko Txintxirri ikastola, Mondragon, Udapa, UNESCO Etxea) mahai inguru baten bueltan kooperatibek garapen iraunkorraren alde duten konpromisoaz hitz egin zuten eta bertaraturikoek “Humanity at Music” albumeko “Etorkizuna” kantuaz gozatu ahal izan zuten.

    Jardunaldiaren amaiera Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Iñigo Urkulluk eman zion, 50 urte baino gehiago dituzten kooperatibei omenaldi bat eman ondoren. Bere hitzaldian, lehendakariak azpimarratu zuen kooperatibek Garapen Jasangarrirako Helburuekin hartuta duten konpromisoaren garrantzia, kooperatiben mugimenduaren izateko arrazoiarekin, hau da, hazkunde ekonomiko jasangarria eta kalitatezko enplegua lortzeko ahaleginarekin, estu lotuta dauden helburuak izanik, beti pertsona izanda jardueraren ardatza. Bere hitzetan, “ereduak pertsona du ardatz, inbertsioa berriz iraultzen du ingurura eta hazkunde jasangarriaren esparruan ahalik eta ongizaterik handiena lortzea du helburu, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik, eta ikuspuntu globalarekin”

    Iturria: Irekia, GEEB