Egilea: oves-geeb

  • Atzerako kontaketa #fESStarentzat!!

    Atzerako kontaketa #fESStarentzat!!

    Urtero bezala, bueltan da Euskadiko Ekonomia Sozial eta Solidarioaren egunaren ospakizunarekin. 6 urtez azoken bitartez Merkatu Sozialeko alternatibak ezagutzera eraman ondoren, aurten formatua aldatu dute fESSta ospatzeko azaroak 8 eta 9an Zabalgune Merkatuan!

    ZER DA fESSta?

    Ez, ez da mugikorrerako aplikazio bat “gaueko entretenimendua jarduera dibertiarriago eta sozialagoa bilakatzea“ bilatzen duena. fESSta ospakizun bat da bai, baina ospatzen duguna Ekonomia Sozial eta Solidarioaren parte garela da; hau da, ESS.

    ZER ALDATU DUGU?

    Aurretik esan bezala, fESSta ez da soilik azoka bat, partekatzeko, ikasteko eta, batez ere, ospatzeko leku bat baizik. Stand arrunten ordez, txoko tematikoak izango dira, Merkatu Sozialaren alternatiba ezberdinak ezagutzeko. Produktu zein zerbitzuen salmentara eskainitako guneez gain, hainbat txoko izango ditugusentsibilizazio tailer eta dinamikekin.

    Aurten feminismoa erdigunean egongo da Bizitza Erdian txokoarekin, beraz ez ahaztu bere lorategitik pasatzea erlaxatu eta zenbait jardueratan parte hartzeko.

    Eta zer esan prestatu dugun Escape Room-ari buruz? Ausartu erronka konpontzera eta ihes egin ezazu Citytik, kapitalismoaren mekatik, Zona Zerorantz, non ekonomia alternatibo bat posible den 🙂

    Gainera, ahaztu bide bakarreko hitzaldi luzeetaz! Horren ordez, hitzaldi txikiak eta tailer inspiratzaileak izango ditugu Ekonomia Sozial eta Solidarioaren funtsezko hainbat gai ezagutzeko. Ondorengo galdeeri erantzungo diegu; Zer gertatzen da etxebizitza hutsekin? Zer dira etxebizitza komunitarioak? Zein da klima aldaketaren eta elikadura burujabetzaren arteko erlazioa? Zer da Sorkuntza proiektua? Ba al dago migratzaileen ekintzailetzarik Euskal Herrian?

    Eta familiak, nola egingo dugu joateko? Ez larritu, Txikigunean hainbat jarduera eta jolas prestatu ditugu etxeko txikienak ere ondo pasa dezaten ikasten duten bitartean.

    Eta festa on bat izateko, ezin gara ahaztu Txosnataz! bertan edan eta jateaz gain, Boga, Esnetik eta Ortutik Ahora-ri esker hainbat kata eta dastaketetan parte hartu ahal izango duzu.

    Gogoratu #fESSta azaroaren 8 eta 9an ospatuko dela Bilbon, Zabalgune merkatuan, eta zuek guztiokin batera izatea espero dugu.

    Ez izan zalantzarik, zatoz #fessta ospatzera!

    fESSta Bideo Promo

    Informazio gehiago  www.merkatusoziala.eus

    Iturria: REAS Euskadi

  • EEBBetako JACK STACK & SRC Holdings Corporation enpresak jasoko du 2019 urtekoTxemi Cantera Saria

    EEBBetako JACK STACK & SRC Holdings Corporation enpresak jasoko du 2019 urtekoTxemi Cantera Saria

    Kapitalaren %100 langileen eskuetan dagoen enpresa estatubatuarrak jasoko du aurtengo saria. Izan ere, nahiz eta ez dagoen arau formalik, Gizarte Ekonomiako Txemi Cantera Nazioarteko Sariko Epaimahaiak bere egunean erabaki zuen urte batez espainiar estatuko hautagaitzak eta beste urtez bertatik kanpokoak sarituko zirela.

    Jakina denez, epaimahaia ASLE-ko, UPV/EHU-ko GEZKI Institutuko, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzako, Deustuko Unibertsitateko Ikasketa Kooperatiboen Institutuko, Bizkaiko Aldundiko Ekonomiaren Sustapen Saileko eta Laboral Kutxako ordezkariek osatzen dute.

    Aurten epaimahaiak Estatu Batuetan ikur diren “Esop” partaidetzako enpresa ereduan jarri nahi izan du arreta.

    SRC Holdings Corporation Kapitalaren %100 langileen eskuetan dagoen enpresa da eta negozio nagusia bir-manufaktura da.

    Informazio gehiago (gazteleraz) 165 zbkia. Gatza Aldizkarian (27-29 orrialdeak).

    Iturria: ASLE

  • KONFEKOOP ez da Lanbideko Administrazio Kontseiluan egongo

    KONFEKOOP ez da Lanbideko Administrazio Kontseiluan egongo

    PNV, PSE eta PP alderdi politikoek EH Bildu-k aurkezturiko proposamena baztertu dute, zeinarekin Lanbideko Administrazio Kontseiluan enpresa erakundeei dagozkien arloan kooperatiben presentzia ziurtatu nahi zen. Gaur egun Confebask-ek soilik parte hartzen du eremu horretan.

    Erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Kooperatiben Lege berria tramitatzen duen ponentziaren baitan hartu da eta EH Bilduren haserrea eragin du, zeinak Confebasken gurariei men egitea leporatu dien gainontzeko alderdi politikoei.

    Sektorearen aldetik, KONFEKOOP-ek ere (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa) bere desadostasuna azaleratu du, izan ere kooperatiben ordezkaritza Lanbideko Administrazio Kontseiluan egotea Euskal Kooperatiba Mugimenduaren eskakizun historikoa baita, irailean argitaratu zuen prentsa oharrean adierazten zuen bezala (hemen, gazteleraz), zeinak erantzuna eman zion Confebask-ek Eusko Legebiltzarrera bidalitako gutunari.

    Gainera, esan beharra dago Nafarroako Lanbideren parekide den Nafar Lansaren kooperatibek badutela ordezkaritza.

    Aipatzekoa da, era berean, erabakia Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek Gasteizko Legebiltzarrera eginiko bisitaren ondorengo egunetan hartu dela, Bakartxo Tejeria presidentearekin elkarrizketatu zelarik.

    Zubiaurreren iritziz EH Bilduk eginiko proposamen batzuk “legalitatearen, errealitate ekonomikoaren eta sen onaren aurkakoak ziren”, nahiz eta Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoak legezkoa zela bermatu zuen.

    Bukatzeko, Empresa XXI egunkarian jasotako KONFEKOOP eta Confebask-en iritziak jasotzen ditugu, hemen (gazteleraz).

    Iturria: Gara, KONFEKOOP

  • Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak Asanblada Orokorra burutu zuen Kigalin (Ruanda)

    Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak Asanblada Orokorra burutu zuen Kigalin (Ruanda)

    Urriaren 14tik 17ra herrialde anitzetatik gerturaturiko 1.000 pertsonatik gorak parte hartu zuen “Kooperatibak garapenerako” izeneko Konferentzian. Ruandako Errepublikoako gobernuaren laguntzarekin antolaturik, kooperatibetako partaide, gizarte mugimendu, ordezkari politiko, nazioarteko erakundeetako ordezkariak, ikerlariak eta garapenerako lankidetza arloko agente anitzek parte hartu zuten.

    Modan dauden Garapen Iraunkorreko Helburuen inplementazioak eta garapen jasangarriak arreta berezia izan zuten Konferentziaren baitan eman ziren eztabaida nagusietan. Honen baitan, emakumeen ahalduntzea, ingurugiroaren mantentzea, gosete eta pobreziaren desagertzea, enplegu duina, balio kate etikoak, etxebizitza eskuragarriak, berdintasuna eta bakea edota ekintzailetzan berrikuntza bezalako gaiak jorratuak izan ziren.

    Kongresuan zehar, Garapenaren inguruko Kigaliko Ebazpena adostu zen (ingelesez eskuragarri), zeinetan kooperatiba mugimendu globalaren konpromezua berresten den Kooperatiben Nortasunaren inguruko Nazioarteko Adierazpenarekin, baita kooperatibak 2030 Agendaz gain ezinbesteko aktore kontsideratua izatea garapen jasangarri bat lortze aldera.

    Iturria: Observatorio español de Economía Social

  • Parte-hartzean oinarrituriko enpresen sarea sortuko dute Beterri-Buruntzan

    Parte-hartzean oinarrituriko enpresen sarea sortuko dute Beterri-Buruntzan

    Enpresa parte-hartzaileen ekosistema sortzeko lehen pausoa emango dute laster eskualdean. Proiektua azaroaren 7an aurkeztuko dute, Hernaniko Orona-Ideon antolatutako jardunaldi baten bidez, eta hainbat enpresen esperientzia ere ezagutaraziko dute.

    Denbora daramate biltzen Beterri-Buruntzako hainbat enpresa eta eragile, ekonomia sozial eta eraldatzailearen bueltan hausnartu eta nola saretu aztertzeko. Talde eraginkor eta iraunkorra izateko estrategia horretan, lehen helburua finkatu dute: parte-hartzean oinarrituriko ekosistema sortzea.

    Azaroaren 7ko jardunaldiko asmoa eskualdeko enpresak, ekintzaileak, lanbide heziketako eragileak eta garapen agentziak batzea da. Beterri Saretuz izeneko programa aurkeztuko dute: lan-mahaien eta elkarren arteko ezagutzaren bidez, enpresek euren barne egituretan parte-hartzea bultzatzeko tresna edo gida bat izatea da asmoa.

    Langileek kapitalean eta erabakiguneetan duten parte-hartzea funtsezkoa da, ekonomia sozialaren ikuspegiak barneratu nahi dituen enpresa ororentzat. Erakunde publikoak ere jabetu dira horren garrantziaz eta lehentasuna ematen hasiak dira. Hain zuzen, Beterriko ekimenak Gipuzkoako Aldundiaren eta eskualdeko udalen laguntza jaso du.

    Bost enpresen esperientzia, sukalderaino

    Hernaniko jardunaldia ez-ohikoa izango dela azaldu dute antolatzaileek, eskualdeko bost enpresak parte-hartzean izan duten esperientzia kontatuko baitute. Enpresa mundutik ez da normalki barne antolaketaz modu irekian hitz egiten, baina kasu honetan haien sukalderaino sartzeko aukera izango da: “Alor ezberdinetan partaidetzarako sistemak ezarri dituzte guztiek eta sektore, tamaina nahiz izaera askotakoak izanik, ikuspuntu anitza eskainiko dute”, diote.

    Hernaniko Talleres Mitxelenak eta Usurbilgo Fagor Luzuriagak kooperatiba bihurtzeko prozesuaz hitz egingo dute; Katealegaia enplegu zentroak, bere aldetik, kapitalaren osaketa bereziaz; eta Usurbilen egoitza duen TaPuntu enpresa barne komunikazioaz ariko da –marketing digitalaren eta diseinu grafikoaren arloan egiten dute lan–. ARGIAk ere azalduko ditu Lasarte-Oriako erredakzioan horizontaltasunerantz emandako pausoak.

    Horrez gain, EHUko GEZKI ekonomia sozialeko institutuko Aitor Bengoetxeak hainbat nozio emango ditu kapitala, mozkinak, kudeaketa edo informazio fluxuak antolatzeko moduek duten garrantziaz.

    “Epe luzerako ikasketa prozesu bat” da honakoa sarea osatzen ari diren enpresentzat, pertsona erdigunean duen beste ekonomia baterantz egiteko urrats bat gehiago.

    Iturria: Argia

  • Abian da dagoeneko Merkatu Soziala, Euskadin kontsumo arduratsua sustatzeko app berria

    Abian da dagoeneko Merkatu Soziala, Euskadin kontsumo arduratsua sustatzeko app berria

    Euskadiko merkatu soziala osatzen duten 115 ekimen baino gehiago biltzen ditu mugikorrerako aplikazioak REAS Euskadi eta Olatukoop-ek, Foru Aldundiko Lankidetza departamentuaren laguntzarekin.

    Sortutako mugikorrerako aplikazio berri honek euskal kontsumitzaileei merkatu sozialera sarbidea erraztuko die. Zer eskaintzen du aplikazio honek? Zure mugikorrean honakoa izango duzu:

    • Erakundeak: une oro, gure lurraldeko merkatu sozialera batzen ari diren iniziatibei buruzko informazioa eskura izango duzu, eta nor diren eta non dauden jakin ahal izango duzu.
    • Produktu eta zerbitzuak: gure inguruko eskaintza ezagutzeko aukera izango duzu, baita zer kontsumo aukera dauden ere.
    • Albisteak, ekimenak eta eskaerak : merkatuko berriak jasoko dituzu, zenbait ekimen zure egutegiarekin sinkronizatzeko aukera izango duzu, eta horietako batzuetan ere izena eman ahal izango duzu.

    App-ak mapa interaktibo bat du, eta bertan erakundeak geolokalizatuak agertzeaz gain, jarduera-sektorearen arabera hautatu ditzakezu. Halaber, entitateak ere zerrendatuta ikus daitezke. Bestalde, berrietarako gune bat sortu dugu; bertan REAS Euskadik eta Olatukoop-ek eta erakundeek merkatu sozialaren albisteak igo ditzakete. Horretaz gain, ekimenak zein eskaerak partekatu ditzakete. Euskadiko Merkatu Soziala denen artean eraikitzen dugu. Probatu eta kontsumitu modu arduratsu batean. Laster eskuragarri egongo da Google Play eta App Store -n. Informazio gehiago Merkatu Soziala webgunean.

    Iturria: gipuzkoa.eus

  • Yayo Herreroren hitzaldia Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterreko irekiera ekitaldian

    Yayo Herreroren hitzaldia Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterreko irekiera ekitaldian

    Pasa den urriaren 7an, UPV/EHUko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterreko irekiera ekitaldiaren barnean, Yayo Herrero antropologo eta aktibista ekofeministaren hitzaldi interesgarria egin zen Donostian.

    “Bizitzarekin hautsiriko loturak berrezartzeko metabolismo ekonomikoak” izenburupean, bizitzen ari garen egiturazko krisi sakoneko garaia aztertu zuen. Krisiaren jatorrian, lurra eta gorputzengandiko ekonomia eta politikaren deslotura dagoela aitortu zuen. Hitzaldian, bizitzaren aurkako guda hau nola ematen den azaltzeaz gain, honi aurre egiteko ibilbideak miatu zituen, ekologismo feminista eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko proposamen bateratuak ardatz harturik.

    Honetaz gain, jardunaldiaren sarrera Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaria den Jokin Diazek egin zuen, sektoreak etorkizunera begira dituen erronkak azaldu zituenak.

    Iturria: OVES-GEEB

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko urriko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko urriko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Nafarroako Kooperatibismoaren Lehen Topaketa ospatu da

    Nafarroako Kooperatibismoaren Lehen Topaketa ospatu da

    Pasa den urriaren 15ean, kooperatiba munduko 250 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten Nafarroako Kooperatiben Lehen Topaketan, ANELek eta UCANek antolatu zutena.

    Topaketan zehar eredu kooperatibo honek Nafarroako etorkizunean duen garrantzia azpimarratu zen. Egun, autonomia erkidegoko BPGren %12a suposatzen du, gainera, Nafarroako udalerrien %90ean aurkitzen den eredua da eta Estatu eta Europa mailan erreferente bilakatu da.

    ANELeko lehendakari den Ignacio Ugaldek adierazi zuenez, Nafarroa krisi garaitik kooperatiba kopuruan eta enpleguan gehien hazi den erkidegoa izan da. “2008an Nafarroan 309 kooperatiba zeuden eta 5.593 enplegu zuzen zituen. Hamar urte beranduago, 503 kooperatiba daude eta 10.787 kooperatibista. Hau da, enplegu kooperatiboa %93an igo da”. Honetaz gain, Ugaldek bertan zeuden ordezkari politikoei enpresa kooperatiboak bultzatzeko deia egin zien.

    Iturria: CIRIEC

  • Erosketa Publiko Arduratsu baterako aukeren inguruko Mintegiak

    Erosketa Publiko Arduratsu baterako aukeren inguruko Mintegiak

    Urriaren 14 eta 17an, Donostian eta Bilbon hurrenez hurren, REAS Euskadik antolatutako Erosketa Publiko Arduratsu baterako aukeren Mintegiak egin ziren.

    Hizlaria Santiago Lesmes izan zen, erosketa publiko arduratsuan espezializatutako legelari eta aholkularia. Honek, kontratazioaren bost faseak azaldu zituen, eta hauetako bakoitza erosketa publikoan irizpide sozialak barneratzeko aukerak bezala aurkeztu zituen. Modu honetan eta irizpide sozialen bitartez, kontratazio publiko arduratsuan aurrerapauso handiak eman daitezkeela adierazi zuen.

    Mintegi hauek gaian adituak diren hainbat tekniko, politiko eta gizarte eragileak bildu zituzten.

    Iturria: REAS-Euskadi