Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.
Egilea: oves-geeb
-

Ekonomia Solidarioaren fESSta galdu zenuen?
Merkatu Sozialeko 55 erakunde baina gehiago bildu ditu fESStak Zabalgune Merkatuan azaroak 8 eta 9 artean
Aurten Bilbo izan da Ekonomia Sozial eta Solidarioaren (ESS) Egunaren Zazpigarren edizioa ospatzeko hautatutako udalerria. Bertan, Euskadiko Merkatu Sozialeko 56 entitatek parte hartu dute. REAS Euskadik antolatutako topaketa hau, non Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Bilbao Ekintza eta Olatukoopen lankidetza izan dugun, Zabalguneko azokan egin da azaroak 8 eta 9 artean, “Aukeratu zure ekonomia.” leloarekin.
Aurten ohiko azoka alde batera utzi dugu, fESSta ospatzeko. Merkatu Soziala herritarrengana hurbiltzea eta ekoizle zein kontsumitzaileen arteko elkarlana bultzatzea helburu du ekitaldia honek eta aurten fokoa ESS-a, partekatu, ikasi eta, batez ere, ospatzen jarri da.
ZURE EKONOMIA AUKERATZEN
ESSko hainbat ekimen eta sektore bildu dira Zabalgune Merkatuan eta sektore ezberdinetako produktuak zein zerbitzuak erakutsi dituzte: produktu agroekologikoak eta kontsumoko beste alternatiba batzuk, finantza etikoak, teknologia askeak, energia, komunikazioa, ikerketa, esku-hartze soziala eta lankidetza. Guztiak batzen die beste ekonomia mota posible dela jakiteak eta balore solidarioak dituena, kontsumo kritikoa bultzatu nahi izateaz gain.
Ekimen konkretuak sustatzera zuzendutako proposamen bat, geroz eta indartsuagoa den errealitate bati erantzuten diotenak eta topaketa honetan elkartzen direnak. Enpresa kooperatibo, sozial eta gizartzera zuzendutakoez osatutako eskaintza bat da, produktu eta zerbitzu anitz dituena: tokiko nekazaritza ekologikoa, ostalaritza, berreskuratutako produktuak, kultura librea, komunikazioa, garbiketa, serigrafia, eraikuntza, pertsonei zerbitzu sozialak, aseguruak, etab; baita alternatiba ekonomikoak eraikitzeko funtsezko sektoreekin lotutako ekimenak ere: elikadura burujabetza, finantza etikoak, birziklapena eta susperraldia, gizarteratzea, energia berriztagarriak, bidezko merkataritza , informazio alternatiboa etab.
TXOKOAK, STAND ARRRUNTEN PARTEZ
Aurtengo edizioan formatua aldatzeko apostua egin da, espazio tematikoak sortuz, bertan ESSaren arlo ezberdinak ikusgarri izanez. Apostu berri honek ikasteko espazio atseginagoak sortu nahi izan ditu, non Merkatu Sozialeko erakunde guztien ekarpena ikus daitekeen. Horrez gain, sistema berri hau aprobetxatuz, espazio berriak sortu ditugu; hala nola, Bizitza Erdian, Etorkizuna, Aldatu!, Sorleku eta ESScape Room-a.
Bertaratutakoek positiboki baloratu dute banaketa berri hau, non elkarrekintzak eta eztabaidak inoiz baino gehiago piztu diren, bisita entretenigarriagoa eginez.
EKONOMIA FEMINISTA: BIZITZA ERDIAN
Edizio honetan Ekonomia Feministari merezitako lekua eman nahi izan diogu. Horregatik, bizitza erdigunean jarri dugu (modu figuratiboan eta literalki) Bizitza Erdian txokoarekin, ekonomia feministaren hausnarketarako eta zaintzak lantzeko gunearekin. Horrela, azokan eta entitateen eguneroko lanean zainketaren garrantziari arreta jarri diogu. Espazio honen barruan, programa propioarekin, jolasetatik hasi (Trivial Feminista) eta Merkatu Sozialeko ekimen ezberdinen materialen aurkezpena zein hauen inguruan sortutako eztabaidak egon dira.
Nabarmena izan zen Setem eta AlBorde Films-en Fabricando Mujeres dokumental interaktiboaren aurkezpena, fESSta bera aprobetxatu zelarik informazioa biltzeko emakumearen aurkako indarkeriaz baliatzen ez diren kontsumo alternatibei buruz.
Mugarik Gaberen Viajando Por lo Invisible webgunearen aurkezpena ere oso interesgarria izan zen, non erakunde bizigarriagoen inguruko gogoeta egin zen. Material honekin batera, Ecosolfemek eta REAS Euskadik prestatutako Bizigarri Plana eztabaidatu zen, zeinetan hainbat ildo eta ekintza aurreikusi diren gure erakundeak ikuspegi feministatik aldatzeko.
Azkenik, aipatzekoa da Economistas Sin Fronteras-ek aurkeztutako dossierra Ikusezina ikusgai egiten, aitatasun zein amatasunari buruzko eztabaida bizia sortu zuen.
ESS-AREN ETORKIZUNARI BURUZ HAUSNARTZEN
FESStan integratu diren espazio berrien artean, Etorkizuna dago, Ekonomia Sozial eta Solidarioarentzat nahi dugun etorkizunari buruzko hausnarketa egiteko gunea. Colaborabora eta Sustraiak-ek bultzaturik, bisitariek REAS Euskadiren plan estrategiko berria aztertzeko lehen fase honetan lagundu ahal izan dute, parte hartu beharko luketen eragileei buruzko ideiak eskainiz, baita jorratu ditzakegun gai posibleekin ere.
IHES EGIN SISTEMA KAPITALISTATIK
Zein modu hobeagorik badago inguratzen gaituen sistema kapitalistatik ihes egiteko Escape Room baten bidez baino? 60 parte-hartzaile baino gehiago saiatu dira La City-tik ihesten, hain urrun ez dagoen etorkizun distopiko baten kapitalismoaren mekatik, Zona Zerora, non ekonomia alternatibo bat posible den.
HITZALDI MOTZ ETA TAILERRAK ESS-AREN ALTENATIBA EZBERDINAK EZAGUTZEKO
Hainbat entitatek tailerren dibertigarrien bitartez aurkeztu dizkigute beren zerbitzuak, non bisitarien parte hartzea bilatu den. Jarduera horien artean daude TikTak Film Studiok prestatutako Stop Motion tailerra edota Peñascal taldeak hegarazi dituen botilen esperimentua, baita Fiaro txanpona egiteko aukera, batzuk aipatzearren.
Gainera, aurten Sorleku gunean, alde batera utzi ditugu bide bakarreko hitzaldi luzeak. Horren ordez, hitzaldi txikiak eta tailer inspiratzaileak izango ditugu Ekonomia Sozial eta Solidarioaren funtsezko hainbat gai ezagutzeko. Ondorengo galdeeri erantzungo diegu; Zer gertatzen da etxebizitza hutsekin? Zer dira etxebizitza komunitarioak? Zein da klima aldaketaren eta elikadura burujabetzaren arteko erlazioa? Zer da Sorkuntza proiektua? Ba al dago migratzaileen ekintzailetzarik Euskal Herrian?
ESS-KO PRODUKTUAK DASTATZEN
Urtero bezala, Peñascal Ostalaritza Zerbitzuak tripa ondo beteta mantendu digu ESSko produktu goxoen bitartez. Ekoizan entitateko pintxo zein gozokiz betetako barra batek lagundu gaitu asteburu luze honi aurre egiteko nahikoa energia izaten.
Gainera, bisitariek Boga artisau garagardoak eta Esnetiken bertako gaztak dastatzeko aukera izan dute. Animoa goian mantentzeko eta jandako dena jaitsi ahal izateko, bai ostiral baita larunbat gauean ere Betto Snay eta Sonic Free Station DJ-en emanaldiak izan genituen.
MERKATU SOZIALAREN KATALOGOA
Ekitaldi honen ildora ere, Merkatu Sozialaren 2020ko edizio berriaren katalogoa aurkeztu da, 110 iniziatiba baina gehiago jasotzen dituen liburuxka. Ekimen hauek irizpide etiko, demokratiko, feminista, ekologiko eta solidarioekin funtzionatzen duten ondasun zein zerbitzuen ekoizpen, finantzazio, banaketa eta kontsumo sarearen parte dira.
Eskuragarri dago katalagoa bai fisikoki baita webgunean ere www.mercadosocial.net/euskadi
ESS-A ZENBAKIETAN
REAS Euskadi 1997an sortu zen eta gaur egun lurraldeko 70 entitatek osatzen dute. 20.600 pertsona baino gehiago biltzen dituen sarea honek, 3.100 langile, 3.100 boluntario eta 14.400 kide ditu bere barnean. Irabazi asmorik gabeko entitate hauek 82 milioi euro fakturatu zituzten 2018an. REAS Euskadi sareak Ekonomia Sozial eta Solidarioaren indartzea eta ezagupena du helburu.
Euskadiko Auditoria Sozialaren datu hauek, sareko beste askorekin batera ere aurkeztu ziren fESStan. Informazio gehiago www.economiasoliaria.net/reaseuskadi webgunean.
EURITAN DANTZAN
Asteburuko eguraldia kaskarra izan arren, bisitari ugari hurbildu ziren fESStara, ikasi eta gozatzera. 1.500 pertsona inguru pasatu ziren Zabalguneko merkatutik ostiral eta larunbata bitartean.
Programa osoa eskuragarri dago www.merkatusoziala.eus webgunean.
Iturria: REAS Euskadi
-

Gizarte-ekimeneko eta ekimen pribatuko enplegu-zentro berezien arteko tratu berezia bermatuta
Auzitegi Nazionalak ekimen pribatuekiko gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezien tratu bereizia juridikoki egokitzen dela bermatzen du, eta dio horrek ez duela inola ere ordenamendu juridikoan debekatutako diskriminaziorik eragiten.
Auzitegi Nazionaleko Lan Arloko Salak, 2019ko azaroaren 14an emandako epai baten bidez, erabat ezetsi zuen CONFEDERACION NACIONAL DE CENTROS ESPECIALES DE EMPLEO (CONACEE) delakoak XV. Hitzarmen Kolektibo Orokorraren aurka egindako inpugnazioa, non enpresa erakunde horrek zenbait lansari-zentrori tratu berezia ematen baitzien.
Justiziak CONACEEren errekurtsoaren tesiak erabat baztertu ondoren, XV. hitzarmenaren araudia egokitzeaz gain, bi enplegu-zentro berezi motak (sozialak eta pribatuak) legez bereiztea erabat bidezkoa dela ezarri da.
Gizarte-ekimeneko eta ekimen pribatuko enplegu-zentro berezien arteko lege-bereizketa 2017an sartu zen Sektore Publikoko Kontratuen Legearen bidez.
Iturria: CERMI
-

CIRIEC-eko Gizarte Ekonomia eta Kooperatiboaren X. Solasaldia ospatu da Lisboan
Azaroaren 18 eta 19an Lisboan burutu zen CIRIEC-eko Gizarte Ekonomia eta Kooperatiboaren X. Solasaldia, gai nagusia turismo soziala eta iraunkorra izan delarik. Aurtengo edizioa, INATEL Fundazioaren kolaborazioarekin antolatu da.
Esan bezala, solasaldiaren gai nagusia turismo soziala eta jasangarria izan zen, eta Espainiako eta Portugaleko hainabat ikertzailek, aurrez aurkeztutako komunikazioen bitartez, parte hartu zuten.
Jardunaldiaren lema: “Lurraldearen jasangarritasuna, ondarea eta turismo soziala” izan zen, honen inguruan eztabaidatzeko, ideiak partekatzeko eta proposamen eta emaitzak aztertzeko aukera ezin hobea izan zelarik. Gainera, proposamen berri horiek 2030 Agendan Gizarte Ekonomiaren bitartez txertatzeko dauden aukerak aztertu ziren.
Iturria: CIRIEC
-

Buletina orain hamabost egunero!
Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiaren Buletina hamabost egunero argitaratuko da.
Modu honetan, dinamismo gehiagorekin jakin ahalko dituzue ekonomia sozial eta solidarioaren sektoreko albiste garrantzitsuenak.
Sektoreko ekitaldi nagusiak egunero berrituko dira, eta argitalpen nagusienak hilabete bukaerako Buletinean argitaratuko dira.
Egon adi!!!!
Iturria: OVES/GEEB
-

Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Foro Sozialak badu data
2016 urtean Quebec-en eginiko Munduko Foro Sozialean ekonomia alternatibo ezberdinen inguruko eztabaida gune bat sortzea adostu zen eta Bartzelona hautatu zuten egoitza izateko. Honela sortu zen Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Foro Soziala (EEMF) eta 2020ko ekainaren 25-28 bitartean eramango da aurrera.
Zer dira Ekonomia Eraldatzaileak?
Produktibitate eta mozkinen irabazietan oinarrituriko eredu kapitalistaren aurrean, pertsonak eta ingurugiroa erdigunean jartzen dituzten ereduak dira ekonomia eraldatzaileak. Erauzte eta hazkundea iparrorratz duen egungo ereduari alternatiba bat emateko grina dute:
Ekonomia feministak: ekonomiaren erdigunean bizitza eta berau birproduzitzeko beharrezkoak diren prozesu guztiak jartzen dituena, garrantzia berezia emanez zaintza ekonomia eta emakumeen funtsezko paperari.
Agroekologia eta elikadura burujabetzako mugimenduak: nekazal-elikadura eredua birplanteatzen dute bizitzaren jasangarritasunarentzat elementu gako bezala, baita lurrarekiko eta ziklo naturalekiko pertsonek dituzten harremanak ere.
Komunaletan oinarrituriko ekonomia: berauren azpi-familiekin: hirikoak, naturalak, digitalak…
Ekonomia sozial eta solidarioa: bidezko merkataritza eta finantza etikoak, kooperatibismoan eta merkatu sozialetan oinarriturikoak…
Foroan modu ezberdinetan parte har daiteke:
Foro birtualaren bitartez, zeina eztabaida gune eta eduki sorkuntzarako espazio nagusia izango den: https://forum.transformadora.org/
Lan talderen batean parte hartuz.
Foroa erakunde ezberdinen artean zabalduz.
Informazio gehiago, hemen.
Iturria: REAS
-

Azaroan, koopfabrikako saio irekiak Eskoriatzako Kanpusean
Ekonomia soziala sustatzea helburu duen programak hainbat saio ireki antolatu ditu azaroan zehar.
Ekimen sozio-ekonomiko proiektuan sustatzea xede duen KOOPFABRIKA programak zortzi saio ireki antolatu ditu azaroan egiteko. Eskoriatzako kanpusean egingo diren ekitaldi horiek ikasturte honetako koopfabrikako programako parte dira, baina modu irekian eskainiko dira interesatu guztiei.
Saioak hasiko dira 09:00etan eta bukatuko dira 13:00etan. Interesatuek aukera dute hitzaldi guztiak entzuteko edo saio solteetara joateko.
Izena emateko: KoopFabrikako saioak azaroan.
- Azaroak 18: Komunikazio estrategiak. Gorka Julio eta Arkaitz Sukuntza.
- Azaroak 19: Balantze sozialak eta adierazle sistema. Mirene Begiristain eta Beñat Irasuegi.
- Azaroak 20: Kudeaketa ekonomiko finantzieroa. Irune Cano eta Pau Fernández.
- Azaroak 21: Ekintzailetza soziala genero eta jatorri aniztasunetik. Amillena eta Hiruki Larroxa.
Iturria: MU
-

REAS Euskadik bere 2020-2023 plan estrategikoaren lanketan parte hartzeko dei egiten du
Helburu horrekin, REAS Euskadin, izaera operatiboa duen plan estrategiko berri bat lantzen ari da, 2020-2023 denboraldirako. Eta plan hau modu partehartzaile batean diseinatu nahi da, entzunez, bai REASeko kide direnei, baita ESSko beste pertsona zein erakundei edo modu batean edo bestean gurekin erlazionatzen zaretenoi.
Entzute lan honen ataltzat proposatzen den gauzetariko bat galdetegi erraz bat da, pertsona gehiagoren eta ezberdinen parte hartzea ahalbidetzen duena, begiradak aberasteko. Hori dela eta, ESSaren garapena eta REAS Euskadik jokatu beharreko paperagatik interpelatuta sentitzen bazara, zure denboraren minutu batzuk erabiltzea 6 galdera labur erantzuteko eskatzen dizuegu. Erantzunak jasotzeko epea 2019ko abenduak 13an bukatzen da
Plataformara joateko, egin klik hemen.
Iturria: REAS Euskadi
-

Ekonomia Sozial eta Solidarioak bihotza erakutsi du aurten ere
Atzo, Madrilen ospatu zen 2019ko Auditoria/Balantze Sozialaren emaitzen aurkezpenaren ekitaldia. Urtero egiten den argazki honen bidez, REASen eta Ekonomia Sozial eta Solidarioaren egoera ezagutzeko aukera ematen digute, sektorearen sei printzipioekin lotura eginez: Demokrazia eta Ekitatea, Ingurugiro iraunkortasuna, Lankidetza, Irabazi-asmorik gabea, Inguruarekin konpromisoa eta Lana.
REASen helburu nagusia, gardentasunean oinarrituta, biztanleriari beraien jardueraren berri ematea da, gainera, sektorearen egoeraren argazki bat izateko tresna ezin hobea da, emaitzak urtero hobetzeko aukera ematen duena.
Ekitaldian, Auditoria/Balantze Sozialaren emaitzak aurkezteaz gain, generoan oinarritutako emaitzak eman zituzten eta sektoreko enpresen praktika onenak aurkeztu zituzten ere.
Iturria: REAS
-

Gizarte Ekonomiako Enpresen 2019 Europako Eguna
Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak datorren azaroaren 27an Gizarte Ekonomiako Enpresen 2019 Europako Eguna antolatu du, Estrasburgon. Ektialdiak aurtengo leloa “Gizarte ekonomia: hiriak, erregioak eta gizartea mugitu. Europar Batasunerako inpaktu akordioa” du eta eguna amaitzerako Europar Parlamentu berriari helaraziko zaion hausnarketa dokumentu bat adostuko da.
Eskuratu programa (ingelesez), hemen.
Izen eman daiteke, hemen.
Iturria: Observatorio Español de Economía Social
