Egilea: oves-geeb

  • Lanaren Nazioarteko Erakundeak antolaturiko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Akademiak enpleguaren etorkizuena sektoreak izango duen garrantzia mahaigaineratu zuen

    Lanaren Nazioarteko Erakundeak antolaturiko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Akademiak enpleguaren etorkizuena sektoreak izango duen garrantzia mahaigaineratu zuen

    Lanaren Nazioarteko Erakundeak antolaturiko 11. Ekonomia Sozial eta Solidarioko Akademia Madrilen burutu zen urriaren 14 eta 18 bitartean, CEPES (Confederación Empresarial Española de la Economía Social) eta espainiar estatuko Enplegu, migrazio eta Gizarte Segurantzaren ministeritzaren laguntzarekin.

    5 egunotan 350 bat parte hartzaile izan zituen Akademiak, herrialde ezberdinetako sektoreko langile eta ordezkariak, administrazio publikoko karguak, ikertzaileak, sindikatuetako ordezkariak bat egin zutelarik, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren inguruan eztabaidatu eta hausnartzeko, batez ere sektoreak enpleguaren etorkizunean izango dituen erronken eta aukeren inguruan, baina baita Garapen Iraunkorreko Helburuen betearazpenarekin dituen harremanen inguruan ere.

    Azken egunean Manifestu bat aurkeztu zuten (hemen ingelesez, frantsesez eta gazteleraz) non azpimarratzen den, besteak beste, “Ekonomia Sozial eta Solidarioak kalitatezko enplegu egonkorrak sortu eta mantentzen dituela, gazteen lan merkaturatzea ahalbidetuz eta genero berdintasuna duen politika efektiboa sustatuz”.

    Akademiako material guztiak eskuratu daitezke, hemen.

    Iturria: GEEB, Observatorio Español de Economía Social

  • Zumarragako Udalak eta ASLEk lankidetza-hitzarmena sinatu dute

    Zumarragako Udalak eta ASLEk lankidetza-hitzarmena sinatu dute

    Zumarragako Udalak eta ASLEk sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren helburu nagusia herriko enpresei laguntza ematea da. Akordio honen bitartez, Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak bere programak eramango ditu Zumarragara, hauen bitartez, berebiziko arreta jarriko da lan sozietate eta elkarkidetzako sozietateen bidezko enpleguaren sorkuntzan. Baita berehala ondorengotza edo belaunaldi-errelebo prozesuei ekingo dieten enpresen prozesuetan ere.

    Lankidetza-hitzarmenaren aurkezpenaren ekitaldian ASLEko gerente den Josetxo Hernandezek eta Zumarragako Udaleko Rosa Maizak hartu zuten parte. Azken honek adierazi zuenez, “Gizarte Ekonomiak gure balioak defendatzen ditu. Sinatutako akordioa estrategikoa da”.

    Betalde, Josetxo Hernandezek gaineratu zuen akordioa herriarentzako onuragarria izango dela, “Gure esperientzia enpresetan ezartzea ahalbidetuko du. Egun, belaunaldi erreleboan gogor lanean ari gara”

    Iturria: Noticias de Gipuzkoa

  • Finantza Etikoen Barometroaren aurkezpena

    Finantza Etikoen Barometroaren aurkezpena

    Pasa den urriaren 24an Bilbon aurkeztu zen espainiar estatuko sektorearen Erradiografia, bertan azterturiko entitateen ordezkarien eskutik.

    Finantza Etikoen Behatokiak eginiko txostena da eta bertan finantza etikoen nukleo gogorra osatzen duten entitateen adierazle kuantitatiboak jasotzen dira, baita hauek izandako bilakaera ere.

    Eskuratu txostena (gazteleraz), hemen.

    Iturria: Fiare, FETS

  • Gizarte Ekonomia presente egongo da VII ISBEE Munduko Kongresuan, Bilbon

    Gizarte Ekonomia presente egongo da VII ISBEE Munduko Kongresuan, Bilbon

    2020 urteko uztailaren 15-18 bitartean burutuko da Mundu mailan jarduten duen ISBEE erakunde (International Society of Business Economics and Ethics) eta CIRIEC-en eskutik. Kongresuan “Gizarte ekonomiaren boterea: bere ekarpena negozioen etika eta GIHei” izeneko lerroa jorratuko da.

    “CIRIEC-España”-ko presidente Adoración Mozas-en arabera, Gizarte Ekonomiako entitateek Garapen Iraunkorreko Helburuetara egiten duten ekarpena eta hauek enpresa etikarekin duten konpromezua ez da ohar gabean pasatu Nazio Batuen edo bestelako nazioarteko erakundeetan.

    Honela, Nazio Batuen Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko “Task Force”ak jadanik aipatu du zein garrantzia duen sektoreak 17 GIHak lortze aldera. Zentzu horretan, CIRIEC-ek Kongresurako proposaturiko lerroak ideia horretan sakontzea du xede.

    Bertan komunikazioen laburpenak aurkezteko epea azaroaren 30a da. Kongresuko hizkuntza ingelesa izango da eta laburpenok 500 eta 1.000 hitzen artean izan behar dute.

    Informazio gehiago kongresuaren web orrian: http://www.ehu.eus/en/web/isbee2020

    Iturria: Observatorio Español de Economía Social

  • ASLE-k web orri berria du

    ASLE-k web orri berria du

    Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak web orri berria estreinatu du. Bertan elkarteak eskaintzen dituen aktibitate eta zerbitzuak jasotzen dira.

    Horien artean azpimarratzekoak dira eskaintzen diren formazio eta aholkularitzak (juridikoa, ekonomiko-finantzarioa), baita Elkarteak hainbat arlotan sinaturik dituen lankidetza akordioak ere, ASLEko kide diren entitateen probetxurako.

    Web orria ikusteko, egin klik hemen: http://www.asle.es/

    Iturria: GEEB

  • Yayo Herreroren hitzaldia urriaren 7an Donostian

    Yayo Herreroren hitzaldia urriaren 7an Donostian

    “Bizitzarekin hautsiriko loturak berrezartzeko metabolismo ekonomikoak” izenburupean, aktibista ekofeminista eta antropologoak hitzaldia emango du datorren urriaren 7an Donostiako UPV/EHU-ko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean.

    Hitzaldia gazteleraz izango da, sarrera librekoa eta arratsaldeko 17:30etan hasiko da, Donostiako UPV/EHU-ko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Gradu Aretoan. Hitzaldia GEZKI-k (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) antolatzen duen Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterreko hasiera ekitaldiaren barruan kokatzen da.

    Gaiari sarrera:

    « Egiturazko krisi sakoneko garaian gaude. Krisiaren jatorrian lurra eta gorputzengandiko ekonomia eta politikaren deslotura dago. Bizitzaren aurkako guda hau nola ematen den azalduko dugu eta honi aurre egiteko ibilibideak miatuko ditugu, ekologismo feminista eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko proposamen bateratuak ardatz harturik”.

    Iturria: GEZKI

  • REAS Euskadi Ekonomia Feministako VI. Jardunaldian

    REAS Euskadi Ekonomia Feministako VI. Jardunaldian

    Irailaren 5, 6 eta 7an Valentziako Unibertsitateko Ekonomia Feministako Katedrak antolatutako Ekonomia Feministako VI. Jardunaldian parte hartu du, “Paradigma feminista eta bizitzarekiko bidezko trantsizioak” izenburupean. REAS Euskadik mahai-inguru eta ekintza politikoko batzordean parte hartu du eta, horrez gain, jardunaldia osatu duten hainbat proposamen aurkeztu ditu.

    REAS Euskadin denbora luzea daramate, kapitalaren edo irabazien zerbitzura ordez, bizitzaren zerbitzura dauden ekonomiak sortzeko lanean eta gure jardunbide nahiz erakundeetan bizitza erdigunean jartzeko zereginean, eta horretarako, ezinbestekoa da Ekonomia Feministatik eta feminismoetatik datozkigun gakoak txertatzea. Hori dela eta, era aktiboan parte hartu du bestelako gizarte eredu batera modu bidezko eta jasangarri batean nola igaro birpentsatzeko garrantzia berezia duten jardunaldi honetako 6 arlotan: 1) zaintza, 2) neoliberalismoa deseraikiz, 3) ekofeminismoa eta aldaketa klimatikoaren larritasuna, 4) politika publikoak, 5) genero ikuspegia duten aurrekontuak eta 6) erresistentzia feministak eta aldaketarako estrategiak.

    Edukiak gaiaren araberako 13 paneletan garatu ziren, aldibereko 6 saioko bloketan banatuta. Aurkeztutako proposamenen kopurua (116) eta kalitatea, ezbairik gabe, gizarte eredua aldatzeko helburua duten aldarrikapenen aniztasunak eta eskaera feministek sortzen duten interes gero eta handiagoaren adierazgarriak dira; baita ekonomia ortodoxoari eta mundu akademikoa eta botere politikoen erdiguneak menperatu dituzten merkatuaren fundamentalismoari alternatibak bilatzen dizkioten ekimenen hazkuntzaren adierazgarriak ere.

    REAS Euskadik, mahai-inguru eta ekintza politikoko batzordean modu aktiboan parte hartzeaz gain, hainbat proposamen aurkeztu ditu jardunaldiko antolakuntzan:

    “Erresistentzia feministak eta aldaketarako estrategiak” deituriko ardatzean, ekoSolFemek −REAS Euskadiko ekonomia feministako taldeak− , Colectiva XXKk eta Equipare Koop. Elk. Txikiak dinamizatu dute “Geure erakundeak ikuspegi feministaz birpentsatuz” antolatze kolektiboko tailerra. Bertan bizitzarekiko egokiak diren erakundeak sortzeko helburuarekin ekonomia solidarioan zein Bizigarrin egindako lana partekatu ahal izan dute, REAS Euskadik genero ekitatearen alde 2015ean hasi zuen antolakuntzaren goitik beherako eraldaketa azalduz.

    Ardatz horretan bertan ekonomia solidarioaren azken aleko orriak aurkeztu ditu, 6.alea hain zuzen ere, “Eraiki, zaindu eta bertan bizi: praktika feministak ekonomia solidarioko erakundeetan”. Orri hauetan, emakume eta gizonen bizitzarako egokia eta beste identitate eta egiteko eretatik sortua den erakunde eredu baterantz igarotzeko, Ekonomia Sozial eta Solidarioan praktikan jartzen diren hainbat irismenetako tresnen eta gailuen bilduma bat aurkezten da.

    Informazio guztia eta sortuko diren materialak orrialde honetan egongo dira eskuragarri: https://femeconomiafeminista.com/congres2019/

    Iturria: REAS Euskadi

  • EHLABEko profesionalen jardunaldi interesgarria

    EHLABEko profesionalen jardunaldi interesgarria

    Pasa den irailaren 19an EHLABEko profesionalen jardunaldia egin zen Arrasaten. Elkarteko erakunde guztietako ordezkariak bertaratu ziren eta euskal ereduaren erronkak aztertu eta esperientzia ezberdinak partekatu ahal izan zituzten.

    Jardunaldian, OITko desgaitasuneko aditua den Stefan Trömelek parte hartu zuen. Hitzaldi benetan interesgarria, desgaitasuna duten pertsonen enpleguaren erronkak azaldu zituena.

    Ondoren, EHLABEko Lehendakaria den Txema Francok, gizarteratze eta laneratze euskal ereduaren aurkezpena egin zuen, enpleguaren inguruko hainbat datu emanez.

    Bestalde, GEZKIko Zuzendaria den Aitor Bengoetxeak, GEZKIk eta OVES/GEEBek EHLABErekin elkarlanean egin duten Gizarteratu eta Laneratzeko Euskal Ereduaren txostena aurkeztu zuen. Bertan, euskal eredua aztertzen da Nazio Batuetako desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioaren ikuspegitik. Txostena eskuragarri hemen

    Azkenik, Pablo Moratalla koordinatzaileak, SIISarekin batera sortu duten Datuen Bankua aurkeztu zuen. Tresna honen bitartez, desgaitasuna duten pertsonen eta enpleguaren datuak aztertu eta alderatu ahal izango dira.

    Jardunaldia bukatzeko, bildutako denek euskal ereduaren erronken eta soluzioen inguruan gogoeta egin zuten, eta eguna Beatriz Artolazabal Sailburuak itxi zuen.

    Iturria: OVES-GEEB

     

  • Humanity At Music ikuskizuna

    Humanity At Music ikuskizuna

    Buesa Arena hunkitu egin zen pasa den irailaren 14an Humanity At Music ikuskizunarekin. 11.400 ikusletik gora bertaratu ziren.

    Gasteizeko Buesa Arena galaz jantzi zen Humanity At Music hartzeko, eta ikuskizuna itzela izan zen: 60 urtetik gorako esperientzia kooperatiboari musika, ahotsa, dantza eta batez ere emozioa jarri zion kultura eta kooperatiba lurrikara.

    Goiz erditik hasi zen giroa pizten Buesa Arenaren inguruan, Alaia Gunean; bertan izan ziren tailerrak, ekintzak eta erakusketak. Eta hantxe eskaini zuten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ‘Musua’ ikuskizuna batutako ume ugariren gozamenerako..

    Ikuskizun erraldoia 18:00etan hasi zen. Ikuskizunaren oinarria Fernando Velazquez-ek idatzitako soinu banda izan zen. Jon Sarasuak idatzitako hitzei sinfonia hunkigarria gehitu zion Velazquezek. Hori guztia uneoro Jon Maya zuzendariak gidatutako Kukai Dantza Taldearen koreografiak lagunduta.

    Txistulari dozena batek apurtu zuen isiltasuna galaren hasieran. Eta Pili Kaltzadak ikuskizuna aurkeztu ostean, musika hasi zen ‘Obertura’-rekin; horri jarraitu zioten hainbat piezek eta ‘Etorkizuna’-rekin borobildu zuten.

    Mila artista, tartean Kukai Dantza Taldea, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Euskal Herriko abesbatza askotariko ahotsek Gasteizeko Buesa Arena hankaz gora jarri zuten Humanity At Music ikuskizunean.

    Iturria: Tu Lankide

     

  • Gizateak 2018ko Gizarte-txostena aurkeztu du

    Gizateak 2018ko Gizarte-txostena aurkeztu du

    Zenbait datu esanguratsu jasotzen dira, hala nola 2018 urtean GIZATEAra atxikituriko Gizarteratze Enpresetan 1.204 langile; horietatik, 777 gizarteratze eta laneratze prozesuan aurkitzen zirela, 22 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa izan zutela urte berean eta 7.873,30 euroko urteko itzulkina egin zietela administrazio publikoei gizarteratze-postu bakoitzeko.

    2018 Gizarte-txostenean irakurtzen den bezala, 2017an baino bi enpresa gutxiago egonik ere (40; lehen, 42 zeuden), sendotu egin da aurreko bi ekitaldien bilakaera positiboa enpresen adierazle ekonomiko eta sozial nagusietan. Jarraian horietako batzuk laburbiltzen dira:

    • Laneratzeko lanpostuen  hazkundea  2018an  indartu  zen,  2017aren  aldean  % 8,6ko hazkundea izaki, % 13,5ko hazkundea 2016aren aldean, eta % 21ko hazkundea 2015aren aldean.
    • Sektoreak sortutako  enpleguek  ere  gora  egin  dute  2018an,  batez  ere  baz terketa-egoera edo -arriskuan dauden pertsonena: elkartutako lanera-tzeko enpresek 2018an 1.204 pertsona enplegatu zituzten, eta horietatik 777 laneratzeko prozesuan, horrela, 2018a izan da laneratzeko prozesuan dauden pertsona gehien enplegatu diren urtea.
    • 2018an, laneratzeko Euskadiko enpresetan ibilbidea amaitu duten pertsonak ohiko enplegura sartzeko tasa egonkorra izan zen: ibilbidea amaitu zuten laneratzeko enplegatuen % 66 ohiko lan-merkatuan sartu da.
    • Beraz, laneratzeko enpresak sendotu dira, bazterketa-egoera edo -arriskuan dauden pertsonen kasuan lana aktibatzeko tresna eragingarri modura.
    • Salmentak dira  Gizateari  elkartutako  laneratzeko  enpresen  diru-  sarrera  iturri  nagusia:  2018ko  datuen  arabera,  diru-sarrerak,  guztira,  330.382,88 € izan dira, eta, horien % 71 produktu eta salmenten faktu-raziotik  etorrita.  Azpimarratu  nahi  genuke,  salmenta  guztien  %  83  bezero  pribatuak direla eta % 17 sektore publikoa. Datuok erakusten dute, lane-ratzeko enpresak merkatu pribatuan aritzen direla batez ere, eta administra-zio publikoak kontratatutakoek murritzak izaten jarraitzen dutela, nahiz eta 9/2017  Legeak,  azaroaren  8koak,  Sektore  Publikoaren  Kontratuei  buruzkoak  2018an indarrean sartu, non lege horren 4. Xedapen Gehigarriak betebehar- indarra ezartzen diela herri administrazioei, laneratzeko enpresei gordetzeko zenbait  lizitazioren  parte-hartzeko  ehuneko  bat.

    Hauek eta datu gehiago, hemen.

    Iturria: GIZATEA