Egilea: oves-geeb

  • Ikastolak eta Kooperatibismoa (I.Topaketa): publikotasun berri baten bila: komunitatea eta demokrazia parte-hartzailea

    Ikastolak eta Kooperatibismoa (I.Topaketa): publikotasun berri baten bila: komunitatea eta demokrazia parte-hartzailea

    Hurrengo uztailaren 8an Eibarren egingo den jardunaldi honetan, Ikastolen mugimenduaren esperientzia aztertuko da Kooperatibismoaren eta Gizarte Ekonomiaren ikuspuntutik.

    Euskal Herrian ikastolek duten garrantzia hezkuntza-munduan zein euskara eta euskal kulturaren sustapenean duten eraginarekin lotuta dago. Zenbait sektore kritikok, “publikoa, hots, herria, estatuarena” paradigma horretan oinarriturik, zentro pribatu “kontzertatu” gisa definitzen dituzte soilik. Beste batzuk, kritika muturrera eramanez, erakunde publikoen finantzaziotik “elikatzen” diren ikastetxe “elitista” gisa. Baina ikastolek badute bereizgarri bat. Beraien izaera kooperatiboa: kooperatibak dira. Eta dimentsio horrekin lotuta, badute beste bereizgarri bat: izaera komunitarioa. Herri-mugimendua ere badira. Esan genezake, kritika, kontraesan eta argi-ilunetatik haratago, ikastolen esperientzia “publikotasun berri baten bila” doan eredua dela: “komunitatean eta demokrazia parte-hartzailean” oinarritutako eredua. Hau da, kooperatibismoan eta ekonomia sozialean oinarritutako eredua.

    UEUko Ekonomia Sailak eta GEZKI Institutuak, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatutako topaketa hauen bitartez, Ikastolen mugimenduaren esperientzia aztertuko da Kooperatibismoaren eta Ekonomia Sozialaren ikuspegitik. I. topaketa gisa irudikatu nahi dute ikastolekiko lehen “hurbilpen kooperatibo” hau, datozen urteetan lan ildo horretan sakontzeko asmoarekin.

    Jardunaldian zehar, hitzaldi laburrak eta eztabaidarako eta galdera-erantzunetarako tarteak irekiko dira, gainera, esperientzia eta ikuspegi zehatzetan zentratuko dira hizlariak.

    Eduki zehatzak eta egitaraua hurrengo egunetan izango dira eskuragarri UEUko eta GEZKIko web guneetan. Matrikula epea zabalik da jada, hurrengo estekan

    Anima zaitez!

    Iturria: UEU

  • ASLEk urteko Batzar Nagusia ospatu du

    ASLEk urteko Batzar Nagusia ospatu du

    Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak pasa den maiatzaren 10ean 2019ko Batzar Nagusia ospatu zuen Bilbon. Jardunaldian, gizarte ekonomiako hainbat eragilek parte hartu zuten, bai eta EAEko instituzioetako hainbat ordezkarik ere. Urkullu Lehendakariak ekitaldiari amaiera eman zion lankidetza ereduak nabarmenduz.

    Lan eta Justiziako sailburu den María Jesús San Josék irekiera-ekitaldia zuzendu zuen, eta Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresak eta erakundeak bultzatzeko hartu duen konpromisoa gogorarazi zuen, funtsezkotzat hartzen baititu lurralde-garapenerako eta gizarte-kohesiorako.

    ASLEko lehendakaria den Kepa Olivaresek Euskadiko Lan Sozietateek azken urteetan izan duten bilakaera positiboa nabarmendu zuen. Erakunde hauen fakturazioa, bataz beste, %9.1 igo zen 2018an. Bestalde, Josetxo Hernandezek azpimarratu zuen etorkizuna langileen parte hartzea ahalbidetzen duten enpresetan dagoela.

    Iñigo Urkullu Lehendakariak Batzar Orokorra itxi zuen honako hau nabarmenduz: “Enpresa-eredu berria sustatu behar da, parte-hartzaileagoa eta inklusiboagoa” “Pertsona guztien inplikazioa dakarren eredua, eta enpresa baterako proiektutzat jotzen duena”, eta gaineratu zuen, “ASLE erreferentziazko eredua dela. Izan ere, nortasuna eta berezko balioak ditu: parte-hartzea, konpromisoa, lankidetza eta erantzukizuna”.

    Iturria: Irekia

  • REAS Euskadik Alternatibak eta Politika Publikoak Elikatzen webgunea aurkeztu

    REAS Euskadik Alternatibak eta Politika Publikoak Elikatzen webgunea aurkeztu

    REAS Euskadik webgune berri bat aurkeztu du, Alternatibak eta Politika Publikoak Elikatzen. Bertan, Bizilur, Etxalde-Nekazaritza eta EHNE-Bizkaiaren lanetik abiatuta, azkeneko urteetan aurrera eramandako ekimenak biltzen dira, batez ere bi proiektuen bidez, “Euskal herrian beste bizi ereduak lortzeko burujabetzak ereiten” ikerketa eta “Politika publikoak elikatzen” mintegia.

    Ekimen guzti hauek eragile anitzek bultzatu dituzte (botere publikoak, akademia, nekazal mugimendu, kolektibo sozialak…), irizpide ezberdinak jarraituz (sareak eratuz, legeria eta arautegien bidez, planifikatuz edo diagnostikoei esker). Landutako eremuak burujabetza energetikoa, emakumeen autonomia, ondasun naturalen babesa, komuna denaren antolamendua eta jakintza askea eta bertako elikadura sistemak dira. Helburua gaur arte garatutako ekimenak konpartitzea da, horrela baimenduz hauek ezagutzea, elkarbanatzea eta esperientzia berriak inspiratzea, sareak eratuz.

    Horrela, webgunean mapa bat aurkezten da, “Elikadura burujabetza eraikitzen duten bertako esperientzien mapa” izenekoa. Mapa honetan, orain arte, ia ehun ekimen kokatzen dira, hiru lurralde historikoetan kontzentratuak, batez ere Bilbo eta Donostia inguruan. Web-tokiak proiektu bati buruzko informazioa bidaltzeko aukera ematen du, bere ezaugarri nagusiak zehaztuz galdetegi baten bidez, gero esperientzia horiek Bizilurrek igotzeko eta jakinarazteko.

    Iturria: REAS Euskadi eta Bizilur

  • Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben IV. Kongresuak eraldaketa digitalak hezkuntzan duen eraginaz jardun zuen

    Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben IV. Kongresuak eraldaketa digitalak hezkuntzan duen eraginaz jardun zuen

    “Geroari aurre hartuz” lelopean, maiatzaren 7 eta 8an Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben IV. Kongresua aurrera eraman zen Bilbon. Bigarren eguneko gai nagusia eraldaketa digitalak eta inteligentzia artifizialak hezkuntzan izango duen eragina izan zen.

    Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék eman zion amaiera Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben IV. Kongresuari, zeinetan bi egunetan zehar 150 profesional baino gehiago bildu ziren, hezkuntzaren etorkizunari buruz hausnartu eta azkenaldiko joeren berri izateko, Erkide-Irakaskuntzak antolaturiko jardunaldietan.

    Azkeneko egunean Deustuko Unibertsitateko Alex Rayónek hezkuntzaren eraldaketa digitalaz hitz egin zuen eta kritiko agertu zen prozesu hori nola ematen ari denaren arabera. Argudiatu zuenez, irakurri edo idatzi bezalako aktibitateak bitarteko digital baten laguntzaz egin ezkero, garapen neurologikoa jaitsi egiten da.

    Gai horretaz gain, bi egunetan zehar aditu andanak parte hartu zuen, euskal irakaskuntza kooperatibek dituzten erronken inguruan arreta jartzeko, hala nola UPV/EHU-ko Aitor Bengoetxea, Mondragon Unibertsitateko Igor Ortega, Gaindegiako Imanol Esnaola, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Javier Fidalgo, etab.

    Guzti horien eta gainontzekoen aurkezpenen bideo-laburpenak ikusgai daude hemen.

    Iturria: Irekia, Interempresas

  • 11 urte dira Nazio Batuen Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen Hitzarmena indarrean sartu zela

    11 urte dira Nazio Batuen Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen Hitzarmena indarrean sartu zela

    Desgaitasuna duten pertsonen eskubide eta duintasuna babestera bideraturiko nazioarteko giza eskubideen instrumentua da. Hitzarmenaren zenbait atalek Estatuak behartzen ditu kolektibo honen giza eskubideak bermatuak izan daitezen gizarteko beste kideen pare, legearen aurrean berdintasuna dutela bermatzearekin batera.

    Hitzarmena Nazio Batuen Erakundearen 2006ko abenduaren 13ko Asanblada Orokorrean onartua izan zen. Espainiar estatuak 2007 urtean berretsi zuen eta 2008ko maiatzaren 3an sartu zen indarrean, ordenamendu juridikoaren parte pasatuz.

    EHLABE-ren agerraldia Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean

    Pasa den maiatzaren 7an EHLABE-k (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea) agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean, honek eskatuta, desgaitasuna duten EAEko pertsonen gizarteratze- eta laneratze-eredua, egungo egoera eta sektoreak kolektibo horren enpleguari dagokionez etorkizunerako dituen erronkak azaltzeko.

    BIS Txokobide Elkarteak ere egin zuen agerraldia, Batzordeak eskatuta, ahobatezkotasuna lortzeko Eusko Legebiltzarrak hiru euskal probintzietan “aldagailu inklusibo”en inguruko ikerketa bat eta proiektu pilotu bat egiteari buruzko mozioan.

    Iturria: Eusko Legebiltzarra, Federación Aspace

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko maiatzeko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko maiatzeko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • ESSAQUI proiektuaren bukaerako solasaldia Bordelen

    ESSAQUI proiektuaren bukaerako solasaldia Bordelen

    Maiatzaren 28 eta 29an, ESSAQUI proiektuaren amaierako solasaldia ospatu zen Bordelen, hiri horretako Science Po fakultatean, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren lurralde erregimenen mutazioei buruzkoa. ESSAQUI proiektua 2015 eta 2019 artean garatu zen, politika publikoek –instituzionalizazioa edo “jardunbide egokien” zirkulazioa, adibidez– Gizarte Ekonomiaren erakundeen hazkunde edo ahultzean izandako eraginak aztertzeko.

    Hitzaldian “Instituzioak ispiluan” gaia jorratu zen. Ekitaldia, Bordeleko Unibertsitateko Émile Durkheim Zentroak eta Akitaniako Garapenerako Prestakuntzarako Institutuak antolatu zuten, Frantziako CNRS eta Akitania Berria erregioaren lankidetzarekin. Hainbat mintzaldik osatu zuten solasaldia, Gizarte Ekonomiaren lurraldetasunaren inguruan: XIX. mendetik aurrerako Historia, deszentralizazioan oinarritutako politika publikoak, eta zehazki Akitaniako eskualdean, edo Gizarte Ekonomia eta kluster eta lankidetza ekonomikoko guneen erlazioak, Bretainian edota Grenoblen.

    GEZKIko bi kideek parte hartu zuten solasaldian. Xabier Itçainak Akitaniako hegoaldean lurralde lankidetzako esperientziari buruz hitz egin zuen, eta elkarteak, ekintza publikoa eta lurraldeen ahuleziei buruzko (Bilbo, gizarte-elkarte edo “zero-langabetu” lurraldeen kasuak) panel bat zuzendu zuen. Bestalde, Enekoitz Etxezarreta beste panel batean parte hartu zuen, Euskadi kasurako Koopfabrika aurkeztuz unibertsitatearen, lurralde garapenaren eta kooperatibismoaren arteko lotura gisa.

    Azken egunean, elkarteek herritarren mobilizazioan eta militantismoan izandako papera aztertu zen, Iparraldea barne. Ekitaldia bukatu zen Gizarte Ekonomiaren guneak eta lurralde lankidetzari eskainitako itxiera batekin, funtzionario eta ikertzaileen parte-hartzea izan zuena.

    Iturria: Centre Émile Durkheim-Université de Bordeaux

  • Eroskik etekin operatiboa %19 igotzea lortu du 2018an

    Eroskik etekin operatiboa %19 igotzea lortu du 2018an

    Taldearen etekin operatiboa zortzigarren urtez hobetu da eta martxoan bankuekin sinaturiko zorraren birfinantzaketarekin egoera finantzario konplexuari aurre egiten jarraitzen dio.

    Martxoaren hasieran Eroskik hitzarmen bat egin zuen zorraren %75 biltzen duten banku entitateekin hura birfinantzatzeko; guztira, 1.540 milioi euro inguru. Konpromiso horrekin, 2024ko uztailaren 31ra arte zabaldu zuen bere etorkizun finantzarioa.

    Zehazki, hitzarmenarekin, bi zatitan banatuta gelditu daEROSKIren zorra, taldearen negozio planera egokitzeko, eta 5 urterakoa izango da. Zati bat amortizagarria da, 1.000 milioi euro ingurukoa, eta, interes tasari dagokionez, EURIBORRA+%2,5 izango da. Beste zatia, berriz, Bullet zati bat da, 540 milioi euro ingurukoa eta %0,5eko gehienezko interes tasa izango duena.

    Bestalde, Eroski Taldeak emaitza positiboarekin amaitu zuen 2018ko ekitaldia, kontuak 2019ko urtarrilaren 31n itxita. Itxieran, 1,6 milioi eurokoa izan da etekina, eta horretan eragina izan dute aktiboen balorazioen ezohiko emaitzek eta finantza tresnen kontularitza arauak aldatu izanak. Dena den, etekin operatiboa hobetu egin da 2018an ere, zortzigarren urtez jarraian, eta 163,6 milioi eurotara iritsi da. Horrek esan nahi du aurreko urtean baino %19,1 gehiago handitu dela. Ebitda ere hobetu egin da, eta 9,1 milioi euro handitu; hala, 250,7 milioi eurotan dago orain.

    EROSKI TALDEAREN USTIAPEN KONTU KONTSOLIDATUETATIK ateratakodatuak

    Milioieurotan

    2019/01/31 Aurrekourtearenaldean
    SALMENTA GARBIAK (BEZ GABE) 4.698,07 98%
    EBITDA 250,7 %103,8
    ETEKIN OPERATIBOAK * 163,62 119,1%
    FINANTZARIOEN ETA ZERGEN AURREKO EMAITZA 120,73 103,6%
    ZERGA ONDORENGO EMAITZA 1,59 %4,8
    *    Narriaduren, ibilgetu salmentaren emaitzaren, aktibitate ez-korronteen, finantzarioen eta zergen aurretik.

    Iturria: TuLankide

  • NBEko Gizarte Ekonomia eta Solidarioko “Task Force”ak ekainean burutuko du GIHei buruzko nazioarteko konferentzia

    NBEko Gizarte Ekonomia eta Solidarioko “Task Force”ak ekainean burutuko du GIHei buruzko nazioarteko konferentzia

    Ekainaren 25 eta 26an burutuko da Genevan Gizarte Ekonomia eta Solidarioko “Task Force”aren jardunaldi berezi hau, garapen iraunkorreko helburuak gizarte ekonomiaren alorrean ezartzearen ingurukoa.

    Konferentzia hau ikertzaile, profesional eta politika publikoen ardura dutenentzako espazio bat izango da, beraien arteko ideiak partekatzeaz gain, Gizarte Ekonomia eta Solidarioak pertsonekin, planetarekin eta oparotasunarekin dituen harreman eta loturak aztertuko baitituzte.

    Baieztatu nahi dute Gizarte Ekonomia eta Solidarioak garapen jasangarriaren lorpenean  eta GIHen inplementazioan jokatzen duen paper garrantzitsua. Honetaz gain, sektoreari ikusgarritasuna eman nahi diote NBEren barne eta kanpo.

    Parte-hartzaileen artean, EHUko Juan Carlos Pérez de Mendiguren eta Unai Villalba-Eguiluz izango dira.

    Programa hemen

    Iturria: CIRIEC

  • Euskadiko nekazaritzako kooperatiben fusioa onartu da

    Euskadiko nekazaritzako kooperatiben fusioa onartu da

    Maiatzaren 21an Gasteizen egindako Batzar Orokorrak onesmena eman zion Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioa eta ERKIDE – Euskadiko Lan Elkarteen, Irakaskuntza, Kontsumo eta Kreditu Kooperatiben Federazioaren arteko fusio prozesuari. Hori dela eta, Maria Jesus San Jose Lan eta Justiziako sailburuak zorionak eman zizkien.

    San Josek nabarmendu zuen euskal kooperatibismoaren “ausardia” ordezkaritzarako sektore anitzeko erakunde bakarra sortzeagatik, marka bakarra eta erraz identifikatzeko asmoz. Apustu hau, gainera, sailburuaren esanetan, Eusko Legebiltzarrak Kooperatiba Lege berri bat izapidetzen ari den unean dator.

    Hilabete gutxi barru onestuko den lege honi buruz San Josek nekazaritzako elikagaien kooperatiben eremuan izango dituen hobekuntzak gailendu zituen, bereziki ikusmolde komunitarioari dagokienez, euskal kooperatibismoan “lortutako adostasunak” arrazoi bezala azpimarratuz.

    Azkenik, adierazi zuen 2018an izandako arazoen arren, produkzioaren beherakada dela eta, nekazal errentak % 5a gora egin zuela, prezioen gorakadari esker. Modu berean, Ekonomia Garapen Sailarekin elkarlanean aritzeko asmoa aurreratu zuen nekazal eremuetako despopulatzea eta sektoreak behar dituen langileen trebakuntza lortzeko.

    Iturria: Irekia