Egilea: editorea

  • Presidente berria EHLABEn

    Presidente berria EHLABEn

    Ekainaren 28an Bergaran EHLABEko Batzar Nagusia burutu ondoren, Elkartearen Zuzendaritza Batzorde berria osatua geratu zen. Bertan, Txema Franco, Lantegi Batuetako Zuzendaria, izendatu zuten Presidente.

    Ekitaldian, eskerrak eman nahi izan zioten orain arteko Zuzendaritza Batzordeari, Iñaki Alkorta buru zuenari. Hauek egindako lanaren bitartez, urritasuna duten pertsonen enplegua hobetzen lagundu dute, eta kudeaketa-eredu hau erreferente izan dadin ahalbidetu dute, hala Estatu mailan nola Europa mailan.

    Iturria: EHLABE

  • #KOOPERAROCK ,  Maider Iriarte: “Antzerkiaren bidez kooperatibagintzaren baloreak gizarteratzea da helburua”

    #KOOPERAROCK , Maider Iriarte: “Antzerkiaren bidez kooperatibagintzaren baloreak gizarteratzea da helburua”

    Kooperazioaren artea azpitituluarekin, kooperatibismoaren eta bere baloreen inguruan hausnartzea da Kooperarock proiektuaren helburua. Lankiko (Mondragon Unibertsitatea) Maider Iriartek proiektuaren inguruan hitz egin du Debagoiena Zuzenean saioan.

    Bideoa hemen

    Iturria: Debagoiena

  • Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du “Hirugarren sektore sozialari buruzko legea elkarteek egindako lanari emandako errekonozimendua dela”

    Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du “Hirugarren sektore sozialari buruzko legea elkarteek egindako lanari emandako errekonozimendua dela”

    Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu den Angel Toñak pasa den maiatzean Legebiltzarrean onartu zen lege berriaren alderdi azpimarragarrienak azaldu dizkie hirugarren sektore sozialeko elkarteei, horien jarduna arautzen duena.

    Hirugarren sektore sozialeko ehun elkartek baino gehiagok, tartean, eskuarki gizarte-zerbitzuen esparruan dihardutenak eta gizarte-politikako beste esparru batzuetakoak (enplegua, gizarteratzea, etab.), Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren ahotik ezagutu dituzte maiatzaz geroztik Euskadin 35.000tik gora pertsona enplegatzen dituen sektorea arautzeko legearen alderdi nagusiak.

    Angel Toñak nabarmendu duenez, 6/2016 Legea «hirugarren sektore sozialak gizarte justuago, solidarioago, kohesionatuago eta parte-hartzaileagoa eraikitzearen alde Euskadin egindako lanaren errekonozimendua da». 

    Zaurgarritasun, bazterketa, babesgabetasun, desgaitasun edo mendekotasun egoeran dauden pertsonen, familien eta kolektiboen gizarteratzea eta eskubideak egiaz baliatu ahal izatea xede duten irabazi asmorik gabeko erakunde sozialek osatzen dute hirugarren sektore soziala. Euskadin, orotara, 3.000 erakunde dira, 125.000 boluntario aritzen direnak.

    «Legeak euskal BPGren % 2 mugitzen duen sektore horren eraketa errazteko helburua du, sareak eta elkarteak identifikatuz», gaineratu du Ángel Toñak. Sektorea eratzeak, sendoago egiteaz gain, aukera emango du erakundeen beraien eta sektore publikoaren nahiz enpresa pribatuen arteko lankidetza sustatzeko neurriak garatzeko.

    Maila ekonomikoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak, hirugarren sektore soziala laguntzeko, 5,08 milioi euro bideratzea onartu du aurten. Kopuru horren bidez, elkarteok esku-hartze sozialen esparruan egindako jarduerak sustatuko dira, pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin esku-hartzekoak eta ekinbide boluntarioa eta elkarte-partaidetza sendotzekoak barne. 

    Iturria: euskadi.eus

  • Fiarek online kontu korrontea martxan jarriko du

    Fiarek online kontu korrontea martxan jarriko du

    Fiare Banku Etikoa martxan jarri zenetik, 2014 bukaeran, banku desberdin bat nahi duten eta finantza etikoak gizarte eraldaketarako tresna bat direla uste duten pertsonen eta erakundeen zerbitzura dauden tresnak garatzeko lan egin da.

    Bazkide eta bezero diren milaka pertsonei esker, Fiareko produktu eta zerbitzuak hautatu dituztenak, dozenaka proiektuei kreditua eman zaie estatu osoan, gizartean eta ingurumenean balioa sortzen ari diren ekonomia sozial eta solidarioko proiektuak.

    Fiare Banku Etikoko online kontu korrontea internet bidez ireki daiteke minutu gutxitan eta internet bidezko bankua eta zordunketa-txartela erabiltzeko aukera eskaintzen ditu. 

    Informazio gehiago hemen.

    Iturria: Fiare Banku Etikoa

  • EHU-k antolatutako irabazi-asmorik gabeko fundazio eta elkarteen inguruko udako ikastaroaren amaiera

    EHU-k antolatutako irabazi-asmorik gabeko fundazio eta elkarteen inguruko udako ikastaroaren amaiera

    “Erabilera publikoko elkarteak eta fundazioak: ikuspegi juridikoa, ekonomikoa eta eratzailea” izena hartu duen udako ikastaroak bi egunetan zehar gai honetan adituak diren hainbat profesional elkartu ditu. Bertan, irabazi-asmorik gabeko entitate pribatu hauek duten eragin sozialari buruz hausnartu dute. Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Josu Erkoreka, izan da kurtsoaren itxiera ekitaldiaren arduraduna.

    Entitate hauek burutzen duten lanari eta gizartean duten eragin sozialari buruzko gogoeta egiteaz gain, fundazioen lege berriak suposatu duen aldaketaren inguruko ondorioak atera ahal izan dituzte. Araudi berri honek, sektoreak enpresa kudeaketa eta antolaketa modu berrietara egokitzea erraztu du, eta pribatu eta publikoaren arteko elkarlanean aurrerapen garrantzitsu bat suposatu du, hiritarren parte hartzea sustatuz irabazi-asmorik gabeko jardueretan.

    Euskadin 650 fundazio daude, gehienak ikerketaren eta hezkuntzaren alorrean. Honen ondare garbiak  1.300 milioi euroak gainditzen ditu eta 13.000 langile baino gehiago ditu.

    Iturria: Begirada

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpenen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

    • Euskal Herriko argitalpenak hemen.
    • Estatu mailako argitalpenak hemen.
    • Nazioarteko argitalpenak hemen.
    • Aldizkari zientifiko-akademikoak hemen.
  • Uztailaren 1ean antolatu zuen CESEk Europako Gizarte Ekonomiako Enpresen eguna

    Uztailaren 1ean antolatu zuen CESEk Europako Gizarte Ekonomiako Enpresen eguna

    Ekitaldia Hitzetatik ekintzara! lemapean ospatu zen, eta CESEko bazkide guztiak biltzeaz gain, intereseko hainbat talde elkartu zituen egoeraren ikuspegi osatuago bat izateko helburuarekin. Honetaz gain, sektoreak indarra hartzeko beharrezkoak diren neurri eta akzioen inguruan eztabaidatu zuten.

    Michael Smyth, Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeko lehendakariordea,  izan zen jardunaldia zabaltzearen arduraduna. Honek azpimarratu zuen gizarte ekonomiako enpresentzat akzio plan bat edukitzearen garrantzia eta sektorearen eta erakundeen arteko elkarlana bultzatzearen beharra.

    Europar Batasunean 14 milioi pertsonek egiten dute lan gizarte ekonomiaren arloan, eta azken urteetan krisi egoerak gainditzeko duten gaitasuna erakutsi dute.

    Iturria: www.eesc.europa.eu

  • EB-ak Peñascal kooperatiba jardunbide egokiko katalogoan barneratu du

    EB-ak Peñascal kooperatiba jardunbide egokiko katalogoan barneratu du

    Europar Batasuneko Zuzendaritzak pobreziaren eta esklusioaren aurkako borrokaren konklusioak publikatu ditu “Pobreziaren eta esklusio sozialaren aurkako borroka: zeharkako ikuspegia” izeneko dokumentuan. Informeak arazo hau tratatzen duten proiektu ezberdinen arteko praktika egokienak barne hartzen ditu, beharrezkoak diren agente eta instituzioak kontutan hartuz.

    Peñascal kooperatibaren helburu nagusia gazteen oinarrizko prestakuntzaren funtsezko gaitasunetan sakontzea da, ikasleari ikaskuntza iraunkor baterako aukerak eskainiz eta lan munduratzea erraztuz. EB-ko dokumentuak 18 eta 23 urte dituzten eta hezkuntza eta babes sistematik kanpo geratzen diren pertsonekin egiten den lana kontutan hartzen du. Bitartekotza honek, banakako plana, enplegurako formazioa, euskarri ekonomikoa eta agentzia, elkarte eta erakunde ezberdinen parte hartzea barne hartzen ditu.

    EB-ko praktika onenen artean sartzeko arrazoiak lau dira: 1) Egoera pertsonala ikuspegi holistikotik kontutan hartzen da. 2) Parte hartzaileek banako akzio plan bat ezartzeko lan egiten dute. 3) Agentzia eta erakunde ezberdinen arteko kolaborazioa lortu da. 4) Lan mundurako sarbidea errazteko eman den formazioa eta aholkularitza, instituzioekiko dependentzia txikitzea lortuz.

    Iturria: Peñascal

  • Eraldatzeko ekin

    Eraldatzeko ekin

    Ekintzailetza boladan dago. Krisiak sorturiko prekarizazio eta langabezia egoeren aurrean, jendarteari, eta batik bat gazteoi, ekintzaile izateko eskatzen zaigu. Gizarteak ezer gutxi eskain diezakegunez, egin dezagula geuk geurez, geure ekinez, geure ekimenez. Mezuak emantzipatzailea dirudi, baina ezkutuan darama zepoa: kapitalaren logikatik egina dator.

    Izan ere, gizarte ekonomiako esperientziek berezkoa dute izaera ekintzailea. Kooperatibak, lan elkarteak, gizarteratze enpresak, enplegu zentro bereziak… zer dira ba langileek beren ekimenez abiarazitako edo berreskuratutako esperientziak ez badira? Nola ekin, horretan datza ordea, benetako aldea. Gizartea ekonomia ekintzailetza mota bat baita, baina botere harremanak berdintzean oinarritzen dena, lanerako eskubidea birbanatzeko helburuz egiten dena. Kapitalaren logikatik at, pertsonengan oinarritzen dena, eta hortaz, kapital arazoak sortzen diren testuinguruetan, pertsonak bazterrean lagatzen ez dituena.

    Izan ere, krisi kapitalistak sorturiko langabezia arazoei ekintzailetza kapitalistarekin erantzun nahi izatea, egungo hazkunde ereduak sortzen duen egiturazko pobreziari hazkunde eredu berarekin aurre egin nahi izatea bezain antzua baita. Sendabideak berekin dakar gaixotasuna. Irten beharra dago gurpil zoro honetatik, ekin beharra dago, baina alde erantzira, eraldatuz.

    GEZKIn, gure inguruko beste gizarte eragile askoren laguntzaz, denboratxo bat daramagu dagoeneko Unibertsitateko Gizarte Hazitegiaren egitasmoa mamitzen. Hazitegiak bestelako ekintzailetza ereduak sustatzeko espazioa izan nahi luke, jabekuntza eskola bat ezer baino lehen: gazteriak ez du agian ziur jakingo zertan nahi duen ekin, bai ordea nola. Edo nola ez. Baztertzaileak diren egitura hierarkikoez urrun, egitasmo berdinzale eta parte hartzaileen bitartez abiarazi nahi lituzke bere bizitza egitasmoak. Baina horretara ez gaude horren ohituak, eginez ikasten da hori ere, eta horretan nahi luke lagundu Unibertsitateko Gizarte Hazitegiaren egitasmoak.

    Hazitegiaren egitasmoaren definizioa bera ere modu kolektiboan egiten saiatu ginen, 2015eko urte amaieran antolaturiko bi lan mintegiren bitartez. Bertan, ekintzailetza prozesuen laguntzarako espazio honek zer nola lagundu zezakeen ere eztabaidatu genuen, laguntza teknikoaz gain, laguntza humanoa ere garrantzizkotzat jotzen baitzen. Bestelako gizarte harremanak saiatzeak sor ditzakeen talde gatazkei eta desoreka afektiboei irtenbidea modu partekatuan bilatzea ere, ekintzailetza modu honen emaitza baita. Hazitegiak, eraldaketarako “hazien banku” izateaz gain, hezitegia ere izan nahi bailuke, bestelako gizarte ereduak irudikatzeko entsegu lokala.

    Bide hau, esan bezala, modu kolektiboan ibiltzen ari gara, bestelako antzeko esperientziekin modu saretuan eta ekonomia sozial eta solidarioko eragileekin elkarlan estuan. Bide honetan beste geltoki bat da Emaus-eko kideekin batera datorren Irailaren 12 eta 13 egunetarako eskaintzen ari garen Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Kurtsoa, “Unibertsitateko Gizarte Hazitegiak: tokiko garapen sozioekonomikoa sustatzeko espazio eraldatzaileak” lemapean.

    Gizarte ekintzailetzan xaxatzen segi nahi baduzu, hortxe duzu aukera. Ekiteko gogoz bazabiltza, ez ezazu bakarrik egin. Konpainia onean, beti hobe. Bertan ikusiko garela espero dut.

     

    Enekoitz Etxezarreta. GEZKI UPV/EHU.

  • LANZITUZ Lan Sozietateak sortuz

    LANZITUZ Lan Sozietateak sortuz

    LANZITUZ LAN SOZIETATEAK SORTUZ Europako Gizarte Funtsak finantziaturiko egitasmoa da (2014-2020). Programaren helburu nagusia langabetuei lan merkatura txertatzen laguntzea da, autoenplegu kolektiboari ekinez eta lan-sozietateak sortuz. Lanzituz egitasmoaren bultzatzaile nagusia ASLE da (Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea), egitasmoan beste lau erakundek parte hartzen dutelarik: GEZKI, Gipuzkoako Kamara, Iraurgi Berritzen (Urolako Garapen Agentzia) eta CCOO sindikatua.

    Programa, bost fasez osatutakoa, doakoa da eta 2016ko irailean hasiko da. Prestakuntza fasean bi asteko iraupena duen 50 orduko kurtso bat eskainiko da, iraila eta abendu bitarteko data desberdinetan. Kurtsoak Bilbon eta Donostian burutuko dira (izen-ematearen arabera). Izen-ematea hemen.

     

    Iturria: GEZKI