Bloga

  • Unescok “gizateriaren ondare” moduan aitortu ditu kooperatibak

    Unescok “gizateriaren ondare” moduan aitortu ditu kooperatibak

    Mugimendu kooperatiboak oro har munduari egindako ekarpen eraldatzailea baloratu du. Aitortzak babes eta zaintza handiagoa ekarri behar ditu munduko gobernuen eta agentzien aldetik.

    Unescok (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea) kooperatibak sartu berri ditu Gizateriaren Kultura Ondare Immaterialaren Zerrendan, horrelako enpresetan antolatzen diren ideia eta interes komunen praktikarekin batera.  Erabakia Kultura Ondare Immateriala Babesteko Gobernuarteko Batzordeak onartu zuen, joan den abenduan Addis Abeban (Etiopia) egindako saioan, eta bertako ebazpenak oraintsu idatzi eta argitaratu dira.

    Kultura Ondare Immateriala Babesteko Konbentzioa nazioarteko tresna juridiko bat da, eta, 1992az geroztik, globalizazioaren eta etengabe bizitzen ari garen eraldaketa sozialen ondorioz ondareak izan ditzakeen mehatxuei erantzun nahi die.

    Kultur ondare immaterialaren aitortzaren garrantzia ez datza berez adierazpen kulturalean, baizik eta ezagutzen transmisioaren balio sozialean eta ekonomikoan; estatu bateko talde sozial minoritarioei zein maioritarioei dagokie, eta garrantzi berdina dauka garapen bidean dauden herrialdeentzat zein herrialde garatuentzat.

    Lankidetzaren aitortza

    Unescok honela aitortzen du  mugimendu kooperatiboak oro har munduari egindako ekarpen eraldatzailea, eta kooperatibez ematen duen definizioaren arabera: “komunitateak eraikitzea ahalbidetzen dute, interes eta balio partekatuen bitartez, arazo sozialei irtenbide berritzaileak  sortuz, enplegua sortuz eta pertsonei proiektuak eraikitzen lagunduz”.

    Hemendik aurrera, mugimendu kooperatiboa munduko ondare komunaren parte da ofizialki, eta horrek esan nahi du munduko gobernuek eta agentziek gehiago babestu eta zaindu behar dituztela kooperatibak zein beraien jarraipena sustatzen duten erakundeak. 

    Iturria: TuLankide

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Lantegi Batuak Fundazioak urritasuna duten pertsonentzako 41 enplegu sortu zituen 2016an, horietako 27 Bizkaiko enpresetan

    Lantegi Batuak Fundazioak urritasuna duten pertsonentzako 41 enplegu sortu zituen 2016an, horietako 27 Bizkaiko enpresetan

    Lehen aldiz, Lanerako programaren bidez enpresa arruntetan lortu diren enpleguak gehiago izan dira zentro eta zerbitzu propioetan sortutakoak baino. Gizarte ekonomia arloko erakunde honetan 3.000 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan, eta 2016an bere historiako itxaron zerrenda baxuena izatea lortu zuen.

    Egoera ekonomiko zaila gorabehera, eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituen kolektiboa izaki (Bizkaian langabezia tasa %30ekoa da), urritasuna duten pertsonen enplegua mantentzea lortzeaz gain, Lantegi Batuak-ek 41 lanpostu berri sortu zituen 2016an eta 27 kontratazio bideratu zituen enpresa arruntetan. Azken 5 urteetan 327 enplegu zuzen sortu dira.

    Enpresa arruntetan enplegua sortzea posible izan da lagundutako enplegurako Lanerako zerbitzuari esker. Lanerakok aholkua ematen die enpresei urritasuna duten pertsonen kontratazioaren inguruan, administrazio publikoan laguntzak tramitatzeko erraztasunak ematen ditu, lanpostuari buruzko azterketa egiten du, hautaketak egiten ditu eta langilearen prestakuntza eta jarraipenaz arduratzen da, beste gauza batzuen artean.

    Bestalde, enplegu bereziaren arloan lan aukerak sortzeari dagokionez, Lantegi Batuak-ek bilakaera positiboa izan du industria arloan eta dibertsifikazioa zerbitzu-sektorera zabaltzeko estrategiaren ildotik jarraitu du; gaur egun bere jardueraren %40a hartzen duelarik.

    Era berean, eta datu aipagarri moduan, gizarte ekonomia arloko erakunde honek bere historiako itxaron zerrendarik laburrena lortu zuela 2016ko amaieran.

    Abenduaren 31n, 3.003 pertsona biltzen ziren Lantegi Batuak-en (%35 emakumeak eta %65 gizonak); horietatik %90 urritasunen bat dutenak: 1.598 pertsona adimen urritasuna dutenak, 925 urritasun fisiko edo sentsoriala dutenak eta 155 buruko nahasmena dutenak.

    Informazio gehiago eskuratu eta Lantegi Batuak-ek martxan dituen proiektuak ezagutzeko, ikus prentsa oharra hemen.

    Iturria: Lantegi Batuak

     

  • Bilbo Gizarte Ekonomiako Foro Globalaren 4.edizioa prestatzen hasi da.

    Bilbo Gizarte Ekonomiako Foro Globalaren 4.edizioa prestatzen hasi da.

    Munduan egiten den gizarte ekonomiari buruzko foro garrantzitsuena da, eta 2018ko udazkenean egingo dute Bilboko Euskalduna Jauregian.

    Lawrence Kwak Gizarte Ekonomiako Foro Globalaren idazkari nagusiak eta Xabier Ochandiano Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak bilera egin dute gaur Bilbon, bileraren laugarren edizioa prestatzen hasteko. Munduan sektore horretan egiten den esanguratsuena da, eta 2018ko udazkenean egingo dute, Euskalduna Jauregian.

    Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Arrasateko Udaleko ordezkariekin ere bildu da Lawrence Kwuark, baita Bilboko hautagaitza defendatu zuten hirugarren sektoreko eta gizarte ekonomiaren eragileekin ere.

    Bilboko Udalak nabarmendu duenez, Bilbo Gizarte Ekonomiako Foro Globala antolatzeko aukeratu izanak "agerian utzi du erakundeen arteko lankidetzaren eta elkarlanaren garrantzia, hirugarren sektorearekin harreman positiboak eta egonkorrak izateak duen pisuaz gain”.

    Foroa lehen aldiz egingo dute Europan. Beraz, "Bilboko Udalak gizartearen beharrak kontuan hartzen dituen politiketara bideratutako enpresa-eredu baten alde egiten duela bermatu du", azpimarratu dute Udalaren arduradunek.

    Era berean, aipatu dutenez, Bizkaiko hiriburuaren ardatz nagusienen artean dago "hiri integratzaileagoa eraikitzeko gizarte ekonomia arloko politikak bideratzea".

    Iturria: www.eitb.eus

  • Banka Etikoak 40.000 bazkide eta 60 milioi eurotako kapital soziala erdietsi ditu

    Banka Etikoak 40.000 bazkide eta 60 milioi eurotako kapital soziala erdietsi ditu

    Espainiar estatuan, Fiare Banka Etikoak gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioari emandako finantzaketa areagotu du, baita bazkide eta bezeroen kopurua ere.

    Guztira, espainiar eta italiar estatuetan Banka Etikoak 40.000 bazkide eta 60 milioi eurotako kapital soziala bildu ditu 2016an. 18 urte betetzear dagoela, aurreztaileek geroz eta konfiantza gehiago jartzen dute finantza etikoko printzipioetan oinarritzen den kreditu kooperatibarengan.

    2016ko behin-behineko balantzean agertzen denaren arabera (administrazio kontseiluak baietsi duena), Banka Etikoak 4.318.000 euroko irabaziekin itxi du 2016 ekitaldia.

    Informazio gehiago (gazteleraz), hemen.

    Iturria: Fiare

  • Laboral Kutxak 111 milioi euroko mozkina izan du 2016an

    Laboral Kutxak 111 milioi euroko mozkina izan du 2016an

    Hipoteka maileguak %24 gehitu ditu aurreko urtean, eta mailegu pertsonalak,%11,2; enpresen maileguek, berriz, %10 egin dute gora. Finantza sisteman kaudimenik handiena duten erakundeen artean dago kreditu kooperatiba.

    Interes tasa txiki-txikiak eta etengabeko arau aldaketak" 2016ko ezaugarri izan direla dio Laboral Kutxak. Ezaugarri horiek "zailtasun handiak" ekarri dituztela dio entitateak errentagarritasun mailari eusteko. Hala ere, 111,3 milioi euroren mozkin bateratuak lortu ditu 2016ko ekitaldian.

    Aurreko ekitaldia ixtean, sektoreko kaudimen mailarik onenetarikoa erakutsi du Laboral Kutxak. Hain zuzen ere, %17,46koa da CET1 fully loaded ratioa. Era berean, likideziak hobetzen jarraitu du, eta LTD (loan to deposit) indizea %83ra igo da. Horrez gain, kreditu zorroaren kalitateak ere hobetzen jarraitu du: zalantzazko aktiboak %23,8 gutxitu dira, eta, horri esker, berankortasun tasa %5,82ra jaitsi da, sektorearen batez bestekoaren oso azpitik geratzeraino.

    Laboral Kutxak kudeatutako baliabideen bolumen osoa 19.619 milioi eurokoa izan da 2016ko abenduaren 31n, %4,62 hazi ondoren. Eta kreditu inbertsioa 13.433 milioi eurora heldu da. Hala, 2015eko kopuruarekin alderatuta, hipoteka maileguek %24 egin dute gora; mailegu pertsonalek %11,2, eta enpresak, autonomoak eta negozioak helburu dituzten maileguek, %10.

    Edonola ere, finantzaketa berriaren kopurua ez da nahikoa izan amortizazioen zenbatekoa gainditzeko, "nahiz eta kreditu kooperatibak lehiakideek baino portaera hobea izan duen atal horretan". Maileguetan lortutako igoera handiek neurri handi batean eutsi diote saldoen jaitsierari. %1,5eko jaitsiera izan du entitateak, "baina gainerako erakundeena %4,6koa izan da".

    Iturria: Berria

  • Gizarte Ekonomiako Ikertzaileen 6. Munduko Kongresua Manaosen egingo da azaroaren 29tik abenduaren 2ra

    Gizarte Ekonomiako Ikertzaileen 6. Munduko Kongresua Manaosen egingo da azaroaren 29tik abenduaren 2ra

    CIRIEC-ek iragarri du 2017ko Gizarte Ekonomiako Ikertzaileen 6. Munduko Kongresua Manaosen egingo dela, Amazonaseko Unibertsitate Federalean. Dagoeneko, komunikazio proposamenen aurkezpenerako deialdia zabalduta dago. Kongresuaren izenburua ‘Economía Social y Solidaria, Sostenibilidad e Innovación: confrontando viejos y nuevos problemas sociales’ izango da.

    Kongresuan parte hartzera gonbidatuta daude ikertzaileak, sektoreko profesionalak eta Administrazio Publikoko ordezkariak, eta helburu nagusia gizarte ekonomiako azken ikerketen eta metodologien inguruan eztabaidatzea izango da.

    Komunikazio proposamenak aurkeztu nahi dituzten ikertzaileek martxoaren 15erarte egin ahal izango dute. Hilabetearen bukaeran, hautatutako komunikazioak zeintzuk diren jakitera emango dira.

    Laburpenak gazteleraz, frantsesez, ingelesez edo portugesez idatzi ahal izango dira eta hurrengo helbidera bidali: abstracts.manaus.2017@gmail.com.

    Iturria: Ciriec

  • Gizarte Ekonomia Europar Parlamentuko “giza-eskubideen euskarri europar bat” Ebazpenean

    Gizarte Ekonomia Europar Parlamentuko “giza-eskubideen euskarri europar bat” Ebazpenean

    Urtarrilaren 20an Europar Parlamentuak “giza-eskubideen euskarri europarrari” buruzko Ebazpena hartu zuen. Honetan, enpresek ikuspegi sozialetik jokabide arduratsuak izatea funtsezkoa dela aipatzen da eta gizarte ekonomiako entitateak “adibide onak direla kalitatezko enplegua sortu, gizarteratzean lagundu eta parte-hartze ekonomia bat sustatzerako orduan”.

    Enpresa sozialen eta irabazi asmorik gabeko erakundeen garrantzia azpimarratzen da “hauen helburu nagusia gizartean eragin positiboa izatea baita”, gainera, gizarte ekonomiako enpresek lan merkatuan langileen parte-hartzea eraginkorra izan dadin laguntzen dutela nabarmentzen da.

    Iturria: Ciriec

  • OVES/GEEB-ek Gizarte Ekonomiaren Atlasa eguneratu du

    OVES/GEEB-ek Gizarte Ekonomiaren Atlasa eguneratu du

    Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak (GEEB aurrerantzean) Euskal Autonomia Erkidego mailako Gizarte Ekonomiako eragileen Atlasa eguneratu du bere web orrian. Atlasak kooperatiben eta elkarte zein fundazioen inguruko datuak biltzen ditu Gaindegiarekin eginiko GIS tresnaren bidez.

    Datuen tratamendu geo-erreferentziatua baliatuz, Atlasak erabiltzaileari aukera anitz ematen dizkio maila ezberdineko (udalerri, eskualde, lurralde historiko) azterketa geografikoak egiteko, bai eta adierazle mota desberdinen artean egon litezkeen loturak aztertzeko ere.

    Aurreko bertsioarekin alderatuz, Atlas berriak elkarte eta fundazioen inguruko datuak biltzen ditu, baita aurretik jasotzen ziren kooperatiben ingurukoak, bai eta demografia, ekonomia, bizi baldintza, formazio eta lan merkatuari dagozkienak ere.

    Honela, Gizarte Ekonomiako erakunde guztien inguruko Atlasa lortzeko bidean jarraitzen du Behatokiak, berauen inguruko azterketarako tresna izateko xedearekin, batetik, eta sektorearen ezagutza jendartean zabaltzeko asmoz, bestetik.

    GEEB-en Gizarte Ekonomiako Atlasera joateko, klikatu hemen.

    GIS tresnaren adibideak:

    -         Gizarte Eragileak udalerrika (ES)

    -         Kooperatiben dentsitatea eskualdeka (EUS)

    -         Kooperatibak jarduera sektorearen arabera, Lurralde Historikoka (EUS)

    Iturria: GEEB

  • Ekonomia Sozialaren Fabrika

    Ekonomia Sozialaren Fabrika

    KoopFabrika ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programa da. 2017ko edizioan, Gipuzkoako lurraldeko hiru eskualdeetan gauzatuko da: Debagoienean, Beterri-Buruntzan eta Oarsoaldean.

    Lankidetzan sorturiko programa da, izaera anitzeko eragileak saretzen dituena: Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia, OlatuKoop sarea, Bagara, Debagoienako garapen agentzia, Beterri-Buruntzako udalak eta Oarsoaldeko garapen agentzia. Gipuzkoako Foru Aldundiak babesturiko programa da.

    2017ko urtarrilean hasi eta ekainera bitarte irungo du, eta bertan parte hartu ahal izango dute ekintzaileak, enpresak eta elkarteak, hau da, Ekonomia Sozial berriaren eta Ekintzailetasun Sozialaren ikuspegitik ekiteko helburua duten horiei egongo da zuzenduta. Gainera, KoopFabrikak pertsona berriak ezagutzeko, formazioa jasotzeko eta proiektuak garatzeko baliabideak eskainiko ditu: tresnak, espazioa eta jarraipen pertsonalizatua.

    Informazio gehiago hemen

    Iturria: koopfabrika.eus