Bloga

  • Erromako Hitzarmenaren 60. Urteurrena: gizarte ekonomiaren ekarpena Europako gizarte, ekonomia eta lurralde kohesioan

    Erromako Hitzarmenaren 60. Urteurrena: gizarte ekonomiaren ekarpena Europako gizarte, ekonomia eta lurralde kohesioan

    Pasa den martxoaren 7an, Erromako Hitzarmenaren 60. Urteurrenaren barnean, Europar Parlamentuko Gizarte Ekonomiako Nazioarteko taldearen audientzia publikoa egin zen. Bertan, gizarte ekonomiak Europako gizarte, ekonomia eta lurralde kohesioan jokatzen duen papera aztertu zuten.

    Juan Antonio Pedreño, SEE eta CEPES-eko lehendakaria, izan zen Gizarte Ekonomiako entitateen ordezkaria jardunaldi honetan. Honetan, Europako etorkizunaren inguruan eztabaidatu zen eta Gizarte Ekonomiak Europako garapen ekonomiko eta sozialean duen garrantzia azpimarratu zuten.

    Iturria: Social Economy Europe

  • Eroskik hitzarmen bat sinatu du 20 euskal erlezainekin

    Eroskik hitzarmen bat sinatu du 20 euskal erlezainekin

    Horrela, Eroskik Euskolabel ziurtagiria duen eztia salduko du Seleqtia markarekin.

    Eroski lore anitzeko ezti berria saltzen hasi da, "SeleQtia" gourmet produktuen markarekin; Euskal Autonomia Erkidegoko erlauntzetatik biltzen da ezti hori eta Eusko Label ziurtagiria du. Horretarako, hitzarmena egin dute Eroski kooperatibak eta EAEko hogei erlezainek, zeinak Eztiko profesionalen elkartean eta Giez-Berri sozietate ontziratzailean bilduta baitaude.

    Eroski SeleQtia-Eztiona markako ezti hau ekoizteko, Eusko Label ziurtagiriak eskatzen dituen ekoizpen eta ontziratze baldintza guztiak bete dira, hasi erlauntzen kokapen eta identifikaziotik eta segi azken produktuaren etiketatzeraino, betiere egoki zainduta erlezaintzako manera onak eta eztia erauzteko eta ontziratzeko era.

    Gainera, Eroski SeleQtia-Eztiona marka berriari balorazio ona eman diote dastatzeetan adituak diren profesionalek, eta Basque Culinary Centerren bermea du. Zientzia Gastronomikoen Fakultate horretan egindako dastatzeetan, zenbait ezaugarri jasotzen dituzte chefek, hala nola itxura, testura, zaporea eta urrina.

    "Eusko Labela duen Eroski SeleQtia-Eztionaren lore anitzeko ezti berri hau abarasketatik erauzteko, ohiko prozesua erabiltzen da, hau da, zentrifugatzea, eta bere hartan ontziratzen da, pasteurizatu eta berotu gabe eta polena igarotzeko modua ematen duten iragazkietatik iragazita. Horrela, nutrizio osagaiak bere horretan gordetzen ditu, eta testura krematsuak eta aparteko aroma eta zaporeak izaera berezia ematen diote", esan du Eztiko profesionalen elkarteko presidenteak, Alfredo Garcia Llarenak.

    Iturria: TuLankide

  • Irakaskuntza Kooperatibek eta ONCE Fundazioak ezgaitasuna duten pertsonen gizarteratzearen alde lan egingo dute

    Irakaskuntza Kooperatibek eta ONCE Fundazioak ezgaitasuna duten pertsonen gizarteratzearen alde lan egingo dute

    Irakaskuntza Kooperatiben Taldeak (UECOE) eta ONCE Fundazioak elkarrekin lan egingo dute ezgaitasuna duten pertsonen gizarte eta hezkuntza inklusioan lagunduko duten ideia berriak bilatzeko helburuarekin. Bi entitateek martxoaren 21ean sinatu zuten akordioa.

    Bi erakundeek hurrengo balioen alde lan egingo dutela azpimarratu dute: barne solidaritatearen promozioa, emakume eta gizonezkoen berdintasuna, gizarte kohesioa, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea, bereziki ezgaitasuna duten pertsonena, kalitatezko enpleguaren sorrera, etb.

    Iturria: Ciriec

     

  • KoopFabrika: ekonomia sozial berriaren fabrika

    KoopFabrika: ekonomia sozial berriaren fabrika

    Garai berriak bizi ditugu gure gizartean eta honek isla dauka gizarte ekonomiaren sektorean ere. Azken urteotan ekimen eta esperientzia berriak sortu dira, kooperatibagintzaren klabeetan oinarritzen direnak baina molde, egitura eta amets berriekin datozenak. Esperientzia berri hauen artean nabarmentzekoak dira: energia berriztagarrietan oinarritzen den Goiener kontsumo kooperatibaren sorrera eta gorakada, gaur egun 5.700 bazkidetik gora dauzkana; OlatuKoop ekonomia sozial eraldatzailearen sarea, 25 erakundetik gora saretu dituena azken bi urte hauetan; elikadura burujabetzaren bueltan sortzen ari diren dozenaka eta dozenaka kooperatiba eta kontsumo talde, tokiko produktu agroekologikoen ekoizpena eta kontsumoa ahalbidetuz.

    Kooperatibagintzaren olatu berri honen baitan kokatzen dugu KoopFabrika ere, ekintzailetza sozial eta kooperatiboa sustatzeko programa.  Ekintzailetza molde berriak praktikan jartzeko aukera dagoela uste dugu, aktibitate sozio-ekonomiko berrien sustapena kooperatibagintzaren klabeetan oinarrituz. Beharra dago kooperatiba berrien sustapenean urrats berriak emateko eta sortzen doazen kooperatiba berriak saretzeko. Badago beharra. Badago inpultsoa. Badago aldea.

    Kooperatibagintzaren matrizean oinarritzen den ekintzailetza programa da KoopFabrika eta bere baitan biltzen ditu gizarte ekonomiaren ezaugarri nagusiak: gizarte eraldaketa bokazioa, interkooperazioa, izaera kolektiboa, parte-hartzea, ekintzarako inpultsoa etab. Kooperatibagintzaren matrizea ekintzailetza programaren zentrora ekartzeko hiru egiteko nagusi uztartzen ditu KoopFabrikak: praktika, formazioa eta saretzea. A) Hazitegiak: eskualdeetako hazitegi-nodoek osatzen dute KoopFabrikaren oinarria, non proiektu kolektibo berriak garatzen diren, tokiko behar eta errealitateak kontutan hartuz; B) Formazioa: hazitegietako dinamikaz gain, formazio prozesu bat ere abiatzen da, pertsona eta talde ekintzaile horiek kooperatibagintzaren oinarrian dauden konpetentzietan gaitzeko. Alde batetik, erreminta espezifikoak ezagutuz eta aplikatuz; eta bestetik, gaur egun bizi ditugun aldaketen inguruan hausnarketa eta talde-eztabaida sortuz; C) Saretzea: proiektu berriak sortu eta pertsonak ahalduntzeaz gain, KoopFabrikak dimentsio komunitarioa ere lantzen du, egungo ehun komunitarioan (tokikoan zein sektorialean) txertatuz ekimen berri hauek.

    Aurten abiatu dugu KoopFabrikaren lehen edizioa, aurreko beste bi esperientzia pilotuetan ikasitakoa kontutan hartuz (Kooperatzen  eta Berrekin.Berregin). Oso interesgarria izaten ari da lehen edizio hau, parte-hartze, motibazio, inpultsu eta saretze handiarekin. Sentsazioa dugu bide luze eta oparo baten hasieran besterik ez gaudela; bizipen, esperientzia eta erronka berriz betea izango den bidea. Bide horretan, asmoa daukagu aurrerantzean gizarte ekonomiako beste eragileekin ere lankidetza zabaltzeko, bizi dugun olatu kooperatibo berri hau egungo sare kooperatiboarekin elkarrizketan jarriz.

    KoopFabrika lankidetza programa bat da: Olatukoop sareak eta Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak antolatua, Beterri-Buruntza udalak, Oarsoaldea eta Debagoienako Garapen Agentziak eta Bagara kooperatibarekin lankidetzan eta Gipuzkoakoa Foru Aldundiak finantzatua.  

    Aritz Kanpandegi eta Arianne Kareaga – Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiko kideak eta KoopFabrikaren koordinazio taldeko partaideak.

  • EGES – Garapen lan jardunaldia

    EGES – Garapen lan jardunaldia

    Pasa den otsailaren 8an EGES eta Garapenek lan jardunaldi bat antolatu zuten Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko Garapen Agentzien eta Gizarte Ekonomiako erakundeen arteko lankidetzan aurrera pausuak emateko.

    Jardunaldiari hasiera eman zien Konfekoop-eko presidenteak, Rosa Lavin, eta Garapeneko (tokiko garapenerako agentzien elkartea) presidenteak, Elisabet Urbieta, hurrenez hurren, eginiko aurkezpenek. Segidan, EHLABE-ko presidenteak, Pablo Moratalla, Luis Guridiri eman zion hitza, Tokiko Giza Garapenaren inguruko hitzaldia egin zezan.

    Guridi irakasleak, giza garapenaren teoria tradizional eta hegemonikoa labur eta zehazki errepasatu zuen eta honen eta Tokiko Giza Garapenaren arteko 5 desadostasun nagusiak zehaztu zituen. Azkenik, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren balore, printzipio eta praktikek lurraldearekin engaiatua den Tokiko Giza Garapenean positiboki nola eragiten duten azaldu zuen.

    Ondoren, esperientzia praktikoen txanda izan zen, non zenbait proiektu zehatz aurkeztu zituzten berauen partaideek: Bagara Herrigintzan (Debagoienako gizarte eraldaketa eta garapenaren alde lan egiten duen kooperatiba), KoopFabrika (zenbait gizarte eragile eta garapen agentziek martxan jarririko proiektua, ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko) eta Emprendes.Net (Zaragozan gizarte ekintzailetasuna sustatu eta laguntzeko baliabide zentrua).  

    Bukatzeko, eta jardunaldiaren xedea lortzeko, lan-mahai batzuen inguruan partaideek (Gizarte Ekonomiako sektoreko eta garapen agentzietako pertsonak, batik bat) bi alderdien arteko lankidetza nola sustatu eta estutu eztabaidatu zen.

    Iturria: GEEB

  • EHLABEren AukerAbility eta GazteAbility programen azken fuituak

    EHLABEren AukerAbility eta GazteAbility programen azken fuituak

    Pasa den otsailaren 14ean urritasuna duten gazteek biltegi laguntzaileko Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratu zutela jakin genuen, GazteAbility programari eta Lantegi Batuak-en laguntzari esker. Hilabete bereko 21ean, AukerAbility programaren laguntzarekin Eroski eta Gureak-ek, soilik urritasuna duten pertsonek kudeaturiko hirugarren supermerkatua ireki zen.

    EHLABEk, Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteak, urritasunen bat duten pertsonen formakuntza eta enplegua lortzeko lanean jarraitzen du, kasu hauetan Lantegi Batuak-ekin batera, Bizkaian, eta Gureak-ekin Gipuzkoan.

    AukerAbility, pertsonen garapena eta urritasuna duten pertsonentzako zuzendutako enplegua sortzeko jarduera berriak bilatzen dituen proiektu bat da. Horretarako, batetik, urritasuna duten pertsonentzako prestakuntza, praktikak enpresa arruntetan, beraien beharretarako enplegu egokitasuna eta hondatzea saihesteko jarduera martxan jartzen dira. Bestetik, urritasuna duten pertsonentzat enplegua sortzeko jarduera berriak ezartzen dira.

    GazteAbility, bestalde, 30 urtetik beherako urritasuna duten pertsonentzako prestakuntza eta lan ibilbidea errazten duen proiektu bat da. Helburu hori lortzeko prestakuntza, enplegua eta enplegu praktikak egiten dira, enplegu arrunt zein babestuan.

    Bi programetan parte hartzen dute Gureak eta Katea Legaia-k Gipuzkoan, eta Lantegi Batuak eta Usoa-k Bizkaian.

    Iturria: EHLABE

  • Gipuzkoako foru-ogasunak zerga-sistema mesedegarri bat aztertuko du lan sozietate eta parte hartze enpresentzat

    Gipuzkoako foru-ogasunak zerga-sistema mesedegarri bat aztertuko du lan sozietate eta parte hartze enpresentzat

    ASLEko hainbat teknikok, Josetxo Hernandez zuzendariarekin batera, Gipuzkoako Foru-ogasuneko eta Promozio Ekonomikoaren Diputatuek zuzendutako lan topaketan parte hartu zuten. Bertan, hainbat proposamen aztertu zituzten, horien arten: akzioen transmisioa langileen alde, akzioak transmititzen dituzten pertsonentzako berariazko tratamenduak eta tratamendu mesedegarria sozietateen gaineko zergan.

    Gipuzkoako Ogasunak kontutan hartu ditu proposamenak eta aztertuko dituztela adierazi dute.

    ASLEk AEBtako eta Europako hainbat erakunderekin harremanak izan ditu eta esperientziak adierazi duenez, zerga-sistemaren tratamendu mesedegarri batek langileen parte-hartze eraginkorragoa sustatuko luke.

    Iturria: ASLE

     

  • “Euskokart” txartela aterako du euskoak martxoaren amaieran

    “Euskokart” txartela aterako du euskoak martxoaren amaieran

    Aurrerantzean, euskoak etxetik eskuratu ahal izango dira Euskokart txartel berriaren bitartez. Oso erraza da, www.euskokart.org webgunean sartu eta “Eusko Kontua” ireki baino ez da egin behar. Behin kontua irekita, bertan nahi den diru kopurua ezarri (eusko bakoitzak euro bateko balioa dauka) eta Eusko Sarea osatzen duten saltegietan erosketak egin ahal dira.

    Euskal Moneta elkarteak egin duen azken urrats hau ez da batere erraza izan, «arau traba handiak izan» baitira, baina bi urteko ibilbidearen ostean lortu dute sistema homologatu bat martxan jartzea. Izan ere, kreditu txartel bat kaleratzea ez da edonork nahieran egin dezakeen zerbait. Banketxeentzat arazo bat izan daiteke eta, hortaz, irizpide zorrotzak bete behar dira banku eta kutxek onartuko duten txartel bat egin ahal izateko.

    Edonola ere, Euskal Monetako kideek aspaldi ezarritako helburuetako bat gauzatzea lortu dute eta tokiko diru «ekologiko, euskaldun eta solidarioa» indartzeko bidean, «aurrerako urratsa izango da».

    Informazio gehiago (gazteleraz), hemen.

    Iturria: REAS Euskadi – GARA

  • Juan Manuel Sinderen Konferentzia Gizarte Ekonomia eta Solidarioa Masterrean

    Juan Manuel Sinderen Konferentzia Gizarte Ekonomia eta Solidarioa Masterrean

    Urtarrilaren 24an, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko kolaboratzaile den Juan Manuel Sinde Oyarzabalek konferentzia eman zuen Gizarte Ekonomia eta Solidarioa Masterrean. Hitzaldiaren izenburua “Enpresaren euskal eredu parte-hartzaile eta barneratzailea” izan zen.

    Aurkezpenean Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak eta Arizmendiarrieta Kristau Fundazioak egindako lana azaldu zuen. Hauen helburu nagusia, enpresa bakoitzaren errealitatera egokitu ahal izango den eredu parte-hartzaile eta barneratzaile bat landu ahal izateko erreferentzia zehatzak ematea da.

    Enpresa Eredu Berria Mintegian ateratako ondorioak eta Euskal Herriko eragile ekonomiko eta sozialekin egindako aurkezpen ezberdinetatik ondorioztatutakoa kontutan izan dute.

    Iturria: OVES/GEEB

  • Nafarroa: Gizarte Ekonomiako enpresen sorreran eta enpleguan lehenengo Erkidegoa

    Nafarroa: Gizarte Ekonomiako enpresen sorreran eta enpleguan lehenengo Erkidegoa

    Nafarroak marka bikoitza hautsi du 2016 urtean: Gizarte Ekonomiako enpresen sorreran eta enpleguan lehen erkidegoa izan da. Pasa den urtean zehar, %43an igo da Gizarte Ekonomiako enpresen sorreraren kopurua.

    Enpleguari dagokionez, %8,3an igo da sektore honetan, hau da, Foru Erkidegoan guztira 11.080 pertsonek egiten dute lan Gizarte Ekonomiako enpresetan. “Emaitza on hauek urtez urte hobetuz doaz. Atzera begiratuz gero, 2014 urtean Gizarte Ekonomiako enpresek 9.711 enplegu zuzen sortzen zituzten. Honek suposatzen du bi urte hauetan %13,5eko igoera izan dela” azaltzen zuen Ignacio Ugaldek, ANELeko lehendakariak.

    Iturria: www.empresaytrabajo.coop