Bloga

  • MONDRAGONek funts berria abiatu du proiektu berriak laguntzeko

    MONDRAGONek funts berria abiatu du proiektu berriak laguntzeko

    MONDRAGON Korporazioak, 2017-2020 estrategia korporatiboaren esparruan, “MONDRAGON Fondo de Promocion FCR” abiarazi berri du, dagoeneko CNMVn inskribatuta dagoen inbertsiorako bitarteko bat.

    Funtsa 15 milioi euroren konpromisoekin itxita dago, eta MONDRAGONez gain Clave Mayor, FondIco Global FCR eta Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernu eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Arrisku Kapitaleko Sozietateak ere partaide dira. Funtsaren helburua da batez ere Korporazioaren ingurutik datozen proiektuen transferentzia teknologikoa babestea, abiapuntuan izanik lidergorako gaitasuna duen eta merkatua eta teknologia ezagutzen dituen talde bat, proiektuarekin konprometituta, dagoeneko existitzen diren ideiarik edo kontzepturik onenak enpresa proiektu bideragarri bihurtzeko.

    “MONDRAGON Fondo de Promocion FCR”-ren inbertsio estrategiari dagokionez, datorren 6 urtean 30 konpainiatan inbertituko du, zeinek gutxienez 2 urteko bizitza izan beharko duten, eta bakoitzean egongo den behin-behineko partaidetza 4-5 urte izatea aurreikusten da.

    Inbertsioa hainbat kapital edo zor ordainduz egingo da, partaidetutako enpresa bakoitzean gehienez ere 500 mila euroko zenbatekoarekin, betiere partaidetza eskuratzeko Negozio Planean aurrez ezarritako balioko mugarriak betetzen badira.

    Funtsaren inbertsioak, batez ere, industria, osasun eta energiaren sektoreetako oinarri
    teknologiko eta berritzaileko konpainietan egingo dira, eta gehienbat MONDRAGONen ingurunekoak izango dira, edo, ingurunekoak izan gabe ere, Funtsarentzat eta partaideentzat interesgarriak izango dira.

    Funtsak aurreikusita dauka helburuko inbertsioak hirugarrenekin egitea, ko-inbertsio moduan, hirugarren horiek industrialak zein finantzarioak izan (Venture Capitals eta Family Offices).

    Iturria: TuLankide

  • Europar parlamentuak Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren II. Foruma antolatu zuen

    Europar parlamentuak Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren II. Foruma antolatu zuen

    Europako Ezker Unitarioko Parlamentu Taldeak antolatu zuen azaroaren 9an Bruselan eta Hego Euskal Herriko eragile kopuru esanguratsua bertaratu eta parte hartu zuen, sektoreak gure lurraldean duen indarraren erakusle.

    Egun osoko jardunaldia izan zen baina aurreko egunean EH Bildu eta Podemos alderdi politikoek gonbidaturiko eragileen arteko bilera eman zen, elkar ezagutu eta sare harremanak egiten jarraitzeko.

    Jardunaldia goizeko 9etan hasi zen, egunean zehar egingo zenaren aurkezpenarekin hasierako hitzaldiekin. Jarraian "workshop" edo "atelierrren" denbora iritsi zen, gai ezberdinak ardatz hartuta. Saio bakoitzak 1terdiko iraupena izan zuen, eta modu paraleloan (binaka) eraman ziren aurrera. 3 ordu eskasean esperientzia anitz eta oso ezberdinak partekatzeko aukera egon zen, nahiz eta askotan denbora murritzak nabarmen mugatu zituen eztabaidarako aukerak.

    1. lan saioa langile eta lanari buruzkoa izan zen eta bertan parte hartu zuten Portugal, Frantzia, Belgika, Txekiar Errepublika eta Italiako zenbait ordezkarik. Bertan batez ere kooperatibek Europako herrialde ezberdinetan lanaren erronkei nola erantzun dieten eztabaidatu zen, besteak beste.

    2. lan saioaren izenburua desberdintasunak eta gizarte kohesioa izan zen eta Suediako aholkularitza enpresa semi-publiko baten aurkezpenarekin hasi zen, zeinak herrialde hartako gizarte ekonomiako enpresa ekimenak bultzatzen dituen. Jarraian Belgikako esperientzia interesgarri bat azaldu zuten, “Le Monde des Possibles”, zeina kanpotarrez osaturiko talde batek sorturiko itzultzaile enpresa bat den, batez ere osasun zerbitzuetan edo administrazioen eta etorkinen arteko itzulpengintza zerbitzua ematen duen. Austriako gizarteratze enpresen sarea aurkeztu zen ondoren, zeina Europako Gizarte Funtsaren diru laguntza jaso duen. Hala ere, diru laguntza hauek lortzeko gobernuz kanpoko erakunde txikiek dituzten zailtasunak gogora ekarri zituen austriarrak. Kasu praktikoen azken aurkezpen luzea portugaldarren aldetik etorri zen eta “Cooperativa 3 Serras” eman zuen aditzera, zeinak Portugal barnealdeko landa lurren berrerabiltzea sustatzen aritzen diren, despoblazioari aurre eginez. Zentzu honetan, azkenaldian bertan pairatu dituzten suteak gogorarazi zituen, esanez ez dela kasualitatea eta barnealdeko landa lurrak jasaten ari diren utzikeriaren ondorio zuzenak direla, suteek izugarrizko erraztasunak aurkitzen baitituzte aurrera egiten jarraitzeko eta zabaltzeko.

    3. an saioaren izenburua Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidariorako Politika Publikoen ko-eraikuntza zen. Saio honetan aipagarriena batetik, REAS Euskadiko Carlos Askunzek egindako aurkezpena izan zen, erakundeak martxan dituen ekimenen berri eman zuelarik, besteak beste. Bestetik, Greziako Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Idazkaritza Berezia aurkeztu zen eta bertan daramaten lana azaldu, sektorearen inguruko informazio, legegintza eta laguntzei buruzkoa batez ere.

    4. lan saioak etorkinak eta errefuxiatuak izenburua izan zuen eta bertan Euskal Herritiko joandako Koop SF 34 Bilboko San Frantzisko auzoan kokatzen den kooperatibako kideak parte hartu zuen, euren esperientzia azalduz.

    Bazkaltzeko ordua ondoren, konferentzien ordua iritsi zen. Lehenengoan LANKI Ikertegiko (Mondragon Unibertsitatea) Igor Ortegak hartu zuen parte hizlari bezala, “Gazteak, gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioa, esperientzia konkretuak eta hezkuntza” lelopean. LANKI-ko kideak euskal kooperatibagintzaren inguruan sorturiko hezkuntza sistema berritzailea aurkeztu zuen, Mondragon Unibertsitatearen barruan. Ondoren Italiako, Danimarkako, Frantziako eta Espainiako zenbait esperientzia ezagutu ahal izan ziren, Basherriko kide Mikel Lasarteren parte hartzearekin batera, zeinek baserritar eta nekazaritza eredu lokal, ekologiko eta gertukoa defendatzearen garrantzia azpimarratu zuen, bestelako eredu masibo eta globalizatuen aurrean.

    Azkeneko konferentzia Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa eta gizarte zein lurralde kohesioa titulupean eraman zen aurrera. Bertan, beste behin euskal ordezkariek parte hartu zuten. Lehenik, hizlari nagusi bezala, Marian Diez REAS Euskadiko buruak, zeinak ekonomia feministaren beharra ekonomia solidarioaren barne defendatu zuen, bestelako eredu sozio-ekonomiko ez patriarkala eraikitzeko bidean. Zentzu horretan REAS-en barne sorturiko EkoSolFem taldea nabarmendu zuen, egiten dituen lanak aipatuz. Euskal ordezkarietan azkena Talaios Kooperatiba eta Olatukoop Sareko kide Beñat Irasuegi izan zen, nork Koopfabrika azaldu zuen, bai eta gogorarazi "Kataluniako ekonomia sozial mugimenduak lan handia egiten ari da lurralde kohesioaren alde. Ezin dira hemen egon, baina elkartasunerako deialdia egin digute Europako sareoi elkartasuna adierazteko, eta hala egin behar dugu”.

    Azkenik, egun osoan zehar bilduriko ondorio ezberdinen irakurketa egin zen. Ondoko puntu nagusiak aipatu ziren:

    – Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko erakundeek dituzten erronkei aurre egiteko (enpleguaren aldetik, batez ere), beharrezkoa da marko normatibo egoki bat.

    – Europar Batasunak ematen dituen laguntzak (diru-laguntzak) deszentralizatuagoak izan behar dira eta ez dira soilik sorrerarako izan behar.

    – Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa funtsezko eragilea da aurrean ditugun erronkei (bizitza, planeta, ekonomia, …) erantzuna emateko.

    – Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioak kontraesan asko ditu.

    Iturria: GEEB 

    Euskal eragileak:

    Hego Euskal Herriko Kontsumo Taldeak

    Labore

    Errenteriako Udala

    LAB sindikatua

    REAS Euskadi

    GIZATEA

    Olatukoop Sarea

    GEZKI (UPV/EHU)

    LANKI Ikertegia (MU)

    Economistas Sin Fronteras

    Coop57 EH

    Talaios Kooperatiba

    Koop SF 34

    Lakari Kooperatiba

    Peñascal Kooperatiba

    Colaborabora

     

    Espainiar estatuko eragileak:

    Mercado Social Madrid

    REAS Valencia

    Autonomía Sur

    Frontera al corazón

    La Marea

    Quatroventos Cooperativa

  • Errenterian izan da Ekonomia Solidarioaren V. azoka

    Errenterian izan da Ekonomia Solidarioaren V. azoka

    Azaroaren 18an egin zen Errenterian eta antolatzaileak (REAS Euskadi, OlatuKoop eta Saretuz) pozik agertu dira, lehen urtea izanik euskal hiribururen batean egiten ez zela eta 1.000 pertsona baino gehiago hurbildu bai ziren aurtengo azokara.

    Egun bat lehenago, gainera, “Ekonomia Sozial eta Solidario batentzako tokiko Politika Publikoak” izeneko mintegia egin zen Errenteriako Xenpelar Etxean, non gaiaren inguruko aurkezpen eta eztabaida egon zen.       

    Aurtengoan 55 izan dira euren produktu eta zerbitzuak erakutsi dituzten enpresa eta entitateak, zazpi jarduera sektore ezberdinetan sailkaturik: finantza etikoak, kontsumoa, teknologia, komunikazioa, ikerketa, gizarte esku-hartzea eta lankidetza.

    Egun osoko ekitaldiari hiru antolatzaileen ongi etorriarekin eman zitzaion hasiera, Thierry Biscaryren (kalakan kide ohia) kantuzko agurrarekin batera. "Merkatu sozialaren bihotza erakustea dugu helburu, edozein empresaren ardatzean bizitza jartzen duena", esan zuen REAS Euskadiko Marian Diez-ek.

    Aipatzekoa da, Azokaren jarduera propioaz gain (produktu-zerbitzuen salmenta eta erakusketa) bestelako aktibitateak ere egin zirela: ekonomia solidarioko gai ezberdinen inguruko mintegiak (ekonomia feminista, banaketa agroekologikoa, korporatibismo mutualista, etab.), txikigune bat (non txikienentzat hezkuntz-aktibitateak egon ziren) baita "videocall" reibindikatzaile bat ere.

    Merkatuzar kanpoaldean jarririko karpan, bestalde, produktu ekologikoekin eginiko pintxo, edari eta herri bazkari bat ere egon zen gerturatutakoentzat. Azkenik, jardunaldiari amaiera emateko kontzertu bat ere egin zuten.

    Hurrengo urtean Gazteiz izango da Ekonomia Solidarioaren VI. Azoka jasoko duen hiria.

    Iturria: Goazen Azokara

  • Aurtengo ASLEren Txemi Cantera Saria, Voestalpine enpresarentzat

    Aurtengo ASLEren Txemi Cantera Saria, Voestalpine enpresarentzat

    Pasa den azaroaren 23an, Bilbon Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak (ASLE) ematen duen Txemi Cantera Saria emateko jardunaldia egin zen, zeina aurten Voestalpine austriar industria taldearentzat izan zen, siderurgia sektorekoa eta langileek kapitalaren %14,6 dutela, bigarren akziodun direlarik.

    Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Justizia Sailburu María Jesús San Josék banatu zuen saria eta Voestalpine enpresaren ibilbide konkretua goraipatzeaz gain (bostehun konpainia ditu munduan, 50.000 langileei esker), “bere sailak aurten gizarte-ekonomiaren ehuna Euskadiko jarduera ekonomikoaren sektore guztietan finkatzera eta garatzera bideratu duen laguntza-pakete garrantzitsua” gogoratu du, Administrazioak sektoreari ematen dion garrantziaren isla.

    “Txemi Cantera” sariak José Miguel Cantera Sojo, Txemi, du gogoan, nor ekonomista, ASLE-ko aholkulari, Planifikazio Estrategikoan aditua izan zen.

    Epaimahaia ASLE-ko, UPV/EHU-ko GEZKI Institutuko, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzako, Deustuko Unibertsitateko Ikasketa Kooperatiboen Institutuko, Bizkaiko Aldundiko Ekonomiaren Sustapen Saileko eta Laboral Kutxako ordezkariek osatzen dute.

    Aitorpen berria ASLEri, Euskalit-en Kudeaketa Aurreratuan Euskal Sariaren bidez

    ASLE Estrategia alorreko Euskalit-en Kudeaketa Aurreratuan Euskal Sariarekin saritua izan da, Euskalit-ek dinamizaturiko kanpo auditatze prozesu baten bidez.

    ASLE-k aurkezturiko kudeaketaren inguruko bi praktikak aintzatetsi dira: "Baloreen araberako zuzendaritza Estrategiaren gako bezala" eta "ASLE Cloud".

    Saria abenduaren erdialdean banatuko da Donostian, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria buru izango den jardunaldian.

    Iturria: Eusko Jaurlaritza, ASLE, GEEB

  • Euskadiko kooperatiba eredua Göteborgeko Goi Bileran

    Euskadiko kooperatiba eredua Göteborgeko Goi Bileran

    María Jesús San Josék, Lan eta Justizia arloko Sailburuak, eta Jokin Díaz Arsuagak, Gizarte Ekonomiako Zuzendariak, esku hartu zuten hilaren 17an Göteborgen egin zen eta Europar Batasuneko estatuburuak bildu zituen Bidezko Enplegurako eta Hazkunderako Nazioarteko Konferentzian.

    Sailburuak parte hartu zuen, gizarte-ekonomiaren moduen enpresa-ehunaren garapena ahalbidetzen duten baldintzak, finantzaketa eskuratzeko aukerak eta hura arautzen duten esparru arauemaileen hobekuntza aztertzeaz arduratu ziren gonbidatuen taldearen barruan. Eginkizun horretan, Europako eskualdeetan gizarte-ekonomia garatzen laguntzen duten jardunbide egokien adibideak aurkeztu zituzten. Hain zuzen ere, María Jesús San Josék, Kooperatiben Lege berriaren aurreproiektua lantzean erdietsi den adostasuna azpimarratu zuen. Izan ere, gainditu du kontsulta publikoaren fasea eta, aurreikuspenen arabera, datorren urtean jar daiteke indarrean.

    Göteborgeko Nazioarteko Konferentzian, María Jesús San Josék hainbat topaketa izan zituen, horien artean, Europako komisario diren Marianne Thyssen eta Cecilia Malmströmekin, Europako Batzordeko zuzendari nagusi Lowri Evansekin, Suediako LO Sindikatuen Konfederazioko (The Swedish Trade Union Confederation) kideekin eta Socialstyrelsen (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Aholku Komitea) eta Suediako Osasun eta Ongizate Batzar Nazionaleko arduradunekin.

    Göteborgeko Nazioarteko Konferentzia Europako Batzordearen eta Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen ekimena da. Gobernantza publikoaren maila guztietako arduradunak (estatukoak, eskualdekoak eta tokikoak) biltzen ditu, Europako esparruko gizarte-ekonomiaren ordezkari eta solaskideekin batera, gizarte-ekonomiaren enpresa eta erakundeek Europar Batasuneko hazkunde ekonomikoari eta gizarte-kohesioari egiten dioten benetako ekarpena aurkezteko eta ikusarazteko.

    Iturria: Euskadi.eus

     

  • HEGOA Institutuaren 30. urteurrena

    HEGOA Institutuaren 30. urteurrena

    Pasa den azaroaren 24an UPV/EHU-ko Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuak, bere 30. urteurrena ospatu zuen. Ekitaldi nagusia solasaldi bat izan zen, non hainbat adituk garapenaren, bakearen eta giza eskubideen alorretan mundu mailan puri-purian dauden erronken inguruan gogoeta egin zuten.

    Jardunaldia Bilboko Bizkaia Aretoan egin  zen, eta Karlos Pérez de Armiñok, Hegoako Zuzendariak, eta José Luis Martinek, EHUko ikerketa arloko Errektoreordeak, aurkeztu zuten. Ondoren, hitza hartu zuten London School of Economics-eko Jenny Pearcek, Madrileko Unibertsitate Autonomoko Itziar Ruiz-Gimenezek, eta Mariano Aguirrek, Colombiako Nazio Batuen bulegoko bakearen eraiketarako aholkulariak. Hauek mahai inguru batean eztabaidatu zuten garapena, bakea eta giza eskubideen erronken inguruan, Paco Etxeberria Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasleak moderatu zuena. Azkenik, “Klownklusioak” Oihulari Klownek egin zituzten, eta ekitaldira bertaratu zirenek Harresian Zulo taldearen kontzertuaz disfrutatu ahal izan zuten itxiera ekitaldian.

    Iturria: Hegoa

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Eusko Jaurlaritzak gazteak bueltatzeko programa zabaltzeko protokoloa sinatu du hiru unibertsitateekin, Confebask, ASLE eta Konfekoopekin

    Eusko Jaurlaritzak gazteak bueltatzeko programa zabaltzeko protokoloa sinatu du hiru unibertsitateekin, Confebask, ASLE eta Konfekoopekin

    Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek, Confebaskek (Euskal Enpresarien Konfederakuntza), ASLEk (Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea) eta Konfekoopek (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa), euskal gazteak Euskal Autonomia Erkidegoan finkatuta dauden lan-zentroetara bueltatzeko programari zabalkundea emateko lankidetza-protokoloa sinatu dute.

    Aldeek adostu dute gazteak bueltatzeko programari buruzko informazioari zabalkundea ematea, enplegu-aukerak antzematen lankidetzan jardutea eta programak eskaintzen dituen aukeren inguruan interesa izan dezaketen pertsonen aurrean sustapen zuzena eta pertsonalizatua egitea. Horretarako, alde sinatzaileek beren giza baliabideak, informatikoak eta materialak izango dituzte.

    Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Lanbidek, aurten, programa aitzindaria jarri dute martxan; kalitateko enplegua sustatzen du, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean lanean ari diren 35 urtetik beherako gazteak Euskadira itzuli ahal izateko. Laguntza-ildoa bikoitza izango da: alde batetik, 35 urtetik beherakoak diren eta kanpoan gutxienez 12 hilabete lanean daramatzaten euskaldunak kontratatzen dituzten euskal enpresek diru-laguntza jasoko dute, soldataren zati bat ordaintzeko; bestetik, kontratatutako gazteek laguntza bat jaso ahalko dute, joan-etorrien gastuak ordaintzeko.

    Enpresentzako laguntzak gutxienez urtebeteko iraupena duten kontratuetara bideratuko dira, eta plusak emango zaizkie kontratu mugagabeak sinatzen dituzten enpresei. 2017an, 1.766.667 euro bideratu dira programa horretara, eta programarekin jarraitzea aurreikusten da.

    Iturria: Eusko Jaurlaritza

  • Europako Gizarte eta Ekonomia Batzordearen “Ekonomia eredu iraunkor berriak” Irizpena

    Europako Gizarte eta Ekonomia Batzordearen “Ekonomia eredu iraunkor berriak” Irizpena

    Irizpena Europako Gizarte eta Ekonomia Batzordearen (EESC) Osoko Bilkuran onartu zen urriaren 18an. Dokumentu honetan 10 gomendio aurkezten dira, Europar Batasunak ekonomia eredu jasangarri berritzaileen lidergoa bere gain hartu dezan, hala nola, ekonomia funtzionala, kolaboratzailea edo finantziazio arduratsuarena.

    Eredu berritzaile hauek, errentagarritasun ekonomikoa bermatzeaz gain, pertsonentzat eta planetarentzat erabakigarriak diren beste erronka batzuei aurre egin nahi die, hauen artean, justizia soziala, gobernantza parte-hartzailea edota natura baliabideak. Honegatik, Europar Batasunaren erronka nagusiena oparotasun ekonomikoaren, kalitatezko gizarte babesaren eta jasangarritasunaren kontzeptuen banaezintasuna lortzea izango litzateke.

    Iturria: CESE

  • Gizarte Ekonomia eta Solidarioa Masterreko irekiera ekitaldia

    Gizarte Ekonomia eta Solidarioa Masterreko irekiera ekitaldia

    Pasa den urriaren 9an Gizarte Ekonomia eta Solidarioa Masterreko 5. edizioaren inaugurazio ekitaldia egin zen Donostiako EHUko Enpresa eta Ekonomia Fakultatean. Jardunaldiaren baitan, GEZKIk antolatutako  “Gizarte Berrikuntza eta Gizarte Ekonomia”ren iguruko Solasaldi Zikloei hasiera eman zitzaien, kasu honetan gai nagusia gizarte ekintzailetza izan zelarik. Masterreko ikasle eta irakasleetaz gain, jardunaldira bertaratu ziren unibertsitateko, Gizarte Ekonomiako erakundeetako eta Administrazio Publikoko hainbat ordezkari.

    Harrera eta masterraren aurkezpenaren arduradunak Aitor Bengoetxea (GEZKIko zuzendaria) eta Mikel Zurbano (Masterreko zuzendaria) izan ziren. Jarraian, Solasaldi Zikloari hasiera eman zitzaion Jokin Diaz Arsuagaren hitzaldiarekin, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Plana aurkeztu eta helburu eta erronkei buruz aritu zena.

    Ondoren, Enekoitz Etxezarretak hizlariak aurkeztu zituen, gizarte ekintzailetzan izan dituzten esperientzien inguruan hitz egin zutenak. Lehenengo ponentziaren arduraduna Oscar García Jurado izan zen, Autonomía Sur Cooperativa Andaluzako ekonomilaria. Bigarren ponentzian, KoopFabrika ekintzailetza programaren inguruan aritu zen Beñat Irasuegi.

    Bukatzeko, eztabaida eta galderentzako tartea zabaldu zen, jardunaldira bertaratu ziren guztiek parte hartu eta gaiaren inguruko iritzia eman ahal izan zutelarik.

    Iturria: OVES-GEEB