Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.
Bloga
-

Ikuskaritza eta Balantze Sozialak, eztabaidagai elkarrizketa zikloan
Urtarrilaren 25ean egin zen Donostian, GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak antolaturik. Peñascal Kooperatibak, REAS Euskadi Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak eta HEGOA institutuak hartu zuten parte.
UPV/EHUko Gipuzkoako Kanpusean izan zen eta Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Master Ofiziala egiten ari diren ikasleak gerturatu ziren, gehienbat. UPV/EHUko irakasle eta HEGOAko ikerlari Juan Carlos Pérez de Mendiguren izan zen saioari hasiera eman ziona.
Hasteko, erakundeek gizarte eraginaren neurketa bogan dagoen gaia dela gogorarazi zuen (ez soilik gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioko erakundeen artean), baita eztabaida gunea ere dela. Hiru ikuskaritza/balantze tresna ezberdin aurkeztu zituen laburki, SROI (Social Return On Investment), REASen Gizarte Ikuskaritza eta Ingalaterran oso zabaldua dagoen IRIS, zeina pasatzea beharrezkoa den enpresa sozialen partetik, gobernuaren diru laguntza jakin batzuk eskuratzeko.
Jarraian, tresna ezberdinak aztertzeko orduan kontuan izan beharreko gai batzuk daudela adierazi zuen. Hasteko, norentzat neurtzen den jakitea garrantzitsua da, adibidez IRISen kasuan Gobernua da hartzailea, REASen Gizarte Ikuskaritza sareko erakundeentzat den bitartean. Aurrekoarekin lotuta, zertarako neurtzen den ere kontuan hartu beharko da. Nork egiten duen ikuskaritzak ere badu bere garrantzia, izan bai daiteke kanpoko pertsona/erakunde batek egitea (zigiluak emateko adibidez), edo baliteke entitatearen barneko pertsona batek egitea auto-ebaluaketa ariketa batean. Azkenik, stakeholders-en afera dago, hau da, ea erakundearen interes taldeei ere galdetzen zaien gizarte eragina neurtzerako orduan.
Bukatzeko, Juan Carlosek balantze/ikuskaritzen funtzioaren inguruko eztabaida mahai gaineratu zuen, eta defendatu zuen tresna hauek erakundeen antolaketa hobetzeko balio behar dutela, neurtze soilaz haratago.
Ondoren, REAS Euskadiko Amaia Navedak sareak darabilen tresna azaldu zuen, Gizarte Ikuskaritza, auto-ebaluatzailea eta metagarria. Tresna honekin REASeko erakunde bakoitzak ekonomia solidarioko kartan zehazten diren printzipioak zein gradutan betetzen dituen neur dezake, eta sektore edo lurraldekako emaitzak batuz, sarearen errealitatearen inguruko ikuspegi orokorra lor daiteke, ekonomia solidarioko erakundeen jarduna eta izaera gainontzeko enpresa kapitalistengandik bereiztuz.
Tresnaren potentzialtasun bat, Amaiak azaldu zuen bezala, ikuskaritza egiteko jasotzen diren indize eta galderek erakundeen antolaketa eta praktikak hobetu eta eraldatzeko baliagarriak izatea da. Gainera tresna etengabe eguneratu eta errepasatzen dela gogorarazi zuen, zeinak berau hobetzeko balio duen (azkeneko bertsioan ikuspegi feminista duten galdera eta adierazleen barneraketa jarri zuen adibide moduan).
Azkenik, Peñascal Kooperatibako Iñigo Garitaonandiak hartu zuen hitza, REAS Euskadiko Gizarte Ikuskaritzak erakunde batentzat dituen zailtasun eta aukerak azaltzeko. Zailtasunen artean, zenbait adierazle biltzeko konplexutasuna aipatu zuen, batez ere jarduera anitzeko lantegi ezberdinak dituen erakunde baten kasurako. Aukeren eta potentzialtasunen artean, ekonomia solidarioko printzipioetan sakontzeko ematen duen aukera goraipatu zuen, tresna dinamikoa izanik, baina baita erakundeko langileek entitatearekiko duten iritzi eta ikuspegiaren argazki bat izateko ere.
Jardunaldia bertaraturikoen ekarpenekin amaitu zen.
Iturria: GEEB
-

Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko esperientzia ezberdinetara bisita
UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Master Ofiziala egiten ari diren ikasleek “tour” txiki bat egin zuten Gipuzkoako gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioko errealitate ezberdinak ezagutzeko, REAS Euskadik antolaturik.
Goiz osoan zehar egindako bisitak Donostiako Amara Zaharreko auzoan hasi ziren. Bertan Goiener kooperatibak (energia berriztagarrien ekoizpena eta salmentarako sorturiko kooperatiba, zeinak 7.800 bazkide baino gehiago dituen) eta Fiare proiektua bultzatzeko Elkarteak (finantza etikoak) dituzten ofizinetara bertaratu ziren.
Jarraian Lakari proiektua ezagutu zuten, Zarautzen duten dendan. 4 pertsonek osaturiko kooperatiba da, Kontsumo-eredu jasangarria eta arduratsua, tokiko laborantza iraunkorraren biziberritzea eta elikadura osasuntsua sustatzea duelarik helburu.
Azkenik, ikasleek Emaus-en zentro berria ezagutu zuten Egia auzoan (Donostia), non bideo eta bestelako materialen laguntzaz entitate honek gauzatzen dituen proiektu ezberdinak ikusi zituzten.
Iturria: GEEB
-

Gizarte Ekonomia garapenerako lankidetzaren politikan funtsezko aktore
CEPES-ek Gizarte Ekonomiaren esperientzia garapenerako lankidetzan ikertzen duen III. Txostena aurkeztu du. Bertan, ekonomia eredu hau Nazio Batuen 2030 Agendan erreklamatzen den aldaketarako eragile garrantzitsua dela aipatzen da, garapen eta lankidetza jasangarriko politiketan aktore garrantzitsua baita.
Gizarte Ekonomiako enpresa eta erakundeek 2015 urtea geroztik Garapenerako Lankidetzako 44 proiektu burutu dituzte 23 estatutan zehar. Lan hauek, gutxienez, 44.000 pertsonen bizitza hobetzea ahalbidetu dute, ingurune mesedegarriago bat eraikiz.
Iturria: CEPES
-

Bruno Roelants Nazioarteko Aliantza Kooperatiboko zuzendari orokor izendatu dute
Pasa den urtarrilaren 19an ICA-ko (International Co-operative Alliance) Administrazio Kontseiluak zuzendari orokor berria izendatu zuen. Bruno Roelants, egun CICOPA-ko idazkari orokorra, datozen asteetan hasiko da kargu berriko funtzioak betetzen. Azken urteotan karguan izan den Charles Gouldek bere erretiroa iragarri ondoren hartu zen erabakia.
Bruno Roelants 2002an CICOPA-ko Idazkari orokor izendatu zuten, eta bere kargupean, erakundean 18 estatu izatetik 32 izatera pasa ziren. Gainera, kooperatiba mugimenduan 30 urte baino gehiagoko esperientzia dauka.
Iturria: TUlankide
-

Kepa Olivares, ASLEko lehendakaria: “Lan sozietateak, jada, ez dira lehenengo aukera krisi garaian”
ASLEko lehendakaria eta FMD CARBIDEko zuzendaria den Kepa Olivaresek, Deia aldizkarian emandako elkarrizketan: “Langileek enpresetan duten parte-hartzeak ibilbide luzea dauka Euskadin, lan sozietateak bezalako ereduen bitartez”.
ASLEko enpresen hobekuntzari buruz hitz egin zuen, enplegu maila mantentzeaz gain, arinki igotzea lortu baitute. Bestalde, azpimarratu zuen krisian dauden enpresek ez dutela, jada, lan sozietatearen eredua erabiltzen birmoldaketarako; gaur egun, langile askok ez baitute jabe izan nahi, hau da, ez dute arriskatu nahi.
Iturria: Deia
-

Gizarte Ekonomiako 2017-2020 Estrategia onartu dute
Pasa den abenduaren 29an Gizarte Ekonomiako 2017-2020 Estrategia onartu zen Ministro Kontseiluan. Dokumentua 11 ardatzen inguruan egituratzen da, eta helburu nagusia gizarte ekonomiaren eredua finkatzea eta sustatzea da, datozen aldaketen aurrean berrikuntza sektorean lehena izan dadin.
Estrategiak honako akzioak biltzen ditu:
– Kalitatezko enplegu iraunkor eta barneratzailea lehenesten da, ekintzailetza kolektiboren aldeko neurrien bitartez.
– Kooperatiben eta Lan Sozietateen sorrerarako eragozpenak ezabatzen dira, erregistro telematikoa bideratuz eta generazio erreleboa erraztuz.
– Gizarte Ekonomiako erakundeen katalogoa eta zigilua sortzea.
– Berrikuntzara bideratutako laguntzak, batez ere, merkatu berrietan zabaltzeko aholkularitza emanez.
Iturri: CIRIEC
-

Euskal Gizarte Ekonomiaren urteko egoera txostena
Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak argitaratu berri du, non sektoreak orokorrean eta sektoreko familia ezberdinek banan bana izandako bilakaera hurbila aztertzen den, datu sozio-ekonomikoez lagunduta. Txostenean ikusten denez, Gizarte Ekonomiak Euskal Autonomia Erkidegoan geroz eta garrantzi handiagoa hartzen jarraitzen du.
Txostena hiru atal nagusietan banatzen da. Lehenengoan txostenaren aurkezpena egiten da, bigarrenean Gizarte Ekonomiak orokorrean izandako bilakaeraren inguruko datu eta ondorio esanguratsuenak aurkezten dira eta, hirugarrenean, sektoreko familia bakoitzaren inguruko azterketa sakonagoa eskaintzen da, taula eta grafikoen laguntzarekin.
Aurten, gainera, lehen aldiz euskaraz ere egin da Gizarte Ekonomiaren errealitatea jasotzen duen txostena. Kontuan hartu den beste aspektu bat sexuaren araberako azterketa egin izana da, ahal izan den heinean, enpleguaren datuak aurkezterakoan.
Txostenak jasotzen dituen ondorioetako batzuk honakoak dira:
- 2016an Gizarte Ekonomiako entitate kopuruak bilakaera positiboa izaten jarraitzen du, aurreko urtearekin alderatuz %2 baino gehiagoko igoera izan duelarik. Honi Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa kopuruak izan duen bilakaera negatiboari gehituz, Gizarte Ekonomiako entitateek duten errepresentazioa %17ra hurbiltzen jarraitzea eragiten du (elkarte eta fundazioak barneratuz eta BGAE eta ENE alde batera utziz, ). Kooperatibak eta elkarteak izan dira, batik bat, bilakaera honen erantzule.
- Kooperatiba, lan sozietate, enplegu zentro berezi eta gizarteratze enpresen artean EAEko enpleguaren %9 metatzen da, datu esanguratsua benetan, kontuan harturiko erakunde hauek EAEko entitate kopuru osoaren %1,50 besterik ez dutela suposatzen.
Txostena osorik eskuratzeko, egin klik hemen.
Iturria: GEEB
-

Nazioarteko mintegia, Tokiko Giza Garapena eta emakumeen eskubide ekonomikoak sustatzeko Ekonomia Soziala eta Solidarioko gizarte inkubagailuak: Unibertsitatearen erronkak
Pasa den hilaren 12an, Ekonomia Soziala eta Solidarioaren inguruan diharduten Euskal Herriko, Argentinako eta Ekuadorreko Unibertsitateetako hainbat irakasle eta ikertzaileak, ekimenen promozioan eta sustapenean esperientzia duten eragile sozialak, eta lurralde eta tokiko garapenerako erakundeetako arduradun eta teknikariak bildu zituen Nazioarteko mintegia egin zen Donostian.
Ekonomia sozial eta solidarioaren arloan, Andeetako eskualdean, Hegoa Institutuak burutzen ari den kooperazio programaren baitan egindako mintegia da, Andeetako eskualdean eta Euskal Herrian Ekonomia Soziala eta Solidarioaren alorrean lan egiten duten erakunde eta instituzioen arteko esperientziak trukatzeko eta ikasketa kolektiboak indartzeko helburu duena.
Mintegi honetan parte hartu zuten, Rodolfo Pastore, Argentinako Unibertsitateko Ekonomia Fakultateko Zuzendaria eta PUISeko (Programa Universitario de Incubación Social) sortzailea eta bultzatzailea, eta Silvia Vega, Quitoko Universidad Central de Ecuador-eko Ekonomia Soziala eta Solidarioa eta emakumeen eskubide ekonomikoen arloan irakasle eta ikerlaria dena. Honetaz gain, bertan izan ziren GEZKI, LANKI, REAS eta OlatuKoop, hainbat tokiko garapen agentziarekin eta udalekin batera.
Iturria: Hegoa
-

Ba al zenekien…?
Unibertsitate irakaskuntzaren erronka nagusienetako bat Gizarte Ekonomiari eta bere printzipio eta balioen ezagutzari zuzendutako formakuntza hobetzea eta zabaltzea da.
Behatokian “Gizarte Ekonomiaren integrazioa EHUko gradu ikasketetan: ikerketa kuantitatiboa” ikerlana burutu zen, helburu nagusia Gizarte Ekonomiak gure unibertsitateko gradu ikasketetan duen integrazio maila neurtzeaz gain, beste unibertsitatetan aplikatu daitekeen esperientzia pilotua diseinatzea zena. Horretarako, gradu ezberdinetako bost irakasgai hautatu ziren, eta ondoren, irakasgaiotako programak aztertu eta irakasleei bidalitako galdetegia egin zen.
Lan honen abiapuntua gogoeta teorikoa izan zen, bereziki, gizarte ekonomia akademia fase guztietan sartzearen ideia azpimarratzen duten estatu eta Europa mailako ekimen politikoak, sektoreko eragile eta botere publikoei kezkatzen dien gaia baita.
Emaitzak, infografian islatzen den moduan, EHUko gradu ikasketetan gizarte ekonomiaren formakuntza oso eskasa dela adierazten dute. Gainera, gai hauek lantzen diren kasuetan ere, ezberdintasun nabarmenak daude enpresa kapitalistei ematen zaien tratamenduarekiko. Bestalde, gai hauen formakuntzan hobetzeko neurriak hartzea beharrezkoa dela azpimarratzen da, sektorea indartzeko estrategia egokia bihurtu daitekeelarik.
Errealitatea hau izanda, Unibertsitateak erronka garrantzitsu bat dauka esparru honetan. Batetik, Gizarte Ekonomiaren ezagutza sustatzearen beharra, pisu eta protagonismo handiagoa hartu dezan, erakunde hauetan adituak trebatze aldera. Bestetik, irakasleriaren eta Administrazioen konpromiso handiagoa lortzea, irakaskuntza programetan gai hau bultza dezaten.
Iturria: OVES
