Bloga

  • CIRIEC-eko Gizarte Ekonomiako Ikertzaileen Munduko VI Kongresua Manaosen

    CIRIEC-eko Gizarte Ekonomiako Ikertzaileen Munduko VI Kongresua Manaosen

    Pasa den azaroaren 29tik abenduaren 2ra, Manoseko (Brasil) Amazonas Unibertsitate Federalean egin zen Gizarte Ekonomiako Ikertzaileen Munduko Kongresua. Antolatzailea Brasileko CIRIEC izan zen, Nazioarteko CIRIEC-aren eta Espainia eta Portugaleko sekzioen laguntza izan zuena. Kongresua “Gizarte Ekonomia eta Solidarioa, Jasangarritasuna eta Berrikuntza: gizarte arazo zahar eta berriak alderatzen” lemapean ospatu zen.

    Bertan parte hartu zuten 24 estatu ezberdinetatik iritsitako 330 ikertzailek, profesionalek eta Administrazio Publikoetako ordezkarik. Deialdia oso arrakastatsua izan zen. Bertan izan zen baita ere GEZKIko kide eta EHUko irakaslea den Anjel Errasti.

    Seigarren edizio honetan, ponentziak eta komunikazioak aurkezteaz gain, hainbat mahai inguru eta lan talde antolatu ziren. Gizarte Ekonomiaren sektorearen dibertsitatea kontutan izanda, jorratutako gaiak askotarikoak izan ziren.

    Iturria: CIRIEC

  • Kooperatiba eta Gizarte Ekonomian aditua den Jordi Garcia Janérekin jardunaldi bikoitza

    Kooperatiba eta Gizarte Ekonomian aditua den Jordi Garcia Janérekin jardunaldi bikoitza

    Donostiako UPV/EHU-ko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egin zen, GEZKI Institutuak (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutua) antolatua. Goizeko hitzaldia “Nazio auzia eta kooperatibagintza, Kataluniako kasua” titulupean eraman zen aurrera eta arratsaldeko solasaldi zikloan “Gizarte ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Politika Publikoaren” inguruan aritu ziren.

    Goizeko saioan, Jordi Garcia katalan eta kooperatibistak, mugimendu kooperatiboak erabakitze eskubidea (orokorrean zein Kataluniako auzian zehazki) zergatik babestu beharko lukeen argudiatu zuen, kooperatibagintzaren 5 printzipioetan oinarriturik: borondatezko atxikimendua, erakundeen kudeaketa demokratikoa, kooperatiben autonomia eta independentzia eta tokiarekiko atxikitasuna.

    Ondoren bere ikuspuntuaren arabera nazio askakuntzarako mugimenduen eta kooperatibagintzaren arteko elkarpuntuen inguruan jardun zuen, hala nola gertutasuna eta burujabetza kolektiboa (politikoa eta ekonomikoa hurrenez hurren). Jarraian Kataluniako mugimendu kooperatiboaren errepaso txiki bat egin zuen XIX mende amaieratik izandako zenbait kooperatibista famaturen bidez, gerturaturikoekin eztabaida interesgarri batekin amaitzeko.

    Arratsaldean, Garcia Janék Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa, batetik, eta berarentzako politika publikoak, bestetik, definitu zituen lehenik eta behin. Zentzu honetan, politika publikoak Sektorean eragina duten eta estatuak aurrera eramaten dituen eta ez dituen ekintzen multzo bezala definitu zituen. Segidan autonomia erkidego, estatu espainiar zein Europako ohiko politika publikoak gehienetan kooperatiba zein lan sozietateetako enplegu sorkuntza eta mantentzera bideraturikoak izan direla gogoratu zuen, langabezi tasari aurre egiteko metodo anti-zikliko moduan, bai eta enpresen lehiakortasuna hobetze alderakoak ere.

    Aipaturiko politika hauetaz gain, bestelako politika publiko batzuk beharrezkoak direla eta horiek lortze aldera aurrera egin beharra defendatu zuen, zeintzuk sektorearen ikuspegi orokor bat izan beharko luketen (ez soilik erakunde batzuk kontuan hartuz), ko-eraikuntza bidez agenteekin diseinatuak eta lurraldeari loturikoak.

    Katalanaren iritziz, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioarentzat politika publikoek marko egoki bat izan beharko lukete Sektore osoaren inguruko lege orokor batekin lehenik eta beste lege espezifikoekin osaturik, zeinak ondorengo politiken mesedegarri izango litzatekeen:

    – Emankortasun politikak, ahalduntze indibiduala, elkartegintza, etab. bultzatuz Gizarte Ekonomia jendartean zabaltzeko ongarri gisa jokatuko luketenak.

    – Bultzada politikak, zeintzuk lau motatakoak liratekeen: sentsibilizazio politikak (jendeak sektorea ezagutu dezan, bere baloreak, etab.), sorkuntzarako politikak (sorrerarako erraztasunak, fiskal motatakoak, etab.), kontsolidazio politikak (jarraipena, aholkularitza, etab.) eta proiektu deigarriak aurrera eramateko politikak (trakzio efektua izango luketenak martxan jartzea…).

    – Politika sektorialak arlo ezberdinetan Gizarte Ekonomia barneratuz, hala nola, etxebizitza, ekipamendu publikoen hornikuntzan, etab.

    – Aurreko ildoei laguntzeko politikak, zeintzuen artean errealitatearen antzemate eta ezagutza, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko erakundeen inpaktu soziala (balantze sozialen bidez, esaterako) eta sektoreari zuzenduriko politika publikoen ebaluazioak nabarmenduko liratekeen.

    Iturria: GEEB

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Fiare Banca Etica eta REAS Sareen Sareak lankidetza akordioa sinatu dute

    Fiare Banca Etica eta REAS Sareen Sareak lankidetza akordioa sinatu dute

    Pasa den abenduaren 15ean sinatu zuten eta dokumentuan jasotzen diren artikulazioei esker bien arteko lankidetza hobetzea espero dute, baterako proiektuak areagotzearekin batera. Italiako ikerketa baten arabera, finantza etikoek Europako BPGaren %5a suposatzen dute.

    Bi entitateon arduradunek nabarmendu zutenez sinatzerakoan, FIARE eta REASek ekonomia eraldaketarako gune bezala ulertzen dutela baieztatu zuten, balore jakin batzuk partekatzen dituztelarik: transparentzia, iraunkortasuna eta gizarte konpromezua pertsonak ardatz hartuta.

    Carlos Askunzeren hitzetan (REAS Sareen Sareko presidentea), akordioak errealitate bat dena islatzen du, izan ere “ekonomia solidarioko sareak eta berau integratzen duten pertsonek bere dute FIARE sareko kide izan dela betidanik”.

    Firma honi esker, REASeko proiektu eta erakundeek finantza zerbitzu egonkorrerako bidea erraztua ikusiko dute, baina batez ere proiektuok integratzen dituzten pertsonentzat izango direla hobekuntzak.

    Juan Garibik (Espainia Areako arduraduna) FIAREk azken urteotan izan duen hazkundea nabarmendu zuen, zeina “ezin den ulertu ekonomia solidarioak gure lurraldeetan izan duen hedatzea kontuan hartu gabe”.

     

    Finantza etikoek Europako BPGaren %5 suposatzen dute

    Europa mailako finantza etiko eta iraunkorren inguruko lehenengo ikerketa burutu du “Fondazione Finanza Etica” erakundeak (hemen eskuragarri italieraz).

    Europa mailako finantza etiko eta iraunkorren inguruko lehenengo ikerketan jasotako aktibitate guztiek 715.000 milioi euro suposatzen dute, Europar Batasuneko BPGaren ia %5, hain zuzen ere.

    Iturria: REAS Euskadi, Fiare Banca Etica

  • Alternaktiba azoka, ekonomia sozial eta eraldatzailea bultzatuz

    Alternaktiba azoka, ekonomia sozial eta eraldatzailea bultzatuz

    Pasa den azaroaren 26an Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen azoka izan zen Hernanin, bertan, ekonomia beste era batera ulertzen duten ekintzaile, kooperatiba eta erakundeak egon ziren, hauen artean, Alai-Ondo diseinatzaileak, Banaiz Bagara, Batura, Bizi-on, FIARE, GEZKI (EHU), Goiener, Kalaka komunikazio parekidea, Koop57, Labore kontsumo kooperatiba, Lanki (MU), Latxe baratza-elkartea, Olatukoop, REAS, TaPuntu, Uztarri eta Ximaur pila, besteak beste.

    Hauetako batzuek ekintzaileentzat bideratutako Kooperatzen programan garatu zuten beren ideia. Datorren urtera begira, eskualde mailako ekintzailetza programa burutuko dela-eta, azokan bertan programaren inguruan informatzeko aukera egon zen.

    Horretaz gain, proiektu hauek gertuagotik ezagutzeko mikrofono aurrean aurkeztu zituzten eta gero, beren postuetan azalpen edo zalantzak argitzeko tartea izan zuten bertaratutakoek.

    Giro politean, ekonomia alternatibak aurkeztuz, elkarren sinergiak bultzatzeko eta ezagutzeko aukera izan zen. Hau dela eta, buruan euren enpresa sortzeko ideia duten herritarrak gerturatu ziren.

    Iturria: Txintxarri

  • Elikadura burujabetzaren bueltako banaketa arloko esperientzien ugaritzea

    Elikadura burujabetzaren bueltako banaketa arloko esperientzien ugaritzea

    Leku ezberdinetan azkenaldian sortzen ari diren esperientziek elikadura burujabetza eta tokian tokiko produktu ekologikoen aldeko mugimendua geroz eta gehiago zabaltzen ari dira.

    Urteak eta urteak daramaten esperientzia ezberdinak ahaztu gabe, azkenaldian hainbat tokitan elikadura burujabetza eta tokian tokiko produktu ekologikoen garrantzia azpimarratzen, jorratzen eta bultzatzen dituzten ekimenak hedatzen ari dira.

    Batetik, abenduaren hasieran ireki zituen ateak Labore Bilbo proiektua aipa genezake, zeina saltoki itxura duen kontsumo elkartea bezala laburtu daitekeen, hainbat ezaugarri interesgarrirekin. Helburua, bertako elikagai osasungarriak prezio herrikoietan saldu eta erosi ahal izatea da, hurbileko produktuen alde eginez eta ekoizle zein kontsumitzaileentzat onuragarriak eta justuak izango diren harremanak sustatuz. Zentzu horretan, hiru zutaberen baitan mugitzen da proiektua: bertokoa, agroekologikoa eta soziala eta bazkideen artean egina eta eraikia izanik, modu demokratikoan antolatzen den proiektua da. Kolektibo bakoitzarentzat onura zehatzak bermatzea du helburu, hala nola: Kontsumitzaileei kalitatezko produktuak prezio herrikoietan eskuragarri izatea, nekazariei tratu duina eta prezio justua bere lanaren truke eta langileentzat lan baldintza duinak.

    Bestetik, Otsokop proiektua dago, aurrekoaren oso antzekoa eta Angelun kokaturiko supermerkatua ireki berri duena. Kasu honetan ere, hiru dira esperientzia honen oinarrian dauden elementu giltzarriak: bertako produktuak bilduko dituen espazio fisikoa; kooperatiboa, kontsumitzaileak izango direlarik bazkideak eta proiektuaren erabaki estrategikoak hartuko dituztelarik asanbladan; eta parte hartzailea, izan ere kooperatibako bazkide bakoitzak bere denbora eskainiko dute kooperatibaren funtzionamendua ahalbidetzeko, soldatapeko langile ahalik eta gutxien izateko eta proiektuaren izaera parte-hartzailea bermatzeko. Erosketetan sinergiak lortzea, bitartekariak ahalik eta gehien murriztea eta bolondresen parte hartze altuarekin soldatapeko langile gutxi izatea da proiektuaren muina.

    Azkenik, Azpeitian kokatzen den Elikagunea proiektu kooperatiboa dugu, zeinak elikagaiak sustatuz eta kontsumo eredua eraldatuz, lehen sektorea indartu nahi duen. Urtarrilean irekitzekoa den “supermerkatu” honetan, Azpeitia zentro bezala hartuta 150 km-ren bueltan ekoizten diren elikagaiak soilik bilduko dituen gune bat da, baina gainera heziketa gunea, dastaketa gunea, sukaldea, Basque Label harategia eta janari dendak osatua.

    Proiektu bakoitzaren informazio gehigarria eskuratzeko egin klik:

    -          Labore Bilbo

    -          Otsokop Angelu

    -          Elikagunea Azpeitia

    Iturria: Labore, Otsokop, Elikagunea

  • Artolazabal: “Peñascalek enplegurako prestakuntza- eta inklusio-lan berritzailea egin du”

    Artolazabal: “Peñascalek enplegurako prestakuntza- eta inklusio-lan berritzailea egin du”

    Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “Peñascal kooperatibak lan-prestakuntzaren eta -inklusioaren arloan egiten duen lana eredu berritzailea da gazteen enplegua sustatzeko”. Artolazabalek, Peñascal kooperatibaren egoitza bisitatu zuen (antzinako Fundazioa), Bilbon; bertan, zortzi prestakuntza-zentro batzen dira, 14 urtetik aurrerako gazteen lan- eta gizarte-inklusioaren inguruan. 

    Peñascalen arduradunek Artolazabal sailburuari azaldu ziotenaren arabera, “hemen hezkuntza-, enplegu- eta gizarte-sistemak nahasten dira, pertsona baten ibilbidean. Laneratzeko eta gizarteratzeko eredua hemen tailerretan eta beste ekimen batzuetan, dagozkien zentroekin elkarlanean, metodologia dinamikoen bidez DBH gainditzen duten 14 eta 16 urte bitarteko  pertsonekin hasten da”.

    “16 eta 21 urte bitartekoentzat, Enplegurako Prestakuntza egiten da, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programekin. Horietan, 700 ikaslek parte hartzen dute, eta profesionaltasun-egiaztagiriak ematen dira. 21 urtetik gorakoek enpleguko eta bizitzan zeharreko ikaskuntzako ikasketak egiten dituzte prestakuntza dualean, laneratzean eta laneratzeko enpresan. Lanbidean prestatzeaz ez ezik, zenbait balio eta gaitasunetan ere prestatzen dira, besteak beste, taldeko lanean, elkartasunean, ekimenean eta abar”, esan zioten Peñascaleko arduradunek Artolazabal sailburuari.

    Sailburuak Peñascalek Bilbon izen bereko auzoan dituen sukaldaritzako, elikagaigintzako, ostalaritzako, zurgintzako, iturgintzako, elektrizitateko, modako eta metaleko prestakuntza-atalak bisitatu zituen. Peñascalek kudeatzen dituen zortzi prestakuntza-zentroak Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan daude.

    Beatriz Artolazabalekin batera, topaketan Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak, Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak eta Juan Ibarreche Lanbideko prestakuntza-zuzendariak parte hartu zuten, bai eta Juan Manuel Cano Peñascaleko presidenteak, David Tellería koordinatzaile nagusiak eta Santiago Membibre laneratzeko enpresen koordinatzaileak ere.

    Iturria: Irekia

  • Iritzia: Ekonomia eredu jasangarri berriak Europan

    Iritzia: Ekonomia eredu jasangarri berriak Europan

    Lerro labur batzuk Europako Gizarte eta Ekonomia Batzordeak (CESE), urriaren 18ko ohiko bilkuran, botoen gehiengoarekin onartutako ekonomia eredu jasangarri berriei buruzko SC/048 Irizpenaren edukia azaltzeko. Irizpenean onartzen da “erauzi, ekoiztu, eduki eta baztertu” sekuentzian oinarritzen den ekonomia eredu europarra, ohiko merkatuarekin batera, kolokan dagoela. Ondorioz,  eredu berriak garatzen ari dira, pertsona ekoizle, banatzaile eta kontsumitzaileen arteko harremanak aldatzeaz gain, garapen iraunkorrerako erabakigarriak diren erronkei aurre egiten saiatzen dira, hala nola, justizia soziala, parte-hartze gobernantza eta baliabide eta natura kapitalaren kontserbazioa; beraz, gizarte ekonomia eta solidarioarentzat oso ezagunak diren erronkak.

    Irizpenaren arabera, ekonomia eredu berri hauek indartzea Europar Batasunarentzat “ekonomia eredu berritzaileen lidergoa eskuratzeko aukera suposatzen du, oparotasun ekonomikoa, kalitatezko gizarte babesa eta ingurumen jasangarritasuna bezalako kontzeptuak banaezinak bihurtzen dituzten ereduak, hain zuzen”. Gai honetan Europar Batasunak anbizio handiko erabakiak hartu beharko ditu, europar ekonomia eredu berrietan aurrera egin ahal izateko.

    Ekonomia jasangarriaren gaietan koordinazioa bermatzeko helburuarekin, Europar Batasuneko botere publikoei zuzendutako hamar proposamen azaltzen dira onartutako dokumentuan. Ikerketa, berrikuntza arduratsua, hezkuntza, formazioa eta informazioa babestu eta sendotzea, interesa duten aldeek ekonomia eredu berriak eta finantziazio jasangarriak jokatzen duten papera ezagutu dezaten. Modu orokor batean, Europar Batasunak esparru politiko, fiscal eta arauegile egoki bat ezarri beharko du, eredu jasangarri berriak babesteko eta finantza sektorearen funtzionamendua birplanteatzeko helburuarekin. Modu honetan, maila mikro eta makroekonomiko batean txertatu daitezen ingurumenarekin, gizartearekin eta gobernantzarekin harremana duten erronkak.

    Egungo eredu ekonomikoaren eta bestelako ekonomia antolaketa berritzaileen arteko lehiaren aurrean aurkitzen gara  – ekonomia zirkularra, ekonomia funtzionala, partekaturiko ekonomia, ondasun komunaren ekonomia, finantza arduratsuak – gizarte ekonomia gobernantza eta gizarte zein ekologiaren erronkei erantzuna emateko lehentasuna beregan hartzen duen enpresa eredu bezala sendotzen ari dela ikusten dugun bitartean. Jasangarritasunaren kontzeptua ekonomiaren modernizatzearen (eta bere ardura politikoen artean) funtsezko osagai bezala bilakatzea lortzen bada, “Europar Batasunak Estatuak proiektu bateratzaile baten baitan mobilizatuko ditu, proiektu europarrak berriro ere pertsonei lehentasuna ematen ahaleginduz”.

    Hala ere, ekonomia antolaketa berri hauek ez dira jaio berriak eta jadanik izan dituzte laguntzak europar mailan (Estatu kideetako agintari politikoen aldetik jasotako edo jaso gabeko arretaz kanpo), 288 eta 356 amaierako Komunikazioak (2016) eta 2016 eta 2017ko CESE-ren hainbat Irizpen, esaterako. Ekimen hauek bidea irekitzen ari dira eta ekintzen lehenengo balantze bat egitea ahalbidetuko dute, antolaketa ekonomiko berri hauek bultzatzen dituzten enpresen praktika onak eta esperientziak garatzen doazen bitartean sareen bitartez (pribatu zein publikoak).

    Ohar labur honi amaiera emateko, eta Irizpenari jarraituz bere ondorioetan, “ekonomia antolaketa jasangarri berri hauek soilik garatuko dira enpresa eta enpresariak ziur badaude planteamendu honek Europar Batasun mailan 2030 edo 2050etik aurrera zentzua izango duela”.

    Hortaz Irizpenak honakoa gomendatzen du:

    – Jasangarritasuna irizpide transbertsal bezala kontsideratzea eta hortaz maila politikoan afera hau deskonpartizatzea, Europako ekonomia modernizatze aldera.

    – Ingurugiro zein gizarte esternalizazioak logika ekonomikoan integratzea, Estatu kideei ekologia fiskalitatea barneratzea bultzaraziz eta diru laguntza anti-ekologikoei amaiera jarriz.

    – Kontsumo eta ekoizpen jasangarriarentzat onuragarri izango den marko normatiboa garatzea.

    – Finantza sektorearen funtzionamenduaren inguruan hausnarketa egitea beharrezkoa da, jasangarritasuna lortze aldera eta ingurugiro eta gizartearen inguruko auziak inbertsio erabaki eta arriskuaren kontzeptuan barneratzeko. 

    Sylvia Gay – GEZKI Institutuko kidea

  • Ba al zenekien…

    Ba al zenekien…

    … 2016 urtean zehar Euskal Autonomia Erkidegoko eskualde guztietan sortu zela kooperatibaren bat gutxienez? Guztira 214 Kooperatibek eman zuten alta eta horietako gehienak kooperatiba txikiak izan ziren, totalaren ia %77 hain zuzen ere.

    Ikus laburpena/infografia hemen.

    Kooperatiba motari dagokionez, lan elkartukoak dira gehiengoak (%81), etxebizitzakoez jarraiturik urrutitik (%14). Gainontzekoak askoz murritzagoak dira, bigarren mailako (edo gehiagoko) 3 kooperatiba, bina kooperatiba mixto eta enpresa zerbitzukoak, eta azkenik kooperatiba bakarra nekazaritzakoa.

    Jarduera sektoreari begiratuz, sortzen diren kooperatiba berrien datuak interesgarriak dira. Nahiz eta historikoki industria alorrarekin loturiko kooperatibek izan duten pisu esanguratsuena Euskal Autonomia Erkidegoan (mediatikoki batez ere), azkenaldian sortzen diren entitateak beste jardueratan aritzen dira gehienbat. Kontuan hartuz gero sortzen diren gehienak kooperatiba txikiak direla, batetik, eta industria alorrean (normalean) inbertsio handiak egin behar izan ohi direla, bestetik, ez da harritzekoa datua.

    Sorturikoak gehiengoak “eraikuntza” sektoreari loturiko kooperatibak izan dira 2016 urtean zehar, %34 inguru (igeltseritza, gremio antolaketak, etab. gehiengoak). Jarraian “merkataritza eta automobilgintza konponketen” eta “jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen” alorreko kooperatibak aurkitzen dira (%15 eta %13 hurrenez hurren) eta maila baxuagoan “osasun eta gizarte zerbitzuak”, “manufaktura industria” eta “zinema, bideo eta telebista programen ingurukoak”, sorturiko guztien %6 inguru izan delarik bakoitza. Lehen sektorean jarduten duten kooperatibak, euren aldetik, %2 baino zerbait gehixeago izan dira.

    Lurralde Historikoak kontuan harturiko banaketari dagokionez Bizkaia izan da kooperatiba gehien sortu den lurraldea (erdia baino gehiago, %57), Gipuzkoan (%32) eta Araban (%11) gutxiago sortu direlarik. Eskualdekako banaketari erreparatuz gero, Lurralde Historikoetako hiriburuetako eskualdeek kooperatiba sorrera totalaren %67 metatzen dute, Bilbo Handia delarik nabarmenki zentzu honetan oparoena, Donostialdea eta Arabako Lautadaren aurretik (%44, %14 eta %9 hurrenez hurren). Hiriburuak alde batera utziz, hurrengo taldean egongo lirateke Bidasoa beherea eta Durangaldea (bakoitzak %6) eta Goierri (%4,5).

    Iturria: GEEB

  • Gizarte Ekonomia graduondoko unibertsitate ikasketetan 2017-2018

    Gizarte Ekonomia graduondoko unibertsitate ikasketetan 2017-2018

    CEPESek “Gizarte Ekonomia graduondoko unibertsitate ikasketetan: 2017-2018 ikasturtea” txostena argitaratu du. Urtero aurkezten duen ikerlan honek, sektorearekin harremana duten 104 graduondoko ikasketen inguruko informazioa ematen du.

    Azterlanak CRUE-n bilduta dauden 76 unibertsitatetako formazio eskaintza aztertzen du, eta aurtengo emaitzen arabera, %30ean igo da Gizarte Ekonomiako graduondoko ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitate kopurua, hiru mailatan sailkatzen direnak: unibertsitate masterrak edo master ofizialak, doktoretzak eta berezko ikasketak. Guztira, gaur egungo eskaintza hurrengoek osatzen dute: 21 master ofizial, 23 berezko master, 15 espezialista titulu eta 18 unibertsitate aditu; 5 graduondoko diploma, MBA 1 eta 21 prestakuntza ikastaro.

    Txostena eskuragarri dago CEPESeko web orrian: https://docs.google.com/viewerng/viewer?url=http://www.cepes.es/files/publicaciones/103.pdf

    Iturria: CEPES