Bloga

  • Lankidetza, metodologia eta adibide praktikoak ETESS proiektuaren baitan

    Lankidetza, metodologia eta adibide praktikoak ETESS proiektuaren baitan

    Hendaian buruturiko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren Mugaz Gaindko Festak parada bikaina eskaini zuen ETESS proiektua ezagutzeko eta honen adibide praktikoak azaltzeko.

    Proiektuan lau bazkidek hartzen dute parte: KONFEKOOP (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa), CEB-Seignanx (Comité de Bassin d’Emploi du Seignanx), Hendaiako Udala eta ANEL (Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresak).

    Hasteko Iker Elizalde, Hendaiako alkatetzako atxikia, aritu zen ETESS proiketuaren helburu eta jarduerei buruz. CBE Segnanx-eko Zuzendariak, Stéphane Montuzet-ek, balioan jarri zuen nola ETESS proiektuaren helburu zein ekintzak modu kolektiboan lantzen ari direla, horien artean, formazio eskaintza, zeina proiektuaren oinarrizko ardatza den.

    ANELeko Enrique Ciaurriz-ek ere, ETESSen baitan mugaz gaindiko metodologia bitartez lan egin dutela gogorarazi zuen, zeinak lurralde ezberdinetako beharrei erantzuteko Gizarte ekonomiako proiektuak garatzeko balioko duen.

    Rosa Lavinek, Konfekoop-eko presidenteak, ETESSen laguntza jaso duten proiektu ezberdinak azaldu zituen, zeintzuk Saiolan-en barnean garatzen ari diren, hala nola Kimuberri (gazte ekintzailetza sustatzeko) edota Multidisciplinary Lab (Debagoienako enpresa txiki eta ertainen beharrei erantzunak topatzeko unibertsitate ikasleen topagunea).

    Iturria: ANEL

  • Mikrokredituak eskuratu ahal izango dituzte bazterketa arriskuan dauden pertsonek Andoaingo Udala eta Fiare banku etikoaren lankidetza akordioaren bidez

    Mikrokredituak eskuratu ahal izango dituzte bazterketa arriskuan dauden pertsonek Andoaingo Udala eta Fiare banku etikoaren lankidetza akordioaren bidez

    Andoaingo udalak, Fiare elkartearekin, StopEtxekaleratzeak eta Caritas elkarteekin elkarlanean, gehienez 2.500 eurotako eta gutxienez 600 eurotako interesik gabeko maileguak emango ditu oinarrizko gastu bati aurre egiteko.

    Helburua maileguen txikien bidez, bazterketa sozialera eraman ditzaketen egoerak ekiditea da. Ez dira diru laguntzak,  beraz, derrigorrezkoa izango baita utzitako dirua itzultzea.

    Interesik gabeko mailegua itzultzeko eskatzaileek 24 hilabeteko epea izango dute eta hileroko kuota ezingo da izan %35eko zorpetze ratioa baino handiagoa.

    Iturria: Argia, Andoaingo Udala

  • Arrantza ekonomia globalizatuaren aurrean

    Arrantza ekonomia globalizatuaren aurrean

    Pasa den urtarrilaren 19an, Ondarruko kofradia zaharrean, ekonomia globalizatuaren aurrean arrantzaren sektoreak pairatzen duen egoera aztertzeko mintegia izan zen. Baserritik Mundura elikadura burujabetza eta agroekologia ikastaroak antolatutako mintegi honetan, kurtsoko partaideak biltzeaz gain, Ondarru eta inguruko beste hainbat pertsonek hartu zuten parte.

    Bertan Leo Belaustegi 12mila-ko taldekidea, arrantzalea eta LAB sindikatuan arrantza sektoreko liberatua izandakoa; eta Anne Marie Verges, Donibaneko artisau arrantza itsasontzi bateko patroia, Frantziako Arrantzale Artisau Txikien Plataformako ko-zuzendaria eta Arrantzale Herrien Foro Munidaleko kordinazio taldekidea parez pare aritu ziren. Arrantzaren egoera aztertu zuten eta etorkizunerako alternatibak planteatu ere.

    Euskal Herriko arrantzaren historiari errepaso txikia egin ostean, hegoaldean zein iparraldean komunak diren arazoak eta egoerak plazaratu zituzten. Sektorearen beherakada (hegoaldean oso egoera kritikoan dago), praktika suntsitzaileek ekarri dituzten galerak (arrainen desagertzea, itsasoaren desertizazioa…) eta Europako zein estatu diferenteetako politika publikoek sortu dituzten ondorioak.

    Arrantza egiteko bide eta arte diferenteak azaldu zituzten, bakoitzak sortzen duen kutsadura eta eragina ere diferentea delako. Asko hitz egin zuten arte handiekin ari direnak gehienbat duten deskarte kopuruaz. Honek esan nahi du itsasontzira sartzen den arrain kopuru handi bat itsasora bueltatzen dela, hilda. Deskarte hauek %60koak dira batzuetan; 1.700 miloi tona deskartatzen da urtean. Europak gaur egun deskarteak porturatzeko legedia duen arren, ez da betetzen.

    Iturria: Baserritik Mundura

  • MONDRAGONek parte hartu zuen Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko helburuak aztertu zuen jardunaldian

    MONDRAGONek parte hartu zuen Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko helburuak aztertu zuen jardunaldian

    Bilbon egingo zen otsailaren 15ean eta balio izan zuen egiaztatzeko “enpresa-estrategia garapen iraunkorrarekin lerrokatzea enpresentzako errentagarria dela”.

    Jardunaldia honako erakunde hauek antolatu zuten: Eusko Jaurlaritzak, Agenda Euskadi Basque Country 2030aren testuinguruan; Innobasque eta Munduko Hitzarmenaren Espainiako Sareak, sektore pribatuan GIH Garapen Iraunkor Helburuen sustapenerako Nazio Batuen agintea duen erakundeak; eta Innobasque, berrikuntzaren euskal agentziak.

     “GIH eta enpresak, joerak eta aukerak” izeneko jardunaldian, GIH garapen iraunkor helburuen ikuspegi orokorra aztertu zen, eta Euskadin egiten ari den lanaren hurbilketa eta lehen eskuko esperientziak entzuteko aukera izan zen. Azaldu ziren esperientzien artean, MONDRAGON Taldearena ere aztertu zen, Ibon Antero, Eraldaketa Sozialeko ekintzen koordinatzailearen eskutik. Berarekin batera izan ziren: Elena Bou, Revenga Smart Solutions enpresako ordezkaria eta Jon Kepa Izagirre, A&B Laboratorios enpresako ordezkaria.

    Ekitaldian, Vanesa Rodriguez, Nazio Batuen Munduko Hitzarmenaren Espainiako Sarearen ordezkariak, hitzaldi bat eskaini zuen, “GIHak eta enpresa aukerak, joerak, Euskadirako eredua eta ekintzarako euskarriak” deiturikoa. Eta azkenik, Leyre Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendariak saioari amaiera eman zion.

    2015eko irailaren 25ean, mundu mailako buruzagiek helburu komunak adostu zituzten pobrezia desagertzeko, planeta babesteko eta oparotasuna bermatzeko; horiek baitira garapen iraunkorraren agenda osatzen duten aspektuak. Helburu bakoitzak xede zehatzak ditu, datozen 15 urteetan lortu beharko direnak.

    Guztira, mundua eraldatzera bideratzen diren 17 helburu dira, eta beraien artean daude: pobrezia desagertzea, energia eskuragarria eta ez kutsakorra, ezberdintasunak gutxitzea, hiri eta komunitate jasangarriak, bakea, justizia eta erakunde sendoak…

    Iturria: TUlankide

  • Bruselak Nafarroako gizarte ekonomiaren eredua nabarmendu du Europako eskualdeetako industria garapena bultzatzeko

    Bruselak Nafarroako gizarte ekonomiaren eredua nabarmendu du Europako eskualdeetako industria garapena bultzatzeko

    Nafarroako Gobernuko delegazioak Europako Kontseiluarekin batera EBko gizarte ekonomiaren sustapena aztertzeko jardunaldia antolatu du.

    “Europar Industriaren Eguna”ren eremuan, Nafarroako Gobernuko Delegazioak Europar Kontseiluarekin batera antolatutako jardunaldia izan da. Bertan, Nafarroa eredutzat hartuz, Europar Batasuneko gizarte ekonomiaren garapena aztertu dute, gizarte ekonomia garapen estrategian (S3) espresuki sartu duen EBko eskualde bakarra izan baita, Plan Integralaren bitartez garatu dutena.

    Egoera honek Europar Kontseiluaren interesa piztu du, jardunaldi honen antolaketa bultzatu duelarik, eta bertan parte hartu dute gizarte ekonomiaren alorreko hainbat sarek, horien artean, Social Economy Europe, Cooperative Europe, Lapland-eko Kooperatiba Clusterra, edota Italiako Kooperatiba Federazioa. Nafarroaren ordezkaritzan izan ziren Mikel Irujo, Gobernuko Delegatua Bruselan, eta Miguel Ugalde, Mapsako Zuzendari Orokorra.

    Iturria: Navarra.es

  • KoopFabrika, Ekintzailetza sozial kooperatiboa sustatzeko programa

    KoopFabrika, Ekintzailetza sozial kooperatiboa sustatzeko programa

    Ekintzailetza Sozial kooperatiboa eta Ekonomia Soziala sustatzeko lankidetza programaren edizio berria abiatu zen urtarrilaren 17an, Eskoriatzako Huhezi Fakultatean.

    KoopFabrika Gipuzkoako lurraldean zehar eskaintzen den programa ibiltaria da, eta lau eskualde nodo nagusitan saretzen da: Oarsoaldea, Debagoiena, Beterri-Buruntza eta Bidasoaldean. KoopFabrikaren bitartez balore sozial, kolektibo, kooperatibo, tokikoak eta eraldatzaileak lantzea bilatzen da eta azken buruan proiektu eta ekimen ekonomiko berriak martxan jartzea.

    Bigarren ikasturtea bada ere, bere ibilbideak pare bat urte gehiago du; aurrez gauzatutako bi ekimenen batura baita: Kooperatzen, Beterri-Buruntzaldean, eta Berrekin-Berregin, Debagoienean. Hor jardun ziren eragileak barneratuz eta beste batzuk batuz, bide berriari ekin zioten iaz. Sustatzaile nagusiak, Olatukoop sarea eta Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia dira, baina taldea zabalagoa da. Haiekin lankidetzan dihardute hainbat udalek, garapen agentziak eta EHUko Gezki institutuak; finantzatu, aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten du.

    Aurtengo edizioan 50 lagunek eman dute izena eta 30 proiektu inguru landuko dira. Hiru fasetan –edo fabriketan– bereizitako programa da: formakuntza, tutoretza eta saretzea. Lehena, hamar asteko trebakuntza oso praktikoa da, ekonomia sozialean oinarritutako proiektugintzaz ikasteko. Lau orduko ekimenak antolatu dituzte asteazkenetik ostiralera. Eskoriatzan edota Hernanin egiten dituzten saio bateratuetan teoria eta tresnak landuko dituzte; Eskualdekoetan, berriz, ikasitakoa euren egitasmora egokituko dute; hartara, lurralde bakoitzeko eragileekin saretu eta tokiko ekonomiaren ikuspuntua ere jasoko dute. Izan ere, proiektu kolektibo berriak hazitegi nodoetan garatzen dituzte, tokiko behar eta errealitateak aintzat hartuz. Aurten, halako bana dute Gipuzkoako lau eskualdetan, aurretik parte ziren Debagoien, Buruntza-Beterri eta Oarsoaldeari, Bidasoa bailara ere batu baitiote.

    Prestaketa amaitzean, egitasmo bakoitzaren arduradunek hainbat helburu zehaztu beharko dituzte, eta horiek lortzen laguntzeko, tutore edo bidelagun bat atxikiko zaie. Aste Santutik uda bitartean ekimen pilotuak prestatuko dituzte, eta ondoren, martxan jarri, egungo ehun komunitarioan txertatzeko tokiko eragileekin saretzea landuz.

     

    Arianne Kareaga Irazabalbeitia

    Lanki Ikertegiko teknikaria

    Mondragon Unibertsitatea               

  • Ba al zenekien…

    Ba al zenekien…

    … 2017 urtean 182 kooperatiba berri erregistratu zirela Euskal Autonomia Erkidegoan eta 731 bazkide berri metatzen dituztela? Eta hiru euskal hiriburuetan kokatzen direla erdia baino gehiago? Eta Kooperatiba berri gehienak, %70, txikiak direla?

    2017 urtean Eusko Jaurlaritzako kooperatiben erregistroan 182 kooperatiba berri erregistratu ziren, aurreko urtean baino zerbait gutxiago (218 erregistratu ziren). Horietatik gehienak kooperatiba txikiak dira, %70, eta guztiotan 731 bazkide berri biltzen dira, datu azpimarragarria.

    Kooperatiba berriok Bizkaian sortu dira gehienbat (%55), Gipuzkoak jarraitzen diolarik (%37), eta Araba delarik kooperatiba berri gutxien sortu den lurraldea 2017 urtean (%8).

    Euskal Autonomia Erkidegoko ehun ekonomikoaren ezaugarri den hiriburuetako garrantzia begi bistakoa da kooperatiben kasuan ere. Izan ere, batez ere Bilbon (65 kooperatiba), Donostian (22) eta Gasteizen (8) kontzentratzen dira erregistratu berri diren kooperatiba guztien erdia baino gehiago, %52a zehazki. Gipuzkoako ertzean aurkitzen den Irun udalerriaren kasua ere aipagarria da, non 9 kooperatiba erregistratu diren, Arabako hiriburuan baino bat gehiago.

    Kooperatibok biltzen dituzten bazkideei dagokienez, gehienak 2-3 langilekoak dira (normala, kooperatiba txikien proportzioa kontuan hartuz), baina badira bazkide ugariko zenbait kooperatiba ere. Honela, 6 kooperatibetan bazkide berri guztien %31 metatzen dira, hots, 228 bazkide. 731 bazkide berri hauen artean, gehiengoak (%60) gizonezkoak dira, emakumezkoak %37 dira eta entitateak oso urriak (%3).

    Kooperatiba motari dagokionez, lan elkartukoak dira sortzen diren gehienak askogatik (%76), EAEko kooperatiba ehunaren ezaugarri ezberdingarria delarik beste lurraldeekin alderatuz. Jarraian etxebizitzakoak aurkitzen dira (%20) eta gainontzekoak oso urriak dira: kontsumoko eta irakaskuntzako bina kooperatiba berri erregistratu dira, baita esplotazio komunitarioko bat ere.

    Jardueraren inguruan aniztasun handiagoa aurkitzen dugu kooperatiba berriotan. Hala ere, esanguratsua da nola eraikuntza sektorean kooperatiba guztien %40 metatzen diren. Jarraian Jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak (%12) eta Informazioa eta komunikazioa; Merkataritza; Ostalaritza; Hezkuntza arloko jarduerak aurrera eramaten dituzten kooperatibak aurkitzen dira, azken hauetariko bakoitzak sorturiko kooperatiben %7 suposatzen dutelarik gutxi gora behera. Manufaktura industriako kooperatibak zertxobait gutxiago dira, %5,5 inguru.

    Infografia

    Iturria: GEEB

     

  • Gizarte Ekonomia eta Solidarioko 2018ko ekitaldi garrantzitsuenak

    Gizarte Ekonomia eta Solidarioko 2018ko ekitaldi garrantzitsuenak

    2018 urtea Gizarte Ekonomia eta Solidarioko ekitaldi garrantzitsuz beteta dator, eta agenda data garrantzitsuz beteta bukatzen dugu urtarrila.

    Hasteko, otsailean zehar bi kurtso hasiko ditugu gurean. Lehena, hilaren 12an hasiko da, “ESS eta gizarte inklusio/bazterketa pobreziaren sortzaile bezala eta tokiko gizarte-garapen komunitarioa” Emausek antolatutakoa eta 7 astetan zehar gauzatuko dena. Bigarrena, 23an hasiko da UPV/EHUko Bilboko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, eta “Kooperazioaren erronkak eta garapena ekonomia globalean” izena hartzen duena.

    Bestalde, urtean zehar Gizarte Ekonomia eta Solidarioko adituak eta ikertzaileak bilduko dituzten hainbat kongresu eta topaketa egingo dira.

    Maiatzaren 16tik 18ra, Bresten (Frantzia) RULESCOOP Sarearen Nazioarteko Topaketa egingo da.

    Maiatzaren 30etik ekainaren 1era Liejan (Belgika), CIRIEC-eko 32. Nazioarteko Kongresua ospatuko da “Ekonomia Publikoa, Soziala eta Kooperatiboa erreboluzio digitalean” lemapean.

    Uztailaren 4tik 6ra, Holandan Nazioarteko Aliantza Kooperatiboaren Ikertzaileen Kongresua, enpresa kooperatiboen berrikuntzaren ingurukoa izango dena.

    Uztailaren 10etik 13ra ISTR- International Society for Third Sector Research- eko 13. Nazioarteko Topaketa egingo da Amsterdameko Unibertsitatean.

    Gure agendako jardunaldi garrantzitsuenetako bat, Bilbon egingo dena, Global Social Economy Forum (GSEF, 2018) izango da, urriaren 1etik 3ra, “Tokiko garapen barneratzaile eta jasangarri baterako balioak eta lehiakortasuna” lemapean.

    Azkenik, urriaren 4 eta 5ean Toledon CIRIEC-eko Gizarte Ekonomia eta Solidarioko Ikertzaileen XVII Kongresua egingo da.

    Informazio gehiago agendan.

    Iturria: OVES eta CIRIEC

  • Aniztasun funtzionala duten Lantegi Batuak-eko 14 pertsonak praktikak egiten ari dira italia eta finlandiako enpresetan

    Aniztasun funtzionala duten Lantegi Batuak-eko 14 pertsonak praktikak egiten ari dira italia eta finlandiako enpresetan

    K1 Erasmus Plus programaren barruan kokatutako nazioarteko praktikak dira eta profesionaltasun ziurtagiria lortu duten adimen-urritasuna duten pertsonek Europan egingo dituzten lehenak dira.

    Italiako prestakuntza Riminin egiten ari da, 2018ko urtarrilaren 11 eta otsailaren 7a bitartean, metalaren sektoreko 4 enpresatan (Italmec, Amaducci Meccanica, Sigom eta Tecnallmec). Zehazki, 7 pertsona joan dira Italiako hiri horretara -2 emakume eta 5 gizon-, Lantegi Batuak erakundeko bi laguntzailerekin, bata profil teknikokoa eta bestea gizarte profilekoa.

    Zazpi pertsona horiek Lantegi Batuak-en egiten dute lan, zehazki Etxebarri, Zorrotza, Erandio eta Otxarkoagako zentro okupazionaletan. Duela gutxi profesionaltasun ziurtagiria lortu dute fabrikazio mekanikoko laguntza operazioen kategorian. Horretarako, 400 prestakuntza ordu jaso dituzte Sopuertako San Viator zentroan, iraila eta abendua bitartean.

    Era berean, enplegu egonkorra lortzeko plataforma gisa ere baliagarria izango da, bai Lantegi Batuak-en zentro-sarean, baita metalaren sektoreko enpresetan ere.

    7 pertsonako beste talde batek ere horien antzeko prestakuntza praktikak egingo dituela aurreikusi da, kasu honetan Finlandian, nekazaritza sektorean.

    Orokorrean, prestakuntza proiektu honek Gazteability programan dauka oinarria. Europako Gizarte Funtsak finantzatzen lagundu duen programa bat da eta Lantegi Batuak erakundea parte-hartzaileetako bat da. Urritasuna duten 30 urtetik beherako pertsonentzako prestakuntza-jarduerak eta lan arloko babesa bideratzeko helburua duen ekimena da.

    Iturria: Lantegi Batuak

  • Gipuzkoako Aldundia Kontratazio Eskuliburua prestatzen ari da, kontratazio etikoan sakontzeko

    Gipuzkoako Aldundia Kontratazio Eskuliburua prestatzen ari da, kontratazio etikoan sakontzeko

    Kontratazio Eskuliburua osatzen ari da Foru Aldundia, irizpideak elkartzeko eta segurtasun juridiko handiagoa izateko xedez, eta, batez ere, eraginkortasuna,  eragimena, gardentasuna eta osotasuna hobetzeko obra, ondasun eta zerbitzuei buruzko kontratazioan.

    Bi zatitan banatzen da dokumentua, nagusiki. Lehenengo zatian, era askotako gomendioak jasotzen dira, batzuk formal hutsak, baina beste batzuk funtsezkoak direnak, besteak beste: eskaintza baxu edo ausartegiei eman beharreko tratamendua; esleitzeko irizpide egokiak aukeratzea eta modu zuzenean balioestea; etab.

    Bigarren zatian, berriz, hainbat irizpide eta argibide jasotzen dira gizarte eta ingurumenari lotutako eta beste politika publiko batzuei buruzko klausulak kontratazio publikoan sartuko direla bermatzeko, eta baita ere klausula horien kontrola eta jarraipena egiteko. Modu espezifikoan garatzen dira enpresa esleipendunek kontratatutako langileen lan baldintzak bermatzera bideratutako klausulak eta, horretarako, kontrol bereziak aurreikusten dira kontratua gauzatzen den prozesurako.

    Labur esanda, kontratazio publikoari buruzko Europar Batasuneko zuzentarau berriekin bat eginez eta kontuan hartuta ‘Europa 2020’ estrategia, hazkunde adimenkor, jasangarri eta integratzailea lortzera zuzendutakoa, Eskuliburu honen bitartez, “helburu sozialak aintzat hartzen dituen kontratazio publikoa sustatu nahi da, enpleguaren babesa, gizarte inklusioa eta integrazioa bultzatzeko, lan baldintzak bermatzeko, ingurumena babesteko eta eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko, besteak beste”.

    Iturria: Gipuzkoa.eus