Bloga

  • Bitartekariak kooperatiben esparruan prestatzeko ikastaroa

    Bitartekariak kooperatiben esparruan prestatzeko ikastaroa

    Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak bitartekariak kooperatiben esparruan prestatzeko ikastaroaren beste edizio bat aurkeztu du. Prestakuntza erdipresentziala, kooperatibetan gatazka-egoerei aurre egin behar dieten pertsonei eta kanpoko aholkulariei zuzendua.

    Ikastaroaren helburua da profesionalak teknikoki gaitzea erakundeetan egon daitezkeen pertsonak eta gatazka-egoerak kudeatzeko, eta erakunde eraginkorrak, produktiboak eta osasungarriak lortzea.

    Prestakuntza erdipresentziala da, online jarduerak eta 35 ordu presentzialak dituena.

    Informazio gehiago hemen.

    Iturria: OVES-GEEB

  • Manuel Garcia Jimenez, ‘CIRIEC-España, Revista Jurídica de Economía Social y Cooperativa’ aldizkariko zuzendari izendatu dute

    Manuel Garcia Jimenez, ‘CIRIEC-España, Revista Jurídica de Economía Social y Cooperativa’ aldizkariko zuzendari izendatu dute

    CIRIEC-Españako Zuzendaritza Kontseiluak, joan den urtarrilaren 24an Madrilen egin zen bileran, Manuel García Jiménez, Kordobako Unibertsitateko Lan Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakaslea, izendatu zuen ‘CIRIEC-España, Revista Jurídica de Economía Social y Cooperativa’ aldizkariko zuzendari berria. Gemma Fajardo eta Jesús Olavarría (Universitat de València) irakasleak ordezkatu ditu. Haiek zuzendu dute argitalpena lehen 30 urteetan. Denbora horretan, eta etengabeko kudeaketa-hobekuntzen bidez, bi zuzendariek CIRIECen aldizkari juridikorako Espainiako Zientzia eta Teknologia Fundazioak (FECYT) ematen duen ‘Aldizkari Bikaina’ zigilua lortu dute. Zigilu hori berritu egin da eta nazioarteko datu-base askotan indexatu da.

    Manuel García Jiménez Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziaduna (Soziologia Atala) eta doktorea da Kordobako Unibertsitatean, ‘Lan-istripuen mutuak: Gizarte Segurantzaren kudeaketa pribatua’ tesiari esker. Ematen dituen irakasgaien artean ‘Autoenplegua eta ekonomia soziala’ edo ‘Zuzenbide sozial komunitarioa’ daude, Lan eta industria harremanetako beste irakasgai batzuekin batera.

    Berriki, ACI, OIT eta CICOPek sustaturiko “Cooperatives and the World of Work” liburuan parte hartu zuen, eta bertan “Langile kooperatiboen autonomia edo jabetzaren heteronomia” kapitulua idatzi zuen. García Jiménezek berak kapitulu hori ekainean aurkezteko aukera izan zuen, Lanaren Nazioarteko Erakundeak Genevan duen egoitzan, kooperatibei eta lanaren etorkizunari buruzko ACI erakundearekin batera egindako lanaldiaren esparruan.

    Iturria: Observatorio español de Economía Social

  • Gizarte Ekonomiako I Unibertsitate Astea – I Semana Universitaria de Economía Social

    Gizarte Ekonomiako I Unibertsitate Astea – I Semana Universitaria de Economía Social

    Manifestua irakurtzeko (gazteleraz) egin klik Hemen.

    Disponible el manifiesto, aquí.

  • Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkariaren 16. alea argitaratu berri da

    Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkariaren 16. alea argitaratu berri da

    UPV/EHU-ko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutu GEZKIk argitaratzen duen aldizkariaren 2019 urteko alea eskuragarri dago web orrian. 192 orrialde dituen ale honetan, gaztelera eta euskarazko 7 artikulu zientifiko-akademiko eta sententzia komentario bat jasotzen dira.

    Oraingoan ere kooperatiben nahiz gizarte ekonomiako beste erakundeen inguruko euskal ikuspuntu akademiko eta profesionala da protagonista, besteak beste, euskal jurista eta ikertzaileen lanak bildu baitira (Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak).

    Honela, irakurleak hainbat gairen inguruan eguneratu eta sakontzeko aukera izango du; hala nola, egintzen inskripzioari dagozkion Euskadiko elkarteen erregistroaren ahalmena; neoliberalismoari aurre egiteko erreminta den berrikuntza Sozial eraldatzailea; Clade taldearen azterketaren bidezko gizarte-balioaren monetizazioa; KoopFabrika kasuaren azterketaren bidezko Ekintzailetza sozial kooperatiboa; eta Euskadiko etxebizitza-kooperatiben bazkideen erantzukizun-errejimena. Era berean, Querétaroko Unibertsitatetik (Mexiko) eta Copenhagueko Unibertsitatetik (Danimarka) helarazitako ikerketa interesgarriak ere jaso dira, denbora-bankuen eta Danimarkako kooperatibismoak kapitalismoaren alternatiba gisa izandako bilakaeraren inguruan, hurrenez hurren. Azkenik, Kooperatiben Arbitrajeko Euskal Zerbitzuaren laudo baten iruzkina jaso da zenbaki honetan, hain zuzen ere, kooperatiben kontabilitate bikoitzaren eta galerak norberaren gain hartzearen inguruan.

    Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkariaren 16. alea oso osorik edo kapituluka eskuratzeko, egin klik hemen.

    Iturria: GEEB, GEZKI

  • REASek Merkatu Sozialari buruzko Batzarra egin zuen

    REASek Merkatu Sozialari buruzko Batzarra egin zuen

    REAS sareak Ezohiko Batzarra egin zuen abenduan, merkatu sozialari buruzko eztabaida estrategikoaren ingurukoa. Eztabaida kontestualizatu eta mamitzeko, Susana Ortega Merkatu Sozialeko estatu-kontseilariak atzera begirakoa egin zuen Merkatu Sozialak hamar urte baino gehiagoko ibilbidea egin zuenetik “pausoz pauso” dokumentutik abiatuta, eta AMIA aurkeztu zuen, 2018ko abenduko Merkatu Sozialaren Estatuko Bileran ateratako ondorioetatik abiatuta. Era berean, Carlos Askunzek eta Marian Diezek, REAS eta REAS Euskadiko Kontseiluko kideek, “Merkatu soziala: ekonomia solidarioa hedatzeko estrategia” izeneko artikulua azaldu zuten. Artikulu horrek, ekonomia solidarioa hazi eta zabaltzeko estrategia gisa, Merkatu Sozialak duen erdigunea nabarmentzen du.

    Ibilbide eta oinarri teoriko horren inguruan, eztabaida ireki bat egin zen Merkatu Sozialaren helburu estrategikoei buruz. Une horretan, hainbat gogoeta egin ziren: azokak berbideratzekoak diren ala ez, Gizarte Auditoriak Merkatu Sozialaren ikuspegitik birpentsatzeko beharra eta barne-kontsumoa indartzearen garrantzia, besteak beste. Proposamen horiekin batera, adostasun handia izan zuen eta, nolabait, ondorio nagusitzat hartu zen topaketa osoan zehar: Erakundeen nortasuna eta kohesioa indartuz soilik lortuko dute Ekonomia Solidarioa hedatzeko estrategiaren bidez bilatzen duten sendotasuna eta eragina.

    Merkatu Sozialeko ekintza-plana osatzeko helburu estrategikoak zehazten jarraitzeko, hiru lan-mahai egin ziren. Komunikazioa, Aliantzak eta Tresnak izan ziren gainerako eztabaida-ardatzak, eta, hala, berdefinitu egin zen talde-kontakizuna, hitzarmenak sinatzeko eta egungo eta etorkizuneko aliantzak indartzeko proposamenak definitu ziren, eta merkaturatze- eta lankidetza-estrategia berriak ezarri ziren.

    Batzar horretako azken puntu gisa, Ekonomia Eraldatzaileen Gizarte Foroaren antolakuntzan sareko ordezkariek foro horretan sustatzen ari den bateratze-prozesuaren aurkezpena egin zuten, eta aurtengo maiatzeko topaketarako hurrengo urratsak eta etorkizunean jarraitzeko beste proposamen batzuk egin zituzten.

    Topaketari amaiera emateko, albiste handi bat: REASek 2020an 25 urte beteko ditu. Beraz, datorren urtean lanean ari den eta sareetara parte hartzera gonbidatzen den gertaera garrantzitsu hori ospatzeko jarduerak eta ekintzak izango dira.

    Iturria: REAS

  • ‘Hauspotu’ programa aurkeztu dute Donostian

    ‘Hauspotu’ programa aurkeztu dute Donostian

    Joan den ostiralean, urtarrilaren 24an, aurkeztu zuten Donostian Hauspotu, herriak bizituz programa, Euskal Herriko eremu zabalek nozitzen duten despopulazio eta gainbeherari tokiko proiektu eraldatzaileen bidez aurre egiteko. Udalbiltzak, Koop57 finantza erakundeak eta OlatuKoop sareak elkarlanean abiatu dute programa.

    Ekimenaren aurkezpen bideoa ere egin dute, hemen ikusgai.

    Euskal Herrian herritarren %83 hiriguneetan edo hortik gertu bizi da eta soilik %13 bizi da landa-gunean, Gaindegiaren azken datuen arabera. Despopulazioaren arazoa larria da oso zenbait tokitan: nafar Pirinioetan %14 egin du behera biztanleriak hamarkada batean, Zuberoan %4,6 eta Arabako mendialdean %9.

    Egoera horrek lotura zuzena du zerbitzuen eskuragarritasunarekin, Gaindegiak Udalbiltzaren eskariz iaz egindako ikerketa batean ondorioztatu zuenez: orduan eta osasun zentroak edo eskolak urrunago izan, gero eta biztanleria galera handiagoa jasaten dute herriek.

    Udalbiltzaren ustez lurralde desoreka horri aurre egiteko “neurririk hartzen ez bada, egoerak ez du atzera bueltarik izanen”. Erakunde horrek lehenago jarri izan du indarrik zentzu horretan, Euskal Pirinioetan lan eta bizi programa kasu. “Emaitza baikorrak” izan dituen esperientzia horretatik abiatuta, despopulatzen ari diren beste eskualdeetan ere eragiteko hautua egin du orain.

    Ekonomia eraldatzailea ardatz

    Euskal Herriaren “irria” osatzen duten eremuetan jarriko dute martxan Hauspotu, herriak bizituz programa. Mapan, zirkulu erdi bat marrazten dute Pirinioetatik Enkarterrietaraino, Nafarroa erdialdea eta Arabako mendialdetik igarota.

    Horretarako ekonomia sozial eraldatzaileko (ESE) eragileak izango ditu aliatu Udalbiltzak. OlatuKoop sareak babes teknikoa emango du formazio jardunaldiak eta bide-laguntza eskainiz. Lehen jardunaldia Garesen izango da, otsailaren 7an eta izena hemen eman daiteke.

    Ekonomia eraldatzailearen balioetan oinarrituriko proiektu berriak sortu edo martxan daudenak indartzea dute helburu, agroekologia, etxebizitza komunitarioak eta bestelako ekimen kolektiboak barne. Hau da, antolaketa demokratiko eta parte-hartzaile baten bidez, kapitala ez baizik bizitza erdigunean jartzen duten egitasmoak bultzatzea. Ekonomikoki Koop57ren laguntza izango dute proiektuok, finantza etiko eta solidarioan oinarrituriko mikrokredituen bidez –denera 250.000 euro arte–.

    “Zerbitzuak eta biztanleak mantentzeko zailtasunak dituzten herriei bultzada” eman eta lurralde desorekaren “kontzientzia” garatu nahi dute Hauspotu-ren bidez. Despopulatzen ari diren herrietan ere egon dadin jendea irri egiteko.

    Ekimenaren inguruko informazio zabalagoa, hemen.

    Iturria: ARGIA

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko urtarrileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko urtarrileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Tokiko Garapen Iraunkorraren Atari berria

    Tokiko Garapen Iraunkorraren Atari berria

    Hegoa Institutuak Tokiko Garapen Iraunkorraren Atari berriztatua aurkeztu du. Erabilera libreko erramienta hau diseinatzerakoan ikasleak, irakasleak zin ikertzaileak izan dituzte buruan, baita garapenarekin lotuta dauden arloetako profesionalak eta erakundeak ere.

    Tokiko Garapen Iraunkorraren Atariak ildo horretan sortzen ari diren ekarpen teoriko eta praktikoen aberastasuna jaso nahi du, Nazio Batuen erakundeen, batez ere NBGP, hausnarketa akademikoen, eta giza garapenaren eta iraunkortasunaren sustapenean lan egiten duten gizarte-mugimendu eta erakundeen ekarpenak bilduta. Tokiko giza garapen iraunkorraren ikuspegia eskaintzen du, proposamen bakar bati lotzen ez zaiona eta eduki teoriko eta eskakizun politiko ugari dituena. Atari honek baliabide esanguratsuenak hautatu nahi ditu, eta tokiko giza garapen iraunkorraren inguruan interesa dutenei sarbidea erraztu nahi die.

    Hegoa Institutuaren nahia atarian aurkitu daitezkeen baliabideen kopurua handitzea da. Erreferentzia horiek dokumentuen, ikus-entzunezko materialaren, erreferentziazko webguneen, prestakuntza-ikastaroen eta jardunbide egokien zerrenda zabala osatzen dute.

    Ataria hemen

    Iturria: Hegoa

  • CIRIECen Ekonomia Sozialeko Ikertzaileen Nazioarteko XVIII. Biltzarrerako komunikazioak aurkezteko epea abian da

    CIRIECen Ekonomia Sozialeko Ikertzaileen Nazioarteko XVIII. Biltzarrerako komunikazioak aurkezteko epea abian da

    CIRIEC-Españak Ekonomia Sozialeko Ikertzaileen Nazioarteko XVIII. Biltzarrerako komunikazioak aurkezteko deia egin du. Biltzarra 2020ko irailaren 17an eta 18an izango da Mataró-Maresmeko Tecnocampus-ean, Pompeu Fabra Unibertsitateari atxikia (UPF). XVIII. Kongresuaren gai nagusia “Ekonomia soziala: garapen jasangarria sustatzeko eta desberdintasunak murrizteko tresna” da. Biltzarra CIRIEC-Espainiak antolatzen du, UPFko Ekonomia Sozialeko Katedraren, Fundació Roca Galèsen eta Xarxa d’Economia Solidàriaren (XES) laguntzarekin.

    Kongresua 8 tailer orokorretan eta gaikako 17 lantegi paralelotan egituratuko da. Horietan bilduko dira gaur egungo eztabaida zientifiko eta praktikoak, gizarte-ekonomiari buruzkoak, besteak beste, eta, bereziki, Nazio Batuen 2030 Agenda lortzeko izan duen zereginari buruzkoak, eta mundu berdinago bati egin dion ekarpenari buruzkoak.

    Ikertzaile guztiei beren lan zientifiko, teoriko eta enpirikoak bidal ditzaten eskatzen zaie. Horrekin batera, irakaskuntza komunikazioak aurkeztuko dira tailer berezi batean. Bertan, kooperatibismoa eta gizarte ekonomia irakasgaietako berrikuntzak azalduko dira. Doktoregaientzako doktorego-tesien proiektuak aurkezteko tailerra eta Espainiako Unibertsitateko ikertzaile eta irakasleen egungo egoerari buruzko hausnarketa-tailerra ere izango dira.

    Aurreko edizioetan bezala, Kongresuan bi sari emango dira: 35 urtetik beherako ikertzaile gazteek, doktoreek eta doktore ez direnek aurkeztutako bi komunikazio onenak, eta azken bost urteetan eta 2019ko otsailaren 28ra arte defendatutako bi doktoretza-tesi onenak.

    Komunikazioak aurkezteko baldintzak eta epeak

    Martxoaren 30era arte onartuko dira komunikazio proposamenak, eta 2 orrialde izanen ditu, bibliografia barne. Komunikazioetako testu osoak 2020ko ekainaren 15a baino lehen bidali beharko dira, eta 15-25 orrialde izan beharko dituzte, DIN A4 formatua, lerroarte sinplea, Arial 11 letra, laburpena, 4-8 gako-hitz eta bibliografia barne.

    ‘Call for papers’ dokumentuaren arabera, Tailer Orokorretarako (TO) honako hauei buruzko komunikazioak onartuko dira (gazteleraz soilik):

    • Gizarte-ekonomia: garapen jasangarria sustatzeko eta desberdintasunak murrizteko tresna
    • Gizarte-ekonomia Katalunian eta Espainian
    • Kooperatibismoaren historia
    • Autogestioa eta partaidetza kooperatibetan eta ekonomia sozialean
    • Ekonomia sozial eta solidariorako politika publikoen belaunaldi berria
    • Gizarte-ekonomia, ekonomia zirkularra eta ingurumen-jasangarritasuna
    • Ekonomia soziala eta garapen iraunkorraren helburuak
    • Gizarte-finantzak, banku etikoa, gizarte-txanponak eta inpaktu-inbertsioak

    Gaikako tailerretan honakoak jorratuko dira:

    T.1.- Gizarte-ekonomiako erakundeetan ekitea gizarte-ekimeneko formula natural gisa: oztopoak eta erraztasunak

    T.2.- Gizarte-enpresa, gizarte-ekonomiaz haraindiko eredua?

    T.3.- Ekonomia Sozialaren esperientzia berriak Iberoamerikan

    T.4.- Eraldaketa jasangarria gizarte-ekonomiaren bidez: landa-garapena

    T.5.- Garapenaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren arteko harremanari buruzko eztabaida

    T.6.- Nekazaritzako elikagaien kooperatiben apustuak erronka ekonomiko eta sozialei aurre egiteko

    T.7.- Garapen iraunkorrerako gobernantza kooperatiboa

    T.8.- Informazio ez-finantzarioa eta erantzukizun sozial korporatiboa gizarte-ekonomiako erakundeetan

    T.9.- Erakundeen balio soziala eta jasangarritasuna

    T.10.- Gizarte-ekonomiaren sustapena nazioz azpiko ikuspegitik

    T.11.- Gizarte-ekonomia eta garapen jasangarria: lankidetza-ekonomian oinarritutako eredu ekonomiko berriak

    T.12.- Gizarte-ekonomiako enpresen titulartasuneko lankidetza-plataformak

    T.13.- Sarea, gizarte-ekonomiako enpresen eta haien bazkide edo partaideen arteko lankidetzarako gunea

    T.14.- Gizarte-ekonomia legeetan

    T.15.- Kooperatibak integratzea eta nazioartekotzea: bigarren mailako kooperatibak, taldeak, bat-egiteak eta belaunaldi berriko ereduak

    T.16.- Kooperatibismoa eta digitalizazioa

    T.17.- Gizarte-ekonomia, boluntarioak eta hirugarren sektorea gizarte-desberdintasunaren aurrean

    Irakaskuntza-komunikazioei eta -berrikuntzari buruzko tailerra

    Gizarte ekonomiaren eta kooperatibismoaren irakaskuntzari buruzko komunikazioak onartuko dira. Besteak beste, irakaskuntza-berrikuntzako proiektuak, irakaskuntza-metodologiak, irakaskuntza-materialak, gizarte-ekonomiak graduko eta graduondoko ikasketa berrietan duen presentzia, diplomen aurkezpena, enpresa-ekimena sustatzea irakaskuntza-maila guztietan parte hartzen duten enpresen esparruan. Lantegi honetarako, gehienez ere komunikazio bat onartuko da egile bakoitzeko.

    Komunikazioen argitalpena

    Onartzen diren jakinarazpen guztiak CIRIEC-Españaren web gunean argitaratuko dira, ISBN eta guzti. Gainera, jakinarazpenak CIRIEC-España, Economía Pública, Social y Cooperativa eta CIRIEC-España aldizkarietako Erredakzio Kontseiluetara, Revista Jurídica de Economía Social y Cooperativa aldizkarietako artikulu-modura argitaratzeko bidali ahal izango dira, Kongresuaren aurreko edizioetan egin den bezala.

    Laburpenak eta komunikazioak XVIII. Kongresuko Idazkaritzara bidali behar dira, posta elektronikoz: ciriec@uv.es. Gaian, XVIII. CIRIEC BILTZARRA – LABURPENA/KOMUNIKAZIOA jarri behar da. – Tailerra – Abizenak, Izena –

    Adibidea: XVIII. CIRIEC BILTZARRA – LABURPENA – T4 – Garrido Velázquez, María.

    Komunikazioetako laburpen eta testu osoak XVIII. Kongresuko Batzorde Zientifikoak ebaluatuko ditu, Ebaluazio Batzorde baten aholkuarekin. Maiatzeko bigarren hamabostaldian, egileek jakinarazpen proposamena onartu edo baztertu izanaren jakinarazpena jasoko dute.

    XVIII. Kongresuan Red Enuies ere izan da, Ekonomia Sozialeko Institutu eta Ikerketa Zentroen Espainiako Unibertsitate arteko Sarea.

    Call For Papers dokumentua deskargatu daiteke (gazteleraz), hemen.

    Iturria: Obsevatorio español de economía social

  • Euskadiko Kooperatiben Lege berria onartu da

    Euskadiko Kooperatiben Lege berria onartu da

    Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Kooperatiben Lege berria onartu zuen abenduaren 20an, euskal kooperatibismoaren garapena bultzatzeko.

    María Jesús San José Lan eta Justizia sailburuak nabarmendu zuenez, lege berriak estaldura juridikoa eta egonkortasuna ematen die euskal kooperatibei, haien garapena bultzatzeko, haien nortasun-ezaugarriak indartzeko eta kalitatezko lanpostuak sortzen jarraitzeko, balio eta printzipio demokratiko, parte-hartzaile eta solidarioetan oinarrituta.

    Euskadiko Kooperatiben Lege berriak sozietate bat kooperatiba gisa definitzen duten funtsezko elementuak mantentzen ditu, kooperatiba-formularen erabilera zehaztasunez eta xehetasunez arautzen du, bazkideen erantzukizunari buruzko segurtasun juridikoa eskaintzen du galerak egozteari dagokionez, administratzaileen betebeharrak eta erantzukizuna zehazten ditu, egitura-aldaketak ahalbidetzen ditu, hala nola zatiketa eta bereizketa, eta kooperatiba-araudia egokitzen du kontabilitateari eta kontu-ikuskaritzari buruzko araudiak sartutako berrikuntzetara.

    Legeak gobernu kooperatiboa indartzen du, arlo horretako sozietate-zuzenbidearen berrikuntzekin bat etorriz; zenbait kooperatiba-mota legez eratu direla berrikusten du, kooperatiben erregimen organiko eta funtzionalera egokitzen direla bermatzeko, hala nola etxebizitza-kooperatibak eta lan elkartuko garraio-kooperatibak, eta enpresa-sustapeneko kooperatibak eta junior kooperatibak gehitzen ditu errealitate kooperatibo berriak sartzeko.

    Organo sozialei dagokienez, kooperatiben izaera autoantolamenduan sakontzen da, eta zenbait alderdi malgutzen dira, hala nola Batzar Nagusia egitea, Kontseilu Soziala edo Zaintza Batzordea egotea, eta organo sozialen funtzioak doitzen dira.

    Araubide ekonomikoaren erregulazioari dagokionez, kooperatibaren ondare erkidea indartzen da, haren sostengua eta enpresaren jarraipena. Bazkideen erantzukizunari dagokionez galerak egozteko araubidea argitu da, kooperatibaren kaudimengabezia kasuetan bereziki eragiten duena. Era berean, argitu egiten da bazkideek kapital sozialari hartzekodun pertsonalei egindako ekarpenen izaera enbargaezina edo bazkideen ekarpenen berregingarritasuna.

    Arlo honetako beste alderdi garrantzitsu bat da finantza-emisioetan bazkide ez diren hirugarrenekiko informazioaren betebeharrak areagotzea eta, oro har, bestelako finantzazioak ahalbidetzea. Gainera, sozietate-esparruan, kooperatiben autogestio-izaera errazten da, funtzionamendua eraginkorragoa izan dadin. Ildo horretatik, bazkideak bajan daudenean dirua itzultzeko irizpideak berrikusi dira; kapital soziala edo jarduera kooperatibizatua murriztu da; edo bazkideak ez diren likidatzaileak sartu dira sozietate-krisian.

    Bestalde, sailburuak adierazi zuen EAEko kooperatiben kopurua 1.600 baino handiagoa dela, eta Euskadin 60.000 lanpostu daudela, biztanleria okupatuaren %6 eta industria-sektorean presentzia handia dutenak. “Kooperatibak dira Euskadiko Gizarte Ekonomiaren ardatza –esan du–, eta Euskadi 2020 Gobernuaren programan jasotako lege berriak euskal kooperatiba-eredua sustatzeko, haren lehiakortasuna hobetzeko eta lehiatu behar duten egoera eta merkatu berrietara egokitzeko helburuan eragiten du”.

    Iturria: Irekia