Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.
Bloga
-

Argindar faktura murrizteko hainbat neurri aurkeztu ditu Goienerrek
Covid19ren ondorioz kontsumitzaileek izan ditzaketen larritasun ekonomikoen aurrean, Goiener Taldeak hainbat neurri biltzen dituen dokumentua aurkeztu du Trantsizio Ekologikorako Ministerioan eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean (CNMC). Argindarraren faktura murriztea eta zatika ordaindu ahal izatea planteatzen dute neurri hauek.
Goiener Taldeak, 70 merkaturatzaile independenterekin batera, langabeziak edo/eta jarduera uzteak edo murrizteak eragindako ondorioak arintzeko ohiz kanpoko neurriak hartu behar dituzten kontsumitzaile guztientzat segurtasun juridikoa bermatzeko neurriak biltzen dituen dokumentua aurkeztu du. Dokumentu hori joan den martxoaren 24an aurkeztu zuen Trantsizio Ekologikorako Ministerioan eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean (CNMC). Orain arte ez du erantzunik jaso baina Goienerrek bazkideei bidalitako gutunean adierazi duenez, “espero dugu aurki berri onak ematea, egoera berezi honi elkarrekin aurre egiteko eta ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen”.
Faktura murrizteko neurriak
Neurri hauen helburua da faktura elektrikoaren gastua murriztea, bezeroek ordaindu beharreko elektrizitate-horniduraren kostu finkoak murriztuz, eragindako pertsona fisiko eta juridikoen karga ekonomikoa arintzeko, eta kontratatutako potentzia egokitzeko erraztasunak emanez “modu arinean eta doan”.
Bestalde, sistema bat ezarri nahi da, beharrezkoa denean, merkaturatzaile independenteek azken bezeroari egin beharreko fakturen ordainketa zatikatzeko eta, era berean, banatzaileetara sartzeko bidesarien ordainketak atzeratu ahal izateko, ordainketa benetan egin arte.
Iturria: Argia
-

Etxean internetik ez daukaten haurrei konexioa eskaintzen hasi da Izarkom operadorea
Etxeratzen lehenengoak izan ziren haur eta gaztetxoak. Internet bidez eskolako lanei jarraipena ematen saiatuko zirela azaldu zuten ikastetxeek. Alabaina, etxe guztietan ez dago interneterako sarbiderik eta hainbat ikasle jokoz kanpo geratu da. Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa ikastetxeekin elkarlanean ari da, ahalik eta prezio baxuenean, hainbat etxetan konexioa izan dezaten.
Izarkom kooperatiba duela hiru urte sortu zen eta sortzaileetako bat da Gari Garaialde. Euskadi Irratiak elkarrizketa egin dio abian jarri duten egitasmoaz. Garaialdek adierazi du oso erraz esan zutela egoera larri honetan langileek telelana egingo zutela eta ikasleak etxetik arituko zirela. Alabaina, arrakala digitala Kazakhstanen ez, baizik eta “gure herrietan eta auzoetan daukagu. Denok ez gara konektatuta bizi”.
Mikel Garcia kooperatibako bazkide eta irakasleak bota zuen amua, bere ikasleetako lauzpabostek ez baitzuen konexiorik. Zer egin zezakeen kooperatibak arrakala nolabait gainditzeko? Bada, ikastetxeetara SIM txartelak bidaltzen dituzte eta irakasleak arduratzen dira beharra dutenen etxeetara txartelok iristeko. Txartelok interneterako datu kopuru jakin bat dute, Garaialdek egin duen kalkuluaren arabera, hilabeteko etxealdiari eusteko adinakoa. Kooperatibak adierazi du kostu-prezioaren azpitik ari dela txartelak banatzen, alegia, 17 gigabyteko txartela 11 eurotan (BEZ barne). Izarkomek konexioa eskaintzen du, ez ordenadorea edo tableta. Hainbat ikastetxe halako horniketak egiten ari da.
27 SIM txartel banatu dituzte eta 20-30 ikastetxek informazioa eskatu diete.
Etxean beharra duten gurasoei eta konexiorik gabe dagoen norbait ezagutzen dutenei eskatu diete dagokien ikastetxean ohartarazteko. Ikastetxeei berriz, eskaerak egiteko edo informazioa jasotzeko ondoko helbidera idazteko eskatu die: info@izarkom.eus.
Iturria: Argia
-

Europako Batzordeak Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ekimenak bildu ditu koronabirusaren aurrean
Europako Batzordeak, dokumentu ireki baten bidez, Ekonomia Sozial eta Solidarioko enpresa eta erakunde guztiak gonbidatzen ditu Covid-19ren pandemiari aurre egiteko hartzen ari diren ekimenen berri ematera. Dokumentu horretan 130 ekimen baino gehiago bildu dira.
Web orrira sarbidea
Iturria: Ciriec
-

“Palestinako emakume kooperatibistak” hitzaldia atzeratuta
Hurrengo martxoaren 24an Donostiako Carlos Santamaria Zentroan burutu behar zen “Emakumeen erabakia: Palestinar emakumeak” hitzaldia atzeratu da.
Bakerako Lankidetza Batzarretik bidali duten mezua hurrengoa da: “Martxoaren 24an Donsotian “Emakumeen Erabakia: Palestinar Emakumeak” hitzaldian parte hartu behar zuten 3 emakumeek bidaian izandako ezusteko baten ondorioz, Bakerako Lankidetza Batzarrea / Asamblea de Cooperación Por la Paz erakundetik sentitzen dugu komunikatzea aktibitatea atzeratzeko beharra izan dugula.”
Jakinarazi dutenez, espero dute laister data berriak izatea. Informazio guztia argitaratuko da.Iturria: OVES-GEEB
-

Bost ikastolak autokontsumoaren aldeko apustua egin dute Goiener Taldearen eskutik
Armentia (Gasteiz), Argia (Tutera), Laskorain (Tolosa), Andra Mari (Etxarri-Aranatz) eta Eleizalde (Bermeo) ikastolek Goiener Taldearen eskuetan jarri dute beren autokontsumoko proiektuak abian jartzeko ardura. Kooperatiben arteko ekimen honen helburua da energia sortzea modu lokal eta banatuan, ardatz nagusia herritarren partaidetza delarik.
Ikastola hauek autokontsumoaz baliatuz euren argindarraren faktura murrizteko aukera izango dute, eta, aldi berean, programa pedagogiko bat garatuko da ikasleak, familiak eta irakasleak energiaren, iraunkortasunaren eta eraginkortasunaren inguruan hezteko.
Lehendik ere energia % 100 berriztagarria merkaturatu eta sortzen duen Goiener Taldea izango da proiektu hau aurrera ateratzeko eta finantzatzeko arduraduna. Helburua lortzeko, ekarpen leiho berri bat zabaldu dute 400.000 euro inguru biltzeko asmoz. Parte hartzea irekia izango da bazkide guztientzako eta eredu energetikoa aldatu nahi dutenentzako.
Instalazio guztiak fotovoltaikoak izango dira eta sarera konektaturik egongo dira soberakinei probetxua ateratzeko. Guztira 1800 metro koadroko azalera hartuko dute, urtean 410 MWh inguru sortuz, gutxi gorabehera 160 etxeren behar energetikoa asetzeko adina.
Sare elektrikoan energia %100 berriztagarriaren kopurua handitzeaz gain, CO2, NOx eta SOx isurketak murriztuko dira eta argindarraren garraioan eman ohi diren galerak ere bai. Ondorioz, ia 4.000 zuhaitzek urtean xurgatzen duten adina CO2 igortzea ekidingo da.
Ikastolak ilusioz beteta daude, eta espero dute beren proiektuek ikastola gehiago bultzatuko dituztela eredu berari jarraitzera, aberasgarritzat jotzen baitute beren ingururako, gizarterako eta ingurumenerako.
Goiener ere baikor agertu da «gure helburu eta balioekin guztiz bat datorren proiektua” delako. Ziur daude oso harrera ona izango duela eta laster jarriko dela martxan.
Iturria: ikastola.eus
-

Emakume eta euskal kooperatibismoaren inguruko mintegia Deustun
Martxoaren 10ean, “Emakumeak eta euskal kooperatibismoa Europarantz begira: agenda partekatua eraikitzea” izeneko mintegia egin zen Bilboko Deustuko Unibertsitatean. Hainbat ikertzaile, aditu eta kooperatibista bildu ziren, euskal kooperatibetan emakumeek duten egoerari buruz eta sektorearen etorkizunean izango duten parte-hartzeari buruz eztabaidatzeko eta esperientziak trukatzeko.
Mintegia unibertsitate bereko EDISPe (Garapen Soziala, Ekonomia eta Pertsonentzako Berrikuntza) ikerketa-taldeak eta EUCLIPE katedrak (European Union Economic and Legal Integration for People) antolatu eta dinamizatu zuten.
Mintegiaren lehen zatian, Gema Tomás Zuzenbide Fakultateko dekanoak eta Aitziber Mugarra EDISPe ikerketa-taldeko ikertzaile nagusiak ongietorria egin ondoren, Malena Riudavets COCETAko lehendakariorde eta ACI-ko Genero Batzordearen kideen hitzaldiak entzun ahal izan zituzten bertaratuek.
Bigarren zatian, emakume langileek kooperatibetan parte hartzea sustatzeko beharrezkoa den agendaren inguruan lan egin zen, talde-dinamiken bidez, bertaraturiko pertsona guztiek parte hartu zutelarik.
Iturria: GEEB
-

Hondakinak bereizteko txanpon bat
Iratiko Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateak (HHS), Nafarroako Foru Komunitatean, 5.500 biztanle baino gutxiagoko landa-eremu batean tokiko moneta bat diseinatu eta ezartzen ari da, irati izenekoa, hondakin-frakzio desberdien, batez ere materia organikoa eta ontziak ez diren plastikoak, eraginkortasunez berreskuratzea sustatzeko, tokiko ekonomian birzirkulatzen gera daitezen. Erakundeak moneta soziala euroarekiko babesten du; beraz, Irati bat euro baten baliokide da, eta alderantziz.
2019an, diru horrekin hasi dira ontzirik gabeko plastikoak —hondakinen edukiontzian utzi ohi direnak— bikain bereizten eta Garbigunera eramaten dituzten bizilagunei hobariak ematen. Iratiko HHSen Mankomunitateak 0,5 irati erosten ditu ondo bereizitako plastiko-kiloko.
Erosketa horren edo jatorrian bereizketa onaren hobariaren helburua da kalitatezko baldintzarik onenetan birziklatzea, eta lankidetzan aritu nahi duten herritarrak eta ekosistema eraginkorragoak, baita komertzialki ere, esploratzea. Plastikoa Arnedoko (Errioxa) Solteco fabrikarekin akordio baten bidez konpost-ontziak eta hiri-altzariak egiteko erabiltzen da.
2019an jaurti zutenetik, 1.500 irati jarri dira zirkulazioan, herritarrek bereizi eta entregatu dituzten hiru tona plastikori dagozkienak.
Irati moneta onartzen duten haraneko 30 saltokik baino gehiagok (% 90, merkataritzaren babesa gehiengoa da), erosketak osorik edo partzialki ordaintzeko eta bezeroei aldaketen itzulera gisa eskaintzeko aukera ematen dute. Dendek argi dute txanpon hori birzirkulatuko dutela, babesten duten euroak lurraldetik hiriko azalera eta kate handietara ihes egin ez dezaten.
Mabel Cañadak, Mankomunitate presidenteak, dio udaberrian “EkhiLur” diru elektronikoaren kooperatiban sartzea espero dutela. Hondakinak bereizten dituzten pertsonek irati billeteak izango dituzte eskura, baina diru elektronikoko kontu bat izateko aukera ere izango dute. Ipar Euskal Herriko “euskal monetaren” antzeko proiektua da, ia 1.000 denda ditu eta urtean hiru milioi euro baino gehiago mugitzen ditu.
Iturria: Reas Euskadi, El Pais
-

Kanpoaldean Komikia aurkeztu dute
REAS Euskadik, Al Borde films eta Amaia Ballesterosekin batera, Kanpoaldean komikia aurkeztu du, merkatu sozialen inguruko istorio interesgarria.
Hodeik eta Mariek bulegoa partekatzen dute “Zu bee project” turismoari aplikatutako I+d+i enpresa transnazional eta modernoan. Hauek eraikinaren beheko aldean lan egiten dute, sotoan. Bilboko Erribera auzoa “Uhartea” da gaur egun, City-aren bihotza. Eraikinak distiratsu daude, teknologiak aurrera egiten jarraitzen du, eta enpresa-jardunbideek garapen ekonomiko bikaina dute.
2112.urtean gaude. Mendebalde osoa kapitalismoak okupatzen du… Dena? Ez! Kanpoaldean “0 zonak” daude, izaki murriztezinez berrpopulatuak, oraindik eta beti bezala, erraldoi trajeatuari aurre egiten diotenak. Bizitza ez da itxuraz bezain erraza munduan zehar barreiatuta dauden enpresa handien estrategietarako.
Errealitatearekin duen antz guztia ez da kointzidentzia hutsa. 2020. urtean, merkatu sozialak estatuetan zehar antolatzen ziren jada, sistema kapitalistari erresistentzia eskainiz eta beste ekoizpen eta kontsumo-modu batzuk praktikatuz. Horiek, garai hartan, irizpide etiko, demokratiko, ekologiko eta solidarioekin eraikitako ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-sare gisa deskribatzen ziren.
Komikia hemen
Iturria: Reas Euskadi
-

Arabako Ekintzailetza Sustatzeko Programa
ASLE enpresa-elkarteak eta Vital Fundazioak, enplegua sortzearekin, kultura ekintzailea sustatzearekin eta autoenpleguarekin duten konpromisoari jarraiki, Lankidetza Hitzarmena berritu dute 2020. urterako, eta “Araban ekintzailetza sustatzeko programa” jarri dute abian. Hiru ekimen biltzen ditu programak:
- ASLEk, Gasteizko Sail Juridikoaren bidez, laguntza integrala ematen die pertsona ekintzaileei, sozietate bat eratzeko eta abian jartzeko prozesuari arrakastaz aurre egiteko, eta enpresa-proiektuaren tutore moduan egiten du, jardueraren lehenengo sei hilabeteetan. Bestalde, Vital Fundazioak 1.250 euroko 10 laguntza-poltsa ematen ditu enpresa-proiektu horiei laguntzeko.
- Halaber, eta Vital Fundazioaren laguntzarekin, enpresa-kudeaketan 40 orduko ekintzaileentzako ikastaroa antolatuko du. Horren bidez, pertsona ekintzaileek oinarrizko ezagutzak izango dituzte beren enpresa-proiektua zehazteko eta beren negozioa modu eraginkor eta efizientean kudeatzeko behar dituzten gaitasunak zehazteko.
- eta, azkenik, ekintzaileen foro bat kudeatzen du, ekintzaileei beren enpresa-proiektuak finkatzen laguntzeko.
Norentzat:
Enpresa proiektu berri bat sortzeko prozesuan dauden Arabako pertsona ekintzaileak, enpresa errelebo edo ordezkapen egoeran dagoen enpresa bat erosteko prozesuan daudenak edota enpresa proiektu hasiberria finkatzeko prozesuan daudenak.
Informazio gehiagorako:
ASLE-ren Gasteizko egoitzara bertaratu (Pedro Asúa kalea, 57 Behea), edota teléfono (945214125) edo mail bidez kontaktatu (mvl@asle.es).
Iturria: ASLE
