Bloga

  • Ekonomia Sozialeko Ikerketako Unibertsitate Zentro eta Institutuek ENUIES 2019 topaketa egin dute Zaragozan

    Ekonomia Sozialeko Ikerketako Unibertsitate Zentro eta Institutuek ENUIES 2019 topaketa egin dute Zaragozan

    Gizarte Ekonomiako Ikerketa Zentro eta Institutuen Unibertsitate arteko Sareak (ENUIES) ENUIES 2019 topaketa egin zuen Zaragozan, abenduaren 12an eta 13an. Topaketa Zaragozako Unibertsitateko LAB_ES Gizarte Ekonomiako Laborategiarekin egin da, ‘Ekonomia soziala, jasangarritasuna eta etorkizuna’ lemapean.

    Topaketan, ikerketa-taldeen aurrerapenak eta berrikuntzak ezagutu ziren, bai eta haien artean sortu diren edo sor daitezkeen sinergiak ere.

    Topaketa Zaragozako Unibertsitateko errektore José Antonio Mayoralek inauguratu zuen, Santiagoko Unibertsitateko zuzendari Maite Cancelo eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekano José Mariano Monevarekin batera.

    Ondoren, ENUIES sareko lehendakari eta CEGEA-Valentziako Unibertsitate Politeknikoko katedradun Juan Juliák hasierako hitzaldia eman zuen, ‘Ekonomia eta enpresako gizarte-balioen aldeko apustua’ izenekoa. Juliák azaldu zuenez, ekonomia aurreratuenek ezagutza gehiago erabiltzen dute ekoizpen-jardueretan. Aldi berean, azken krisi ekonomiko handiaren ondoren, ekonomialari askok ekonomia orekatuagoa, iraunkorragoa eta integratzaileagoa aldarrikatzen dute, hau da, balioak dituen ekonomia.

    Juan Juliáren hitzaldiaren ondoren, ikerketa-zentro eta -institutuen lehen mahaia osatu zen. Parte-hartzaileak ondorengoak izan ziren: Paloma Bel Durán, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Ikasketa Kooperatiboen Eskolakoa; Fernando Polo, CEGEA-Valentziako Unibertsitate Politeknikoko irakaslea; eta Aratz Soto, GEZKI -Euskal Herriko Unibertsitatekoa. Carmen Marcuellok, CIRIEC-Espainiako lehendakariordeak eta GESES taldeko (Hirugarren Sektoreko Gizarte eta Ekonomia Ikasketen Taldea, Zaragozako Unibertsitatea) kideak, moderatu zuen lehen mahaia.

    Topaketaren lehen egunean ere bigarren mahai-inguru bat egin zen, José Luis Monzón CIRIEC-Españako zuzendariak moderatua. Rafael Chaves izan zen hizlari (IUDESCOOP Institutukoa), Aitzol Loyola, Mondragon Unibertsitateko LANKI Institutukoa; Maite Cancelo, Santiagoko Unibertsitateko CECOOP Institututik eta Daniel Hernández, Almeriako Unibertsitateko CIDESekoa.

    ENUIES 2019ko lehen jardunaldia aurkeztutako posterren erakusketarekin eta sare antolatzailearen bilera batekin amaitu zen.

    Katedra instituzionalen mahaia eta ixteko hitzaldia

    Abenduaren 13an, ostirala, Espainiako Gizarte Ekonomiarekin lotutako Erakunde eta Enpresa Katedren 3. Mahai-inguruarekin hasi zen jardunaldia. Teruelgo Caja Rural Katedrako Ignacio Bretos Kooperatiba eta Gizarte Ekonomia Katedrako kidea buru zela, Paloma Bel izan zen mahaikide, Ekintzailetza Sozialeko Katedraren ordezkari (UCM). Bertan parte hartu zuten, baita ere, Carmen Parra Rodríguezek, Ekonomia Solidarioko Katedrakoa – Abat Oliva Unibertsitatea; Eloi Serranok, Càtedra d’Economia Social de la Universitat Pompeu Fabra eta Cándido Román Cervantesek, Ekonomia Sozial eta Kooperatibako Cajasiete Katedrakoa – CESCO-Sánchez de La Universidad.

    ENUIES 2019 topaketa amaitzeko, “Ekonomia soziala eta desberdintasuna: hurbilketa Latinoamerikako errealitatetik” hitzaldia eman zuen Juan Fernando Álvarezek (CIRIEC-Colombia eta Pontificia Universidad Javeriana de Colombia).

    Iturria: Observatorio español de Economía Social

     

  • Desgaitasuna duten Pertsonak Laneratzeari buruzko Jardunaldi Teknikoa Bilbon

    Desgaitasuna duten Pertsonak Laneratzeari buruzko Jardunaldi Teknikoa Bilbon

    Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék inauguratu du “Desgaitasuna duten Pertsonak Laneratzeari buruzko Jardunaldi Teknikoa”. Ekitaldiak Bilbon bildu ditu Lan Ikuskaritzako eta Enplegu Unitateetako langileak, EHLABE eta ForoEca erakundeetakoak, desgaitasuna duten pertsonak gizartean eta lan-munduan txertatzeko helburuz. “Elkarlanean dihardugu EHLABE Gizarteratze eta Laneratze Elkartearekin eta ECA Foroarekin (Enplegu Lagundua) –adierazi du San Josék– desgaitasuna duten pertsonak laneratzeari buruzko ezagutza sakonagoa eta egokiagoa bultzatzeko euskal enpresetan”.

    Irekierako ekitaldian EHLABEko presidente Txema Francok ere parte hartu du. Hark nabarmendu egin du Euskadiko gizarte-ekimenak garatutako zeregina desgaitasuna duten pertsonen enplegu-tasa % 29koa izatea lortzeko. “Euskadin zirkunstantzia berezi bat ikusten da, non gizarte-ekimenak sustatu dituen Enplegu Zentro Berezietan sortutako enplegu guztietatik % 95. Izan ere, EHLABEko 14 erakundeek Euskadi osoko % 87 (7.966 pertsona) enplegatzen dituzte. Hortaz, ia % 90a ordezkatzen dute orain dagoen kontzentrazio sektoriala kontuan hartuta”.

    San José sailburuak gogora ekarri du gainera Lan eta Justizia Sailaren baliabidea dela Lan Ikuskaritza, ziurtatzeko 50 langile baino gehiago dituzten enpresek bete egiten dutela lanpostuen % 2ko derrigorrezko erreserba desgaitasuna duten pertsonentzat. “Baita bete daitezen ere –adierazi du– kontratazio zuzenaren neurri alternatiboak, besteren artean, Enplegu Zentro Bereziekin kontratu merkantilak edo zibilak egitea lehengaiak hornitzeko edo enpresaren jardunarekin zerikusirik ez duten zerbitzuak betetzeko, dohaintzak eta babes-ekintzak egitea laneratzeko jarduerak garatzeko, edo lan-guneak eratzea enplegu-zentro berezietatik merkatu arrunteko enpresetarako trantsizioa bultzatzeko”.

    Bestalde, Lan Ikuskaritzako zuzendariorde Iciar Gonzálezek % 2ko derrigorrezko erreserba-kuota kalkulatzeko irizpide teknikoak azaldu ditu, eta Gizarte Ekonomiako zuzendari Jokin Diazek Euskadiko Gizarte Ekonomiako enpresetan eta Gizarte Ekonomiako erakunde-elkarteetan desgaitasuna duten pertsonak sartzera bideratutako Laguntza Planak zehaztu ditu.

    Iturria: Irekia

  • Europako Batzordeak Ekonomia Sozialerako Europako Ekintza Plana egingo dela iragarri du

    Europako Batzordeak Ekonomia Sozialerako Europako Ekintza Plana egingo dela iragarri du

    Europako Batzordeko lehendakari berriak, Ursula Von der Leyenek, Nicolas Schmit Enplegu eta Gizarte Eskubideen komisarioari Gizarte Ekonomiarako Europako Ekintza Plana egiteko eskatu dio, sektorearen ordezkari diren erakundeen eskaerari erantzunez, ‘Social Economy Europe’ (SEE) delakoan elkartuta, azken urteetan eskatu baitzioten.

    Hala iragarri zuen Schmit komisarioak berak joan den abenduaren 2an bidalitako ‘tuit’ batean: “Batzorde honek Gizarte Ekonomia sustatzeko konpromisoa hartu du. Eguneratutako misio-gutunean, Von der Leyen presidenteak Gizarte Ekonomiarako Europako Ekintza Plana garatzeko eskatu dit, gizarte-berrikuntza hobetzeko. Aurrerapauso handia, Europako Parlamentuak egin beharrekoa”.

    Iturria: CIRIEC

  • Urte berri on

    Urte berri on

    Urtarrilean itzuliko gara Gizarte Ekonomiako albiste, ekitaldi eta argitalpen berriekin.

  • Euskadiko Ekonomia Solidarioaren entitateen 2019ko Auditoria Soziala

    Euskadiko Ekonomia Solidarioaren entitateen 2019ko Auditoria Soziala

    Ekonomia Solidarioak aurten ere bihotza erakusten du #Auditoria Soziala-ren bitartez, ESaren 6 printzipioak neurtzen dituena: ekitatea, lana, ingurugiro jasangarritasuna, irabazi asmorik gabea, lankidetza eta inguruarekiko konpromisoa. Aurten, 70 entitatek #Auditoria Soziala bete dute. Euskadiko ESSan 20.600 pertsona hartzen dute parte, horietatik 3.100 langileak direlarik. Prozesu honetatik ateratako hainbat datu:

    • Ekitatea: erantzukizun postuen %62a emakumez beteta daude. Entitateen %94a hizkuntza ez sexista erabiltzen dute.
    • Lana: kontratuen %57a mugagabeak dira eta 5 entitatetik 4k langileentzat arreta emozionaleko eta zainketako guneak sortzen dituzte.
    • Ingurugiro jasangarritasuna: entitateen %83a produktuak eskuratzeko kontsumo arduratsuko irizpideak erabiltzen dituzte.
    • Irabazi asmorik eza: entitateek, diru-laguntzetatik jasotako euro bakoitzeko, 73 zentimo itzuli dituztela zerga eta gizarte segurantza kotizazioetan.
    • Lankidetza eta inguruarekiko konpromisoa: 4 entitatetik 3k, Merkatu Sozialean barne erosketak egiten ditu, eta erosketa hauek 7 milioi €koak dira.

    EkonomiaSolidarioa -ren datuak ikuspegi feminista batetik irakurri nahi izanez gero, aurkitutako 5 arrakalekin infografia bat atera dugu.

    Aurten, 3 informazio desberdin aurkeztuko dizkizuegu:

    • Laburpen-infografia
    • Txosten osoa
    • Ikuspuntu feminista duen infografia

    Eskuratu dokumentu guztiak REAS Euskadiren web orrian.

    Iturria: REAS Euskadi

  • Langileek enpresetan parte hartzeari buruzko behatokia aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateak

    Langileek enpresetan parte hartzeari buruzko behatokia aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateak

    Liburu batean jaso dira Mondragon Unibertsitateak 333 enpresatako 1.714 pertsonaren artean egin duen ikerketaren ondorioak.

    Bai langileek enpresetan duten partaidetzari buruzko behatokia, bai ondorioen liburua, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egin ditu Mondragon Unibertsitateko ikertzaile-talde batek. Zehazki, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan daude bata eta bestea. Gipuzkoako garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko proiektuak jartzen ditu abian programa horrek, esperientzia pilotuen bidez. Hain zuzen ere, langileek enpresetan zenbateraino parte hartzen duten ikertzea da programaren barruan sartzen diren lan-ildoetako bat. Zehazki, partaidetza horrek langileen ongizatean, lurralde-garapenean eta enpresen emaitza ekonomikoetan dituen ondorioak aztertzea da ikerketaren helburua. Hala, liburuak argi utzi du langileek enpresetan parte hartzeak eragin onuragarria duela pertsonen ongizatean eta enpresen emaitza ekonomikoetan. «Enpresan partaidetza handiagoa izateak lotura zuzena du pertsonen ongizatearekin eta, aldi berean, erakundearen etekin ekonomiko handiagoarekin», azpimarratzen du liburuak.

    Liburuak jasotzen ditu, alde batetik, behatokiak emandako ondorio nagusiak, eta, bestetik, langileen partaidetza sustatzeko formulak ezarri nahi dituzten herri-administrazio eta enpresa-erakundeentzako argudioak eta adibide praktikoak.

    Bide asko eta guztiak baliotsuak

    Ikerketak agerian jarri du, adibidez, langileen partaidetza bultzatzeko prozesu guztiak ez doazela bide beretik. Bide asko daude eta guztiak dira baliotsuak. Baina, edozein dela ere aukeratutako formula, parte hartzeko prozesu integraletarantz aurrera egitea da onena. Zehazki, hiru mailatan sustatu behar da partaidetza: gestioan, emaitzetan eta kapitalean. Eta, Mondragon Unibertsitateko ikertzaileek azaldu dutenez, partaidetzaren bidean aurrera egiteko gakoa ez da enpresaren tamaina edo egitura, ezta haren izaera juridikoa ere, baizik eta lidergoaren estiloa eta enpresaren kultura. Hortik abiatuta —dio txostenak— jarraitu beharreko bideak honako emaitza hauek ekarri behar ditu: enpresaren lehiakortasuna hobetzea, enplegua sortzea, enplegua egonkorragoa izatea, enpresak iraupen luzeagoa izatea eta enpresa lurraldean sustraituago egotea.

    Ikerketa egiteko 333 enpresatako 1.741 langileko lagina hartu da aintzat. Hauek izan dira enpresen sektoreak: automozioa (430 langile), makina-erreminta (331 langile), zerbitzu aurreratuak (298 langile), osagaiak (233 langile), sormen-industriak (238 langile) eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (211 langile).

    Ondorio batzuk

    Partaidetza sustatzeko aurrerapauso gehien ematen ari den lurraldeetako bat da Gipuzkoa. Egia bada ere lurraldea erreferentzia bat dela enpresen emaitzetan eta jabetzan parte hartzeari dagokionez (kooperatiben eta lan-sozietateen pisuari esker, hein batean), gestioan parte hartzeari dagokionez ere oso posizio aurreratuetan daude aztertutako sektore batzuk. Dena dela, desberdintasun handiak daude haien artean.

    Nolanahi ere, enpresan parte hartzea onuragarria da langilearentzat, enpresarentzat eta lurraldearentzat. Horixe da ikerketaren ondorio nagusia. Liburuko lehen kapituluak testuinguruan jartzen du partaidetza integrala, eta partaidetza horrek aipatutako hiru mailetan dituen onurak zehazten ditu. Ildo horretan, garrantzitsua ez da mugarri zehatzak jartzea gai horretan, baizik eta parte hartzeko hiru mailak —jabetza, gestioa eta emaitzak— barne hartzen dituen estrategia integraletarantz aurrera egitea. Txostenak beste ondorio batzuk eman ditu, esaterako, emaitzetan parte hartzearekin batera beste aldaketa batzuk egin behar direla eguneroko jardunean, eta jabetzan parte hartzeak ez duela beti bermatzen partaidetza integrala, gestioan ere aldaketak egin behar baitira.

    Egoera Europarekin alderatuta

    Bigarren kapituluak Gipuzkoaren posizioa zehazten du Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, parte hartzeko hiru maila horiek aztertuta. Puntu horretan, azpimarra daiteke Gipuzkoa lehen postuan dagoela Europako herrialdeen artean langileek enpresen jabetzan parte hartzeari dagokionez. Hala, aztertutako sektore guztiek emandako emaitzak Europako batez bestekoaren oso gainetik daude kapitalean parte hartzearen aldetik. Gipuzkoako enpresen ezaugarri hori eta irabazietan parte hartzeari dagokiona (horretan sailkapenaren erdialdean dago Gipuzkoa) lurraldearen bereizgarrietako bi dira, eta, adituen ustez, eutsi beharreko indarguneetako bat.

    Gestioan parte hartzeari dagokionez, berriz, txostenaren ondorio nagusiak dio Gipuzkoa Europako batez bestekoaren inguruan dagoela langileek enpresetan duten erabakitzeko askatasunaren aldetik. Ildo horretan, erakundeko zereginak aukeratu edo haien ordena aldatu ahal direlako pertzepzioaren ikuspegitik nabarmentzen da Gipuzkoa, Europako batez bestekoaren gainetik. Izan ere, aldagai horretan emaitzarik onena izan duten 7 herrialdeen artean dago Gipuzkoa. Lanaren antolakuntzari lotutako erabakietan eragina izateko gaitasunaren ikuspegitik, ordea, azken postuetan dago.

    Partaidetza, ongizatea eta jasangarritasun ekonomikoa

    Liburuaren hirugarren kapituluak aztergai ditu partaidetzak pertsonen ongizatean eta erakundeen jasangarritasun ekonomikoan dituen ondorioak. Zentzu horretan, zenbat eta gehiago parte hartu enpresan, orduan eta handiagoa da pertsonen ongizatea eta enpresen errentagarritasuna.

    Ongizatearen ikuspegitik, esan behar da enpresan parte hartzeko hiru maila horietatik gestioan parte hartzea dela pertsonen ongizatearekin loturarik estuena duena.

    Halere, ikerketak ez du ebidentziarik aurkitu enpresan parte hartzeak errendimendua handitzen duela ziurtatzeko. Nolanahi ere, argudio teorikoek baietz adierazten dute, eta ziurtzat ematen dute errendimendu pertsonala hobetzen duen elementua dela.

    Partaidetza eta lurralderako ekarpena

    Liburuko azken kapituluak begi-bistan jartzen du langileek parte hartzen duten enpresek beren lurraldearen garapenari egiten dioten ekarpena. Azkenik, txostenaren arabera, kooperatibek dinamismo handiagoa dute beren ingurunera egokitzeko, eta ekarpen handiagoa egiten dute haren garapenerako, erresilientzia handiagoa baitute jarduerari eta enpleguari dagokienez. Era berean, sustraituta egotea eta ingurunearekiko konpromisoa dira langileen partaidetza duten enpresei  lotutako beste ezaugarri batzuk

    Mondragon Unibertsitateko ikertzaileen hitzetan, «txostenak argi utzi du kooperatibek eta, zehazki, parte hartutako enpresek euskal gizartean eta ekonomian betetzen duten eginkizuna». Haien iritziz, «partaidetzak ahaldundu egiten ditu langileak, haien konpromisoa eta inplikazioa handituz. Termino psikosozialetan, beren enpresetan lan egiten duten langileek ongizate hobea dute; eremu ekonomikoan, langileek enpresetan parte hartzeak hobetu egiten ditu enpresen emaitzak; eta, lurraldeari dagokionez, partaidetzak lankidetza eta kohesio soziala errazten ditu».

    Iturria: TuLankide

  • Azken egunak 2019 urteko ENUIES Topaketan izen emateko

    Azken egunak 2019 urteko ENUIES Topaketan izen emateko

    Abenduaren 12 eta 13an Zaragozako Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean aurrera eramango den topaketan izena emateko aukerak zabalik jarraitzen du, Gizarte Ekonomiako Ikerketa arloko Unibertsitate Insitutu eta Zentroen sareak antolaturik. “Gizarte Ekonomia, Jasangarritasuna eta Etorkizuna. Progreso sozial handiago baterantz” leloa da aurtengoa.

    ENUIES sareko kide diren Unibertsitate Zentro eta Institutuek azken urteotan zehar aurrera eraman dituzten ikerketa, proiektu eta bestelako ekintzak aurkeztuko dira, horien artean elkar-puntuak eta sinergiak bilatzeko asmoz.

    “Posterrak” aurkezteko aukera ere egongo da. Horien bitartez, ikerlariek euren ikerketa ekarpenak egiteko deia zabaldu dute antolakuntzatik. Poster proposamenak bihar arte bidali ahalko dira (azaroaren 30 arte).

    Aurkezturiko komunikazio guztiak Zaragozako Unibertsitateko Gizarte Ekonomiako Laborategiko (LAB_ES) web orrian eskegiko argitaratuko dira (labes-unizar.es). Bidalketa topaketaren web orritik egin behar da, hemen (jardunaldiko hizkuntza gaztelera da).

    Informazio gehiago eskuratzeko, jardunaldiari zen ENUIES sarearen inguruan, egin klik hemen.

    Iturria: Observatorio español de economía social

  • Oinarrizko Errenta: utopia eginezina ala erronka handia izan daiteke?

    Oinarrizko Errenta: utopia eginezina ala erronka handia izan daiteke?

    Abenduaren 4an, asteazkena, 18:00etatik 20:00etara, “Oinarrizko Errenta: utopia eginezina ala erronka handia?” Hitzaldia izango da Donostiako Ekonomisten Euskal Elkargoaren egoitzan. Bilboko eta Gasteizko egoitzetatik ere jarraitu ahal izango da bideokonferentzia bidez. Informazio gehiago eta izena emateko inprimakia aurki dezakezue EKren webgunean. Hitzaldiari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jarraitu irakurtzen!

    Azken urte hauetan, Oinarrizko Errentak bere presentzia biderkatu du komunikabide guztietan, nahiz eta ez beti terminoa zehaztasunez erabili. Politika sozialari buruzko proposamena da, eta dozena bat Ekonomiako Nobel saridun baino gehiago interesatu eta sinpatia agertu dute.

    Itxuraz, ideia sinplea da, baina konplexutasun handikoa, nola, noiz, non ezartzen has daitekeen zehazteko orduan. Eztabaida handia sortu da pobreziarekin amaitzeko eta pertsona guztientzako askatasun ekonomiko eta bizitza duin orokortua sustatzeko eraginkortasunari buruz.

    Eztabaida horretan parte hartzera gonbidatzen ditugu, ekonomialariak ez ezik, soziologoak, antropologoak, psikologoak, gizarte-zientzia guztietako profesionalak eta gizarte-kohesioa eta giza garapen iraunkorra hobetzeko interesa duten pertsona guztiak, benetan bizigarria den planeta batean.

    Saio teoriko-praktiko bat izango da, Javier Iñiguez del Val Euskadiko Mugarik Gabeko Ekonomisten Oinarrizko Errentan adituak eta Ángel Elias UPV/EHUko Lan Harremanen eta Gizarte Langintzaren Fakultateko dekanoak zuzendua, biak ToShare Behatokiaren parte: para un distribución justo de la riqueza.

    Izena emateko, jo esteka honetara

    Iturria: ToShare Behatokia

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko azaroko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko azaroko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Ekonomia Solidarioaren fESSta galdu zenuen?

    Ekonomia Solidarioaren fESSta galdu zenuen?

    Merkatu Sozialeko 55 erakunde baina gehiago bildu ditu fESStak Zabalgune Merkatuan azaroak 8 eta 9 artean

    Aurten Bilbo izan da Ekonomia Sozial eta Solidarioaren (ESS) Egunaren Zazpigarren edizioa ospatzeko hautatutako udalerria. Bertan, Euskadiko Merkatu Sozialeko 56 entitatek parte hartu dute. REAS Euskadik antolatutako topaketa hau, non Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Bilbao Ekintza eta Olatukoopen lankidetza izan dugun, Zabalguneko azokan egin da azaroak 8 eta 9 artean, “Aukeratu zure ekonomia.” leloarekin.

    Aurten ohiko azoka alde batera utzi dugu, fESSta ospatzeko. Merkatu Soziala herritarrengana hurbiltzea eta ekoizle zein kontsumitzaileen arteko elkarlana bultzatzea helburu du ekitaldia honek eta aurten fokoa ESS-a, partekatu, ikasi eta, batez ere, ospatzen jarri da.

     

    ZURE EKONOMIA AUKERATZEN

    ESSko hainbat ekimen eta sektore bildu dira Zabalgune Merkatuan eta sektore ezberdinetako produktuak zein zerbitzuak erakutsi dituzte: produktu agroekologikoak eta kontsumoko beste alternatiba batzuk, finantza etikoak, teknologia askeak, energia, komunikazioa, ikerketa, esku-hartze soziala eta lankidetza. Guztiak batzen die beste ekonomia mota posible dela jakiteak eta balore solidarioak dituena, kontsumo kritikoa bultzatu nahi izateaz gain.

    Ekimen konkretuak sustatzera zuzendutako proposamen bat, geroz eta indartsuagoa den errealitate bati erantzuten diotenak eta topaketa honetan elkartzen direnak. Enpresa kooperatibo, sozial eta gizartzera zuzendutakoez osatutako eskaintza bat da, produktu eta zerbitzu anitz dituena: tokiko nekazaritza ekologikoa, ostalaritza, berreskuratutako produktuak, kultura librea, komunikazioa, garbiketa, serigrafia, eraikuntza, pertsonei zerbitzu sozialak, aseguruak, etab; baita alternatiba ekonomikoak eraikitzeko funtsezko sektoreekin lotutako ekimenak ere: elikadura burujabetza, finantza etikoak, birziklapena eta susperraldia, gizarteratzea, energia berriztagarriak, bidezko merkataritza , informazio alternatiboa etab.

     

    TXOKOAK, STAND ARRRUNTEN PARTEZ

    Aurtengo edizioan formatua aldatzeko apostua egin da, espazio tematikoak sortuz, bertan ESSaren arlo ezberdinak ikusgarri izanez. Apostu berri honek ikasteko espazio atseginagoak sortu nahi izan ditu, non Merkatu Sozialeko erakunde guztien ekarpena ikus daitekeen. Horrez gain, sistema berri hau aprobetxatuz, espazio berriak sortu ditugu; hala nola, Bizitza Erdian, Etorkizuna, Aldatu!, Sorleku eta ESScape Room-a.

    Bertaratutakoek positiboki baloratu dute banaketa berri hau, non elkarrekintzak eta eztabaidak inoiz baino gehiago piztu diren, bisita entretenigarriagoa eginez.

     

    EKONOMIA FEMINISTA: BIZITZA ERDIAN

    Edizio honetan Ekonomia Feministari merezitako lekua eman nahi izan diogu. Horregatik, bizitza erdigunean jarri dugu (modu figuratiboan eta literalki) Bizitza Erdian txokoarekin, ekonomia feministaren hausnarketarako eta zaintzak lantzeko gunearekin. Horrela, azokan eta entitateen eguneroko lanean zainketaren garrantziari arreta jarri diogu. Espazio honen barruan, programa propioarekin, jolasetatik hasi (Trivial Feminista) eta Merkatu Sozialeko ekimen ezberdinen materialen aurkezpena zein hauen inguruan sortutako eztabaidak egon dira.

    Nabarmena izan zen Setem eta AlBorde Films-en Fabricando Mujeres dokumental interaktiboaren aurkezpena, fESSta bera aprobetxatu zelarik informazioa biltzeko emakumearen aurkako indarkeriaz baliatzen ez diren kontsumo alternatibei buruz.

    Mugarik Gaberen Viajando Por lo Invisible webgunearen aurkezpena ere oso interesgarria izan zen, non erakunde bizigarriagoen inguruko gogoeta egin zen. Material honekin batera, Ecosolfemek eta REAS Euskadik prestatutako Bizigarri Plana eztabaidatu zen, zeinetan hainbat ildo eta ekintza aurreikusi diren gure erakundeak ikuspegi feministatik aldatzeko.

    Azkenik, aipatzekoa da Economistas Sin Fronteras-ek aurkeztutako dossierra Ikusezina ikusgai egiten, aitatasun zein amatasunari buruzko eztabaida bizia sortu zuen.

     

    ESS-AREN ETORKIZUNARI BURUZ HAUSNARTZEN

    FESStan integratu diren espazio berrien artean, Etorkizuna dago, Ekonomia Sozial eta Solidarioarentzat nahi dugun etorkizunari buruzko hausnarketa egiteko gunea. Colaborabora eta Sustraiak-ek bultzaturik, bisitariek REAS Euskadiren plan estrategiko berria aztertzeko lehen fase honetan lagundu ahal izan dute, parte hartu beharko luketen eragileei buruzko ideiak eskainiz, baita jorratu ditzakegun gai posibleekin ere.

     

    IHES EGIN SISTEMA KAPITALISTATIK

    Zein modu hobeagorik badago inguratzen gaituen sistema kapitalistatik ihes egiteko Escape Room baten bidez baino? 60 parte-hartzaile baino gehiago saiatu dira La City-tik ihesten, hain urrun ez dagoen etorkizun distopiko baten kapitalismoaren mekatik, Zona Zerora, non ekonomia alternatibo bat posible den.

     

    HITZALDI MOTZ ETA TAILERRAK ESS-AREN ALTENATIBA EZBERDINAK EZAGUTZEKO

    Hainbat entitatek tailerren dibertigarrien bitartez aurkeztu dizkigute beren zerbitzuak, non bisitarien parte hartzea bilatu den. Jarduera horien artean daude TikTak Film Studiok prestatutako Stop Motion tailerra edota Peñascal taldeak hegarazi dituen botilen esperimentua, baita Fiaro txanpona egiteko aukera, batzuk aipatzearren.

    Gainera, aurten Sorleku gunean, alde batera utzi ditugu bide bakarreko hitzaldi luzeak. Horren ordez, hitzaldi txikiak eta tailer inspiratzaileak izango ditugu Ekonomia Sozial eta Solidarioaren funtsezko hainbat gai ezagutzeko. Ondorengo galdeeri erantzungo diegu; Zer gertatzen da etxebizitza hutsekin? Zer dira etxebizitza komunitarioak? Zein da klima aldaketaren eta elikadura burujabetzaren arteko erlazioa? Zer da Sorkuntza proiektua? Ba al dago migratzaileen ekintzailetzarik Euskal Herrian?

     

    ESS-KO PRODUKTUAK DASTATZEN

    Urtero bezala, Peñascal Ostalaritza Zerbitzuak tripa ondo beteta mantendu digu ESSko produktu goxoen bitartez. Ekoizan entitateko pintxo zein gozokiz betetako barra batek lagundu gaitu asteburu luze honi aurre egiteko nahikoa energia izaten.

    Gainera, bisitariek Boga artisau garagardoak eta Esnetiken bertako gaztak dastatzeko aukera izan dute. Animoa goian mantentzeko eta jandako dena jaitsi ahal izateko, bai ostiral baita larunbat gauean ere Betto Snay eta Sonic Free Station DJ-en emanaldiak izan genituen.

     

    MERKATU SOZIALAREN KATALOGOA

    Ekitaldi honen ildora ere, Merkatu Sozialaren 2020ko edizio berriaren katalogoa aurkeztu da, 110 iniziatiba baina gehiago jasotzen dituen liburuxka. Ekimen hauek irizpide etiko, demokratiko, feminista, ekologiko eta solidarioekin funtzionatzen duten ondasun zein zerbitzuen ekoizpen, finantzazio, banaketa eta kontsumo sarearen parte dira.

    Eskuragarri dago katalagoa bai fisikoki baita webgunean ere www.mercadosocial.net/euskadi

     

    ESS-A ZENBAKIETAN

    REAS Euskadi 1997an sortu zen eta gaur egun lurraldeko 70 entitatek osatzen dute. 20.600 pertsona baino gehiago biltzen dituen sarea honek, 3.100 langile, 3.100 boluntario eta 14.400 kide ditu bere barnean. Irabazi asmorik gabeko entitate hauek 82 milioi euro fakturatu zituzten 2018an. REAS Euskadi sareak Ekonomia Sozial eta Solidarioaren indartzea eta ezagupena du helburu.

    Euskadiko Auditoria Sozialaren datu hauek, sareko beste askorekin batera ere aurkeztu ziren fESStan. Informazio gehiago www.economiasoliaria.net/reaseuskadi webgunean.

     

    EURITAN DANTZAN

    Asteburuko eguraldia kaskarra izan arren, bisitari ugari hurbildu ziren fESStara, ikasi eta gozatzera. 1.500 pertsona inguru pasatu ziren Zabalguneko merkatutik ostiral eta larunbata bitartean.

    Programa osoa eskuragarri dago www.merkatusoziala.eus webgunean.

    Iturria: REAS Euskadi