Bloga

  • Eraldatzeko ekin

    Eraldatzeko ekin

    Ekintzailetza boladan dago. Krisiak sorturiko prekarizazio eta langabezia egoeren aurrean, jendarteari, eta batik bat gazteoi, ekintzaile izateko eskatzen zaigu. Gizarteak ezer gutxi eskain diezakegunez, egin dezagula geuk geurez, geure ekinez, geure ekimenez. Mezuak emantzipatzailea dirudi, baina ezkutuan darama zepoa: kapitalaren logikatik egina dator.

    Izan ere, gizarte ekonomiako esperientziek berezkoa dute izaera ekintzailea. Kooperatibak, lan elkarteak, gizarteratze enpresak, enplegu zentro bereziak… zer dira ba langileek beren ekimenez abiarazitako edo berreskuratutako esperientziak ez badira? Nola ekin, horretan datza ordea, benetako aldea. Gizartea ekonomia ekintzailetza mota bat baita, baina botere harremanak berdintzean oinarritzen dena, lanerako eskubidea birbanatzeko helburuz egiten dena. Kapitalaren logikatik at, pertsonengan oinarritzen dena, eta hortaz, kapital arazoak sortzen diren testuinguruetan, pertsonak bazterrean lagatzen ez dituena.

    Izan ere, krisi kapitalistak sorturiko langabezia arazoei ekintzailetza kapitalistarekin erantzun nahi izatea, egungo hazkunde ereduak sortzen duen egiturazko pobreziari hazkunde eredu berarekin aurre egin nahi izatea bezain antzua baita. Sendabideak berekin dakar gaixotasuna. Irten beharra dago gurpil zoro honetatik, ekin beharra dago, baina alde erantzira, eraldatuz.

    GEZKIn, gure inguruko beste gizarte eragile askoren laguntzaz, denboratxo bat daramagu dagoeneko Unibertsitateko Gizarte Hazitegiaren egitasmoa mamitzen. Hazitegiak bestelako ekintzailetza ereduak sustatzeko espazioa izan nahi luke, jabekuntza eskola bat ezer baino lehen: gazteriak ez du agian ziur jakingo zertan nahi duen ekin, bai ordea nola. Edo nola ez. Baztertzaileak diren egitura hierarkikoez urrun, egitasmo berdinzale eta parte hartzaileen bitartez abiarazi nahi lituzke bere bizitza egitasmoak. Baina horretara ez gaude horren ohituak, eginez ikasten da hori ere, eta horretan nahi luke lagundu Unibertsitateko Gizarte Hazitegiaren egitasmoak.

    Hazitegiaren egitasmoaren definizioa bera ere modu kolektiboan egiten saiatu ginen, 2015eko urte amaieran antolaturiko bi lan mintegiren bitartez. Bertan, ekintzailetza prozesuen laguntzarako espazio honek zer nola lagundu zezakeen ere eztabaidatu genuen, laguntza teknikoaz gain, laguntza humanoa ere garrantzizkotzat jotzen baitzen. Bestelako gizarte harremanak saiatzeak sor ditzakeen talde gatazkei eta desoreka afektiboei irtenbidea modu partekatuan bilatzea ere, ekintzailetza modu honen emaitza baita. Hazitegiak, eraldaketarako “hazien banku” izateaz gain, hezitegia ere izan nahi bailuke, bestelako gizarte ereduak irudikatzeko entsegu lokala.

    Bide hau, esan bezala, modu kolektiboan ibiltzen ari gara, bestelako antzeko esperientziekin modu saretuan eta ekonomia sozial eta solidarioko eragileekin elkarlan estuan. Bide honetan beste geltoki bat da Emaus-eko kideekin batera datorren Irailaren 12 eta 13 egunetarako eskaintzen ari garen Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Kurtsoa, “Unibertsitateko Gizarte Hazitegiak: tokiko garapen sozioekonomikoa sustatzeko espazio eraldatzaileak” lemapean.

    Gizarte ekintzailetzan xaxatzen segi nahi baduzu, hortxe duzu aukera. Ekiteko gogoz bazabiltza, ez ezazu bakarrik egin. Konpainia onean, beti hobe. Bertan ikusiko garela espero dut.

     

    Enekoitz Etxezarreta. GEZKI UPV/EHU.

  • LANZITUZ Lan Sozietateak sortuz

    LANZITUZ Lan Sozietateak sortuz

    LANZITUZ LAN SOZIETATEAK SORTUZ Europako Gizarte Funtsak finantziaturiko egitasmoa da (2014-2020). Programaren helburu nagusia langabetuei lan merkatura txertatzen laguntzea da, autoenplegu kolektiboari ekinez eta lan-sozietateak sortuz. Lanzituz egitasmoaren bultzatzaile nagusia ASLE da (Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea), egitasmoan beste lau erakundek parte hartzen dutelarik: GEZKI, Gipuzkoako Kamara, Iraurgi Berritzen (Urolako Garapen Agentzia) eta CCOO sindikatua.

    Programa, bost fasez osatutakoa, doakoa da eta 2016ko irailean hasiko da. Prestakuntza fasean bi asteko iraupena duen 50 orduko kurtso bat eskainiko da, iraila eta abendu bitarteko data desberdinetan. Kurtsoak Bilbon eta Donostian burutuko dira (izen-ematearen arabera). Izen-ematea hemen.

     

    Iturria: GEZKI

  • Amerikako Estatu Batuetako (AEB) banku kooperatiboak Mondragon talde enpresaren potentzia goraipatu du

    Amerikako Estatu Batuetako (AEB) banku kooperatiboak Mondragon talde enpresaren potentzia goraipatu du

    Michael J. Mercer eta Charles E. Snyder Euskadira etorri dira lanera. Georgia Credit Union Affiliates (GCUA) eta National Cooperative Bank (MCB) erakundeetako zuzendari eta kontseilari ordezkariak dira, AEBetako finantza kooperatiboaren alorreko bi aditu hain zuzen ere. Beraien ustez, Mondragon Korporazioa erreferentzia bat da, bereziki balore kooperatiboak edo bazkideen ongizatea errentagarritasunarekin lotzen baitu, eta hauen ustez munduan zehar hau ez da askotan geratzen.

    Badakite zertaz ari diren hitz egiten dutenean, izan ere, 2013ko irailetik Laboral Kutxarekin lankidetza hitzarmena sinatua baitu NCBk. Hitzarmen honek indartu egingo du beraien arteko hartu-emana eta negozio berriak sortzeko ere balioko du.

    AEBn lan egiten duten, edo lan egingo duten Mondragon Korporazioko enpresek, NCBn edota Credit Unionek dituen 3.000 establezimenduetan aliatu finantzario bat izatea da ideia. Dena egiteke dago, baina etorkizuneko aukerak itzelak direla uste dute.

    Iturria: Diario Vasco

  • ASLEk Europar Fondo Sozialak babestutako LANZITUZ programa aktibatu du, datozen bost urteetan Euskadin 190 enpresa eta 900 lanpostu sortzeko helburuarekin.

    ASLEk Europar Fondo Sozialak babestutako LANZITUZ programa aktibatu du, datozen bost urteetan Euskadin 190 enpresa eta 900 lanpostu sortzeko helburuarekin.

    ASLEk Europar Fondo Sozialak babestutako LANZITUZ programa aktibatu du, datozen bost urteetan Euskadin 190 enpresa eta 900 lanpostu sortzeko helburuarekin.

    LANZITUZ-LAN SOZIETATEAK SORTUZ Programa, langabetuak lan merkatuan sartzea sustatzen duen proiektua da, zeina ASLEk gidatzen duen Lan Sozietateen eredua oinarritzat harturik eta ekintzailetza sustatuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Euskal Herrirako Europar Fondo Sozialaren Programa Operatiboaren (2014-2020) esparruaren baitan dagoen ekimena da.

    LANZITUZ, Euskadiko enpleguaren sorrera sustatzeko inplikatuta dauden hainbat erakunderen arteko elkarlanaren bidez garatuko den proiektua da. Izan ere, ALSErekin batera, Gipuzkoako Bazkundeak, Iraurgi Lantzen agentziak (Urolako eskualdeko garapenerako agentzia), Gezkik (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) eta Euskadiko CCOOk ere parte hartzen baitute egitasmo honetan.

    Programa aurrera eramateko 2.168.000 euroko aurrekontua dago. Zenbateko horren %50a Europar Fondo Sozialak finantzatzen du eta 2020 urtera arte luzatuko da bere garapena.

    Aipaturiko bost erakundeek, LANZITUZen bitartez, milaka langabeturengan izango dute eragina; izan ere, Lan Sozietateen bitartez, langabetu horiek beraien lanbide propioa sortzen laguntzea sustatuko baitute.

    Honetarako, auto-enpleguaren eremuan informazioa eta aholkularitza jarduerak, ekintzailetzan eta enpresa-kudeaketan trebakuntza, negozio ideien formulazioan laguntza, eta programa honen baitan sortzen diren enpresen lehen hilabeteetan zehar jarraipen eta zuzendaritza bultzatuko dituen programa bateratua diseinatu da.

    Haratago, trebakuntza jarduerekin, hamaika langabetuk Lan Sozietateen eredua aukera moduan ezagutzeko parada izango du; eredu honekin, Gizarte Ekonomiaren baloreak, kudeaketa demokratiko eta gardena bultzatzen duen enpresa mota eta pertsonan oinarritutako egitura bultzatu nahi da. Enpresa eredu honen inguruko sentikortasunaren sustapenaz gain, enpresa txikien kudeaketa integrala aurrera eramango dutenen gaitasunak areagotzea lortu nahi du trebakuntza programa honek. Modu honetan, enpresen kudeaketa alorrean garrantzitsuenak diren ezagutzak sustatuko dira, besteak beste: langileen kudeaketa edota merkataritza  eta finantza-ekonomiaren kudeaketa.

    Trebakuntza honekin, parte-hartzaileen enplegabilitatea hobetzeaz gain, hauen sen ekintzailea sustatzea ere lortu nahi da. Modu honetan, negozio ideia duten pertsonek goi mailako aholkularitza izango dute enpresa-plana prestatu eta berau martxan jarri ahal izateko

    LANZITUZ proiektuaren balorerik garrantzitsuenetako bat bere izaera kolaboratiboa da; izan ere, esparru oso desberdinetako erakundeak eta lurralde desberdinak biltzen ditu Euskadirako helburu estrategiko bateratu batera hurbiltzeko asmotan, besteak beste enplegua eta enpresen sare iraunkorra sortzeko. LANZITUZekin ezagutza eta esperientzia handia jarriko da hiru lurraldeetako langabetuen eskura enplegua eta ekimenak sortzeko.

    Programa osatzen duen jarduera multzoak 900 enplegu berri eta 180 lan sozietate sortzea helburu du. Honek euskal lan sozietateetan lanpostuen kopurua %16ean igotzea eta mota honetako enpresa kopurua %30ean igotzea suposatuko luke. Horretarako, LANZITUZ Euskal Gizarte Ekonomia indartzeko ekarpen garrantzitsua izan daiteke dudarik gabe.

    Javier Muñecas, LANZITUZ proiektuko koordinatzailea (ASLE)

  • Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokia, lantalde berria

    Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokia, lantalde berria

    Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokia, lantalde berria

    Aire berriak datoz Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokitik. Izan ere, hiru lagunez osaturiko lantalde berriak hartuko du Behatokiaren lekukoa. Lantalde berri hau, jadanik zehazturik dauden hiru eremuez arduratuko da, hala nola: alor juridikoaz, sozio-ekonomikoaz eta baita akademiko/zientifikoaz ere.

    Lehenik eta behin, eta arlo juridikoari dagokionean, Ane Etxeb    arria Rubio izango dugu arduradun. Gizarte Ekonomiaren esparruan txosten juridikoak egiteaz gain, gai honen inguruko legedi, deialdi eta bestelako berri politikoen eguneraketa ere egingo du. Ane Zuzenbidean lizentziatua da, eta UPV/EHUko Gizarte Ekonomiako Master Ofiziala egin ondoren, ASLEn ere aritu zen denbora batez, beraz Gizarte Ekonomiako errealitatea gertutik ezagutzen du.

    Bigarrenik, Gizarte Ekonomiako ikuspegi sozio-ekonomikoaren inguruan lan egingo duen pertsona, kasu honetan Irati Labaien Egiguren, Euskal Herriko Gizarte Ekonomiaren ikuspegi sozio-ekonomikoa islatzeaz arduratuko da. Besteak beste, bere zereginen artean, urteroko txostenaren elaborazioa, gai hauen inguruan web-orria gaurkotua mantentzea, Gizarte Ekonomiako erakunde desberdinen inguruan dagoen datu-basearen eguneraketa, eta datu-base honen ustiapenari bultzada berritzaile bat ematen saiatuko da. Iratik, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatu ondoren, Globalizazio eta Garapenaren inguruko Masterra ikasi zuen, eta Garapenari Buruzko Ikasketetan Doktoretza amaitu zuen 2014an. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekonomia Aplikatua III Sailean (Ekonometria eta Estatistika) irakasle ere bada.

    Azkenik, Leire Oregi Etxeberria-Berreyarza dugu, eremu akademiko/zientifikoaren erantzulea. Gizarte Ekonomiaren inguruan argitaratutako artikulu, ikerlan, eta bestelako lan akademikoen jarraipena eta sistematizazioa egiteaz arduratuko da. Leire, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da eta UPV/EHUko Gizarte Ekonomiako Master Ofizialeko lehen promozioko ikaslea izan zen 2014/2015 ikasturtean. Gizarte Ekonomiako esparruan murgildurik ibili da masterreko urtetik, eta besteak beste, Gezki Institutuan, Gizarte Zerbitzuen eta Gizarte Inkubagailuen gaietan ikerlari moduan lanean aritu da. Sektorea hurbiletik ezagutzeko aukera izan du beraz Leirek.

    Hiru lan-eremu hauek elkarrekiko duten lotura banaezina kontuan hartuta, Anek, Iratik eta Leirek, elkarlanean oinarritutako lantaldea sortzea ezinbestekotzat jo dute. Honetaz gain, hiru lagun hauek alor desberdinetatik badatoz ere, badute batzen dituzten hamaika balore. Ekonomia zuzentzen duen korronte nagusiak bistan utzi dituen gabezien aurrean, Ekonomia Sozial eta Solidarioak eskain ditzakeen potentzialtasunak indartzea beharrezkoa dela uste dute, pertsona oinarritzat hartzen duen garapenaren bidea hartuaz.

    Ane, Irati eta Leire gogotsu datoz Gizarte Ekonomiaren sozializazioa sustatzera, eta nola ez, behatokiari merezi duen bultzada ematera. Zorte on neskak!

    Harremanetarako:

    Ane Etxebarria (gezki.teknikaria@ehu.eus), tlf. 943017462

    Irati Labaien (gezki.ekonomia.teknikaria@ehu.eus), tlf. 943017462

    Leire Oregui (gezki.zientifikoa.arduradura@ehu.eus), tlf. 943017482

     

    Iturria: GEZKI.

  • Unibertsitateko gizarte inkubagailuen inguruko udako ikastarorako plazak libre

    Unibertsitateko gizarte inkubagailuen inguruko udako ikastarorako plazak libre

    Unibertsitateko gizarte inkubagailuen inguruko udako ikastarorako plazak libre

     

    Ikastaroa Donostiako Miramarreko jauregian izango da, irailaren 12 eta 13an. Lehenengo egunean goizeko 9:00tatik arratsaldeko 17:30etara izango da, eta bigarrenenan, 9:15etatik 13:45etara. Ikastaroak 20 orduko balio akademikoa izango du, eta 70 euro balio ditu, hala ere, matrikula murriztu edo bereziagatik eta salbuespen matrikulagatik deskontuak aplikatuko dira.

     

    Matrikulatu ahala izateko sakatu hemen. 

  • Errigoraren kanpaina berria: “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura”

    Errigoraren kanpaina berria: “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura”

    Errigoraren kanpaina berria: “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura”

    Olioaren kanpainaren arrakastaren ondoren, Errigora proiektuak, Erriberako nekazal produktu desberdinen sorten kanpaina berria atera du hilabete honetarako, euskarazko etiketekin gainera. Talde honek sustatu dituen kanpaina desberdinen bidez, kontsumitzaileek bertako ekoizleei bidezko prezioetan erosketa zuzena egin diezaieten errazten da; modu honetan, Nafarroako hegoaldean euskara indartzeko ekonomikoki kolaboratuz.

    Kanpaina honen helburua urte honetan, sorten bidez kontserben bilketa egin ahal izatea da, gainera aurten sorta hauetan produktu berriak eskaintzen dira. Sorta hauen salmenta, Euskal Herriko 65 herri desberdinetan egin zen maiatzaren 12tik 24ra bitartean eta baita web orriaren bitartez ere (http://www.errigora.eus/). “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura”  kanpainak, merkaturatze bide laburren eredua bultzatu nahi du, honela Euskal Herrian elikadura subiranotasunaren alde jarduerak sustatuz. Kanpaina honen bigarren zatian, “pintxopote” deiturikoan parte hartzen duten taberna desberdinei produktu hauek eskaintzea da xede, hauek arrazoizko prezioetan produktuak lortuz pintxoak egin ditzaten.

    Errigorako ekoizle eta kideek, Iruñeko Condestablen prentsaurrekoa eskaini zuten euskalgintzako agenteen laguntzarekin.  AEK-ko eta Ikastolen Elkarteko ordezkariak ere bertan egon ziren. Ikastolen Elkarteko presidentea den Koldo Tellituk hitza hartu zuenean, auzolanen egiten den lana azpimarratu nahi izan zuen. Besteak beste nabarmendu zuen, Nafarroa hegoaldeko euskararen egoera oraindik ere oso larria dela, ez duela babes juridikorik eta gainera, ez dagoela euskara susta dezaketen herri ekimenak ahalbidetzen dituen planifikaziorik.

     

    Iturria: Gara

  • “Lan autonomoa eta Politika Ekonomikoak: sektore hau baloratzeko gakoak” jardunaldian izen-emateko epea oraindik irekia.

    “Lan autonomoa eta Politika Ekonomikoak: sektore hau baloratzeko gakoak” jardunaldian izen-emateko epea oraindik irekia.

    Ekainaren 23an Koldo Mitxelena liburutegian izango den “Lan autonomoa eta Politika Ekonomikoak: sektore hau baloratzeko gakoak” jardunaldian izen-emateko epea oraindik irekia.

    Antolatzaileak: GEZKI (UPV/EHU), Ekaicenter eta Friedrich Ebert Stiftung Fundazioa.

    Laguntzailea: Eusko Jaurlaritza.

    Plaza mugatuak izango dira.

    Izen-ematea doakoa izango da eta ekainaren 20 arte irekia egongo da, 943250104, ekai@ekaicenter.eu

    Ordutegia: 9.00-17.15.

    Informazio gehiago hemen. 

  • Disziplinarteko Kooperarock jardunaldia

    Disziplinarteko Kooperarock jardunaldia

    Disziplinarteko Kooperarock jardunaldia

    Maiatzaren 19an EHUko Gizarte Ekonomia Masterreko hainbat ikasle eta irakaslek LANKIk antolatutako kooperatibismoaren balioen inguruko hausnarketa jardunaldian parte hartu zuten, Kooperarock programako ekintzen artean dagoena.

    Jardunaldia lau ataletan banatu zen. Lehenengoan, Aitzol Loiolak Eta Maider Iriartek Arizmendiarrietaren eragina duen euskal kooperatibismoaren jatorria gogoratu eta eraldaketa soziala lortzeko hezkuntza eta lana oinarri direla azaldu zuten. Komunitatea sortzeko hezkuntza integralaren eta belaunaldiartekoaren ideiak azpimarratu zituzten. Bigarren zatian, egungo hezkuntza sistemak beharrezko dituen aldaketen inguruko taldekako hausnarketa egin zen. Bukatzeko, talde bakoitzak ideia garrantzitsuenak azaldu zituen eta jardunaldian sortu ziren gogoeta ezberdinen inguruko eztabaida eman zen parte hartzaile guztien artean. Bideoa ikusi

    EHU, Deusto eta Mondragon Unibertsitateko hainbat ikasle eta irakaslek parte hartuko dute egitasmo honetan. Jardunaldi hauetako helburu nagusia, diziplinarteko testuinguru batean ideia ezberdinen trukea sortzea da, ondoren Lankik kontutan hartuko dituena Gasteizeko Teatro Paraiso antzerki taldearekin lan egiteko. Proiektu honetan ikastola eta eskola ezberdinetako haurrekin lan egingo da, eta antzerki taldeak jardunaldietan agertu diren kooperatibismoaren inguruko ideia ezberdinak bilduz antzezlan bat egingo du.

    Iturria: GEZKI

  • Jordi Via Gizarte Ekonomiako lehen Topaketan

    Jordi Via Gizarte Ekonomiako lehen Topaketan

    Jordi Via Gizarte Ekonomiako lehen Topaketan

    Jordi Viak Gizarte Ekonomiako lehen jardunaldietan parte hartu du Bartzelonako Udaleko Gizarte Ekonomiako arduradun moduan. Jardunaldi hauek maiatzaren 10ean ospatu ziren Oreretan.

    Ospakizun honetan besteak beste honako lagun hauek parte hartu zuten: OlatuKoop enpresen sareko Beñat Irasutegi, Oarsoaldeako gerente den Fernando Nebreda, eta Pasaiako zinegotzia den Sergio Ekiza. Gainera, Fiare Banku Etikoa, Coop 57, eta Iruñeko Landare Kontsumo Kooperatibako ordezkariak ere han egon ziren.

    Jordi Viak egin zuen aurkezpenak, hiri eredu berri baten martxan jartzearen esperientzia ezagutarazi zuen. Gizarte Ekonomiari buruz, pasa den urtarrilean argitaratu zen Txostenean agertzen ziren datu agregatuek, ekonomia ulertzeko era berritzailea den Gizarte Ekonomia, bazterreko ekonomia izatetik pixkanaka toki handiago bat hartzen ari dela bistaratu zuten.

    Oreretako zinegotzia den Eñaut Graciak jardunaldiko honako ondorioan azpimarratu zituen:

    -Erakunde publikoei neutraltasun jarreratik ateratzeko beharra.

    -Gizarte Ekonomia balore hegemonikoak bultzatzen dituen baloreei (bereziki indibidualtasun eta lehiakortasuna) aurre egiteko tresna moduan kontuan hartzea.

    -Publiko eta pribatuaren inguruko paradigma gainditu, eta publiko-kooperatibo-komunitate bezalako bestelako paradigmetan lan egin.

    -Jardunaldi desberdinen antolaketan eta gaiaren ezagutzan sakontzeko, Bartzelonako udaleko adibidea bezalakoak jarri.

    -Azkenik, politika ekonomikoaren erdigunean pertsonak helburu izatearen beharra.

     

    Jordi Viasen hitzaldia entzuteko sakatu hemen.

     

    Iturria: GEZKI