Bloga

  • Ekainak 11, Beterriko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Feria ospatuko da

    Ekainak 11, Beterriko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Feria ospatuko da.

    Feria Goizeko 11etatik arratsaldeko 18ak bitarte ospatuko da, eta bertan, enpresen aurkezpenak, hitzaldiak, tailerrak, animazioa eta abar egongo dira. Hernaniko Florida Auzoa 28, Gabriel Zelaia eraikinean.

  • Antxonen irakaspenak

    Antxonen irakaspenak

    Antxonen irakaspenak

    Duela aste bete zendu zen Antxon Mendizabal lankide eta laguna. Lan eskerga da zutabetxo honetan Toninoren biografia osoa laburtzeko saioa. Gainera ni ez naiz hori egiteko bere lankiderik aproposena, berriki utzi gaituzten Anton Borja eta Mikel Gomez Uranga , EHUko Ekonomia Aplikatua Ieko kideak hauek ere, lirateke horretarako egokiagoak belaunaldia eta ibilbidea partekatu baitzuten elkarrekin. Txiki sentitzen naiz haien ondoan Unibertsitate publiko, euskaldun eta konprometituaren aldeko beren jarrera ikasbide eta eredu izan baitut. Antxon lagun eta lankide nuen, lana, proiektuak, argitalpenak, eztabaidak eta euskararen eta gizartearen eraldaketaren aldeko jarrera partekatzen genuen. EHUko Ekonomia Aplikatua I sailean zein GEZKI Institutuan egin dugu lanbidea biok. Baina, UEUn, lan munduko jardueretan edo herri ekimenetan ere sarritan egin dugu topo.

    Antxon EHUko Leioako Gizarte, Politika eta Komunikazio Zientzien Fakultatean izan zen irakasle. Bokazio izugarria zuen eta nekaezina zen, bere gaixotasunak ohi baino gehiago jotzen zuenean ere klaserako grina izaten zuen, ez zen etxean geratzearen zale. Ikasleekiko eztabaidak gaztetzen omen zuen eta ahaleginak eta bi egin izan ditu gazteekiko kontaktua ez galtzeko. Aurten jubilatu berritan ere, masterreko bere klasearekin jarraitzea eskatu zigun, hain zen indartsua irakaskuntzaren aldeko bere grina!. Aldebiko sentipena ere bazen, ikasleek oso gogokoa zuten Antxon bere irakasbidea ez baitzen ohikoa -goitik beherakoa eta itxia- kontrara egiten zuen honetan ere ikasleak erakarri eta ekonomiaz, autojestioaz eta maitasunaz ere aritzen zen irakas logika nihilista eta indibidualistari aurre eginda.

    Bere bizitza akademikoa oparoaren erakusle diren argitalpen eta ikerketa lan ugari gauzatu zituen. Hainbat gai eta azterketa lerro jorratu ditu talde lanean eta bakarka. Globalizazioa eta tokiko garapenaren zein identitatearen eremuan lan ederrak egin ditu. Bere ikuspegia argia zen:behetik gorako eta ahulenen onurarako dialektikatik eraiki behar da globalizazioa, mundu iraunkorra eta bidezko gobernantza zein herrien aniztasuna oinarri hartuta. Antxonek oso gogokoa zuen lan eremuaren azterketa ere. Arlo honetan, batez ere lana enpresaren estrategietan duen posizioari erreparatu zion, beti ere langilearen parte hartzea eta autojestioaren logikari lehentasuna emanda. Kooperatiben mundua barnetik ezagutzen zuen eta honek begirada zorrotza eskaini zion irabazi asmorik gabeko erakundeetako azterketa kritikoa egiteko. Maisu lanak eskaini dizkigu arlo honetan. Beste hainbat arlotan ere bere ekarpen oparoak egin izan ditu. Bere lan guztietan ekonomia ofizialaren ohiko ikuspegi liberal eta indibidualista borrokatu egin ditu eta posizio normatiboak hartu ditu justizia soziala eta herrien burujabetzaren alde eginda.

    Pertsona adeitsua, alaia eta lagunkoia zen Antxon, konfiantza osokoa, gardena eta baikorra. Unibertsitateko burokrazia hazkorraren aurrean galdu egiten den akademiko kaletarra. Karrera akademiko indibidualari gorazarre egiten zaion garaian bidezko sozietate solidariora eta herrien burujabetzara hurbilduko dituen lana eta konpromisoa lehenetsi zuen bere lanbideari koherentzia emanda. Unibertsitatearen eredu konkurrentzial eta merkantila nagusi den honetan Antxonen bizitza jokabideak erakusten digu posible eta beharrezkoa dela unibertsitatea ere bestelako balore batzuen gainean eraikitzea.

     

    Mikel Zurbano Irizar

    UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua Ieko eta GEZKIko irakaslea

  • Ekonomia Solidarioaren VI. azokak indarra hartu du Nafarroan

    Ekonomia Solidarioaren VI. azokak indarra hartu du Nafarroan

    Ekonomia Solidarioaren VI. azokak indarra hartu du Nafarroan                

    Ekitaldian parte hartu duten 75 erakusmahaiek 5.000 bisitari baino gehiago izan dituzte asteburuan.

    Joan den asteburuan Iruñako autobus geltoki zaharrera bertaratutakoek egiaztatu zuten moduan, ekonomia solidarioa hazi egin da azken urteotan. Ekonomia Sozial eta Solidarioaren VI. azoka apirilaren 8tik 10era burutu zen. Ostiraleko 17:00etan ateak ireki eta igandeko 14:00etan itxi bitartean, erakustazokan ezarritako 75 erakusmahaiek ekonomiaren arlo erlatiboki berri honen produktu eta zerbitzuak eskaini zituzten. REAS (ekonomia solidarioaren eta alternatiboaren sarea) elkarteak eta Nafarroako Merkatu Sozialak sustatutako jardunaldiak eskaintza alternatibo ugari erakutsi zituen: produktu ekologikoak eta bidezko merkataritzakoak zein oinarri solidarioetan eta gizarte-ekonomian oinarritutako finantza-zerbitzuak, besteak beste.

    Aurreko urteetan bezala, Txanpona gizarte-moneta erabili zuten, bertako produktuen kontsumoa eta merkataritza bultzatzeko sortua. Erakustazoka burutzen ari zen momentu eta leku berean, ekonomia sozialaren nazioarteko IX. jardunaldia egin zuten 'kapitalismoa edo bizia, ekonomia feministatik begiratua' izenburupean. Jardunaldietan, parte-hartzaileek Geltoki 2012 proiektua sakonki ezagutzeko aukera izan zuten. REAS Nafarroak sortutako proiektuaren helburua da, Reas Red de Redes elkarteko Andoni Romeoren hitzetan, “Iruñako autobus geltoki zaharra ekonomia solidariorako gune bilakatzea, ekonomiaren sektore hori agenda politikoaren eta ekonomikoaren kanpoaldetik erdigunera pasa dadin”.

    Jardunaldietako hizlarien artean zeuden Emauseko traperoak. Parte-hartzaileen aburuz,  ekonomia solidarioa ikaragarri hazten ari da Nafarroan. Urtero, gizarte osoari zerbitzua emateko negozio ekintzaile berriak sortzen dira, eta hori kontuan hartuta, ez litzateke arraroa izango Iruñak gizarte-merkatu egonkorra izatea urte batzuen buruan.

     

    Iturria: GEZKI

                    

  • GITE-IPESek antolaturiko mahaingurua egin zen, “Ekonomia Soziala. Zer da?” gaiaren inguruan

    GITE-IPESek antolaturiko mahaingurua egin zen, “Ekonomia Soziala. Zer da?” gaiaren inguruan

    Apirilak 27an, Santutxun, Karmelo Bizirik egoitzan, GITE-IPESek antolaturiko mahaingurua egin zen, “Ekonomia Soziala. Zer da?” gaiaren inguruan.

    Hiru hizlariak Liher Gonzalez (Olatukoop), Saioa Bacigalupe (REAS), eta Aitor Bengoetxea (GEZKI) izan ziren, eta moderatzailea Yolanda Jubeto (EHUko Ekonomia Irakaslea). Guztira, 30 pertsona inguru elkartu ziren.

    Hasteko, hiru hizlariek Gizarte Ekonomiaren kontzeptuaz eta jardunaz aritu ziren, bere bertute eta potentzialitateak azpimarratuz. Aitorrek lege ikuspegitik, Saioak REASen esparrutik, eta Liherrek Olatukoopen duten funtzionamenduan oinarrituz. Ondoren, bakoitzak bere esparruko esperientzia azaldu zuen, eta amaitzeko galdera tarte bat egon zen.

    Mahainguruan arlo desberdinetako ikuspegi osagarriak adierazi ziren, eta Yolanda Jubeto moderatzaileak positiboki baloratu zuen jarduna.

     

    Iturria: GEZKI

  • Iñigo Ucinek ordezkatuko du Javier Sotil MONDRAGONeko lehendakaritzan abuztuaren batetik aurrera

    Iñigo Ucinek ordezkatuko du Javier Sotil MONDRAGONeko lehendakaritzan abuztuaren batetik aurrera

    Iñigo Ucinek ordezkatuko du Javier Sotil MONDRAGONeko lehendakaritzan abuztuaren batetik aurrera

    Javier Sotilek erretiroaren adinera iritsi eta MONDRAGONeko Kontseilu Orokorreko agintaldia amaitzen duenean.

    MONDRAGONeko Kongresu Kooperatiboko Batzorde Iraunkorrak, Javier Goienetxeak presidituta, Iñigo Ucin izendatzea erabaki du MONDRAGON Korporazioko Kontseilu Orokorreko hurrengo lehendakaria izateko.

    Iñigo Ucinek datorren abuztuaren 1ean hartuko dio lekukoa karguan Javier Sotili, azken horrek erretiroaren adinera iritsi eta MONDRAGONeko Kontseilu Orokorreko agintaldia amaitzen duenean.

    Iñigo Ucin Azkoitia herrian jaio zen (Gipuzkoa), 1960an, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatua da Deustuko Unibertsitatetik. Berrikuntzaren Kudeaketari buruzko master programa bat ere egin du (Deustuko Unibertsitatea).

     

    Ibilbide profesionala

    Bere ibilbide profesionala Danobatgroupi lotuta dago, bertan hasi baitzen makina-erremintako Izarraitz enpresan finantza zuzendari lanetan, eta Giza Baliabideetako zuzendaria ere izan zen.

    Izarraitz Danobaten sartu zenean, Iñigo Ucin xurgatutako enpresaren produktuaren Negozio Unitateko zuzendari izendatu zuten, eta zeregin horrekin batera Danobatgroupeko controller lanak ere egiten zituen.

    1998an Danobat kooperatibako gerente izendatu zuten, eta ondoren, 2012ko irailean, MONDRAGONeko Makina-Erremintaren Dibisioko lehendakariorde. Halaber, 2015eko ekainaz geroztik, kargu hori eta Industria Automatizazioko Dibisioko lehendakariordetza bateratu zituen

     

    Iturria: TUlankide

  • REAS Euskadi eta Gizatea, Eusko Legebiltzarrean erosketa politika publiko sozial eta inklusiboaren alde

    REAS Euskadi eta Gizatea, Eusko Legebiltzarrean erosketa politika publiko sozial eta inklusiboaren alde

    REAS Euskadi eta Gizatea, Eusko Legebiltzarrean erosketa politika publiko sozial eta inklusiboaren alde

    Gizateako (Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea) eta REAS Euskadiko (Euskadiko Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea) ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean izan ziren apirilaren 4an, kontratazioari buruzko beren proposamenak eta planteamenduak aurkezteko. Gizateak enplegu inklusiboaren aldeko erosketa publikoko politikak eskatu zituen, esate baterako, gizarteratze enpresetarako kontratuen alorreko legedia betetzea; REAS Euskadik, berriz, Ikuspegi Sozialetik Arduratsua izango den politika publikoa sustatzea eskatu zuen.

    Irailaren 9ko 31/2015 Legea indarrean sartu zenetik, zeinaren arabera aldatu eta eguneratu egiten den autoenpleguaren alorreko araudia eta onartzen diren lan autonomoa eta ekonomia soziala sustatzeko eta bultzatzeko neurriak, perspektiba berriak zabaltzen dira gizarteratze enpresen kontratazio publikoa bultzatzeko, eta Gizateak hori baliatu eta bultzatu nahi du, sektorearen zerbitzura. Lege horrek Interes Ekonomiko Orokorreko Zerbitzuak ematen dituzten erakundetzat hartzen ditu gizarteratze enpresak, eta kontratu publiko erreserbatuen onuraduntzat hartzen ditu, sektorearen helburu historiko bati erantzunez.

    Krisi garai honetan, langabeziak gora egin duen eta talde jakin batzuentzat enplegua lortzea gero eta zailagoa den garai honetan, Eusko Jaurlaritzak ugaldu egin behar ditu lan merkatuan sartzeko aukerak (lanpostu gehiago, enpresa gehiago) eta Gizarteratze Enpresen merkatua handitu behar du, orain arte administrazio publikoak zerbitzu horien bezero minoritarioa izan baitira (%24; sektore pribatuan, %76). Eta erabaki politiko bat baino ez da hori.

    Baina, horrez gainera, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak gizarte, enplegu eta gizarteratzeko politikak indartzea eta gizarte bazterketaren kontra jarduteko, kalitateko enplegua sortzeko, emakume eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra bultzatzeko eta ingurumena zaintzeko tresna eraginkor gisa erabiltzea bere kontratuak, kontratazio publikoko europar jarraibide berrien espirituarekin bat eginez, zeinetan kontratazioa ez den helburu bat bere horretan, baizik eta tresna juridiko bat, botere publikoen zerbitzura dagoena eta haien funtsezko helburuak eta balioak betetzeko balia daitekeena: gizarte kohesioa, aberastasunaren banaketa, berdintasuna eta justizia.

    Ikuspegi horretatik, REAS Euskadi hainbat erakunde publikorekin ari da lenean Euskal Herrian, toki politika eraldatzaile berriak indartzeko, ekonomia solidarioaren irizpideetatik abiatuta, oro har, eta sozialki arduratsua den erosketa sustatzetik abiatuta, bereziki.

    Gizateatik Eusko Legebiltzarrari eskatzen diogu:

    Euskal Gobernua estutu dezala, ekitaldi honetan bete dezan 31/2015 Legean xedatutakoa, hau da, ezar dezala kontratu erreserbatuaren irudiaren bitartez esleituko den gutxieneko bat (Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 5. Xedapen Gehigarria). Beste administrazio batzuk dagoeneko ari dira horretan, eta zehaztuta dituzte kontratu erreserbatuen gutxieneko helburuak: Asturiasko gobernuak %8 jarduera alor jakinetan; Nafarroako gobernuak %6; Aragoiko gobernuak %3 eta 8 bitartean; Balearretako gobernuak %3, etab.

    Euskal kontratazio publikoaren azterketa bat bultzatu dezala (Gobernuak hasia eta sektore publiko osoari zabaldua), bai eta Gizarteratze Enpresen zerbitzuak eta produktuak erosteko aukerei buruzkoa ere.

    Eusko Jaurlaritza (Enplegua eta Gizarte Politikak) eta Lanbide estutu ditzala, Gizatearekin lankidetzan, kontratu erreserbatuen alorrean xedatua bete dadin euskal sektore publikoan (enpresa publikoak, aldundiak, udalak…) eta horretarako laguntza eskatu dezatela.

    Beste klausula sozial batzuk bultza ditzala, hala nola, gizartean eta lan munduan txertatzearekin zerikusia duten 6/2008* Ebazpenean bilduak.

    REAS Euskadin, gainera, honako hau eskatzen diogu Eusko Legebiltzarrari:

    6/2008 Ebazpenaren edukiak berreskuratzeko eta Kontratazio Publiko Sozialki Arduratsua sustatzeko neurri eraginkorrak ezar ditzala.

    Kontratazio publiko orokorrari buruzko euskal araudiaren eta/edo bereziki Kontratazio Publiko Sozialki Arduratsuaren euskal araudi bat ezartzeko aukera azter dezala.

    Eusko Jaurlaritzari eska diezaiola, REASekin eta beste gizarte eragile batzuekin lankidetzan, Kontratazio Publiko Sozialki Arduratsuaren alorreko jardunbideak gauza daitezen euskal sektore publikoan (gobernu autonomikoa, aldundiak, udalak, sektore publikoko enpresak…).

    Legebiltzarraren aurrekontuan Kontratazio Publiko Sozialki Arduratsuaren alorreko neurriak sustatu ditzala.

    Legebiltzarreko taldeek eta alderdi politikoek Kontratazio Publiko Sozialki Arduratsua bultza dezatela ordezkaritza duten eta/edo gobernu zereginak betetzen dituzten erakundeetan, eta horiek beraiek, erakunde gisa, antzeko politikak txerta ditzatela beren erosketa politiketan.

     

    Iturria: REAS Euskadi

  • Oinarrik gizarte ekonomiako 326 enpresa abalatu zituen aurreko urtean

    Oinarrik gizarte ekonomiako 326 enpresa abalatu zituen aurreko urtean

    Oinarrik gizarte ekonomiako 326 enpresa abalatu zituen aurreko urtean

    Oinarrik, elkarrekiko berme elkarteak, gizarte ekonomiako 326 enpresei emandako 630 abal berri baino gehiago formalizatu zituen aurreko urtean, 52 milioi eurogatik.

     

    Informazio gehiago hemen

    Fuente: EFE

  • Eroskik irabaziak aurreikusten ditu, zazpi urteko galeren ondoren

    Eroskik irabaziak aurreikusten ditu, zazpi urteko galeren ondoren

    Eroskik irabaziak aurreikusten ditu, zazpi urteko galeren ondoren

    Eroskik bukatutzat eman du bere negozioaren berregituratze zikloa, eta etapa berri bat hasi du, zeinean hazkunde kuantitatiboa ez den lehentasuna izango, Markaidek esan duenez eta Mondragon Korporazioaren TU Lankide aldizkariak jaso duenez.

     

    Iturria: goiena

  • KOOPERAROCK, ARGIAko blog berria

    KOOPERAROCK, ARGIAko blog berria

    KOOPERAROCK, ARGIAko blog berria

    ARGIAren blog komunitatea zabalduz doa. Lanki ikertegiak kudeaturik, beste ekonomia eta bizitza eredu batzuk landuko dituen Kooperarock bloga egongo da irakurgai hemendik aurrera ARGIAren webgunean.

    Iturria: ARGIA.

    Webgunera sartzeko egin klik hemen.