Egilea: oves-geeb

  • Emaitza onak Gazteability programan

    Emaitza onak Gazteability programan

    Hiru urte iraun duen Gazteability proiektuan 30 urte baino gutxiago duten 117 emakumek eta 195 gizonek parte hartu dute. Gainera, 14 emakumek eta 26 gizonek enplegu bat lortu dute Gureak-ek, Katea Legaiak, Lantegi Batuak eta Usoak egindako lanari esker.

    Gazteability desgaitasunak dituzten 30 urtetik beherako pertsonendako trebakuntza-bideak eta lan-laguntza erraztea helburu duen proiektua da, honetarako, trebakuntza, lana eta praktikak gauzatzen dira lanpostu arruntean eta lanpostu babestuan.

    EHLABEK zuzendutako proiektua da, eta Gureak-ek, Katea Legaiak, Lantegi Batuak eta Usoak parte hartzen dute.

    Iturria: EHLABE

  • Merkatu Sozialari buelta bat ematen!

    Merkatu Sozialari buelta bat ematen!

    Pasa den urtarrilaren 25an Reas Euskadi eta OlatuKoop sareetako erakundeak Merkatu Sozialaren inguruan eztabaidatu eta aurrera pausuak emateko jardunaldia burutu zuten.

    Merkatu Soziala, pertsonen eta bizitzaren iraunkortasunaren zerbitzura dauden   praktika ekonomiko alternatiboak sustatzeko helburuarekin, REASek (Ekonomia  Alternatibo eta Solidarioaren Sarea) sustatutako eta Olatukoopek (Ekonomia Sozial  eta  Eraldatzailea Sarea) lagundutako ekimen bat da. Ekonomia solidarioko entitate eta enpresak, ekonomikoki esanguratsuak izateko, elkarlanean  aritzen  diren  merkatua  da.  Ekoizle txikiek, beren ekoizpenaren salmenta eta banaketa kontrolatzen duten merkatua. Bakarka daukaten indarra biderkatzeko helburuarekin, kontsumitzaile  arduratsuek aktiboki parte hartzen duten merkatua. Irabazi asmorik ez duen merkatua, ekonomia eta mundu bidezkoago eta jasangarriagoa eratzen laguntzen duelarik.

    Laburbilduz, irizpide etiko, demokratiko, ekologiko eta solidarioekin funtzionatzen  duen  ikasketa, ondasun eta zerbitzuen ekoizpen, banaketa eta kontsumo sare bat da. Sarea,  ekonomia solidarioaren entitate eta enpresez eta banakako zein taldeko kontsumitzailez osatuta dago.

    Iturria: Reas Euskadi

  • Finantza etikoen Europako lehen txostena argitaratu da

    Finantza etikoen Europako lehen txostena argitaratu da

    “Finanza Etica” fundazio italiarrak egin du txostena eta finantza etikoak finanantza espekulatiboen oso ezberdinak direla ondorioztatzen du. Naturarekiko errespetua, aldaketa klimatikoaren aurkako borroka, etxebizitzarako eskubidea, bazterturiko pertsona eta kolektiboen gizarteratzea eta bestelako balore batzuk dira finantza etikoen oinarrian aurkitzen direnak.

    Argitalpena, osorik (eta gazteleraz) eskuratu daiteke, hemen.

    Txostenak finantza etiko eta jasangarrien aktibitatea 715 mila milioietan kokatu du, Europa mailan, hau da Europar Batasuneko barne produktu gordinaren %5 inguru, hain zuzen ere. Kopuru hori honela banaturik dago:

    – 39,80 mila milioi banku etiko eta jasangarriek (30 erakunde inguru) dituzten aktiboak dira, zeintzuetatik 29,33 mila milioi proiektu zehatzetan emandako maileguak diren.

    – 496 mila milioi Estatuen titulu eta funts “sozialki arduratsuetan” inbertiturikoak lirateke, jasangarritasun irizpideak jarraituz (armarik ez, ausazko jokorik ez, petroliorik ez, ikatzik ez, tabakorik ez…).

    – 5,54 mila milioi Europan emandako mikrokredituak lirateke.

    – Gainontzekoa obligazio berdeetan (Green Bonds) eta inpaktu sozialeko bonuetan (social impact bonds) inberturikoak lirateke.

    Iturria: Fiare Banca Ética, RIPESS Europa

  • Gizarte Ekonomia eta Ekintzailetza protagonistak Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko Goi Bileran

    Gizarte Ekonomia eta Ekintzailetza protagonistak Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko Goi Bileran

    Pasa den abenduan, Europa Mediterraneoko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko Goi Bilera egin zen Turinen, bertan, “Europa Mediterraneoko Gizarte Ekonomia eta Ekintzailetza Txostena” onartu zen, garapen ekonomiko sozial iraunkorra lortzea helburu dueña.

    Txostenaren ondorioen artean, azpimarragarriak diren zenbait puntu:

    • Gizarte Ekonomia erabakigarria izango da Europako erronka sozioekonomikoei erantzuna emateko, kalitatezko enplegua eta garapen lokal jasangarriak sustatzen baititu.
    • Emakumeen ahalduntzean eta gazteen eta desgaitasuna duten pertsonen laneratzean Gizarte Ekonomiak betetzen duen papera azpimarratzen da.
    • Txostenean egiten diren aldarrikapenen artean, ekintzailetza Gizarte Ekonomiaren bidez sustatzea dago.

    Txostena hemen

    Iturria: CEPES

  • Azoka Plazaren etorkizuneko proiektuak aurkeztuko dituzte otsailaren 2an

    Azoka Plazaren etorkizuneko proiektuak aurkeztuko dituzte otsailaren 2an

    Ekitaldi irekia egingo dute Azpeitiko Azoka Plazan, 12:00etan hasita, Aurrera begirako egitasmoen berri emateko eta orain arteko ibilbidearen balorazioa egiteko. Azoka Plazako talde eragileko kideek herritar oro gonbidatu dute hitzordura.

    Azoka Plazaren etorkizuneko proiektuak aurkeztuko dituzte datorren larunbat eguerdian, otsailaren 2an. Aurkezpena Azoka Plazan bertan egingo dute, 12:00etan hasita. Azpeitiko Udalak azaldu duenez, Azoka Plazaren etorkizuneko proiektuak lantzeko talde eragilea sortu du erakundeak, Azoka Plazako produktuak zabaltzeko proiektuak garatzeko. Bertako kide dira Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Elikagunea eta Urkome. Talde eragileak egingo du zapatuko aurkezpena, eta emandako pausoak zein aurrera begirako egitasmoak azalduko dizkiete Azoka Plazako erabiltzaileei, eragileei eta bertaratzen diren herritarrei. Larunbateko ekitaldia “xumea” izango dela esan du Udalak, eta bi zati izango dituela. Alde batetik, Azoka Plazarekin harremana izan duten eragileen, norbanakoen, taldeen, erosleen eta ekoizleen iritziak jasotzen dituen bideoa emango dute. Bideo horrekin orain arteko ibilbidearen balorazioa egin nahi dute.

    Bestetik, bertako produktuen kontsumoa sustatzeko eta lehen sektorea indartzeko Azoka Plazak bultzatuko dituen proiektuen berri emango dute talde eragileko kideek. Haiek azaldu dutenez, herritar askori esker hartu du “martxa ona” Azoka Plazak, baina oraindik “lan ugari” dituzte egiteko: “Azoka Plazak hasiera ona izan badu ere, oraindik lehen sektorearen dinamizazio ekonomikorako urrats asko ditugu emateko”. Udalak herritar oro gonbidatu ditu zapatuko aurkezpenera.

    Iturria: Uztarria.com

  • Ekarpen interesgarriak “Unibertsitatea eta ekintzailetasun kooperatiboa” jardunaldi bikoitzean

    Ekarpen interesgarriak “Unibertsitatea eta ekintzailetasun kooperatiboa” jardunaldi bikoitzean

    Abenduaren 13 eta 14an burutu zen Donostian GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak antolaturik, Euskal Kooperatiben Goren Kontseiluaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Unibertsitatearteko IV. Kongresu kooperatibora 70 pertsona inguru hurbildu ziren.

    Jardunaldia streaming bidez jarraitzeko aukera ere egon zen eta kongresuko zenbait parte hartzaileen ekarpenen inguruko bideo batzuk ere editatze prozesuan daude:

    – Ikus jardunaldiko bideo-laburpena

    – Ikus Rodolfo Pastoreri eginiko elkarrizketa

    – Ikus Jorge Torresi eginiko elkarrizketa

    Osteguneko (abenduaren 13) irekierarako hiru unibertsitateetako kooperatiba institutuetako zuzendaritzak present egon ziren (UPV/EHU-ko GEZKI, MU-ko Lanki eta Deustuko Kooperatiba Ikaskuntza), baita Euskal Kooperatiben Goren Kontseiluko Idazkari Orokorra eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaria ere.

    Irekiera konferentzian Quilmeseko Unibertsitateko (Argentina) Rodolfo Pastore eta Marseilako Unibertsitateko (Frantzia) Nadine Richez-Battestik hartu zuten parte, zeintzuek euren herrialdeetako unibertsitateek ekintzailetasun kooperatiboan eta gizarte ekonomian duten elkarreragina azaldu zuten.

    Bestalde, lehenengo ardatzean unibertsitate eta formakuntza espazio ezberdinetan gizarte ekonomia eta ekintzailetasun kooperatiboak duten presentzia jorratu zen, elkarrizketa inspiratzaile eta lan mahai baten bitartez. Bertan parte hartu zuten Jorge Torres (Universidad Santiago de Chile), Yanoba Mariezkurrena (Azaro Fundazioa) eta Laura Ricok (ANEL),elkarrizketan batetik; eta Millán Diaz (Universidad de Zaragoza), Ana Olveira (Universidad de Santiago de Compostela), Rosa García (Universitat Autonoma de Barcelona) eta Teresa Savallek (Universitat de Valencia) lan mahaian.

    Bigarren eguna Lurraldea ardatz zuten elkarrizketa inspiratzaile eta lan mahaiarekin hasi zen. Horretarako Xabier Itzaina (Émile Durkheim Zentroa) eta Nadine Richez-Battesti (Marseilako Unibertsitatea) Gizarte Ekonomia, ekintzailetasun kooperatiboa eta Lurraldearen arteko harremanez aritu ziren. Bestalde, lan mahaian lurraldeengan ekintzailetasun kooperatiboek (eta gizarte ekonomiakoek, orokorrean) duten garrantzia eta berezitasunez jardun zuten hainbat eragileetako ordezkariak: Nerea Yurrebaso (Garapen), Eudald Griera (Bartzelonako Ateneu), Guillermo Villa (Mares Madrid) y Lander Martinez (Geltoki Iruñea).

    Hirugarren eta azken ardatzak Sareen gaia jorratu zuen Koopfabrika, LEINN, Deustuko Unibertsitateko eta Elkar-Lanek dituzten programa/dispositiboen bitartez sorturiko esperientzia praktikoen arteko elkarrizketa inspiratzaileen bitartez, hasteko. Amaitzeko, lan mahaian Elkar-Lan, Coopolis Barcelona, OlatuKoop eta REAS Euskadik sare bakoitzaren logika eta berezitasunak azaldu zituzten.

    Iturria: GEEB

  • Urritasunaren Nazioarteko Eguna

    Urritasunaren Nazioarteko Eguna

    Pasa den abenduaren 3an, Urritasunaren Nazioarteko Eguna ospatu zen. Egun berezi honen ospakizunen baitan, adimen urritasuna duten pertsonen enplegu publikoaren inguruko jardunaldia egin zen Gasteizen.

    FEVASek eta EHLABEk antolatutako ekitaldi honetan, Administrazio Publikoak, Hirugarren Sektoreko erakundeekin lankidetzan, adimen urritasuna duten pertsonek enplegu publikorako duten eskubidea eta lan aukera berdintasuna sustatzeko emandako aurrerapausoa aztertu zen.

    Jardunaldian, Europa Kongresu Jauregian burutu zena, sektoreko eta Administrazio Publikoetako hainbat eragilek parte hartu zuten, horien artean, Lantegi Batuakeko Unai Serrano eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria den Maite Barruetabeña.

    Iturria: FEVAS

  • 2018ko REAS Euskadiren “Gure Bihotza” Auditoretza Soziala aurkeztu dute

    2018ko REAS Euskadiren “Gure Bihotza” Auditoretza Soziala aurkeztu dute

    Urtero bezala, REAS Euskadin 2017ko datuekin ESSko datu adierazgarrienak aurkeztu dituzte, auditoretza sozialeko prozesuari esker eskuratuak, gizarteari Ekonomia Sozial eta Solidarioko bihotza erakusteko. Bi infografia eta Txosten oso bat jarri dituzte eskuragarri.

    Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 62 erakundek hartu dute parte aurtengo Auditoretza Sozialean eta datu interesgarriak aurkezten dira Txostenean, Ekonomia Solidarioaren 6 printzipioen inguruan (Ekitatea, Lana, Ingurumen-jasangarritasuna, Lankidetza, Irabazi asmorik gabekoa eta inguruarekiko konpromisoa).

    Gainera, bi infografia ezberdin zabaldu dituzte. Lehenengoa laburpen infografia bat da, non aipaturiko printzipioen inguruko datu batzuk adierazten dira. Bertan azaltzen da, esaterako, emakumeak %57ko erantzukizun postuetan daudela, soldata proportzioa 2,1/1-ekoa dela edota erakundeen %77ak legeak ezartzen duen familia eta lan-bizitza uztartzeko baimenak hobetzen dituztela.

    Bigarren infografian ikuspuntu feminista lantzen da, ESSeko emakume eta gizonen arteko arrakalak 3 arlotan dirautela azpimarratzen duelarik.

    Iturria: REAS

  • Gizarte Ekonomia eta Solidarioko abenduko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomia eta Solidarioko abenduko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpenen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • MONDRAGONek letra eta musika jarri dizkio Esperientzia Kooperatiboari

    MONDRAGONek letra eta musika jarri dizkio Esperientzia Kooperatiboari

    “Humanity at Music – Sinfonia Kooperatiboa” proiektua aurkeztu zen azaroaren 29an, Esperientzia Kooperatiboaren gaineko liburua eta kooperatiben musika banda izango dena.

    Lehenik eta behin ‘Humanity at Music’ liburua aurkeztu zen. Argitalpenean, besteak beste, bost idazlek parte hartu dute (Pilar Kalzada, Irati Jimenez, Leire Bilbao, Gloria Totorikaguena eta Katixa Agirre) eta ilustrazioak Maite Mutuberriak egin ditu. Idazleek ekarpen literarioak egin dituzte mikro errelatu formatukoak eta bakoitzak bere ikuspegitik aztertu du Esperientzia Kooperatiboa.

    Era berean, liburuan bertsoak ere aurkitu daitezke eta musika pieza dotoreak. Guztira zortzi pieza ezberdinek (bai kantuen konposizioak zein bertsoak) osatzen dute musika eta bertso eskaintza. Punta-puntako bertsolariek parte hartu dute proiektuan eta egin dute euren ekarpena. Musikaren letra, berriz, Jon Sarasuak egin du.

    Musika egilea, berriz, Fernando Velazquez getxotarra izan da eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretatu ditu pieza guztiak Iubilo Bilbao Abesbatzaren, Bilbao Musika Txiki abesbatzaren eta Goikobalu txiki abesbatzaren kolaborazioarekin. Era berean, ekimenera, kooperatibetako zenbait kide batu dira eta datozen hilabeteotan gehiago batuko dira. Musika guztiak dagoeneko entzun daitezke www.humanityatmusic.com webgunean. Gainera, webgune honek balioko du ekimenaren gaineko informazio guztia jasotzeko.

    Ekimenaren hurrengo hitzordu garrantzitsuak Durangoko Azoka eta Buesa Arenako ekitaldi handia izango dira, 2019ko irailaren 14an egingo dena. Hain justu ere, ekitaldi horretarako 400 bat kooperatibistaren kolaborazioa sustatu nahi du MONDRAGONek. Era berean, Humanity Herriz Herri ekimena ere aktibatuko da, herri eta ingurune bakoitzera egokitutako espektakulua.

    Azken finean, interkooperazio kulturaleko ekimena da eta elkartasun helburuak izango ditu. Izan ere, saltzen den liburu bakoitzeko euro bat Mundukide Fundazioarentza izango da, hark egiten duen aktibitatea bultzatzeko eta sustatzeko.

    Iturria: Tulankide