Egilea: oves-geeb

  • Euskadiko Kooperatiba Lege Proiektuaren informazio saioa

    Euskadiko Kooperatiba Lege Proiektuaren informazio saioa

    Pasa den martxoaren 6an, Erkidek antolatutako Kooperatiba Lege Proiektuaren inguruko informazio saioa burutu zen: “sektorearen arau bat sektorearentzat”.

    Sesioa, Gasteizen burutu zena, sektoreko eragileei zuzenduta zegoen, eta bertan parte hartu zuen Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaria den Jokin Diazek, beste batzuen artean. Bertan azpimarratu zuten, euskal kooperatiben errealitatera eta ahalmenera egokitutako arau-esparru berri bat dela, eta kooperatiben jarduerari estaldura juridikoa eta egonkortasuna emateaz gain, haien etorkizuneko garapena bultzatzea eta haien ezaugarri bereizgarriak sendotzea ahalbidetzen duela lege honek.

    Bestalde, martxoaren 11n, Lan eta Justiziako sailburu den María Jesús San Josék Euskadiko Kooperatiben Lege Proiektua aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, bertan, “Euskadiko kooperatiba-sektore osoarekin lortutako adostasun eta babes bera lortzeko” eskatu zien euskal legebiltzarkideei.

    San Josék azaldu zuenez “Helburua kooperatiben izaera sozial aurreratua eta etengabe bilakatzen ari den enpresa-merkatu globalaren barruan baldintza berdinetan lehiatzeko erronka uztartzeko tresna baliagarri bat eskuragarri izatea da”.

    Iturria: Irekia

  • Bidasoa KM 0 proiektua aurkeztu da

    Bidasoa KM 0 proiektua aurkeztu da

    Aldatsa Baratza kooperatibak Hondarribiko Agroaldean Udalak utzitako lursailetako bat ustiatzen du 2015az geroztik, baina orain arte barazki ekologikoak kontsumitzeko hautu pertsonala zena, jantoki kolektiboetara eramateko proiektu berritzailea aurrera eramango dute, izan eskola, zahar etxe eta bestelakoei, barazkiak ez ezik, eskualdeko ekoizleen gainerako produktuak ere hornituz.

    Horretarako, tokian tokiko ekoizleak saretze lanetan dihardute. Eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dute proiektua garatzeko. Kapitalismoak eraikitako kontsumo-sistemak ez bezala, ekoizpena, elikagaien eraldatzea eta salmenta gerturako dituen merkaturatze zirkuitu laburretan oinarritu nahi dute gure elikagaien kontsumoa. Ingurumenarekin errespetuan, jasangarria, iraunkorra, lan baldintza duinak bermatuz, lurren aprobetxamendua segurtatuz. Horretarako, premiazkoa den elikadura-katea osatzen duten eragileen arteko elkarlanaren emaitza da, Bidasoa KM0.

    Antxeta Irratian entzun daiteke egindako aurkezpena.

    Iturria: Antxeta Irratia, Argia

  • Eskuragarri dago jadanik sarean Gizarte Ekonomiako Euskal Aldizkaria REVES 15

    Eskuragarri dago jadanik sarean Gizarte Ekonomiako Euskal Aldizkaria REVES 15

    UPV/EHU-ko GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide kooperatiboaren Institutuak argitaratzen duen aldizkaria da eta azkeneko ale honetan zenbait berrikuntza barneratu dira, aro berri bati ekin diolarik honela Aldizkariak, Zuzendaritza ere eguneratu den momentuan.

    Indarberrituta datorren “Revista Vasca de Economía Social-Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkaria REVES” 15 alea eskuragarri dago sarean, nornahik kontsultatu eta erabili dezakeelarik Open Journal System bidez. Guztira 11 ekarpen bildu dira (horietatik 4 euskaraz eta 7 gazteleraz) enplegu banaketaren, euskal kooperatiben aspektu ezberdinen inguruan, gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioarentzako politika publikoen aferaz, edota etxebizitza kooperatiben errealitatearen inguruan, besteak beste.

    Guztira 304 orrialde dituen Aldizkaria hiru atal nagusietan bereizten da. Lehenengoan unibertsitate ezberdinetako ikerlariek egindako ekarpen zientifikoak, artikulu formatuan, jasotzen dira. Honela, Euskal Unibertsitate desberdinetan Gizarte Ekonomian diharduten ikerlarien ekarpen akademiko nagusiak jaso eta zabaltzea da helburu nagusia eta REVES 15ean Deustuko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko, UPV/EHUko, Unibersitat de Valencia eta Universidad de Buenos Aires-eko ikerlarien ekarpenak jaso dira.

    Bigarren atalean “Gizarte Ekonomia eta Solidarioa Unibertsitate Master”eko Master Amaierako Lan bikainenetatik eratorritako bi artikulu aurkezten dira. Atal honen bitartez, zuzendaritza berriak esaten duen bezala, “eskuartean dugun aldizkariak urtero masterraren ikusgarritasuna eta bertako markoan sortzen diren lan onenen erakusleiho izatea ere badu jomuga”. Aurrerapauso ausarta eta irmoa etorkizuneko ikerlarien lehen pausuak ematen laguntzeko, ezbairik gabe.

    Hirugarren eta azken atalean, berriz, GEZKIk urtero antolatzen duen Gizarte Ekonomiaren inguruko jardunaldian aurkezturiko hiru ponentzia barneratu dira, aurten Etxebizitza Kooperatiben gaiaren inguruan.

    Iturria: GEEB

  • ToShare Behatokia. Aberastasunaren banaketa zuzen baten alde

    ToShare Behatokia. Aberastasunaren banaketa zuzen baten alde

    Pasa den abenduan ToShare Begiratokia jaio zen UPV/EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatean. Honetan partaide izango dira Gezki eta Hegoa Institutuak eta Parte Hartuz ikerketa taldea.

    Behatokiaren helburu nagusia aberastasunaren bidezko banaketaren arloan jakintza sortzeko aukera emango duten ikerketak sustatzea da, gero jakintza hori, erakunde publikoen eta pribatuen sare baten laguntzaz, gizarteari helarazteko, dauden aukeren gainean sentsibilizatu eta prestakuntza jaso dezan gizarte ongizatea indartzeari begira.

    Horrela, ekarpen bat egin nahi dute politika publikoetan gehiago parte hartuko duten herritar kritikoak sor daitezen, horrek ekarriko baitu demokrazia indartzea eta erakundeek nahiz gobernuek aberastasuna modu zuzenago batean banatzeari ekitea, gizarte babes sistema egoki bat lortzeko. Horrela, aurrerapen esanguratsua lortuko da ere Giza Eskubideen nazioarteko konpromisoen betetze mailan eta Garapen Jasangarrirako Helburuen lorpenean.

    Lan ildo nagusiak ikerkuntza, formazioa eta dibulgazioa izango dira. Horien arten, azpimarratu behar dira  ikerketa lerro ezberdinen sustapena, tailer eta ikastaroetan parte hartzea, dibulgaziorako webgune eta newsletter bat sortzea, eta beste erakunde behatokiekin kolaborazioa, hauen artean aurkitzen delarik OVES/GEEB.

    Azkenik, aipatzekoa da ToShare Behatokiaren ateak zabalik daudela honetan interesa duten guztiontzat.

    Informazio gehiago

    Iturria: ToShare Behatokia

  • Bizkaiko Foru Aldundiak IZAR Lan Sozietatea eredutzat hartu du

    Bizkaiko Foru Aldundiak IZAR Lan Sozietatea eredutzat hartu du

    Pasa den urtarrilaren 31an, Imanol Prades, lurralde eta ekonomia garapeneko diputatuak, IZAReko zuzendari eta zuzendariordearekin batera, Boroako (Bizkaia) instalazioak bisitatu zituen.

    Bertan izan zen BEAZeko zuzendari nagusia den Ainara Basurko baita ere, pertsona eta enpresa ekintzaileei laguntza ematea helburu duen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren menpe dagoen sozietate publikoa.

    Interes hau, zehazki, IZARrek DRIVE proiektuarekin duen harremanean zentratzen da. Hau da, esportazio eta errentagarritasun maila handiak, sektorean posizio nabarmena eta hazkuntza jasangarria dituzten Bizkaiko pyme industrialak aztertzen dituzte.

    Bizkaiko Lan Sozietateak baldintza guzti horiek betetzen ditu, eta foru aldundiak arrakastaren arrazoiak aztertu nahi ditu, etorkizunean beste enpresa batzuei transmititu ahal izateko helburuarekin.

    Iturria: ASLE

  • 2019ko Kooperatiben Nazioarteko Egunaren leloa: KOOP LAN DUINARENTZAKO

    2019ko Kooperatiben Nazioarteko Egunaren leloa: KOOP LAN DUINARENTZAKO

    Uztailaren 6an Nazio Batuen 25. Kooperatiben Nazioarteko Eguna eramango da aurrera. Ekitaldi honen helburua kooperatibenganako ezagutza handitzea da

    Uztailaren 6an Nazio Batuen 25. Kooperatiben Nazioarteko Eguna eramango da aurrera. Ekitaldi honen helburua kooperatibenganako ezagutza handitzea da.

    Nazioarteko Kooperatiba Aliantzatik bidaliriko mezuan, kooperatibek pertsonak enpresaren erdigunean jartzen dutela azpimarratu du, zeinaren ezaugarri nagusiak diren kontrol demokratikoa eta giza garapenaren eta gizarte justiziarengan jartzen den lehentasuna lan esparruan.

    Ezagutzera eman dutenez, laster #coopsday 2019 mapa interaktiboa eta Kooperatibistaren Gida bat aurkeztuko dute.

    Kooperatiben enpleguak, azkenaldiko azterketa batek aditzera eman duenez, 279 milioi pertsona baino gehiago metatzen ditu, hau da, mundu osoko biztanleriaren %10a inguru.

    Datu orokorrez haratago, gainera, zenbait azterketek zera baieztatu dute, kooperatibetako enpleguan

    • Denbora pasa ahala jasangarriago izateko joera dutela;
    • Soldata arrakala (ardura ezberdinengatikan) txikiagoa dela; eta
    • Landa/hiri eremuen arteko banaketa orekatuagoa dela.

    Iturria: Nazioarteko Kooperatiba Aliantzatik

     

     

  • KoopFabrika martxan da

    KoopFabrika martxan da

    Hernaniko Iturola Elkarlan Sorgunean KoopFabrika abian jarri zuten otsailaren 4ean. Lehenago, aurkezpen instituzionala egin zuten Ekintzailetza Sozial eta Kooperatiboa eraikitzea asmo duen programa honetako antolatzaile eta finantzatzaileek.

    Lehenengo, ongietorria eman zitzaien KoopFabrikaren formazio trinkoetan izena eman duten pertsonei. Jarraian, KoopFabrika posible egiten duten eragileen txanda etorri zen.

    Beterri-Buruntza udalak erakundeko lehendakari den Jon Zuluetak aipatu zuen eskualdeak hainbat proiektu dituela martxan eta KoopFabrika horietako bat dela. Gogoratu zuen nola 5 urte daramatzan programak martxan, eta ordutik, eskualdean 25 proiektu sozioekonomikotik gora jarri dira abian, 60 pertsona ingururi lana ematen dietenak.

    KoopFabrika Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du eta honen izenean Joseba Amondarainek hartu zuen hitza, eta aipatu zuenez “KoopFabrika hiru ezaugarrirengatik bultzatzen dugu: lankidetza, tokiko ikuspegia eta ekintzailetasuna bera”.

    Bestalde, hiru dira KoopFabrikaren antolatzaileak eta bertan egon ziren guztiak.

    Bertan izan zen Enekoitz Etxezarreta, GEZKI institutuaren izenean. Institutuak aspaldi ikusi zuen kooperatibismoa unibertsitatean gutxi nabarmentzen zela eta bazuten gizarte ekintzailetzarako espazio bat sortzeko ideia. KoopFabrikan gauzatu da azkenean.

    Jarraian Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Aitzol Loyolak hartu zuen hitza. Kasu honetan,  Lanki ikertegia ari da KoopFabrikan lanean. Mugimendu kooperatiboaren logikatik gerturatu ziren KoopFabrikara hasiera hasieratik.

    Amaitzeko, Leire Udabek hitz egin zuen Olatukoop sarearen izenean. Azaldu zuenez, “sarea sortu zenetik argi genuen Gipuzkoan erreferentziazko sare bat sortzeko beharra zegoela, kezkak konpartitu eta ildo estrategiko ezberdinak martxan jartzeko. Hauetako bat KoopFabrika da”.

    Iturria: KoopFabrika

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko otsaileko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko otsaileko argitalpen berriak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Enpresetan langileen parte hartzea sustatzeko GEZKIren proiektuen emaitzak

    Enpresetan langileen parte hartzea sustatzeko GEZKIren proiektuen emaitzak

    Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak berriki garaturiko bi proiekturen emaitzak eskuragarri jarri ditu sarean. Zehazki, “Gipuzkoako enpresetako emakume langileen partaidetzaren azterketa aurreraturako tresna” eta “Langileen partaidetza enpresaren emaitzetan” dira bi proiektuok.

    Bi proiektuok Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Departamentuak sustatutako 2017ko “Gipuzkoan pertsona eta enpresa parte-hartzaileak sustatzeko programa” diru-laguntzen deialdiaren barnean osatu da eta Lana GEZKIko diziplina anitzeko ikertzaile-talde batek eta ikertzaile kontratatuek egin dute, eta honako gizarte-zientzietako ezaguera-alorretakoak dira: zuzenbidea (zehazki, lan-zuzenbidea eta merkataritza-zuzenbidea), ekonomia aplikatua eta soziologia, diziplina anitzeko ikuspegia prozesu osoan zehar egon delarik.

    Batetik, “Gipuzkoako enpresetako emakume langileen partaidetzaren azterketa aurreraturako tresna” proiektuak emakumeek kudeaketan duten partaidetza aztertzeko tresna osatzea izan da. Kudeaketa diogunean, enpresaren baitako erabakiak hartzeari, emaitzetan duten partaidetzari eta enpresaren jabetzan duten partaidetzari buruz ari gara. Helburua gaiak genero-ikuspegitik abiatuta jorratzea da, faktore erabakigarria baita enpresen barruan emakume langileei eragiten dieten desberdintasunetan. Tresna hau Gipuzkoako lurraldean kokatutako enpresetan pertsonen partaidetza neurtzeko diseinatu da.

    Bestetik, “Langileek enpresaren emaitza ekonomikoetan parte hartzeko programa bat ezartzeko gida” proiektuak langileek enpresan izan dezaketen parte hartzearen alderdi bakar batean zentratzen da, parte hartze finantzarioan kokatzen den emaitzetan, hain zuzen ere. Langileen parte hartzea enpresako emaitzetan garrantzizkotzat jotzen da, izan ere enpresei eta langileei mozkinak ekartzen dizkie, baita enpresa horiek kokatuta dauden lurraldeari ere. Laburbilduz, jabetzan parte hartzearekin batera egin daitekeen emaitzetan parte hatzeko interesatuta dauden enpresei laguntzeko, hainbat gairen inguruko gida bat proposatzen da. Horien inguruan gogoeta egin eta erabaki beharko da, ahal izanez gero langileekin edota euren ordezkariekin batera.

    Eskuratu bi proiektuen emaitzak:

    Emakumeen partaidetza enpresan

    Langileen partaidetza enpresako emaitzetan

    Iturria: GEEB

  • Lan sozietateen enpleguak %3,2 egin du gora 2018 urtean

    Lan sozietateen enpleguak %3,2 egin du gora 2018 urtean

    Horixe da Enplegu, Migrazio eta Gizarte Segurantzak argitaratzen dituen datuek diotena. Hazkunde honek 223 lanpostu berri ekarri ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lan sozietateetara eta horiekin enpresa hauen enpleguaren kopurua 7.148an kokatzen da.

    OVES/GEEBek gizarte ekonomiaren urteko txostenean jasotzen duen bezala, datu honekin lan sozietateen enpleguak duen joera gorakorra baieztatzen da, nahiz eta oraindik ere ez den 2008an krisia lehertu zenean zegoen enplegu mailara iristea lortu, ez eta erakunde kopuru aldetik ere.

    Iturria: ASLE, OVES