Egilea: oves-geeb

  • Mundu berri bat jardunaldiak

    Mundu berri bat jardunaldiak

    Maiatzaren 26an ekonomia sozial eraldatzailearen Olatukoop sareak Mundu Berri Bat jardunaldiak antolatu zituen. Hiru mahai-ingurutan burujabetzak landu zituzten: “Azkenaldian burujabetzen bidean proiektu eta ekimen ugari sortzen ari direla ikusita, burujabetza ezberdinen arteko intersekzio edo gurutzaketak arakatu nahi ditugu”, azaldu zuen Olatukoopek.

    Mundu Berri Bat izeneko jardunaldi dinamikaren abiapuntua izan zen asteazkenekoa. Euskal Herrian datozen urte eta hamarkadan izango diren erronka anitzez hausnartzeko plaza eskaini nahi dute Olatukoopetik, hausnarketa horietan ateratako ondorioak egunerokoan txertatzeko praktikaren bidez. Azkenaldian burujabetzen bidean proiektu eta ekimen ugari sortzen ari direla ikusita, burujabetza ezberdinen arteko intersekzio edo gurutzaketak arakatu nahi dituzte. Ekonomia Sozial Eraldatzaileko kideen ustetan burujabetzen aldeko estrategiak gurutzatuak izan behar dutelako. Alegia, elkar elikatzea bilatu behar dute eta aldaketa sistemikoak eragitea gurutzaketa horien bidez.

    Horregatik, bizitza garatzen den esfera ezberdinetan banatu zituzten jardunaldiko hiru mahai inguruak. Baliabideak sortzeko prozesuak batetik (elikadura, energia, tekonologia sistemak besteak beste), prozesu horietan garatzen diren harremanak bestetik (produktiboak zein erreproduktiboak) eta harreman zein baliabideak sortzen diren espazioak eta horien antolaketa azkenik. Horretarako mahai inguru bakoitzean gaian adituak eta arituak diren pertsonek hartu zuten parte.

    Dagoeneko mahai inguruen bideoak eskuragarri daude

    Iturria: Olatukoop eta Argia

  • Online prestakuntza: Gizarte Ekonomia tokiko garapenaren zerbitzura

    Online prestakuntza: Gizarte Ekonomia tokiko garapenaren zerbitzura

    Dagoeneko martxan da EGESek (Euskal Gizarte Ekonomia Sarea) eta Garapenek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) gizarte ekonomiari eta tokiko garapenari egiten dioten ekarpenari buruzko prestakuntza.

    Bost prestakuntza saio online izango dira, atzo (maiatzak 27) hasita eta ekainaren 10era bitartean.

    Prestakuntzaren helburua gizarte-ekonomiarekin eta tokiko garapenaren eremuan duen aplikagarritasunarekin totutako gaiei buruzko oinarrizko eduki batzuk eskaintzea da, gizarte ekonomiak gizarte kohesioari eusten eta garapen ekonomikorako aukerak sortzen laguntzen duela kontuan hartuta, pertsonak eta horiek txertatzen diren tokiko komunitateak oinarri hartuta.

    Informazio gehiago hemen: programa

    Iturria: EGES eta GARAPEN

  • Landa-eremuko emakume eraldatzaileak. Palestina-Euskadi

    Landa-eremuko emakume eraldatzaileak. Palestina-Euskadi

    Gaur, maiatzaren 14an, landa-inguruneko emakumeei eta Euskadiko eta Palestinako kooperatibetan emakumeek izaten duten eginkizunari buruzko jardunaldia egingo da Donostian.

    BLB/ACPP Bakerako Lankidetza Batzarrak jarduera hau antolatu du. “Emakumeek erabakitzen dute: emakumeak landa-eremuan. Euskadi-Palestina” proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin batera gauzatzen ari dira, eta proiektu horren esparruan antolatu dute aipatutako jarduera.

    Hona hemen jardunaldian parte hartuko duten hizlariak:

    • Isabel Álvarez Vispo hezitzaile eta agroekologo da lanbidez. Azken 15 urteotan elikadura-burujabetzaren eta agroekologiaren gaineko aktibismoa eta lana egin ditu prestakuntzaren eta ikerkuntzaren ikuspegitik. Azken urteotan ikuspegi feminista bereziki landu du bere jardunean. Besteak beste, honako hauek argitaratu ditu: «La Salud y la alimentación desde la mirada feminista», in Salud y Derecho a la alimentación. Bienestar, equidad y sostenibilidad a través de políticas alimentarias locales (Fundación Entretantos y Red de Ciudades por la Agroecología, 2018); Mirene Begiristain-ekin batera, «Feminismo para los sistemas alimentarios y la agroecología» argitaratu du Economías-Otras monografikoan (RIESISE, 2. liburukian); eta Paola Romero-rekin batera, «Can feminist agroecology be scaled up and out?», Farming Matters
    • Mónica González Llamazares BLB/ACPP Euskadi batzarreko ordezkaria da, eta, Palestinako kooperatiben bitartez, emakumeak ahalduntzeko proiektuak kudeatzen ditu. Hortaz, antolakundeak han egiten duen lanaren azalpen laburra emango digu. BLB/ACPP elkarteak 10 urtez baino gehiagoz emakumeen lidergoa sustatu du Palestinako eta beste lurralde batzuetako nekazaritza-kooperatibetan.
    • Malu Egiluz baserritarren alaba da, eta Latinoamerikan eman ditu hainbat urte. Bertan ezagutu eta ikasi ditu lurra lantzeko eta lurrarekin elkarlanean aritzeko beste modu batzuk. Itzuli ondoren, familiaren abeltzaintzaz arduratzea erabaki zuen. Hortaz, Zeanurin harategia zabaldu zuen, haragia merkaturatzeko, eta, geroago, herriko benta eta jantoki bilakatu da: Txoko Sagarna. Etxeko eta bertako produktuak saltzen dituzte. Gainera, errota ere berreskuratu zuen, eta ogia laberatzeari ekin zion. Malu Egiluzek konpromiso handia dauka Artea Sarearekin, eta argi ikusi zuen bere lurra migratzaileei harrera egiteko lekua izan zitekeela.
    • Amets Ladislao Gonzalez-ek hogei urtez baino denbora gehiagoz jardun du nekazaritzako ustiategietan. Duela bederatzi urte, Bizkaigane elkartean lan egiten hasi zen; Errigoiti herrian, zehatz-mehatz. Proiektu kolektibo horretan esne-behiekin eta ardiekin jarduten dute, eta nekazaritza ekologikoa sustatzen dute. EHNE Bizkaia elkarteko kidea da, baita Etxaldeko Emakumeak elkarteko kidea ere.

    Donostian izango da, Emakumeen Etxean. Topaketa aurrez aurrekoa izango da, baina, pandemia dela eta, segurtasun-protokolo guztiak beteko dituzte. Horrez gain, Interneten bidez jarraitzeko aukera ere izango da. Izena emateko mezu bat bidali behar da hona: gipuzkoa@acpp.com

    Iturria: BLB/ACPP

  • KOOBIZITZA: Erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiben sarea

    KOOBIZITZA: Erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiben sarea

    Pasa den maiatzaren 11an Koobizitza sarearen aurkezpena egin zen, Euskal Herriko eta Errioxako erabilera lagapeneko kooperatiba proiektuen sarea. Ekimen ugarik azken urtetan ehundutako harreman sare eta elkarlaguntzearen ondorioz sortua.

    Eragile irekia da, eta interes amankomuna duen ekimen orori zabaldua dago.

    Sarearen oinarrien artean, hurrengoak azpimarratu behar dira: irabazi asmorik gabeko ekimenak izatea eta jabetza kolektiboa bermatzea kooperatibaren forma bidez, autosustapenez jardutea, etxebizitzara sarbidea eskuragarria eta inklusiboa izan dadin erremintak ezartzea, proiektuak egikarituko diren tokiko inguruarekiko erantzukizuna eta ereduaren hazkunde eta errepikagarritasuna ahalbideratzeko lanean jardutea.

    Koobizitzaren helburu nagusia inguru geografiko honetan dauden ekimenen aterki izatea da, hau da, dokumentzio banku irekiak sortzea, administrazioarekin interlokutore izatea, eredu hau gizarteratzeko lanak sustatzea, eta aurrera begira, ahalegina egitea, gisa honetako ekimen eta proiektuek berariaz behar duten bidelaguntza teknikoa eskeintzera iristea.

    Gaur egun, Euskal Herriko eta Errioxako 15 ekimenek osatzen dute taldea. Proiektu guztiak jabetza kolektiboan eta erabilera lagapenean oinarritzen dira eta REASeko kide dira.

    Iturria: Koobizitza

  • KOOPDS: GJHekiko konpromisoa ebaluatzeko autodiagnostiko-tresna

    KOOPDS: GJHekiko konpromisoa ebaluatzeko autodiagnostiko-tresna

    Munduko landaguneak UNESCO Etxearekin eta KONFEKOOPekin batera bultzatutako KOOPDS Euskadiren helburua da kooperatibek “autoebaluaziorako” lehen urratsa egitea, ondoren aurrera egiten jarraitzeko.

    Kooperatibek, beren izaeragatik beragatik, funtsezko zeregina bete behar dute Nazio Batuen Agenda 2030ean. KOOPDS tresna KONFEKOOPen aplikazio espezifiko gisa sortu da, eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetako bakoitza lortzeko egindako ekarpena ebaluatzea ahalbidetuko dio kooperatiba bazkide bakoitzari. Tresna hori udazkenerako kooperatiba bazkide guztientzat eskuragarri egotea espero dute sustatzaileek.

    Kooperatiba gehienek dagoeneko beren ekarpena egiten ari dira Euskadin garapen jasangarria lortzeko. Ildo horretan, ekarpen hori neurtu egin behar da, aitortu eta ikustarazteko; halaber, egiten dena birbideratu egin behar da, ekarpen hobea egin ahal izateko, eta jardunbide egokiak baliatu behar dira, kooperatibak elkarri laguntzeko.

    Tresnak bi produktu zehatz sortuko ditu era automatizatuan. Alde batetik, GJHen betetzeari lotutako alderdi positiboei eta hobetu beharreko alderdiei buruzko barne-txosten bat sortuko da kooperatibentzat, eta semaforo batek betetze-maila adieraziko du, 3 mailatan.

    Bestalde, kooperatibaren ekarpenik handiena jaso duten GJHak azpimarratuko dituen prentsa-ohar bat sortuko da, garapen jasangarria sustatzeko egindako ahaleginak agerian jar daitezen.

    Iturria: KONFEKOOP

  • Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna

    Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna

    Pasa den maiatzaren 12an Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna ospatu zen, Sareen Sareak antolatuta. Bertan, Iñigo Urkullu lehendakariak hartu zuen parte, eta Sareen Saria eman zioten Mª Ángel Arbaizagoitiari.

    Ekitaldi horrek, 2016ko maiatzaren 12ko 6/2016 Legea indarrean sartu izana oroitzen du. Lege horrek Euskadiko hirugarren sektore sozialean lehena eta oraina markatu baitzuen. “Eraldaketa sozialeko unibertso bat” lelopean, Sareen Sareak  #SAREIDOSKOPIO kanpaina aurkeztu zuen. Ideia horren bidez, gizarte-erakundeek egunero lan egiten dute Euskadi bidezkoagoa, solidarioagoa, kohesionatuagoa eta sozialki inklusiboagoa eraikitzeko.

    Aurten, gizarte-erakundeek euren eguna ospatu ahal izan dute egungo osasun-krisiari egokitutako formatu batean. “Iaz pandemia bat-batean sartu zen eta ezin izan genuen ezer egin. Aurten ez dugu egun hau ospatzeko aukera galdu nahi izan”, adierazi zuen Borja Doval Sareen Sareko lehendakariak.

    Ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu zuen, eta gizarte erakundeei eskerrak eman zizkien “guztion onerako eta gizarte justuago baten alde egindako lanagatik”. Zentzu horretan, Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek “ongizate kolektibo hori eraikitzen laguntzen dutela” azpimarratu zuen, “pertsona bakoitza oinarri hartuta, parte-hartzea bultzatzen dute, eskubide eta erantzukizun publiko partekatuak defendatzen dituzte esku-hartze sozialaren esparruan”.

    Bestalde, Sareen Sareko lehendakariak eta lehendakariordeak partekatutako hitzaldian, “funtsezko zerbitzuak ematen dituen eta pertsonekin konpromiso sendoa duen sektorearen garrantzia” azpimarratu zuten. “Krisi guztietan, eta baita honetan ere, erakunde sozialen lana funtsezkoa da gizartearen ongizaterako, funtsezkoa egoera zaurgarrian dauden pertsonen eskubideen babesa bermatzeko”, azaldu zuen Borja Dovalek. Gainera, sektoreak erakunde publikoen barruan eta haiekin batera premiazko erantzun bateratuak antolatzeko duen gaitasunaren balioa azpimarratu zuen elkarteak. “Gure sektoreak funtsezko rola jokatzen du botere publikoen aliatu gisa pandemiaren ondorio negatiboak murrizteko eta kaltetutako pertsonak laguntzeko”.

    Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna, halaber, Euskadi solidarioagoa, kohesionatuagoa eta inklusiboagoa eraikitzen lagundu duten pertsonen lana aitortzeko unea izan zen. Sareen Saria saria Mª Ángeles Arbaizagoitia Fedeafeseko presidenteari eman zioten aurten, boluntariotzan 30 urte baino gehiagoko eskarmentua duena. Bere ibilbide luze eta oparoan erantzun kolektiboak eraiki ditu osasun mentalaren esparruan, eta erreferente bat da sektore osoan.

    Iturria: Sareen Sarea

     

  • Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna

    Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna

    Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna zela eta, maiatzaren 8an, 239 erakundek bat egin zuten bidezko berreraikuntza baten eskariekin.

    “Berreraiki dezagun justiziaz” mezuak laburbiltzen ditu nazioarteko bidezko merkataritzaren mugimenduaren aldarrikapenak, eta, orain arte, Estatuko 239 erakundek ere sinatu dituzte (GKEak, ekonomia solidarioko erakundeak, finantza etikoak, ekologistak, gizarte-enpresak, hezkuntza-, osasun-, kontsumitzaile- eta zientzia-elkarteak, etab.).

    “Berreraiki dezagun justiziaz” adierazpenarekin, erakundeek nazioarteko ordezkari politiko eta instituzionalei dei egiten diete COVID osteko garaian ekonomia eta merkataritza berreskuratzeak giza eskubideei, planetaren babesari eta bidezko merkataritzaren eta ekonomia solidarioaren balioetan oinarrituta egon dadin.

    Gizarte-desberdintasunak murrizteko eta klima-larrialdia geldiarazteko eredu ekonomikoa aldatzeko eskatu dute.

    Adierazpenean jasotako aldarrikapen guztiak, erakunde sinatzaileen zerrendarekin batera, Gobernuaren ordezkariei, europarlamentariei eta autonomietako eta tokiko ordezkari politikoei bidali zaizkie.

    Iturria: Bidezko Merkataritzaren Estatuko Koordinatzailea

  • Ba al zenekien…

    Ba al zenekien…

    … Donostialdeak eta Bilbok biltzen dituztela gizarte ekonomia klasikoko establezimendu gehienak (kooperatibak eta lan-sozietateak)?

    GIZARTE EKONOMIA KLASIKOAREN ZIFRAK EAE infografiak adierazten duen bezala, establezimenduen kopuruak enpleguaren banaketaren eredu bera jarraitzen du (157. buletineko infografian). Donostialdeak eta Bilbok dute establezimendu kontzentrazio handiena, eta Gasteizek jarraitzen die (hiru eskualdeen artean 1.800 establezimendu daude, 3.200 guztira).

    Deigarria da Debagoieneko establezimenduen kontzentrazio txikia (% 7), Ekonomia Sozial Klasikoaren enpleguaren %20 baino gehiago biltzen baitute. Izan ere, industria sektoreko enpresen batez besteko tamaina beharrezkoa da, eta industria enpresa gehienak eskualde horretan daude.

    Ekonomia Sozial Klasikoko erakundeek fakturazioan egindako esportazioek salmenten nazioartekotze maila islatzen dute. Mapan ikus daitekeenez, esportazioak garrantzi handien duten eskualdeak Debagoiena (%58,6), Goierri (%55,4) eta Debabarrena (%50) dira.

    Hirugarren mapari dagokionez, itxurazko produktibitatea erakusten du, hau da, Gizarte Ekonomia Klasikoko langileko Balio Erantsi Gordina. Mapak erakusten duenez, langile masa handiak biltzen ez dituzten eskualdeak dira itxurazko produktibitate handiena dutenak, eta baita industria sektoreak pisu handia duen lekuetan ere. Bestalde, zerbitzuen sektorea nabarmentzen den zonaldetan, txikiagoa da itxurazko produktibitatea.

    Infografia hemen: GIZARTE EKONOMIA KLASIKOAREN ZIFRAK EAE

    OVES-GEEBko Ekonomia Sozialaren Lurralde Txostenetik ateratako datuak dira.

    Iturra: OVES-GEEB

  • Eskuragarri dago “Langileek enpresen kapitalean parte hartzea. Parte hartzeko programa baten ezarpen praktikorako gida” publikazioa

    Eskuragarri dago “Langileek enpresen kapitalean parte hartzea. Parte hartzeko programa baten ezarpen praktikorako gida” publikazioa

    Txosten hau GEZKIko ikertzaile talde batek egindako ikerketa proiektu baten emaitza da. Proiektua biltzen da Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako “Gipuzkoan, enpresetan pertsonen partaidetza sustatzea” programaren barruan.

    Proiektuaren xedea da aurreko urteetan Institutuaren barruan garatu diren bi proiekturi jarraipena ematea. Hartara, 2016an “Pertsonek Gipuzkoako enpresetan parte hartzeari buruzko analisi tresna” landu zen, eta tresna horri esker pertsonek enpresen kudeaketan, emaitzetan eta kapitalean duten parte hartzea neurtu ahal da. 2018an, neurketa tresna horri jarraipena emango zion proiektu bat garatu zen, “Langileen parte hartzea enpresen emaitzetan”. Honen helburua zen haien langileak emaitzetan parte hartzeko interesa izan zezaketen konpainiei jakinaraztea zein alderdiri buruz gogoeta egin behar den ezaugarri horiek dituen sistema bat ezarri aurretik.

    Egungo proiektuak osatuko du orain arte aurkeztutako proiektuetan landutako parte hartzeari buruzko ikuspegia. Kasu honetan, gida moduko tresna bat diseinatzearen alde egin dute. Gida hori lagungarria izango zaie langileek kapitalean parte hartzeko sistema bat ezarri nahi duten sozietateei.

    Publikazioa hemen

    Iturria: OVES-GEEB

  • Gizarte Ekonomia eta tokiko garapenari buruzko webinarra

    Gizarte Ekonomia eta tokiko garapenari buruzko webinarra

    Pasa den apirilaren 15ean egin zen gizarte-ekonomiari eta tokiko garapenari buruzko jardunaldia, EGESek (Gizarte Ekonomiako Euskal Sarea) eta GARAPENek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) antolatuta.

    Bertan, GEZKIko kide den Enekoitz Etxezarretak tokian tokiko gizarte-ekonomiako jardunbide egokiei buruzko ikerketa aurkeztu zuen,  “Tokian tokikotik ekonomia sozialeko esperientziak sustatuz. Praktika egokien azterketa” da azterlanaren izenburua eta eskuragarri dago.

    Bestalde, tokiko gizarte-ekonomiako hainbat esperientzia eta praktika on aurkeztuko ziren, eta gehienak ekintzailetzaren, enplegu inklusiboaren, lankidetza publiko-kooperatiboaren eta enpresen berreskuratzearen arloetan zentratu ziren. Horien artean izan ziren, Lea-Artibaiko Kooperatiba Mahaia Elkartea, Lanerain, Oñatiko Ur Jauziak eta Kimu Bat.

    Halaber, esteka honetan dago “Ekonomia soziala tokiko garapenean sustatzeko jardunbide egokiak” webinarraren grabazioa.

    Iturria: GARAPEN, GEZKI, EGES