Egilea: oves-geeb

  • Euskalgintza eta gizarte ekonomia gurutzatzeaz

    Euskalgintza eta gizarte ekonomia gurutzatzeaz

    Pasa den ekainaren 28an Iruñeako Katakrak-en GEZKI (Gizarte Ekonomiako eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua), UEU (Udako Euskal Unibertsitatea) eta Euskalgintzaren Kontseiluak antolaturiko jardunaldian euskalgintzak eta gizarte ekonomiak dituzten elkar-puntuen eta bide amankomunen inguruan jardun zuten hainbat eragile eta adituk.

    Jardunaldia grabatua izan zen eta oso-osorik ikus daiteke, hemen.

    Jardunaldiari hasiera instituzionala UEUko zuzendari Kepa Sarasolak eman zion, Aitor Bengoetxea (GEZKI-ko zuzendaria) eta Kontseiluko Paul Bilbaorekin batera. Eguneko gaiari heltzeko Enekoitz Etxezarretak “Ekonomia sozialaren norabidea euskalgintzaren bidegurutzetan” izeneko hitzartean euskalgintzako proiektu hainbat eta hainbaten atzean gizarte ekonomiak duen garrantzia azpimarratu zuen, balioan jarriz bien arteko sinergiak. Berarekin batera, OlatuKoop-eko Beñat Irasuegi aritu zen, hipotesi ausart bezain probokatzailea plazaratuz: euskalgintza kooperatibizatu beharra dago. Horretarako aurreko mendeko 70. Hamarkadako iraultza kulturala egungo olatu kooperatiboarekin uztartzea proposatu zuen, egungo ataka gainditzeko asmotan.

    Ondorengo atalean Ekonomia sozialeko antolaketa moduak euskalgintzako jarduera ezberdinetan nola ematen ari diren bistaratzeko elkarrizketak burutu ziren, UEU eta GEZKI-ko kide den Unai del Burgo gidari zelarik. Arlo ezberdinetako eragile andanaren esperientziak aurkeztu ziren: Hedabideak (Argia eta Berria); Eskualde garapena (Aiaraldea eta Errigora); Eraldaketa eta berrikuntza (Emun eta Elhuyar); Materialgintza eta hezkuntza (Ikastolen Elkartea eta Elkar).

    Jardunaldiak kafearen ondoren jarraitu zuen, “Ekonomia sozialeko estrategiak euskalgintzaren erronkei aurre egiteko” mahainguruarekin, non euskalgintzako lau eragilek (AEK, Bertsozale Elkartea, Topagunea eta Kontseilua) hiru arlo ezberdinen inguruko hausnarketak partekatu zituzten: lan duina, interkooperazioa eta komunitatea.

    Itxiera Txakur Gorria kooperatibako lagunek eman zioten, irudi eta bertso bitartez egunean zehar mamituriko ideia nagusien inguruko zenbait printza eskainiz.

    Iturria: GEEB

  • Elkarrekin hobeto berreraiki daitekeela aldarrikatuko dute kooperatibek nazioarteko egunean

    Elkarrekin hobeto berreraiki daitekeela aldarrikatuko dute kooperatibek nazioarteko egunean

    Uztailaren 3an ospatuko dute mundu osoko kooperatibek nazioarteko eguna. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak bat egin du aldarrikapenarekin eta aurtengo leloarekin.

    ‘Elkarrekin hobeto berreraiki’ daitekeela aldarrikatuko dute aurten kooperatibek. Pandemia eta Covid-19 sasoiaren ondorengo krisiari aurre egiteko ‘formula’ egokiena elkarrekin berreraikitzea dela erakutsiko dute mundu osoko kooperatibek. Hala, Nazioarteko Kooperatiben Aliantzak deituta, munduko mila milioi kooperatibistek eta hiru milioi kooperatibek euren indarra erakutsiko dute uztailaren 3an. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak ekitaldia deitu du eta bertan izango dira, besteak beste, MONDRAGONeko ordezkariak ere. Hala, Euskadiko kooperatiba arloko erakunde eta elkarte ezberdinek ere bat egin dute aldarrikapen egunarekin.

    «Azken urtean ikusi ahal izan dugu kooperatiba-ereduaren lehentasun nagusiak pertsonen ongizatea eta planetaren errespetua izan direla, eta horrek indartu egiten ditu oinarri dituen printzipioak. Elkarrekin hobeto berreraiki ahal izango dugu, eta sinetsita nago hainbat istorioren lekuko izango garela, zeinetan mugimendu kooperatiboak komunitateei laguntzen baitie pandemiaren ondoren indartsuagoak izaten», adierazi zuen Bruno Roelants Nazioarteko Aliantza Kooperatiboko (ACI) zuzendari nagusiak.

    Osasuna, nekazaritza, ekoizpena, txikizkako merkataritza, finantzak, etxebizitza, lana, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak eta kooperatibak garatzen diren beste hainbat esparrutan, mundu osoko mila milioi kooperatiba-kidek baino gehiagok frogatzen dute inork ez diola aurre egin behar krisi bati bakarrik, hala nola egungo pandemiari. #CoopsDay aukera ezin hobea izango da erakusteko pertsonetan oinarritutako negozio-ereduek, nork bere buruari laguntzeko eta elkartasunerako balio kooperatiboetan eta erantzukizun sozialaren eta komunitate-sentimenduaren balio etikoetan oinarritutakoek, aukera ematen dutela desberdintasunak murrizteko, oparotasun komuna sortzeko eta Covid-19 sortzen ari den berehalako hondamendiei erantzuteko.

    ACI erakundeak mundu osoko kooperatibistei eta bazkideei uztailaren 3an #CoopsDay ospatzeko presta daitezela eskatu die, elkarrekin hobeto berreraiki daitekeen mundua erakusteko.

    Iturria: TuLankide

  • Jardunaldi Akademikoa: Langileen parte hartzea enpresan, egoera eta erronkak

    Jardunaldi Akademikoa: Langileen parte hartzea enpresan, egoera eta erronkak

    Hurrengo ekainaren 24an, GEZKI Institutuak antolatutako langileen parte hartzearen inguruko jardunaldi akademikoa egingo da Donostiako Joxe Mari Kortan.

    Langileen parte hartzea enpresan inoiz zaharkitua geratzen ez den gaia da. Gure legedia oso lausoa da eremu honetan, ia ez da legezko betebeharrik. Horregatik, langileen parte hartzearen auzia langile eta enpresen arteko erronka da. Jardunaldi honetan gai horri buruz hausnartuko da.

    Esparru juridikoa, eredu konparatuak, Euskal Herriko egoera zehatza eta jardunbide egokiak landu nahi dira, langileen parte hartzea aztertzeko kapitalean, kudeaketan, nahiz emaitzetan. Horretarako, unibertsitateko ikuspegi teorikoa eta langile zein enpresaburuen ikuspegi praktikoa landu nahi dira.

    Programa hemen.

    Esteka eta izen ematea hemen.

    Iturria: GEZKI

  • REAS Red de Redesek sortu zeneko 25. urteurrenean egindako jardueren balantzea egin du

    REAS Red de Redesek sortu zeneko 25. urteurrenean egindako jardueren balantzea egin du

    Urte osoan zehar data berezi hori ospatzeko komunikazio zein bestelako ekintza zehatzak egin dira, hala nola “Semillas para una red” Sarearen sustatzaileen ingurukoa, “REAS en una palabra” bideoa, ESSmanía aldizkariaren bi ale edota komunikazio kanpaina ezberdinak sarean.

    Sareak nabarmentzen duenez, hiru helburu estrategiko ditu REASek:

    1. Eragin soziala eta politikoa: besteak beste honako tresnak zehazten dira, Kontratazio Publiko Arduratsua sustatzea, kanpoko aliantza eta harremanak ehuntzea, erakundeen arteko elkarrizketa edo Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Gizarte Foroan parte hartzea.
    2. Sareko lana sendotzea: REAS Asturias sortzeko prozesua, aurkezpen-txosten bat egitea, ikuspegi feminista barneratzea, …
    3. Tresna amankomunak sendotzea: merkatu soziala, auditoretza eta balantze soziala, etab.

    Dokumentu osora sar daiteke, hemen (gazteleraz).

    Informazio gehiago, hemen (gazteleraz).

    Iturria: REAS

  • Ikastaroa: Euskalgintza eta Ekonomia Soziala (II. Topaketa): Ekonomia sozialaren tresnak euskalgintzaren erronkei aurre egiteko

    Ikastaroa: Euskalgintza eta Ekonomia Soziala (II. Topaketa): Ekonomia sozialaren tresnak euskalgintzaren erronkei aurre egiteko

    GEZKI Institutuak, UEU eta Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, “Euskalgintza eta Ekonomia Soziala (II. Topaketa): Ekonomia sozialaren tresnak euskalgintzaren erronkei aurre egiteko” ikastaroa antolatu dute ekainak 28rako Iruñean.

    2019ko UEUren Udako Ikastaroetan,  GEZKI Institutuak, UEUrekin eta Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, “Ikastolak eta Kooperatibismoa (I. Topaketa)” izeneko saioa antolatu zuen, Eibarren. Bi urte igaro dira eta orduan zabaldutako ildoari heldu nahi diote berriz ere: “Euskalgintza eta Ekonomia Soziala” izeneko topaketak antolatu nahi dituzte aurten, GEZKIren eta UEUren arteko elkarlanari Euskalgintzaren Kontseiluaren parte hartzea gehituz eta #ElkarEkin leloari jarraipena emanez.

    Topaketa honen bitartez, Euskararen eta euskal kulturaren aldeko herri-mugimenduen esperientzia aztertuko dute, Ekonomia Sozialaren ikuspegitik. Euskalgintzako erakundeak publiko-pribatu dikotomiatik harago kokatzen diren subjektuak dira. Izaera komunitario nabaria dute, partehartzailea eta beraz, Ekonomia Sozialaren kontzeptuarekin bat egin dezakete. Topaketa honen azken helburua, erakundeon bilgunea izateaz gain, Euskalgintzak egun dituen erronkak mahai gainean jarri eta erronka horiei irtenbidea bilatzeko ekonomia sozialaren praktika ezberdinek eman ditzaketen aukerak aztertzea da.

    Topaketa honek hiru zati edo bloke nagusi izango ditu: aurkezpena eta kontzeptuen lanketa, esperientzian azterketa eta bukatzeko, Euskalgintzako erronkei buruzko eztabaida.

    Lehen blokean, topaketen nondik norakoak aurkeztuko dituzte antolatzaileek, landu nahi duten gaiaren inguruan UEUk, GEZKIk eta Kontseiluak dituzten ikuspegiak mahai gainean jarriz. Horrez gain, hiru hitzaldi “kontzeptual” izango dira lehen bloke honetan, Euskalgintzaren eta Ekonomia Sozialaren arteko lotura zehazteko asmoarekin: “Ekonomia sozialaren norabidea euskalgintzaren bidegurutzetan” (GEZKI); “Hirugarren olatu kooperatiboaz: 70. hamarkadako iraultza kulturala Euskal Herrian” (OLATUKOOP); “Berrikuntza soziala” (Elhuyar).

    Bigarren blokean, Euskalgintzako zenbait esperientzia aztertuko dituzte, elkarrizketen bitartez, Ekonomia Sozialeko antolaketa moduak sektore desberdinetan lantzeko: Hedabideak, eskualde garapena eta eraldaketa zein berrikuntza alorretan.

    Hirugarren blokean, mahai-inguru bat antolatu dute, Ekonomia Sozialak Euskalgintzako erronkei aurre egiteko dituen estrategien inguruan. Hiru alor landuko dituzte: lana duindu, interkooperazioa landu eta komunitatea sendotu.

    UEUren 49. Udako Ikastaroetan izena emateko epea zabalik da.

    Informazio guztia hemen

    Iturria: UEU

  • Euskadiko Gizarteratzeari buruzko I. Jardunaldia

    Euskadiko Gizarteratzeari buruzko I. Jardunaldia

    Joan den ekainaren 2an, Inklusioari buruzko I. Jardunaldia egin zen Bilbon. Bertan, Euskadik izandako paper aitzindaria eta bete beharreko errealitate berriak aztertu ziren.

    Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Justizia sailburuak zabaldu zuen jardunaldia, eta ohartarazi zuen Euskadik bizi dituen aldaketen denborak “segurtasun-sare bat osatzea eskatzen digula, zaurgarritasun globaleko uneetan inor gera ez dadin”. “Enpleguan inbertitzen duen sarea, aurrerapen ekonomikoa bultzatu eta, aldi berean, gizarte-kohesioa indartuko duen eraldaketa horren eragile. Eta, azken batean, krisi honen irteera berdintasunean, demokrazian eta oparotasunean sakontzera bideratzea, inor atzera gera ez dadin”.

    Ildo horretatik, lehendakariordeak gogorarazi zuen inklusioa “ez dela errukia, ahulenak babesteaz gain”, eskubidea ere badela, eta, horregatik, “proiektu inklusibo batek tresna osoak eman behar dizkiola pertsona bakoitzari bere bizitza-proiektu autonomoa definitu ahal izateko”. Lehenengo tresna, azaldu zuenez, enplegua da, hau da, “eraldaketa soziala, enpresei ematen dien aurrerapenaren bidez, eta erabateko gizarteratzea, zentzu zabalenean, langilearentzat, baldintza duinetan garatzen denean, bizitza independentea, segurua, eskubideak dituena eta berdintasunezkoa izateko behar adinako soldatekin”.

    Jardunaldian, arlo horretako adituek eta profesionalek hartu zuten parte, eta desberdintasunaren aurkako eta gizarteratzeko politika publikoak aurkezteko balio izan zuen, bai eta Euskadik arlo horretan izan duen paper aitzindaria aztertzeko ere. Era berean, kontuan hartu beharreko errealitate berriak eta abian jarritako ekimenak jarri ziren mahai gainean.

    Iturria: Irekia

     

  • Mannheimen adierazpena “Ekonomia Sozialaren Europako Gailurretik (2021) Ekonomia Sozialerako Ekintza Planera”

    Mannheimen adierazpena “Ekonomia Sozialaren Europako Gailurretik (2021) Ekonomia Sozialerako Ekintza Planera”

    Aitorpena joan den maiatzeko Mannehimeko Gailurrean onetsi zen, eta Europako Gizarte Ekonomiarako 10 behar nagusiak identifikatzen ditu. Sektoreak bat egiteko eta aitorpen hori sinatzeko gonbita egiten du.

    Gizarte-ekonomiari buruzko Europako Gailurra (#EUSES) Mannheim hiriak antolatu zuen, Europako Batzordearekin lankidetzan eta Alemaniako Familia, Hirugarren Adina, Emakumea eta Gazteria Gaietarako Ministerio Federalaren laguntzarekin. Europako gizarte-ekonomiaren aniztasuna ordezkatzen zuten 3.000 parte-hartzaile baino gehiago bildu ziren ekitaldian.

    EUSESen emaitza nagusia gizarte-ekonomiari buruzko Mannheimen Adierazpena da, Europan gizarte-ekonomia indartzeko egin behar diren beharrak identifikatu zituena. Gizarte Ekonomiarako Europako Ekintza Planaren prestaketetan sartuko da. Adierazpena indartu egiten da partaidetzaren ikuspegitik. Ekonomia sozialaren komunitateari Adierazpenari forma emateko gonbita egin zitzaion, EUSESen webgunean inkesta bat eginez.

    Gomendatutako neurriek ahalegin koordinatuak eta Europako erakundeen, gobernu nazionalen, eskualdekoen eta tokikoen laguntza aktiboa eskatzen dute, baita ekonomia sozialaren eta gizarte zibilaren alderdi interesdun guztiak ere. Horregatik, adierazpen horretan parte hartzeko eta sinatzeko gonbita egin dute.

    Deklarazioa

    Iturria: EUSES

  • Ba al zenekien…

    Ba al zenekien…

    … Debagoieneko Balio Erantsi Gordin osoaren ia erdia industria sektoreari dagokiola?

    INFOGRAFIA honetan kooperatiben eta lan-sozietateen (Ekonomia Sozial Klasikoa) industria eta zerbitzu sektorearen enpleguaren datuak aurkezten ditugu, sektore horiek eskualde bakoitzean duten BEGarekin batera. Lehen mapak erakusten duenez, zenbat eta garrantzi handiagoa izan industria-sektoreak eskualdeko ekoizpen-sarean, orduan eta garrantzitsuagoa izaten da gizarte-ekonomia klasikoko industria-enplegua.

    Esan bezala, Debagoieneko BEG osoaren ia erdia industria sektoreari dagokio, eta ES klasikoko sektore horretako enplegua 8.100 lanpostutik gorakoa da, baita Goierrikoa eta Tolosaldekoa ere.

    Bestalde, esan behar da eskualde batzuetan industria bere ekonomiaren zati garrantzitsu bat dela, baina sektore horretan ES klasikoaren ezarpen nahiko txikia dela.

    Bigarren mapan ikus daitekeenez, zerbitzuen sektoreak garrantzi erlatibo handia du ia eskualde guztietan, batez ere Bilbon, Bidasoan Beheran edo Arabako Lautadan. Horregatik, lurralde horiek Gizarte Ekonomia Klasikoaren sektore bereko enpleguaren zati handi bat ere biltzen dute.

    OVES-GEEBko Gizarte Ekonomiaren Lurralde Dossierreko datuak dira.

    Iturria: OVES-GEEB

  • Konfekoopek nabarmendu du kooperatibismoak berreskurapenean “eragile giltzarri” gisa jarduteko duen gaitasuna

    Konfekoopek nabarmendu du kooperatibismoak berreskurapenean “eragile giltzarri” gisa jarduteko duen gaitasuna

    Joan den maiatzaren 26an, Konfekoopeko Batzar Orokorra egin zen Miñanon (Araba), Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela.

    Erakunde honek sektore eta jarduera guztietako 1.300 enpresa biltzen ditu, 59.000 pertsonari lana ematen dietenak eta 1,4 milioi bazkide dituztenak. Enpresa horien fakturazioa 11.000 milioi eurokoa da.

    Koronabirus-pandemiak jarduera ekonomikoan dituen ondorioak gorabehera, Konfekoopen 2020ko balantzea positiboa da: kooperatiba elkartuen kopurua %2,1 handitu da, eta sortutako lanpostu-kopurua 2.526 handitu da.

    Rosa Lavín konfederazioko lehendakariak nabarmendu zuen enpresa kooperatiboek egokitzeko duten gaitasuna funtsezkoa dela enpresa-eredu hori krisialditik indartuta ateratzeko, “benetako irteera bihurtuz eta ezaugarri antiziklikoa erakutsiz”. “Hori guztia partaidetzaren, demokraziaren, erantzukizunaren, autoexijentziaren eta elkartasunaren balioak aplikatuz”.

    Lavínek eskerrak eman zizkien kooperatiba guztiei erantzun irmoagatik eta azken hilabeteetan egindako lan nekaezinagatik. Ildo horretatik, kooperatiben sarea funtsezkotzat baloratu zuen, “eraginkortasun ekonomikoaren eta erresistentzia ekonomiko eta sozialaren eredua” delako.

    Planteatu ziren erronken artean, “Next Generation” Europako Funtsen kudeaketan parte hartzea eta “Berpiztu de Reactivación Económica y el Empleo de Euskadi (2020-24)” programan parte hartzea daude, baita “2021-2024 Plan Estrategikoa” abian jartzea ere.

    Iñigo Urkullu lehendakariak Batzar Nagusiari hasiera eman zion, eta bertan adierazi zuen beharrezkoa dela, bai erakundeek bai ekonomia- eta gizarte-sareak lankidetzan aurrera egitea, etorkizun berria elkarrekin bideratzeko.

    Une honetan, hazkunde ekonomikoa nabaritzen hasten denean, lehendakariak azpimarratu zuen “hazkunde iraunkorreko joera positibo hori finkatzea dagokigula, eta, era berean, gure gizarte-babeserako sistema finkatzea”.

    Iturria: Europa Press eta Irekia

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko maiatzeko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko maiatzeko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.