Bloga

  • Eusko Jaurlaritzak lehentasunezko enplegu-sistema finkatzen duen Euskadiko BGAE-en dekretu berria onartu du

    Eusko Jaurlaritzak lehentasunezko enplegu-sistema finkatzen duen Euskadiko BGAE-en dekretu berria onartu du

    Gobernu Kontseiluak Euskadiko BGAE-entzako dekretu berria onartu zuen pasa den otsailaren 13an, Estatuan bakarra eta berritzailea den etorkizuneko lehentasunezko enplegu-sistema finkatzeko. Dekretu hori urtarrilaren 26an berretsi zuen Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseiluak. Dekretu horrek lehentasunezko BGAEak arautzen ditu Euskadiko pentsioen eredu osagarri gisa, eta langileen eta enpresaren artean partekatutako ekarpenez hornituko dira, batez ere errenta gisako prestazioak emanez.

    Testu berriak, era berean, BGAE-entzat egokiak diren aktibo berriak jasotzen ditu. Horiek finantza-merkatu berrietarako sarbide dibertsifikatuagoa ematen diete eta sozialki arduratsuak diren inbertsioen alderdiak garatzen dituzte. Gainera, gehienezko administrazio-gastuen beherapena sartzen da, eta horrek zuzeneko onura ekarriko die pentsio osagarriei, zuzeneko proportzioan igoko baitira. Berrikuntzen artean, BGAE-en gobernu-organoetan gizonen eta emakumeen arteko banaketa orekatua lortzeko eskakizunak nabarmentzen dira, besteak beste.

    Dekretua apirilean jarriko da indarrean, erakundeen inbertsio-araubidea malgutzen duten aurreikuspenen aplikazioa errazteko. Indarrean jarri ondoren, 6 hilabeteko epea egongo da estatutuak eta erregelamenduak dekretura egokitzeko. Epe hori gorabehera, administrazio-gastu berriak 2024ko uztailaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

    Lehentasunezko enpleguko BGAE-en helburu nagusia da errenta gisako prestazioak kobratzea, Gizarte Segurantzaren pentsio publikoa osatzeko. Horretarako, Dekretuak gutxieneko kapital bat finkatzen du, eta hortik aurrera, BGAE bateko bazkideak zenbateko hori metatu ondoren, nahitaez bihurtu beharko da biziarteko errenta edo finantza-errenta, gutxienez 15 urterako.

    Dekretua idaztean, prestazioaren ordainketa errenta moduan zehazteko atalasea ezarri da, Gizarte Segurantzaren 65 urteko gutxieneko erretiro-pentsioarekin lotutako pentsio-zenbatekoen tartearen arabera. Sektorearekin eta gizarte-eragileekin hainbat bilera egin eta erregulazio berriaren ondorioak aztertu ondoren, neurrizko lurreratzea planteatzen da, eredua aurreikuspen-sistema baloratua eta onarpen handiagoa izango duena izateko moduko zifrekin.

    Hori guztia, gizarte-aurreikuspen osagarria gaztetatik orokortuz gero, partekatutako ekarpenekin, Dekretu honetan ezarritako kopurua baino eskubide ekonomiko handiagoak metatuko direlakoan. Horri prestazioak errenta moduan kobratzearekin bat datorren tributazioa gehitzen bazaio, benetako aurreikuspen-sistema osagarri propioa eta ibilbide luzekoa lortuko da.

    Dekretuak prestazioak jasotzeko formula mistoa ezartzen du (errenta moduan eta kapital moduan). Lehentasunezko sistema orokortzeko helburuarekin, kontuan hartu da Gizarte Segurantzan ezkontidea ardurapean duen gutxieneko pentsioa halako bi eta erdi ezartzea 2024rako, hau da, 36.166 €. Era berean, eskubide ekonomikoen % 20 gehienez kapital moduan kobra litekeela jotzen da. Parametro horiekin, hileko pentsioak 200 eurokoak izango lirateke 15 urterako 12 ordainsaritan, eta 150 eurokoak 20 urterako 12 ordainsaritan. Kapitalaren % 20 izanez gero, hilean 160 €-ko pentsioa lortuko litzateke 15 urtean, edo 120 €-koa 20 urtean.

    Horrekin batera, lehentasunezko BGAE-ekin egindako bileren ondoren eta bazkideek eskuratutako eskubideen babesean, errenta moduan ordaintzeko atalasea finkatu da, ezkontidea ardurapean izanda Gizarte Segurantzaren erretiroaren urteko gutxieneko zenbatekoaren halako hiru: 43.400 € 2024an, eta kapital moduan kobratzeko gehieneko portzentajea % 25ekoa, estatutuek hala jasotzen badute. Lau urteko aldi iragankorra izango da lehentasunezko enpleguko BGAE-entzako errenta gisako prestazioak nahitaez kobratzeko, eta araubide iragankor horretan sartu ahal izango dira bai aldi horretan eratzen diren lehentasunezko BGAE berriak, bai lehendik eratuta dauden eta lehentasunezko bihurtzen diren enpleguko BGAEak.

    Iturria: Irekia

  • ERNETU proiektuaren emaitzen jardunaldia: Gipuzkoako Laneratzeko Enpresen eguna

    ERNETU proiektuaren emaitzen jardunaldia: Gipuzkoako Laneratzeko Enpresen eguna

    ERNETU proiektuaren emaitzen aurkezpena dela eta, Gizateak jardunaldi hau antolatu zuen Hernaniko Biteri Kultur Etxean: “Sareak ehuntzen Gipuzkoan, laneratzeko enpresak sortzeko”.

    Egunari ongietorria emateko Maite Uribarren Gipuzkoako Gizateako Lehendakariordea, Xabier Lertxundi Hernaniko Alkatea eta Koldo Peciña Gipuzkoako Aldundiko Proiektu Estrategikoen Zuzendaria izan ziren.

    Ondoren, Amaia Perezek eta Ane Igoak, ERNETU proiektuaren garapenaz arduratzen diren teknikariek, proiektuaren emaitza nagusiak aurkeztu zituzten.

    Proiektuak izan dituen lan-ildoekin batera, jardunaldia bi zatitan antolatuta egin zen. Lehenengoa, Gipuzkoan laneratzeko enpresak sustatzeari eta sortzeari buruzkoa: toki-administrazioekiko lankidetza.

    Lehen blokea Silvia Cózar “Viviendas y servicios municipales de Candelaria” gizarteratzeko enpresaren laguntza-teknikariaren hitzaldiarekin hasi zen. Enpresa hori Kandelaria herriko udalak sustatu zuen, Tenerifeko uhartean. Silviak enpresaren funtzionamenduaz aritu zen, nola enpresak udal mailako zerbitzuak ematen dituen udalaren enkargupean.

    Ponentzia eta gero, Iune Polok moderatutako Esperientzien lehen Mahaia izan zen: Lurraldeko lankidetza-esperientziak. Hemen hiru hitzaldi eta lankidetza mota ezagutzeko aukera izan zuten: Fernando Nebreda, Oarsoaldeko gerentea, Badia Berri Euskadiko sustapen publikoko gizarteratze-enpresa bakarraz aritu zen, eskualdeko udalen konpromisoari esker: Errenteria, Oiartzun, Pasaia eta Lezo, Garapen Agentziaren bitartez . Jon Basaldua, UBA Hostel kudeatzen duen Suspertu gizarteratze-enpresako koordinatzailea, Donostiako Udalaren kontratu erreserbatu baten bidez. Amaitzeko, Rosa Maiza, Zumarragako lehen alkateordea, Zu Mas Zaindu enpresaren sorreraren prozesua kontatu zuen.

    Jardunaldiaren bigarren zatiari hasiera emateko, Maitelan izeneko gizarte-ekimeneko kooperatibaren esperientzia ezagutu zuten, zaintzaren sektorean migratutako emakumeek sortua. Onix Karlak Hernanin sortutako esperientzia partekatu zuen eta orain arte egindako bideaz hitz egin zuen.

    Esperientzien bigarren mahaian, Marivi San Juanek moderatua, partehartzaileek, laneratzeko enpresek lurraldea eraldatzeko eragile gisa nola jardun dezaketen kontatu zuten.

    Zuriñe Mindegia Zabalduzen gizarteratze eta laneratze eta esku-hartze komunitarioaren arduradunak “Bertatik Elikatuz” proiektua partekatu zuen, eta nabarmendu zuen oso garrantzitsua dela elikadura-sistema iraunkor eta burujabe bat, enplegu inklusiboaren bidez. Aitziber Zubillagak, Emaus Gizarte Fundazioko zuzendari nagusiak, Emaus Gipuzkoaren ikuspegia aurkeztu zuen ekonomia zirkularraren bidezko gizarteratzean eta laneratzean. Maite Uribarren Bidebarriko laguntza-teknikariak elkarte gastronomikoak garbitzeko ekimena kontatu zuen, Oñatiko udalerrian kalteberatasun-egoeran dauden emakumeentzako aukera-desberdintasunari aurre egiteko.

    Jardunaldiaren eta proiektuaren ondorioak Joana Revilla Gizateko koordinatzailearen eskutik jaso zituzten.

    Laburbilduz, jardunaldia aurkezpen-ekitaldi bat izateaz gain, gizarte-aldaketarekin konprometituta dauden Gipuzkoako laneratzeko enpresen ekosistemako eragile, erakunde eta profesionalen arteko topaketa bat ere izan zen.

    Iturria: GIZATEA

  • Ekonomia Sozialaren Sustapenari buruzko CIRIECen  Kongresurako komunikazioak aurkezteko deia

    Ekonomia Sozialaren Sustapenari buruzko CIRIECen Kongresurako komunikazioak aurkezteko deia

    Aurten, Valentziak, Ekonomia Sozialaren 2024 Espainiako Hiriburuak, ‘Ekonomia Soziala Sustatzeko Biltzarra’ hartuko du irailaren 26 eta 27an. Kongresua Zerga- eta Politika Publikoetarako Tresnetan oinarrituko da, eta CIRIECk antolatu du, IUDESCOOP.-Universitat de València (UV) eta CEGEAunibertsitateekin batera. CIRIECen egutegiko kongresu berri bat da, eta gai orokor hau izango du: “Administrazio publikoa eta ekonomia soziala: aliatuak oparotasun inklusiborako”. Kongresuak Valentziako Erkidegoko Kooperatiben Konfederazioaren (Concoval), Valentziako Erkidegoko Hirugarren Sektorearen Plataformaren eta Gizarte Ekonomiako Unibertsitateko Institutu eta Ikerketa Zentroen ENUIES Sarearen laguntza du.

    Biltzarreko gai-alorrak kooperatibismoa eta gizarte-ekonomia sustatzeko politika publikoen bidez landuko dira; Gizarte-ekonomiaren fiskalitatea; gizarte-ekonomia suspertze eta berreraikitze ekonomikoko politiketan; gizarte-ekonomiari eskainitako aurrekontuak eta gastu publikoa; interes orokorreko ondasunak eta zerbitzuak (osasuna, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak eta zainketa-zerbitzuak, besteak beste) ekoizteko lankidetza publiko eta pribatua.

    Ikertzaileek beren lan zientifiko, teoriko eta enpirikoak Kongresuaren gai orokorrarekin zerikusia duten hainbat arlotara bidal ditzatela eskatzen zaie.

    2024ko apirilaren 15a arte laburpenak aurkeztu ahalko dira, 2 orritik 3ra, helburuak, metodologia, behin-behineko emaitzak eta bibliografia barne. Laburpenak Kongresuko Batzorde Zientifikoak ebaluatuko ditu, Ebaluazio Batzorde baten aholkuarekin. Maiatzeko bigarren hamabostaldian, egileek jakinarazpen proposamena onartu edo baztertu izanaren jakinarazpena jasoko dute.

    Laburpenak Kongresuko Idazkaritzara bidali behar dira helbide honetara: ciriec@uv.es. Gaian, honako hau adierazi behar da: CONGRESO 2024 CIRIEC – RESUM –ÁREA TEMAT-Apellidos, Nombre – (adibidez: CONGRESO 2024 CIRIEC – RESUM –A1- Garrido, María)

    Komunikazioetako testu osoak 2024ko uztailaren 28ra arte onartuko dira. 15 eta 25 orrialde bitartekoa, DIN A4 formatua, lerroarte bakuna, Arial 11 letra, laburpena, 4-8 gako-hitz eta bibliografia barne.

    Informazio gehiago hemen

    Iturria: CIRIEC España

  • Ez dago modu abstraktuko aditzik: irabazi-asmorik gabeko zaintza-sistema publiko-komunitario baten alde

    Ez dago modu abstraktuko aditzik: irabazi-asmorik gabeko zaintza-sistema publiko-komunitario baten alde

    Belén Gopegik dioenez, ez dago modu abstraktuko aditzik, ezta denbora, leku eta zirkunstantzia ekonomiko, politiko eta ekologiko jakin batzuetatik bereizitako zaintzarik ere. Bizi dugun zaintza-sistemaren krisia ez da berria, aspaldikoa da. Hala ere, erreprodukzio sozialaren krisi bat bilakatzen ari da gaur egun, kolapso ekologikoaren testuinguru batean, eta, ondorioz, lanaren banaketa sozial eta sexuala sakontzen ari da.

    Horrez gain, zaintza-sektorearen pribatizazio- eta merkantilizazio-prozesuak ere areagotzen ari dira. Enpresa handiek bideratzen dute arlo horretako politika publikoa, eta pribatizazio bikoitza gertatzen da: alde batetik, etxeetan, betiere emakumeen ardurapean, eta, bestetik, enpresen kudeaketan, haien helburu bakarra etekinak lortzea baita, ez pertsonen zaintza-beharrari, guztion ongizateari eta bizitzaren jasangarritasunari erantzutea.

    Guk zaintza-sistema publiko-komunitario bat babesten dugu, tokian tokikoa eta lau zutabe nagusi izango dituena: autonomia eta bizitza independentea sustatzea, haur-hezkuntza integrala, zaintzen zati bat profesionalizatzea eta behatoki bat eratzea, begirada zabaltzeko eta jarraipena egiteko aukera emango diguna, gainerako politika publikoak zaintzaren ikuspegitik diseina daitezen.

    Hala ere, komunitarioaren kontzeptua eztabaidagarria da, esparru sozial eta politiko askotan erabiltzen baita oso adiera eta irismen desberdinekin. Batetik, familiarizazioa eta feminizazioa bultzatzen dituzte etxea zaintzarako lehentasunezko espaziotzat hartzen duten batzuek. Izan ere, etxean inon baino zaintza hobea izango dugula esaten digutenean, alde batera uzten dituzte botere-harremanak eta desparekotasuna, zaintzaren feminizazioa eta eredu horretan emakume etorkinek nahiz zaintzaren alorreko kate globalek betetzen duten eginkizuna. Bestetik, boluntarismo gogotsua ere aldarrikatu ohi da zaintza komunitarioaz hitz egiten denean, erakundeak iristen ez diren lekuetan auzokide eta beste agente batzuen esku geratzen baita zaintza.

    Guk bat egin nahi dugu Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarrikapenarekin, eta zaintza-sistema publiko, integral, irisgarri eta unibertsala eskatzen dugu, zaintza-eskubide kolektiboa eta guztiontzako azpiegitura publiko eta kalitatekoak ahalbidetuko dituena. Sistema horrek zaintzan diharduten emakumeen lan-baldintzak eta bizimodua hobetu beharko lituzke, eta zaintza-beharren arreta etxeko/banakako esparrutik esparru publiko/kolektibora eraman. Hau da, kontzertazio publiko-pribatuaren logikaren ordez, logika publiko-sozial-komunitarioa ezarri.

    Iturria: REAS Euskadi

  • UPV/EHUko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterrean aurrematrikula egiteko epea

    UPV/EHUko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterrean aurrematrikula egiteko epea

    Martxoaren 4an UPV/EHUko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterrean aurrematrikula egiteko lehenengo epea zabalduko da, martxoaren 27ra arte. Masterrak izaera erdi-presentziala du, ikasturte akademiko bateko iraupena, 25 plaza eskaintzen dira eta lan munduko zein ikerketako bokazioa duten pertsonei zuzenduta dago.

    Aurrematrikula egiteko link-a

    Honetaz gain, martxoaren 4an EHU Master Week-a hasiko da, Masterren Azoka Birtuala. Egun horretan, 15:45tan Masterraren inguruko informazioa emango du Zuzendariak hemen

    Gizarte ekonomiaren eta ekonomia solidarioaren inguruan garatzen ari diren jarduera ekonomikoek profesionalak behar dituzte, prestakuntza akademiko eta zientifiko sendoa izango dutenak, sektore honetako erakundeetan lan egiteko (besteak beste, aholkularitzan).

    Master honek gizartearen behar jakin bati erantzuten dio: hots, gizarte eta ekonomia aldaketarako profesionalak eta agenteak trebatzea, balio etiko eta solidarioekin lan egingo dutenak organismo eta erakundeetan.

    Horretarako, prestakuntza programak alderdi teorikoak eta praktikoak uztartzen ditu: alde batetik, gizarte ekonomiaren eta ekonomia solidarioaren izaera eraldatzailearen garapen teorikoa; bestetik, alderdi praktikoagoa, sektoreak gure inguruan duen egoerari buruzkoa, eta alderdi normatibo eta positiboak, sektorea bultzatzeko politikak eta tresnak, eta egungo eta etorkizuneko garapena.

    Masterra gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioaren ingurune errealera aplikatuta dagoenez, sektoreko enpresak kudeatzeko lan tresnak garatzen ditu, pertsonak jarririk beti lan eta aldaketa sozial eta ekonomikoko prozesuen erdian.

    Gainera, Master honen bidez zuzenean sar daiteke UPV/EHUko Garapenari buruzko Ikasketak doktorego programara.

    Masterraren inguruko alor guztiak hemen kontsulta ditzakezu (epeak, egitarau akademikoa, irakasleak, aurtengo ikasturteko egutegia, praktika, prezioa, etab.).

    Iturria: GEZKI

  • GIZAEKOA aldizkariaren aurkezpen mintegia

    GIZAEKOA aldizkariaren aurkezpen mintegia

    Martxoaren 11n, GIZAEKOA- Revista Vasca de Economía Social aldizkariaren 20. zenbakia aurkeztuko da, Latinoamerikako gizarte-ekonomiako esperientziei buruzkoa.

    GEZKIk antolatutako ekitaldi hau 2024ko Gizarte Ekonomiako Unibertsitate V. Astearen jardueren barruan egingo da. Unibertsitate-zentro bakoitzak hainbat jarduera antola ditzake bere helburuen eta baliabideen arabera. Azken batean, gizarte-ekonomia unibertsitatera ekarri behar da, eta alderantziz, unibertsitatean gizarte-ekonomiaren alde egiten ari dena erakutsi. Horretarako, ENUIES sareak Gizarte Ekonomiako Unibertsitate Astera gizarte-ekonomiako agente guztien partaidetza ekarri izan nahi du.

    Jardunaldia online izango da, eta 2023ko zenbaki berezia izango du ardatz, Latinoamerikako gizarte-ekonomiako esperientziei buruzkoa. Ale honek Txileko Santiagoko Unibertsitateko Jorge Torres editore gonbidatua izan du. Lehenik eta behin, Jon Las Heras, aldizkariaren zuzendaria, arduratuko da jardunaldia irekitzeaz eta aldizkaria eta GEZKI Institutuko jarduerak aurkeztuko ditu. Ondoren, Jorge Torres GIZAEKOAko editore gonbidatuak 20. alearen aurkezpena egingo du, Latinoamerikako esperientziei buruzkoa, eta zenbaki bereziaren egileei emango die hitza. Azkenik, eztabaida-gune bat irekiko da, aurkeztutako esperientziei buruzko gaiak eta Latinoamerikako gizarte-ekonomiarako etorkizuneko erronkak aztertzeko.

    Gizarte Ekonomiako unibertsitate astea martxoaren 4tik 14ra egingo da, eta 38 unibertsitatek baino gehiagok parte hartzea aurreikusten da.

    Iturria: OVES

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko otsaileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko otsaileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Mongragonen esperientzia kooperatiboari eta pentsamendu kooperatiboari buruzko mintegia

    Mongragonen esperientzia kooperatiboari eta pentsamendu kooperatiboari buruzko mintegia

    Otsailaren 8an, Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Mondragoneko kooperatiba esperientziari eta pentsamendu kooperatiboari buruzko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterraren mintegi irekia egin zen.

    Mintegian Aritz Kanpandegik eta Igor Ortegak hartu zuten parte, Mondragon Unibertsitateko LANKI Ikasketa Kooperatiboen Institutukoak. Kanpandegik Mondragoneko esperientzia kooperatiboan zentratu zuen ponentzia, eta Ortegak, berriz, Mondragoneko fundatzaileek pentsamendu kooperatiboari egindako ekarpena erakutsi zuen.

    Mintegiaren helburu nagusiak kooperatibismoari buruzko ezagutza eta eztabaida sustatzea izan ziren, Mondragoneko kasua aztertuz, eta parte hartzeko eta gobernantzako ereduan sakontzea. Aritz Kanpandegik Mondragoneko Esperientzia Kooperatiboaren jatorriaren, bilakaeraren eta funtsezko alderdien berrikuspena aurkeztu zuen. Horrez gain, kooperatiba-taldearen barruko parte-hartzea eta gobernantza aztertu zituen, baita Mondragoneko artikulazio kooperatiboa eta lankidetza ere.

    Bestalde, Igor Ortegak garapen eta pentsamendu kooperatiboan jarri zuen arreta, eta honako hauek aztertu zituen: kooperatibismoaren erroak, hainbat sektoretako elkarte-praktikak, kooperatibismo modernoaren sorrera (Rochdale-ko aitzindariak eta kreditu-kooperatibismoa barne), kooperatiba-ereduaren garapena eta hedapena, eta Mondragoneko fundatzaileen kooperatiba-ikuskera.

    Mintegi hau UPV/EHUko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterraren programaren parte da. Masterreko ikasleek eta gaian interesa duen edonork parte hartu zuten.

    Iturria: OVES-GEEB

  • JEUNESS proiektua: Nafarroako, Euskadiko eta Akitania Berriko gazteen arteko ekimen kooperatiboa

    JEUNESS proiektua: Nafarroako, Euskadiko eta Akitania Berriko gazteen arteko ekimen kooperatiboa

    JEUNESSeko bazkideek Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkartearen (ANEL) egoitzan, Iruñean, egin zuten mugaz gaindiko proiektu hau abian jartzeko bilera, Nafarroako, Euskadiko eta Akitania Berriko gazteen artean Gizarte Ekonomia eta ekimen kooperatiboa sustatzeko. Ekimen hori “Programa Interreg VI-A España-Francia-Andorra (POCTEFA) 2021-2027” programaren barruan kokatzen da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatua, Nafarroako Gobernuak kofinantzatutako proiektua.

    ANEL du buru JEUNESSek, eta Atlantikoko Eurorregioko Gizarte Ekonomiako eta Kooperatibismoko eragile nagusiek hartzen dute parte, hala nola Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak (KONFEKOOP) edo Bassin d’Emploi du Seignanx Batzordeak (CBE Seignanx). INTERSTICE Sud Aquitaine, SIC Pau Pyrenées eta l’Économie Sociale et Solidaire (CRGAIAK -Nouvelle-Aquitaine)-ren Chhari Regionale proiektua ere osatzen dute.

    Gizarte ekonomia eta kooperatibismoa mugaren bi aldeetako gazteak hurbiltzeko sortu da ekimena. “Uste dugu gazteek enplegua, berrikuntza eta eraldaketa soziala lortzeko aukera izan dezaketela sektore horretan, eta aukera hori, gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoaren eta ziurgabetasun ekonomikoaren aurrean baliagarria eta bereziki erakargarria izan daitekeela”, azaldu zuen Ignacio Ugalde ANELeko lehendakariak.

    Helburu horiek lortzeko, JEUNESSek hainbat ekintza garatuko ditu gazteak sentsibilizatu, prestatu eta laguntzeko, besteak beste, tailerrak, mintegiak, bisitak, topaketak, aholkularitzak eta kooperatibetan murgiltzeko esperientziak. Horiek guztiak hiru lurraldeetako gazteekin lankidetzan egingo dira, mugaz gaindiko mugikortasuna eta praktika egokien trukea erraztuz.

    JEUNESSek bat egin du ANELek azken urteotan gazteekin egiten ari den lanarekin, kooperatiben eta gizarte-ekonomiaren eredua ezagutu dezaten. “Egia da oso emaitza onak lortzen ari garela arlo estrategiko honetan”, baieztatu zuen Ugaldek. Hala ere, hura indartzen jarraitzeko asmoa du. “Jauzi kualitatiboa egin nahi dugu gizarte-talde honekin egiten ari garen lanean”.

    Ildo beretik doaz Cooperative Campus proiektu europarra ere, non Europako beste eskualde batzuetako gazteekin izandako esperientziak ezagutarazten baitira; baita EducaKOOP programa ere, 2023an hasi zena eta 800 ikasle unibertsitario, Lanbide Heziketakoak (LH) eta batxilergokoak dituena. “JEUNESek esku-hartze horiek guztiak indartzeko aukera emango digu, mugaz gaindiko dimentsioa emanez, kooperatibismoak Nafarroako gazteen eskura jartzen dituen ikuspegia eta aukerak zabaltzeko”, azaldu zuen Ignacio Ugaldek. Haren iritziz, gainera, onura bikoitza lortuko da: “Inpaktu handiagoko jarduerak sortzen lagunduko digu, eta, aldi berean, datozen urteetarako sistematika iraunkorra finkatuko dugu”.

    Iturria: Ekonomia sozialaren Espainiako Behatokia

  • Ekonomia Solidarioari buruzko MAL-en Unibertsitate Lehiaketa bueltan da

    Ekonomia Solidarioari buruzko MAL-en Unibertsitate Lehiaketa bueltan da

    Ekonomia Solidarioaren esparruan ikerketa sustatzeko helburuarekin, eta EKONOPOLOaren (REAS Euskadik, Bilbao Ekintzak eta beste erakunde batzuek bultzatutako Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Poloa) jardueren esparruan, gai horrekin lotutako Master Amaierako Lanen Lehiaketa-ren (MAL) bigarren edizioa martxan jarri da.

    Deialdi honen helburua da Ekonomia Solidarioaren esparruan ikasketak eta ikerketak bultzatzea eta sustatzea. Horretarako, hiru sari emango zaizkie Master Amaierako Lan Onenei (MAL), gai horri dagokionez. REAS Euskadik eta Bilbao Ekintzak (Bilboko Udala) Ekonomia Solidarioko beste erakunde batzuekin bultzatutako Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Poloak – EKONOPOLOAk antolatzen dituen jardueren barruan kokatzen da lehiaketa hau. Lehiaketak, halaber, honako unibertsitate-erakunde hauen laguntza du: GEZKI, UPV/EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua; Hegoa, UPV/EHUko Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutua; Lanki, Mondragon Unibertsitateko Ikasketa Kooperatiboen Institutua; Deustuko Unibertsitateko Ikasketa Kooperatiboen Institutua.

    Aurkeztutako MALek Ekonomia Solidarioarekin zerikusia duen edozein alderdi jorratu beharko dute, eta, besteak beste, honako gai hauek sar daitezke bertan:

    • Ekonomia solidarioaren sektorearen kontzeptua eta ezaugarriak, sektore bereizi gisa eta berezko ezaugarriak dituena gizarteekonomiaren eremuan.
    • Ekonomia solidarioaren eremuko berezko tresnak eta garapenak: finantza etikoak, merkatu soziala, bidezko merkataritza, auditoria soziala, lankidetza, herritarren asoziazionismoa eta kooperatibismoa, ekonomia komunitarioak, etab.
    • Ekonomia Solidarioaren eta beste ekonomia kritiko eta eraldatzaile batzuen arteko harremanak, hala nola, feminista, ekologikoa, komunitarioa.
    • Ekonomia Solidarioko tokiko eta nazioarteko erakundeak, sareak eta mugimenduak.

    Lehiaketak 600 €-ko lehen saria, 400 €-ko bigarren saria eta 200 €-ko hirugarren sari bat emango dizkie ekimenean parte hartzen duten hiru euskal unibertsitateetan 2023an eta 2024an arrakastaz defendatu diren MAL hautatuei.

    Lanak modu elektronikoan bidali beharko dira reaseuskadi@reaseuskadi.eus helbidera, eta aurkezteko epea 2024ko urriaren 25an amaituko da.

    Informazio gehiago hemen

    Iturria: REAS Euskadi