Bloga

  • Olatukoop, hamar urte lanean denontzako bizitza oparoagoaren alde

    Olatukoop, hamar urte lanean denontzako bizitza oparoagoaren alde

    Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak ere ez dira edonolakoak, ekonomiaren balio demokratikoetatik abiatuta eta pertsonak erdigunean jarrita, lurraldean erroturiko proiektuak bultzatzea, besteak beste.

    Krisi sakon batek gogor kolpatuta, Euskal Herriko errealitate ekonomiko eta soziala guztiz desberdina zen 2014an, sei urte atzeragoko garaiekin konparatuz gero. Langabeziaren gorakada itzela, enpresen itxiera etengabea, etxe kaleratzeak… Herritarrek euren haragitan bizi zituzten murrizketak eta bankuen “erreskateak” ekarritako ondorioak. Hemerotekari begirada bat ematea nahikoa da egoeraz jabetzeko.

    Ordura arteko errelatoak agintzen zuen ikasi ondoren lana aurkitu behar zela, baina “igogailu sozialaren” ideiak kiebra jo zuen. Abagune horretan, hainbat jendek erabaki zuen bere esperientzia laboraletik eta gaitasunetik abiatuta autoantolaketari ekitea, lan merkatuak jadanik ez zituelako asetzen. Denbora gutxian kooperatiba sorreren tasa hirukoiztu egin zen Euskal Herrian, hala gogoratzen du Talaios kooperatibako kide Beñat Irasuegik: “Gaur egun ere tasa hori mantentzen da, eta seguruenik krisiak hor jarraitzen duen seinale da hori”. Bere ustez, lanaren prekarizatzea da sintoma nabarmenena, “jende bati pizten dio autoeraketarako gogoa, nahiz eta kontrako efektua ere badagoen, segurtasun laboralaren bila administraziora jotzen dutenena adibidez”.   

    Hamarkada honetan sareak egindako ibilbidea ez da beti aurrez pentsaturiko estrategia baten emaitza izan. Intuizioak eta barruko logikek ere markatu dute norabidea

    2014an hainbat sektoreren pribatizazioa ere gertatu zen, telekomunikazioaren arloan, energiaren sektorean, finantzetan… Eta aldiz, beste izaera bateko proiektuak jarri ziren martxan. Hor kokatu behar dira Goiener, Koop57 edo Fiare. Osagai horiek guztiek hauspotu zuten ekonomia eraldatzailearen eta olatu kooperatibo berriaren txinparta.

    “Guk kooperatibismoaz ez genekien ezer, baina oinarrizko ideia bat genuen: lan egin nahi genuen batez ere gurea bezalakoak ziren beste kooperatibekin”, gogoratzen du Irasuegik. Horrez gain, une haietan Kataluniako Coop57ren inguruko jende bat ere elkartzen hasita zegoen, esperientzia hura Euskal Herrira ekartzeko asmoz, baina masa kritikoa behar zen horretarako. Kinka horretan erabaki zuten interneten deialdi ireki bat egitea sare bat sortzeko helburuarekin. Horrela sortu zen Olatukoop, Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sarea, 2014ko maiatzaren 14an.

    Hasieran zortzi-hamar enpresa zirena, gaur egun Euskal Herri osoko 60 enpresa edo erakunde baino gehiagoko sare zabal bat da, bazkide, kide eta lurralde-sareen artean. Hamaika proiektu eta egitasmotan parte hartzen du eta ekonomia eraldatzailearen bueltan lanean diharduten lurralde nodoak ere gero eta gehiago dira. Olatukoop ezinbesteko erreferentzia bilakatu da, bai merkatuaren kanibalismotik harago, bai Mondragonen ereduari jarraitzen dion kooperatibagintzatik harago, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bidez bestelako alternatiba bat eraiki nahi duten eragile eta erakunde askorentzat.

    “Eraldatzaile” hitza da hemen gakoa. Katalunian ekonomia “solidarioak”  duen esanahia Euskal Herrian ez dela berdin ulertzen jakinda –sarritan GKEn asistentzialismoari lotuta egon baita–, beste kontzeptu politiko bat proposatu zuen ekonomiaren bueltan “konspiratzen” ari zen taldetxo batek: Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE).

    Funtsean, lana eta bizitza uztartzean datza ekonomia mota hori, baina indarrean dagoen sistema ekonomikoa eta gizartea eraldatzeko helburuarekin: “Behetik gorako izaera ere islatu nahi du, herrigintzatik datorrena eta puntu militante bat duena”, dio Lakari kooperatibako Leire Udabek. Bere esanetan, ekonomia eraldatzaileak duen “plusa” da lanari bestelako zentzu bat eman eta bizi-proiektu bezala ulertzen duela, ikuspegi produktibistatik harago. Irasuegik ere lana “birkokatzearen” garrantzia azpimarratu du, momentu batean alde batera uzten ari zelako.

    Urteurrena behar bezala ospatzeko asmoa dute, maiatzaren 18an Donostian antolaturiko festa batekin. Baina aurretik, maiatzaren 14an, ekitaldi politikoa egin zuten Iruñean. Aurrera begirako erronkak azaltzeaz gain, berriki eguneraturiko Oinarri Irekiak aurkeztu zituzten. Karta horretan, hitz egiten da bizitzaren bizigarritasunaz eta ekonomia eraldatzaileaz, baita ekonomia kooperatiboaz ere, eta (trans)feministaz, euskaldunaz, antiarrazistaz… Hitz egiten da lanaren burujabetzaz, erabakitzeko prozesuen kontrol kolektiboaz, interkooperazioaz, lurralde eraldaketaz eta ondare komunaz… Eta iraunkortasun ekologikoaz ere, noski, hitz egiten da.

    Iturria: Argia

  • REAS Euskadi:“Gizarte-ikuskaritzako kanpainaren”edizio berria

    REAS Euskadi:“Gizarte-ikuskaritzako kanpainaren”edizio berria

    Sareko entitateek datuak jasotzeko epea ireki da. Beraz, maiatzaren 15etik ekainaren 14ra, “Auditoria soziala: ondo jokatu zure kartekin” lelopean, REAS Euskadik kanpaina jarriko du abian, eta sareko 116 erakunde bazkideek eta erakunde laguntzaile batzuek hartuko dute parte.

    Ekonomia Sozial eta Solidarioko erakundeak, datorren hilabetean, oinarrizko sei printzipioen lorpen-mailaren autoebaluazio-prozesuan murgilduko dira: ekitatea, lan duina, ingurumen-jasangarritasuna, lankidetza, ingurunearekiko konpromisoa eta aberastasunaren bidezko banaketa.

    Datuak bildu eta araztu ondoren, sareko talde teknikoak 120 inguru erakunderen auditoriak aztertuko ditu horretarako sortutako batzordean. Balorazio ona duten erakundeek Auditoria Sozialaren zigilua jasoko dute, 2022an ezarritako ziurtagiria, alegia. Zigilu hori funtsezkoa da merkatu sozialean sartzeko, hau da, Euskadiko REASek orain dela hamarkada bat baino gehiagotik Ekonomia Sozial eta Solidarioko produktuak zein zerbitzuak merkaturatzeko bultzatutako plataforma.

    Karta-sortako batekoa da! Komodin horri esker, Merkatu Sozialean sartzeko jokaldi bikaina prestatuko dute. Datuak biltzeko prozesua zehatza denez, 100 adierazle baino gehiago hartu dira kontuan, eta 40 galderako inkesta egingo zaie erakundeetako soldatapeko langileei zein boluntarioei. Edonola ere, zigiluaren lorpenetik haratago, ekimen honek hainbat eta hainbat onura eskaintzen ditu.

    Batez ere, oso lagungarria da ekonomia solidarioko sei printzipio gidarien inguruko atxikimendu-maila neurtzeko orduan. Horrez gain, erabilitako tresna informatikoari esker, bezeroei, hornitzaileei, bazkideei eta beste alderdi interesdun batzuei modu bisualean emango zaie emaitzen berri.

    Barne-mailan, lortutako datuak funtsezkoak dira erakundearen ekintza estrategikoak modu eraginkorragoan aztertzeko eta antolatzeko. Azkenik, baina garrantzitsua ere bada, erakunde guztien datuak bateratzean, sektorearen indarren nahiz ahulezien ikuspegi globala ere lortuko dugunez, nagusi den eredu ekonomikorako alternatiba bideragarri moduan aurkeztu ahal izango dugu. Horrela, karta-sorta ikusi ahal izango dugu oso-osorik, eta osagai dituen kartak zein diren jakingo dugu.

    Iturria: REAS Euskadi

  • prESStatzen itxiera ekitaldia: proiektu ekintzaileak ezagutzen

    prESStatzen itxiera ekitaldia: proiektu ekintzaileak ezagutzen

    Sinestezina da denbora nola doan: hiru hilabete igaro dira jada PrESStatzen programaren hirugarren edizioa hasi zenetik. Ekonomia Sozial eta Solidarioaren esparruan proiektu ekintzaileak babesteko eta sustatzeko diseinatu da programa hori.

    Pasa den maiatzaren 14an, edizio honi amaiera emateko, Demo Day ospatu zuten. Azken ekitaldi horretan, ekimen parte-hartzaileak aurkeztu ziren, eta aldi horretan zehar izan duten bilakaera ikusi ahal izan zen.

    REAS Euskadik eta Bilbao Ekintzak bultzatuta, programak 11 prestakuntza- eta networking-saio eskaini ditu, parte-hartzaileek ESSren testuinguruan ekiteko dituzten trebetasunak indartzeko. Beren negozio-ereduak berrikustetik hasi, gizarte-, ingurumen- eta genero-inpaktuak identifikatuz, eta beren proposamenak eskuragarriago egiteko ekintzak eta tresnak garatzeraino, ekintzaileek hainbat alderdiri buruzko gogoeta egin dute, proiektu jasangarriak eta eraldatzaileak abian jartzeko.

    Gainera, edizio honek ESSko 9 adituren babesa izan du, eta aholkularitza pertsonalizatua eskaini dute ekimenak abiarazteko, guztira 200 ordu baino gehiagoko aholkularitza emanez.

    Parte hartu duten proiektuei dagokienez, aurten hainbat sektoretako 10 ekimen izateko pribilegioa izan dute, hala nola osasun mentala, integrazio soziolaborala eta aholkularitza ekologikoa. Gainera, prestakuntza-zerbitzuen lau proposamen gehitu dira, bat ehungintzaren arloan, beste bat dantzan zentratua, hirugarren bat iraunkortasun ekologikoari lotua eta azkena inklusioan eta parte-hartzean bideratua. Era berean, LGTBIQ+ komunitatea babesten eta ikusarazten duen elkarte batek ere parte hartzen du, profesionalizatzea helburu duena, bai eta tokiko kultura-sustapena garatzeko proposamen batek ere.

    Parte hartzen duten proiektuen % 40 migratzaileek gidatzen dute, eta emakumeek bultzatutako proiektuen ehunekoa are handiagoa da: % 70 emakumeak dira, % 10 bitarrak eta ez-bitarrak, eta % 20 gizonak.

    Iturria: REAS Euskadi

  • Call for papers, “Kooperatibismoaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren historia” gaiari buruzko CIRIECeko Aldizkari Juridikoaren monografiko berrirako

    Call for papers, “Kooperatibismoaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren historia” gaiari buruzko CIRIECeko Aldizkari Juridikoaren monografiko berrirako

    Kooperatibismoaren eta Gizarte Ekonomiaren Historiako lantaldeak, CIRIECeko Erredakzio Kontseiluarekin (Ekonomia Sozial eta Kooperatiboari buruzko Aldizkari Juridikoa) batera, “Kooperatibismoaren eta Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Historia” monografikorako artikuluak aurkezteko gonbita egin du. 2024. urtearen amaieran argitaratuko dira artikulu horiek.

    Monografikoa Sebastián Reyna, Yolanda Blasco eta Manuel Garcíak koordinatuko dute. Helburua kooperatibismoaren eta gizarte-ekonomiaren sorrera eta garapena aztertzea da, haien osaera berezia, gizarte-eragina eta esparru juridikoa azpimarratuz. Monografiko hau gai historikoei buruzko aldizkariaren lehen zenbakia izango da, eremu historikoa indartzeko asmoz.

    Monografikoak Latinoamerikatik datozen eta Latinoamerikari eskainitako lanak ere hartuko ditu bere baitan. Lan horiek ikuspegi historikoa, juridikoa, orokorra, konparatua edo kasu edo herrialde zehatzei buruzkoa izan dezakete.

    Proposamenak LABURPEN gisa bidaltzeko azken eguna 2024ko maiatzaren 30a da. Laburpenek gehienez ere bi orrialde izan beharko dituzte, bibliografia barne, eta posta elektronikoz bidali beharko dira Aldizkariaren Idazkaritzara ammb@uv.es.

    Proposamen horiek onartuz gero, ARTIKULUEN testu osoak 2024ko irailaren 10a baino lehen igorri beharko dira, ebaluatu eta, behar izanez gero, argitaratzeko. Artikuluak gunean dauden argitalpen-arauei jarraituz bidali behar dira http://ciriec-revistajuridica.es/normas-de-publicacion/

    Iturria: Observatorio Español de la Economía social

  • Irakasle Osoko plaza lortu du GEZKIko zuzendari ohi eta kide den Aitor Bengoetxea Alkortak

    Irakasle Osoko plaza lortu du GEZKIko zuzendari ohi eta kide den Aitor Bengoetxea Alkortak

    Joan den martxoaren 25ean Aitor Bengoetxea Alkortak, GEZKIko zuzendari eta kide ohiak, plaza defendatu zuen Lan Zuzenbidearen eta Gizarte Segurantzaren arloko irakasle oso gisa. Profila osatzen duten irakasgaiak: «Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzenbidea I» «Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzenbidea II».

    Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2024ko apirilaren 10eko Ebazpenaren bidez, Aitor Bengoetxea Alkorta lehiatzaileak 2023ko azaroaren 13ko Ebazpenaren bidez (2023ko azaroaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) «Arlo osoko irakasle» lanpostua betetzeko deitutako hautaketa-prozesua gainditu duela argitaratu da.

    Familiak, lankideek eta lagunek parte hartu zuten topaketa hunkigarri batean, bere curriculuma, ibilbidea eta ekarpenak aurkeztu zituen irakasleak.

    Aitor Bengoetxea Zuzenbidean lizentziatua da eta 2003an doktoratu zen. Harrezkero, Lan Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakasle elebiduna izan da EHUn.

    Ibilbide luzea egin du euskara juridikoaren arloan, EHUko Zuzenbide Fakultateko Euskara Batzordeko kide eta Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) zuzendari gisa, 2023tik gaur egun arte. Gainera, ekarpen garrantzitsua egin du lege-testuen itzulpenean.

    Bere ikerketa-jardueran honako hauek nabarmentzen dira: ikerketa-taldeen zuzendaritza, liburutan 47 ekarpen (32 gaztelaniaz; 11 euskaraz; 4 ingelesez); Zientzia-aldizkarietan 31 ekarpen (16 euskaraz; 12 gaztelaniaz; 3 ingelesez); prentsako artikuluak; Ikerketa-transferentziako kontratuak: 12 txosten (10 gaztelaniaz; 2 euskaraz), gehienak ikertzaile nagusi gisa; Ikerketa-proiektu diruz lagunduak (19); sariak; graduko irakaskuntza eta masterra ematea; Doktoretza Tesien Epaimahaiko kidea; Doktoretza Tesien Zuzendaritza; beste unibertsitate batzuetako irakaskuntza, besteak beste.

    Azkenik, GEZKIko (Zuzenbide Kooperatiboaren eta Gizarte Ekonomiaren Institutua, UPV/EHU) zuzendari gisa duen zeregina nabarmendu du, bereziki, 2014tik 2022ra, baita beste kargu batzuk ere. Ibilbide akademiko, instituzional, sozial eta pertsonal bikaina.

    Zorionak irakasleari eta lankideari!

    Iturria: OVES-GEEB

  • Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

    Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

    Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu dituzte, besteak beste: “Kontzientzia sortu nahi dugu lehenengo eta ondoren esperimentatuz teoriatik praktikara eraman”, azaldu zuen Arianne Kareaga Lanki ikertegiko kideak TuLankide aldizkarian.

    KoopFabrika programatik irtendako ekimena da Hegoaldetik, pertsona migratuen artean ekintzailetza kooperatiboa sustatzeko. Enarak kooperatiba du bultzatzaile, emakume migratuei ahalduntzeko formazioa eta aholkularitza eskaintzen diena, eta OlatuKoop sarea eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko Lanki ikertegia ditu bidelagun.

    2023ko ekainean aurkeztu zuten ekimena Hernaniko Iturola Sorgunean, eta haren inguruko zertzelada batzuk eman zituzten orduko hartan. Ekonomia sozial eraldatzailea pertsona migratuei hurbiltzea da helburu nagusia: “Sare bat sortu nahi dugu, pertsona migratuok ditugun beharrei eta zailtasunei aurre egiteko eta ekonomia eraldatzailearen bidez gure bizitzak duinduko dituzten alternatibak bilatzeko”, azaldu zuten Hernaniko Kronikak jaso zuen moduan.

    Azken batean, migratzaileen bizitza-proiektuak hobetzeko tresna kooperatiboa da Hegoaldetik, eta horretarako “arnasa luzeko elkarlana” dute oinarri. Aipatu eragileez gain, Hernaniko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, La Comala lan eta zerbitzu kooperatiba eta Bartzelonako Migress kooperatibarekin ari dira eskuz esku, “kooperatibismo eraldatzaile, feminista eta antiarrazista” indartu asmoz.

    Arianne Kareaga Huhezi fakultateko Lanki ikertegiko irakasle eta ikertzaileak duela gutxi TuLankide aldizkarian elkarrizketa egin diote Hegoaldetik ekimenaren inguruan: “Helburu orokorra da proiektu kolektiboak sustatzea, bide-laguntza eta prestakuntza eskaintzea kolektibo horiei, pertsona migratuei, euren proiektu kooperatiboak martxan jar ditzaten”, esan zuen.

    Aurten “marko orokorra” ari dira sustatzen eta aurrera begira formazio saioak jarri nahi dituzte martxan Beterri-Buruntzan, Goierrin eta Debagoienan, eskualde horietako erakundeekin elkarlanean: “Oso zaila da migranteengana iristea gure pribilegio posizioetatik eta horregatik da garrantzitsua eragileekin jardutea edo eta saretuta dauden lekuetan eragitea”, azaldu zuen Kareagak.

    Hegoaldetik ekimenean onuradun asko daude eta “kontzientzia eta testuingurua” sortzea denon ardura dela zioen Lankiko kideak; zentzu horretan azaldu zuen Mondragon Taldean bertan ere “agendan” dutela gaia. Bere ustez beharrak eragindako autoantolakuntzan oso trebaturik dauden pertsonak dira migratzaileak, eta segituan barneratzen dituzte kooperatibismoaren balioak: “Ekonomia popularretik, superbibentziako ekonomiatik, antolatu nahi duen edonork eskura izan beharko luke gure programa, bai hemen geratu nahi duenak zein bere herrialdera itzuli nahi duenak”.

    Iturria: Argia

  • ASLEk 17×17 proiektua aurkeztu du, eragina duten lan sozietateen ingurukoa

    ASLEk 17×17 proiektua aurkeztu du, eragina duten lan sozietateen ingurukoa

    Eragina duten Enpresak: 17 lan sozietatek garapen jasangarrirako helburuei egindako ekarpenaren 17 adibide

    17×17 proiektua Nazio Batuen Agenda 2030ek ezarritako Garapen Iraunkorreko Helburuekiko (GJH) enpresa-konpromisoa sustatzeko beharra geroz eta handiagoa delako sortu da. EES enpresa-estrategiaren funtsezko zati bihurtu da; izan ere, enpresek, onura ekonomikoak lortzeaz gain, eragin positiboa izan behar dute gizartean eta ingurumenean.

    Lan-sozietateek partaidetza-, ekitate- eta iraunkortasun-balioekiko konpromisoa dute ezaugarri, eta enpresa-eredu eredugarria dira gizarte-erantzukizunari dagokionez. Hala, Agenda 2030en eta GJHen garrantziaz jabetuta, ASLEn helburu bakoitza lortzeko Lan Sozietateek duten konpromisoa eta ekarpena nabarmentzeko proiektua abiaraztea erabaki dute.

    ASLEn, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzaren laguntzarekin, pakete bat argitaratu dute 17 fitxarekin. Bertan, 17 lan-sozietatek 2030eko Agendako 17 GJH bakoitzerako garatutako jardunbide egokiak azaltzen dira, eta proiektua hauek zabaltzeko eta partekatzeko aukera gisa aurkezten da, horrela, beste erakunde batzuk inspiratu daitezen eta eredu hau bultza dezaten.

    Deskargatu dokumentua hemen

    Iturria: ASLE

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko apirileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko apirileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Valentziak 2024ko Ekonomia Sozialaren Espainiako Hiriburutza aurkezteko ekitaldia egin du

    Valentziak 2024ko Ekonomia Sozialaren Espainiako Hiriburutza aurkezteko ekitaldia egin du

    Valentziako Udalak joan den apirilaren 5ean hartu zuen Valentzia 2024 Gizarte Ekonomiaren Espainiako hiriburua aurkezteko ekitaldia, Donostiaren lekukoa hartu duena. “Ekonomia balioekin” lemapean, hirian hainbat topaketa, jardunaldi, bilera, batzar eta biltzar egingo dira, sektoreko erakundeek Valentziako Erkidegoan egiten duten lanari balioa emateko, bai eta unibertsitateek autonomia, estatu eta nazioarte mailan gizarte-ekonomiako ezagutzaren irakaskuntzan, ikerketan eta transferentzian duten zereginari balioa emateko ere.

    Ekitaldian izan ziren Yolanda Díaz, Gobernuko lehendakariordea eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroa; José Antonio Rovira, Valentziako Generalitateko Hezkuntza, Unibertsitate eta Enpleguko kontseilaria; Mª José Catalá, Valènciako alkatea; Juan Antonio Pedreño, CEPESeko lehendakaria, eta Emilio Sampedro, Convocal konfederazioko lehendakaria.

    Ekitaldi berean, Emilio Sampedro Concovaleko lehendakariak Hiriburutzari balioa emango dioten jardueren programa ezagutzera eman zuen, eta webgune ofiziala aurkeztu zuen, agenda eguneratuta edukiko duena eta gertatzen den guztiaren berri emango duena.

    Jarduera horien artean, CIRIEC-Españak Ekonomia Soziala Sustatzeari buruzko Ezohiko Biltzarra egingo du irailaren 26 eta 27an: tresna fiskalak eta politika publikoak. Horren bidez, sektorearen hazkundea eta eraldaketa eta ongizate soziala bultzatzeko estrategiarik onenak azpimarratu nahi dira.

    Bestalde, Juan Antonio Pedreñok, CEPESeko lehendakariak, eredu ekonomiko horren garrantzia azpimarratu zuen, eta adierazi zuen gizarte-ekonomiak “irtenbide errealak ematen dizkiela zenbait sektoretan gizarteak dituen erronka nagusiei, hala nola etxebizitza, energia, arrantza, elikadura jasangarria, hezkuntza, digitalizazioa…, eta erabat konprometituta dagoela tokiko garapena sustatzearekin eta erronka demografikoari erantzutearekin”.

    Iturria: CIRIEC

  • CIRIECSTATek Ekonomia Sozialaren serie historikoetarako sarbidea ematen du

    CIRIECSTATek Ekonomia Sozialaren serie historikoetarako sarbidea ematen du

    Datuak hautatu eta deskargatzeko plataforma berri baten bidez, CIRIECSTATek Ekonomia Sozialaren serie historikoetarako sarbidea errazten du. Gizarte Ekonomiaren Atari Estatistikoak aurrerapauso nabarmena egin du bai kalitatean bai kantitatean, eta gizarte-ekonomiaren serie historikoetan oinarritutako datu estatistikoen bisore berri bat sartu du.

    Tresna interaktibo hori ezartzeak aukera ematen die ikertzaileei eta, oro har, kooperatibei eta lan-sozietateei buruzko kontsulta pertsonalizatuak egiteko, eta nahi den formatuan deskarga daitezkeen berariazko datu-multzoak sortzen ditu.

    Kooperatibei dagokienez, 12 serie sartu dira Autonomia Erkidegoka eta beste 12 probintziaka, 7 dimentsiotan banatuta (kotizazio-erregimena, enplegua eta kotizazio-zentroak, jarduera-banaketa EJSNren arabera, jarduera-sektorea, kooperatiba-mota, sexua eta hasierako bazkide motak). Serie horietako gehienek 1999 eta 2019 arteko aldia hartzen dute, hau da, 41,740 datu autonomia-erkidego bakoitzeko eta 100,204 datu probintziaka.

    Lan-sozietateei dagokienez, 10 serie kargatu dira, autonomia-erkidegoen eta probintzien arabera eta arestian aipatutako dimentsio eta denbora-epe berberen arabera banakatuta; hau da, 18,300 datu autonomia-erkidegoen arabera eta 46,020 datu probintzien arabera. Guztira, CIRIECSTATen serieen atal berriaren bidez, erabiltzaileek 200,000 datu baino gehiagorekin jardun ahal izango dute.

    Ángel Soler CIRIECSTATeko zuzendariaren arabera, erabiltzaileek aldagai espezifikoak hautatu ahal izatea da helburua, baita intereseko autonomia erkidegoak edo probintziak ere, nahi den informazioa ateratzeko denboraldiarekin eta formatuarekin batera.

    Gainera, José Luis Monzón irakasleak nabarmendu du tresna berri honekin CIRIECSTAT biltegi huts izatetik datu-base erlazional izatera aldatzen dela. Datozen urteetan, CIRIECSTATen informazio pertsonalizatua eskuratzeko aukera asko zabaltzea eta garatzea espero da, gizarte-ekonomiari buruzko informazioan erreferentzia izateari utzi gabe. Monzonek azpimarratzen du informazio-sistemak kontabilitate nazionaleko irizpide metodologikoei jarraitzen diela datuen homogeneotasuna eta konparagarritasuna ziurtatzeko.

    Atariak hezkuntza-funtzioa ere betetzen du, definizioak eta kontzeptuen glosarioa ematen baititu CIRIECSTATen. Horri esker, errazago ulertzen dira argitaratutako zifrak eta horien garrantzia, bereziki, ikasleentzat eta ekonomian adituak ez diren pertsonentzat.

    Informazio gehiago hemen:

    CIRIECSTATen serieetarako sarbidea:

    Hasierako orria:

    Iturria:  Ciriec-España