Bloga

  • Gizarte-ekonomiako enpresen presentzia atzerrian

    Gizarte-ekonomiako enpresen presentzia atzerrian

    Otsailean bi euskal enpresek gizarte-ekonomiako nazioarteko bi erakusketatan parte hartu dute.

     

    Alde batetik, Soraluce eta Danobat kooperatibek osatutako eta Mondragon taldeko kide den Danobat Groupek gasaren eta petrolioaren sektorearekin lotura duten azken makina-erreminta modeloak aurkeztu zituen HOUSTEX ferian, otsailaren 26tik 28ra bitartean Texasen (USA).

     

    Bestetik, IK4-Ikerlan EMBEDDED WORLD 2015 erakusketan egon zen, otsailaren 24tik 26ra, Nürembergen (Alemania). Han garraioaren, ekipo-ondasun industrialaren, energia eolikoaren eta goratze-sistemen sektoreekin lotutako hainbat produkturen garapena erakusteko aukera izan zuen. IK4-Ikerlan ahalegin handia egiten ari da txertatutako sistemen inguruan I+G bultzatzeko. Gailu elektroniko horiek jarrita dituzten objektuen bat edo zenbait funtzio era egonkor eta fidagarrian kontrola daitezke; besteak beste, ibilgailuetan, industria-makinetan edota aerosorgailuetan. Sistema horiek industrian lehiakortasuna bultzatzen dute, baita ezarrita dituzten objektuen ezaugarriak, seguritatea eta eraginkortasuna areagotu ere. Horrek, gainera, balioa eransten die merkatuan. IK4-Ikerlan nazioarteko erreferentzia bat da dispositibo mota horien garapenean, beste enpresa askorekin lankidetzan aritzeak eman dion eskarmentuari esker.

     

    Iturria: TU Lankide

     

  • Argitaratua dago jada GEEBk 2014. urtean landutako ‘Euskal Gizarte Ekonomiaren Egoerari buruzko Txostena’

    Argitaratua dago jada GEEBk 2014. urtean landutako ‘Euskal Gizarte Ekonomiaren Egoerari buruzko Txostena’

    Urtero bezala, Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak, 'Euskal Gizarte Ekonomiaren Egoerari buruzko Txostena' landu du 2014an.

    Dokumentuan, 2010 eta 2013 urteen artean gizarte-ekonomiako elkarteek bizi izan duten garapen ekonomiko eta soziolaborala aztertzen da; zehazki, sektoreko erakunde eta lanpostu kopurua nahiz datu ekonomikoak. Azpimarratzekoa da erabilitako informazio iturriak anitzak izan direla, eta honako hauek dira aipagarrienak: Eusko Jaurlaritzak bi urtez behin kooperatibei eta lan-elkarteei buruz egiten dituen txostenak, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren estatistikak, Foru Ogasunak emandako informazioa, eta euskal gizarte-ekonomia osatzen duten erakundeetatik nahiz beste organo publiko eta pribatuetatik lortutako datuak.

    Ikerlanean eskuratutako datuak adierazgarriak dira. Balorazio orokorra egin ondoren, nabarmendu daiteke 2013. urtean leundu egin zela euskal gizarte-ekonomiak aurreko urtean bereziki jasan zuen uzkurdura prozesua. Enplegu mailan eta erakunde kopuruan ikusten diren hobekuntza-sintomek 2012. urteko panorama zaila gainditzeko aukera eman zuten. Annus horribilis gisa izenda daiteke urte hura, ez soilik euskal gizarte-ekonomiarentzat, baizik eta baita EAEko beste sektoreentzat ere. Susperraldiari arin hari esker, 2013an gizarte-ekonomiaren sektoreak ekonomia orokorrak baino hobeto egin ahal izan zion aurre krisiari EAEn.

    Gizarte-ekonomiako entitate mota desberdinen garapena kontuan izanik, azpimarragarria da lanpostuak sortzeko aparteko gaitasuna dutela gizarteratze eta laneratze enpresek eta enplegu zentro bereziek. Bi erakunde mota horiek 2012an enplegua galdu zuten, eta 2013. urtean buelta eman zioten egoerari. Modu horretan, egiazta daiteke laneratzeko arazoak dituzten pertsonentzat funtsezko baliabideak direla enpresa eta zentro horiek.

    Kooperatibek 2012 eta 2013 urteetan enplegua galdu zuten arren, gainerako enpresek baino hobeto mantendu ahal izan zuten lanpostu tasa; eta 2010 eta 2013 urteen artean, gainera, apur bat gora egin zuten. Enpleguaren murrizketa gehiago nabarmendu da lan-sozietateetan, baina, 2010. urteaz geroztik, goranzko joera agerikoa izan da, nahiz eta 2013an pixka bat gelditu.

    Euskal gizarte-ekonomiako finantza-entitateei dagokienez, nabarmentzekoak dira kreditu kooperatibak. 2012. urte zailaren ondoren, bi euskal entitateen fusioa gertatu zen urtea hain zuzen, 2013an irabazien bidea berreskuratu eta enplegu maila egonkortu zuten. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen kasuan, berriz, 2013an 21.000 milioiko ondarea lortu zuten, 2010 eta 2013 urteen artean garapen positiboa izan ondoren. Bere aldetik, Oinarri elkarren bermerako sozietatea areagotzen ari da 2013an eginiko abalen kopurua. Horrela, euskal gizarte-ekonomiaren eta enpresa txiki eta ertainen finantzaketarako funtsezko baliabide bihurtzen ari da.

    Euskal Gizarte Ekonomiaren Egoerari buruzko Txostena irakurgai dago lotura honetan:

    http://www.oves-geeb.com/uploads/files/es/cientifico-academica/Informe_Economia_Social_vasca_noviembre_2014.pdf

    Iturria: GEEB

     

  • Etikalia, higiezinen agentzia etikoa, REAS Euskadi-ren kide egin da

    Etikalia, higiezinen agentzia etikoa, REAS Euskadi-ren kide egin da

    Etikalia, Estatuko lehen higiezinen agentzia etikoa, REAS Euskadi ekonomia solidarioaren sareko kide egin da. Roberto Cacho Etikaliako zuzendariaren hitzetan, ekonomia solidarioaren sektorean urteak daramatzaten erakundeekin hitzarmenak lortzeko helburua du enpresak, eta baita entitate horien jardunbide egokiak gertutik ezagutu eta higiezinen sektorean aplikatzeko asmoa ere.

    REAS ekonomia solidario eta alternatiboko sareen saretik pertsonen eta ingurunearen zerbitzura dagoen ekonomia sustatzen dute. Zentzu horretan, REASek proposamen kolektiboak indartu nahi ditu –giza garapen jasangarriaren ikuspegitik– gizartearen eta bereziki ekonomiaren eraldaketa lortzeko arlo guztietan: finantziazioa, ekoizpena, merkaturatzea eta kontsumoa. Halaber, kontsumo arduratsua, bidezkoa eta ekologikoa babesten du, eta finantziazio baliabide etiko eta solidarioen garapena bultzatu. Gainera, tokiko, Estatuko eta mundu mailako ekonomia solidarioko beste sare batzuekin koordinatzen da.

    Higiezinen agentzia ezberdina

    Etikaliak pasa den ekainean hasi zuen bere ibilbidea, etxebizitzen alokairurako bitartekari gisa berezituz. Alokatzeko momentuan sor daitezkeen arazo, behar eta beldurrei erantzuna ematen diete, bai jabeei eta bai errentariei, alderdi biei mesede egiteko. Modu horretan, errentatzaileek kontratuaren kuota kobra dezaten eta bandalismoak sor ditzakeen kalteak estalita izan ditzaten bermatzen dute. Horrez gain, Etikalia bidelagun dute etxebizitzen jabeek, alokairu-kontratuak irauten duen epean lasai egon daitezen ziurtatzeko. Errentariek, alokairura iristeko dituzten eragozpenak gutxituta ikusiko dituzte; besteak beste, banku-abalak eta higiezinaren kudeaketa ordaindu behar izatea aurreztuko dute.

    Enpresaren funtzionamendua Guztion Onerako Ekonomian oinarritzen da eta, hortaz, bere jarduera ekonomikoa interes orokorrera eta onura publikora zuzenduta dago. Gerentearen esanetan, etxebizitzak alokatzen dituzten edota alokairuaren arriskuak saihesteagatik etxeak hutsik mantentzen dituzten pertsona gehienek higiezin hori urte askotako aurrezkiekin edota herentziaren batekin lortu dute. Hori dela eta, askotan, beren balio pertsonalak, elkartasuna edota eskuzabaltasuna kasu, etxebizitzen inguruko espekulazioaren kontrakoak dira. Orain, Etikaliak, gizarte-sentsibilitatea duten pertsona horiei, euren higiezina modu etikoan alokatzeko aukera ematen diete, beren balio pertsonalekin bat eginez.

    Ondorengo hilabeteetan Etikaliak I+G eta hobekuntza proiektu batzuk martxan jarriko ditu. Horien helburua da etxebizitzen eskaintza handitzea; higiezina alokatu edo saldu nahi dutenei zerbitzu berritzaileak ematea; eta aholkularitza eta kudeaketa zerbitzuak eskaintzea enpresei eta korporazio handiei.

    Iturria: REAS

     

  • Gipuzkoako Foru Aldundia GoiEner kooperatibarekin elkarlanean arituko da

    Gipuzkoako Foru Aldundia GoiEner kooperatibarekin elkarlanean arituko da

    GoiEner irabazi-asmorik gabeko kontsumo-kooperatibak energia elektriko berriztagarria komertzializatzen du 2012. urtetik, eta 2.700 bazkidetik gora ditu. Gipuzkoako kooperatiba hori arduratzen da etxe eta enpresak energia berriztagarriarekin hornitzeaz, Ipar Europako hainbat herrialdetan jada ezarrita dagoen sistema eredu gisa hartuz.

     

    Goienerren motako beste kooperatibarik ez dago Euskadin, eta Espainiako beste leku batzuetan, Sorian edo Guadalajaran, antzeko ekimenak sustatzen ditu. Epe luzera “eredu aldaketa” lortu nahi dute, baina, horretarako, biztanleriaren laurdenak egon beharko luke inplikatuta.

     

    Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko departamenduaren bidez, eta GoiEner kooperatibak laguntza eskainiko diote elkarri arlo teknikoan eta kudeaketan, erakunde foralak aldarrikatzen duen energia iraunkorraren ereduari eusteko. Horrela, zerbitzuen eta programen hedapenean elkarlanean arituko dira, eta biek konpromiso ekonomikoa dakarten hitzarmenak sinatuko dituzte, programa bateratuak zehazteaz gain.

     

    Akordioa otsailaren 9an aurkeztu zuten Diputazioko Jauregian eskainitako prentsaurrekoan. Bertan parte hartu zuten GoiEnerreko presidenteak, Juan Esteban Maizak, eta Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko diputatuak, Iñaki Errazkinek. Azken horrek ildo bereko hitzarmenak egitea eskatu die beste euskal erakundeei; izan ere, “eredutzat” har daiteke energia iraunkorrerantz pausuak emateko.

     

    Iturria: El Diario Vasco

     

  • Lantegi Batuak erakundeak desgaitasuna duten pertsonen aldeko ekintzekin eman dio hasiera 2015 urteari

    Lantegi Batuak erakundeak desgaitasuna duten pertsonen aldeko ekintzekin eman dio hasiera 2015 urteari

    Lantegi Batuak erakundeak desgaitasuna duten pertsonen aldeko ekintzak sustatuz eman dio hasiera 2015 urteari. Ekimen horien artean hiru nabarmentzen ditugu: blog berriaren aurkezpena, Ausolan kooperatibarekin sinatutako akordioa, eta, zahartze aktiboaren filosofiaren barne, desgaitasuna duten pertsona helduen bizi-kalitateari buruzko ikerketa.

    Alde batetik, Lantegi Batuak entitateak urtarrilean estreinatu zuen blog berria, www.cienporciencapaces.com. Kanal berri hori online komunikazio proiektuaren lehen pausoa da. Bloga atal desberdinetan dago egituratuta: Gaurkotasuna, Zerbitzu eta Irtenbideak, Gizarteratzea, Gaitasunak eta Ekitaldiak. Modu horretan, Lantegi Batuak-ek eduki hobeak eta hobeto egituratuak eskaintzen ditu, bisitari bakoitzak gehien interesatzen zaiona aurki dezan: desgaitasuna duten pertsonekin egiten diren ekintzak, negozio ekimenak, enpresentzako zerbitzuak, kolaborazioak eta abar. Blogetik Lantegi Batuak-eko webgunera, Youtubeko kanalera eta sare sozialetan dituzten profiletara sar daiteke.

    Bestetik, Lantegi Batuak-ek eta Ausolan-ek, talde handientzako sukaldaritza-zerbitzua eskaintzen duen kooperatibak, desgaitasuna duten pertsonen laneratzea bultzatzeko akordioa sinatu dute. Hitzarmen horri esker, Ausolanek Lantegi Batuak-eri 4.000 euroko diru-laguntza emango dio, eta azken horrek prestakuntza eta trebakuntza programetara zuzenduko du dirua.

    Azkenik, Lantegi Batuak-ek desgaitasuna duten 40 urtetik gorako pertsonen zahartze sintomak berandutu nahi ditu, zahartze aktiboaren filosofiaren barne, beren bizi-kalitatea hobetzeko. Zentzu horretan, 2006. urtean, BBK Gizarte Ekintzaren laguntzarekin, pertsona helduaren gaitasun fisikoak eta lan-gaitasunak aztertzen dituen sistema garatu zuten, baita zahartze sintomak antzematen dituen protokoloa ere. Izan ere, zahartze prozesua aurreratu egiten da adimen urritasuna dutenen artean.

    2014. urtearen bukaeran, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, aipatutako adin tartean dauden pertsonak ikertzen hasi ziren, eta zahartze prozesua hasita dagoela erakusten duten sintomak nortzuk zituzten egiaztatu zuten. Horri aurre egiteko, lau metodologia probatu zituzten: Feldenkrais, Snoezelen, Biodantza eta Funtzio Anitzeko Teknologia.

    Iturria: Lantegi Batuak eta GEEB

     

  • ANEL elkarteak pertsonen arretan duen esperientzia EBeko lau herrialdetara zabalduko du

    ANEL elkarteak pertsonen arretan duen esperientzia EBeko lau herrialdetara zabalduko du

    ANELek, Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkarteak, emakume langabetuen ekintzailetza eta trebakuntza profesionala sustatzen duen esperientzia zabaldu nahi dute Italiara, Frantziara, Errumaniara eta Lituaniara, CAREMPLOY programaren bidez.

    Egitasmo horrek, gizarte eta osasun arloetan prestakuntza emateaz gain, “norbere kontura hasteko aukera ematen die emakumeei, etxez etxeko arreta eskaintzen duen Nafarroako lehen kooperatibaren bidez”. MCuida du izena eta ANELen baitan dagoen Ekintzaileen Kooperatibaren barne dago. Etxez etxeko zerbitzua eskaintzeak erronka handia dakar, "gero eta prestakuntza, gizatasun eta kalitate handiagoa eskatzen baitute sektore honetan”.

    Zentzu horretan, MCuidako bazkide den Beatriz Carrerok nabarmendu du 12 emakume “konprometitu eta tituludun” ari direla, dagoeneko, menpekotasun egoeran dauden pertsonei etxean bertan zerbitzuak eskaintzen, ANELen laguntzarekin. Guztiak PREPÁRATE izeneko laneratze eta prestakuntza programaren bidez jarri ziren abian. Gaur egun, “autoenplegu kolektiboa sustatuz” haratago iritsi nahi duen proiektu kooperatibo batekin ari dira zerbitzuak ematen.

    Esperientzia hori ezagutzera hurbildu dira, hain zuzen, Europako lau herrialdeetako ordezkariak. Ekimenari esker, ANELen gizarte-ekonomiako ekintzailetza-programak nazioartera hedatzeko "pauso garrantzitsua" eman ahal izan dute, Ignacio Ugalde presidenteak aipatu duenez. Gainera, lau herrialde horiek ANELekin harremanetan jarri izanak “Europan eredu kooperatiboak interes handia" pizten duela erakusten du, Ugaldek nabarmendu duenez. Izan ere, lanpostuak sortzeko aukera moduan ikusten dute, baita lan-merkatuak adin, prestakuntza edo genero arrazoiengatik baztertzen dituen pertsonak lanerako gai direla ikusarazteko erreminta bezala ere.

    Iturria: ANEL

     

  • José Luis Monzón irakasleak, Valentziako Unibertsitateko Ekonomia aplikatuko katedradunak, CIRIEC-Espainiako presidentzia utziko duela iragarri du

    José Luis Monzón irakasleak, Valentziako Unibertsitateko Ekonomia aplikatuko katedradunak, CIRIEC-Espainiako presidentzia utziko duela iragarri du

    Joan den otsailaren 6an, Madrilgo CIRIEC-Espainiako zuzendaritza-kontseiluak egin zuen bileran, Monzón irakasleak elkartearen presidentzia exekutiboa uzteko asmoa iragarri zuen, 28 urtez honen buru izan eta gero.

    Erabaki horrek ez du eraginik izan CIRIEC-Espainia eta nazioarteko CIRIEC elkarteetan dituen beste arduretan; bereziki, zuzenduko duen batzorde zientifikoan.

    Monzón irakaslea Valentziako Unibertsitateako Ekonomia Aplikatuko katedraduna da, gizarte-ekonomian mundu mailan aditua da eta Espainiako CIRIEC sekzioko buru izan da 28 urtez.

    CIRIEC erakundea mundu osoko hamabost bat herrialdetan dago eta, bertan, kooperatibismoa, ekonomia publikoa eta gizarte-ekonomia gaien inguruko informazioan eta ikerkuntzan lan egiten dute. Duela ehun urte baino gehiago sortu zen.

    Iturria: OVES

     

  • Eroskik eta Nestlék bizitza osasuntsurako ohiturak sustatuko dituen kanpaina jarri dute martxan

    Eroskik eta Nestlék bizitza osasuntsurako ohiturak sustatuko dituen kanpaina jarri dute martxan

    Eroski kooperatibak menu orekatuen planifikazioa errazten duen tresna interaktibo bati buruzko hitzaldiak eskaintzen ditu bere denda-sarean.

    Saio horietara bertaratzen diren bazkideek Planner Menua ezagutzeko aukera izango dute. Asteko menua modu errazean planifikatzeko, Nestlék familiei laguntzeko sortu duen online tresna interaktiboa da hori. Aplikazioa www.nestlemenuplanner.es web orrian dago erabilgarri, eta nutrizio aldetik oreka bermatzen laguntzen du eguneroko eta asteroko elikagaien harremanetan eta mantenugai moten araberako kalorien banaketan.

    Iturria: Diario Vasco

  • RPK kooperatiba-taldeak BMWrekin akordioa sinatu eta Alemanian eskumendeko enpresa sortu du

    RPK kooperatiba-taldeak BMWrekin akordioa sinatu eta Alemanian eskumendeko enpresa sortu du

    Urte eta erdiz bisitak, elkarrizketak, deiak eta kontu-ikuskaritzak egin eta gero, Gasteizko RPK kooperatiba taldeak ekoizpen ildo berria estreinatu du BMW 3,4 eta 5 serieetako motorren balbularako kontrol sistemako piezetako bat osorik fabrikatu ahal izateko. Izan ere, kooperatibak gaitasun handia du industriaren, medikuntzaren, elektrizitatearen eta bere indarrez dabiltzan makinen sektoreetarako irtenbideak asmatzeko.

     

    Horrela, Gamarrako Atarian (Vitoria-Gasteiz) jatorria duen kooperatiba-taldeak, Tarragonan, Errioxan, Mexikon eta Indian eskumeneko enpresak dituenak, Alemanian ere izango du presentzia Deutschland GmbH RPK filialari esker. BMW konpainiarekin sinatutako hitzarmenetik jaiotako kooperatiba hori Alemaniako fabrikatzailearen enkargu berriak eskuratzeko asmoz eratu dute.

     

    Iturria: RPK

  • Enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzeko programa berri bat jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak

    Enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzeko programa berri bat jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak

    Eusko Jaurlaritzak, Innobideak 2015 estrategiaren barne, programa berri bat sortu du enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzeko. Egitasmo horrek euskal enpresen berrikuntza sustatuko du teknologia alorretik at. Modu horretan, Innobideak-Pertsonak programa lagungarria izango da enpresen jardueran langileen partaidetza suspertzeko zenbait eremutan: kudeaketa arloko erabakietan, irabazien banaketan edota enpresaren kapital ekonomikoaren parte izateko aukeran.

    Egitasmoak milioi bat euroko aurrekontua du, eta gutxienez 20 lanpostu dituzten enpresei dago zuzendua. Otsailaren 2an argitaratu zuten Innobideak estrategiaren barruan aurki daitekeen programa da. Zehazki, bi laguntza mota eskaintzen diete industria, zerbitzu tekniko eta komunikazioaren eta informazioaren gizarte arloetako enpresei: bata diagnostikoa eta diseinua egin eta prozesuan zehar laguntza eskaintzera bideratua dago, eta proiektuaren kostuaren %50 finantzatzen du, 60.000 eurotan muga jarriz; bestea, berriz, prozesuan laguntza ematean datza eta, horrek ere, kostuaren %50 ordaintzen du, gehienez 30.000 eurora arte. Bi kasuetan, konpainiako bertako langileak eta kanpoko enpresa adituak kontratatzeko gastuei aurre egiteko diru-laguntza ematen dute.

    Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun saileko egitasmo berri hau 2013-2016 industrializazio planaren barruan dago; eta Innobideak Lehiabide edota Kudeabide bezalako berrikuntzarako planekin bat egiten du. Azken horiek 2,4 eta 1,2 milioi euro izango dituzte, hurrenez hurren, eta iaz 275 proiektu babestu zituzten.

     

    Iturria: OVES-GEEB