Egilea: oves-geeb

  • Mondragon taldeko Bexen kooperatibak 10 milioi maska egiteko enkargua jaso du Espainiako Gobernutik

    Mondragon taldeko Bexen kooperatibak 10 milioi maska egiteko enkargua jaso du Espainiako Gobernutik

    Egoitza Zamudion duen Sibol enpresa da orain artean filtrodun maskak egiten zituen Europako enpresa bakana eta jabetza italiarra du. Koronabirusaren osasun krisiak akuilatuta Euskal Herriko hainbat enpresak maskak egiteari ekin dio, euren artean Gizarte Ekonomiako hainbat eta hainbat.

    Orain artean filtrodun maskak egiten zituen bakarra, Sibol

    Sibol enpresa da filtrodun maskak egiten zituen enpresa bakarra, orain arte behintzat. Bakarra Euskal Herrian, bakarra Espainiako Estatuan eta bakana Europan. Koronabirusaren krisiaz geroztik egunean 16.000 maska ekoiztera jarri da eta horretarako 14 kontratazio berri egin ditu. Osakidetzarekin lotu du produkzioaren zati bat.

    Zamudion dauka egoitza, baina jabea italiarra du: 2019ko ekainean Spasciani Spa etxe italiarrak erosi zion jabetza osoa Delta Plus Group talde frantziarrari (berau 2006tik zen Siboleko nagusi).

    Bexen medical enpresak 10 milioi maska egiteko enkargua du

    Martxoaren 29an eman du albistea Euskadi Irratiak eta bertan elkarrizketatu dute Mondragon Taldeko kooperatiba den Bexeneko kide bat. Egoitza Hernanin duen enpresak osasun materiala ekoizten du azken 40 urteotan eta apirilean jarriko da maskak egitera Mondragon taldeko Assembly enpresarekin elkarlanean. Espainiako Osasun sailak 10 milioi maska ekoizteko enkargua egina dio. Kontratazio berriak egin beharko dituzte horretarako.

    Enplegu Zentro Bereziak ere: Usoa Tailerra

    Barakaldoko Udalak eskatuta ekin dio Usoa Tailerrak 10.000 maska egiteari, martxoaren 25ean 20 minutos-ek argitaratu duenez. Egunean 600 maska egiten dituzte eta guztiak Osakidetzaren esku jarriko dituzte. Usoa Tailerrean ezgaitasuna duten pertsonek lan egiten dute eta EHLABE-ren parte dira (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea – Asociación Vasca de Entidades de Trabajo Protegido del País Vasco).

    Iturria: Argia

  • 2020ko irailaren 17an eta 18an Mataron egin behar den CIRIEC-eko Ekonomia Sozialeko Ikertzaileen Nazioarteko XVIII. Biltzarrerako ‘abstractsen’ epea luzatu da

    2020ko irailaren 17an eta 18an Mataron egin behar den CIRIEC-eko Ekonomia Sozialeko Ikertzaileen Nazioarteko XVIII. Biltzarrerako ‘abstractsen’ epea luzatu da

    CIRIEC-Españak, COVID-19 delakoaren osasun-alertak eragindako egoera berria kontuan hartuta, Ekonomia Sozialeko Ikertzaileen Nazioarteko XVIII. Kongresurako laburpenak bidaltzeko epea luzatzea erabaki du. Biltzarra irailaren 17an eta 18an izango da, Tecnocampus Mataró-Maresmen, Universitat Pompeu Fabra-ri atxikita (UPF). XVIII. Kongresuaren gai nagusia “Ekonomia soziala: garapen jasangarria sustatzeko eta desberdintasunak murrizteko tresna” da, eta ‘abstractak’ bidaltzeko epe berria apirilaren 30a da.

    Osasun krisiagatik irailean oraindik beharrezkoa balitz, aurkeztutako lanak on line defendatzeko formulak antolatzeko aukera ere aztertzen ari da Kongresua.

    Iturria: CIRIEC

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko martxoko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko martxoko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Argindar faktura murrizteko hainbat neurri aurkeztu ditu Goienerrek

    Argindar faktura murrizteko hainbat neurri aurkeztu ditu Goienerrek

    Covid19ren ondorioz kontsumitzaileek izan ditzaketen larritasun ekonomikoen aurrean, Goiener Taldeak hainbat neurri biltzen dituen dokumentua aurkeztu du Trantsizio Ekologikorako Ministerioan eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean (CNMC). Argindarraren faktura murriztea eta zatika ordaindu ahal izatea planteatzen dute neurri hauek.

    Goiener Taldeak, 70 merkaturatzaile independenterekin batera, langabeziak edo/eta jarduera uzteak edo murrizteak eragindako ondorioak arintzeko ohiz kanpoko neurriak hartu behar dituzten kontsumitzaile guztientzat segurtasun juridikoa bermatzeko neurriak biltzen dituen dokumentua aurkeztu du. Dokumentu hori joan den martxoaren 24an aurkeztu zuen Trantsizio Ekologikorako Ministerioan eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean (CNMC). Orain arte ez du erantzunik jaso baina Goienerrek bazkideei bidalitako gutunean adierazi duenez, “espero dugu aurki berri onak ematea, egoera berezi honi elkarrekin aurre egiteko eta ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen”.

    Faktura murrizteko neurriak

    Neurri hauen helburua da faktura elektrikoaren gastua murriztea, bezeroek ordaindu beharreko elektrizitate-horniduraren kostu finkoak murriztuz, eragindako pertsona fisiko eta juridikoen karga ekonomikoa arintzeko, eta kontratatutako potentzia egokitzeko erraztasunak emanez “modu arinean eta doan”.

    Bestalde, sistema bat ezarri nahi da, beharrezkoa denean, merkaturatzaile independenteek azken bezeroari egin beharreko fakturen ordainketa zatikatzeko eta, era berean, banatzaileetara sartzeko bidesarien ordainketak atzeratu ahal izateko, ordainketa benetan egin arte.

    Iturria: Argia

  • Etxean internetik ez daukaten haurrei konexioa eskaintzen hasi da Izarkom operadorea

    Etxean internetik ez daukaten haurrei konexioa eskaintzen hasi da Izarkom operadorea

    Etxeratzen lehenengoak izan ziren haur eta gaztetxoak. Internet bidez eskolako lanei jarraipena ematen saiatuko zirela azaldu zuten ikastetxeek. Alabaina, etxe guztietan ez dago interneterako sarbiderik eta hainbat ikasle jokoz kanpo geratu da. Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa ikastetxeekin elkarlanean ari da, ahalik eta prezio baxuenean, hainbat etxetan konexioa izan dezaten.

    Izarkom kooperatiba duela hiru urte sortu zen eta sortzaileetako bat da Gari Garaialde. Euskadi Irratiak elkarrizketa egin dio abian jarri duten egitasmoaz. Garaialdek adierazi du oso erraz esan zutela egoera larri honetan langileek telelana egingo zutela eta ikasleak etxetik arituko zirela. Alabaina, arrakala digitala Kazakhstanen ez, baizik eta “gure herrietan eta auzoetan daukagu. Denok ez gara konektatuta bizi”.

    Mikel Garcia kooperatibako bazkide eta irakasleak bota zuen amua, bere ikasleetako lauzpabostek ez baitzuen konexiorik. Zer egin zezakeen kooperatibak arrakala nolabait gainditzeko? Bada, ikastetxeetara SIM txartelak bidaltzen dituzte eta irakasleak arduratzen dira beharra dutenen etxeetara txartelok iristeko. Txartelok interneterako datu kopuru jakin bat dute, Garaialdek egin duen kalkuluaren arabera, hilabeteko etxealdiari eusteko adinakoa. Kooperatibak adierazi du kostu-prezioaren azpitik ari dela txartelak banatzen, alegia, 17 gigabyteko txartela 11 eurotan (BEZ barne). Izarkomek konexioa eskaintzen du, ez ordenadorea edo tableta. Hainbat ikastetxe halako horniketak egiten ari da.

    27 SIM txartel banatu dituzte eta 20-30 ikastetxek informazioa eskatu diete.

    Etxean beharra duten gurasoei eta konexiorik gabe dagoen norbait ezagutzen dutenei eskatu diete dagokien ikastetxean ohartarazteko. Ikastetxeei berriz, eskaerak egiteko edo informazioa jasotzeko ondoko helbidera idazteko eskatu die: info@izarkom.eus.

    Iturria: Argia

  • Europako Batzordeak Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ekimenak bildu ditu koronabirusaren aurrean

    Europako Batzordeak Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ekimenak bildu ditu koronabirusaren aurrean

    Europako Batzordeak, dokumentu ireki baten bidez, Ekonomia Sozial eta Solidarioko enpresa eta erakunde guztiak gonbidatzen ditu Covid-19ren pandemiari aurre egiteko hartzen ari diren ekimenen berri ematera. Dokumentu horretan 130 ekimen baino gehiago bildu dira.

    Web orrira sarbidea

    Iturria: Ciriec

  • “Palestinako emakume kooperatibistak” hitzaldia atzeratuta

    “Palestinako emakume kooperatibistak” hitzaldia atzeratuta

    Hurrengo martxoaren 24an Donostiako Carlos Santamaria Zentroan burutu behar zen “Emakumeen erabakia: Palestinar emakumeak” hitzaldia atzeratu da.

    Bakerako Lankidetza Batzarretik bidali duten mezua hurrengoa da: “Martxoaren 24an Donsotian “Emakumeen Erabakia: Palestinar Emakumeak” hitzaldian parte hartu behar zuten 3 emakumeek bidaian izandako ezusteko baten ondorioz, Bakerako Lankidetza Batzarrea / Asamblea de Cooperación Por la Paz erakundetik sentitzen dugu komunikatzea aktibitatea atzeratzeko beharra izan dugula.”
    Jakinarazi dutenez, espero dute laister data berriak izatea. Informazio guztia argitaratuko da.

    Iturria: OVES-GEEB

  • Bost ikastolak autokontsumoaren aldeko apustua egin dute Goiener Taldearen eskutik

    Bost ikastolak autokontsumoaren aldeko apustua egin dute Goiener Taldearen eskutik

    Armentia (Gasteiz), Argia (Tutera), Laskorain (Tolosa), Andra Mari (Etxarri-Aranatz) eta Eleizalde (Bermeo) ikastolek Goiener Taldearen eskuetan jarri dute beren autokontsumoko proiektuak abian jartzeko ardura. Kooperatiben arteko ekimen honen helburua da energia sortzea modu lokal eta banatuan, ardatz nagusia herritarren partaidetza delarik.

    Ikastola hauek autokontsumoaz baliatuz euren argindarraren faktura murrizteko aukera izango dute, eta, aldi berean, programa pedagogiko bat garatuko da ikasleak, familiak eta irakasleak energiaren, iraunkortasunaren eta eraginkortasunaren inguruan hezteko.

    Lehendik ere energia % 100 berriztagarria merkaturatu eta sortzen duen Goiener Taldea izango da proiektu hau aurrera ateratzeko eta finantzatzeko arduraduna. Helburua lortzeko, ekarpen leiho berri bat zabaldu dute 400.000 euro inguru biltzeko asmoz. Parte hartzea irekia izango da bazkide guztientzako eta eredu energetikoa aldatu nahi dutenentzako.

    Instalazio guztiak fotovoltaikoak izango dira eta sarera konektaturik egongo dira soberakinei probetxua ateratzeko. Guztira 1800 metro koadroko azalera hartuko dute, urtean 410 MWh inguru sortuz, gutxi gorabehera 160 etxeren behar energetikoa asetzeko adina.

    Sare elektrikoan energia %100 berriztagarriaren kopurua handitzeaz gain, CO2, NOx eta SOx isurketak murriztuko dira eta argindarraren garraioan eman ohi diren galerak ere bai. Ondorioz, ia 4.000 zuhaitzek urtean xurgatzen duten adina CO2 igortzea ekidingo da.

    Ikastolak ilusioz beteta daude, eta espero dute beren proiektuek ikastola gehiago bultzatuko dituztela eredu berari jarraitzera, aberasgarritzat jotzen baitute beren ingururako, gizarterako eta ingurumenerako.

    Goiener ere baikor agertu da «gure helburu eta balioekin guztiz bat datorren proiektua” delako. Ziur daude oso harrera ona izango duela eta laster jarriko dela martxan.

    Iturria: ikastola.eus

  • Emakume eta euskal kooperatibismoaren inguruko mintegia Deustun

    Emakume eta euskal kooperatibismoaren inguruko mintegia Deustun

    Martxoaren 10ean, “Emakumeak eta euskal kooperatibismoa Europarantz begira: agenda partekatua eraikitzea” izeneko mintegia egin zen Bilboko Deustuko Unibertsitatean. Hainbat ikertzaile, aditu eta kooperatibista bildu ziren, euskal kooperatibetan emakumeek duten egoerari buruz eta sektorearen etorkizunean izango duten parte-hartzeari buruz eztabaidatzeko eta esperientziak trukatzeko.

    Mintegia unibertsitate bereko EDISPe (Garapen Soziala, Ekonomia eta Pertsonentzako Berrikuntza) ikerketa-taldeak eta EUCLIPE katedrak (European Union Economic and Legal Integration for People) antolatu eta dinamizatu zuten.

    Mintegiaren lehen zatian, Gema Tomás Zuzenbide Fakultateko dekanoak eta Aitziber Mugarra EDISPe ikerketa-taldeko ikertzaile nagusiak ongietorria egin ondoren, Malena Riudavets COCETAko lehendakariorde eta ACI-ko Genero Batzordearen kideen hitzaldiak entzun ahal izan zituzten bertaratuek.

    Bigarren zatian, emakume langileek kooperatibetan parte hartzea sustatzeko beharrezkoa den agendaren inguruan lan egin zen, talde-dinamiken bidez, bertaraturiko pertsona guztiek parte hartu zutelarik.

    Iturria: GEEB

  • Hondakinak bereizteko txanpon bat

    Hondakinak bereizteko txanpon bat

    Iratiko Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateak (HHS), Nafarroako Foru Komunitatean, 5.500 biztanle baino gutxiagoko landa-eremu batean tokiko moneta bat diseinatu eta ezartzen ari da, irati izenekoa, hondakin-frakzio desberdien, batez ere materia organikoa eta ontziak ez diren plastikoak, eraginkortasunez berreskuratzea sustatzeko, tokiko ekonomian birzirkulatzen gera daitezen. Erakundeak moneta soziala euroarekiko babesten du; beraz, Irati bat euro baten baliokide da, eta alderantziz.

    2019an, diru horrekin hasi dira ontzirik gabeko plastikoak —hondakinen edukiontzian utzi ohi direnak— bikain bereizten eta Garbigunera eramaten dituzten bizilagunei hobariak ematen. Iratiko HHSen Mankomunitateak 0,5 irati erosten ditu ondo bereizitako plastiko-kiloko.

    Erosketa horren edo jatorrian bereizketa onaren hobariaren helburua da kalitatezko baldintzarik onenetan birziklatzea, eta lankidetzan aritu nahi duten herritarrak eta ekosistema eraginkorragoak, baita komertzialki ere, esploratzea. Plastikoa Arnedoko (Errioxa) Solteco fabrikarekin akordio baten bidez konpost-ontziak eta hiri-altzariak egiteko erabiltzen da.

    2019an jaurti zutenetik, 1.500 irati jarri dira zirkulazioan, herritarrek bereizi eta entregatu dituzten hiru tona plastikori dagozkienak.

    Irati moneta onartzen duten haraneko 30 saltokik baino gehiagok (% 90, merkataritzaren babesa gehiengoa da), erosketak osorik edo partzialki ordaintzeko eta bezeroei aldaketen itzulera gisa eskaintzeko aukera ematen dute. Dendek argi dute txanpon hori birzirkulatuko dutela, babesten duten euroak lurraldetik hiriko azalera eta kate handietara ihes egin ez dezaten.

    Mabel Cañadak, Mankomunitate presidenteak, dio udaberrian “EkhiLur” diru elektronikoaren kooperatiban sartzea espero dutela. Hondakinak bereizten dituzten pertsonek irati billeteak izango dituzte eskura, baina diru elektronikoko kontu bat izateko aukera ere izango dute. Ipar Euskal Herriko “euskal monetaren” antzeko proiektua da, ia 1.000 denda ditu eta urtean hiru milioi euro baino gehiago mugitzen ditu.

    Iturria: Reas Euskadi, El Pais