Egilea: oves-geeb

  • RULESCOOP 2020 Kongresurako komunikazioak aurkezteko deia

    RULESCOOP 2020 Kongresurako komunikazioak aurkezteko deia

    2020ko irailaren 24an eta 25ean XIV. Nazioarteko RULESCOOP Kongresua egingo da Almeriako Unibertsitatean, Gizarte Ekonomiako Zuzenbideko Ikerketa Zentroaren eta Kooperatiba Enpresaren (CIDES) eskutik. Kongresu honen gai orokorra “Identitate kooperatiboa: ekonomia kooperatiboaren eta solidarioaren elementu bereizgarriak balioztatzea” da.

    CIDESek ikertzaile guztiak gonbidatzen ditu beren lan zientifiko, teoriko eta enpirikoak proposatzen diren gai-ardatzetako edozeinetara bidal ditzaten. Hauek izango dira ardatz horiek:

    1. ardatza.- Kooperatibaren printzipioak eta balioak, Ekonomia Kooperatiboaren eta Solidarioaren ikur bereizgarri.
    2. ardatza.- Kooperatiba faltsuak.
    3. ardatza.- Balioekin ekitea: gizarte ekintzailetza.
    4. ardatza.- Enplegu kooperatiboa identitate kooperatiboaren ikur gisa.

    Ardatzetarako proposamenak onartuko dira 2020ko apirilaren 30a arte.

    Informazio gehiago Hemen

    Iturria: CIDES

  • 2019ko Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektorearen Azterlana aurkeztu da

    2019ko Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektorearen Azterlana aurkeztu da

    Gizarte Ekintzako GKEen Plataformak (POAS) eta Hirugarren Sektoreko Plataformak (LPS) “Gizarte-ekintzako hirugarren sektorea Espainian 2019: testuinguru soziopolitiko berrirako aukera berriak” azterlana aurkeztu dute. Gizarte-ekintzako erakundeen argazkia da, eta sarean lan egiten duen eta pertsona ahulenen ondoan dagoen sektore baten egoera erakusten du. Txostena Gizarte Ekintzako GKEen Plataformako zuzendari María Luisa Gómez Crespok koordinatu du, eta haren zuzendaritza zientifikoa Manuel Pérez Yruela (IESA-CSIC) eta Gregorio Rodríguez Cabrero (Alcalako Unibertsitatea) izan dira.

    Txostena Gizarte Ekintzaren Hirugarren Sektoreko (TSAS) erakundeen lagin adierazgarri bati egindako inkesta batetik abiatuta egin da, POAS direktorioa erreferentziatzat hartuta, 7.200 erakunde baino gehiagoko fitxategi batez osatua.

    Hirugarren Sektorearen barruan, ikerketa gizarte-ekintzako erakundeetan oinarritu da. Erakunde horiek, Hirugarren Sektoreko III. Plan Estrategikoaren arabera, “erakunde pribatu boluntario eta irabazi-asmorik gabeek osatzen dituzte, eta, herritarren ekimen askearen ondorioz, modu autonomoan eta solidarioan funtzionatzen dute, eta, interes orokorreko ekintzen bidez, gizarte-eskubideen onarpena eta erabilera sustatzen dituzte, eta talde guztietan kohesioa eta gizarteratzea lortzen saiatzen dira”.

    Azterlana eskuragarri hemen

    Iturria: CIRIEC

  • Bitartekariak kooperatiben esparruan prestatzeko ikastaroa

    Bitartekariak kooperatiben esparruan prestatzeko ikastaroa

    Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak bitartekariak kooperatiben esparruan prestatzeko ikastaroaren beste edizio bat aurkeztu du. Prestakuntza erdipresentziala, kooperatibetan gatazka-egoerei aurre egin behar dieten pertsonei eta kanpoko aholkulariei zuzendua.

    Ikastaroaren helburua da profesionalak teknikoki gaitzea erakundeetan egon daitezkeen pertsonak eta gatazka-egoerak kudeatzeko, eta erakunde eraginkorrak, produktiboak eta osasungarriak lortzea.

    Prestakuntza erdipresentziala da, online jarduerak eta 35 ordu presentzialak dituena.

    Informazio gehiago hemen.

    Iturria: OVES-GEEB

  • Manuel Garcia Jimenez, ‘CIRIEC-España, Revista Jurídica de Economía Social y Cooperativa’ aldizkariko zuzendari izendatu dute

    Manuel Garcia Jimenez, ‘CIRIEC-España, Revista Jurídica de Economía Social y Cooperativa’ aldizkariko zuzendari izendatu dute

    CIRIEC-Españako Zuzendaritza Kontseiluak, joan den urtarrilaren 24an Madrilen egin zen bileran, Manuel García Jiménez, Kordobako Unibertsitateko Lan Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakaslea, izendatu zuen ‘CIRIEC-España, Revista Jurídica de Economía Social y Cooperativa’ aldizkariko zuzendari berria. Gemma Fajardo eta Jesús Olavarría (Universitat de València) irakasleak ordezkatu ditu. Haiek zuzendu dute argitalpena lehen 30 urteetan. Denbora horretan, eta etengabeko kudeaketa-hobekuntzen bidez, bi zuzendariek CIRIECen aldizkari juridikorako Espainiako Zientzia eta Teknologia Fundazioak (FECYT) ematen duen ‘Aldizkari Bikaina’ zigilua lortu dute. Zigilu hori berritu egin da eta nazioarteko datu-base askotan indexatu da.

    Manuel García Jiménez Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziaduna (Soziologia Atala) eta doktorea da Kordobako Unibertsitatean, ‘Lan-istripuen mutuak: Gizarte Segurantzaren kudeaketa pribatua’ tesiari esker. Ematen dituen irakasgaien artean ‘Autoenplegua eta ekonomia soziala’ edo ‘Zuzenbide sozial komunitarioa’ daude, Lan eta industria harremanetako beste irakasgai batzuekin batera.

    Berriki, ACI, OIT eta CICOPek sustaturiko “Cooperatives and the World of Work” liburuan parte hartu zuen, eta bertan “Langile kooperatiboen autonomia edo jabetzaren heteronomia” kapitulua idatzi zuen. García Jiménezek berak kapitulu hori ekainean aurkezteko aukera izan zuen, Lanaren Nazioarteko Erakundeak Genevan duen egoitzan, kooperatibei eta lanaren etorkizunari buruzko ACI erakundearekin batera egindako lanaldiaren esparruan.

    Iturria: Observatorio español de Economía Social

  • Gizarte Ekonomiako I Unibertsitate Astea – I Semana Universitaria de Economía Social

    Gizarte Ekonomiako I Unibertsitate Astea – I Semana Universitaria de Economía Social

    Manifestua irakurtzeko (gazteleraz) egin klik Hemen.

    Disponible el manifiesto, aquí.

  • Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkariaren 16. alea argitaratu berri da

    Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkariaren 16. alea argitaratu berri da

    UPV/EHU-ko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutu GEZKIk argitaratzen duen aldizkariaren 2019 urteko alea eskuragarri dago web orrian. 192 orrialde dituen ale honetan, gaztelera eta euskarazko 7 artikulu zientifiko-akademiko eta sententzia komentario bat jasotzen dira.

    Oraingoan ere kooperatiben nahiz gizarte ekonomiako beste erakundeen inguruko euskal ikuspuntu akademiko eta profesionala da protagonista, besteak beste, euskal jurista eta ikertzaileen lanak bildu baitira (Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak).

    Honela, irakurleak hainbat gairen inguruan eguneratu eta sakontzeko aukera izango du; hala nola, egintzen inskripzioari dagozkion Euskadiko elkarteen erregistroaren ahalmena; neoliberalismoari aurre egiteko erreminta den berrikuntza Sozial eraldatzailea; Clade taldearen azterketaren bidezko gizarte-balioaren monetizazioa; KoopFabrika kasuaren azterketaren bidezko Ekintzailetza sozial kooperatiboa; eta Euskadiko etxebizitza-kooperatiben bazkideen erantzukizun-errejimena. Era berean, Querétaroko Unibertsitatetik (Mexiko) eta Copenhagueko Unibertsitatetik (Danimarka) helarazitako ikerketa interesgarriak ere jaso dira, denbora-bankuen eta Danimarkako kooperatibismoak kapitalismoaren alternatiba gisa izandako bilakaeraren inguruan, hurrenez hurren. Azkenik, Kooperatiben Arbitrajeko Euskal Zerbitzuaren laudo baten iruzkina jaso da zenbaki honetan, hain zuzen ere, kooperatiben kontabilitate bikoitzaren eta galerak norberaren gain hartzearen inguruan.

    Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkariaren 16. alea oso osorik edo kapituluka eskuratzeko, egin klik hemen.

    Iturria: GEEB, GEZKI

  • REASek Merkatu Sozialari buruzko Batzarra egin zuen

    REASek Merkatu Sozialari buruzko Batzarra egin zuen

    REAS sareak Ezohiko Batzarra egin zuen abenduan, merkatu sozialari buruzko eztabaida estrategikoaren ingurukoa. Eztabaida kontestualizatu eta mamitzeko, Susana Ortega Merkatu Sozialeko estatu-kontseilariak atzera begirakoa egin zuen Merkatu Sozialak hamar urte baino gehiagoko ibilbidea egin zuenetik “pausoz pauso” dokumentutik abiatuta, eta AMIA aurkeztu zuen, 2018ko abenduko Merkatu Sozialaren Estatuko Bileran ateratako ondorioetatik abiatuta. Era berean, Carlos Askunzek eta Marian Diezek, REAS eta REAS Euskadiko Kontseiluko kideek, “Merkatu soziala: ekonomia solidarioa hedatzeko estrategia” izeneko artikulua azaldu zuten. Artikulu horrek, ekonomia solidarioa hazi eta zabaltzeko estrategia gisa, Merkatu Sozialak duen erdigunea nabarmentzen du.

    Ibilbide eta oinarri teoriko horren inguruan, eztabaida ireki bat egin zen Merkatu Sozialaren helburu estrategikoei buruz. Une horretan, hainbat gogoeta egin ziren: azokak berbideratzekoak diren ala ez, Gizarte Auditoriak Merkatu Sozialaren ikuspegitik birpentsatzeko beharra eta barne-kontsumoa indartzearen garrantzia, besteak beste. Proposamen horiekin batera, adostasun handia izan zuen eta, nolabait, ondorio nagusitzat hartu zen topaketa osoan zehar: Erakundeen nortasuna eta kohesioa indartuz soilik lortuko dute Ekonomia Solidarioa hedatzeko estrategiaren bidez bilatzen duten sendotasuna eta eragina.

    Merkatu Sozialeko ekintza-plana osatzeko helburu estrategikoak zehazten jarraitzeko, hiru lan-mahai egin ziren. Komunikazioa, Aliantzak eta Tresnak izan ziren gainerako eztabaida-ardatzak, eta, hala, berdefinitu egin zen talde-kontakizuna, hitzarmenak sinatzeko eta egungo eta etorkizuneko aliantzak indartzeko proposamenak definitu ziren, eta merkaturatze- eta lankidetza-estrategia berriak ezarri ziren.

    Batzar horretako azken puntu gisa, Ekonomia Eraldatzaileen Gizarte Foroaren antolakuntzan sareko ordezkariek foro horretan sustatzen ari den bateratze-prozesuaren aurkezpena egin zuten, eta aurtengo maiatzeko topaketarako hurrengo urratsak eta etorkizunean jarraitzeko beste proposamen batzuk egin zituzten.

    Topaketari amaiera emateko, albiste handi bat: REASek 2020an 25 urte beteko ditu. Beraz, datorren urtean lanean ari den eta sareetara parte hartzera gonbidatzen den gertaera garrantzitsu hori ospatzeko jarduerak eta ekintzak izango dira.

    Iturria: REAS

  • ‘Hauspotu’ programa aurkeztu dute Donostian

    ‘Hauspotu’ programa aurkeztu dute Donostian

    Joan den ostiralean, urtarrilaren 24an, aurkeztu zuten Donostian Hauspotu, herriak bizituz programa, Euskal Herriko eremu zabalek nozitzen duten despopulazio eta gainbeherari tokiko proiektu eraldatzaileen bidez aurre egiteko. Udalbiltzak, Koop57 finantza erakundeak eta OlatuKoop sareak elkarlanean abiatu dute programa.

    Ekimenaren aurkezpen bideoa ere egin dute, hemen ikusgai.

    Euskal Herrian herritarren %83 hiriguneetan edo hortik gertu bizi da eta soilik %13 bizi da landa-gunean, Gaindegiaren azken datuen arabera. Despopulazioaren arazoa larria da oso zenbait tokitan: nafar Pirinioetan %14 egin du behera biztanleriak hamarkada batean, Zuberoan %4,6 eta Arabako mendialdean %9.

    Egoera horrek lotura zuzena du zerbitzuen eskuragarritasunarekin, Gaindegiak Udalbiltzaren eskariz iaz egindako ikerketa batean ondorioztatu zuenez: orduan eta osasun zentroak edo eskolak urrunago izan, gero eta biztanleria galera handiagoa jasaten dute herriek.

    Udalbiltzaren ustez lurralde desoreka horri aurre egiteko “neurririk hartzen ez bada, egoerak ez du atzera bueltarik izanen”. Erakunde horrek lehenago jarri izan du indarrik zentzu horretan, Euskal Pirinioetan lan eta bizi programa kasu. “Emaitza baikorrak” izan dituen esperientzia horretatik abiatuta, despopulatzen ari diren beste eskualdeetan ere eragiteko hautua egin du orain.

    Ekonomia eraldatzailea ardatz

    Euskal Herriaren “irria” osatzen duten eremuetan jarriko dute martxan Hauspotu, herriak bizituz programa. Mapan, zirkulu erdi bat marrazten dute Pirinioetatik Enkarterrietaraino, Nafarroa erdialdea eta Arabako mendialdetik igarota.

    Horretarako ekonomia sozial eraldatzaileko (ESE) eragileak izango ditu aliatu Udalbiltzak. OlatuKoop sareak babes teknikoa emango du formazio jardunaldiak eta bide-laguntza eskainiz. Lehen jardunaldia Garesen izango da, otsailaren 7an eta izena hemen eman daiteke.

    Ekonomia eraldatzailearen balioetan oinarrituriko proiektu berriak sortu edo martxan daudenak indartzea dute helburu, agroekologia, etxebizitza komunitarioak eta bestelako ekimen kolektiboak barne. Hau da, antolaketa demokratiko eta parte-hartzaile baten bidez, kapitala ez baizik bizitza erdigunean jartzen duten egitasmoak bultzatzea. Ekonomikoki Koop57ren laguntza izango dute proiektuok, finantza etiko eta solidarioan oinarrituriko mikrokredituen bidez –denera 250.000 euro arte–.

    “Zerbitzuak eta biztanleak mantentzeko zailtasunak dituzten herriei bultzada” eman eta lurralde desorekaren “kontzientzia” garatu nahi dute Hauspotu-ren bidez. Despopulatzen ari diren herrietan ere egon dadin jendea irri egiteko.

    Ekimenaren inguruko informazio zabalagoa, hemen.

    Iturria: ARGIA

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko urtarrileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko urtarrileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.

  • Tokiko Garapen Iraunkorraren Atari berria

    Tokiko Garapen Iraunkorraren Atari berria

    Hegoa Institutuak Tokiko Garapen Iraunkorraren Atari berriztatua aurkeztu du. Erabilera libreko erramienta hau diseinatzerakoan ikasleak, irakasleak zin ikertzaileak izan dituzte buruan, baita garapenarekin lotuta dauden arloetako profesionalak eta erakundeak ere.

    Tokiko Garapen Iraunkorraren Atariak ildo horretan sortzen ari diren ekarpen teoriko eta praktikoen aberastasuna jaso nahi du, Nazio Batuen erakundeen, batez ere NBGP, hausnarketa akademikoen, eta giza garapenaren eta iraunkortasunaren sustapenean lan egiten duten gizarte-mugimendu eta erakundeen ekarpenak bilduta. Tokiko giza garapen iraunkorraren ikuspegia eskaintzen du, proposamen bakar bati lotzen ez zaiona eta eduki teoriko eta eskakizun politiko ugari dituena. Atari honek baliabide esanguratsuenak hautatu nahi ditu, eta tokiko giza garapen iraunkorraren inguruan interesa dutenei sarbidea erraztu nahi die.

    Hegoa Institutuaren nahia atarian aurkitu daitezkeen baliabideen kopurua handitzea da. Erreferentzia horiek dokumentuen, ikus-entzunezko materialaren, erreferentziazko webguneen, prestakuntza-ikastaroen eta jardunbide egokien zerrenda zabala osatzen dute.

    Ataria hemen

    Iturria: Hegoa