Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.
Egilea: editorea
-

Mondragonen Industria arloak 908 lanpostu berri sortu zituen 2016an
Mondragon Korporazioak Industria arloaren 2016ko bilakaeraren balantze positiboa egin du eta ekitaldiko daturik nabarmenen bezala azpimarratu du batez beste 908 lanpostu berri sortu direla arlo industrialean eta dagoeneko 33.919 lagun enplegatzen dituela oro har.
Emaitzei dagokienez, lehen zenbatespenetan 250 milioi euro baino gehiagoko zifra aurreikusi du, aurreko urteko maila berean kokatuta.
Enplegua sortzeko maila "modu orekatuan" banatu da, 414 lanpostu "gure ingurukoak" eta 494 "atzerriko ezarpenetan" sortutakoak izan baitira. Horrela, lantalde industrialaren multzoan 33.919 lanpostu daude: horietatik 21.793 batez ere Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan biltzen dira, eta 12.126 atzerriko lanpostuak dira, kooperatibetako nazioarteko filialetakoak.
Iñigo Ucin Mondragoneko Kontseilu Orokorreko lehendakariak "oso positibo" baloratu du industria arloaren ekitaldia, eta, adierazi duenez, bere bilakaerak "eragin du lanpostuak sortzeko dinamikan jarraitzea". Halaber, egindako inbertsioen maila nabarmendu du, "280 milioi euro baino gehiago izan baitira, lantegi produktibo berriak martxan jartzera eta prozesuen efizientzia hobetzera zuzenduta, lehiakortasuna irabazteko".
Azken urteetan enplegu industrialaren bilakaera "egiazki positiboa" izaten ari da, azken hirurtekoan batez beste 3.000 lanpostu berri baino gehiago sortu baitira (1.904 barruan eta 1.114 atzerrian). Halaber, epealdi horretan Fagor Etxetresna Elektrikoen itxierak eragindako 1.895 bazkideetako gehienei irtenbidea ematea lortu da.
Emaitzei dagokienez, lehen zenbatespenetan 250 milioi euro baino gehiagoko zifra aurreikusi da, aurreko urteko maila berean kokatuta. "Datuak azken urteetako negozio industrialen multzoaren errentagarritasunaren xendra berresten du", adierazi du.
Halaber, 2016an egindako industria inbertsioak 280 milioi euro baino gehiagokoak izan dira, eta aurreko ekitaldian egindakoak baino %33 gehiago. Salmentei dagokienez, 2016an 5.035 milioi euroko salmentak egin ziren, aurreko ekitaldian lortutakoaren antzeko zifra.
Jarduera igo bada ere, enpleguaren sorrerak erakusten duen bezala, salmentak egonkor mantendu dira, eta horren arrazoia izan da batez ere nazioarteko hainbat fabrika martxan jartzeko prozesuan daudela, eta espero da horien negozio zifra finkatzen joatea datozen ekitaldietan.
Halaber, datuan eragina izan dute lehengaien kostuaren jaitsierak, salmenta preziora eraman baita. Salmenten azterketatik ondorioztatu da horien %70,7 nazioarteko salmentak izan zirela, eta gainerako %29,3 Estatuko merkatukoak. Azken horiei dagokienez, hirugarren urtez jarraian hazi dira, zehazki, %1,7 aurreko urtean egindakoekiko.
Gainera, Industria arloko nazioarteko ibilbidea sendotzen ari dela berresten duen datua da atzerriko produkzioa dagoeneko guztizkoaren %28,6 dela. Datu horren igoeran eragina izan dute Txinako lantegi produktibo berriak irekitzeak (Maier eta Copreciren 2. lantegia), Mexikokoak (Cikautxo eta Fagor Ederlan), Errumaniakoak (Cikautxo) eta Oronak Europako zenbait herrialdetan erositako enpresek. Mondragonen presentzia globalari dagokionez, nazioarteko bederatzi ordezkaritza korporatibo dituelarik, dagoeneko 140 lantegi ditu atzerrian.
Iturria: Europa Press
-

Ekimen berri bat sortu da Gizarte Ekonomiaren baitan: 373 abokatuen kooperatiba
Ekonomia Sozial Eraldatzailean sakondu asmo duen 373 abokatuen kooperatiba sortu dute berriki hainbat abokatuk. Koopfabrikan parte hartu eta Olatukoop barruan abiatu dute bidea.
Euren helburua, ESEari loturiko aholkularitza juridikoa emateaz gainera, euren eguneroko lan jarduna balore horietan oinarritzea da. Iker Sarriegik proiektuaren xehetasunak eman ditu Info7 irratian. Entzun audioa hemen.
Iturria: Naiz
-

Ekonomia Berri eta Gizarte Berrikuntzako foro globala
Apirilaren 19tik 22ra bitartean Ekonomia berri eta Gizarte Berrikuntzari buruzko foro globala egin zen Malagako kongresu jauregian (FYCMA).
Programak tailer ezberdinak, kolaborazio erronkak, hitzaldiak eta beste hainbat ekintza batu zituen. Jardunaldian, munduko leku ezberdinetatik iritsitako eta arlo ezberdinetako adituak parte hartu zuten; guztiak Ekonomia mugimendu berriko (NEMs-eko) ordezkariak.
Iturria: neweconomyforum.org
-

We own it
We own it, mundu osoko gazteei kooperatiba mundura gerturatzeko eta kooperatibak sortutako beste gazte batzuen istorioak azaltzeko urte beteko kanpaina da. Honekin gazteak inspiratu nahi dituzte eta nolabait enpresa kooperatiboagoak sortzera bultzatu.
Momentu hauetan mundu mailako ikerketa baten gaietan dabiltza lanean. Bertan gazteen kooperatiba sortze eta parte hartzearen joerari buruz ikertzen ari dira.
Ikerketa honetan parte izan nahi baldin baduzu eta zure istorioa kontatu, maiatzaren 26ra arte daukazu, hemen.
Iturria: www.we-own-it.coop
-

Ekonomia Solidarioaren hilabetea Kordoban
Egun hauetan Ekonomia Alternatiboa eta Solidarioaren 13. Topaketa -IDEARIA2017- ospatzen ari da Kordoban. Apirilean zehar, eta topaketa hau dela eta, hainbat jarduera antolatu dituzte hirian, adibidez, Ekonomia Solidarioari buruzko zinemaren Zikloa.
IDEARIA justizia soziala, giza eskubideen babesa eta garapen jasangarria bultzatzen dituzten ekimen ekonomikoak indartzeko topaketa da. Gainera, Ekonomia Solidarioko agente ezberdinen arteko sareak sortzeko, ikuspegi berriak ezagutzeko eta beraien arteko koordinazio dinamikak errazteko elkargune egokia da.
Edizio honetako gaia “Bizitza zaintzen duen Ekonomia bat” da, eta pentsamendu ekofeministaren garrantzia agerian jartzea dute helburu.
Iturria: REAS
-

100 buletina: Gizarte Ekonomiaren bilakaerari gainbegirada
Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak 100 buletin jaulki ditu 8 urteko ibilbidean zehar. Abagune egokia izan liteke Sektoreak urte guzti hauetan izan duen bilakaerari arreta jartzeko. Datuei jarraituz, Gizarte Ekonomiako erakundeek gainerako enpresa “tradizionalek” baino hobeto eutsi diote enpleguari urte latz hauetan.
2009ko uztailan behatokiak bere lehen buletina jaulki zuen. Gizarte Ekonomiaren inguruan albiste izan zirenak jaso eta Sektorea osatzen duten errealitate ezberdinek batak bestearen berri izateko eta elkarlana sustatzeko ahaleginean lehen pausuak ematen ziren.
Lehen ale horretan albiste izan zen bat ekarri nahi izan dugu gaurkora. “Azterlan batek ezagutzera eman du ezgaitasuna duten hiru pertsonatik batek lan egiten duela soilik” zioen izenburuak. EHLABEk bultzatu eta GEZKI eta CIRIEC Institutuek burututako azterlanak 2006 urteko datuak zituen oinarri. Orduan, 60.000 pertsona zeuden lanerako adinean eta 20.000 lanean. 2014ko datuen arabera, 64.400 pertsona ziren lanerako adinean zeudenak eta horietatik 25.423 pertsonak egiten zuen lan enpresaren batean, hau da, %39,5ak. Urte zalapartatsuak izan arren gizartean, enpleguari eustea lortu dute sektoreko erakundeek, bai eta zertxobait hobetu ere.
Familiako gainontzeko kide-erakundeek bilakaera ezberdina izan dute urte hauetan zehar.
Krisi garaia gogorra izan da EAE-ko kooperatibentzat. Mondragon Korporazioko ikurra zenaren jausiak, sistema kolokan jarri eta kooperatibagintzaren erroetan dauden baloreekiko koherentziak duen garrantzia islatu zuen, etapa berri bati hasiera emanez. Hala ere, egoera zailei aurre egiteko indarra badutela erakutsi dute, urte hauetan lanpostuek kooperatibetan bilakaera positiboa izan baitute: 2009an 55.121 pertsonek egiten zuten lan hiru Lurralde Historikoetako kooperatibetan eta 2016ko abenduaren 31an 57.815 pertsonek.
Honetaz gain, aipatzekoa da 2016ko maiatzean Gobernu kontseiluak Kooperatiben euskal legearen aurreproiektua onartu zuela, emango den hurrengo urratsa Legebiltzarrean eztabaidatzea delarik. Testu berri honen helburu nagusia, segurtasun juridikoa areagotzea izango da kooperatiba-sozietateen barne nahiz kanpo harremanetan.
Euskadiko Lan Sozietateen bilakaerari dagokionez, 2009an 11.444 pertsonek egiten zuten lan entitate mota hauetan, eta 2016an berriz, 6.876 pertsonek. Tamalez, enpleguaren kopurua nabarmen jaitsi da, hala ere, 2016ko datuak positiboak izan dira, EAE-ko Lan Sozietateetan enpleguak %2,95eko igoera izan baitu aurreko urtearekin alderatuz (Espainia mailan, berriz, %1eko igoera). Bestalde, erakundeon eskakizunei jarraiki, 2015 urtean Lan Sozietateen Lege berria onartu zen, garai berrietara egokitzeko pausu esanguratsua izan delarik.
Gizarteratze enpresei dagokienez, 2009tik 2015ra enpleguan izandako bilakaera positiboa izan da, 2009an gizarteratze prozesuan zeuden 365 pertsonek egiten zuten lan entitate mota hauetan, eta 2015ean 387 pertsonek. Krisi garaia gogorra izan arren, gure erkidegoko gizarteratze enpresek enplegua mantentzea lortu dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarte eta Fundazioetako enpleguaren inguruko datuak ere positiboak dira. 2010ean 12.448 pertsonek egiten zuten lan entitate hauetan, eta 2014an 14.075 langile zeuden. 2016 urtea garrantzitsua izan da, bereziki fundazioentzako, EAEko Fundazioen Legea onartu baitzen; arau berri honek segurtasun juridiko handiagoa ematen die eta entitate mota hauen sorrerarako eskubidea indartzen du.
Kreditu Kooperatibetako enpleguaren bilakaerari dagokionez, 2009an 2.395 langile ziren, eta 2015an, berriz, 2.116 langile. Zazpi urte hauetan zehar, langile kopurua bulego kopuruarekin batera, gradualki jaitsi da, tartean egon den fusioa (Ipar Kutxa eta Euskadiko Kutxaren artean) dela eta, hein handi batean. Bestalde, Oinarri Elkarrekiko Berme-Elkarteko enpleguaren datuak onak dira, urte hauetan langile kopurua mantendu bai dute: 2009an 19 langile ziren eta 2015ean 20. Ikusteko dago Elkargi eta Oinarriren arteko fusioak Sektorean duen eragina.
Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek (BGAE) bilakaera aipagarria izan dute lanpostuei dagokienez. Izan ere 2009an 85 langile izatetik 2015 urtean 101 langile izatera pasa dira.
Eraldaketarako Nekazal Erakundeek (ENE) eta Arrantzale Kofradiek urte latzak jasan dituzte krisiaren eraginez eta enpleguak izan duen bilakaeran nabarmen igarri da. Erakundeon inguruko datuak urriak dira, baina aztertutako datuen arabera enplegu kopurua jaitsiz joan da eta 2014an ENEetan 239 pertsonek egiten zuten lan eta Arrantzale Kofradietan 68k.
Gizarte Ekonomiaren familiaren barnean eboluzio ezberdinak eman dira, halabeharrez, erakunde mota eta jarduera ezberdinak biltzen dituen Sektorea baita. Hala ere eta orokorrean, krisi urte latz hauetan irmo eusteko gai izan dira, gainontzeko enpresa kapitalista-tradizionalen aldean. Horren isla da, Gizarte Ekonomiako erakundeen lanpostuen garrantzia EAE-ko enplegu totalean handiagotu egin dela 2009 – 2015 epealdian, adibidez.
Ane Etxebarria Rubio – OVES/GEEB
Aratz Soto Gorrotxategi – OVES/GEEB
-

Nafarroako Gobernuak Gizarte Ekonomiaren Plana onartu berri du
Gizarte Ekonomiako enpresen sortze eta finkapenaren bidez enplegua 3.300 pertsonatan hazi nahi da. 2017 urterako 2.828.000 eurotako aurrekontua izango du.
Nafarroako Gobernuak martxoaren 22an eginiko bilkuran gizarte ekonomiaren Plan Integrala onartu zuen, zeinaren erredakzioan berau osatzen duten familia guztiek parte hartu duten. Dokumentua hobetze eta behar guztiak kontuan hartzeko, parte hartze prozesu publikoan testuari egin zaizkion ekarpen guztien erdiak barneratu dira amaierako dokumentuan.
Dokumentura joateko (gazteleraz), egin klik hemen.
Prozesu parte hartzailean CERMI Navarra-Nafarroa, CERMIN, ANEL -CEPES Navarra barne-, REAS Navarra eta Nafarroako GGKEen Koordinakundeak euren proposamenak luzatu zituzten.
Guztira, 43 proposamen jaso ziren eta horietako 13 osotasunean eta beste 11 partzialki onartuak izan ziren. Planak 2017-2020 bitartean 3.300 lanpostu sortzeko helburua du.
Horretarako, 5 lerro estrategiko ditu planak: lanpostu sostengarria eta duina; gizarte berrikuntza; enpresa garapena; gobernantza parte-hartzailea; eta garapen sektoriala. 5 lerro horiek 16 helburu eta 50 ekintza zehatz barneratzen dituzte, gehiengoa Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritzak eta Nafar Lansarek (Nafarroako enplegu zerbitzua) bideratuko dituztelarik.
Finantzazioari dagokionez, 2017 urterako 2.828.000 euroko aurrekontua aurreikusi da; 2018rako ia milioi bat gehituko litzateke, 3.802.000 eurotara iritsi arte; eta 2019an 4.147.000 euro bideratuko lirateke.
Iturria: Nafarroako Gobernua
-

Kooperatiba eta lan sozietateen inguruko datuak eguneratu dira
Kooperatiba kopuruak gora egin du 2016 urtean, baita berauetan lan egiten duten pertsonek ere. Lan sozietateen kasuan, nahiz eta entitate kopuruak behera egin duen, langileen kopuruak gora egin du.
Espainiako Lan eta Gizarte Segurantzaren Ministeritzak aditzera eman dituen datuek kooperatibek 2014ean hasi zuten lanpostuen susperraldiaren jarraipena adierazten dute. Zehazki, azken urtean 1.435 lanpostu gehiago erregistratu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, hots, %2,5eko igoera izan dute 2015 urtearekiko. Gainera, entitate kopuruak ere %2,8ko hazkundea ezagutu du.
Lan sozietateei dagokienez, lanpostu kopuruak gora egin du 2015 eta 2016 bitarte, %1,7an hain zuzen ere. Honela, krisi garaitik galtzen joan diren lanpostuak berreskuratzen jarraitzen dute pixkanaka. Lan sozietateen kopuruari erreparatuz gero, honek beherakada izaten jarraitzen duela ikusten dugu, 2006 urtean hasi zen dinamika negatiboari buelta eman ezinik jarraitzen dutelarik.
Erakundeon eta lanpostuen inguruko datu serie historikoak ikusteko, egin klik hemen.
Iturria: GEEB
-

Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Masterreko aurrematrikula epea zabalik
Apirilaren 3an zabaltzen da Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko masterraren 2017-2018 urterako aurre-inskripzio epea. Hauxe, UPV/EHUko Master eta Doktoretzako Eskolak sustatuta, unibertsitate bereko Master Astean aurkeztua izan zen.
Aurre-matrikula esteka: http://www.ehu.eus/es/web/estudiosdeposgrado-graduondokoikasketak/master-izen-ematea-eta-onarpena
Martxoaren 22an Gipuzkoako kanpusean eman zen Master Astean GEZKIk (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) Gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioko master ofizialeko 2017-2018 ikasturtean emango den 5.en edizioa aurkeztu zuen. Saio honetan eman ziren gertaeren artean, Andoni Zulaika, 2015-2016 kurtsoko ikasle onena omendu zuten eta aurkezpenera etorri ziren interesatuek master bereko irakasleekin hitz egiteko aukera eta beraien duda guztiak argitzeko aukera izan zuten.
Masterrari buruzko informazio gehiago: http://www.ehu.eus/eu/web/economiasocialysolidaria/aurkezpena
Hemen, aurkezpen bisualago bat. Disfrutatu!
Iturria:OVES-GEEB
