Bloga

  • Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatu da

    Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatu da

    Uztailaren 4ko Kooperatiben Nazioarteko Egunaren harira, María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak euskal kooperatibak klima-aldaketaren aurkako borroka sustatzera eta borroka horren buru izatera animatu ditu. “Kooperatibak eta klimaren aldeko ekintza” izan da aurtengo nazioarteko egunaren lema. “Euskal kooperatibek elkarlanean oinarritzen diren ingurumen-programak abiarazteko abangoardian egon behar dute, ekonomia zirkularraren agente berritzaile izan behar dute, eta Europako Itun Berdearen eragile nagusi”.

    1995etik Nazio Batuen eta Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren (NKA) ekimenez uztaileko lehen larunbatean egiten den Kooperatiben Nazioarteko Egunaren prentsaurrekoan, honako hauek ere parte hartu dute: Patxi Olabarria Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidentea (CSCE-EKGK) eta Rosa Lavín Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidentea (KONFEKOOP).

    Sailburuaren agerraldia duzue ondoren:

    “Egun on eta eskerrik asko etortzeagatik.

    Konfekopeko Presidente andrea, Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseiluko Presidente jauna, eta lagun guztioi egun on.

    Nirekin ditut ROSA LAVÍN KONFEKOOP-Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidentea eta PATXI OLABARRIA Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko presidentea.

    Gaur ere, Kooperatiben Nazioarteko Egunean, efemeride hau ospatu nahi dugu, urtero bezala. Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak, 2020an, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin bat egitera animatzen gaitu.

    1995etik, uztaileko lehen larunbat guztietan, Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatu dugu.

    Eta, oraingoan, honako hau da lema: “Kooperatibak eta klimaren aldeko ekintza”.

    Lema horren bidez, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak garapen jasangarrirako 13. zenbakiko helburua aztertu eta bultzatu nahi du: klimaren aldeko ekintzari buruzko helburua.

    Kooperatibek klima-aldaketaren aurkako borrokan egin dezaketen ekarpenean jarri nahi da enfasia.

    Eta Nazioarteko Aliantzak bere deialdian aipatu bezala, mundu osoko kooperatibek aukera aprobetxa dezakete eta aprobetxatu behar dute, eremu horretan duten lidergoa erakusteko eta arazo global horri aurre egiteko baliatzen dituzten balio kooperatiboak partekatzeko.

    Euskadin, klima-aldaketaren aurkako borrokan etorkizuneko irtenbideen gaineko ezagutza handia batzen ari gara.

    Kooperatiba asko aurrera egiten ari dira beren errealitateetara ekonomia zirkularreko estrategiak eta berrikuntzak aplikatzen.

    Baina, oraindik, bide luzea dugu egiteko.

    Euskal kooperatibek elkarlanean oinarritzen diren ingurumen-programak abiarazteko abangoardian egon behar dute, ekonomia zirkularraren agente berritzaile izan behar dute, eta Europako Itun Berdearen eragile nagusi.

    Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen Sailaren bidez, 2030erako Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia jarri du abian eta, horren bidez, Euskadi Europan ekonomia zirkularraren eremuko eskualde erreferentea izatea dugu helburu.

    Ibilbide-orri horren ondorioz, gure lurraldea lehiakorragoa eta jasangarriagoa izango da, eta ongizate handiagoa eskainiko digu bertan bizi garenoi.

    Ekonomia zirkularrak diseinuagatik edo asmoagatik errestauratiboa den ekonomiari egiten dio erreferentzia.

    Alegia, hondakinak ez sortzea du jomuga, baliabideen errendimendua optimizatzea eta materialen erabilgarritasuna areagotzea.

    Ekonomia zirkularra berrikuntzarako eragilea da eta, ondorioz, balioa eta enplegua sortzekoa.

    Jasangarritasuna eta baliabideen eta energia-iturrien aurrezpena bereizgarri dituen ekonomia- eta ekoizpen-eredua planteatzen digu.

    Zirkular hitzak berak lehengaiek, baliabide naturalek eta ondasunek eta, oro har, gure egunerokotasuneko zerbitzuek duten bizi-zikloari egiten dio erreferentzia.

    Ziurgabetasuneko sasoi hauetan, Covid-19aren pandemiak eragin duen inpaktu ikaragarria gorabehera, ez dugu ahaztu behar klima-aldaketaren inpaktua gizatasunak bizirauteko mehatxurik handiena dela.

    Duela hilabete bakarrik, ekainaren 5ean, osasun-larrialdian bete-betean geundenean, Ingurumeneko Mundu Eguna ospatu genuen, aniztasun biologikoaren babesean oinarrituta, baina haren interesa garapen jasangarrirako helburuen osotasunera zabaltzen da.

    Garapen jasangarrirako helburuak betetzeko dugun konpromisoa ez da aldatu, baina bai jarduteko urgentzia.

    Garapen jasangarrirako 17 helburuak dagoeneko ez dira urrunera begira, etorkizunera, betetzeko dauden xedeen multzoa.

    Guztiontzako mundu seguruagoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa bermatzeko behar dugun gutxienekoa da.

    Eta kooperatibismoan dauden garapen jasangarriaren ereduaren oinarriak.

    Europako Itun Berdea da Europar Batasunak, jasangarritasunari dagokionez, iraultza zirkularra, digitala eta bidezkoa lortzeko duen ekonomia-hazkuntzaren eta lehiakortasunaren ibilbide-orri berria.

    Horretarako, Itun Berdea produktuen, zerbitzuen eta ekoizpeneko prozesu operatiboen jasangarritasunean oinarritzen da, eta bi ideia argi uzten ditu.

    Batetik, jasangarritasuna abantaila lehiakorren iturri dela.

    Eta, bestetik, ingurune lokalenak protagonista izango direla eraldaketan.

    Eusko Jaurlaritzak “Industria Ekobarometroa”ren sorrera sustatu du.

    Azterlan sozial bat da, industria-jarduerak ingurumenari dagokionez duen posizionamenduari buruzkoa.

    Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren eta ACLIMA ingurumeneko klusterraren elkarlanari esker, azterlana gizarte-ekonomiako enpresetara eta, bereziki, kooperatibetara zabaldu da.

    Zer “ingurumen-sentikortasun” duten jakin nahi dugu eta, horretarako, Mondragón Unibertsitatea honako helburu hauek dituen proiektuan ari da lanean: sentikortasun-adierazleak identifikatzea, gizarte-ekonomiako erakundeen ingurumeneko jardunbide egokiak zehaztea eta diagnostikoa ezartzea.

    Hainbat ekimenen artean, honako hau nabarmendu dezakegu: pasa den urtearen amaieran IHOBEren laguntza duten kooperatiben zeharkako talde batek abian jarri zuena.

    Ingurumen-kudeaketako sozietate publikoak ekonomia zirkularrerako bidea hartzeko interesa duten enpresa kooperatiboen askotariko kolektibo horren gaiak eta zalantzak dinamizatzen laguntzen du; enpresa horien jarduerak hainbat izan daitezke, automobilgintza eta eraikuntza, besteak beste, bai eta makina-erreminta, automatizazioa, banaketa, ingeniaritza eta beste sektore batzuk ere.

    Halaber, lehen sektorean, nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueraren jasangarritasunari buruzko Europako proiektuetan lanean ari diren kooperatibak ditugu.

    Datozen urteotan karbono-aztarna murrizten joatea helburu duten ekintza-planekin.

    Horiek dira adibideetako batzuk.

    Orain, garrantzitsuena da gizarteari askoz ere adibide gehiago ematea.

    Europako erakundeok eta administraziook klima-politika handi batekin dugu konpromisoa.

    Gaur egungo helburua da berotegi-efektuko gasen emisioak % 40 murriztea 2030erako, 1990eko mailekin erkatuta.

    Eta helburua da 2050erako karbonoa neutralizatzeko xedean aurrera egitea.

    Duela orain urtebete, Europar Batasuneko liderrek Batzordeari eta herrialde kide guztiei eskatu zieten, Parisko Akordioarekin bat etorriz, klima aldetik neutrala den Europara igaroko dela bermatzeko.

    Eta, gainera, dagoeneko, baditugu legean klimaren neutraltasunaren helburua ezarri duten zenbait herrialde.

    Gure eremu lokalenetik eta sektorialetik, lehen esan dudan bezala, euskal kooperatibek ekonomia zirkularraren eragile berritzaile izan behar dute, abangoardian egon behar dute klima-aldaketaren aurkako borrokan.

    Euskadiko gizarte-ekonomiak eredu izan behar du, eta Kooperatiben Nazioarteko Egun hau ekintzarako aukera bat da.

    Gizartea aldatzeko beharraz ohartzeko, baten bat izan behar du eredu.

    Euskal kooperatiba guztiek edo ia guztiek besteak beste 2030erako edo 2050erako karbono-aztarna neutroa edo zero hondakin lortzeko baterako helburuak iragartzea erabakiko balute, ziur nago xedeak bakarrik ezarrita Euskadi aldatuko genukeela. Egin dezagun aurrera, beraz, mundu kooperatibo berdeagoa izateko bidean, kooperatiba gehiago dituen Euskadiren alde; alegia, Euskadi berdeagoaren alde. Hori izan dadila Kooperatiben Nazioarteko Eguneko konpromisoa!!!

    Eskerrik asko. ”

    Iturria: Irekia

  • Desgaitasuna duten pertsonentzako enpleua %5 hazi da 2019an Enplegu Zentro Berezietan eta enpresa arruntetan

    Desgaitasuna duten pertsonentzako enpleua %5 hazi da 2019an Enplegu Zentro Berezietan eta enpresa arruntetan

    Desgaitasunak dituzten pertsonen enpleguak hazten jarraitzen du Euskadin, nahiz eta laneratzeko zailtasun bereziak izan. 2019an, EHLABE- Euskadiko Gizarte Ekimeneko Enplegu Zentro Berezien Elkarteak biltzen dituen enplegu zentro bereziek 128 langile gehiago izan zituzten (%1,6 gehiago); langileak, berriz, 205 izan ziren, guztira 333 lanpostu berri, aurreko urtean baino %5 gehiago.

    Hala, 2019an eta lehen aldiz, enplegu zentro bereziek 8.000 langile baino gehiago izan zituzten, 8.229 lanpostura iritsi arte, zehazki. Kopuru horri Sutargi enpresa EHLABEn sartu izana gehitu behar zaio azken urte honetan. Hala, 14 erakunde eta ehun enplegu centro berezi baino gehiago dituen elkarteak Euskadiko enpresa berezien %95 baino gehiago biltzen ditu. Gainera, elkartea osatzen duten enpresek 366 milioi euro fakturatu zituzten 2019an.

    Hazkundea azken urteetako joera da. 2011 geroztik, desgaitasuna duten pertsonen enplegua %38 hazi da gizarte-ekimeneko EZBetan. Euskadiko kolektibo horren enplegua 5.964 lanpostutik gaur egungo 8.000 lanpostura igaro zen.

    Hauek dira EHLABEren 2019ko balantzearen ondorio nagusietako batzuk. Balantze hori ekainean aurkeztu zen prentsaurrekoan, eta berta parte hartu zuten Enplegu eta Gizarte Politiketako euskal sailburu den Beatriz Artolazabalek, EHLABEko lehendakari den Txema Francok eta elkarteko koordinatzaile den Pablo Moratallak.

    Hala ere, pandemiak sortutako krisiaren ondorioz, EHLABEko enpresak beren lan-estrategia berrorientatzera behartu ditu. “Sektoreak enplegua etengabe sortzen jarraitu du, baina bizi dugun krisi ekonomiko eta sanitarioak eragin ekonomiko eta sozial handia du gure erakundeetan”, azaldu du EHLABEko lehendakariak.

    Horregatik, orain, Euskadiko gizarte-ekimeneko enplegu zentro bereziek bi helburu dituzte: pandemia geldiarazteko beharrezko neurriak hartzen jarraitzea, erakundeetako langile guztien osasuna bermatzea, eta ezgaitasuna duten pertsonen enplegu-suntsiketa saihestea, Txema Francok azpimarratu zuenez.

    Ildo beretik, Artolazabalek adierazi zuenez, “Eusko Jaurlaritzan aurrera egingo dugu enplegu babestuari eusten eta Euskadin desgaitasuna duten pertsonen laneratze-maila altuak finkatzen, elkarrekin lan eginez”.

    Alde horretatik, 2019an enplegu zentro berezietan sortu ziren 128 lanpostu berrietatik, 46 laguntza premia handiena duten pertsonei dagozkie. Horrek esan nahi du, gaur egun, EHLABEko langileen erdiak baino gehiago (%56) laneratzeko laguntza berezia behar duten langileak direla (5.326 langile).

    2019an, enplegu zentro berezietan lanpostuak sortzeko erritmo biziaren ondorioz, enplegu arrunt gisa sortutakoaz gain (publikoa zein pribatua), Euskadik desgaitasuna duten pertsonen langabezia-tasarik txikiena du Estatuan. Gaur egun, EAEko tasa %16,5ekoa da, eta estatuko batez bestekoa %25,2koa. Aldi berean, Euskadiko kolektiboaren enplegu-indizea %29,3koa da; Espainian, berriz, %25,8koa. EHLABEko lehendakariaren arabera, “ezgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko euskal eredua, estatuan eta Europan erreferentea dena, munduko pandemia eragiten ari den gizarte- eta lan-inpaktuari aurre egiteko bermerik sendoena izango da”.

    Iturria: EHLABE

  • EAEko 405 kooperatibek EABAEtara jo dute

    EAEko 405 kooperatibek EABAEtara jo dute

    KONFEKOOPen datuen arabera, 5.318 langileri eragin diete.

    Martxoaren 14an, Estatuko lurralde osoan, COVID-19 delakoak eragindako osasun-larrialdiari aurre egiteko dekretatu zen alarma-egoerak herritarrak behartu zituen koarentenan egotera beren ohiko egoitzetan, eta beren etxeetatik bakarrik atera ahal izan ziren egoera berezietan, hala nola elikagaiak edo botikak erostean, lanpostura joatean edo larrialdietan. Funtsezko ez diren enpresen itxiera ere sartu zen murrizketetan, besteak beste, tabernak, jatetxeak, kafetegiak, zinemak, negozio komertzialak eta txikizkariak.

    Egoera horren ondorioz, enpresa askok, kooperatibak barne, ateak itxi behar izan zituzten. Horrek nabarmen murriztu ditu bere diru-sarrerak, eta bere langileak aldi baterako enplegu-etenaldi baterako etetea eragin du. Espainiako Gobernuak krisiak enpresetan duen eragina arintzeko konpromisoa hartu zuen. Ordutik, ehunka lagunek eskatu dute irudi hori.

    EABAE bat, Enplegua Aldi Baterako Arautzeko Espedientea, enpresa baten lan-kontratuak bertan behera uzteko edo lanaldia aldi baterako murrizteko jarraitu behar den legezko prozedura da, legez ezarrita dauden arrazoiengatik, eta legeak ezarritako izapide eta formalitateak bete behar ditu.

    Informazioa eta orientazioa KONFEKOOPetik

    Alarma-egoera dekretatu zenetik, KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak hainbat kontsulta egin ditu kooperatiba txiki eta ertainen eta hainbat sektoreren inguruan: zerbitzuak, turismoa, komer-tzioa, eraikuntza, zaharberritzea, etab.

    Halaber, Konfederazioak informazio-lan garrantzitsua egin du, informazio-zirkularren bidez, honako hauen berri emateko: SEPEk langileen izenean zerbitzua nola eskatu, EABAE duten langileek jarduerari baja eman diotela nola jakinarazi, etab. Gainera, informazio hori guztia eguneratu egin da www.konfekoop.coop webgunean.

    Zifrak euskal kooperatibetan

    50 langile baino gutxiagoko kooperatibak izan dira egoera horrek gehien kaltetu dituenak, eta sektoreka, zerbitzuetakoak. Lurralde historiko kaltetuena Bizkaia izan da. Kooperatiba gehienetan aurkeztu diren EABAEak “ezinbesteko” (fuerza mayor) kasuak dira. Konfederazioak erabiltzen dituen datuen arabera, Kooperatiben “argazkia” hau da:

    Iturria: KonfeKoop

  • Mataroko CIRIEC-Españaren Kongresuan izena emateko behin-behineko programa eta buletina eskuragarri

    Mataroko CIRIEC-Españaren Kongresuan izena emateko behin-behineko programa eta buletina eskuragarri

    Dagoeneko eskuragarri daude CIRIEC-Españako Ekonomia Sozialeko Ikertzaileen Nazioarteko XVIII. Biltzarrerako behin-behineko programa eta izena emateko buletina. Irailaren 17an eta 18an izango da, Tecnocampus Mataró-Maresmen, Pompeu Fabra Unibertsitateari (UPF) atxikita. Kongresua “Ekonomia soziala: garapen jasangarria sustatzeko eta desberdintasunak murrizteko tresna” izenburupean egingo da.

    Programan aurreikusitakoaren arabera, Kongresuak inaugurazio-ekitaldi handia izango du, eta, ondoren, inaugurazio-hitzaldia emango du Antón Costasek, Bartzelonako Unibertsitateko Politika Ekonomikoko katedradunak.

    Ondoren, Kongresua 8 tailer orokorretan eta 17 gaikako lantegitan egituratuko da. Horietan, gizarte-ekonomiari buruzko egungo eztabaida zientifiko eta praktikoak bilduko dira, besteak beste, eta, bereziki, oraingo honetan, garapen jasangarria sustatzeko eta desberdintasunak murrizteko duen zereginari buruzkoak.

    Biltzarraren bigarren egunean, doktore-tesi onenaren eta komunikazio onenaren sariak banatuko dira.

    Era berean, Kongresuan sektoreko hainbat ekimen aurkeztuko dira Katalunian, besteak beste, “Ekonomia bizitzarako. Covid-19tik Kataluniarako eredu ekonomiko plural, demokratiko, birkokatu eta ekologiko berri batera”.

    CIRIEC-Españak komunikazio-proposamen onartua duten ikertzaileei gogorarazten die izena emateko epea uztailaren 20an bukatuko dela. Komunikazioetako testu osoak uztailaren 15era arte bidali behar dira. Gainerako biltzarkideentzat, izena emateko epea irailaren 10ean amaituko da.

    Programa

    Izen-emate buletina

    Iturria: CIRIEC

  • ODISMETek COVID-19ari  buruzko azterketa aurkeztu du

    ODISMETek COVID-19ari buruzko azterketa aurkeztu du

    Joan den uztailaren 10ean, desgaitasunari eta lan merkatuari buruzko Behatokiak “Covid-19ren krisiaren ondorioak ezgaitasunak dituzten pertsonen artean” izeneko ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen.

    Ikerketa honetan, COVID-19 delakoak eragindako krisi sozioekonomikoaren aurrean desgaitasuna duten pertsonen egoera aztertu da, eta aurre egin beharreko oztopoak eta zailtasunak identifikatzen saiatu dira, kolektiboaren gizarteratzea eta bizi-kalitatea bermatuko duten estrategiak aldez aurretik garatzeko.

    Ikerlanaren arabera, desgaitasuna duten pertsonen lanerako agertoki konplexu eta opakoa marrazten da. Hasiera batean, gaur egun okupatuta daudenen %60ak lana gal lezake, kontratuen behin-behinekotasunagatik eta krisiaren ondorio negatiboengatik. Bestalde, langabetuen %12ak dagoeneko beren lana galdu dute bizi dugun egoera ekonomiko zailaren ondorioz. Horrek guztiak kolektiboaren laneratzea errazteko ekintzak garatzeko beharra dakar, marjinazio eta pobrezia egoerak saihestuz.

    Txostena

    Iturria: ODISMET

  • LANE-ren COOP 100-en sinposioa

    LANE-ren COOP 100-en sinposioa

    Lanaren Nazioarteo Erakundearen Kooperatiben Atalaren (COOP) 100. urteurrena ospatzeko, LANEren helburua da gobernuekin, enplegu-emaileen erakundeekin eta langileekin lan egiten duten akademiko eta profesionalak, kooperatibak eta ekonomia sozial eta solidario zabalena (ESS) biltzea, Genevan (Suitza) bi eguneko nazioarteko sinposioa egiteko (azaroaren 16 eta 17).

    Aurkezpenek ingelesez egon behar dute, eta laburpen bat izan behar dute, gehienez ere 100 hitzekoak, 3-5 gako-hitz, 2.000 eta 2.500 hitz bitarteko testu nagusia, erreferentzia osoak, 40 eta 100 hitz bitarteko ohar biografikoa eta autore bakoitzaren helbide elektronikoa. Batzorde zientifiko batek hautatuko ditu dokumentuak. Artikulu bat onartzeak esan nahi du autore batek behintzat prest egon behar duela 2020ko azaroaren 16tik 17ra egingo den dokumentu bat aurkezteko. Sinposiotik aukeratutako lanetatik ateratako bolumen bat editatzea espero da.

    Informazio gehiago (ingelesez), hemen.

    Iturria: LANE

  • “COVID-19aren pandemiak Ekonomia Sozialaren erresilientzia krisiaren aurrean probatuko du berriro”

    “COVID-19aren pandemiak Ekonomia Sozialaren erresilientzia krisiaren aurrean probatuko du berriro”

    Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesus San Josek Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Ekonomiaren Estatistika aurkeztu du. Estatistika hori Ekonomia Sozialaren (kooperatibak eta lan-sozietateak) eta “Ekonomia Sozialaren beste modu batzuen” (fundazioak, erabilera publikoko elkarteak, laneratze-enpresak, enpleguko zentro bereziak eta abar) ohiko moduen jarduera eta bilakaera aztertzen dituzten txostenen artean osatuena da.

    Estatistika txostena eta datuak eskuratzeko, sakatu hemen.

    Prentsaurreko horretan Ekonomia Sozialeko zuzendari Jokin Diazek ere hartu du hitza. Berak Euskadiko Gizarte Ekonomiara bideratutako ezohiko 3 COVID-19 lineen —sektorea sustatzeko laguntzen programa orokorraren barruan kokatuak— irismena azaldu du.

    San Josek esan duenez, orain inoiz baino argiago ikusiko dira Ekonomia Sozialaren alderdiak babesteko —hura osatzen duten erakundeak suspertzeko, sustatzeko eta garatzeko programen eta proiektuen bitartez— Europako erakundeek, oro har, egin duten ahaleginaren emaitzak. “Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatibek eta lan-sozietateek aurreko krisian erakutsi zuten antzeko erresilientzia erakusten badute, aurten euren enpleguetan % 5eko inpaktua jasan dezaketela kalkulatu dugu, baldin eta Euskadiko BPGd-ak aurreikusitako % 8,7 egiten badu behera”, esan du.

    Horren haritik, sailburuak gaineratu du kooperatibetan eta lan-sozietateetan ABEEEn eragina txikiagoa izaten ari dela. “ABEEEak izapidetu dituzten 500 kooperatibak aztertzen baditugu, espedienteek plantillaren erdian, gutxi gorabehera, eragiten dute —10 enplegutatik 5etan—; espediente guztiak kontuan hartuz, berriz, 10 enplegutatik 8tan eraginez”.

    Sektoreko magnitude sozioekonomiko nagusien bilakaerak eta egoerak osatzen dute Maria Jesus San Josek gaur aurkeztu duen Ekonomia Sozialaren Estatistikaren kapitulu zabalena. Bertan, enpleguaren bilakaeraren analisi xehatua egin da sektore-ikuspegitik, lurralde-ikuspegitik, forma juridikoaren, kontratu bidezko harremanaren, eta enpresen tamainaren arabera.

    Analisian beste parametro ekonomiko batzuen bilakaera ere hartu da kontuan, adibidez, fakturazioa, Ekonomia Sozialak eragindako Balio Erantsi Gordina, esportazioen maila eta helburu geografikoa, inbertsio-esfortzua edo enpresek eskuratutako emaitza ekonomikoak.

    Edizio honetan, halaber, emaitzen gaineko ehunekoari lotutako beste parametro bat hartu da kontuan. Parametro hori, kooperatiben kasuan, mozkinen itzulkinean gauzatu da, eta, lan-sozietateen kasuan, dibidendutan.

    Azterketa osatzeko, Ekonomia Sozialeko enpresek hainbat gairen inguruko balorazioarekin lotutako inkestaren emaitzak eman dira. Enpresek gai hauek baloratu dituzte: kanpoko pertzepzio soziala, administrazio publikoek ematen dieten babesa, talentuaren kudeaketa, aplikatzen dituzten kudeaketa-tresnak, gauzatzen dituzten berrikuntza-jarduerak, Berdintasun Planen eta Bateragarritze Neurrien ezartze-maila, soldata-tarteak edo laneko giroa.

    Txostenaren azken zatian “Ekonomia Sozialaren beste forma batzuk” —fundazioak, onura publikoko elkarteak, laneratze-enpresak, enpleguko zentro bereziak, eraldaketarako nekazaritza-sozietateak, arrantzaleen kofradiak eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak— deitutakoen zifra sozioekonomiko nagusiak aurkeztu dira.

    Iturria: Irekia

  • REAS Euskadik bere Ohiko Batzarra ospatu du

    REAS Euskadik bere Ohiko Batzarra ospatu du

    Ekainaren 24an, asteazkenean, REAS Euskadik 2020ko Ohiko Batzarra ospatu zuen. Bere historian lehen aldiz, eta pandemiaren egungo egoera kontuan hartuta, online garatu zen.

    Lehenengo zatian, Batzarrak onartu beharreko dokumentu batzuk aurkeztu ziren, aldez aurretik bidaliak: 2019ko jarduera eta ekonomiari buruzko txostenak eta 2020ko kudeaketa plana eta aurrekontua.

    2019a, txostenak jasotzen duen bezala, jarduera ugari egiteko eta arlo berrietan aurrerapausoak emateko urtea izan zen. Berrikuntza gisa, aipatzekoa da ohiko Ekonomia Solidarioaren Azokaren formatua FEESTA azokara aldatu izana. Barnera begira, azpimarratzekoa da lantalde teknikoaren berrantolaketa-prozesua, Bizigarri diagnostikotik abiatuta, eta, sarearen esparruan, Auditoria Sozialeko adierazleen sorta osoa egitea, bere irakurketa feministarekin. Finantza aldetik, urte positiboa izan da, eta soberakinak erreserbako funts propioen parte izatera pasako dira.

    Hain zuzen ere, horregatik, eta pandemiak eragindako egoera berezia dela eta, 2020ko aurrekontuan ez da aurreikusten urteko kuotak kobratzea, horiek barkatzea onartu baitzen. Kudeaketa-plan horretan, formatu sinpleago batean onartua eta Plan Estrategiko berri bat izan arte, 2019an planifikatutako jarduerak garatuko dira, hala nola Koopfabrika gizarte-ekintzailetzako ibilbidea, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Poloaren – Ekonopoloaren sustapena, erosketa publiko arduratsuko giden edizioa, Latinoamerikako Red Comparte-ren ekonomia solidarioko prestakuntza edo hiztegi baten argitalpena.

    Jakinarazi bezala, urtea amaitu baino lehen aurrez aurreko batzar batera eraman zen 2021-2015 Plan Estrategiko berriaren onarpena eta egungo Zuzendaritza Batzordearen berritzea. Prozesu horiek hasiera batean Ohiko Batzar honetarako aurreikusi ziren.

    Batzarraren bigarren zatian, bertaratutako erakunde guztiek beren egungo egoerari, etorkizuneko aurreikuspenei eta REAS Euskadi bezalako sare batek erantzun beharreko erronkei buruzko iruzkina egin zuten. Une bereziki interesgarria eta hunkigarria izan zen, zailtasun-egoerak eta indartze-egoerak, aurreikuspen ilunak eta itxaropentsuak agertu baitziren. Zerbaitetan adostasuna egon zen: lankidetza eta sareko lana indartzeko premian eta, honelako garaietan, Ekonomia Sozial eta Solidarioa inoiz baino beharrezkoagoa dela erakustean.

    Txostena eta kudeaketa plana hemen

    Iturria: REAS Euskadi

  • Kooperatibismoa enpresa eredu iraunkor gisa onartzea

    Kooperatibismoa enpresa eredu iraunkor gisa onartzea

    Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak (EKGK), hainbat bideo informatiboren bitartez, ahotsa eman die erakunde, unibertsitate eta antolakunde kooperatibo batzuen ordezkariei.

    Bideo horien helburua da aztertzea nola bizi izan duten euskal kooperatibek koronabirusaren krisi hau guztia eta “normaltasun berria”, eta bistaratzea eta azpimarratzea balio kooperatiboek hain aldakorra eta ezin aurreikusiko mundu honetan duten garrantzia handia.

    Batetik, mundu akademikotik datozen EKGKren ordezkari batzuek hartu dute parte:

    • Marta Encisok (Deustuko Unibertsitatea) uste du krisi honek balio eta interes komunez hitz egiteko balio izan diola gizarteari, eta uste du, baita ere, Kooperatibismoa indartuta aterako dela.
    • Ainara Udaondok (Mondragon Unibertsitatea) esaten du protokoloek eta autodoikuntzak oso azkar jarri direla  martxan Kooperatibetan, negozio lerro berriak eta dibertsifikazio aukera berriak
    • Aitor Bengoetxeak (EHU) uste du krisiak enpresa guztiak berdin astindu dituela baina desberdintasuna dela ohiko enpresa batean pertsonak bakoitza bere interesez arduratzen direla. Kooperatiba bat enpresaren eta langileen baterako interesak uztartzen saiatzen da, krisian egon zein ez.

    Bestetik, euskal kooperatibismoaren munduko erreferente batzuek parte hartu dute:

    • Rosa Lavinek (Konfekoopeko presidenta) uste du krisiak gutxiago kaltetu dituela kooperatibak, modu demokratikoan autokudeatzen baitira. Arazo batzuk konpondu egin ahal izan dira modu parte hartzailean egin delako, denok elkarri laguntzea eta elkartasuna helburu edukita. Rosaren ustez, interkooperazio eta elkartasuneko eredu honi jarraitzeak indibidualismoak gainditzea eta denon ongizatea bilatzea ahalbidetuko du.
    • Jokin Diazek (Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendaria) ziurtatzen du Kooperatiba handiek txikiek baino hobeto erantzun dutela krisi honetan, fondoak eta baliabide propioak handitzearen alde egin baitute. Horrek lagundu du epe ertainera eta luzera irauten. Gainera, Kooperatibetan ERTE gutxiago egon dira, lankidetza eta elkartasuneko tresnak erabili Jokinek uste du eredu ona dela, jardunbide egokiak baliatzen dituelako eta iraunkorra delako.
    • Agustin Mendiola (Erkideko zuzendari nagusia) esaten du Elkargiren lana zerbitzu ordezkaezina dela eta euskal ekonomia osoari egiten diola on, oso modu positiboan. Baieztatzen du Covid-19 maileguak deiturikoak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean egiten direnak, erabat beharrezkoak direla, enpresen likidezia arazoak konpontzen laguntzen dutelako, egitura gastuetan eta likidezian dituzten premiak estalita (pertsonal gastuak, alokairuen aseguruak, etab.).

    Bideoak hemen

    Iturria: CSCE