Bloga

  • Ekonomia Sozial eta Solidarioko master ofizialaren ikasturte berriaren irekiera ekitaldia

    Ekonomia Sozial eta Solidarioko master ofizialaren ikasturte berriaren irekiera ekitaldia

    Aurten Irailaren 29an ospatu genuen Ekonomia Sozial eta Solidarioko master ofizialaren ikasturte berriaren irekiera Fakultateko Ekitaldi Aretoan.

    XIII. edizioko ikasle berrien aurrean urtero bezala sarrera hitzaldia antolatu zen, hitz hartze instituzionalen ondoren. Lehen zati honetan Aitziber Etxezarreta GEZKI Institutuko zuzendariak, Ana Beraza Fakultateko dekanaordeak eta Jokin Diaz Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendariak hartu zuten hitza, ikasleei ongi etorria emateaz batera, ikasturte oparoa opa zieten. Bigarren zatian, ESSko hiru esperientziaren ahotik –Goiener, Zabalduz eta ASLE erakundeak- sektoreak egun gehien behar dituen profil profesionalei buruzko hitzaldia izan zen, bereziki azpimarratuz gehien baloratzen diren gaitasun eta konpetentziak. Ekitaldiari itxiera emateko urteroko luntxa eskaini zen Fakultateko kafetegian.   

  • MUGA JAN EDO ELIKATU? ELIKADURA MUGALDEAN, BERTAKOA URRUNEKOA DENEAN.

    MUGA JAN EDO ELIKATU? ELIKADURA MUGALDEAN, BERTAKOA URRUNEKOA DENEAN.

    Garapen Kontseilua eta Pyrène Euro-institutoaren eskutik “Muga jan edo elikatu? Elikadura mugaldean, bertakoa urrunekoa denean” bi eguneko jardunaldi izan zen joan den urriak 16 eta 17, Baionako UPPAn eta Donostiako EHUko campusean, hurrenez hurren. Bertan izan ginen parte hartzen eta ekimena sustatzen GEZKIko hainbat kide. Hemen ekimenaren programa osoa: https://iparralde2040.org/?Imugaelikadura

    Jardunaldiak mugaldeko laborantza eta elikaduraren erronkei buruzko gogoeta eta hausnarketa kolektiboan sakontzea zuen helburu, arlo desberdinetako ikuspegiak gurutzatuz. Hainbat galdera eta hausnarketa mahai gaineratu ziren, besteak beste: mugaz gaindikoak nola lagundu dezakeen trantsizio sozio-ekologikoan; mugaz gaindiko elikadura sistemaren eskala eta horren antolaketari eragiten dioten faktore ekonomiko, geografiko, historiko eta zuzenbideari lotutakoak; euskara ere Kilometro 0 bada!; euskal herriko eskalan lurralde-artekotasunaren hurbiltasunak dituen aukera estrategikoak eta gobernantza erronkak.

    Halaber, jardunaldiak lurra hartu zuen, eta funtzionatzen ari diren ekimen kooperatibo konkretuak ezagutzeko aukera eman zuen eta dispositibo berriak garatzeko proposamenak ere ekarri zituen.

    Egun aberatsak eta lankidetza berriak jorratzeko parada izan genuen, arlo eta bizipen desberdinak gurutzatuz. Gogoetak eta solasaldiak interesgarriak izan ziren, biziki baliagarriak!

  • RULESCOOP-EKO XVIII. KONGRESUA “Gizarteratzea eta Gizarte Berrikuntza, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren protagonistak”

    RULESCOOP-EKO XVIII. KONGRESUA “Gizarteratzea eta Gizarte Berrikuntza, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren protagonistak”

    Gezki Institutuak 2025eko urriaren 23tik 25era Pisan eta Luccan egin den Rulescoopeko XVIII. Kongresuan parte hartu du.

    Kongresua Scuola Superiore Sant ‘Anna unibertsitate erakunde publikoan egin da, non jarduera garrantzitsua garatzen baita ikerketaren eta berrikuntza sozialaren esparruan.

    Aurtengo gai nagusia ekonomia sozial eta solidarioak (ESS) nazio mailan eta nazioarteko hainbat testuingurutan egoera ahulean dauden subjektuak gizarteratzeko eta laguntzeko duen zeregina izan da. RULESCOOP, Euro Latinoamerikako Unibertsitate Sarea Kooperatiben eta Gizarte Ekonomiaren Ikasketetan,  Europako Batzordeak finantzatutako eta 2003 eta 2005 urteen artean gauzatutako ALFA proiektu baten emaitzen ondorioz sortu zen.

    Gaur egun, hainbat herrialdetako 29 unibertsitatetako ordezkariak ditu, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatekoak, Gezki Institutuaren bidez, eta Mondragon Unibertsitatekoak, Lanki Institutuaren bitartez. RULESCOOP Sarearen helburu nagusia ekonomia sozialaren, ekonomia solidarioaren eta kooperatibismoaren arloan lankidetza modu desberdinak ezartzea da, unibertsitateko irakaskuntza, ikerketa eta dibulgazio jarduerak sendotzeko

  • GEZKIREN IKERKETA-LANAK NAZIOARTEKO AITORTZA JASO DU BORDELEN

    GEZKIREN IKERKETA-LANAK NAZIOARTEKO AITORTZA JASO DU BORDELEN

    Bordelen ospatu den CIRIEC International nazioarteko kongresuan, Gezkiko kide diren Aitor Bengoetxea, Enekoitz Etxezarreta, Irune Suberbiola, Jon Morandeira eta Mirene Begiristain ikertzaileek aurkeztutako ponentzia saritua izan da, Emile Durkheim Zentroko Xabier Itçaina (Gezkiko kolaboratzailea) eta Maxime Kieffer ikertzaileekin elkarlanean egindako lanagatik.

    Hain zuzen, lan honek UNTFSSE (United Nations Inter-Agency Task Force on Social and Solidarity Economy) Ana María O’Neil saria jaso du. Elkarlana Euskampus Gizaekolab LTC incubator proiektuaren baitan kokatzen da, eta ponentziaren izenburua honakoa da:

    «Las cooperativas con base comunitaria: ¿una conexión natural? Aprendizajes para la articulación entre cooperativas y comunidad a través del análisis de casos y su gobernanza en México y Euskal Herria».

    Ponentzia hau Gezkik koordinatutako Euskampus LTC Incubator EkosoziLab proiektuaren esparruan hasitako lankidetza-bidearen emaitza da, Gezki eta Emile Durkheim Zentroaren arteko elkarlana sustatzeko helburuarekin.

    Lan hau Gezkiren ikuspegi kritiko eta kolaboratiboaren adibide bikaina da, eta erakusten du gure taldeak nazioarteko mailan ere ekarpen sendoak egiten jarraitzen duela ekonomia sozialaren eremuan.

    Zorionak sarituei!

  • GEZKI ETA ÉMILE DURKHEIM ZENTROAK ELKARLANA SENDOTU DUTE EUSKAMPUS LTC INCUBATOR – EKOSOZILAB PROIEKTUAREN BAITAN

    GEZKI ETA ÉMILE DURKHEIM ZENTROAK ELKARLANA SENDOTU DUTE EUSKAMPUS LTC INCUBATOR – EKOSOZILAB PROIEKTUAREN BAITAN

    Bordelen egin den CIRIEC nazioarteko kongresuan parte hartzea baliatuta, Gezki (UPV/EHU) eta Sciences Po Bordeaux-ko Émile Durkheim Zentroko kideok elkarlanaren jarraipen eta dinamizazio bilera egin genuen, Euskampus LTC Incubator – EkosoziLab proiektuaren esparruan.

    Topaketaren helburua egindako bidea baloratzea izan zen, eta hurrengo urratsak zehaztea. Lehen urtean, proiektua sareak sortzera eta bi erakundeetako ikertzaileen arteko harremanak sendotzera bideratu zen. Horren ondorioz, bi lan-talde eta bi ponentzia sortu ziren, nazioarteko kongresuan aurkeztu zirenak, eta horietako bat aipatutako CIRIEC International kongresuan saritua izan da Nazio Batuetako UNTFSSE Ana María O’Neil sariarekin.

    Orain, Euskampus-en berritze prozesuaren zain, asmoa orain arte egindakoa sendotzea da, eta emaitza zientifikoetan sakontzea, artikulu eta monografia akademikoen bidez, nazioarteko aldizkarietan argitaratzeko helburuarekin.

    Pixkanaka sendo ari den lankidetza da hau, Bordele eta Euskal Herriko erakundeen arteko zubi akademiko eta soziala indartzen duena, eta Gezkiren nazioarteko ikuspegia berresten duena ekonomia sozial eta kooperatiboaren garapenaren alde.

  • GEZKI BORDELEKO CIRIEC 2025 NAZIOARTEKO KONGRESUAN

    GEZKI BORDELEKO CIRIEC 2025 NAZIOARTEKO KONGRESUAN

    Urriaren 27tik 29ra Bordelen egin zen Ekonomia Sozialari buruzko Nazioarteko Ikerketa Kongresuaren 10. edizioa, CIRIEC International eta Chaire TerrESS (Sciences Po Bordeaux) erakundeen eskutik, «Ekonomia Sozial eta Solidarioaren papera trantsizio sozio-ekologikoan» lelopean.

    Munduko hainbat lekutako 400 ikertzaile baino gehiago bildu ziren, besteak beste Maryline Filippi, Carmen Marcuello, Rafael Chaves eta Pavlina Tcherneva bezalako erreferentziekin, trantsizio justua, politika publikoak eta berrikuntza soziala aztergai zituzten saioetan.

    Gezki – Zuzenbide Kooperatibo eta Ekonomia Sozialaren Institutuak ordezkaritza zabala izan zuen, ponentzia eta moderazio lan ugarirekin.

    Gezkiko kide eta kolaboratzaileen ponentziak:

    1. “Análisis del emprendimiento cooperativo en la CAPV desde una perspectiva feminista” – Aitziber Etxezarreta, Artitzar Erauskin, Mirene Begiristain, Julen Izagirre, Xuban Diez.
    2. “Democratizing governance in multinational cooperatives” – Anjel Errasti eta Jon Las Heras.
    3. “Las cooperativas con base comunitaria: ¿una conexión natural? Aprendizajes para la articulación entre cooperativas y comunidad a través del análisis de casos y su gobernanza de México y Euskal Herria” – Jon Morandeira, Mirene Begiristain, Aitor Bengoetxea, Enekoitz Etxezarreta, Xabier Itçaina, Maxime Kieffer, Irune Suberbiola (ponentzia saritua).
    4. Las Entidades de la ESS y la coconstrucción de las políticas públicas: enseñanzas de la acción pública local/global procedentes de 4 estudios de caso” – Eusebio Lasa, Marion Pouzoulet, Aratz Soto, Luis Miguel Huarte, Timothée Duverger.
    5. “The Role of the Third Sector of Sport in the Sport System: A Systematic Literature Review with Active Stakeholder Engagement” – Luken Carbayeda Urruzola, Alberto Díaz de Junguitu.
    6. “Un nouveau cycle coopératif? Pour une socio-histoire comparée des dynamiques coopératives en Pays basque espagnol et français” – Miguel De la Fuente, Xabier Itçaina.

    Gainera, Gezki-ko kideek (Aitziber Etxezarreta; Anjel Errasti y Xabier Itçaina) saio paralelo desberdinak moderatu zituzten, gizarte ekonomiaren inguruko gai anitzak jorratu zituztenak.

    Kongresuak aukera paregabea eman zuen nazioarteko lankidetzak sendotzeko eta ekonomia sozialaren inguruko euskal ikerketaren presentzia indartzeko. Esperientzia bizi eta inspiratzailea, Gezki-ren lana munduko sare akademikoan gero eta ikusgarriago egiten duena… lagunarteko giroan.

  • PRESTAKUNTZA BIDEAN DAUDEN IKERTZAILEAK UPV/EHUn KONTRATATZEKO 2025 II DEIALDIA

    Deialdi honen xedea da ikertzaileak prestatzea UPV/EHUn doktore titulua lortzera bideratuta, deialdi honen 1. Eranskinean deskribatutako doktore proiektuaren proposamen zientifikoetakoren bati modu unibokoan lotuta.

    Eskabideak aurkezteko epea 2025eko urriaren 31tik 2025eko azaroaren 13ra bitartekoa izango da (biak barne).

    Código: Proyecto 12
    Izenburua
    : Gizarte Ekonomia Euskal Autonomia Erkidegoan – SZKNMK

    Kontratatutako pertsonak egin beharreko zereginak:

    OVES/GEEB_Gizarte Ekonomiaren Euskal Behatokiaren kontsolidazioa eta garapena – Arlo Sozioekonomikoa

    Código: Proyecto 13
    Izenburua
    : Gizarte Ekonomia Euskal Autonomia Erkidegoan – JRDK

    Kontratatutako pertsonak egin beharreko zereginak:

    OVES/GEEB_Gizarte Ekonomiaren Euskal Behatokiaren kontsolidazioa eta garapena – Arlo Juridikoa

  • Gizarte Ekonomiako Ikertzaileen Topaketa: Teoria eta Praktika uztartuz

    Gizarte Ekonomiako Ikertzaileen Topaketa: Teoria eta Praktika uztartuz

    Ekainaren 17an, GEZKI Institutu eta UEUren artean antolaturiko “Gizarte Ekonomiako Ikertzaileen Topaketa: Teoria eta Praktika uztartuz” gauzatu zen. Topaketa Eibarren egin zen, Markeskoa Jauregian, eta bere helburua Gizarte Ekonomiaren esparruan ikertzen diharduten agenteak elkartu eta euren arteko elkarrizketa piztea zein elkarguneak arakatzea izan zen (bai Unibertsitateetatik, baita sektorean esparru praktikotik ere).

    Helburu horrekin, goizeko jarduna lau atal handitan banatu zen: lehenik, Euskal Herriko Unibertsitateen ordezkaritzan, bost ikertzaileren aurkezpena (EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Bordeleko Unibertsitatea).

    Bigarrenik, Ikerketa aplikatuan eta sektorean dauden ikertzaileek izan zuten beraien lan-ildoak aurkezteko espazioa, eta erakunde hauen parte-hartzearekin: Farapi, Zabalduz, Goiener eta Hiritik at).

    Hirugarren atalean, kafe-tarte zabal baten aitzakian hamaika POSTER  aurkeztu eta komentatzeko espazioa sortu zen.

    Eta azkenik, lau lan-talde eratu ziren, eta bertan, aurreko espazioetan azalerazitako lerroen arteko bidegurutzeak eta kolaboraziorako tarteak arakatu ziren, emaitza aberatsak jasoz eta partekatuz saio honen bukaeran.

  • Kolonbia eta Euskal Herriko Unibertsitateen arteko trukea

    Kolonbia eta Euskal Herriko Unibertsitateen arteko trukea

    Joan den ekainaren 25ean eta 26an, GEZKIk Juan David Soler bisita jaso zuen, Kolonbiako Caliko ICESI Unibertsitateko Negozio eta Ekonomia Fakultateko irakaslea, Enpresa Ekintzailetza eta Spin-Offetako burua, baita Negozio Garapeneko Hub-aren arduraduna ere.

    Bisitaren helburua bi erakundeen arteko trukea gauzatzea eta euskal kooperatibismoaren arloan sakontzea izan zen. Ekainaren 25ean, Gipuzkoako Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoak egin zuen harrera, eta Nazioarteko Harremanetarako dekanoordeak fakultatean zeharreko bisita gidatua eskaini zuen. Ondoren, GEZKI institutuko zuzendaritzarekin bilera bat egin zen, kooperatibismoaren inguruko lankidetza-ildo posibleetan sakontzeko.

    Amaitzeko, ekainaren 26an euskal kooperatibismoan sakontzeko aukera izan zen, Euskadiko Kooperatiben Kontseilura (kooperatibismoa sustatzeko erakunde publiko gorena) eta Konfekoopera (euskal kooperatibismoaren ordezkari nagusia) egindako bisiten bidez.

  • Doktorego-tesi aurkezpena

    Doktorego-tesi aurkezpena

    Lankidetzazko gobernantzaren ekarpena inklusio politiken artikulazioan: Beterri-Buruntza eskualdeko enplegu sozialeko ekosistemaren kasu azterketa

    Ekainaren 24an GEZKI Institutuaren baitan eginiko doktorego-tesi bat irakurri zen, hain zuzen ere, Andoni ZULAIKA ARRIAGA doktore berriarena. Tesiaren izenburua, “Lankidetzazko gobernantzaren ekarpena inklusio politiken artikulazioan: Beterri-Buruntza eskualdeko enplegu sozialeko ekosistemaren kasu azterketa” eta zuzendariak, Feliz Arrieta Frutos (Deustuko Unibertsitatea) eta Enekoitz Etxezarreta Etxarri (EHU – GEZKI) izan ziren.

    Tesi-defentsan tesiaren atal nagusienak laburbildu ziren. Sarrera eta tesiaren egitura orokorra azaldu ondoren, marko teorikoan, gizarte-bazterkera eta inklusioa, tokiko giza garapena, Ekonomia sozial eta solidarioa eta inklusio politiken gobernantza aurkeztu ziren. Azken atalean, berriz, landa lana eta ondorio nagusiak azaldu ziren. Horren ostean, epaimahaikideek hainbat aipamen eta ohar interesgarri egin zizkioten; milesker Xabier Itzaina, Mari Jose Aranguren eta Xabier Gaintza epaimahaikideei eta zorionak Andoni!