Eusko Legebiltzarrean ordezkatutako talde politiko guztiek hartu zuten parte.
Bilera aurretik, Gizarte Ekonomiako entitateen fiskalitateari buruzko Mintegi Tekniko bat ospatu zen.
Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak burutu duen Euskal Gizarte Ekonomiaren Egoera Txostenak, 2011ean BASE kopurua %1,14 murriztu arren elkartu kopurua %2,25 gora egin duela agerian uzten du.

Ekitaldiari hasiera eman zioten Eusko Jaurlaritzako Gizarteko Ekonomiako zuzendari Maria Ubarretxenak, Zuzenbide fakultateko Kalitate, Berrikuntza eta Irakaslego departamentuko dekanorde Juana Goizuetak, CIRIEC-Espainiako presidente José Luis Monzónek eta GEZKIko zuzendariorde Marco Antonio Rodrigok.
Hitzaldi-eztabaidan parte hartu zuen Andrés Aberasturi kazetari eta idazleak. Egun OTR Press (Europa Press) agentziako zutabegilea da eta tertulia anitzetan parte hartzen du. Aberasturik solaskide izan zuen ekitaldian Rafael Calvo Ortega ministro ohia. Adolfo Suarezek zuzendutako UCDren Gobernuan parte hartu zuen Lan Ministerioaren buru gisa 1978 eta 1980 urte artean, eta 1987 eta 1994 urte bitartean Europar Legebiltzarreko diputatua izan zen CDS alderdi politikoaren ordezkari gisa. Gainera, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Finantza eta Zerga Zuzenbideko katedraduna da eta Jurisprudentziako eta Legegintzako Akademia Errealeko kidea da; eta Gizarte Ekonomiarekin lotura dauka Ministro izan zen garaitik 2012an FUNDIBESeko lehendakari izendatu zuten arte.
Andrés Aberasturi kazetari eta idazleak Rafael Calvo Ortegaren hitzaldiko gaia aurkeztu zuen Europar Batasunaren iraganarekiko, orainarekiko eta etorkizunarekiko eszeptizismo puntu batekin. Calvo Ortegak EBren eta berau osatzen duten erakundeen jatorria azaldu zuen, eta organizazioak izan duen garapena modu kritikoan aztertu zuen. Europar Batasunak aurrera egin ahal izateko Gizarte Ekonomia kontuan hartu behar duela baieztatu zuen. Ondoren, eztabaidaren txanda ireki zuten, Andrés Aberasturik zuzenduta.
Aurkezpenaren eta Hitzaldiaren bideoa
Eztabaidaren bideoa
Iturria: GEZKI eta CIRIEC-España

Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak ezinbestekotzat jo du antzeko helburu eta ezaugarriak dituzten beste ikaskuntza eta ikerketa erakunde batzuekin lankidetza akordioak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Ekonomiaren jardueraren identifikazio eta kuantifikazio funtzioak betetzeko asmoz.
Zentzu horretan, CIRIEC-Espainia erakundearen barne dagoen Gizarte Ekonomiako Espainiako Behatokiak irizpide bera jarraitzen duenez, honako akordioak adostu dituzte:
1. Elkarren artean ekintzak antolatzeko eta gauzatzeko batzorde bat osatzea.
2. Euren ikerkuntza eremuen inguruko datuak partekatzea, bi alderdien arteko informazio trukaketa erraztuz.
3. Gizarte Ekonomiaren sektoreari buruzko ikerketa eta azterlan batzuk elkarrekin gauzatzea, interesgarria deritzotenean.
4. OVES/GEEBek euskal Gizarte Ekonomiari buruzko datuak erraztuko dizkio Gizarte Ekonomiako Espainiako Behatokiari eta, alderantziz, espainiar erakundeak bere lan-esparruko datuak -Euskadikoak, estatu mailakoak zein nazioartekoak- eskainiko dizkio OVES/GEEBri, azken honek interesa duenean.
Modu horretan, GEZKIk eta CIRIEC-Espainiak elkarren artean kolaboratzeko interesa formalki islatu dute. Bi erakundeon barne dauden behatokien bitartez euren jarduera eta ikerketa eremuak partekatuko dituzte.

Hain zuzen ere, kooperatiba eta lan-sozietateetan (mugatuak edo anonimoak), bazkide-langile direnek duten harremana dagokion kooperatiba edo lan-sozietatearekin, bertako bazkide izanik eta bertan lan eginez, bitariko izaerakoa da, aldi berean harreman sozietarioa eta laborala gauzatzen direlako. Estatus juridiko konplexu honek gatazka juridiko-laboralak eragiten ditu.
Hori dela eta, GEZKItik antolatu duen mintegiak bi zati ditu. Lehenak, kooperatibetan eta lan-sozietateetan diharduten bazkide-langileen lan-arloko eta gizarte segurantzako harremanen esparru juridikoa aztertuko du, eta hizlaria Sylvia Gay Herrero Irakaslea izango da. Bigarren zatian, azken aldian gaiari buruz egon den jurispudentzia aztertu zen, eta hizlaria Gotzon Gondra Elgezabal izan zen, aipaturiko gaian abokatu aditua.
Azpimarra daiteke duela gutxi egon den kasua, kooperatiba bateko bazkide- langile batzuei derrigorrezko baja aplikatzen dienean kooperatibako asanbladak arrazoi objektiboengatik (ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak, edo ekoizpenekoak). Egitateak lan zuzenbideko kaleratze objektiboaren oso antzekoak izanik, (baita ere arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntzako, edo ekoizpenekoengatik), bazkide- langileek lan-zuzenbideak aurreikusten duen kalteordaina eskatu zuten, lanurte bakoitzagatik soldatako 20 egunekoa.
Kasua, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko 2609/2012 epaiak ebatzi du, urriak 30ekoa. Bertan, Auzitegiak demandantzaileen eskaeraren aurka ebatzi du, zuzenbide eta printzipio kooperatiboak aplikatu behar direla esanez, eta ez dela aplikatu behar, ez zuzenean eta ezta ere analogiaz, lan-zuzenbidea.
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak babestu zuen Unibertsitate Mintegia.
Iturria: GEZKI

Mintegia Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak eta Baleren Bakaikoa GEZKI/UPV/EHU institutuko zuzendariak aurkeztu zuten. Jardunaldiaren sarrera egin ondoren, hiru euskal unibertsitateetako ordezkariek hartu zuten hitza: Saioa Arando MIK Mondragon Innovation Knowledgeko Koordinatzaile Zientifikoak, Alberto Atxabal Deustuko Unibertsitateko IEC Ikerketa Kooperatiboen Institutuko kideak eta Aitor Bengoetxea UPV/EHUko irakasle eta GEZKIko idazkariak. Guztiek euskal gizarte ekonomiaren garrantzia nabarmendu zuten unibertsitate ikuspuntutik begiratuta, eta sozioekonomia, legegintza zein ordezkaritza instituzionaleko alderdiak landu zituzten.
Jarraian, legebiltzarkideen tartea irekitzeko, Javier Carro Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunaren Batzordeko presidenteak eta Gloria Sanchez Lan, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordeko presidenteak hitz egin zuten. Legegintzaldiz legengintzaldi euren batzordeetan gizarte ekonomiak izan duen garrantzia azaldu zuten. Ondoren, legebiltzarreko taldeetako ordezkarien txanda izan zen, eta banan-banan talde bakoitzak bere ikuspegitik euskal gizarte ekonomiak nolako garrantzia duen aztertu zuen. Felix Urkolak (Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos) hartu zuen hitza lehenik, eta gainontzeko taldeetako ordezkariek jarraitu zioten: EH Bilduko Xabier Isasik, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko Bixen Itsasok eta Populares Vascos-Euskal Popularrak taldeko Carmelo Barriok, hurrenez hurren. Ez ziren, ordea, parte hartu zuten legebiltzarkide bakarrak izan, gaian interesa duten beste legebiltzarkide batzuk ere bertaratu ziren entzutera.
Aurkezpenen ondoren, eztabaidarako tartea ireki zuten, eta Marco Antonio Rodrigok, GEZKIko zuzendariorde eta UPV/EHUko katedratikoak, gidatu zuen. Hainbat galdera egin zizkien mintegian parte hartu zutenei.
Gloria Sanchez, Baleren Bakaikoa eta Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomia eta Enpresen Gizarte Erantzukizunaren departamentuko zuzendariaren hitzekin bukatu ziren jardunaldiak. Mota horretako topaketa gehiago antolatzeko eskatu zuten.
Iturria: GEZKI
E10 mintegiak 20 ordu iraungo ditu eta euskaraz izango da. Miramar Jauregian egingo da irailaren 4 eta 5ean. Jardunaldi horien helburua da pertsonen parte-hartzean oinarritutako enpresa-antolaketa eredu berriei arreta ematea, Gipuzkoako errealitatetik abiatuz eta beste eredu batzuekin alderatuz.