Egilea: oves-geeb

  • Zatoz maiatzaren 23an, osteguna, “Eraiki utopia: Etxebizitza kooperatiboari buruzko katalogoa eta dokumentala” jardunaldira

    Zatoz maiatzaren 23an, osteguna, “Eraiki utopia: Etxebizitza kooperatiboari buruzko katalogoa eta dokumentala” jardunaldira

    Erabilera-lagapenean dagoen kooperatiba-etxebizitzari buruzko jardunaldi berezi batean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, “Eraiki utopia: Etxebizitza kooperatiboari buruzko katalogoa eta dokumentala” aurkezpenetik abiatuta. Bertan, etxebizitza kooperatiboen sustapenetan bizi diren hainbat komunitateren adibideak biltzen dituen liburua aurkeztuko da, sektoreko adituengandik ikasi eta antzeko profesionalekin harremanetan jarri.

    Data: osteguna, 2024ko maiatzaren 23a

    Ordua: 17:30

    Lekua: Joxe Mari Korta Zentroa – Gipuzkoako Campusa UPV/EHU

    “El Tinglado” kolektiboak sustatu du ekimen hori. Jardunaldia GEZKI-EHUko Zuzenbide Kooperatiboaren eta Ekonomia Sozialaren Institutuak antolatuko du, eta Koobizitza, REAS Etxebizitza eta ELKARBIDEAN Elkarlaneko Etxebizitzen Elkarteak hartuko dute parte.

    El Tinglado taldea gizarte-eraldaketarekin eta bizitzeko moduko espazioak sortzearekin konprometitutako arkitektura-taldea da, pertsonen bizi-kalitatea hobetuz eta bizi garen ingurunea zainduz. Zehazki, “Etxebizitza kooperatiboan bizitzeko moduak” ikerketa-proiektu bat da, 2021ean hasi zena, Espainian erabilera-lagapenean dagoen etxebizitza kooperatiboaren eredua ezagutarazteko. Horretarako, ekimen kooperatiboetan bizi diren hainbat komunitateren zuzeneko testigantzak (ikus-entzunezkoak zein idatziak) biltzen dituen dokumentala eta katalogo-liburua argitaratu dituzte. Proiektua Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak, GOTEOk eta Bartzelonako Udalak finantzatu dute.

    Mahai-ingurua egingo da jardunaldian. Parte-hartzaileak: Mikel Pau Casado, El Tinglado taldekoa, Rubén Méndez, REAS Vivienda, Santi Merino, legelaria eta Ixabel Fernández, Elkarbidean taldekoak.

    El Tinglado taldearen proiektuari buruzko informazio gehiago hemen

    Iturria: OVES-GEEB

    Irudia: Iñigo Aramburu

    Kartela: Laura Cochón

  • GEZKIk UIKeko bi udako ikastaro antolatu ditu

    GEZKIk UIKeko bi udako ikastaro antolatu ditu

    Ekainaren 28an, GEZKIk antolatutako “Ekonomia soziala eta solidarioa eta estatua: politika publikoetatik harago; aliantza estrategiko baterantz” udako ikastaroa egingo da Donostian. Bestalde, uztailaren 15ean eta 16an, GEZKIk Mugarik Gabeko Ekonomialariekin eta EHUko Ekonomia Aplikatua Sailarekin batera antolatutako “Ekonomia Kritikoa Ekintzan II: ezagutza plurala eta eraldatzailea” ikastaroa egingo da Bilbon.

    Dagoeneko zabalik dago UIKeko udako ikastaroetan matrikulatzeko epea!

    Alde batetik, ekainaren 28an Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea eta Estatua: politika publikoetatik haratago; aliantza estrategiko baterantz ikastaroa egingo da. Azkenengo urteotan, Ekonomia Sozial eta Eraldaitzaileren (ESE) aldeko politika publikoak indartzen joan dira, “mono-eraikuntza estatala” ikuspegi batetik ko-eraikuntza eredu batera aldatuz. Horri esker, ESEko enpresa eta eragileen partaidetza handitzen joan da, politiken planifikazioan baita ebaluazioan ere (Vaillancourt, 2011).

    Hori dela eta, instituzio publikoak eta ESEko eragileen arteko elkarlana egiteko esperientzia berriak azaleratu dira, sostengu tradizionalatik haratago joanez. Agente politiko eta sozio-ekonomiko ezberdinen arteko aliantza estrategiko bat aldarrikatu da, Ekonomia Sozial eta Eraldaitzailea erdigunean jartzeko. Uda Ikastaro honetan, esperientzia berri hauetan oinarrituz irakaspenak atera nahi ditugu, beren erronkei buruz hausnartuz eta beste lurralde batzuetan erreplikatzeko potentzialitateen inguruan eztabaidatuz. Garapen Iraunkorreko Helburuetako bat aintzat hartzen dugu ikastaro honetan: ekoizpen eta kontsumo arduratsua.

    Helburu nagusiak hurrengoak izango dira: ESE eta erakunde publikoen arteko aliantza estrategikoa aldarrikatzen duten proposamen teorikoen inguruan eztabaidatzea; beste herrialdeetan dauden aliantza estrategikoaren esperientziak ezagutaraztea; Euskadi mailan dauden hainbat esperientziei buruz hausnartzea, lortutako aurrerapenak eta aurretik dituzten erronkak mahaigaineratuz.

    Ikastaroari buruzko informazio gehiago hemen

    Bestalde, uztailaren 15 eta 16an “Ekonomia Kritikoa Ekintzan II: ezagutza plurala eta eraldatzailea” egingo da Bilbon. XXI. mendeko hirugarren hamarkada inauguratzeko erabili ditugun gertaera globalek ekonomia politikoaren esparruan ahal denaren adostasuna hautsi dute. Salbuespenezko neurriek, gobernuek zabaldutako baliabideen kopuru izugarriak eta industria-politiken itzulerak ekonomia aztertzeko garai berri bat iragartzen dutela dirudi. Gure diziplina zabaltzeko eta aberasteko erronka horri aurre egitea premiazko lana da. Klima-aldaketari eta planeten mugei aurre eginez, interbentzionismoa eta gobernuaren plangintza edo eragile ekonomikoekiko merkatu-pizgarriak? Garapen-agenda zuzena eta birbanaketa globala onartzen badugu, zer zeregin izan behar du Mendebaldeak eta zein dago Hego Globaleko eskualdeak osatzen dituzten herrialdeentzat erreserbatuta? ; krisi anizkoitzeko testuinguru batean, sistema kapitalistak berma al dezake gizarte-ugalketa? Eztabaida horiek eta beste batzuek pentsamendurako jokaleku emankorra planteatzen dute, baina, askotan, orain arte mundu osoko fakultate eta institutuetan ekonomia aztertzeak izan duena gainditzen dute. Hori ikusita, premiazkoa da diziplina irekitzea, beste paradigma batzuk sartzeko, ezagutzaren beste arlo batzuekin batera, mende honek planteatzen dizkigun erronkei aurre egiten laguntzeko. Gizarte-zientzietako aniztasunaren alde lan egiten duten ikasleen erakundeek eta nazioarteko think-tankek lagunduta, Ekonomia Kritikoaren Uda Ikastaro hau ekonomia edo ekonomia politikoaren nozioa eraikitzen aurrera egiteko diseinatu da, honaino ekarri dizkiguten fenomeno sozialak, historikoak eta naturalak ulertzeko eta horiek nola gainditu pentsatzeko.

    Informazio gehiago ikastaroari buruz hemen

    Matrikulazioa hemen

    Iturria: UIK

  • Olatukoop, hamar urte lanean denontzako bizitza oparoagoaren alde

    Olatukoop, hamar urte lanean denontzako bizitza oparoagoaren alde

    Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak ere ez dira edonolakoak, ekonomiaren balio demokratikoetatik abiatuta eta pertsonak erdigunean jarrita, lurraldean erroturiko proiektuak bultzatzea, besteak beste.

    Krisi sakon batek gogor kolpatuta, Euskal Herriko errealitate ekonomiko eta soziala guztiz desberdina zen 2014an, sei urte atzeragoko garaiekin konparatuz gero. Langabeziaren gorakada itzela, enpresen itxiera etengabea, etxe kaleratzeak… Herritarrek euren haragitan bizi zituzten murrizketak eta bankuen “erreskateak” ekarritako ondorioak. Hemerotekari begirada bat ematea nahikoa da egoeraz jabetzeko.

    Ordura arteko errelatoak agintzen zuen ikasi ondoren lana aurkitu behar zela, baina “igogailu sozialaren” ideiak kiebra jo zuen. Abagune horretan, hainbat jendek erabaki zuen bere esperientzia laboraletik eta gaitasunetik abiatuta autoantolaketari ekitea, lan merkatuak jadanik ez zituelako asetzen. Denbora gutxian kooperatiba sorreren tasa hirukoiztu egin zen Euskal Herrian, hala gogoratzen du Talaios kooperatibako kide Beñat Irasuegik: “Gaur egun ere tasa hori mantentzen da, eta seguruenik krisiak hor jarraitzen duen seinale da hori”. Bere ustez, lanaren prekarizatzea da sintoma nabarmenena, “jende bati pizten dio autoeraketarako gogoa, nahiz eta kontrako efektua ere badagoen, segurtasun laboralaren bila administraziora jotzen dutenena adibidez”.   

    Hamarkada honetan sareak egindako ibilbidea ez da beti aurrez pentsaturiko estrategia baten emaitza izan. Intuizioak eta barruko logikek ere markatu dute norabidea

    2014an hainbat sektoreren pribatizazioa ere gertatu zen, telekomunikazioaren arloan, energiaren sektorean, finantzetan… Eta aldiz, beste izaera bateko proiektuak jarri ziren martxan. Hor kokatu behar dira Goiener, Koop57 edo Fiare. Osagai horiek guztiek hauspotu zuten ekonomia eraldatzailearen eta olatu kooperatibo berriaren txinparta.

    “Guk kooperatibismoaz ez genekien ezer, baina oinarrizko ideia bat genuen: lan egin nahi genuen batez ere gurea bezalakoak ziren beste kooperatibekin”, gogoratzen du Irasuegik. Horrez gain, une haietan Kataluniako Coop57ren inguruko jende bat ere elkartzen hasita zegoen, esperientzia hura Euskal Herrira ekartzeko asmoz, baina masa kritikoa behar zen horretarako. Kinka horretan erabaki zuten interneten deialdi ireki bat egitea sare bat sortzeko helburuarekin. Horrela sortu zen Olatukoop, Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sarea, 2014ko maiatzaren 14an.

    Hasieran zortzi-hamar enpresa zirena, gaur egun Euskal Herri osoko 60 enpresa edo erakunde baino gehiagoko sare zabal bat da, bazkide, kide eta lurralde-sareen artean. Hamaika proiektu eta egitasmotan parte hartzen du eta ekonomia eraldatzailearen bueltan lanean diharduten lurralde nodoak ere gero eta gehiago dira. Olatukoop ezinbesteko erreferentzia bilakatu da, bai merkatuaren kanibalismotik harago, bai Mondragonen ereduari jarraitzen dion kooperatibagintzatik harago, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bidez bestelako alternatiba bat eraiki nahi duten eragile eta erakunde askorentzat.

    “Eraldatzaile” hitza da hemen gakoa. Katalunian ekonomia “solidarioak”  duen esanahia Euskal Herrian ez dela berdin ulertzen jakinda –sarritan GKEn asistentzialismoari lotuta egon baita–, beste kontzeptu politiko bat proposatu zuen ekonomiaren bueltan “konspiratzen” ari zen taldetxo batek: Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE).

    Funtsean, lana eta bizitza uztartzean datza ekonomia mota hori, baina indarrean dagoen sistema ekonomikoa eta gizartea eraldatzeko helburuarekin: “Behetik gorako izaera ere islatu nahi du, herrigintzatik datorrena eta puntu militante bat duena”, dio Lakari kooperatibako Leire Udabek. Bere esanetan, ekonomia eraldatzaileak duen “plusa” da lanari bestelako zentzu bat eman eta bizi-proiektu bezala ulertzen duela, ikuspegi produktibistatik harago. Irasuegik ere lana “birkokatzearen” garrantzia azpimarratu du, momentu batean alde batera uzten ari zelako.

    Urteurrena behar bezala ospatzeko asmoa dute, maiatzaren 18an Donostian antolaturiko festa batekin. Baina aurretik, maiatzaren 14an, ekitaldi politikoa egin zuten Iruñean. Aurrera begirako erronkak azaltzeaz gain, berriki eguneraturiko Oinarri Irekiak aurkeztu zituzten. Karta horretan, hitz egiten da bizitzaren bizigarritasunaz eta ekonomia eraldatzaileaz, baita ekonomia kooperatiboaz ere, eta (trans)feministaz, euskaldunaz, antiarrazistaz… Hitz egiten da lanaren burujabetzaz, erabakitzeko prozesuen kontrol kolektiboaz, interkooperazioaz, lurralde eraldaketaz eta ondare komunaz… Eta iraunkortasun ekologikoaz ere, noski, hitz egiten da.

    Iturria: Argia

  • REAS Euskadi:“Gizarte-ikuskaritzako kanpainaren”edizio berria

    REAS Euskadi:“Gizarte-ikuskaritzako kanpainaren”edizio berria

    Sareko entitateek datuak jasotzeko epea ireki da. Beraz, maiatzaren 15etik ekainaren 14ra, “Auditoria soziala: ondo jokatu zure kartekin” lelopean, REAS Euskadik kanpaina jarriko du abian, eta sareko 116 erakunde bazkideek eta erakunde laguntzaile batzuek hartuko dute parte.

    Ekonomia Sozial eta Solidarioko erakundeak, datorren hilabetean, oinarrizko sei printzipioen lorpen-mailaren autoebaluazio-prozesuan murgilduko dira: ekitatea, lan duina, ingurumen-jasangarritasuna, lankidetza, ingurunearekiko konpromisoa eta aberastasunaren bidezko banaketa.

    Datuak bildu eta araztu ondoren, sareko talde teknikoak 120 inguru erakunderen auditoriak aztertuko ditu horretarako sortutako batzordean. Balorazio ona duten erakundeek Auditoria Sozialaren zigilua jasoko dute, 2022an ezarritako ziurtagiria, alegia. Zigilu hori funtsezkoa da merkatu sozialean sartzeko, hau da, Euskadiko REASek orain dela hamarkada bat baino gehiagotik Ekonomia Sozial eta Solidarioko produktuak zein zerbitzuak merkaturatzeko bultzatutako plataforma.

    Karta-sortako batekoa da! Komodin horri esker, Merkatu Sozialean sartzeko jokaldi bikaina prestatuko dute. Datuak biltzeko prozesua zehatza denez, 100 adierazle baino gehiago hartu dira kontuan, eta 40 galderako inkesta egingo zaie erakundeetako soldatapeko langileei zein boluntarioei. Edonola ere, zigiluaren lorpenetik haratago, ekimen honek hainbat eta hainbat onura eskaintzen ditu.

    Batez ere, oso lagungarria da ekonomia solidarioko sei printzipio gidarien inguruko atxikimendu-maila neurtzeko orduan. Horrez gain, erabilitako tresna informatikoari esker, bezeroei, hornitzaileei, bazkideei eta beste alderdi interesdun batzuei modu bisualean emango zaie emaitzen berri.

    Barne-mailan, lortutako datuak funtsezkoak dira erakundearen ekintza estrategikoak modu eraginkorragoan aztertzeko eta antolatzeko. Azkenik, baina garrantzitsua ere bada, erakunde guztien datuak bateratzean, sektorearen indarren nahiz ahulezien ikuspegi globala ere lortuko dugunez, nagusi den eredu ekonomikorako alternatiba bideragarri moduan aurkeztu ahal izango dugu. Horrela, karta-sorta ikusi ahal izango dugu oso-osorik, eta osagai dituen kartak zein diren jakingo dugu.

    Iturria: REAS Euskadi

  • prESStatzen itxiera ekitaldia: proiektu ekintzaileak ezagutzen

    prESStatzen itxiera ekitaldia: proiektu ekintzaileak ezagutzen

    Sinestezina da denbora nola doan: hiru hilabete igaro dira jada PrESStatzen programaren hirugarren edizioa hasi zenetik. Ekonomia Sozial eta Solidarioaren esparruan proiektu ekintzaileak babesteko eta sustatzeko diseinatu da programa hori.

    Pasa den maiatzaren 14an, edizio honi amaiera emateko, Demo Day ospatu zuten. Azken ekitaldi horretan, ekimen parte-hartzaileak aurkeztu ziren, eta aldi horretan zehar izan duten bilakaera ikusi ahal izan zen.

    REAS Euskadik eta Bilbao Ekintzak bultzatuta, programak 11 prestakuntza- eta networking-saio eskaini ditu, parte-hartzaileek ESSren testuinguruan ekiteko dituzten trebetasunak indartzeko. Beren negozio-ereduak berrikustetik hasi, gizarte-, ingurumen- eta genero-inpaktuak identifikatuz, eta beren proposamenak eskuragarriago egiteko ekintzak eta tresnak garatzeraino, ekintzaileek hainbat alderdiri buruzko gogoeta egin dute, proiektu jasangarriak eta eraldatzaileak abian jartzeko.

    Gainera, edizio honek ESSko 9 adituren babesa izan du, eta aholkularitza pertsonalizatua eskaini dute ekimenak abiarazteko, guztira 200 ordu baino gehiagoko aholkularitza emanez.

    Parte hartu duten proiektuei dagokienez, aurten hainbat sektoretako 10 ekimen izateko pribilegioa izan dute, hala nola osasun mentala, integrazio soziolaborala eta aholkularitza ekologikoa. Gainera, prestakuntza-zerbitzuen lau proposamen gehitu dira, bat ehungintzaren arloan, beste bat dantzan zentratua, hirugarren bat iraunkortasun ekologikoari lotua eta azkena inklusioan eta parte-hartzean bideratua. Era berean, LGTBIQ+ komunitatea babesten eta ikusarazten duen elkarte batek ere parte hartzen du, profesionalizatzea helburu duena, bai eta tokiko kultura-sustapena garatzeko proposamen batek ere.

    Parte hartzen duten proiektuen % 40 migratzaileek gidatzen dute, eta emakumeek bultzatutako proiektuen ehunekoa are handiagoa da: % 70 emakumeak dira, % 10 bitarrak eta ez-bitarrak, eta % 20 gizonak.

    Iturria: REAS Euskadi

  • Call for papers, “Kooperatibismoaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren historia” gaiari buruzko CIRIECeko Aldizkari Juridikoaren monografiko berrirako

    Call for papers, “Kooperatibismoaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren historia” gaiari buruzko CIRIECeko Aldizkari Juridikoaren monografiko berrirako

    Kooperatibismoaren eta Gizarte Ekonomiaren Historiako lantaldeak, CIRIECeko Erredakzio Kontseiluarekin (Ekonomia Sozial eta Kooperatiboari buruzko Aldizkari Juridikoa) batera, “Kooperatibismoaren eta Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Historia” monografikorako artikuluak aurkezteko gonbita egin du. 2024. urtearen amaieran argitaratuko dira artikulu horiek.

    Monografikoa Sebastián Reyna, Yolanda Blasco eta Manuel Garcíak koordinatuko dute. Helburua kooperatibismoaren eta gizarte-ekonomiaren sorrera eta garapena aztertzea da, haien osaera berezia, gizarte-eragina eta esparru juridikoa azpimarratuz. Monografiko hau gai historikoei buruzko aldizkariaren lehen zenbakia izango da, eremu historikoa indartzeko asmoz.

    Monografikoak Latinoamerikatik datozen eta Latinoamerikari eskainitako lanak ere hartuko ditu bere baitan. Lan horiek ikuspegi historikoa, juridikoa, orokorra, konparatua edo kasu edo herrialde zehatzei buruzkoa izan dezakete.

    Proposamenak LABURPEN gisa bidaltzeko azken eguna 2024ko maiatzaren 30a da. Laburpenek gehienez ere bi orrialde izan beharko dituzte, bibliografia barne, eta posta elektronikoz bidali beharko dira Aldizkariaren Idazkaritzara ammb@uv.es.

    Proposamen horiek onartuz gero, ARTIKULUEN testu osoak 2024ko irailaren 10a baino lehen igorri beharko dira, ebaluatu eta, behar izanez gero, argitaratzeko. Artikuluak gunean dauden argitalpen-arauei jarraituz bidali behar dira http://ciriec-revistajuridica.es/normas-de-publicacion/

    Iturria: Observatorio Español de la Economía social

  • Irakasle Osoko plaza lortu du GEZKIko zuzendari ohi eta kide den Aitor Bengoetxea Alkortak

    Irakasle Osoko plaza lortu du GEZKIko zuzendari ohi eta kide den Aitor Bengoetxea Alkortak

    Joan den martxoaren 25ean Aitor Bengoetxea Alkortak, GEZKIko zuzendari eta kide ohiak, plaza defendatu zuen Lan Zuzenbidearen eta Gizarte Segurantzaren arloko irakasle oso gisa. Profila osatzen duten irakasgaiak: «Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzenbidea I» «Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzenbidea II».

    Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2024ko apirilaren 10eko Ebazpenaren bidez, Aitor Bengoetxea Alkorta lehiatzaileak 2023ko azaroaren 13ko Ebazpenaren bidez (2023ko azaroaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) «Arlo osoko irakasle» lanpostua betetzeko deitutako hautaketa-prozesua gainditu duela argitaratu da.

    Familiak, lankideek eta lagunek parte hartu zuten topaketa hunkigarri batean, bere curriculuma, ibilbidea eta ekarpenak aurkeztu zituen irakasleak.

    Aitor Bengoetxea Zuzenbidean lizentziatua da eta 2003an doktoratu zen. Harrezkero, Lan Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakasle elebiduna izan da EHUn.

    Ibilbide luzea egin du euskara juridikoaren arloan, EHUko Zuzenbide Fakultateko Euskara Batzordeko kide eta Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) zuzendari gisa, 2023tik gaur egun arte. Gainera, ekarpen garrantzitsua egin du lege-testuen itzulpenean.

    Bere ikerketa-jardueran honako hauek nabarmentzen dira: ikerketa-taldeen zuzendaritza, liburutan 47 ekarpen (32 gaztelaniaz; 11 euskaraz; 4 ingelesez); Zientzia-aldizkarietan 31 ekarpen (16 euskaraz; 12 gaztelaniaz; 3 ingelesez); prentsako artikuluak; Ikerketa-transferentziako kontratuak: 12 txosten (10 gaztelaniaz; 2 euskaraz), gehienak ikertzaile nagusi gisa; Ikerketa-proiektu diruz lagunduak (19); sariak; graduko irakaskuntza eta masterra ematea; Doktoretza Tesien Epaimahaiko kidea; Doktoretza Tesien Zuzendaritza; beste unibertsitate batzuetako irakaskuntza, besteak beste.

    Azkenik, GEZKIko (Zuzenbide Kooperatiboaren eta Gizarte Ekonomiaren Institutua, UPV/EHU) zuzendari gisa duen zeregina nabarmendu du, bereziki, 2014tik 2022ra, baita beste kargu batzuk ere. Ibilbide akademiko, instituzional, sozial eta pertsonal bikaina.

    Zorionak irakasleari eta lankideari!

    Iturria: OVES-GEEB

  • Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

    Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

    Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu dituzte, besteak beste: “Kontzientzia sortu nahi dugu lehenengo eta ondoren esperimentatuz teoriatik praktikara eraman”, azaldu zuen Arianne Kareaga Lanki ikertegiko kideak TuLankide aldizkarian.

    KoopFabrika programatik irtendako ekimena da Hegoaldetik, pertsona migratuen artean ekintzailetza kooperatiboa sustatzeko. Enarak kooperatiba du bultzatzaile, emakume migratuei ahalduntzeko formazioa eta aholkularitza eskaintzen diena, eta OlatuKoop sarea eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko Lanki ikertegia ditu bidelagun.

    2023ko ekainean aurkeztu zuten ekimena Hernaniko Iturola Sorgunean, eta haren inguruko zertzelada batzuk eman zituzten orduko hartan. Ekonomia sozial eraldatzailea pertsona migratuei hurbiltzea da helburu nagusia: “Sare bat sortu nahi dugu, pertsona migratuok ditugun beharrei eta zailtasunei aurre egiteko eta ekonomia eraldatzailearen bidez gure bizitzak duinduko dituzten alternatibak bilatzeko”, azaldu zuten Hernaniko Kronikak jaso zuen moduan.

    Azken batean, migratzaileen bizitza-proiektuak hobetzeko tresna kooperatiboa da Hegoaldetik, eta horretarako “arnasa luzeko elkarlana” dute oinarri. Aipatu eragileez gain, Hernaniko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, La Comala lan eta zerbitzu kooperatiba eta Bartzelonako Migress kooperatibarekin ari dira eskuz esku, “kooperatibismo eraldatzaile, feminista eta antiarrazista” indartu asmoz.

    Arianne Kareaga Huhezi fakultateko Lanki ikertegiko irakasle eta ikertzaileak duela gutxi TuLankide aldizkarian elkarrizketa egin diote Hegoaldetik ekimenaren inguruan: “Helburu orokorra da proiektu kolektiboak sustatzea, bide-laguntza eta prestakuntza eskaintzea kolektibo horiei, pertsona migratuei, euren proiektu kooperatiboak martxan jar ditzaten”, esan zuen.

    Aurten “marko orokorra” ari dira sustatzen eta aurrera begira formazio saioak jarri nahi dituzte martxan Beterri-Buruntzan, Goierrin eta Debagoienan, eskualde horietako erakundeekin elkarlanean: “Oso zaila da migranteengana iristea gure pribilegio posizioetatik eta horregatik da garrantzitsua eragileekin jardutea edo eta saretuta dauden lekuetan eragitea”, azaldu zuen Kareagak.

    Hegoaldetik ekimenean onuradun asko daude eta “kontzientzia eta testuingurua” sortzea denon ardura dela zioen Lankiko kideak; zentzu horretan azaldu zuen Mondragon Taldean bertan ere “agendan” dutela gaia. Bere ustez beharrak eragindako autoantolakuntzan oso trebaturik dauden pertsonak dira migratzaileak, eta segituan barneratzen dituzte kooperatibismoaren balioak: “Ekonomia popularretik, superbibentziako ekonomiatik, antolatu nahi duen edonork eskura izan beharko luke gure programa, bai hemen geratu nahi duenak zein bere herrialdera itzuli nahi duenak”.

    Iturria: Argia

  • ASLEk 17×17 proiektua aurkeztu du, eragina duten lan sozietateen ingurukoa

    ASLEk 17×17 proiektua aurkeztu du, eragina duten lan sozietateen ingurukoa

    Eragina duten Enpresak: 17 lan sozietatek garapen jasangarrirako helburuei egindako ekarpenaren 17 adibide

    17×17 proiektua Nazio Batuen Agenda 2030ek ezarritako Garapen Iraunkorreko Helburuekiko (GJH) enpresa-konpromisoa sustatzeko beharra geroz eta handiagoa delako sortu da. EES enpresa-estrategiaren funtsezko zati bihurtu da; izan ere, enpresek, onura ekonomikoak lortzeaz gain, eragin positiboa izan behar dute gizartean eta ingurumenean.

    Lan-sozietateek partaidetza-, ekitate- eta iraunkortasun-balioekiko konpromisoa dute ezaugarri, eta enpresa-eredu eredugarria dira gizarte-erantzukizunari dagokionez. Hala, Agenda 2030en eta GJHen garrantziaz jabetuta, ASLEn helburu bakoitza lortzeko Lan Sozietateek duten konpromisoa eta ekarpena nabarmentzeko proiektua abiaraztea erabaki dute.

    ASLEn, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzaren laguntzarekin, pakete bat argitaratu dute 17 fitxarekin. Bertan, 17 lan-sozietatek 2030eko Agendako 17 GJH bakoitzerako garatutako jardunbide egokiak azaltzen dira, eta proiektua hauek zabaltzeko eta partekatzeko aukera gisa aurkezten da, horrela, beste erakunde batzuk inspiratu daitezen eta eredu hau bultza dezaten.

    Deskargatu dokumentua hemen

    Iturria: ASLE

  • Gizarte Ekonomiaren inguruko apirileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiaren inguruko apirileko argitalpenak

    Gizarte Ekonomiari buruzko hainbat argitalpen inguruko nobedadeak biltzen dituen zerrenda aurkituko duzue hemen.